2.4.7 Gainerako zergen ondoriozko diru-sarreren bilakaera

Gainerako zergen bilketa likidoaren bilakaerari dagokionez, azpimarragarriak dira honako gorabehera hauek:

  • Ez-egoiliarren errentaren gaineko zergak hazkunde handia izan du (% 630,0) bilketa likidoan, 2.581,68 mila euro izan baitira aurten eta 353,65 mila euro iaz. Itzulketen bolumena ere handia izan arren, aurreko urtekoa baino % 28,0 txikiagoa izan da. Bilketa osoa % 9,0 igo da, 6.846,31 mila euro izateraino.
  • Oinordetzaren eta dohaintzen gaineko zergaren bilketan, berriz, % 3,2ko beherakada izan da.
  • Azalera handien gaineko zergak % 46,35eko igoera izan du, 2020an, alarma egoeran establezimenduak ixtearen ondorioz, bilketa txikia izan zelako, eta aldi horretan zergaren sortzapena eten egin zelako.
  • Energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zergaren bilketa % 2,2 jaitsi da, batez ere irailaren 22ko 5/2021 Legegintzako Foru Dekretuak hartutako neurriengatik, 2021eko bigarren seihilekoan zerga horren sortzapena eten egin baitzen. Horrek isla izan du 2021ean, 2021eko hirugarren hiruhilekoan bildutako zenbatekoan; 2021eko laugarren hiruhilekoan etetearen ondorioak, berriz, 2022ko bilketan izanen dira agerikoak.
  • Ondare eskualdaketen gaineko zergak % 36,6ko igoera izan du, 64.738,85 mila euro izateraino. Zerga horrek korrelazio positiboa du jarduera ekonomikoarekin, baita Egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergak ere (horrek ere zerga bilketako portaera ona erakutsi du).
  • Aseguru primen gaineko zergak % 31,5eko hazkundea izan du, 28.806,76 mila euro likido izateraino, zerga tasa % 6tik % 8ra igo delako.
  • Hondakinen gaineko zergaren balioa 2020koa baino % 16,59 handiagoa da, eta 5.246,32 mila euro likidoko sarrerak izan ditu.
  • Zerga zehapenek, berandutza interesek eta premiamendu errekarguek aurreko urteko antzeko balioa bildu dute: 15.743,70 mila euro; 2020an, berriz, 15.622,34 mila euro izan ziren.