2.4.1 Bilketa likidoaren zenbakiak

 

2024an kutxako balioetan 5.433.033,6 mila euro bildu ziren, hau da, 2023an jasotakoa baino % 6,4 gehiago. Inflazioak eragindako ziurgabetasunak, batez ere eskala handiko material eta lehengai batzuk merkaturatzearen arazo orokorren ondorioz, energiaren prezioak igotzearen ondorioz eta, bereziki, Ukrainako gerrak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko hartutako neurrien ondorioz, ez dute eragin nabarmenik izan Nafarroako Foru Ogasunaren bilketan.

2023an zenbait neurri onetsi ziren balio erantsiaren gaineko zergari eta energia elektrikoaren ekoizpen-balioaren gaineko zergari lotuta, eta ekoizpen-balio horretarako zero euroko prezioa ezarri zen ordainketa zatikatuak kalkulatzeko; 2024an, zerga-tasa errekuperatu da pixkanaka-pixkanaka, eta neurri horien aurreko zenbatekoa bildu da berriz. Gainera, 2024an diru gehiago bildu zen elektrizitatearen gaineko zergaren tasa errekuperatu zelako, eta 2023an krisiaren kontra onetsitako neurriak indargabetu zirelako.

Aipatzekoak dira, halaber, PFEZaren arloan hartutako neurriak, hala nola PFEZari aplikatutako aparteko murrizketa, eta gutxieneko pertsonal eta familiarren eta tarifen deflazioak. 

Zenbait ñabardura zehaztea komeni da, egiaztatzeko ea urte arteko konparazioa homogeneoa den.

  • Diru-sarrerei dagokienez, nabarmentzekoa da 2018an Informazioa Berehala Emateko Sistema ezarri ondoren, 2024an erabat integratuta dagoela sistema horren eraginpeko tributuen bilketan. Horrek esan nahi du bai 2023an, bai 2024an, zerga nagusien hileko 12 kuota bildu direla.
  • Gainera, 2024an jatorrizko karga-tasa errekuperatu da energia elektrikoaren ekoizpen-balioaren gaineko zergaren ordainketa zatikatuan eta elektrizitatearen gaineko zergan; izan ere, azken hori 2023an baliogabetu zen krisiaren kontra onetsitako neurrien ondorioz. Horregatik bi zergetan askoz diru gehiago bildu da, aurreko urtearen aldean. 
  • 2023an onetsi zen Nafarroak zerga berri bat kudeatuko zuela: berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga. 2024an hasi da dirua biltzen zerga horretan, eta, argi denez, askoz gehiago bildu da 2023an baino. 
  • Itzulketen arloan, 2024an garrantzi handiena dute balio erantsiaren gaineko zergan egindakoek, sozietateen gaineko zergaren eta errentaren gaineko zergaren kanpainetan itzulitakoarekin batera. 
  • Itzulketekin jarraituz, 2024an sozietateen gaineko zergaren 2023ko kanpainako itzulketak egin dira, baina nabarmendu behar da 2022ko kanpainako itzulketen zati bat, berez 2023an egin behar zena, 2024an egin dela, eta, beraz, zenbatekoak handiagoak izan dira.  
  • Doikuntzen arloan, 2024ko diru-sarrerak aurreko urtekoen antzekoak izan dira; hala ere, nabarmendu behar da plastikozko ontzien doikuntza; izan ere, zerga horretan 2023an hasi zen bilketa, eta 2024an gehiago bildu da: 13.436,7 mila euro. 

Hori guzti hori kontuan hartuta, bildutakoaren zenbateko likidoa % 6,4 igo da 2023ko zifrekin alderatuta, eta, hala, 5.104.565,9 mila eurotik 5.433.033,6 mila eurora pasa da. 

Guztira bildutakoaren zenbateko likidoaren % 72,2 –3.923.481,2 mila euro– zuzeneko kudeaketako zergetan sortu da, eta gainerako % 27,8a –1.509.552,4 mila euro– Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoan ezartzen diren zuzeneko eta zeharkako zergapetzeen doikuntzetatik. 2023an ehuneko horiek, hurrenez hurren, % 73,1 eta % 26,9 izan ziren.

2023. urtearekin alderatuta zenbateko likidoan egondako igoera horren atzean dago (328.467,7 mila euro) zuzeneko kudeaketako bilketan 190.921,6 mila euro gehiago bildu direla, baita zerga doikuntzen bidezko bilketan ere, 137.546,1 mila euro gehiago bildu baitira.

Bildutakoaren zenbateko likidoari dagozkion datuak ondoren azaltzen diren koadro hauetan jaso dira.

14. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbateko likidoa. Laburpena, zerga-figuren arabera.

15. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbateko likidoa. Xehetasunak, zerga-figuren arabera.

16. grafikoa. Zerga bidez bildutakoaren zenbateko likidoa. Zuzeneko kudeaketaren ehunekoa - zerga doikuntzak.