2.4.3 Diru-sarreren bilakaera pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan
PFEZaren ziozko diru-sarrerak guztira 2.317.317,3 mila eurokoak dira: PFEZaren zuzeneko kudeaketan bildutakoaren zenbatekoa 2.183.691,6 mila eurokoa da, eta, aldiz, lan- eta kapital-etekinen doikuntzaren zenbatekoa, Nafarroaren eta Estatuaren Hitzarmen Ekonomikoaren Legea aldatu ondoren 2022an sartua, 133.625,7 mila eurokoa da. Zenbateko horiek, oro har, % 11,7 altuagoak dira, aurreko urtean baino (orduan 2.075.114,0 mila euro bildu ziren). Zuzeneko kudeaketaren bilketan soilik jartzen badugu arreta, % 13,2ko igoera egon da. Lan-etekinen eta kapital-etekinen atxikipenengatiko doikuntza, aldiz, % 8,8 jaitsi da.
- Lan-atxikipenak dira figura nagusia, guztira bildutakoaren zenbateko likidoari dagokionez, % 35,6 baitira, 1.932.820,2 mila euroko zenbatekoarekin. Urteko balioetan % 10,2ko hazkundea dute, alegia, 178.117,2 mila euro gehiago, 2023an baino. Bestalde, enpresaburuen eta profesionalen zatikapenek % 8,7ko gorakada izan dute urtetik urtera, eta aurreko ekitaldian baino 35.423,1 mila euro gehiago bildu dituzte.
- Kapital-etekinen atxikipenek % 8,7ko hazkundea izan dute, aurreko urtean baino 6.423,3 mila euro gehiago bilduta.
- PFEZaren kuota diferentzialak, 2023ko errentaren kanpainaren adierazgarri, diru-sarrera likidoak handitu ditu, 11.509,4 mila eurotik 48.867,8 mila eurora. Zenbateko horien arrazoiak dira 2024an bildutakoaren zenbatekoa osoa iazkoa baino handiagoa izatea, eta itzulitakoaren zenbatekoa txikiagoa izatea.