2.4.2 Arau aldaketen inpaktua
2019ko abenduan, hainbat zerga eta tributu neurri aldatzeari buruzko 29/2019 Foru Legea onartu zen, eta aldaketa handiak ekarri zituen, 2020ko zergaldiari zegozkion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga, Ondarearen gaineko zerga eta Sozietateen gaineko zerga ukitzen zituztenak, eta 2021eko ekitaldian ordaintzen zirenak. Erreforma fiskal horren helburua foru zergen antolamendu juridikoan hobekuntza teknikoak sartzea zen, eta Foru Komunitateko zerga araudia egokitzea zerga harreman juridikoaren oinarri diren errealitate juridiko eta ekonomiko aldakorretara. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergari dagokionez, hartu ziren neurri nagusiak izan ziren PFEZaren zati orokorrari aplikatu beharreko tarifaren deflaktazioa edo 2015etik 2018ra bitartean jasotako amatasun eta aitatasun kenkariak. Guztira, PFEZeko aldaketek -46.327,00 mila euroko eragin negatiboa izan dute bilketan.
Era berean, 2019ko abenduan 31/2019 Foru Legea onartu zen, Ondarearen gaineko zergari buruzko Foru Legea zati batean aldatzen duena. Horretako neurri nagusia jarduera ekonomikoei lotutako ondasun eta eskubideen salbuespena izan zen, eta bilketan -5.848,00 mila euroko eragin negatiboa izan zuen.
Bestalde, 2020ko abenduan 11/2020 Legea onetsi zen, 2021erako Estatuko aurrekontu orokorrei buruzkoa. Horrekin, 40 milioi eurotik gorako negozio zifra zuten eta Estatuko araudiaren mende zeuden deklaratzaileentzako Sozietateen gaineko zergarekiko, dibidendu eta gainbalioen salbuespena murriztea ekarri zen. Neurri horrek bilketan izan duen eragin positiboa 1.900,00 mila eurokoa izan da.
Balio erantsiaren gaineko zergari dagokionez, Zerga Harmonizazioari buruzko urtarrilaren 13ko 1/2021 Legegintzako Foru Dekretuak Balio Erantsiaren gaineko zergari buruzko 19/1992 Foru Legea aldatu zuen, azukredun eta gozatutako edarien zerga tasa % 10etik % 21era igotzeko. Neurri horrek bilketan izan duen eragin positiboa 6.000,00 mila eurokoa izan da.
Bilketan eragina duten beste zerga neurri batzuk Estatuko 2021. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 11/2020 Legean daude araututa. Lege horrek Aseguru Primen gaineko zergaren zerga tasa % 6tik % 8ra igotzea ezarri zuen, eta horrek 6.700,00 mila euroko eragin positiboa izan zuen bilketan.
Halaber, zenbait zerga neurri hartu ziren jokoaren gaineko tributuei dagokienez, koronabirusaren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko, hala nola makina edo aparatu automatikoen ustiapenean 2020ko 4. hiruhilekoan izandako murrizketari, ostalaritzaren itxierarengatik. Horrek 2021eko bilketan 2.676,00 mila euroko eragin negatiboa izan zuen.
Azkenik, nabarmentzekoa da 2021ean hasi zirela elektrizitatean ondorio fiskalak dituzten neurriak hartzen, hala nola argiaren Balio Erantsiaren gaineko zerga % 21etik % 10era jaistea, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko zerga desagerraraztea edo Elektrizitatearen gaineko zergaren tarifa jaistea, Zerga Harmonizazioari buruzko uztailaren 14ko 3/2021 Legegintzako Foru Dekretuan edo irailaren 14ko 17/2021 Errege Lege Dekretuan jasotako neurriak. Neurri horiek -21.735,00 mila euroko eragin negatiboa izan dute bilketan.
Arau aldaketek bilketa likidoan izan duten inpaktuari dagozkion datuak ondoren azaltzen den koadroan jaso dira.
17. koadroa. Tributu bilketa. Arau aldaketen inpaktuen ondoriozko doikuntzak.