5.1 Hitzarmen Ekonomikoa

 

2024ko ekitaldian, Koordinazio Batzordeak 2020-2024 bosturtekoaren aurrekoetan adostutako akordioak aplikatu dira, Hitzarmen Ekonomikoan araututako finantza harremanei buruzkoak. 2024ko ekitaldian, organo honek ez du akordio berririk sinatu.

Ekarpen Ekonomikoa:

Nafarroaren tributu eta finantza arloetako jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren berariazko sistemak arautzen du, eta haren arabera, Nafarroak bere zerga-araubidea ezarri, arautu eta mantentzeko ahalmena du. Zerga horien bidez eskuratzen dituen baliabideak bere politikak finantzatzeko baliatzen ditu, baina aldi berean, Estatuari ordaindu behar dio ekarpen bat, erkidegoak bere gain ez dituen kargengatik, hau da, Foru Komunitateak egiaz egikaritzen ez dituen eta, beraz, Estatuko Administrazioak ematen dituen eskumenei dagozkien karga ekonomikoengatik.

2024. urteko behin-behineko ekarpena martxoan ezarri zen, 2020ko Ekarpenaren Hitzarmen Ekonomikoaren 60.2 artikuluan araututako behin-behineko eguneraketa indizea aplikatuta. Era horretan, Nafarroak 2024an ordaindu beharreko behin behineko ekarpena 777.946,6 mila euro izan zen. Horietatik 124.537,6 mila euro konpentsatu eta zenbatetsi ziren diru-sarrera gisa lan- eta kapital-atxikipenen doikuntzagatik. Ondorioz, behin-behineko ekarpen garbia 653.409 mila eurokoa izan zen.

Horrez gain, Koordinazio Batzordearen zenbait akordioren arabera aplikatu beharreko konpentsazioa gauzatu zen, honako gai hauetan: Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema (AMAS), Foruzaingoaren erretiro aurreratua, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGDS), eta Nafarroaren partaidetza kreditu-erakundeen eta beste kreditu-establezimendu finantzario batzuen eta energiaren aldi baterako zergetan. Horren ondorioz, 2024ko behin-behineko ekarpenaren ordainketa, guztira, 529.861 mila euro izan zen.

2023ko behin betiko likidazioaren ondorioz, Estatuaren aldeko saldoa sortu zen, ekitaldi hartan zehar egindako konturako ordainketen aldean; guztira, 45.234,6 mila euro. Zenbateko horretatik, Estatuaren aldeko ekarpenean ordaintzeke zegoen saldoaren zenbatekoa 54.322,6 mila eurokoa izan zen eta, bestalde, lan- eta kapital-atxikipenen ziozko doikuntza 9.088 mila eurokoa izan zen Nafarroaren alde.

Gainera, aipatu konpentsazioen ondorioz (Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema, Foruzaingoaren erretiro aurreratua, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera, eta Nafarroaren partaidetza kreditu-erakundeen aldi baterako zergetan), Nafarroaren aldeko saldoa gelditu zen: 10.156,9 mila euro. Kontzeptu guztien baterako likidazioak, beraz, 2023ko behin betiko likidazioa 35.077,7 mila eurora igo zuen; 2024ko martxoan ordaindu zen, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onartzen duen 28/1990 Legearen 62. artikuluaren bigarren atalean azaltzen den bezala.

Zeharkako zergek eragindako doikuntzak:

Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak ezartzen ditu zeharkako zergen doikuntzak, BEZaren eta fabrikazioaren gaineko zerga berezien bilketa hobetzeko, harmonizaziorako irizpideak eta zerga horietako bakoitzaren zuzeneko kudeaketarako ezarritako lotura-puntuak aintzakotzat hartuta. 

Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan egikaritzeko metodoak ezartzea. 2024. urtean, behin-behineko doikuntzak martxoan likidatu dira, Koordinazio Batzordeak 2020-2024 bosturtekorako adostutako kontsumo eta kudeaketa indizeen eta likidazio- eta kuantifikazio-metodologiaren arabera (2023an ere erabili ziren).

2024ko behin-behineko likidazioaren zenbatekoa guztira 1.425.274,8 mila eurokoa da Nafarroaren alde. Horietatik 1.341.737 mila euro dira BEZaren doikuntzagatik, 82.899 mila euro zerga berezien doikuntzengatik eta 638,8 mila euro berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergen doikuntzagatik.

2023ko behin betiko likidazioan 49.348,1 mila euro atera ziren Estatuaren alde; 2024ko martxoan gauzatu zen zegokion erregularizazioa.

Ondoren ageri den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion finantza-fluxuen zenbaki nagusiak: Ekarpen ekonomikoa, Lan- eta kapital-atxikipenen ziozko doikuntza, eta Zeharkako zergapetzearen ziozko doikuntza fiskalak.

64. koadroa. Hitzarmen Ekonomikoaren finantza-fluxuak.