1.1 Misioa

Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoa da, berezko nortasun juridikoa duena, irailaren 13ko 352/1999 Foru Dekretuaren bidez sortua, eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikia.

Bere antolakuntza eta funtzionamendua Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 244/2023 Foru Dekretuak arautzen ditu.

Nafarroako Foru Ogasuna erakundearen ardura da Nafarroako Foru Komunitatearen izenean eta haren kontura ezartzea Nafarroako zerga sistema. Tributuak zuzen eta eraginkortasunez kudeatu eta biltzeko beharrezkoak diren jarduketa guztiak egitea dagokio, bai eta haien gaineko arauak zorrotz eta modu orokorrean betetzen direla bermatzea ere.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak garatzen ditu Nafarroako Foru Komunitatearen zerga sistemaren araubide juridikoa osatzen duten oinarrizko printzipioak eta funtsezko arauak.