Castellano | Euskara | Français | English
406/2009 EBAZPENA, martxoaren 3koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean hartutako erabakiaren bidez onetsitako Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Funtzirioen Irakaskidegoetara sartzeko Lehiaketei buruzko Arautegia argitaratzea agintzen duena
(2009ko 44. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 13an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, argitaratzea agintzen du Gobernu Kontseiluak 2009ko otsailaren 25ean hartu zuen erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Unibertsitateko Funtzionarioen Irakaskidegoetara sartzeko Lehiaketei buruzko Arautegia onesteari buruzkoa. Honako hau da erabaki hori:
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO UNIBERTSITATEKO FUNTZIONARIOEN IRAKASKIDEGOETARA SARTZEKO LEHIAKETEI BURUZKO ARAUTEGIA
Apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak Unibertsitateko Katedradunen eta Unibertsitateko Irakasle Titularren unibertsitateko funtzionarioen irakaskidegoen definizio berri bat ezartzen du, bai eta aipatu irakaskidegoetara sartzeko prozedura berri bat ere, zeinak eskatzen baitu aurretiaz gaikuntza lortzea urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuko erregulazioaren bidez. Urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskidegoetara sartzeko lehiaketei buruzko araubidea arautzen duenak, ezartzen du deialdi bakoitzeko oinarriek, eta baita deialdia egin duen Unibertsitateko Estatutuek eta aplikagarriak diren izaera orokorreko gainerako xedapenek ere, zehaztuko dutela unibertsitateko funtzionarioen irakaskidego berrietara sartzeko lehiaketak arautuko dituen prozedura berria.
Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen 80. eta 81. artikuluetan ezartzen da Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak emango dituela behar diren arauak lehiaketak deitzeko eta lehiaketak egiteko epeak, bai eta balioesteko irizpide orokorrak ere.
Arautegi honek hamabost artikulu ditu, eta sei kapitulutan eta bi azken xedapenetan biltzen dira.
I. kapituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu.
II. kapituluak lanpostuen deialdiei buruzko araudia finkatzen du.
III. kapituluak lanpostuetarako eskaerei buruzko guztia ezartzen du.
IV. kapituluak sarbide-lehiaketen batzordeari buruzkoak xedatzen ditu.
V. kapituluak probaren garapena deskribatzen du, eta batzordearen proposamenak eta izendapenak arautzen ditu.
VI. kapituluak sarbide lehiaketen aurkako erreklamazioen batzordeari buruzkoak xedatzen ditu.
Azaldutako guztiarengatik, Irakasleen Gaietarako errektoreordeak Gobernu Kontseiluari aurkeztu dio onets dezan, honako arautegi hau:
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO UNIBERTSITATEKO FUNTZIONARIOEN IRAKASKIDEGOETAKO LANPOSTUETARA SARTZEKO LEHIAKETEI BURUZKO ARAUTEGIA
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Aplikazio eremua.
Araudi hau aplikatuko zaie irakasle eta ikertzaileen lanpostuak betetzeko deitutako sarbide-lehiaketei unibertsitateko irakaskidegoetako unibertsitateko irakasle funtzionarioen maila hauetan:
a) Unibertsitateko katedradunak.
b) Unibertsitateko irakasle titularrak.
2. artikulua. Printzipioak.
Sarbide-lehiaketetan beti bermatuko dira izangaien aukera berdintasuna, merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua, eta gizon eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa.
Halaber, Sarbide Lehiaketen Batzordeetako kideen izendapena oinarrituko da irizpide objektibo eta orokorretan, eta haien kideek eduki behar duten gaitasun zientifikoa eta irakasteko gaitasuna bermatuko dira edozein kasutan.
3. artikulua. Lanpostuak atxikitzea.
Arau honek xedatzen duenaren araberako irakasle eta ikertzaileen lanpostuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitateko sail bati atxikiko zaizkio, eta horren barruan, Sailean biltzen diren Jakintza arloetako bati. Lanpostuaren izena arloarena izango da.
4. artikulua. Lanaldi mota.
Irakasleek lanaldi osoa izango dute lehentasunez.
II. KAPITULUA. Deialdiak
5. artikulua. Lanpostuak betetzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, dauden irakaskuntza eta ikerketa beharrei erantzunez, Saileko Kontseiluak aurretiaz txostena eginda, eta irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatuta, erabakiko du gaitasuna dutenen artean egindako sarbide-lehiaketen bidez bete behar diren lanpostuak deitzea.
6. artikulua. Lehiaketak deitzea.
Unibertsitateak unibertsitateko irakaskidegoetako sarbide-lehiaketak deituko ditu, errektoreak emandako ebazpenaren bidez, irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatuta, baldin eta lanpostuak diruz hornituak badaude haren aurrekontuko gastuen egoeran, eta gainerako betekizunak betetzen badituzte. Betekizun horiek arau hauetan daude: apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatu zuen Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan, bai eta urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetan eta aplikagarriak diren izaera orokorreko gainerako arauetan.
7. artikulua. Deialdiaren edukia eta publikotasuna.
1. Deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
2. Lehiaketetara aurkezteko epeak zenbatzen hasiko dira "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratu eta biharamunean.
3. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak eta Arautegi honek arautuko dituzte deialdiak eta beren oinarriak. Deialdi horietan, 774/2002 Errege Dekretuaren 14. artikuluko 3. idatz-zatiarekin bat etorriz, honako datu hauek jasoko dira:
a) Deitutako lanpostuen unibertsitateko irakaskidegoaren maila eta zenbakia.
b) Zein saili atxikitzen zaion lanpostu bakoitza.
c) Jakintza-arloa.
d) Lanpostuaren profila: deialdian zehazten ahalko da ikerketa-profila, irakaskuntza-profila jakintza-arloarena izango da. Deialdi batean profil bat agertzeak ez dakar berekin profil horrekin harreman zuzena daukan irakaskuntza-jarduerarekiko lotura-eskubiderik.
e) Izangaiek bete behar dituzten betekizunak eta baldintzak.
f) Beharrezkoa baldin bada, lanpostuan hizkuntza-eskakizuna zehaztuko da.
g) Sarbide-lehiaketa ebatziko duen batzordearen osaera.
h) Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko arauak, tokiak eta epea.
i) Eskabideak zer organori zuzendu behar zaizkion.
j) Lehiaketaren epeak, bukaera-datak eta garapen-aldiak.
k) Balioesteko irizpide orokorrak.
l) Jartzen ahal diren errekurtsoak.
Ezingo zaie inolaz ere aipamenik egin egon daitezkeen izangaien prestakuntzari buruzko orientabideei, edo funtzio publikoan sartzeko berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioak urratzen dituen beste edozeini, edota legeek aitortutako funtzionarioen eskubideei mugak ezartzen dizkietenei.
4. Deialdiaren argitalpenaren eta lehiaketaren ebazpenaren bitarteko denbora ez da lau hilabete baino luzeagoa izango, epe hori ez bada luzatzen ezinbesteko kasu batengatik, luzapenezko inpugnazioengatik edo errektoreak onartutako beste bidezko arrazoiren batengatik.
III. KAPITULUA. Eskaerak
8. artikulua. Parte hartzeko betekizun orokorrak.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak deitzen dituen lehiaketetan onartua izateko, izangaiek oro har bete beharko dituzte, honako betekizun hauek:
a) 18 urte baino gehiago izatea, eta erretiro-adina betea ez izatea.
b) Deialdiko xede diren lanpostuak betetzea galarazten duen gaixotasunik, muga fisikorik edo psikikorik ez edukitzea.
c) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea; Espainiako nazionalitatea ez duten izangaien kasuan, baldintza hau betetzeko beharrezkoa izango da norberaren Estatuan funtzio publikora sartzea galarazten duten diziplina-zigor edo kondena penalik ez edukitzea.
d) Dagokion irakaskidegoan sartzeko gaitasuna edukitzea, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza nazionala ezartzen duenak, 12. eta 13. artikuluetan eta lehen, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.
e) Halaber, lehiaketa hauetara aurkeztu ahalko dira dagozkien irakaskidegoetan sartzeko gaikuntza dutenak, uztailaren 26ko 774/2002 Errege Dekretuak, gaikuntza nazionalaren sistema arautzen duenak, ezarritakoarekin bat etorriz, zein arlotan lortu zuten gaikuntza baldintza izan gabe deitutako lanpostuetako batean lehiatzeko. Era berean, dagozkien kidegoetan deitutako lanpostuetan lehiatu ahalko dira maila bereko edo handiagoko unibertsitateko irakaskidegoetako funtzionario direnak.
f) Era berean, dagozkien kidegoetara aurkeztu ahalko dira Unibertsitateko katedradun edo irakasle titular lanpostuaren baliokidea lortu duten Europar Batasuneko Estatuetako unibertsitateko irakasleak, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak, interesdunak eskatuta, emandako ziurtagiriarekin bat etorriz. Kasu hauetan, lehiaketa ebatziko duen batzordeak erabakiko du beren irakaslana betetzeko beharrezkoa den gaztelaniaren ezagutza-maila.
2. Arautegi honek arautzen dituen lanpostuetan sartzeko behar diren betekizunak bete beharko dira deialdi bakoitzean eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean, eta karrerako funtzionarioaren jabetza hartu arte beteko dira.
3. Sarbide-lehiaketetan parte hartu nahi duten izangaiek deialdi hau "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, hamabost egun balioduneko epean, dagokien eskabidea aurkeztuko diote errektoreari, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrera igorrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako edozein prozeduraren bidez, eta behar bezala betetako eskabidearen bidez, Unibertsitateak ezarritako ereduaren arabera, nortasun agiri nazionalaren, pasaportearen edo nortasun txartelaren fotokopiarekin batera eta dagokion sarbide-lehiaketan parte hartzeko ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatzen duten dokumentuekin.
4. Aurreko epea amaitu ondoren, Unibertsitateak lehiaketan onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendaren berri emango die sinatzaileei, eta baztertuak izateko arrazoiaren berri ere emango zaie, hala badagokio. Baztertutako izangaiei baztertuak izateko arrazoiaren berri emango zaie, eta hamar egun balioduneko epe luzaezina emango zaie akatsa konpontzeko. Epe hori igaro ondoren, izangaiak ez badu konpondu baztertua izateko akatsa, behin betiko baztertua izango da lehiaketatik.
5. Akatsak konpontzeko epea igaro ondoren, lehiaketan onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenden berri emango zaie izangaiei.
6. Aipatutako epea amaitu ondoren eskaerarik aurkeztu ez bada edo onartutako izangairik ez badago, lanpostua hutsik geratu dela aldarrikatuko du errektoreak. Errektorearen ebazpena, administrazio-bidea agortzen duena, eta lanpostua hutsik dagoela aldarrikatzen duena, behar den sailari bidaliko zaio.
IV. KAPITULUA. Sarbide batzordea
9. artikulua. Batzordeen izendapena eta osaera.
1. Errektoreak izendatuko ditu, Gobernu Kontseiluak aurretiaz hala erabaki eta gero, sarbide batzordeak ebatzi behar dituzten batzordeak. Hiru irakaslek eta dagozkien ordezkoek osatuko dituzte, eta denak Unibertsitateko Irakaskidegoetako karrerako funtzionarioak izango dira, eta lehiaketako lanpostuak esleituta daukan kidego berekoak edo goragoko kidego batekoak, honela izendatuak:
a) Titular bat, batzordeburu izango dena, eta bi ordezko, Unibertsitateko katedradunak denak, Gobernu Kontseiluak izendatuak irakasleen gaietan eskudun den errektoreordeak proposatuta.
b) Titular bat, batzordeko idazkari izango dena, eta bi ordezko, Saileko Kontseiluak izendatuak.
c) Titular bat eta bi ordezko, Gobernu Kontseiluak zozketaren bidez izendatuak hamar irakasleren artetik, Saileko Kontseiluak proposatuta.
2. Batzordeetako kideek zerbitzu aktiboan egon behar dute, eta beharrezkoa den gaitasun zientifikoa eta irakasteko gaitasuna eduki behar dituzte, 1313/2007 Errege Dekretuko 6.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Horretarako, batzordeko kideek aitortuta izan behar dute irakasteko eta ikertzeko gaitasuna deitutako lanpostuaren profilari dagokionez, eta lanpostuaren jakintza-arlokoak edo beste antzeko arlo batzuetakoak izan daitezke.
3. Hautapen batzordeen osaera bere kideen inpartzialtasun eta profesionaltasun printzipioei egokitu behar zaie, eta gizon eta emakumeen arteko osaera orekatua izateko ahalegina egin behar da, salbu eta ezinezkoa bada behar bezala arrazoitutako zio oinarritu eta objektiboengatik.
4. Sarbide-lehiaketak ebatziko dituzten batzordeetako kideen izendapenean gardentasuna eta objektibotasuna bermatzeko, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jendaurrean jarriko du haien osaera, eta haien kideen curriculumen edukia, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuaren Eranskinean jasotako datuei dagokienez.
5. Abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiren bat badago, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan xedatutakoa aplikatuko da.
6. Abstentzioren bat, errekusazioren bat edo batzorde titularreko kideen jarduna eragozten duen beste edozein arrazoi badago, ordezkoek ordezkatuko dituzte titularrak.
Halaber, ordezko kideen artean norbaitek baldin badu abstentziorako edo errekusaziorako arrazoiren bat, ordezkoen artean maila eta antzinatasun handienekoak ordezkatuko du.
Aukera hauek agortu eta gero, ezinezkoa bada batzordea eratzea hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera, batzorde berri bat izendatuko da.
10. artikulua. Batzordeak eratzea.
1. Batzordea formalki eratuko da bere jardunean hasi baino lehen, gehienez ere bi hilabeteko epean, sarbide-lehiaketaren deialdia "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratzen denetik kontatzen hasita. Horretarako, batzordeburuak, batzordeko gainerako kideei aurretik kontsultatu eta gero, ebazpen bat emango du, bileraren tokia, eguna eta ordua ezartzeko, eta interesdun guztiei jakinaraziko zaie, gutxienez ere, hamabost egun natural lehenago, eta deitutakoak honako hauek izango dira:
a) Batzordeko kide titular guztiak eta, bidezkoa bada, beharrezkoak diren ordezkoak, batzordearen eraketa-egintza burutu ahal izateko. Eraketa-egintzaren eguna, ordua eta tokia jakinarazpenean jasoko dira.
b) Lehiaketan parte hartzeko onartuak izan diren izangai guztiak, lehiatzaileen aurkezpen-ekitaldia egiteko. Adierazi egingo zaie zer egun, ordu eta tokitan egingo den. Horri begira, batzordearen eraketa-egintza egunetik aurkezpen ekitaldia egiteko ezartzen den egunera arteko epea ez da izango bi egun baliodun baino luzeagoa.
Atal honetan aurreikusitako epea igaro ondoren ez bada batzorderako deialdia egin, ordezko batzordeburuak ordezkatuko du batzordeburu titularra ondorio guztietarako. Gehienez ere bost egun balioduneko epean jardungo du hark, artikulu honetan ezarritako moduan.
2. Batzordeko kide guztiek egon behar dute batzordearen eraketa-egintzan. Egintza horretan parte hartzen ez duten kide titularrak kargutik kenduko dituzte, eta 9. artikuluaren 6. idatz-zatian aurreikusitakoaren arabera ordezkatuko dituzte.
Batzordeburuak batzorde berria deituko du, eta gehienez ere bost egun naturaleko epean jardungo du, artikulu honetan ezarritako moduan.
3. Batzordeko kideek eskubidea izango dute zerbitzu honengatik laguntzak edo kalte-ordainak jasotzeko. Dagozkion bidaia-gastuak eta dietak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kargura ordainduko dira.
4. Idazkariari dagozkio batzordearen administrazio-jarduerak eta kudeaketa ekonomikoa, Unibertsitateko administrazioko langileek lagunduta.
5. Eraketa-egintzan finkatu eta jendaurrean jarriko ditu lehiatzaileak balioesteko erabiliko diren irizpideak, deialdian ezarritako lanpostuaren xehetasunei egokituz, bai eta irizpide horietako bakoitzari dagokion zenbakizko balioespena ere. Irizpide horiek Arautegi honen VI. Kapituluan ezarritako irizpide orokorrei egokitu behar zaizkie. Irizpide hauetan ezingo da sartu gaikuntza dutenek lehiaketan parte hartzea eragozten duen irizpiderik. Zehaztuko da, baita ere, izangaiek lanpostua betetzeko proposatuak izateko gutxienez lortu behar duten puntuazioa osoa.
6. Batzordeak jardun ahal izateko, haren kide guztiak egon behar dira.
V. KAPITULUA. Probaren garapena. Proposamenak eta izendapenak
11. artikulua. Aurkezpen-ekitaldia.
1. Arautegi honetan aipatutako lehiaketak egingo dira Nafarroako Unibertsitate Publikoak zehaztutako tokian.
2. Aurkezpen-ekitaldia jendaurrekoa izango da, eta lehiatzaileek probari dagokion dokumentazioa aurkeztuko dute. Batzordeak zehazki finkatuko du probaren edukia, eta probaren gainean lehiatzaileei eman beharreko jarraibide guztien berri emango du; halaber, zozketaren bidez zehaztuko du lehiatzaileen jarduera-ordena, eta proba noiz, non eta zer ordutan egingo den ezarriko du, kontuan hartuz ezingo dela egin aurkezpen-ekitaldi hau egiten denetik 24 ordu igaro baino lehen. Alabaina, lehiatzaileek idatziz uko egin ahalko diote epe honi. Nolanahi ere, proba hamabost egun naturaleko epean hasiko da, aurkezpen-ekitaldia egiten denetik kontatzen hasita.
Batzordeburuak jendaurrean jarriko ditu ekitaldi honetan batzordeak ezarritako epea eta tokia, lehiatzaile bakoitzak azter dezan gainerako lehiatzaileek aurkeztutako dokumentazioa proba hasi baino lehen.
3. Batzordeak, aho batez, adituei txostenak eskatu ahalko dizkie lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruz. Txosten hauek ez dira lotesleak izango, eta lehiaketaren aktari erantsiko zaizkio.
12. artikulua. Dokumentazioa eta probaren garapena.
1. Sarbide-lehiaketetan, lehiatzaileek dokumentazio hau aurkeztuko diote batzordeburuari aurkezpen-ekitaldian:
a) Lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historia, hiru aletan, eta horri erantsiko zaizkio beren merezimenduen egiaztagiriak eta argitalpenen, garatutako patenteen eta parte hartu duten ikerketa-proiektuen zerrenda.
b) Lehiatzen den lanpostua esleituz gero, izangaiak garatuko lituzkeen irakaskuntza-proiektua, lanpostu horri dagokion irakasgai edo berezitasun baten programaren berri emango duena, eta ikerketa-proiektua, hiru aletan.
2. Lehiaketa hauetako lehen proba jendaurrekoa izango da. Batzordeak 11. artikuluko 2. idatz-zatiarekin bat etorriz ezarritako moduari jarraiki, gehienez ere ordubete iraungo duen adierazpena egingo du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida egingo du batzordekideekin gero, lanbide, ikasketa, irakaskuntza eta ikerketa historian alegatutako merezimenduei buruz, bai eta aurkeztutako irakaskuntza eta ikerketa proiektuei buruz ere. Bigarren probara pasatzeko, izangaiek batzordeko bi kideren aldeko txostenak eduki behar dituzte gutxienez. Lehen probako emaitzak argitaratu ondoren, batzordeak argitaratuko du noiz, non eta zer ordutan egingo den bigarren proba.
3. Bigarren proba jendaurrekoa izango da. Unibertsitateko irakasle titular izateko lehiaketetan, gehienez ere ordubete iraungo duen adierazpena egingo du izangaiak batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango du batzordekideekin gero, izangaiak irakaskuntza-programan aurkeztu eta berak aukeratutako programako gai bati buruz.
Unibertsitateko katedradun izateko lehiaketetako bigarren proban, gehienez ere ordubete iraungo duen adierazpena egingo da batzordearen aurrean, eta gehienez ere ordubete iraungo duen eztabaida izango da batzordekideekin, izangaiak egindako ikerketa-lan bati buruz.
Lehen probaren emaitza jakin ondoren, gainditu duten izangaiek lan horren laburpena emango diete batzordeko kideei, hiru aletan. Bigarren proba amaitu ondoren, batzordeko kide bakoitzak batzordeburuari txosten bat emango dio. Txosten horretan, banan-banan balioetsiko da izangai bakoitza, arrazoiak emanez eta ezarritako irizpideei egokituta.
Bigarren proba gainditzeko, izangaiek batzordeko bi kideren aldeko txostenak eduki behar dituzte gutxienez.
4. Sarbide-lehiaketa egin eta gero, izangai bakoitzaren balioespenaren emaitzak argitaratuko dira, batzordeak ezarritako irizpideekin bat etorriz balioetsitako alderdi bakoitza bereizirik, Arautegi honetako 11.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
13. artikulua. Batzordeen proposamenak.
1. Batzordeen txostenekin bat etorriz, lanpostua edo lanpostuak betetzeko proposamena egingo da zazpi laneguneko epean gehienez ere, proba amaitzen den egunetik kontatzen hasita. Horri begira, batzordeak errektoreari proposatuko dio, arrazoiak emanez eta izaera loteslearekin, izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun ordenaren arabera sailkatuta. Izangaiak ez dira lehiaketara deitu diren lanpostuak baino gehiago izango. Deitutako lanpostua ez betetzeko batzordeak proposatutako erabakiarekin ere eman ahalko zaio amaiera prozesuari.
2. Batzordeak izendatzeko proposatutako izangaien zerrenda ordenatua jendaurrean jarriko da Unibertsitatean horretarako jarritako iragarki-tauletan.
Proposamena argitaratuz emango zaio amaiera batzordearen jarduerari.
14. artikulua. Izendapena.
1. Batzordearen jarduera amaitu eta hurrengo zazpi laneguneko epean, batzordeko idazkariak Unibertsitateko Idazkaritza Nagusian aurkeztuko du lehiaketaren administrazio-espedientea, honako dokumentu hauek dituena:
a) Batzordearen eraketa-akta eta egindako bilera bakoitzarena. Akta horietan jaso beharko dira egindako jarduera oinarrizkoak.
b) 12. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen diren dokumentuak.
c) Probak eta haietan lortutako emaitzak balioesteko erabilitako irizpideak jasotzen dituen dokumentua.
d) Hala balegokio, batzordeak 11. artikuluko 3. idatz-zatiaren arabera bildutako txostenak.
e) Izangai guztien zerrenda, izendatzeko lehentasun-ordenaren arabera.
2. Artikulu honetako 1.b idatz-zatian aipatzen diren dokumentuak gordailuan egongo dira bi hilabetez, batzordeak proposamena egindako egunetik aurrera, salbu eta errekurtsoren bat jartzen bada, zeren, kasu horretan, gordailuan egongo baitira behin betiko ebazpena eman arte.
Beste sei hilabete igaro eta gero, interesdunak dokumentazio hori jaso gabe jarraitzen badu, Unibertsitateak dokumentazioa suntsitzeko agindu ahalko du.
3. Izangaiek Unibertsitateko Idazkaritza Nagusiari eskatu ahalko diote batzordeak beren merezimenduei buruz emandako balioespen arrazoituaren ziurtagiria.
4. Proposatutako lehiatzaileek frogatu beharko dute betetzen dituztela lege indardunek eskatutako betekizunak, izendapenak argitaratu eta ondorengo hogei eguneko epean. Proposaturiko lehiatzaileak eskatutako dokumentazioa aurkezten ez badu, Unibertsitatearen errektoreak funtzionario izendatuko du batzordearen proposamenean ezarritako lehentasun-ordenan hurrengo postuan agertzen den lehiatzailea.
5. Lehiaketa eta, baldin badaude, erreklamazioak ebatzi ondoren, dagokion erregistroari emango zaio izendapen horien berri, Langileen Erregistro zenbakia emateko eta dagokien kidegoan inskripzioa egiteko, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Unibertsitateen Kontseiluari emango zaio haien berri.
6. Gehienez ere hogei eguneko epean, izendapena argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, izangaiak lanpostuaren jabetza hartu beharko du, eta orduan ere hartuko du dagokion unibertsitate-irakaskidegoko funtzionarioaren izaera, horrek dakartzan eskubide eta betebeharrekin.
7. Sarbide-lehiaketaren ondoren lortutako lanpostua bi urtez bete beharko da gutxienez, beste unibertsitate batean beste lanpostu bat lortzeko lehiaketa batean parte hartu baino lehen.
VI. KAPITULUA. Erreklamazioak
15. artikulua. Erreklamazio Batzordea.
1. Izangaiek sarbide batzordearen proposamenaren aurka erreklamazioa aurkeztu ahalko dute, errektorearen aurrean, gehienez ere hamar eguneko epean. Erreklamazioa tramitatzeko onartuz gero, izendapen guztiak etengo dira behin betiko ebazpena eman arte.
2. Erreklamazio batzorde batek balioetsiko du erreklamazioa. Hainbat jakintza-arlotako unibertsitateko zazpi katedradunek osatuko dute batzordea. Irakasle horiek irakaslanetan eta ikerlanetan eskarmentu handikoak izango dira, eta estatutuek ezarritako moduan izendatuko dira. Antzinatasun handiena duen Unibertsitateko katedraduna izango da batzordeburua, eta antzinatasun txikiena duen Unibertsitateko katedraduna izango da idazkaria.
3. Batzordearen agintaldia lau urtekoa izango du, eta bi urtetik behin zati batean berrituko da.
4. Erreklamazio batzorde titularreko kideak izendatzen dituen organoak izendatuko ditu ordezko kideak prozedura bera erabiliz.
5. Ezin zaio uko egin erreklamazio batzordeko kide izateari.
Kideren bat ez badago edo parte hartzea galarazten dion bidezko arrazoiren bat alegatzen badu, ordezko kideak ordezkatuko du.
6. Erreklamazio batzordeak sarbide-lehiaketari buruzko espedientea aztertuko du, lehiatzaileen aukera-berdintasunaren printzipioak eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetua berma daitezen.
Erreklamazio batzordeak entzungo ditu bai emandako ebazpenaren aurka erreklamazioa izan zuten batzordeko kideak, bai erreklamazioetan parte hartu zuten izangaiak ere. Halaber, entzute handiko espezialisten txostenak eskatu ahalko ditu.
7. Erreklamazio batzordeak berretsiko du, edo ez, erreklamaturiko proposamena, jaso eta hiru hilabeteko epean, gehienez ere.
Erreklamazio batzordeak ez badu erreklamaturiko proposamena berresten, akatsa egin zen uneraino atzera eramango da espedientea, eta lehiaketako batzordeak beste proposamen bat egin beharko du.
8. Hiru hilabeteko epean ez bada berariazko ebazpenik ematen, erreklamazioari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.
9. Erreklamazio batzordearen ebazpenak onesteko, gutxienez aldeko lau boto behar dira, eta batzordearen kideetako inork ez du kalitatezko botorik inongo kasutan. Erreklamazio batzordearen erabakia arrazoitua izango da, eta aurkako botoak jasoko dira, halakorik bada.
10. Erreklamazio batzordearen ebazpenak lotesleak dira errektorearentzat.
Errektorearen ebazpenek administrazio-bidea agortzen dute.
Azken Xedapenetako Lehenengoa
Arautegi honen edukia interpretatuko da 6/2001 Lege Organikoan, apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoan, urriaren 5eko 1312/2007 Errege Dekretuan, urriaren 5eko 1313/2007 Errege Dekretuan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuetan ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta gainerako estatuko xedapenekin eta xedapen autonomikoekin bat etorriz ere.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Arautegi honek.