Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2009ko 104. NAOn argitaratua, abuztuaren 21ean. Aldaketak: 74/2014 Foru Agindua, abuztuaren 26koa; 13/2015 Foru Agindua, otsailaren 23koa)
Atarikoa
Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate ikasketa ofizialen ezarpena arautu zuen urriaren 13ko 298/1998 Foru Dekretuan, horren bidez ezarri baitzen Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitate ikastetxeak sortu edo onartzeko eta goi mailako ikasketak baimentzeko prozedura.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa eta Unibertsitate ikasketa ofizialen antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretua argitaratu izanak, ordea, goian aipatutako foru dekretua garatzeko eta unibertsitateei buruzko Europako araudi berrira egokitzeko premia ekarri du.
Hartara, foru agindu honek prozedurak ezarriko ditu Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparruaren ondoriozko Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate irakaskuntza ofizialak ezartzeko eta haien egiaztapena berritzeko.
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren txostena ikusirik, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren proposamenak kontuan harturik, agindu dut:
1. artikulua. Xedea eta aplikazio eremua.
1. Foru agindu honek helburu du prozedura garatzea Nafarroako Gobernuak baimena eman dezan unibertsitate irakaskuntza ofizial berriak ezartzeko eta prozedura eta epeak arautzea Nafarroako Unibertsitate Publikoko unibertsitate titulu ofizialen egiaztapena berritzeko.
2. Foru agindu hau Nafarroako Unibertsitate Publikoaren unibertsitate ikasketa ofizialen eremuan aplikatuko da.
2. artikulua. Titulazio berrien ezarpena baimentzeko prozedura.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak Europako Goi Mailako Hezkuntzaren Esparrura egokitutako unibertsitate ikasketa ofizialen plan orokorraren berri emanen dio Hezkuntza Departamentuari.
2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak unibertsitate ikasketa ofizial bakoitza ezartzeko baimena eskatuko dio Hezkuntza Departamentuari, eta titulu ofizialen egiaztapena eskatzeko memoria erantsiko du, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren I. eranskineko ereduan egina, edo horren baliokide informatikoa aurkeztuko du.
3. Eskaera hori Hezkuntza Departamentuari aurkeztu ondoren, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Unibertsitateen Kontseiluari igorri ahalko dio aipatutako egiaztapen memoria.
4. Nafarroako Unibertsitate Publikoak txosten, azterlan eta analisiak eman beharko dizkio Hezkuntza Departamentuari, foru agindu honen eranskinetan ezarrita dagoen moduan, hiru hilabeteko epean, egiaztapen memoria Unibertsitateen Kontseiluari igortzen dionetik hasita.
5. Unibertsitateak, honako agiri hauek jaso bezain laster, Hezkuntza Departamentuari igorriko dizkio:
a) Gizarte Kontseiluaren txostena.
b) Nafarroako Unibertsitate Publikoak Kalitatea Ebaluatzeko Agentzia Nazionalari (ANECA) aurkezten dizkion alegazioak, unibertsitate ikasketa ofizialetarako ikasketa planean dagoen hasierako proposamena aldatzen baldin badute.
c) Unibertsitateen Kontseiluaren ebazpena, ANECAk emandako txostenaren arabera.
6. Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatu ahal izanen dio Nafarroako Unibertsitate Publikoari, ikasketa berriak ezartzea komeni den ala ez erabakitzeko.
7. Hezkuntza Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoari igorriko dio unibertsitate ikasketak ezartzearen aldeko edo kontrako txostena, eta Unibertsitateak hogei egun naturaleko epea izanen du txostenari buruzko alegazioak aurkezteko.
8. Alegazioak ebatzirik, Hezkuntza Departamentuak txostena aurkeztuko dio Nafarroako Gobernuari.
3. artikulua. Titulazioen egiaztapena berritzeko prozedura.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere titulu ofizialen egiaztapena berritzeko eskaera eginen du, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 24.2 artikuluan ezarritako epeen arabera.
2. Urte bakoitzaren hasieran, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Nafarroako Gobernuan unibertsitateen arloko eskumena duen organoari jakinaraziko dio zeintzuk diren urte horretan egiaztapena berritzeko prozesua hasi behar duten tituluak.
3. Urtean zehar, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatzen ahalko du hurrengo urte naturalean berritzekoak diren tituluen egiaztapena berritu dadila, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 27 bis artikuluan ezarritako administrazio prozedurako epeak errespetaturik
.4. Eskaerarekin batera, unibertsitateak ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Unibertsitate tituluaren autoebaluazioaren txostena.
b) Kalitatea Ebaluatzeko eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionaleko (KEEAN) ebaluatzaileek egindako bisitaren ziurtagiria.
c) Tituluaren azken memoria egiaztatua, jatorrizko memorian egindako aldaketa guztiak biltzen dituena.
d) Kanpoko segimenduaren txostenak, ebaluazioaren agentziak emanak, halakorik balego.
5. Egiaztapena berritzeko prozedura hasteko bete behar diren aldez aurreko baldintzak.
Egiaztapena berritzeko prozedura hasi beharrez, ezinbestekoa izanen da ikasle sartu berrien gutxieneko kopuru bat justifikatzea titulazioa ezartzen den ikasturtetik (edo berritu den azkenetik) egiaztapena berritzeko eskaera egiten den ikasturtera bitarteko epean.
a) Graduko irakaskuntzak. Batez beste berrogei ikaslek matrikulatu beharko dute titulazioan lehenbiziko aldiz epe horretako kurtso bakoitzean.
b) Graduko ikasketa ofizialen programa bateratuak (gutxienez ehun eta hogei kreditu partekatzen dituztenak nahitaezko irakasgaietarako edo oinarrizko prestakuntzarako). Kontuan hartu beharreko ikasleen gutxieneko kopurua kalkulatuko da programako titulazio bakoitzean lehenbiziko aldiz matrikulatzen diren ikasleak batuta, eta, hala ere, titulu bakoitzak, bere aldetik, ezin izanen du hogei ikasle baino gutxiago eduki.
c) Unibertsitate masterren irakaskuntzak. Batez beste, beharrezkoa izanen da hogei ikasleren matrikula, edo egun osoko hamar ikasleren matrikula, epe horretan.
d) Doktoretzako irakaskuntza ofizialak. Gutxienez lau izanen dira irakurtzen diren tesiak, eta programak gutxienez hamar doktoregai eduki beharko ditu epe horretan. Baldintza horiek ez zaizkie eskatuko Hezkuntzako Ministerioaren doktoretza bikainaren zigilua duten programei, Doktoretzako irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.
6. Salbuespenez, aurreko baldintzak bete gabe ere has daiteke titulazioen egiaztapena berritzeko prozedura interes sozialeko edo akademikoko arrazoiak tartean daudenean, betiere unibertsitateak behar bezala frogaturik.
7. Ebaluazioaren eskaera.
Eskaeren eta tituluen berrikuntzarako baldintza guztiak betetzen dituztela ikusirik, Nafarroako Gobernuan unibertsitateen arloko eskumena duen organoak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 27 bis.3 artikuluan xedatutakoa betez, eskaera Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalari igorriko dio, hark egiazta dezan ikasketa planak hasierako proiektuaren arabera gauzatzen ari direla.
8. Baimena errebokatzea.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak eskatzen ez badu aurreikusitako epearen barnean unibertsitate titulu ofizial baten egiaztapena berritzeko, edo tituluak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, Nafarroako Gobernuak titulu ofizialaren baimena errebokatuko du. Errebokatze hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta horren berri emanen zaio unibertsitateen arloak eskumenak dituen ministerioari, titulua kendu dezan Unibertsitateen, Ikastetxeen eta Tituluen Erregistrotik. Kasu guztietan neurri egokiak hartu beharko dituzte, ikasketa horiek egiten ari diren ikasleen eskubide akademikoak bermatzeko
.Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
I. ERANSKINA Langileei eta baliabide ekonomikoei buruzko datuak
II. ERANSKINA Txostenak eta azterlanak
Txosten eta azterlan hauek erantsiko dira:
a) Titulazioa ezartzeak ekarriko dituen onura sozial eta ekonomikoak bermatzeko azterlan eta datuak.
b) Tituludunen laneratzeari buruzko aurreikuspena, datu historikoetan eta lan merkatuaren azterketetan oinarritua.
c) Nafarroan eta auzoko erkidegoetan ematen diren antzeko ikasketen zerrenda.
d) Azken hiru urteetako eskaintza, eskaria eta matrikula, lehengo ikasketak egokituz sortutako tituluak badira.
e) Titulazio berriak direnean, matrikulari buruzko aurreikuspena, eskariaren azterketetan oinarritua
III. ERANSKINA. Titulazio berria baimentzeko adierazleak
1. Nafarroako Foru Komunitatearen plan estrategikoetan ezarritako helburuei erantzuten die.
2. Badu interes sozioekonomikoa Nafarroako Foru Komunitatearentzat.
3. Lan merkatuaren xurgatze ahalmena kontuan hartzen du.
4. Estali gabeko lan aukerei heltzen die, edo gizartearen garapen iraunkorrerako estrategikoak gerta daitezkeen beste baldintza batzuei.
5. Etorkizuneko lan beharretara egokitzeko aukera ematen du.
6. Kontuan hartzen ditu Nafarroako 17 eta 24 urte bitarteko biztanleen eboluzio demografikoa, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen nahiak eta inguruko beste erkidego batzuetarako emigrazioaren tasa.
7. Titulazioa lehenbiziko aldiz eskaintzen da Nafarroako Foru Komunitatean.
8. Unibertsitateak jasotzen dituen transferentziek titulazioa ezartzea ahalbidetzen dute.
9. Unibertsitate campusetan dagoen azpiegiturak titulazioaren beharrak asetzen ditu.
10. Titulazio bakoitzerako proposaturiko gehieneko toki kopurua egokia da erabil daitezkeen giza baliabideetarako (irakaskuntza, ikerkuntza eta zerbitzuak) eta baliabide materialetarako.
11. Aurreko titulazioak egokituz sorturiko graduko ikasketen kasuan, matrikula tasa, azken hiru ikasturteetan, kurtso bakoitzeko hogeita hamabost ikasle baino gehiagokoa izan da.
12. Graduko ikasketak ezartzeko, gutxienez berrogeita hamar ikaslerentzako tokiak aurreikusten dira. Lanbide profilerako masterrak ezartzeko, gutxienez hogei toki aurreikusten dira; doktoregoetarako, gutxienez hamar toki aurreikusten dira.
13. Planteatzen duen irakaskuntzako metodologiak azpimarratu egiten du gaitasun orokorrak eta titulaziokoak lantzeko prozesua.
14. Aukera berdintasuna sustatzen du emakumeen eta gizonen artean.
15. Baditu titulazioa ebaluatzeko adierazleak eta kalitatea bermatzeko sistema aurreikusten du, funtzionamendu eraginkorra bermatuko duena.
16. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzen du.
17. Tutoretza akademiko birtualak planteatzen ditu.
18. Bermatu egiten du bigarren hezkuntza bat ongi jakitea, bereziki ingelesa.
19. Titulazio bikoitza lortu ahal izatea sustatzen du.
20. Beren langileak eta materialak jarriko dituzten enpresa edo erakundeek edo pertsona ospetsuek parte hartzen dute.
21. Aukera ematen du hitzarmenak sina daitezen Estatuko edo atzerriko beste unibertsitate erakunde batzuekin, ikasleen mugigarritasunerako, truke akademikorako eta, hala behar denean, graduko titulu bateratuak lortzeko.