2.4.2 Arau-aldaketen inpaktua

 

2024ko zerga-bilketan eragina duten arau-aldaketak bereziki esanguratsuak izan dira, baina bereizi egin behar dira denboran zehar eragina duten aldaketa iraunkorrak eta inguruabar jakin batzuetan zergadunen artean eragina arintzeko hartu diren beste neurri batzuk.

Aldaketa iraunkor garrantzitsuenak lege hauetan arautu dira: Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legea, eta Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeko abenduaren 26ko 22/2023 Foru Legea; azken horretan atzeraeraginezko neurriak ezarri ziren 2023ko zergaldirako. Bi lege horietan, honako hauek nabarmendu daitezke:  

2024an biltzen den 2023ko PFEZari dagokionez, aurrezkiaren likidazio-oinarri bereziaren eskalako tarte berriek eragin positiboa izan dute aurtengo zerga-bilketan. Beste neurri batzuek, aldiz, eragin negatiboa izan dute, hala nola tarifaren % 4,0ko deflaktazioak eta gutxieneko pertsonal eta familiarrengatiko kenkarien % 3,0ko goititzeak. Neurri horiekin batera, handitu dira etxebizitza eskuratzeko kenkariak DAVID eta EMANZIPA programetan. Azkenik, ekainaren 29ko 477/2021 Errege Dekretuaren babesean emandako dirulaguntzen salbuespenak ere eragin negatiboa izan du zerga-bilketan.

Sozietateen gaineko 2023ko zergari dagokionez, neurri bakar bat nabarmendu nahi dugu, eragin negatiboa izan baitu diru-bilketan. Hauxe da neurria: enpresa txikien negozio-zifraren atalasea igo zen 10 milioi eurotik 20 milioi eurora. 

Neurri ez-iraunkorrei dagokienez, bilketan eragin handiena izan dutenak sektore elektrikoan eta elikadura sektorean hartutakoak dira. 2021etik elektrizitatearen gaineko fiskalitatea gutxitzeko neurriak hartu dira, eta luzatu urtez urte. 2024ko zati batean ere mantendu dira. Hauek dira neurriak: argiaren eta gas naturalaren BEZaren karga-tasa jaitsi zen % 21etik % 5era, energiaren ekoizpen-balioaren gaineko zerga baliogabetu zen 2024ko lehen hiruhilekoetan, eta elektrizitatearen gaineko zergaren tarifa jaitsi zen urteko lehen sei hilabeteetan.
Gainera, elikaduraren sektorean, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei eta beste kalteberatasun-egoera batzuei erantzuteko, oinarrizko elikagai batzuen BEZa murriztu edo kendu da kasu batzuetan.

Bestalde, aurtengo bilketan ondorio negatiboak ekarri ditu, halaber, mutualistek 2019ko zergaldiko aitorpenei lotutako inpugnazioak gauzatzeak; izan ere, preskribaturik egonda ere, preskribatu aurretik erreklamatutako aitorpenak ere zuzendu dira. PFEZaren aitorpenetan murriztapentzat hartu dira, lan-etekin negatibotzat. 

Arau-aldaketek bildutakoaren zenbateko likidoan izan duten inpaktuak ondoren azaltzen den koadroan jaso dira.

17. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbatekoa. Arau-aldaketen inpaktuengatiko doikuntzak.