AURKEZPENA

Nafarroako Foru Ogasuna Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoa da. Irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuak sortu zuen eta nortasun juridiko propioa du, eta jarduteko gaitasuna, ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion helburuak betetzeko.

Nafarroako Foru Ogasunak Nafarroako zerga-sistema behar bezala aplikatzeko funtzioa du. Nafarroako Foru Ogasunaren eginkizuna da tributuen kudeaketa eta bilketa zuzen eta eraginkorra lortzea, zerga arloko araudia orokorrean eta zehatz-mehatz bete dadin, alde batera utzi gabe zergadunaren segurtasun juridikoa, eta araudi horrek sorrarazten duen zeharkako presio fiskala gutxituz.

Ondoren aurkezten dugun “Nafarroako Foru Ogasunaren 2024ko memoria” honen helburua da informazio gardentasunaren printzipioa betetzea, eta baliagarria izatea Nafarroako Foru Ogasunaren jarduera ezagutarazteko, haren ebaluazioa eta hobekuntza errazteko.

Azken finean, memoria honen xedea da erakunde autonomoaren antolakuntza eta jarduera zabaltzea interesa duen pertsona nahiz entitate orori: Administrazioko langileei beraiei, entitate laguntzaileei, ikertzaileei, gizarte eragileei, beste administrazioei, erakunde publikoei eta abarri.

Beraz, txostenak 2024ko jarduketa nagusiak jasotzen ditu. Jardueraren datuak, oro har, balio homogeneotan alderatzen ahal izan dira 2023ko datuekin. Beraz, datu gehienen kasuan, bi ekitaldietako informazioa aurkezten da, emaitzen behaketa ebolutiboa eta konparatua egiteko aukera emanez.

Agindutako zereginen ezaugarriengatik, zerga-bilketaren zenbatekoa aukeratu dugu gure jardueraren adierazle nagusi gisa, alde batera utzi gabe zenbait jarduketa zehatzen emaitzak ebaluatzeko egokiagoak izaten ahal diren beste hainbat magnitude erabiltzeko aukera.

Beraz, egokia da azaltzea Nafarroako Zerga Ogasunaren diru-bilketa, 2024an, termino likidoetan, 5.433 mila eurokoa izan zela, 2023an baino % 6,4 gehiago. Beste alde batetik, zerga-kontrolerako jardueraren emaitzak, 2024an, 131.602,2 mila eurokoak izan ziren.

Hona hemen datu horiek jasotzen dituen koadroa:

1. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbateko likidoa eta zerga-kontroleko jardueraren emaitzak.