5.1 Hitzarmen Ekonomikoa
Ekarpen ekonomikoa:
Nafarroaren tributu eta finantza arloetako jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren berariazko sistemak arautzen du, eta haren arabera, Nafarroak bere zerga araubidea ezarri, arautu eta mantentzeko ahalmena du. Zerga horien bidez eskuratzen dituen baliabideak bere politikak finantzatzeko baliatzen ditu, baina aldi berean, Estatuari ordaindu behar dio ekarpen bat, erkidegoak bere gain ez dituen Estatuaren kargengatik, hau da, Foru Komunitateak egiaz egikaritzen ez dituen eskumenei dagozkien karga ekonomikoak.
Hitzarmen Ekonomikoaren arabera, Nafarroak lau epetan ordaindu behar du urte bakoitzari dagokion behin-behineko ekarpena, eta era berean, urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko behin betiko ekarpena kitatu behar da, eta emaitzak erregularizatu, administrazio baten edo bestearen alde.
2021eko behin-behineko ekarpenari dagokionez, ez denez erabaki 2020ko oinarri urteko ekarpena 28/1990 Legean aurreikusitako metodologiaren arabera egitea, bigarren xedapen iragankorra aplikatu behar da. Horren arabera, bosturtekoaren oinarri urtea izan behar duen edozein urtetan oinarri urte horri dagokion ekarpen likidoa epe egokian onartzen ez bada, ekitaldi horretarako behin-behineko ekarpen likidoa finkatuko da, eta eguneratze indizea aplikatuko da, adostutako azken bosturtekoa beste urtebete balitz bezala. Era berean, 2021eko abuztuaren 1etik aurrera, Nafarroak bere gain hartu zituen espetxe osasunaren arloko eginkizun eta zerbitzuak; beraz, 2021eko ekarpenak 880.870,00 eurotan egin zuen behera. Horrekin guztiarekin, 2021eko behin-behineko ekarpena 534.927.140,00 eurokoa izan zen.
2020ko ekarpenaren behin betiko likidazioari dagokionez, bigarren xedapen iragankor hori aplikatuz, ez da likidatzen harik eta 2020ko oinarri urteko zenbatekoa finkatu arte.
Zeharkako zergek eragindako doikuntzak:
Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak ezartzen ditu zeharkako zergen doikuntzak, BEZaren eta fabrikazioaren gaineko zerga berezien bilketa hobetzeko, harmonizaziorako irizpideak eta zerga horietako bakoitzaren zuzeneko kudeaketarako ezarritako konexio puntuak aintzakotzat hartuta. Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan egikaritzeko metodoak ezartzea.
2021eko behin-behineko kitapenari dagokion zenbateko osoa 1.110.172,59 mila eurokoa izan da; horietatik 1.003.436,89 mila euro BEZaren doikuntzari dagozkio, eta 106.735,70 mila euro Zerga Berezien doikuntzei.
Gainera, 2021eko martxoan kitatu eta erregularizatu dira 2020ko behin betiko doikuntzak, eta haien azken saldoa Nafarroako Foru Ogasunaren aldekoa izan da, hain zuzen ere, 19.433,61 mila eurokoa; emaitza hori da, Estatuaren alde 7.892,69 mila euro baitziren –tabakoari zegozkionak– eta 27.326,30 mila euro, berriz, Nafarroako Foru Ogasunaren alde –BEZ, alkohola, garagardoa eta hidrokarburoengatik–.
Horrekin guztiarekin, Nafarroak 2021ean jaso dituen zerga doikuntzen zenbatekoa, guztira, 1.129.606,19 mila eurokoa izan da, hau da, 2020an jasotakoa baino 268.006,06 mila euro gehiago, % 31,11ko hazkundea.
Ondoren ageri den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion finantza fluxuen zenbaki nagusiak: Zeharkako zergek eragindako ekarpena eta zerga doikuntzak.