3.4.1 Zerga-kontroleko jarduketen emaitzak

 

3.4 Zerga-kontrola atalean azaldutako irizpideekin bat eginez, atera diren datuak 2024 eta 2023ko ekitaldiei dagozkie eta, beraz, bi urteen arteko konparazioa balio homogeneoetan egiteko aukera eskaintzen dute.

Kontrol-jarduketen zuzeneko emaitzetan biltzen dira Ikuskapenaren akten emaitzak, Kudeaketaren likidazioak, Bilketaren premiamendu-errekarguak eta geroratzeen interesak, eta Administrazioak errekerimendua egin ondoren aurkeztutako aitorpenak. Emaitza horien zenbatekoa, 2024an, 81.810,2 mila eurokoa izan zen; hau da, 2023ko jarduketen zuzeneko emaitzen aldean, 146.049,0 mila euro gutxiago (% 64,1ko jaitsiera). Jaitsiera nabarmen hori gertatu da 2023an esangura berezia izan zuen delitu baten eta BEZaren zergapetzean egondako jarduera baten ondorioz.

Kontrol-jarduketek eragindako emaitzak, berriz, epez kanpo aurkeztutako aitorpenei dagozkie; Nafarroako Foru Ogasunaren jarduketen ondorioz egin dira, baina ez errekerimendu batean formalizatuak, eratortzen ahal direlako zergadun berari dagozkion beste ekitaldi batzuetan, edo antzeko ezaugarriak dituzten beste zergadun batzuetan, egindako egiaztapenetatik. Emaitza horien zenbatekoa, 2024an, 18.748,2 mila eurokoa izan zen; hau da, 2023ko jarduketen zuzeneko emaitzen aldean, 5.214,0 mila euro gutxiago (% 21,8ko jaitsiera).

2024an, zuzeneko emaitzen eta eragindako emaitzen batuketak 100.558,4 mila euro eman zituen; beraz, guztira 151.263,0 mila euro gutxiago (% 60,1eko jaitsiera), 2023ko jarduketen baturarekin alderatuta.

Bestelako ikuskapen-jarduketek ere dute dirua biltzeko xedea, baina bereziak eta aldian behingoak izanik, haien emaitzak ez dira jasotzen zerga-kontroleko zuzeneko emaitzetan, ez eragindako emaitzetan ere; haien jarduketa-eremua da Hitzarmen Ekonomikoaren irizpideen eta lotura-puntuen aplikazio egokia Nafarroako tributuen ordainarazpenerako, eta 2024an 31.043,7 mila euro eman zituzten; hau da, 2023koen aldean, 7.868,6 mila euro gehiago (% 34,0ko igoera). 

Zerga-kontroleko jarduera guztien emaitza (zuzeneko emaitzak, eragindakoak eta bestelako ikuskapen-jarduketak) 2024an 131.602,1 mila eurokoa izan da; beraz, 2023koen aldean, 143.394,4 mila euro gutxiago (% 52,1eko jaitsiera).

Emaitza horiei dagozkien datuak koadro hauetan jaso dira:

30. koadroa. Zerga-kontroleko jardueraren emaitzak. Jarduketen kopurua eta zenbatekoa

31. koadroa. Zerga-kontroleko jardueraren emaitzak, arloen arabera. Jarduketen kopurua eta zenbatekoa