5.1 Hitzarmen Ekonomikoa
2023ko ekitaldian, Koordinazio Batzordeak 2020-2024 bosturtekoaren aurrekoetan adostutako akordioak aplikatu dira, Hitzarmen Ekonomikoan araututako finantza harremanei buruzkoak. 2023 honetan, organo honek ez du akordio berririk sinatu.
Ekarpen Ekonomikoa:
Nafarroaren tributu eta finantza arloetako jarduera Hitzarmen Ekonomikoaren berariazko sistemak arautzen du, eta haren arabera, Nafarroak bere zerga araubidea ezarri, arautu eta mantentzeko ahalmena du. Zerga horien bidez eskuratzen dituen baliabideak bere politikak finantzatzeko baliatzen ditu, baina aldi berean, Estatuari ordaindu behar dio ekarpen bat, erkidegoak bere gain ez dituen kargengatik, hau da, Foru Komunitateak egiaz egikaritzen ez dituen eta, beraz, Estatuko Administrazioak ematen dituen eskumenei dagozkien karga ekonomikoak.
2023. urteko behin-behineko ekarpena martxoan ezarri zen, 2020ko Ekarpenaren Hitzarmen Ekonomikoaren 60.2 artikuluan araututako behin-behineko eguneraketa indizea aplikatuta. Era horretan, Nafarroak 2023an ordaindu beharreko behin behineko ekarpena 771.286,2 mila eurora igo zen. Horietatik 124.537,6 mila euro konpentsatu eta zenbatetsi ziren diru-sarrera gisa lan eta kapital atxikipenen doikuntzagatik. Ondorioz, behin-behineko ekarpen garbia 646.748,5 mila eurokoa izan zen.
Horrez gain, Koordinazio Batzordearen zenbait akordioren arabera aplikatu beharreko konpentsazioa gauzatu zen, honako gaietan: Autonomia eta Mendekotasunaren Arretarako Sistema (AMAS), Foruzaingoaren erretiro aurreratua, bizitzeko gutxieneko diru-sarrera (BGDS), eta Nafarroaren partaidetza kreditu erakundeen eta beste kreditu establezimendu finantzario batzuen eta energiaren aldi baterako zergetan. Horren ondorioz, 2023ko behin-behineko ekarpenaren ordainketa, guztira, 524.959,9 eurora igo zen.
2022ko behin betiko likidazioaren ondorioz, Estatuaren aldeko saldoa sortu zen, ekitaldi hartan zehar egindako konturako ordainketen aldean, guztira 118.405,4 mila eurotan. Zenbateko horretatik, Estatuaren aldeko ekarpenean ordaintzeke zegoen saldoaren zenbatekoa 140.443,5 mila eurokoa izan zen eta, bestalde, lan eta kapital atxikipenen ziozko doikuntza 22.038,2 mila eurokoa izan zen Nafarroaren alde.
Gainera, AMASeko aurrekontu programetatik, Foruzaingoaren erretiro aurreratutik eta BGDSetatik sortutako konpentsazio horien ondorioz, Nafarroaren alde 1.100,4 mila euro atera ziren. Kontzeptu guztien baterako likidazioak, beraz, 2022ko behin betiko likidazioa 117.305,0 mila eurora igo zuen, 2023ko martxoan ordainduta, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoa onartzen duen 28/1990 Legearen 62. artikuluaren bigarren atalean azaltzen den bezala.
Zeharkako zergek eragindako doikuntzak:
Hitzarmen Ekonomikoaren 65. artikuluak ezartzen ditu zeharkako zergen doikuntzak, BEZaren eta fabrikazioaren gaineko zerga berezien bilketa hobetzeko, harmonizaziorako irizpideak eta zerga horietako bakoitzaren zuzeneko kudeaketarako ezarritako konexio puntuak aintzakotzat hartuta.
Koordinazio Batzordearen eskumena da doikuntza horiek dagokien bosturtekoan egikaritzeko metodoak ezartzea. 2023. urtean, behin-behineko doikuntzak martxoan likidatu dira, Koordinazio Batzordeak 2022-2024 bosturtekorako adostutako kontsumo eta kudeaketa indizeen eta likidazio eta kuantifikazio metodologiaren arabera (2022an ere erabili ziren).
2023ko behin-behineko likidazioaren zenbatekoa guztira 1.245.654,6 mila eurokoa da Nafarroaren alde. Horietatik 1.148.863,0 mila euro dira BEZaren doikuntzagatik, 96.177,3 mila euro zerga berezien doikuntzengatik eta 614,3 mila euro berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zergen doikuntzagatik.
2022ko behin betiko likidazioan 20.476,4 mila euro atera ziren Estatuaren alde, 2023ko martxoan erregularizazio egokian gauzatzeko.
Ondoren ageri den koadroan jaso dira Hitzarmen Ekonomikoari dagozkion finantza fluxuen zenbaki nagusiak: Ekarpen ekonomikoa, Lan eta kapital atxikipenen ziozko doikuntza, eta Zeharkako zergapetzearen ziozko zerga doikuntzak.