Castellano | Euskara | Français | English
674 /2014 EBAZPENA, MAIATZAREN 27KOA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERREKTOREAK EMANA. HAREN BIDEZ AGINTZEN DA ARGITARATZEKO “ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA INSTITUTUAK ARAUTZEN DITUEN ARAUDIA ONESTEN DUENA”. 2014KO MAIATZAREN 27KO GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO ERABAKI BATEN BIDEZ ONETSI ZEN
(2014ko 114. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 12an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa institutuak arautzen dituen araudia onesten duena”. Hona hemen hitzez hitz:
ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKERKETA INSTITUTUAK ARAUTZEN DITUEN ARAUDIA ONESTEN DUENA
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren oinarrizko eginkizun bat da ikerketa, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 39. artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuei buruzko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, komunitatearen aurrerabiderako bitartekoa eta gizarte garapenerako tresna den aldetik, emaitzak gizartera bestetaratzearen bidez.
Unibertsitateak autonomia dauka, LOUren 2.2 artikuluak ezarritako moduan ikerketaren euskarri izango diren egitura espezifikoak sortzeko, eta hala egiten du batez ere ikerketa-talde, sail eta Ikerketako Unibertsitate institutuak sortuz, baina, LOUren 40. artikuluan eta 110/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bere erakunde helburuak garatzeko egiturak libreki sortzeko eta antolatzeko ahalmena dauka.
Oinarrizko helburua izanik maila akademiko goreneko ikerketa, oinarrizkoa eta bideratua, bultzatzea eta sustatzea esparru jakin batean, diziplina anitzeko eta diziplinarteko ikuspegi batetik. Ikerketa horrek ezagutzaren sorreran lagundu edo gizarteko arazoak eta erronkak konpontzen lagunduko du modu esanguratsuan, Unibertsitatearen Zuzendaritza Taldeak proposatuta, eta Unibertsitatearen Estatutuetako 5.2 artikuluan ezarritakoaren babesean, hona hemen Gobernu Kontseiluak, 2014ko maiatzaren 27an egindako bileran, hartu duen, erabakia:
Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketa Institutuak arautzen dituen araudia onestea, erabaki honen Eranskinean dagoena.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
ERANSKINA. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuen araudia
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren oinarrizko eginkizun bat da ikerketa, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 39. artikuluan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuei buruzko maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren 66. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, komunitatearen aurrerabiderako bitartekoa eta gizarte garapenerako tresna den aldetik, emaitzak gizartera bestetaratzearen bidez.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, unibertsitateko irakasleen eskubide eta betebehar bat da ikerketa, eta irakasle eta ikertzaileen ikerketa lana laguntzea eta sustatzea dagokio Unibertsitateari.
Ikerketa garatzeko, Unibertsitateak autonomia dauka, LOUren 2.2 artikuluak ezarritako moduan ikerketaren euskarri izango diren egitura espezifikoak sortzeko, eta hala egiten du batez ere ikerketa-talde, sail eta Ikerketako Unibertsitate institutuak sortuz, baina, LOUren 40. artikuluan eta 110/2003 Foru Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, bere erakunde helburuak garatzeko egiturak libreki sortzeko eta antolatzeko ahalmena dauka.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak azken hiru bosturtekoetan garatu duen ikerketa politika oinarritzen da bere ikerketa taldeen aitorpen, ebaluazio eta finantzaketan ikertzaileen arteko lankidetzarako oinarrizko unitate modura. Talde horiek modu naturalean osatu dira ikertzaileek lantzen dituzten gaien hurbiltasunaren arabera. Taldeen osaera eta tamaina asko aldatzen da, eta talde horiek osatzeko irizpideak ez dira definitu.
Taldeen batez besteko tamaina bederatzi kide ingurukoa da. Orokorrean zifra txikitzat har daiteke. Talde kopurua, berriz, ehun baino zertxobait handiagoa da. Tamaina eta kopuru horiekin zaila da erronka handiei heltzea, eta, bestalde, saihestezinak dira efizientziarik ezak finantzaketaren kudeaketan, zatikatuegia baitago. Bestalde, zaila da Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-jardueraren irudi ulergarri eta koherente bat ematea kanpoan, konplexua eta atomizatua balitz bezala agertzen baita.
Bestalde, talde txikiak egoteak dakarren gehiegizko espezializazio zientifiko eta teknologikoa muga bat da ikerketan egun dauden erronkei heltzeko, ikuspegi ulergarri eta diziplina-anitzeko bat eskatzen baitute.
Arrazoi nagusi hauek bultzatu dute Unibertsitatearen Zuzendaritza Taldea, Ikerketa Batzordearen laguntzarekin, ikerketa-institutuen sorrera proposatzera lankidetzako egitura zabalagoen modura, Unibertsitatearen Estatutuetako 5.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Hasiera batean desberdinak diren esperientzia eta interesak dituzten ikertzaileen komunikazioa, elkarrekiko harremana eta baterako lanaren alde egin nahi da, lerro komunetan lan egiteko arazo konplexuagoak konpontzeko eta ezagutzaren sorkuntza bultzatzeko. Horren guztiorren oinarri izango da eskakizun akademikoaren maila handia eta institutu horien konfigurazioan eta osaeran.
Arauketa honen xede diren institutuak ez dira LOUren 7. artikuluan definitutako Unibertsitateko Ikerketa Institutuak, baina hala izango dira Gobernu Kontseiluak hala erabakitzen badu eta beharrezkoak diren baimenak badituzte.
1. artikulua. Izaera juridikoa eta izena.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa institutuak Unibertsitatearen egitura berekiak dira, ez dute nortasun juridiko berekirik, ikerketarako euskarri dira eta ikertzaile elkarte gisa definitzen dira, jakintzaren esparru jakin batean ikerketa zientifiko, tekniko, sozial edo humanistikoa sustatzeko eta bultzatzeko edo ikuspegi akademiko batetik gizarte eta ekonomia arazoak konpontzeko.
2. “Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (...) (e)ko Ikerketa Institutua” izena erabiliko da, eta bere baliokidea gaztelaniaz eta ingelesez. Zilegi izango da zabalkunde eta marketin kontuetarako akronimoak edo beste izen trinkoago batzuk erabiltzea, betiere Gobernu Kontseiluak onetsi baditu.
3. Institutu horiek nortasun korporatibo berekia edukitzeko aukera izango dute, eta argi eta garbi Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin identifikatuko dituzten elementu komunek osatua, eta Gobernu Kontseiluak onetsi beharko du.
2. artikulua. Xedea eta helburuak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerketa-institutuen oinarrizko helburua da maila akademiko goreneko ikerketa, oinarrizkoa eta bideratua, bultzatzea eta sustatzea esparru jakin batean, diziplina anitzeko eta diziplinarteko ikuspegi batetik. Ikerketa horrek ezagutza sortzen lagundu edo gizarteko arazoak eta erronkak konpontzen lagunduko du modu esanguratsuan.
Helburu hori lortzeko, institutuek honela jardun beharko dute:
a) Institutuko kideen arteko elkarrizketa eta ideia trukea sustatuko dituzte modu aktiboan.
b) Beren ikertzaileek erabiltzen dituzten azpiegiturak eta ekipamenduak eraginkortasun handienarekin antolatuko, partekatuko eta kudeatuko dituzte.
c) Produkzio sarearekin eta gizartearekin lankidetza sustatuko dute, eta horretarako bideak sortuko dituzte.
d) Ikuspegi irekia eta diziplina anitzekoa izango duten ikertzaileen prestakuntzari lagunduko diote.
e) Entzute handiko ikertzaileak ekarriko dituzte Institutuaren jardueretan parte hartzeko edo aholkulari gisa.
f) Beren lana eta emaitzak zabalduko eta dibulgatuko dituzte, bai irakaskuntza esparru espezializatuetan, bai gizartean.
3. artikulua. Konfigurazioa eta osaera.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa institutuek hiru ikertzaile mota izango dituzte:
a) Bertako ikertzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaileak izan behar dute nahitaez. Ikerketa Batzordeak egindako ikerketa-jardueraren bi ebaluazio positibo gutxienez edo antzeko merezimenduak dituztela frogatu beharko dute. Azken tarteak aktibo egon behar du.
b) Ikertzaile laguntzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko beste langile batzuk izaten ahal dira, institutuko gobernu-organoak erabakia hartzen badu.
c) Prestakuntzan ari diren ikertzaileak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren doktoretza-programaren batean matrikulatuak dauden eta tutore edo zuzendari gisa ikertzaile berekiak edo laguntzaileak dituzten ikertzaileak. Institutuko gobernu-organoaren baimena eduki beharko dute.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuetara atxikitzen diren ikertzaileek ikerketa jarduera frogatua eduki behar dute institutuaren jardun-eremuan eta institutuak berak behar bezala funtzionatzeko gutxieneko tamaina eta egitura eduki beharko du. Ezaugarri horiek hurrengo idatz-zatietan zehaztuko dira.
3. Institutu bat sortzeko, gutxienez ere hogei ikertzaile bereki beharko dira. Horrez gainera, ikertzaile berekiek osotara duten seiurteko kopuruaren eta ikertzaile kopuruaren arteko zatidura 2,5 baino handiagoa izango da. Institutua sortzeko erabakian, institutua osatzen duten ikertzaileak agertuko dira.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek ezin izango dute institutu bat baino gehiagoren kide izan, beren parte-hartze modalitatea zeinahi dela ere.
5. Institutu bakoitzak ikertzaile berrien atxikipena egiteko eta kentzeko tresnak eta irizpideak onetsi eta jendaurrean jarri beharko ditu. Gobernu organoak egiten dituen bileren aktetan idatziz jasoko dira eta altak eta bajak.
4. artikulua. Sortzeko prozedura.
1. Ikerketako errektoreorderi zuzendutako eskaerak hasiera emango dio institutua sortzeko prozedurari. Gutxienez ere dokumentu hauek aurkeztuko dira eskaerarekin batera:
1.–Institutuaren izena (izen murriztua eta akronimoa, hala badagokio).
2.–Ikertzaile arduraduna (zuzendariaren proposamena).
3.–Ikertzaile berekiak (izen zerrenda, beren baimenarekin sinadura orriaren bidez).
4.–Ikerketa lerroak (gehienez ere 10).
5.–Justifikazio txostena, adierazitako gaiak aipatuko dituena, esaterako balorazio irizpideak, eta bereziki hauek:
5.1.–Aldez aurretiko lankidetza esperientzia.
5.2.–Aukeratutako ikerketa lerroen justifikazioa (eskualdean eta nazio mailan duen berezitasuna eta Campus Iberusekin lerrokatua dagoela aipatuko dira).
5.3.–Aurreikusitako antolaketa tresnak institutu barruan.
5.4.–Institutuaren estrategia epe ertainean (baterako proiektuak, ikertzaileen prestakuntza, baterako azpiegiturak, proiekzioa eta kanpo marketina ...).
5.5.–Eskatutako laguntza (institutua abian jartzeko gastuetarako).
Arautegi honetako 3.1.a) artikuluan definitutako Unibertsitateko ikertzaile berekien edozein kolektibok izango du ikerketa institutu bat sortzeko proposamen bat aurkezteko aukera.
Arautegi honetako 3.2 artikuluan ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten proposamenei ezezkoa emango zaie beste tramiterik gabe.
2. Ikerketako errektoreordeak Ikerketa Batzordeari bidaliko dizkio tramitean onartuak izan diren institutuak sortzeko proposamenak. Batzordeak institutua sortzearen aldeko edo kontrako txosten bat egin beharko du hiru hilabeteko epean gehienez ere, eta txostenak kontuan hartu beharko du ebaluazio-erakunde independenteren batek edo gaitasun frogatua duten kanpo ebaluatzaileek egindako kanpo-ebaluazioa. Proposamena egin dutenei eskaerari buruzko informazio gehiago edo eskaera gehiago zehaztea eskatzeko aukera izango du Batzordeak epe horretan.
3. Ikerketa Kontseiluak txostena egin eta gero, Ikerketako errektoreordeak dagokion proposamena bidaliko dio Gobernu Kontseiluari onets dezan.
5. artikulua. Balioespen irizpideak.
Ikerketa Batzordea eta Gobernu Kontseiluak ikerketa institutuak sortzeko ekimenak balioesteko, oinarrizko irizpide hauek kontuan hartuko dituzte:
1. Argitasuna institutuak izango duen gaiaren eta izenaren definizioan.
2. Proposamenaren singulartasuna eta bereizkuntza tokiko, nazioko eta nazioarteko ingurunean.
3. Egungo ikerketa-lerroak eta proposatzaileen curriculuma lerrokatzea aurreko definizioarekin.
4. Ikerketa lerroak institutuaren helburuekin ahalik eta gehien bat etor daitezen lortzeko lan eta lankidetza estrategia.
5. Azken bost urteetako ikerketa emaitzak (taldearen tamainari buruzkoak).
6. Ikerketarako funtsak erakartzeko gaitasuna.
7. Esperientzia doktoreen prestakuntzan.
8. Campus Iberusekin lerrokatzea.
6. artikulua. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Institutuaren Gobernua.
1. Ikerketa institutuak organo hauen bidez antolatuko dira:
a) Institutuaren Kontseilua.
b) Institutuaren zuzendaria.
2. Institutuaren Kontseilua Institutuaren gobernu-organoa da, eta ikertzaile bereki guztiek osatuko dute. Eginkizun hauek ditu:
a) Institutuaren zuzendariaren izendapena eta kargugabetzea errektoreari proposatzea.
b) Institutuko kideen atxikipena eta atxikipena kentzea onestea.
c) Urteko jarduera plana eta jarduera txostena onestea.
d) Institutuaren esparruan egiten diren ikerketa-lerroak onestea.
e) Funtzionamendu arautegia onestea.
3. Institutuaren zuzendaria da institutua ordezkatzen duen pertsona. Errektoreak izendatuko du Institutuaren Kontseiluak proposatuta, bere ikertzaile berekien artean. Frogatu beharko du ikerketa jardueraren hiru ebaluazio positibo dituela gutxienez ere. Agintaldiak lau urteko iraupena izango du. Kontseiluak proposatuta kargugabetzeko aukera izango da.
4. Institutuaren zuzendariak ikertzaile berekien artean izendatuko du institutuaren zuzendariorde bat, zuzendariari lagunduko diona, eta bera ordeztuko duena ez badago, edo gaixotasun bat badauka.
5. Institutuaren zuzendariak ikertzaile berekien artean izendatuko du Institutuko Kontseiluaren idazkaria, eta berak idatziko ditu bileraren aktak eta erabakien fede emango du.
7. artikulua. Institutuen jarraipena eta ikuskapena.
1. Ikerketa Institutuek institutu gisa egiten dituzten jardueren txosten bat aurkeztu behar diote urtero lehen hiruhilekoan Ikerketako Errektoreordetzari, bai eta institutuaren osaera izan diren altei eta bajei buruzko txosten bat ere. Institutu gisa jasotako finantzaketari buruzko txosten ekonomikoa ere aurkeztu beharko dute.
2. Bi urtetik behin Ikerketa Batzordeak institutuen jarraipen bat egingo du, eta, balioespena egin eta, beharrezkoa bada, nahitaez bete beharreko gomendioak egingo ditu.
3. Lau urtez behin institutu bakoitzaren bilakaeraren kanpo ebaluazio bat egingo du.
8. artikulua. Institutuak aldatzea eta kentzea.
1. Institutu bat aldatzeko edo beste batzuekin bat egiteko edozein proposamen Ikerketako Errektoreordetzari jakinarazi beharko zaio, Ikerketa Batzordeak aldez aurretik aldeko txostena eginda Gobernu Kontseiluari bidaltzeko, azter dezan.
2. Honako hauek izango dira ikerketa institutu bat kentzeko arrazoiak:
1.–Institutuko Kontseiluaren gehiengo absolutuaren aldeko erabakia.
2.–Ez betetzea hasieran proposatutako helburuak edo xedeak, edota 7. artikuluan aipatutako betebeharrak bi urtez jarraian.
3.–3. artikuluak ezartzen dituen baldintzak ez betetzea bi urte baino luzegao den epe batean.
9. artikulua. Finantzaketa.
1. Institutuen ikerketa-jarduera finantzatuko da beren ikertzaileek lehiaketaren bidezko deialdietan edo erakunde publiko eta pribatuekin sinatutako hitzarmenen edo kontratuen bidez lortutako funtsekin batez ere.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikerketa institutuei lagunduko die dituen zerbitzuen bidez, prestakuntza, zabalkunde, dibulgazio eta marketineko proiektu eta jardueren erakarpena eta kudeaketa errazteko.
3. Ahal den neurrian, Unibertsitateak finantzaketa bideratuko du funtzionamenduarekin lotutako gastuetara eta aurreko paragrafoan aipatutako jardueretara.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Ikerketa errektoreordeak ahalmena izango du, hala behar denean, proposatzeko arautegi honek indarra hartu baino lehen Ikerketa Batzordearen aurrean tramitatu diren eta arautegi honetako 3. eta 4. artikuluetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten eskaerak ikerketa institutuak sortzeko, Gobernu Kontseiluari onets ditzan.
Azken Xedapena
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.