2.4.2 Arau aldaketen inpaktua

 

2023ko zerga bilketan eragina duten arau aldaketak bereziki esanguratsuak izan dira, baina bereizi egin behar dira denboran mantentzen den eragina duten aldaketa iraunkorrak eta inguruabar jakin batzuetan zergadunen artean eragina arintzeko hartu diren beste neurri batzuk.

Aldaketa iraunkorretan, garrantzitsuenak zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 29ko 19/2021 Foru Legean ageri dira. Honako hauek nabarmendu ditzakegu:

2022koa den eta 2023an sartu den PFEZari dagokionez, pentsio planetarako ekarpenen ziozko mugen murrizketak eta kotizazio gabeko erretiro pentsioen ziozko kenkariaren ezabapenak eragin positiboa izan dute zerga bilketan.


 PFEZen ziozko bilketan eragin negatiboa duten neurrien artean dago gutxieneko pertsonal eta familiarren ziozko kenkarien % 5eko deflazioa eta 30.000 eurotik beherako errentetarako gutxieneko pertsonalaren kenkariaren 100 euroko igoera, bai eta tarifaren gaineko % 2ko deflazioa ere. PFEZen ziozko bilketan eragin negatiboa duten beste neurri batzuk izan dira lehentasunezko nekazaritza ustiapenen zioz jasotako laguntzetan egondako salbuespen batzuk (bai NBEUF laguntzak bai LGENF laguntzak), edo alokairurako laguntzen EMANZIPA programan parte hartzeko adinaren igoera.

2022ko SZari dagokionez, nabarmentzekoa da enplegua sortzeagatiko kenkaria ezabatu dela, bai eta Sozietateen gaineko Zergaren Foru Legearen 16. xedapen gehigarrian jasotako zerga onura ezabatu dela ere. Bi neurriek eragin positiboa izan dute zerga bilketan.

Bestalde, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko abenduaren 28ko 36/2022 Foru Legeak, Finantza-transakzioen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 37/2022 Foru Legeak, Zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruzko abenduaren 28ko 38/2022 Foru Legeak eta Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko apirilaren 5eko 14/2023 Foru Legeak hondakinen, finantza transakzioen, zenbait zerbitzu digitalen eta berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berriak arautzen dituzte, hurrenez hurren, ondore positiboak sortuz 2023ko bilketan.

Neurri ez-iraunkorrei dagokienez, bilketan eragin handiena izan dutenak Ukrainako gerrak zergadunengan eragindako ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko hartutakoak izan dira, PFEZen eraginez. Zehazki, apirilaren 13ko 1/2022 Foru Lege-dekretuak krisi ekonomikoaren ziozko aparteko kenkari bat sartu zuen, bilketan 16 milioi euroko kostua eraginik. Eta PFEZen Foru Legearen testu bategina aldatzeko azaroaren 28ko 33/2022 Foru Legeak, era berean, aparteko beste kenkari bat sartu zuen lan-etekinak edo/eta jarduera profesionala zuten pertsonentzat, bilketan 55,7 milioi euroko kostua izanik.  

Era berean, 2021aren amaieran hasi eta 2023. urte osoan zehar mantendutako elektrizitatearen gaineko fiskalitatea murrizteko neurrien luzapenak onartu dira. Neurri horien artean, BEZaren tasa % 21etik % 5era murriztu da, energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga ezabatu da eta elektrizitatearen gaineko zergaren tarifa murriztu da. Halaber, gasaren BEZa % 21etik % 5era jaitsi da 2023 osoan zehar.

Bestalde, abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretuak (20/2022 Errege Lege-dekretua, Ukrainako Gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartea berreraikitzen eta beste kalteberatasun-egoera batzuei laguntzeko neurriei buruzkoa) kasu batzuetan oinarrizko elikagai batzuen BEZa murriztu eta ezabatzea onartu zuen.

Arau aldaketek bilketa likidoan izan duten inpaktuari dagozkion zenbatekoak ondoren azaltzen den koadroan jaso dira.

17. koadroa. Tributu bilketa. Arau aldaketen inpaktuen ondoriozko doikuntzak.