2.4.1 Bilketa likidoaren zenbakiak
2021ean kutxako balioetan 4.170.390,64 mila euro jaso ziren, hau da, 2020an jasotakoa baino % 15 gehiago. Gorakada horrekin, baieztatzen ahal da foru tributu bilketa suspertu egin dela COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ondorioetatik. Izan ere, 2020an bildutako zenbatekoa ez ezik, 2019koa ere gainditu da (3.941.132,00 mila euro). Baina, gainera, zenbait puntualizazio egitea komeni da, egiaztatzeko ea urte arteko konparazioa homogeneoa den.
- Diru-sarrerei dagokienez, nabarmentzekoa da 2018an SII ezarri ondoren, 2021ean eragindako tributuen bilketan erabat integratutako sistema dela jada. Horrek esan nahi du bai 2020an, bai 2021ean, tributuen hileko 12 kuota bildu direla.
- Koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurrien zati gisa, zenbait dekretu onetsi ziren 2020an. Horiek, zenbait kasutan, zenbait tributuren aurkezpen epean atzerapenak ekarri zituzten. Baina urte amaierako egoera, zergadunaren egutegiari dagokionez, aurreko ekitaldietako bera izan zen, aurkeztutako eta bildutako hileko kuotei dagokienez. Mugaegunen egutegi desberdinak hilabeteka egindako urte arteko konparazioari bakarrik eragiten dio. Beraz, puntu horri dagokionez, 2021arekiko konparazioa homogeneoa da.
- Itzulketei dagokienez, berriz, NFOk bere konpromisoari eutsi eta, BEZaren itzulketak aurreratu zizkien enpresa txiki, ertain eta handiei, eta horren ondorioz 13 hileko kuota itzuli dira, aurreko urtean bezala.
- Berriro ere itzulketei dagokienez, 2019ko Sozietateen gaineko zergaren Kanpainako itzulketa 2020ko azarotik abendura bitartean egin zen, eta 2020ko Kanpainakoa, berriz, 2021eko hilabete horietan bertan itzuli zen, baina zati bat 2022ko urtarrilean itzuli zen.
Balio homogeneoetan, hau da, 2021ean izan diren ezohiko egoera horien eragina zuzenduta, bilketa likidoa 2020koa baino % 9,6 handiagoa izan da.
Bilketa likido guztiaren % 72,9 – 3.040.784,45 mila euro – zuzeneko kudeaketako zergetatik sortu da, eta gainerako % 27,1a – 1.129.606,19 mila euro – Estatuarekiko Hitzarmenean aurreikusten diren zeharkako zergapetzeen doikuntzetatik. 2020an ehuneko horiek, hurrenez hurren, % 76,2 eta % 23,8 izan ziren.
Bilketa likidoak 543.312,04 mila euroko igoera izan du, bai zuzeneko kudeaketagatiko bilketaren igoerarengatik (275.305,98 mila euro), bai zerga doikuntzen bidezko bilketaren igoerarengatik (268.006,06 mila euro).
Bilketa likidoari dagozkion datuak ondoren azaltzen diren koadro hauetan jaso dira.
14. koadroa. Tributu bilketa likidoa. Tributu figuren araberako laburpena
15. koadroa. Tributu bilketa likidoa. Tributu figuren araberako xehetasuna
16. grafikoa. Tributu bilketa likidoa. Zuzeneko kudeaketaren ehunekoa-zerga doikuntzak