2.1 Zerga bidez bildutakoaren zenbatekoa. Osagaiak
2024an, Nafarroako Foru Ogasunak zerga bidez bildutakoaren zenbatekoa (I.-III. kapituluak), termino likidoetan, 5.433.033,6 mila eurora igo da, hau da, aurreko urtearen aldean % 6,4ko igoera egon da, nazioarteko gatazka belikoak eta PFEZaren eta BEZaren gainean aplikatutako zerga neurriak gorabehera.
Inflazioak eragindako ziurgabetasunak, batez ere eskala handiko material eta lehengai batzuk merkaturatzearen arazo orokorren ondorioz, energiaren prezioak igotzearen ondorioz eta, bereziki, Ukrainako gerrak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko hartutako neurrien ondorioz, ez dute eragin nabarmenik izan Nafarroako Foru Ogasunaren bilketan.
2023an zenbait neurri onetsi ziren balio erantsiaren gaineko zergari eta energia elektrikoaren ekoizpen-balioaren gaineko zergari lotuta, eta ekoizpen-balio horretarako zero euroko prezioa ezarri zen ordainketa zatikatuak kalkulatzeko; 2024an, zerga-tasa errekuperatu da pixkanaka-pixkanaka, eta neurri horien aurreko zenbatekoa bildu da berriz. Gainera, 2024an diru gehiago bildu zen elektrizitatearen gaineko zergaren tasa errekuperatu zelako, eta 2023an krisiaren kontra onetsitako neurriak indargabetu zirelako.
Aipatzekoak dira, halaber, PFEZaren arloan hartutako neurriak, hala nola PFEZari aplikatutako aparteko murrizketa, eta gutxieneko pertsonal eta familiarren eta tarifen deflazioak.
Neurri horiek guztiak kontuan harturik, zerga bidez gehiago bildu zen, eta urte arteko igoera % 6,4koa izan zen.
2024ko zerga-bilketa osagaien arabera aztertuta:
Bildutakoaren zenbateko osoa 7.291.627,2 mila eurokoa izan da, hau da, 2023koa baino % 5,0 handiagoa.
Itzulitakoaren zenbatekoa 1.858.593,6 mila eurokoa izan da, hau da, aurreko urtekoa baino % 1,1 handiagoa.
Bildutakoaren zenbateko likidoa, hau da, bildutakoaren zenbateko osoa ken itzulitakoaren zenbatekoa, 5.433.033,6 mila eurokoa izan da, eta horrenbestez, urte arteko tasa % 6,4 handitu da.
Ondorengo koadroan zehazten dira zenbateko horiek 2024rako eta haien urte arteko konparatiboa.
10. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbatekoa. Osagaiak.
Azken urteetan zenbait osagaik izan duten bilakaera aztertuta, hurrengo grafikoan ikus dezakegu guztiek dutela goranzko joera argia, aurreko urtean bezala, 2020ko jaitsiera nabarmenaren ondoren (urte hartan COVID-19aren pandemia egon zen) eta 2019 aurreko balioak aise gaindituta, inoizko handienak izan baitziren.
11. grafikoa. Zerga bidez bildutakoaren bilakaera denboran zehar.