Castellano | Euskara | Français | English
(2009ko 151. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 9an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2009ko azaroaren 13an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez lehen eta bigarren zikloetako tituluen iraungitzea arautzen duen araudia onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO LEHEN ETA BIGARREN ZIKLOETAKO IKASKETA PLANAK IRAUNGITZEKO ARAUTEGIA
1393/2007 EDren lehen xedapen gehigarriaren 1. idatz-zatiak ondoko hau ezartzen du: "Unibertsitateek errege dekretu honetan aurreikusten diren tituluak lortzeko balio duten ikasketa planak ezarri ahalko dituzte aldi berean, ikasturte baterako edo batzuetarako, edo une ezberdinetan, dagokion ikasketa planean aurreikusten diren epeen arabera" Halaber, 2. idatz-zatian ondoko hau xedatzen du: "2010-2011 ikasturtean ez da sarrera berriko ikasposturik eskainiko lehen ikasmailan egungo titulazio hauetarako: lizentziaduna, dipomaduna, arkitektoa, ingeniaria, arkitekto teknikoa eta ingeniari teknikoa."
Bestetik, aipatu errege dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak ondoko hau ezartzen du: "Ikasketak lehengo unibertsitate antolaketekin bat etorriz hasita dauzkaten ikasleak errege dekretu honetan araututako ikasketetara sartzen ahalko dira, dagokion Unibertsitatean aurretiaz onartuak izan eta gero, errege dekretu honetan eta unibertsitatearen araudian ezarritakoarekin bat etorriz."
Azkenik, arau beraren bigarren xedapen iragankorrak ondoko hau xedatzen du: "Errege Dekretu honek indarra hartzen duen egunean unibertsitateko ikasketa ofizialak lehen aplikatzen ziren antolaketekin bat etorriz hasita dauzkaten ikasleei ikasketa horiek hastean ziren xedapen arautzaileak aplikatuko zaizkie, ezertan ukatu gabe errege dekretu honen bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa, 2015eko irailaren 30era arte, orduan behin betiko iraungiko baitira,"
Arau horiek garatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Ikasketa Planak Egokitzeko Arautegia (2009-07-10eko NAO) eta Gradu Ikasketak arautzen dituzten Arauak (2009-08-17ko NAO) onetsi ditu. Arau horien hamaikagarren kapituluan arautzen da lehen eta bigarren zikloetako ikasketak graduko ikasketetara egokitzea.
Aipatu errege dekretutik datorren arautzeko beharra betetzeko eta era argi eta gardenean arautzeko oraingo lehen eta bigarren zikloetako ikasketak iraungitzeko prozesua, eta ukituak geratzen diren ikasleei bermea emateko egiten ari diren ikasketak, iraungi behar direnak, amai ditzaten, eta, kasua bada, ikasleei errazteko graduko ikasketetara sartzea, hori egin behar duenean edo egoki ikusten duenean, onetsi egiten dira honako arau hauek.
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Arautegi honetan biltzen diren xedapenak aplikatuko zaizkie graduko titulazio berriak ezartzearen ondorioz iraungitzen ari diren lehen eta bigarren zikloetako planetan matrikulatuta dauden ikasleei.
2. artikulua. Ikasketa plana iraungitzea.
1. Lehen eta bigarren zikloetako ikasketa planen iraungitzea graduko ikasketa berriak mailaz maila ezartzen diren heinean egingo da. Iraungitzeko prozesua hasiko da lehen edo bigarren zikloko ikasketa bat ordezkatzen duen gradu titulua ezartzen den ikasturte berean.
2. Ikasketa planeko ikasmaila baten irakaskuntza arautua iraungitzen denean, hurrengo bi ikasmailetan azterketetarako lau deialdi egongo dira, urte bakoitzean bi, iraungitzen den ikasmailako irakasgaietarako. Edonola ere, Unibertsitateak bermatuko die bi ikasmaila horietan ukitutako ikasleei irakaskuntzaren aukera bat, teoria eta praktika talde bakarren bidez, edo tutoretzen bidez, ukitutako ikasleen kopuruaren arabera.
3. Irakasgai baten irakaskuntza arautua iraungi ondoren, bakarrik matrikulatu ahalko dira aurreko urteetan matrikulatu ziren ikasleak.
4. Beraz, erabat iraungita dagoen irakasgairen bat gainditzeko duen ikasle batek, horretan aldez aurretik matrikulatuta egon edo ez, ezin izango du bukatu ikasketa plana eta graduko ikasketa berrietara egokitu beharko du.
3. artikulua. Aukerako eta hautaketa libreko irakasgaiak iraungitzea.
1. Unibertsitateak, Gobernu Kontseiluak aukerako eta hautaketa libreko irakasgaietarako urtero onesten duen eskaintzaren bidez, horiek iraungitzeko ordena zehatuko du, aukerako ikasmailak dituzten planetan zein aukerako zikloak dituztenetan. Edozein kasutan ere, irakasgai bakoitzaren irakaskuntza arautua iraungitzen denean hurrengo bi ikasmailetan azterketetarako lau deialdi egongo dira.
2. Ikasmaila baten irakaskuntza arautua iraungitzen denean, ezin izango da onetsi aukerako edo hautaketa libreko irakasgai berririk sartzea, aurreko ikasturtean eskaini ez baziren.
4. artikulua. Bigarren zikloko irakasgaiak iraungitzea.
Bigarren ziklokoak diren titulazioetako irakaskuntzak iraungitzen hasiko dira 2013-2014 ikasturtean. Horretan ezin izango da ikasposturik eskaini zikloa osatzen duten bi ikasmailetako lehenbizikoan. Nekazaritza Ingeniaritzaren kasuan iraungitzea 2012-2013 ikasturtean egingo da, eta horretan ezin izango da ikasposturik eskaini zikloa osatzen duten hiru ikasmailetako lehenbizikoan.
5. artikulua. Graduetara egokitzea.
Egokitutako ikasleak gradu berrira sartzea itzulezina izango da. Beraz, ezin izango dira berriro sartu iraungitzen ari diren planetara. Halaber, ezin izango da matrikularik egin aldi berean iraungitzen ari den titulu batean eta titulu hori iraungitzen duen graduan.