1.4. Egitura organikoa

Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendaritza-organoak hauek dira:

  • Gobernu Kontseilua.
  • Kudeaketako Zuzendaritza.
  • Zuzendaritza Batzordea.

Gobernu Kontseilua honako hauek osatzen dute:

  • Kontseiluburua: Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria
  • Kontseiluko kideak:
    o    Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzailea.
    o    Aurrekontuen eta Ondarearen zuzendari nagusia.
    o    Funtzio Publikoko zuzendari nagusia.
    o    Telekomunikazioetako eta Digitalizazioko zuzendari nagusia.

Gobernu Kontseiluak hainbat eginkizun ditu NFOaren aurrekontuak gainbegiratzeari eta jarduketa-plan nagusiei dagokienez. Kudeatzailearen eginkizunak, berriz, zuzendaritza, nahitaezko diru-bilketako kudeaketa, entitatearen ordezkaritza, kontratuak sinatzea, langileen zuzendaritza eta erakundearen eguneroko jarduerarekin lotutako beste hainbat dira.

2024an, Kudeatzailetzaren organigrama zuzenean haren menpe dauden 9 zerbitzuk osatzen dute. Zerbitzu horiek ere atal desberdinetan egituratuta daude, ondoko grafikoan deskribatzen den moduan.

NFOko zerbitzuak honako hauek dira:

  1. Zerga Kudeaketa Zerbitzua

  2. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Ondarearen gaineko Zergak Kudeatzeko Zerbitzua

  3. Tributu Ikuskapenerako Zerbitzua

  4. Diru-bilketa Zerbitzua

  5. Hitzarmen Ekonomikoaren, Analisi Fiskalen eta Administrazioaren Zerbitzua

  6. Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzua

  7. Zergadunei Laguntza eta Argibideak Emateko Zerbitzua

  8. Tributuen arloko Informazio Sistemen Zerbitzua

  9. Arauen Garapen eta Aholkularitza Juridikorako Zerbitzua

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren ataletik beherako administrazio-unitateen egitura organikoa 2015eko foru-agindu batean araututa zegoen, eta agindu horrek hainbat aldaketa izan zituen. 2023an Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoak estatutu berriak onetsi zituen, zerbitzuen egitura aldatu gabe. Horregatik komenigarria zen bulegoen eta ataletik beherako beste unitate batzuen egitura organikoa egokitzea eta haien atxikipena eta eginkizunak eguneratzea, antolamendu juridikoak esleitzen dizkion helburuetarako egokiagoa izan dadin.

2024ko ekainean, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren antolamendu egitura, ataletik beherako administrazio unitateetan, ezartzen duen foru-agindua argitaratu zen. 27 bulego edo administrazio-unitate, guztira, erakunde autonomoaren 9 zerbitzuetan banatuta.