Castellano | Euskara | Français | English
170/2009 FORU AGINDUA, urriaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, nahitaezko praktiketako ikastetxe, tutore eta koordinatzaileak rtzen dituena Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasleen prestakuntzarako Nafarroako unibertsitateetako Masterraren Practicum egiteko
(2009ko 141. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 16an)
Atarikoa
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak dioenez, irakaskuntzan aritzeko, Gobernuak erabakitzen duen prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa izan beharko da.
Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak, irakaskuntzan aritzeko prestakuntzaren baldintzak zehazten dituenak, 9. artikuluan ezartzen du derrigorrezko bigarren hezkuntzan, batxilergoan, lanbide heziketan eta hizkuntzen irakaskuntzan aritzeko behar den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa.
Abenduaren 27ko ECI/3858/2007 Aginduak unibertsitateko titulu ofizialak egiaztatzeko baldintzak ezartzen ditu, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasle lanerako gaitzeko; besteak beste, praktikaldia edo Practicum, presentziala, unibertsitateen eta hezkuntza administrazioen arteko hitzarmenak sinatuz nahitaezko praktiketako ikastetxe izateko onartzen diren hezkuntza erakundeetan gauzatuko dena.
Practicumaren alderdi guztiak garatzeko, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiak eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak behar dute esku hartu, zeinek bere eskumenen esparruan; horregatik, txosten bat aurkeztu dute elkarrekin, ikastetxeak, tutoreak eta koordinatzaileak onartu beharrari buruz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 38. artikuluan bereganatzeko aurreikusten den posibilitatea eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41.1 e) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren, Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren eta Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiaren eskumenak nireganatzea, foru agindu hau onesteko, non nahitaezko praktiketako ikastetxe, tutore eta koordinatzaileak onartzen baitira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntza Irakaskuntzetako irakasleen prestakuntzarako Nafarroako unibertsitateetako Masterraren Practicum egiteko.
Bigarrena
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hizkuntzak funts publikoen laguntzaz irakasten dituzten ikastetxe guztiak praktiketako ikastetxe gisa onartzea, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzetako irakasleentzako Masterraren Practicuma garatzeko.
Hirugarrena
Titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasle funtzionarioak eta lan-kontratu mugagabea duten ikastetxe pribatu itunduetako irakasleak praktiketako tutore gisa onartzea, gutxienez bi urteko antzinatasuna badute.
Laugarrena
Titulartasun publikoko ikastetxeetako irakasle funtzionarioak eta lan-kontratu mugagabea duten ikastetxe pribatu itunduetako irakasleak arloko edo pareko organoko koordinatzaile gisa onartzea, zuzendaritza taldekoak edo departamentuko buruak badira.
Bosgarrena
Ikasturte bakoitzean Practicumeko ikastetxe, tutore eta koordinatzailea esleitzeko prozedura ezartzea. Honako hau izanen da:
a) Matrikulatuta dauden ikasleen kopurua jakinik, unibertsitate bakoitzak akordio bat egin beharko du behar diren ikastetxeekin Practicumaren garapena antolatzeko.
b) Unibertsitate bakoitzak Hezkuntza Departamentuari emanen dio hautatutako ikastetxe eta espezialitateen berri.
Seigarrena
Tutoreen eginkizunak zehaztea:
1. Praktiketako ikasleak hartzea ikasturte barrenean ezartzen diren epealdietan.
2. Praktiketako ikasleei antolaketa, ikastetxearen helburuak eta funtzionamendua, hezkuntza eta curriculum proiektuak eta tutore ekintza eta orientazio programa erakustea eta, ikastetxeak beste proiektu, programa edo jardueretan parte hartuz gero, haiek ere bai.
3. Unibertsitatearekin adostea zer jarduera garatuko diren ikastetxean egiten duen egonaldian.
4. Aipatu ikasleei aukera ematea irakaslanean hasteko eta ikastetxeko jardueretan parte hartzeko, ikastetxeko ikasleen irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan aldaketarik eragin gabe.
5. Praktiketako ikasleei aholku ematea arazo pedagogiko, didaktiko eta hezkuntza orientaziokoetan.
6. Praktiketako ikasleek aurrera eramandako jarduerei buruzko balorazio txostena egitea, unibertsitateak ezarritako ebaluazio ereduari jarraituz.
Zazpigarrena
Irakasle koordinatzaileen eginkizunak zehaztea:
1. Behar bezalako harremana ezartzea praktiketako tutoreen eta unibertsitatearen artean.
2. Ikastetxeetako tutoreen jarduketak unibertsitateko tutoreekin koordinatzea.
3. Praktiken bitartean gerta daitezkeen gorabeherei buruzko informazioa ematea unibertsitateko tutoreei.
4. Ikastetxeko espazioak eta denbora adostea unibertsitatearekin, praktiketako ikasleek esku har dezaten.
5. Plangintza, programazio, jarraipen eta ikasleen ebaluaziorako bileretan parte hartzen laguntzea praktiketako ikasleei.
Zortzigarrena
Praktiken funtzionamendurako araubidea ezartzea:
1. Praktiketako ikasleek ez dute inoiz sinatuko, ezta erantzukizunik hartuko ere, lanbide kualifikazioa behar duten txosten edo jarduketetan.
2. Ikasleek zein ikastetxetan egiten dituzten praktikak, hango egutegi, ordutegi eta arauak beteko dituzte praktikaldian.
3. Praktiketako ikasleak zintzo ariko dira agintzen zaien lanetan eta praktikaldian egiten dituzten zereginen gaineko konfidentzialtasun arauak errespetatuko dituzte, baita hura bukatutakoan ere.
4. Praktika horiek egiteagatik ez da inoiz lan edo kontratu bidezko harremanik sortuko, ezta bestelako loturarik ere ikaslearen eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren artean.
Bederatzigarrena
Ikastetxeei eta irakasleei aplikatuko zaien onarpena zehaztea:
1. Hezkuntza Departamentuari dagokio, unibertsitate bakoitzak parte hartzen duten ikastetxeei buruz aurkeztutako azken txostena ikusita, praktiketako ikasleak prestatzen dituen ikastetxearen akreditazioa ematea eginkizun hori betetzen duten ikastetxeei.
2. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezarritako Hezkuntza Berriztapeneko Proiektuen deialdietan baloratuko da praktiketako ikastetxe gisa onartua izatea, baldin deialdietan jasotzen bada, eta haietan jasotzen den moduan.
3. Parte hartzen duten irakasleen txostena, unibertsitateak aurkeztua, ikusita, Hezkuntza Departamentuari dagokio erabakitzen den moduko ziurtagiria ematea praktiketako ikastetxeetako irakasle koordinatzaileei zein tutoreei. Izendapena eta praktiken iraunaldia jasoko ditu.
4. Unibertsitateek, Hezkuntza Departamentuarekin sinatzen dituzten hitzarmenetan, beste onarpen batzuk ezartzen ahal dituzte Practicumean parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzat.
Hamargarrena
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.