Castellano | Euskara | Français | English
407/2009 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, 2009ko otsailaren 25eko Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onesten duen erabakia argitaratzeko agintzen duena
(2009k0 44. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 13an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2009ko otsailaren 25ean Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegia onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA
Zioen Azalpena
Abenduaren 21eko 6/2001 Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen 2007ko martxoaren 29ko Lege Organikoaren 48. artikuluak xedatzen du ezen, "irakasle eta ikertzaileen kontratazioa, irakasle bisitariena salbu, lehiaketa publikoen bidez egingo dela, beharrezkoa den publizitatea emanez, eta deialdia nahiko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio Unibertsitateen Kontseiluari, Unibertsitate guztietan zabal dadin. Konstituzioak ezarritako berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuz egingo da hautaketa. Lehentasunezko merezimendutzat hartuko da Unibertsitateko Irakaskidegoetarako lehiaketetan parte hartzeko ziurtagiria izatea".
Halaber, aipatu Legeak xedatzen duenez:
-"Unibertsitateek irakasleak eta ikertzaileak kontratatu ahalko dituzte lan kontratupean, Lege honetan arautzen diren unibertsitate eremuko lan-kontratupeko modalitateetan edo lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezkatzeko Langileen Estatutuan ezarritako modalitateetan".
-"Era berean, unibertsitateek irakasle emerituak izendatu ahalko dituzte Lege honetan ezarritako baldintzak betez".
-"Unibertsitate eremuko lan kontratupeko modalitate espezifikoak honako irudi hauei dagozkienak dira: Laguntzailea, Irakasle Laguntzaile Doktorea, Irakasle Kontratatu Doktorea, Irakasle Elkartua eta Irakasle Bisitaria.
-"Kontratupeko irakasleak eta ikertzaileak, lanaldi osoan zenbatuta, ez dira unibertsitateko irakasle eta ikertzaileen % 49 baino gehiago izango".
-"Aldi baterako lan kontratupeko irakasleak eta ikertzaileak, ez dira irakasleen plantillako % 40 baino gehiago izango".
-"Lege honetan ezarritakoaren arabera eta bere eskumenen eremuan, autonomia erkidegoek unibertsitateetako kontratupeko irakasleen eta ikertzaileen eraentza ezarriko dute".
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsi zituen Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 75. artikuluak ezartzen du Gobernu Kontseiluak onetsiko duela irakasle eta ikertzaileen Lanpostuen Zerrendaren proposamena, Saileko Kontseiluen txostena ikusi eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren plan estrategikoaren ondorio diren beharrak aintzat hartuz eta eraginkortasun-irizpideei kasu eginez. Ezartzen du, halaber, zerrenda horren aldaketak ere onetsiko dituela, aldaketa hauek gehiagotze, gutxiagotze edo lanpostuen izen-aldaketarengatik gerta daitezkeelarik.
Aipatu Estatutuetako 83. artikuluak ezartzen du Unibertsitateak kontratatzen ahalko dituela lan-kontratuen bidez erregelamendu honetako gaiak diren irakasleak eta ikertzaileak. Hautaketa lehiaketa publikoaren bidez egingo da.
84. artikuluak ezartzen du irakasle eta ikertzaileen kontratazioa irakasleak kontratatzeko dagokion arautegian arautuko dela, eta hori Gobernu Kontseiluak egin eta onetsiko duela.
Arau honek agindu hori bete nahi du, Nafarroako Unibertsitate Publikoak kontratatuko dituen irakasleak hautatzeko prozedura ezarriz, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak aintzat hartuz, baita publizitatearena ere. Printzipio horiek gordetzeko, hautaketarako ohiko prozedura finkatu da, baita, premia dela-eta, tramiteak azkartzekoa ere, bigarren kasu honetan eraginkortasunak prozedura baldintzatzen baitu, baina prozeduraren beharrezko bermeak galarazi gabe.
Erregelamendu honek berrogeita hamar artikulu ditu sei Titulu, Xedapen gehigarri bat eta Azken xedapen batean bilduta.
I. Tituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu.
II. Tituluak unibertsitateko irakasleak kontratatzeko irudiak deskribatzen ditu.
III Tituluak kontratatzeko ohiko prozedura arautzen du.
I. Kapituluak lanpostuen deialdietako arauak finkatzen ditu.
II. Kapituluak lanpostuetarako eskaerei buruzko guztia finkatzen du.
III. Kapituluak kontratazio-batzordeari eta erreklamazio-batzordeari buruzkoak ezartzen ditu.
IV. Kapituluak balioespen-prozedurak eta kontratazio-proposamenak antolatzen ditu.
V. Kapituluak kontratuen gauzatzeaz eta izenpetzeaz dihardu.
IV. Tituluak premiazko prozeduraren bidezko kontratazioa arautzen du.
V. Tituluak kontratazio-proposamenetan aplikatuko den baremoa ezartzen du.
VI. Tituluak kontrataziorako deialdi publikoa behar ez duten bi irakasle motak kontratatzeko prozedura xedatzen du: Irakasle emerituak, I. Kapituluan, eta irakasle bisitariak, II. Kapituluan.
Azaldutako guztiarengatik, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztu dio onets dezan, honako arautegi hau:
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK KONTRATATZEKO ARAUTEGIA
I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Aplikazio-eremua.
Arautegi hau aplikatuko da irakasle eta ikertzaile lanpostuak betetzeko honako kategoria hauetan: Laguntzailea, Irakasle Laguntzaile Doktorea, Irakasle Kontratatu Doktorea, Irakasle Elkartua, Irakasle Bisitaria eta Irakasle Emeritua.
2. artikulua. Printzipioak.
Aurreko artikuluan aipatzen den langileen hautaketa, lehiaketa publikoaren bidez egingo da eta beti bermatuko dira izangaien aukera-berdintasuna, merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua, eta gizon eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa, irakasle emeritu eta bisitarientzako xedatutakoa ezertan kaltetu gabe.
3. artikulua. Lanpostuen atxikipena.
Arau honek xedatzen duenaren araberako irakasle eta ikertzaileen lanpostuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitate sail bati atxikiko zaizkio, baita sail horien barruan dauden jakintza arloetako bati ere.
4. artikulua. Kontratuak gauzatzea.
Lehen artikuluan jasotako irakasleen eta ikertzaileen kontratuak idatziz egingo dira, dagokien ereduan.
5. artikulua. Bateraezintasunak.
Kontratupeko irakasle eta ikertzaileei bateraezintasun erregimena aplikatuko zaie, Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen bateraezintasunei buruzko Legearen oinarrizko arauekin bat eta, beharrezkoa bada, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak proposatuta, Gobernuak onetsitako Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Oinarrizko Estatutuarekin bat.
II. TITULUA. KONTRATU-IRUDIAK
6. artikulua. Laguntzaileak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak Laguntzaile gisa kontratatu ahalko ditu doktoretza programa bateko ikerketa-aldian onartuak izan direnak.
2.-Kontratuaren xedea izango da irakaskuntza eta ikerketa prestakuntza osatzea. Unibertsitateak behar diren neurriak hartuko ditu prestakuntza hori betetzen dela bermatzeko. Laguntzaileek irakaslanean laguntzen ahalko dute urtean gehienez ere 60 orduz. Unibertsitateak ziurtatuko du, curriculumari begira, laguntzaileak parte hartzen duela esleitzen zaizkion irakaslan zehatzetan.
3.-Aldi baterako kontratua izango da, eta lanaldi osoko arduraldia izango du.
4.-Gutxienez ere urtebeteko eta gehienez ere bost urteko iraupena edukiko du kontratuak. Kontratuaren iraupen-aldian sortzen diren aldi baterako ezgaitasun, amatasun, aitatasun, adopzio edo harrera egoerak direla medio eten egingo da haren zenbaketa.
7. artikulua. Irakasle laguntzaile doktoreak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak Irakasle laguntzaile gisa kontratatu ahalko ditu Nafarroako Foru Komunitateko legeak xedatzen duen kanpo ebaluaziorako erakundearen ziurtapena duten doktoreak. Izendapen espresurik ezean, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak emango du jardueraren ebaluazioa.
2.-Kontratuaren xedea izango da irakaslana eta ikerlana garatzea.
3.-Aldi baterako kontratua izango da, eta lanaldi osoko arduraldia izango du.
4.-Gutxienez ere urtebeteko eta gehienez ere bost urteko iraupena edukiko du kontratuak, eta, nolanahi ere, kontratazio-irudi honek eta laguntzailearen kontratazio-irudiak, biak batera, unibertsitate berean edo beste unibertsitate batean, zortzi urte iraungo ditu gehienez ere.
Kontratuaren iraupen-aldian sortzen diren aldi baterako ezgaitasun, amatasun, aitatasun, adopzio edo harrera egoerak direla medio eten egingo da haren zenbaketa.
5.-Lehentasunezko merezimendutzat hartzen da hautagaiak ikerketa egonaldia egitea berarekin lan edo prestakuntza harremana duen unibertsitatea edo ikerketa zentroa ez den ospe handiko unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan, Espainian zein atzerrian.
6.-Lehentasunezko merezimendutzat hartzen da kontratupeko irakasle doktore izateko edo unibertsitateko irakaskidegoetarako sarbide lehiaketetan parte hartzeko ziurtapena edukitzea.
8. artikulua. Kontratupeko irakasle doktorea.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak Kontratupeko irakasle doktore gisa kontratatu ahalko ditu Foru legeak xedatzen duen kanpo ebaluaziorako erakundearen ziurtapena duten doktoreak. Izendapen espresurik ezean, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak emango du jardueraren ebaluazioa.
2.-Kontratuaren xedea izango da, irakasteko eta ikertzeko arduraldi osoarekin, irakaslana eta ikerlana garatzea edo, lehentasunez, ikerlana garatzea eta, beharrezkoa bada, kudeaketa.
3.-Kontratua mugagabea izango da, eta lanaldi osoko arduraldia izango du.
4.-Kontratazioa lehiaketa publikoaren bidez egingo da, beharrezkoa den publizitatea emanez, eta deialdia nahiko aurrerapenarekin jakinaraziko zaio Unibertsitateen Kontseiluari, Unibertsitate guztietan zabal dadin.
5.-Lehentasunezko merezimendutzat hartuko da Unibertsitateko Irakaskidegoetarako lehiaketetan parte hartzeko ziurtagiria izatea.
9. artikulua. Irakasle elkartuak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak Irakasle Elkartu gisa kontratatu ahalko ditu gaitasun ezagutuko adituak, egiaztatzen badute, gutxienez bi urtez, lanpostuko jarduerarekin lotutako jarduera profesionala izan dutela, eta lanbidea Unibertsitateko irakaskuntza esparrutik kanpo dutela gaur egun.
2.-Kontratuaren xedea izango da irakaslana garatzea, eta lan horren bidez beren ezagutza eta lanbide-esperientziak eskainiko dituzte.
3.-Aldi baterako kontratua izango da, eta denbora ez-osoko arduraldia izango du.
4.-Kontratuaren iraupena hiruhilekoa, seihilekoa edo urtebetekoa izango da, eta beste hainbesteko iraupena izango duten epeetan luzatu ahalko da, betiere jarduera profesionala Unibertsitateko irakaskuntza-esparrutik kanpo dutela egiaztatzen jarraitzen badute.
5.-Lehentasunezko merezimendutzat hartzen da irakasle laguntzaile doktore edo kontratupeko doktore izateko edo unibertsitateko irakaskidegoetarako sarbide lehiaketetan parte hartzeko ziurtapena edukitzea.
10. artikulua. Irakasle bisitariak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle bisitari aritzeko kontratatu ahalko ditu Espainiako eta atzerriko beste unibertsitate eta ikerketa zentroetako ospe handiko irakasle edo ikertzaileak.
2.-Kontratuaren xedea izango da irakaslana edo ikerlana garatzea, eta lan horren bidez irakasleek unibertsitateari beren ezagutzak eta irakaskuntza-esperientziak eskainiko dizkiote.
3.-Kontratua aldi baterako izango da, gehienez ere bi urtekoa eta gutxienez sei hilabetekoa, eta lanaldi partzialeko edo osoko arduraldiarekin.
11. artikulua. Irakasle emerituak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere Estatutuekin bat etorriz, irakasle emerituak izendatzen ahalko ditu unibertsitatean zerbitzu aipagarriak eman dituzten unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle erretiratuen artetik.
2.-Kontratua aldi baterako izango da, gehienez ere hiru urtekoa. Kontratu hori behin bakarrik luzatzen ahalko da, gehienez ere bi urterako.
12. artikulua. Obra edo zerbitzurako kontrataturiko irakasle eta ikertzaileak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak ikertzaileak, teknikariak edo bestelako langileak kontratatzen ahalko ditu obra edo zerbitzu zehatzeko kontratuaren bidez ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektuak garatzeko.
2.-Langile horiek sail bateko kide izango dira berari atxikitako jakintza-arlo bateko kideak badira.
3.-Kontratua idatziz egin behar da, eta ikertu beharreko jarduera, eta lanaren iraupena zehaztasunez adieraziko dira. Kontratua iraungiko da jarduera amaitzen denean.
4.-Kontratupeko irakaslea urtean gehienez ere 60 orduz aritzen ahalko da izaera praktikoko irakaslanetan, aurretik loturiko sailarekin adostasun batera iritsi eta gero, eta unibertsitateko irakaskidegoetako irakasle batek gainbegiratuta.
5.-Kontratua lanaldi osokoa edo lanaldi partzialekoa izan ahalko da. Betiere, proiektuaren aurrekontuan dagoen diruaren arabera egingo da eta inolaz ere ez da hogeita bi hilabete baino gehiagokoa izango.
6.-Langileak proiektua egiteko ardura duen ikastegian, sailean, taldean edo ikerketa-taldean lan egingo du. Organikoki Kudeatzailetzaren menpe egongo da.
7.-Erroldatutako ikerketa-taldeek proposatzen ahalko dute irakasleak eta ikertzaileak kontratatzea ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektu zehatzak garatzeko, Unibertsitateko Ikerketa Batzordeak ezartzen duenaren arabera.
8.-Ikerketa zientifiko edo teknikoko proiektu zehatzak garatzeari loturiko irakasle, ikertzaile, teknikari edo bestelako lanpostuen deialdia, baita berauek kontratatzeko prozedura ere, arautegi espezifikoen bidez arautuko dira.
13. artikulua. Ministerioaren programa sektorialen bidezko kontratupeko irakasleak.
Ramón y Cajal, Juan de eta Hezkuntza eta unibertsitate-gaietan eskumena duen ministerioak sortzen dituen beste programa batzuen bidezko kontratuek beren oinarri guztiak bete behar dituzte eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko indarreko araudia. Kontratu horien oinarriak "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko dira.
14. artikulua. Irakasteko ordezkapen kontratua duten irakasleak.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasleak kontratatzen ahalko ditu lanpostua gordetzeko eskubidea duten langileak ordezkatzeko, Langileen Estatutuan ezarritako modalitateetan, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 48. artikuluak xedatzen duen bezala.
2.-Xedea da lanpostua erreserbatzeko eskubidea duen irakasle baten irakaslana ordezkatzea, edo lehiaketa egin gabe dagoen lanpostu baten irakaslana betetzea, lehiaketa ebatzi arte, une horretan kontratua iraungiko baita.
3.-Ordezko irakaslea lanaldi osoz kontratatuko da.
4.-Ordezko irakaslea lizentziaduna, ingeniaria, arkitektoa edo baliokide den tituluaren jabe izango da.
5.-Irakaskuntza-arduraldia, astean, zortzi ordukoa izango da eskolak emateko eta sei ordukoa tutoretzarako, lanaldi murriztua duen irakasle baten ordezkapena denean salbu.
6.-Ordezko irakasleari ez zaio lanaldi murrizketarik egingo bere irakaslean.
7.-Lehentasunezko merezimendutzat hartzen da doktore titulua edukitzea eta irakasle laguntzaile doktore edo kontratupeko doktore izateko edo unibertsitateko irakaskidegoetarako sarbide lehiaketetan parte hartzeko egiaztagiria edukitzea.
III. TITULUA. OHIKO PROZEDURA
I. KAPITULUA. Deialdiak
15. artikulua. Deialdia egiten duen organoa.
Irakasle elkartuak, irakasle laguntzaile doktoreak, irakasteko ordezkapen kontratua dutenak eta irakasle kontratatu doktoreak, baita laguntzaileak ere, errektorearen ebazpenak deitutako lehiaketa publikoen bidez kontratatuko dira, irakasleen gaietarako errektoreordeak hala proposaturik.
16. artikulua. Deialdien publizitatea.
Lehiaketen deialdiak Unibertsitateko iragarki-oholetan, helburu honekin prestaturikoetan, argitaratuko dira, baita Unibertsitateko web-orrian ere, eta Nafarroako Foru Erkidegoan zabalkunderik handienetakoa duten idatzizko bi komunikabidetan, gutxienez, iragarriko dira.
Halaber, aldez aurretik, Unibertsitateen Kontseiluari deialdien berri emango zaio, haietan guztietan jakinarazteko, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzeko Lege Organikoaren 48. artikuluan xedatu bezala. Iraupen mugagabea duten lanpostuen lehiaketen deialdiak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.
17. artikulua. Deialdien edukia.
Erregelamendu honek arautuko ditu deialdiak eta beren oinarriak, eta ezarrita ez dauden gauzetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak.
Deialdiotan honako hau jasoko da:
a) Deialdiko lanpostuen kopurua eta kategoria.
b) Kontratu-mota, iraupena ere adieraziz.
c) Arduraldia.
d) Zer saili dauden atxikirik.
e) Halakorik bada, zer Jakintza arlori atxikita dauden.
f) Izangaiek postua betetzeko eduki behar dituzten betebeharreko baldintzak.
g) Parte hartzeko eskaera-eredua eta aurkeztu beharreko agiriak.
h) Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.
i) Eskaerak zer organori zuzenduko zaizkion.
j) Lehiaketaren epeak, bukaerak eta aldiak.
k) Jartzen ahal diren errekurtsoak.
l) Aplikatu beharreko baremoak.
m) Kontratazio batzordearen osaera, Unibertsitatearen web-orrian eta iragarki-oholean argitaratuko dena, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, kontratupeko irakasle doktoreen kasuan edo lanaldi osoko arduraldia edo iraupen mugagabea duten beste irudien kasuan.
n) Gobernu Kontseiluak eskatzen dituen gainerako baldintza guztiak.
II. KAPITULUA. Eskaerak
18. artikulua. Parte hartzeko baldintza orokorrak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen dituen lehiaketetan parte hartzera onetsiak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiratzeko adina beteta ez izatea, irakasle emerituak izan ezik.
b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
c) Ez egotea bereizirik edozein Administrazio Publikotako zerbitzutik diziplinako espedientea dela kausa, ez egotea funtzio publikoak betetzeko ezgaitua, edo irakaskuntzarekin bateraezinak diren karguak edo funtzioak ez betetzea. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izango da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duten diziplina-zehapen edo kondena penalik ez edukitzea.
d) Kategoria bakoitzeko aurreikusitako baldintza espezifikoak betetzea, bereziki bakoitzean eskatzen den titulu akademikoa edukitzea. Espainiako Estatutik kanpo ikasi dutenentzat, beharrezkoa izango da atzerriko tituluak homologatzeko eskumena duen Ministerioak baliokidetzea titulazio akademikoa. Europako Batasuneko tituluak dituzten izangaien kasuan, homologazioa aurkeztuko da, edo bestela unibertsitateko irakaslea izateko gaitasuna aitortzen duen egiaztagiria.
e) Izangai guztiek izan behar dituzte lehiaketako lanposturako eskatzen diren hizkuntza ezagupenak.
2. Arautegi honek arautzen dituen lanpostuetan sartzeko beharrezkotzat jotzen diren betebeharreko baldintzak bete beharko dira deialdi bakoitzean eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eta kontratua gauzatzen den arte mantendu beharko dira.
19. artikulua. Parte hartzeko eskabideak.
1. Parte hartu nahi duten guztiek eskabidea bete eta aurkeztu beharko dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzenduz.
2. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedurari Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezartzen dituen moduen batean.
3. Interesdunek eskabide bat aurkeztu beharko dute lehiatu nahi duten lanpostu bakoitzerako, dagokion dokumentazioarekin batera; profila, kategoria eta jakintza arlo berbera duten lanpostuetan, nahikoa izango da dokumentazioa behin aurkeztea. Eskabideak aurkezteko tasak ordaindu beharko dira, Nafarroako Foru Erkidegoko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Salneurri Publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legeak ezartzen duenarekin bat etorriz.
4. Eskaerak aurkezteko epea ez da bi egun baliodun baino laburragoa izango, ezta 10 egun baliodun baino luzeagoa ere, deialdia prentsan argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, edo, hala dagokionean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
20. artikulua. Baldintzak eta agiriak.
Honako hau gehitu beharko zaio eskaera bakoitzari:
1. Lanpostu guztietarako komun diren agiriak:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo pasaportearen fotokopia.
b) Eskatzen den titulazio akademiko ofizialaren jatorrizkoa edo fotokopia erkatua.
c) Ordaindu beharreko tasa ordaindu delako egiaztagiria.
d) Hautagaiaren curriculum vitae xehakatua, ohiko formatuetako edozeinetan. Curriculumean zerrendatzen diren eta agiriz justifikatzen diren egindako merezimenduak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte hartuko dira aintzat.
e) Egoki jotzen diren merezimenduen justifikatzeko agiri guztiak, eta hala dagokionean, eskatzen den hizkuntza ezagutzaren mailaren egiaztagiri ofiziala.
f) Deialdi bakoitzean aurreikusten diren gainerako agiri guztiak.
2. Kategoria bakoitzerako agiriak:
-Irakasle Elkartu lanpostuak.
a) Gutxienez bi urtez lanpostuko jarduerarekin lotutako jarduera profesionala izan dutela eta lanbidea Unibertsitateko irakaskuntza-esparrutik kanpo dutela egiaztatzea, Gizarte Segurantzak edo Mutualitateak emandako egiaztagiriaren bidez, eskumena duen organoak luzatutakoa, baita beste edozein agiri osagarriren bidez ere, nola baitira lanbideari dagokion elkargoko kide izatea, Jarduera Ekonomikoen Zergan izena emanda egotea edo proposatzen den profilari egoki zaion beste edozein. Enplegatu publikoek (funtzionarioek edo lan kontratupekoek) aurretik eman dituzten zerbitzuen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.
b) Deialdiko xedea den lanpostuan garatu beharreko irakaskuntzari buruzko oroitidazki laburra, irakaskuntza-jardunei dagokien programa ere barne: gaitegia, bibliografia, helburuak eta irakaskuntza-metodologia, dagokion ikasketa planean adierazitako helburuen barnean.
Oroitidazkia ez aurkeztea konponezina da.
-Laguntzaile lanpostuak.
a) Unibertsitateren batean doktoretza programa bateko ikerketa-aldian onartua izan delako egiaztagiria.
b) Doktore ez izatea lanpostuaren xede den gai berean, ezta deialdiko xede den lanpostuaren jakintza arlo bereko titulazio batean ere.
c) Izangaiak lehiaketaren xede den lanpostuan izandako irakaskuntzako eta ikerketako lankidetzari buruzko oroitidazki laburra.
-Irakasle Laguntzaile Doktoreen lanpostuak.
a) Irakasle Kontratatu Doktoreen lanpostuak.
b) Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak edo Nafarroako Foru Erkidegoak zehazten duen kanpo ebaluaziorako organoak jardunaren egiaztapen positiboa ematen duen agiriaren fotokopia erkatua.
c) Deialdiko xedea den lanpostuan garatu beharreko irakaskuntzari eta, halakorik bada, ikerketari buruzko oroitidazki laburra, irakaskuntza-jardunei dagokien programa ere barne: gaitegia, bibliografia, helburuak eta irakaskuntza-metodologia, dagokion ikasketa planean adierazitako helburuen barnean. Oroitidazkia ez aurkeztea konponezina da.
-Irakasle Kontratatu Doktoreen lanpostuak.
a) Irakasle Kontratatu Doktoreen lanpostuak
b) Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak edo Nafarroako Foru Erkidegoak zehazten duen kanpo ebaluaziorako organoak jardunaren egiaztapen positiboa ematen duen agiriaren fotokopia erkatua.
-Irakasteko ordezkapen kontratua duten irakasleen lanpostuak.
a) Beharrezkoa den tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia erkatua.
b) Deialdiko xedea den lanpostuan garatu beharreko irakaskuntzari buruzko oroitidazkia, irakaskuntza-jardunei dagokien programa ere barne: gaitegia, bibliografia, helburuak eta irakaskuntza-metodologia, dagokion ikasketa planean adierazitako helburuen artetik.
Oroitidazkia ez aurkeztea konponezina da.
3. Kontratazio Batzordeak prozesuaren edozein unetan eskatzen ahalko die izangaiei ekarri dituzten agirien autentikotasuna egiazta dezaten.
21. artikulua. Izangaiak onartzea
1. Eskaerak aurkeztutako epea bukatuta, gehienez ere 10 eguneko epean, irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak jendaurrera zabalduko du, horretarako aukeratzen den Unibertsitateko iragarki oholean, deitutako lanpostu bakoitzeko lehiaketan onartu eta baztertu diren izangaien behin-behineko zerrenda, azken kasu honetan baztertzearen arrazoiak azalduko direlarik.
2. Baztertutako edo aipatu gabeko izangaiek hamar egun balioduneko epea edukiko dute, behin-behineko zerrenda jendaurrean jartzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, deialdian ezarritako eskakizunak, agiriak eta merezimenduak aurkezteko, interesdunari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik aurkeztu ez direnak, eta baztertzea edo ez aipatzea ekarri dutenak.
Honako hauek izango dira baztertzeko arrazoiak: eskaera ezarritako epetik kanpo aurkeztea, lehiatzen den lanpostuan eskatzen diren baldintzak ez betetzea, lehiaketan parte hartzeko tasa ez ordaintzea edo baldintzak betetzen direla justifikatzen duten agiriak ez aurkeztea.
Epe hori ez da nahitaezkoa izangai bazterturik ez badago.
3. Eskaerak osatzeko eta zuzentzeko epea bukaturik, Unibertsitateko iragarki oholean, prozedura bera erabilita, argitaratuko da lehiaketan onarturiko eta bazterturiko izangaien behin betiko zerrenda.
4. Epea bukaturik ez bada eskaerarik aurkeztu, izangai onarturik ez bada edo izangaiek lehiatzeari uko egiten badiote, irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak Sailari jakinaraziko dio, eta arrazoi horregatik lanpostua hutsik geratzen dela aldarrikatuko da.
III. KAPITULUA. Kontratazio batzordeak eta erreklamazio batzordeak
22. artikulua. Kontratazio Batzordea.
1. Kontratazio Batzorde orotan kide guztiak doktore izango dira, unibertsitateko irakaskidegoetakoak eta lehiaketako lanpostuak duen kidegoaren kategoria berekoak, baliokideak edo goragokoak.
2. Irakasle laguntzaile doktoreen, irakasle elkartuen, laguntzaileen eta ordezkapen kontratua duten irakasleen lanpostuetarako kontratazio batzordeak honako hauek osatuko dituzte:
a) Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea edo berak eskuordetutakoa.
b) Unibertsitateko irakaskidegoetako bi irakasle, Gobernu Kontseiluak izendatuak, batzordekide bakoitzaren bi ordezko ere izendatuko dituena.
c) Lanpostuari dagokion Saileko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duen irakaskidegoetako irakaslea, eta Saileko Kontseiluak izendaturiko irakaskidegoetako irakasle bat. Saileko Kontseiluak, halaber, bi ordezko izendatuko ditu bete beharreko lanpostu bakoitzetik. Lanpostua jakintza arlo bati atxikirik badago, aipatu irakasle horietako bat gutxienez, deituriko lanpostuaren jakintza arlokoa edo antzeko arlo batekoa izango da.
3. Lan kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako Kontratazio Batzordeak honako hauek osatzen dituzte:
-Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea edo berak eskuordetutakoa.
-Unibertsitateko Irakaskidegoetako bi irakasle, lanpostua dagokion Sailaren Saileko Kontseiluak izendatuak.
-Bi irakasle Gobernu Kontseiluak izendatuak, alfabetikoki ordenatutako irakaskidegoetako hamar irakasleren zerrenda batetik, zoriz hautatuak, 1. puntuko baldintzak betetzen dituztenak, lanpostua atxikia dagoen Sailak proposatuak. Irakasle horiek, lanpostua jakintza arlo bati atxikia badago, arlo horretakoak edo antzeko arloetakoak izan beharko dira.
4. Batzordeko kideak beste unibertsitate batekoak izan daitezke.
5. Batzordeburua izango da irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordea edo berak eskuordetutakoa. Batzordean lerrun handiena duen irakaskidegoetako irakasle bati egin beharko zaio eskuordetza. Idazkari arituko da batzordeburuak izendatzen duena, ahal dela Nafarroako Unibertsitate Publikoko kidea izango dena.
6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak arautuko du Kontratazio Batzordea.
Batzordeko kideek ez dute esku hartuko aipatu Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezartzen diren gorabeheretako bat gertatzen denean.
7. Batzordearen osaera bere kideen inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioei egokitu behar zaie, eta gizonen eta emakumeen arteko osaera orekatua izateko ahalegina egin behar da, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik.
8. Kontratazio Batzordeko kideak errektorearen ebazpenaren bidez izendatuko dira eta batzordearen osaera argitaratuko da Unibertsitateko web orrian eta horretarako esleituriko iragarki oholean, eratu baino 72 ordu aurretik, gutxienez.
9. Gobernu Kontseiluak kontratazio batzordeko kideak izendatuko ditu bi urte naturalerako, irakasle elkartuen, irakasle laguntzaile doktoreen eta laguntzaileen lehiaketetarako.
23. artikulua. Kontratazio Batzordea eratzea.
1. Kontratazio Batzordea formalki eratuko da bere jardunetan hasi baino lehen. Ekitaldi horretarako, batzordekide guztiak bertaratu beharko dira.
2. Kontratupeko irakasle doktore lanpostuetarako, batzordeko buruak, gainerako batzordekideekin kontsulta egin ondoren, interesdunei jakinaraziko die, gutxienez 10 eguneko epearekin, zein egun eta ordutan egingo den ondokoa:
-Batzordearen eraketa, 21.3 artikuluan ezarritakotik gehienez ere hiru hilabeteko epean egin beharko dena. Eratzeko ekitaldian, batzordeak lehiakideak balioesteko erabiliko dituen irizpideak ezarriko ditu, baita horien zenbakizko baliospena ere.
-Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangaien aurkezpen-ekitaldia. Ekitaldi horretan, izangaiek aurkeztuko diote Kontratazio Batzordeari, hirukoizturik, lehiaketako xedea den lanpostuaren jakintza-arloko irakasgai baten programa zehaztua, bere baitan honako hauek edukiko dituena: gaitegia, bibliografia, curriculum vitaea, irakaskuntzaren helburuak eta metodologia, eta egindako ikerketa-lanak eta izangaiak egin nahi duen ikerketa-jardunaren Proiektua. Horretaz gain, izangaiak lehen aldiko ahozko proba egiteko deituko ditu. Deialdiak zehaztuko du probak zer tokitan, egunetan eta ordutan egingo diren. Lehiatzaile bat baino gehiago badira, proba egiteko hurrenkera zozketatu egingo da. Azkenik probetarako deialdia eta probak egiteko hurrenkera argitaratuko dira.
24. artikulua. Erreklamazio Batzordea.
Erreklamazio Batzorde bat izango da, hainbat jakintza arlotako irakaskidegoetako unibertsitateko bost katedradunek osatuko dutena. Irakasle horiek irakaslanetan eta ikerlanetan eskarmentu handikoak izango dira, eta Gobernu Kontseiluak hautatuko ditu bi urteko eperako.
IV. KAPITULUA. Balioespena, kontratazio proposamenak
25. artikulua. Laguntzaile, irakasle laguntzaile eta irakasle elkartuaren lanpostuak balioesteko eta aukeratzeko prozedura.
Irakasle eta laguntzaile-irudi guztiak kontratatzeko baremoak, eta lehiaketak ebazteko balioespen-irizpideak Erregelamendu honetako IV. Tituluan biltzen dira. Nolanahi ere, erabakietan izangai bakoitzaren balioespena azalduko da, arrazoiak eman eta zenbakizko puntuazioa esleitzen duena.
26. artikulua. irakasle kontratatu doktorearen lanpostuak balioesteko eta aukeratzeko prozedura.
Irakasle kontratatu doktorearen lanpostuetarako, izangaiak aukeratzeko prozedurak bi proba edukiko ditu:
1. Lehen proban, gehienez ere ordubete iraungo duen ahozko azalpena egingo da Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango da berarekin honako hauei buruz: izangaiaren curriculum vitaea, irakaskuntza programa eta aurkeztutako ikerketa-proiektua.
2. Lehen proba bukatuta, Batzordeko kide bakoitzak Batzordeko buruari emango dio txosten arrazoitu bat, izangai bakoitzak azaldu dituen curriculum vitaea, eta irakaskuntza eta ikerketa-proiektuak balioesteko, eta zenbakizko puntuak emanez. Batzordeak emandako puntuazioen batez bestekoa egin eta hurrenez hurreneko lehiakideen zerrenda bat prestatuko du, baremoak ezartzen zuen gutxieneko puntuazioa gainditu eta bigarren probara pasatzen direnena.
3. Bigarren proban, gehienez ere ordubete iraungo duen ahozko azalpena egingo da Batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango da berarekin, izangaiak bere irakaskuntza programan aurkeztutako eta berak hautatutako gai bati buruz. Batzordeak izangai bakoitzaren balioespena egingo du, arrazoituta eta zenbakizko puntuak esleituz.
4. Bi alditako zenbakizko puntuazioak batu eta gero, Batzordeak lehiakideen zerrenda egingo da, hurrenkeraren arabera, eta kontratazio-proposamena egingo du. Berdinketarik badago, Batzordeko kideek bozketa bat egingo dute kontratazio-proposamenaren hurrenkera erabakitzeko; bozketa honetan berdinketarik badago, batzordeburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.
27. artikulua. Proposamena.
1. Agiriak jaso eta 3 egun balioduneko epean, edo hala dagokionean, ahozko aldia egin eta geroko 3 egun baliodunetan, Kontratazio Batzordeak irakasleen gaietan eskudun den Errektoreordetzari aurkeztuko dio balioespen handiena lortu duen izangaiak lanpostua bete dezan proposamena. Ordezkoak ere izendatzen ahalko dira, merezimenduen puntuazioaren hurrenkeran.
Kontratupeko irakasle doktoreen lanpostuetarako, ezin izango du proposatu lehiaketaren xede den lanpostu-kopurua baino izangai gehiago, baina bai ordea txikiagoa den kopurua. Txosten horretan jaso beharko da izangai bakoitzak, baremoa aplikatzean, lortu dituen kalifikazioen zerrenda ordenatua.
2. Kontratazio Batzordeak proposatzen ahalko du lanpostua hutsik gera dadin, lanpostuaren baremo espezifikoa aplikatu eta izangaietako inork ez duenean lortzen eskatzen den gutxieneko puntuazioa.
3. Aukeraketa prozesua bukaturik, Kontratazio Batzordeak kontratazio proposamena argitaratuko du, horretarako prestatzen den Unibertsitateko iragarki oholean. Argitaratze horrek, ondorio guztietarako, interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du.
4. Proposamenarekin batera, Kontratazio Batzordeak argitaratuko du, hala badagokio, lanpostu bakoitzean eskatzen den gutxieneko puntuazioa berdindu edo gainditu duten izangaien zerrenda hurrenkeraren arabera ordenatua. Unibertsitateak erabiltzen ahalko du aipatu zerrenda, hurrenez hurren gainditu duten izangaiak kontratatzeko, baldin eta proposatzen den izangaiak uko egiten badu.
Irakasle elkartuaren lanpostuetarako, hurrenkeran zerrendaturiko izangaiak, kontratuak izateko proposatu ez direnak, lanpostua atxikia dagoen sail bereko lanpostuen lehiaketetan eta kategoria bereko premiazko prozeduraren bidezko lehiaketetan kontratatuak izateko lan-poltsa batera pasatuko dira hiru urtez.
28. artikulua. Kontratazio-proposamenaren aurkako erreklamazioak.
1. Interesdunek erreklamazioa egiten ahalko dute Kontratazio Batzordeak egiten dituen proposamenen aurka, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 84.3 artikuluak aipatzen duen Erreklamazio Batzordearen aurrean, bost egun balioduneko epean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Batzorde honek aurkezten diren erreklamazioak ebatziko ditu.
2. Ebazpen honen aurka gorako errekurtsoa jartzen ahalko da, errektoreari zuzendua.
29. artikulua. Behin betiko proposamena.
Kontratazio-proposamena daukan errektorearen ebazpena, behin aurkeztutako erreklamazioak ebatzi eta gero, horretarako prestatzen den Unibertsitateko iragarki oholean argitaratuko da. Argitaratze horrek, ondorio guztietarako, interesdunei egiten zaien jakinarazpenaren balioa edukiko du.
Ebazpen horrek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzen ahalko da Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean.
V. KAPITULUA. Kontratuak gauzatzea eta izenpetzea
30. artikulua. Agiriak.
1. Bost egun balioduneko epean, kontratazio proposamena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, lanpostua eskuratu dutenek ondoren zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte Langileen Kudeaketarako Atalean, dagokion kontratua formalizatu ahal izateko:
a) Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko afiliazio-txartelaren fotokopia, hala dagokionean.
b) Bankuko datuak nomina sartzeko.
c) Txartel tamainako argazkia, berriki egindakoa.
d) Bateraezintasunik ez izatearen aldarrikapena.
2. Kontratatuak izateko eskubidea galduko dute ezarritako epearen barruan, eta ezinbesteko arrazoirik egon ezean, agiriak aurkezten ez dituztenek, edo eta agiriak azterturik, lanpostua betetzeko eskatzen den betebeharreko baldintzaren bat falta dutenek.
31. artikulua. Kontratua gauzatzea.
1. Arautegi honen eta dagozkion deialdien ondorio diren lan-kontratuak Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzeko Lege Organikoaren 48. artikuluak eta ondorengoek ezartzen dutenaren mende egongo dira.
2. Kontratua izenpetzea pertsonala eta besterenganaezina da eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Giza Baliabideen Zerbitzuan egingo da.
3. Kontratua lanean hasi baino lehen izenpetuko da, 10 egun naturaleko gehienezko epean, lanpostuaren ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.
4. Irakasle elkartuen kontratuak eta behin-behineko kontratuak ikasturteka edo seihilekoka gauzatuko dira, ezarritako epean bukatuko direlarik, inoiz ezin izango delarik ulertu automatikoki luzatzen direla, eta ez dagoelarik berau berritzeko kontratatuaren aldeko inolako eskubiderik.
Irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari dagokio kontratuak luzatzeko ekimena Unibertsitateko errektoreari proposatzea, dagokion Saileko Kontseiluak aldeko txostena egin eta gero.
5. Kontratatua dagokion Saileko Zuzendariaren aurrean aurkeztu beharko da, kontratuak ezartzen duen egunean lanari ekiteko. Kontratuak ezartzen duen egunean lanean hasten ez bada eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak uste badu horretarako bidezko arrazoirik ez dagoela, kontratua baliogabetuta geratuko da, eta jardun guztiak deuseztaturik.
6. Kontratua izenpetzen ez bada edo lan-kontratuduna lanean hasten ez bada, goiko lerroaldeetan aipatzen diren epeetan, interesdunak lanpostuari uko egiten diola ulertuko da. Bi kasuetan, Kontratazio Batzordeak lanpostu horretarako proposatzen duen ordezkoen zerrendan hurrengoa dagoen izangaiari deituko zaio, eta honek epe berdina edukiko du kontratua formalizatzeko.
IV. TITULUA. PREMIAZKO PROZEDURAREN BIDEZKO KONTRATAZIOA
32. artikulua. Premiazko kontratazioak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak premiazko prozeduraren bidezko lehiaketarako deialdia egiten ahalko du gerora sortutako arrazoiak direla-eta, beharrezkoa denean ikasturte barruan irakasle bat ordezkatzea, edo lanpostu bati uko egin zaionean, eta irakaskuntza-beharrek hala justifikatzen dutenean. Premiazko prozeduraren bidez soilik kontratatzen ahalko dira irakasle elkartuak. Kontratazio horretarako, jarraian azaldu bezala jokatuko da:
a) Deialdiren batean proposatu diren izangaien zerrendaren bat badago, eta deialdiak hiru urte baino gutxiago baditu, beharra sortu duen lanpostuaren maila bereko edo handiagoko eta sail bereko irakasle eta ikertzaileak kontratatzeko, punturik gehien duen izangaia kontratatuko da, edo honen ondorengoak, beti ere ezarri den gutxieneko puntuazioa gainditu badu. Izangaien zerrenda bat baino gehiago badago, Sailaren txostenak erabakiko du lanpostuari hobekien egokitzen zaion zerrenda zein den.
b) Aurreko deialdietan sorturiko izangaien zerrendarik ez badago, Nafarroako Unibertsitate Publikoak lehiaketa berrirako deialdia egiten ahalko du premiazko prozeduraren bidez.
2. Saileko Kontseiluak, irakasle bat ordeztu behar bada, eta maila bereko edo handiagoko lehiaketaren batean gutxieneko punturik lortu duen izangairik ez badago, berehala eskatzen ahalko du lehiaketarako deialdia egiteko irakasle elkartu bat kontratatzeko. Irakasleen gaietarako errektoreordeak kasu bakoitzean erabakiko du premiazko prozeduraren gainean.
3. Premiazko prozeduraren bidez egiten diren kontratuen iraupena, ordezten den irakaslearen absentziaren iraupenaren bestekoa izango da.
4. Prozedura honetan ezartzen ez den orotan, arautegi honetan arautzen den ohiko prozedurak ezartzen duenari jarraituko zaio.
33. artikulua. Premiazko prozeduraren epeak.
Premiazko prozedurako lehiaketetan, ezarritako epeak honako hauek izango dira:
-3 egun baliodun eskaera aurkezteko.
-2 egun baliodun behin-behineko zerrendak argitaratzeko, eta
-5 egun baliodun behin-behineko zerrendari erreklamazioak aurkezteko, izangai baztertuak edo azaldu gabeak baldin badaude.
34. artikulua. Kontratazio Batzordea.
Premiazko izaera duten lehiaketetan Kontratazio Batzordea ohiko prozedurarako ezartzen den berbera izango da.
V. TITULUA. IRAKASLE-IRUDI GUZTIAK KONTRATATZEKO BAREMOAK
35. artikulua. Irakasle elkartuen lanpostuak.
LOU aldatzeko Lege Organikoaren 53. artikuluak arautzen dituen irakasle elkartuaren lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da. Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek balioetsiko dira, eta beti kontuan hartuko da, atal guztietan, lanpostuaren jardueraren eta profilaren arteko harremana:
a) Lanbide-jarduera. Lanbide-jardueratzat hartuko da lanpostuaren profilarekin loturiko edozein lanbide jarduera. (11 puntu gehienez ere).
b) Ikasketa-espedientea (gehienez 4 puntu). Espedientea eskatzen den titulazioari dagokiona izango da, 0 eta 1 arteko faktore batez biderkatzen ahalko dena, lehiaketaren xede den lanpostuaren titulazioari egokitzen zaion neurriaren arabera. Gainditu bakoitzak puntu 1 balioko du, Oso Ongi bakoitzak: 2 puntu, Bikain bakoitzak: 3 puntu eta Ohorezko matrikula bakoitzak: 4 puntu. Guztira ateratzen den puntuazioa egindako irakasgai-kopuruaren artean zatituko da, eta horretarako ez dira kontuan hartuko "ez aurkeztuak" eta "ez gaindituak". Kredituen arabera egituratzen diren ikasketa planen kasuan, espedientearen batez bestekoa honela aterako da: irakasgai bakoitzaren kalifikazioa bider irakasgai bakoitzaren kreditu-kopurua egin, biderkadura horien emaitzak batu, eta ateratzen dena zati kreditu-kopurua, guztira, egin. Puntuazioa zenbakizkoa bada, 0tik 4ra hainbanatzen da.
c) Gehienez ere 2 puntu emango dira doktoretzagatik, hautagaiak ateratako puntuazioaren arabera.
d) Irakaskuntza-programa (gehienez 3 puntu). Honako hauek edukiko ditu: gaiak, bibliografia, helburuak eta irakasteko metodologia.
e) Irakaslanak unibertsitatean (gehienez 2 puntu).
f) Ikerketaren arloko lan eta jarduerak (gehienez 5 puntu).
g) Irakasle laguntzaile doktoreen, kontratupeko irakasle doktoreen edo unibertsitateko edozein irakaskidegoren lanpostuetarako akreditatua izatea deialdiko lanpostuari dagokion jakintza arloan (gehienez ere, 4, 6 eta 8 puntu, hurrenez hurren, eta bakarrik maila handieneko akreditazioa balioetsiko da.
h) beste merezimendu batzuk (gehienez 4 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, atzerriko egonaldiak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
Batzordeak elkarrizketa egin ahalko du, behin betiko proposamena egiteko, eta gehienez 2 puntu eman ahalko ditu horregatik.
Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzaren balioespena azalduko da, arrazoiak eman eta zenbakizko puntuazioa esleitzen duena.
Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 12 puntukoa edo gehiagokoa izango da.
36. artikulua. Laguntzaileen lanpostuak.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 49. artikuluak arautzen dituen laguntzaileen lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da.
Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek balioetsiko dira, eta beti kontuan hartuko da, atal guztietan, lanpostuaren jardueraren eta profilaren arteko harremana:
a) Ikasketa-espedientea (gehienez 12 puntu). Batez besteko nota 35 (b) artikuluan ezarritako irizpidearen arabera kalkulatuko da, 1 eta 3 arteko faktore batez biderkatua, lanpostuaren profilera egokitzen den neurriaren arabera.
b) Unibertsitateko irakaslanak, behar bezala frogaturik kontratuaren bidez eta jarduera balioesteko txostenaren bidez. (gehienez 2 puntu).
c) Entitate publikoetako lankidetza-bekak (gehienez 2 puntu).
d) Ikerketarako bekak eta zientziaren arloko argitalpenak (gehienez 8 puntu).
e) Irakaskuntzako eta Ikerketako lankidetzari buruzko oroitidazkia (gehienez 2 puntu).
f) Hautagaia onartua dagoen doktoretza programako arduradunaren txostena (gehienez 3 puntu).
g) Beste merezimendu batzuk (gehienez 4 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: unibertsitatekoak ez diren beste lanbide-jarduera batzuk, hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, atzerriko egonaldiak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
Batzordeak elkarrizketa egin ahalko du, behin betiko proposamena egiteko, eta gehienez 2 puntu eman ahalko ditu horregatik.
Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzaren balioespena azalduko da, arrazoiak eman eta zenbakizko puntuazioa esleitzen duena.
Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 12 puntukoa edo gehiagokoa izango da.
37. artikulua. Irakasle laguntzaile doktoreen lanpostuak.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 50. artikuluak arautzen dituen irakasle laguntzaile doktoreen lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da.
Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek balioetsiko dira, eta beti kontuan hartuko da, atal guztietan, lanpostuaren jardueraren eta profilaren arteko harremana:
a) Ikerketa lanak eta zientziaren arloko argitalpenak (gehienez 12 puntu).
b) Hautagaiaren ikerketa egonaldiak berarekin lan edo prestakuntza harremana duen unibertsitatea edo ikerketa zentroa ez den ospe handiko unibertsitateetan edo ikerketa zentroetan, Espainian zein atzerrian (gehienez 4 puntu).
c) Entitate publikoetako ikerketa-bekak (gehienez 2 puntu).
d) Ikasketa-espedientea (gehienez 4 puntu). Batez besteko nota 35 (b) artikuluan ezarritako irizpidearen arabera kalkulatuko da, 0 eta 1 arteko proportzionaltasun koefizientea aplikatzen ahal dela, titulazioa lanpostuaren profilera egokitzen den neurriaren arabera.
e) Gehienez ere 2 puntu emango dira doktoretzagatik, hautagaiak ateratako puntuazioaren arabera.
f) Unibertsitateko irakaslanak, kontratuaren bidez behar bezala justifikaturik (gehienez 4 puntu).
g) Irakaskuntza eta ikerketa proiektua (gehienez 5 puntu).
h) Kontratupeko irakasle doktoreen edo unibertsitateko edozein irakaskidegoren lanpostuetarako akreditatua izatea deialdiko lanpostuari dagokion jakintza arloan (gehienez ere, 6 eta 8 puntu, hurrenez hurren, eta bakarrik maila handieneko akreditazioa balioetsiko da.
i) Beste merezimendu batzuk (gehienez 2 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: unibertsitatetik kanpo egindako lana, hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
Batzordeak elkarrizketa egin ahalko du, behin betiko proposamena egiteko, eta gehienez 2 puntu eman ahalko ditu horregatik.
Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzaren balioespena azalduko da, arrazoiak eman eta zenbakizko puntuazioa esleitzen duena.
Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 18 puntukoa edo gehiagokoa izango da.
38. artikulua. Irakasteko ordezkapen kontratua duten irakasleen lanpostuak.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 48. artikuluak arautzen dituen ordezkapen kontratua duten irakasleen lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da.
Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek balioetsiko dira, eta beti kontuan hartuko da, atal guztietan, lanpostuaren jardueraren eta profilaren arteko harremana:
a) Ikasketa-espedientea (gehienez 8 puntu). Balioespena eskatzen den titulaziorako 35 (b) artikuluan aplikatzen den irizpidearekin proportzionala izango da.
b) Gehienez ere 5 puntu emango dira doktoretzagatik, hautagaiak ateratako puntuazioaren arabera.
c) Entitate publikoetako lankidetza-bekak (gehienez 2 puntu).
d) Irakaskuntza-programa (gehienez 8 puntu). Programak honako hauek edukiko ditu: gaiak, bibliografia, helburuak eta irakasteko metodologia.
e) Irakaslanak, lehentasunez unibertsitatean (gehienez 4 puntu).
f) Ikerketaren arloko lan eta jarduerak (gehienez 4 puntu).
g) Irakasle laguntzaile doktoreen, kontratupeko irakasle doktoreen edo unibertsitateko edozein irakaskidegoren lanpostuetarako akreditatua izatea deialdiko lanpostuari dagokion jakintza arloan (gehienez ere, 4, 6 eta 8 puntu, hurrenez hurren), eta bakarrik maila handieneko akreditazioa balioetsiko da.
h) beste merezimendu batzuk (gehienez 4 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: unibertsitatekoak ez diren beste lanbide-jarduera batzuk, hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, atzerriko egonaldiak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 18 puntukoa edo gehiagokoa izango da.
39. artikulua. Irakasle kontratatu doktoreen lanpostuak.
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 52. artikuluak arautzen dituen irakasle kontratatu doktoreen lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da.
1. Lehen aldiko ahozko proba: gehienez 40 puntu. Gutxienez 20 puntu lortzen ez dituzten lehiakideak baztertu egingo dituzte. Jardueraren eta lanpostuko profilaren arteko harremanari dagokionez, honako elementu hauek balioetsiko dira:
a) Ikerketa lanak eta zientziaren arloko argitalpenak (gehienez 18 puntu).
b) Unibertsitateko irakaslanak, behar bezala egiaztaturik kontratuaren bidez eta jarduera balioesteko txostenaren bidez (gehienez 10 puntu).
c) Irakaskuntza-proiektua (gehienez 8 puntu). Honako hauek edukiko ditu: gaiak, bibliografia, helburuak eta irakasteko metodologia.
d) Beste merezimendu batzuk (gehienez 4 puntu). Atal honetan, Batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: unibertsitatetik kanpo egindako lana, hizkuntzak, jasotako berezitasun-ikastaroak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.
Batzordekide bakoitzak balioetsiko ditu izangaien merezimenduak, eta aldi honetako puntuazioa izangai bakoitzari ematen zaion puntuazioaren batez besteko aritmetikoa izango da.
2. Bigarren aldiko ahozko proba: gehienez 20 puntu. Irizpide orokor gisa, balioetsiko dira bai azaldutako edukiak bai azalpenaren beraren irakaskuntza kalitatea. Gutxienez 10 puntu lortzen ez dituzten lehiakideak baztertu egingo dituzte.
3. Azken puntuazioa bi aldietako zenbakizko puntuazioen batura izango da.
Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 30 puntukoa edo gehiagokoa izango da.
VI. TITULUA. IRAKASLE EMERITUAK ETA IRAKASLE BISITARIAK SARTZEARI BURUZ
I. KAPITULUA. Irakasle emerituak
40. artikulua. Kontratazioa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldi baterako kontratatzen ahalko ditu irakasle emeritu gisa Unibertsitatean zerbitzu nabarmenak egin dituzten irakasle funtzionario erretirodunak, aurrekontu aurreikuspenen barruan eta lanpostuen zerrendan ezarritakoarekin bat.
41. artikulua. Irakasle emerituak kontratatzeko eskaera egiteko baldintzak.
Irakasle emeritu gisa kontratatua izateko, ezinbesteko baldintzak dira honako hauek:
-Doktore izatea,
-Erretiroa nahitaez hartua izana, adinagatik, eta
-Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu nabarmenak egin izana.
42. artikulua. Irakasle emerituak kontratatzeko proposamena.
(a) Irakasle emerituen lanpostuetarako eskaerak urte bakoitzaren urrian egingo dira. Erretiroa hartuko den ikasturtean bertan edo behin erretiroa hartu ondoren egin ahalko da eskaera.
(b) Interesdunak errektoreari zuzenduko dio eskaera. Irakasle emerituen lanpostuetarako eskaera bakoitzak curriculum vitaea eta garatu beharreko jarduerei buruzko memoria erantsi beharko du.
(c) Errektoreak edo irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak eskaera igorriko du eskatzaileari dagokion sailera.
(d) Dagokion Saileko Kontseiluak txosten bat egingo du irakasle emeritua kontratatzeko eskaerari buruz eta eskatzaileak garatu nahi dituen jarduerak sailaren irakaskuntza eta ikerkuntza jarduerekiko duten egokitzapenari buruz. Txosten hori irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari igorriko zaio.
43. artikulua. Prozedura.
a) Irakaskuntza Batzordeak honako elementu hauek balioetsiko ditu, egindako eskaera betetzeko ondorioetarako.
1. Izangaiaren ikerkuntza curriculuma: 30 puntu, gehienez ere.
2. Izangaiaren irakaskuntza curriculuma: 20 puntu, gehienez ere.
3. Unibertsitate kudeaketako jarduerak:. 15 puntu, gehienez ere.
4. Sariak eta bestelako merezimendu aipagarriak: 10 puntu, gehienez ere.
5. Irakasle emeritu izendatua izanez gero, garatu beharreko jarduerei buruzko txostena: 5 puntu, gehienez ere.
6. Jarduera atzerrian garatu duten irakasleen irakaskuntza eta ikerkuntza merezimenduak Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldatzen duen Lege Organikoaren 89. artikuluak xedatzen duen bezala balioetsiko dira.
b) Irakaskuntza Batzordeak eskaera baten aldeko txostena eman dezan, 1. eta 2. ataletako puntuazioak batuta, gutxienez 40 puntu eduki beharko dira, eta, puntuazio osoan, gutxienez 50 puntu.
c) Irakaskuntza Batzordeak txostena igorriko dio irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari. Hark, bere aldetik, eskatzaileari igorriko dio, eta eskatzaileak irakasle emeritu gisa kontratatua izateko eskaera erretiratzeko eskubidea izango du, prozesuaren edozein unetan.
d) Irakasleen gaietarako errektoreordeak errektoreari igorriko dio irakasle emeritua kontratatzeko proposamena, aldekoa edo aurkakoa.
e) Errektoreak ebatziko du erretirodun irakaslea irakasle emeritu gisa kontratatzea bidezkoa den edo ez.
44. artikulua. Kontratuaren iraupena eta luzapena.
(a) Irakasle emerituen kontratuek hiru urteko iraupena izango dute gehienez ere.
(b) Kontratua luzatzen ahalko da, interesdunak eskatuta, behin bakarrik eta bi urtez, gehienez ere. Eskaera horretan luzapenaren beharra adieraziko da, irakasle emerituaren kontratuaren eskaeran aurkezturiko garatu beharreko jarduerei buruzko oroitidazkiarekin bat.
(c) Dagokion Saileko Kontseiluari emango zaio luzapen eskaeraren berri.
(d) Luzapena emateko beharrezkoa izango da irakaskuntza batzordearen adostasun txostena, irakasle emerituak garatutako jarduerei buruz, eta Saileko Kontseiluak adierazitako luzapenaren beharra.
(e) Edozein kasutan, errektoreak ebatziko du luzapenaren berritzea.
(f) Alabaina, kontratu harremana amaitu arren, irakasle emeritu izaera biziartekoa eta ohorezkoa izango da.
45. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.
Irakasle emerituen eskubideak eta betebeharrak irakasle kontratatuentzat oro har ezarritakoak izango dira, kontratu bakoitzeko klausuletan ezarritakoa galarazi gabe.
Sailek irakaskuntzako, egonaldiko eta ikerketako betebeharrak ezartzen ahal dizkiete irakasle emerituei, gainerako irakasleek ez dituztenak hain zuzen.
II. KAPITULUA. Irakasle bisitariak
46. artikulua. Irakasle bisitariak.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle bisitariak kontratatzen ahal ditu, aurrekontu aurreikuspenen barruan. Hauek, ospe handi eta ezaguneko irakasleak eta ikertzaileak izango dira, beste hainbat unibertsitatetan edo ikerketa-zentrotan zerbitzu nabarmenak ematen ari direnak, zentro hauek Espainiakoak edo atzerrikoak izanik.
47. artikulua. Irakasle bisitariak kontratatzeko proposamenak.
(a) Irakasle bisitaria kontratatu nahi duen sailak kontrataziorako proposamena igorriko dio irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeari.
(b) Proposamen bakoitzean azaldu beharrekoa:
-Saileko Kontseiluak hartutako erabakiaren ziurtagiria, bertako idazkariak emana,
-Beharren oroitidazkia, Sailak egina,
-Curriculum vitaea, irakaskuntza eta ikerketa proiektuarekin batera, proposatutako irakasleak aurkeztua.
48. artikulua. Irakaskuntza batzordearen balioespena.
(a) Batzorde akademikoak memoria eta proiektua aztertuko ditu, eta proposamenaren aldeko edo kontrako txostena egingo. Irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak errektoreari igorriko dio batzorde akademikoaren txostena.
(b) Irakasle bisitaria kontratatzea erabaki aurretik, batzorde akademikoaren txostena ikusiko du errektoreak.
49. artikulua. Kontratuaren iraupena eta luzapena.
(a) Irakasle emerituen kontratuek bi urteko iraupena izango dute gehienez ere.
(b) Kontratua gutxienez 6 hilabetekoa izango da.
(d) Salbuespenez, beste urte baterako luzatzen ahal da kontratua, gehienez ere hiru urte egin arte. Luzapena emateko, batzorde akademikoak balorazio positiboa egin beharko du irakaskuntza eta ikerketako hasierako proiektuaren garapenari eta Sailaren beharrei buruz.
(e) Luzapena emateko beharrezkoa izango da irakaskuntza batzordearen aldeko txostena, irakasle emerituak garatutako jarduerei buruz, eta Saileko Kontseiluak adierazitako luzapenaren beharra.
(f) Irakasle bisitaria kontratatzea erabaki aurretik, batzorde akademikoaren txostena ikusiko du errektoreak.
50. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.
Irakasle bisitarien eskubideak eta betebeharrak irakasle kontratatuentzat oro har ezarritakoak izango dira, kontratu bakoitzeko klausuletan ezarritakoa galarazi gabe.
Sailek irakaskuntzako eta ikerketako betebeharrak ezartzen ahal dizkiete irakasle bisitariei, gainerako irakasleek ez dituztenak hain zuzen.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Sailek hartuko dute bere gain bere irakaskuntza-planaren ondorio diren irakaskuntza-beharrak, hasteko edo bidean dauden kontratazio-prozedurak alde batera utzita.
Azken Xedapen Bakarra
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erregelamendu honek.