2.2 Bildutakoaren zenbateko osoa
Nafarroako Foru Ogasunak kudeatutako zergen bidez bildutakoaren zenbateko osoa 7.291.627,2 mila eurokoa izan da, hau da, 2023koa baino % 5,0 handiagoa.
Ondorengo koadroan azaltzen da bildutakoaren zenbateko osoa zerga-figuren arabera.
12. koadroa. Zerga bidez bildutakoaren zenbateko osoa. Xehetasunak, zerga-figuren arabera.
Bildutakoaren zenbateko osoaren % 46,8 zuzeneko zergetatik heldu da, % 52,7 zeharkako zergetatik, eta % 0,5 tasetatik eta bestelako diru-sarreretatik. Zergen bidezko diru-sarrerak igo egin diren arren, aurten ere zeharkako zergek pisu txikiagoa dute bildutakoaren zenbateko osoan; 2023an, zerga talde honek guztira bildutakoaren % 54,4 osatzen zuen eta 2022an % 55,6.
- Aurten osagai nagusia kapital-atxikipenak dira, 1.940.163,0 mila eurorekin (guztizkoaren % 26,6). Iaz baino % 10,1 gehiago da, eta zerga honen bilakaera ona berresten da.
- Diru gehien bildu dutenen artean, zuzeneko kudeaketako BEZa bigarrena da (2023an lehendabizikoa izan zen). Beraz, guztira bildutakoaren % 24,3 da, 1.771.428,4 mila eurorekin. % 8,5 jaitsi da urte artean.
- Hirugarren lekuan BEZaren eta fabrikazioaren zerga berezien zeharkako ezarpenagatik egindako doikuntzak ageri dira, 1.414.284,8 mila eurorekin; guztiaren % 19,4 dira, eta % 12,7ko hazkundea dute, aurreko urtekoaren aldean. Igoera, nagusiki, BEZaren doikuntzatik eta berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziaren doikuntzatik dator.
- Zerga berezien zuzeneko kudeaketak ekartzen dituen diru-sarrerak, guztira, bildutakoaren zenbateko osoan laugarren lekuan mantentzen dira, eta % 7,2 dira 524.866,7 mila eurorekin, hau da, 2023ko bilketan baino % 14,6 gehiago. Nabarmentzekoa da berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezian bildutakoa; izan ere, 2024an hasi da zerga hori biltzen.
- Nabarmendu behar da, halaber, igoera izan dela energia elektrikoaren ekoizpen-balioaren gaineko zergaren ordainketa zatikatuan eta elektrizitatearen gaineko zergan; izan ere, jatorrizko zerga-tasa errekuperatu dute, eta bildutakoaren zenbatekoa argiki igo da.