6.2 Jardueraren adierazleak

Memoriaren apartatu honen xedea da Nafarroako Foru Ogasunaren, eginkizunaren gaineko ikuspegi bat izateko baliagarria izanen den adierazleren bat jasotzea. 

Interesgarria iruditu zaigu horretarako gure inguruko Ogasunek erabiltzen dituztenen antzeko parametroak baliatzea. Erabateko garrantzirik eman gabe ere, askotariko inguruabarren eraginpean sortzen direlako, eta kontabilizazio sistema desberdinek ezartzen dituzten mugen eraginpean, egia da, betiere, lortutako emaitzetara agudo hurbiltzeko modua eskaintzen dutela.

Aukeratutako adierazleak hauek izan dira:

“Tributu Kontroleko Jarduera” adierazlea

Tributuen zuzeneko kudeaketaren ondorioz Nafarroako Foru Ogasunak 2021ean lortu zuen bilketa likidoa 3.040,78 milioi eurokoa izan zen. 

Beste alde batetik, tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, 2021ean, 144,57 milioi eurokoak izan ziren.

Bi magnitude horien kozientea, numeradorean hartuta tributuen kontrolerako jardueran lortutako emaitzen zenbatekoa, eta denominadorean, berriz, tributuen zuzeneko kudeaketaren ondoriozko bilketa likidoa (zeharkako zergek eragindako zerga doikuntzak kontuan hartu gabe), ehunekotan adierazita, % 4,75ekoa da.

2020ko adierazlearen ehunekoaren azpitik dago, 1,56 puntu.

“Jarduna” adierazlea

Tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, 2021ean, 144,57 milioi eurokoak izan ziren. 

Jardunaren adierazlea sortu da, horretarako kalkulatuz emaitza/langile kopurua ratioa, era horretan neurtzeko, batez besteko balioetan, Nafarroako Foru Ogasuneko langile bakoitzak tributuen kontrolerako jardueraren emaitzei egiten dien ekarpena.

Numeradorean sartzen dira tributuen kontrolerako jardueraren emaitzak, eta denominadorean pertsonen kopuru osoa, hau da, abenduaren 31n Nafarroako Foru Ogasunean enplegatuta zeuden pertsonen kopurua. Kontuan hartu behar da tributu kontroleko jarduera ezin dela aurrera eraman erakunde autonomo osoaren jarduketa integratua tartean ez bada.

Jardunaren adierazle horren arabera, 2021ean, Nafarroako Foru Ogasuneko enplegatu bakoitzaren ahaleginaren emaitza, batez beste, 438.104,06 eurokoa izan da, tributu kontroleko jardueran. 

2020ko emaitza baino txikiagoa da, 97.779,31 euro (- % 18,25) gutxiago, hain zuzen ere.

“Efizientzia” adierazlea

Tributu kontroleko jardueraren efizientzia neurtzeko, magnitude hauen arteko kozientea kalkulatzen da: 

-    Numeradorean konputatzen da tributu kontrolen jardueraren emaitzetan lortutako zenbatekoa (144,57 milioi euro).

-    Denominadorean konputatzen da aurrekontu osoaren zenbatekoa, betebehar aitortuen balioetan, eta Estatuari egin beharreko ekarpena kenduta (30,0 milioi euro).

Efizientziaren adierazle horren arabera, 2021ean, Nafarroako Foru Ogasunean gastatutako euro bakoitzetik, 4,812 euro lortu dira, tributu kontroleko jardueran. 

2020ko adierazlearen aldean murrizketa adierazten du, 1,096 euro gutxiago (-% 18,55).

“Tributu bilketa likidoaren kostua” adierazlea

Kudeatutako baliabideen aplikazioan izan den efizientzia neurtzeko, magnitude hauen arteko kozientea kalkulatzen da:

  • Numeradorean konputatzen da bere gain hartutako kostuen zenbatekoa, Nafarroako Foru Ogasunaren aurrekontu osoaren arabera (Estatuari egin beharreko Ekarpena kenduta), betebehar aitortuen balioetan (30,0 milioi euro).
  • Denominadorean konputatzen da bilketa likido osoaren zenbatekoa, barne sartuta, bai zuzeneko kudeaketan lortutakoa, bai zeharkako zergek eragindako zerga doikuntzak. (4.170,4 milioi euro).

Koziente horren arabera, diru-sarreren kudeaketaren kostuaren adierazlea, 2021ean, 0,720 eurokoa izan zen, bildutako 100 eurotik.

Jaitsiera txiki bat adierazten du 2020koaren aldean, orduan 0,681 eurokoa izan baitzen, bildutako 100 eurotik.

“Langile kopurua 10.000 biztanleko" adierazlea

2021eko ekitaldirako berrikuntza gisa aurkezten da Foru Ogasuneko langileen ratioa Nafarroako biztanleko.

2021ean, Nafarroako Foru Ogasuneko langileen ratioa, 10.000 biztanleko, 4,99koa da. Kopuru handixeagoa da 2020an baino, orduan 4,93koa baitzen.


Adierazle hauen datuak, 2020 eta 2021erako, honako koadro honetan bildu dira:

71. koadroa. NFOren jardueraren adierazleak