Castellano | Euskara | Français | English
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2010eko otsailaren 15ean hartua, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterraren titulu ofizialerako irakaskuntzak ezartzeko baimena ematen duena
(2010eko 28. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 3an)
Atarikoa
Urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak tituluak lortzeko ikasketa planek Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (UZTE) sartu baino lehen bete behar dituzten jarraibideak, baldintzak eta egiaztatze prozedura ezartzen ditu, Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat. Errege dekretu horrek unibertsitateko irakaskuntza ofizialen antolamendua ezartzen du.
Errege dekretu horren 3. artikuluak xedatzen duenez, unibertsitateko irakaskuntza ofizialak ikasketa planen bidez zehaztuko dira. Horiek unibertsitateek eginen dituzte, kasu bakoitzean aplikatu beharreko arau eta baldintzak betez, Unibertsitateen Kontseiluak egiaztatu beharko ditu eta kasuan kasuko autonomia erkidegoak haien ezarpena baimenduko du. 26. artikuluan ezartzen du, autonomia erkidegoak baimendu eta ikasketa plana egiaztatu eta gero, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak Gobernuari igorriko diola tituluaren ofizialtasuna ezartzeko eta UZTEn inskribatzeko proposamena. Onespena, Ministroen Kontseiluaren erabaki bidez emanen dena, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduak unibertsitate titulu ofizialak egiaztatzeko beharkizunak ezartzen ditu, haiek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasle lanbideetan aritzeko gaitzen badute.
Urriaren 13ko 298/1998 Foru Dekretuak, II. kapituluan, Estatu osorako balio duten ikasketa ofizialak baimendu ahal izateko jarraibideak ematen ditu. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitateko zentroak sortu edo onartzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko prozedura ezarri zuen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gobernu Kontseiluak, 2009ko uztailaren 1eko bilkuran, baimena eskatzea erabaki zuen Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterraren titulua ezartzeko.
Unibertsitateen Kontseiluak oniritzia eman zion proposatutako tituluari, 2009ko uztailaren 20ko ebazpenaren bidez.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluak, 2009ko uztailaren 22ko bilkuran, proposatutako titulua ezartzearen aldeko txostena onetsi zuen.
Azkenik, 2009ko uztailaren 30ean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterraren titulu ofiziala ezarri ahal izateko eskaera igorri zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentura.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak aurkeztutako agiriak aztertuta, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiak titulu hori Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezartzearen aldeko txostena egin zuen.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, erabaki du:
Lehena
Baimena ematea Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntzako unibertsitate masterraren titulu ofiziala eskuratzeko ikasketak ezartzeko.
Bigarrena
Baimendutako titulua ezartzeko kostu ekonomikoak ez du igoerarik eraginen Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako Unibertsitate Publikoan duen finantzabidean. Hala ez bada, unibertsitateak beste jarduera, programa edo proiektuetatik eskuratuko du aipatu igoera.
Hirugarrena
Erabaki hau Hezkuntza Ministeriora igortzea, hark Gobernuari igor diezaion tituluaren ezarpen ofizialaren proposamena, baita Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan (UZTE) inskribatzekoa ere.
Laugarrena
Erabaki hau Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari eta Unibertsitate Politikarako Konferentzia Nagusiari igortzea.
Bosgarrena
Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.