1.2 Nafarroako zerga sistema
Espainiako Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak aitortu eta babesten duen berezko foru araubidearen arabera, Nafarroak berezko zerga-sistema mantendu, ezarri eta arautzeko ahalmena du, betiere errespetatuz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluak aipatzen duen Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoan (abenduaren 26ko 28/1990 Legea) jasotzen diren printzipioak.
Araubide erkidea duten autonomia erkidegoen finantzazio sisteman ez bezala, Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak jasotzen duen sistema Nafarroako Foru Komunitatearen berezko finantzaketa eredua da, bi oinarri nagusi dituena:
a) Autonomia fiskala. Nafarroako Foru Komunitateak kudeatu eta biltzen ditu zerga sistemako oinarrizko zerga guztiak.
b) Ekarpena. Gobernu zentralari zenbateko bat ordaintzen zaio Nafarroak bere gain ez dituen estatu eskumenak ordaintzeko. Hori da Estatuaren karga orokorrei egiten zaien ekarpena.
Memoriaren puntu honetan, foru zerga-sistemari Hitzarmen Ekonomikoak ematen dizkion oinarrizko ezaugarriak aurkezten dira. Autonomia fiskala.
Memoria honen 5. atalean (“Erakundeekiko harremanak eta kanpo aliantzak”) aurkezten dira Ekarpenaren ezaugarriak.
Foru zerga-sistemari Hitzarmen Ekonomikoak ematen dizkion oinarrizko ezaugarriak honako alderdi hauetan oinarritzen dira:
Tributu-ahalmena.
-
Bere foru araubidearen arabera, Nafarroak ahalmena du berezko tributu-araubidea mantendu, ezarri eta arautzeko.
-
Estatuaren eskumen esklusiboak: Estatuari dagokio modu esklusiboan erregulatzea, kudeatzea, likidatzea, biltzea, ikuskatzea eta berrikustea inportazio-eskubideak eta inportazio-kargak zerga berezietan eta balio erantsiaren gaineko zergan.
-
Foru Komunitatearen berezko tributuak ordainarazteko, kudeatzeko, likidatzeko, biltzeko, ikuskatzeko eta berrikusteko, Nafarroako Ogasun Publikoak bere esku izanen ditu Estatuko Ogasun Publikoak aitortuak dituen ahalmen eta eskubide berak.
Tributu-harmonizazioa.
- Nafarroako Foru Komunitateak, tributu-araudia prestatzean, Hitzarmen Ekonomikoan jasotzen diren harmonizazio-irizpide orokorrak atxikiko ditu.
- Nafarroako Foru Komunitatearen tributuen ordainarazpena lotura-puntuen arabera zehaztuko da. Alegia, irizpide horien arabera zehaztuko da, zerga bakoitzean, zein zergadunek zein zerga-administraziori ordaindu behar dion, eta zer neurritan. Horretarako, Hitzarmen Ekonomikoak berak zehazten du egoitza fiskala Nafarroan noiz dagoen, banaketa horretako oinarrizko pieza baita.
- Zergaren ordainketa Nafarroan bakarrik egitekoa izaten ahal da, edo partekatua Nafarroaren eta beste administrazio baten edo batzuen artean, kontuan harturik zifra erlatiboa (Nafarroan ordaindu beharreko ehunekoa), egoitza fiskalaren, eragiketa-bolumenaren eta eragiketak egin diren lekuaren arabera. Zifra erlatiboaren araberako ordainketaren kasuan, araudi aplikagarria Nafarroakoa den edo beste administrazioetakoa den, hori ere zehazten du Hitzarmenak.
Ondorioz, Hitzarmen Ekonomikoak erregulatzen duen tributu-ahalmenaren eta -harmonizazioaren arabera, norainoko askatasuna du Foru Komunitateak Nafarroako tributu-sistema diseinatzeko?
Egokia da honako mugapen hauek azpimarratzea:
a) Mugapen orokorrak
Nafarroak honako hauek errespetatu beharko ditu:
-
Estatuak sinatutako nazioarteko itun edo hitzarmenak. Aipamen berezia behar dute Europar Batasuneko harmonizazio fiskaleko arauek.
-
Elkartasun printzipioa.
Harmonizaziorako irizpide orokorrak
- Tributu Lege Orokorrera egokitzea terminologia eta kontzeptuak.
- Egiazko presio orokor baliokidea ezartzea.
- Pertsonek zirkulatzeko eta kokatzeko duten askatasuna bermatuko du, bai eta ondasunen, kapitalen eta zerbitzuen zirkulazio askea ere.
- EJSNaren (ekonomia-jardueren sailkapen nazionala) sailkapen bera erabiliko du.
b) Mugapen espezifikoak:
Zerga batzuetan, Foru Komunitateak Estatuko arau substantibo eta formalen eduki bereko arauak onetsi beharko ditu, eta erabakitzeko tarte estua izanen du, tributu-ereduei eta epeei dagokienez.
Honako koadro honetan aurkezten dira, modu eskematikoan, Nafarroak kudeatu eta biltzen dituen zergak, eta aplikatu den araudia Nafarroako berezkoa den edo Estatuko bera den.
2. koadroa. Nafarroako zerga-sistema. Hitzarmen Ekonomikoko zergak.