Castellano | Euskara | Français | English
1685/2009 EBAZPENA, azaroaren 16koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Ikuskapen Unitatearen Egitura eta Eginkizunei buruzko Arautegia onesten duena, Gobernu Kontseiluaren 2009ko azaroaren 13ko erabakiaren bidez onetsia
(2009ko 151. NAOn argitaratutako testua, abenduaren 9an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2009ko azaroaren 13an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut. Erabaki horren bidez Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Ikuskapen Unitatearen Egitura eta Eginkizunei buruzko Arautegia onetsi zen, eta hona hemen hitzez hitz:
ARAUTEGIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK IKUSKATZEKO UNITATEAREN EGITURA ETA EGINKIZUNEI BURUZKOA
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Ikuskapen Unitatea sortzea eta bere egitura eta eginkizunak arautzea bat dator gure Unibertsitateak eskaintzen dituen zerbitzuak etengabe hobetzeko dugun konpromiso gero eta handiagoarekin.
Unitate hau Unibertsitatearen gobernu erakundeentzako laguntza tresnatzat hartzen da, eta berau sortzeak eta arautzeak, alde batetik, 2008. urtean ANECAren aldeko egiaztatze-txostena jaso zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaslana Ebaluatzeko Metodoaren egitura osatzeko beharrari erantzuten dio. Izan ere, aipatu Metodoak Prozesu orokorraren eta bere eragileen Ikuskapena aurreikusten du hirugarren puntuan, eta eginkizun zehatzak esleitzen dizkio lanpostu batzuetarako ebaluazio prozesuan zehar.
Bestalde, informazio objektiboa eskainiko dio errektoreari irakasleen jardunbideari eta beren betebeharrak betetzeari buruz, bidea emango diona Estatutuetako 40 k) artikuluan esleitutako eskumenak betetzeko: Unibertsitatean zerbitzu ematen ari diren langile guztien goi-burua izatea, baita Unibertsitateko Komunitateko kideena ere, lege indardunek beste erakundeei esleitzen ez dizkieten diziplina erabakiak eta espresuki esleitu ez zaizkien eskumenak harturik.
1. artikulua. Jardunbidearen esparrua, mendekotasuna eta osaera.
1.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikuskapen Unitatea da irakasleen lanak betetzen direla bermatzen duen unitatea. Gobernu Kontseiluaren erabakiz sortu da, errektoreak proposatuta.
2.-Ikuskapen Unitatea zuzenean errektorearen mendekoa izango da.
3.-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikuskapen Unitatearen ardura duena A mailako karrerako funtzionario bat izango da. Errektoreak izendatuko eta kargugabetuko du funtzionarioen artetik. Beste ikuskatzaile batzuk ere eduki ditzake, beharrezkotzat jotzen bada.
2. artikulua. Eginkizunak.
1.-Ikuskapen Unitateak honako eginkizun hauek ditu:
a) Unibertsitateko irakasleen lan jarduerari buruzko informazioa biltzea.
b) Irakasleen irakaskuntza jarduerak bete daitezen zaintzea.
c) Errektoreak informazio edo diziplina espedienteak hasi eta espedienteak instruitzeko ekimena proposatzea, beharrezkoa balitz.
d) Errektoreak eskatzen dizkion txostenak egitea.
e) Errektoreak agintzen dizkion eginkizun guztiak.
3. artikulua. Jarduteko prozedura.
1.-Ikuskapen Unitatearen jarduerak erantzukizun profesionalaren, objektibitatearen, konfidentzialtasunaren eta inpartzialtasunaren printzipioetan oinarrituko dira uneoro.
2.-Ikuskapen Unitatearen ohiko eginkizunak, ikasturte bakoitzean errektoreak onetsi beharko duen eta Gobernu Kontseiluan jakinaraziko den Jardunbide Planarekin bat garatuko dira. Jardunbide Planaren barruan egongo da irakasleen jarduerari buruzko informazioa biltzeko planak diseinatzea.
3.-Ikuskapen Unitateak bere eginkizunak beteko ditu onetsitako Jarduera Planarekin bat, edo irakasleen jarduerarekin lotutako salaketengatik edo kexuengatik, horiek oinarri nahikoa badutela baderitzo.
4.-Aurreko puntuetan ezarritakoa kaltetu gabe, Ikuskapen Unitateko zuzendariak ofizioz jardun ahalko du egoki uste duen guztietan edo irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeak edo ikastegietako zuzendariek edo dekanoek eta sailetako zuzendariek eskatzen diotenean.
5.-Ikuskapen Unitateko arduradunak edo beste ikuskatzaile batek, bere eginkizunak betetzean, lekuko gisa doan irakaskuntza agintearekin batera, unibertsitate jarduerak garatzen diren instalazioetara bisitak egingo ditu eta egoki jotzen dituenekin elkarrizketak egiteko eskatuko du, instalazioetan egiten diren lanen garapenean eraginik izan gabe. Ikuskapen Unitateak eskatzen dien informazio guztia eman beharko dute arduradunek.
6.-Datuak biltzeko xedez, bai informazio espedienteetan bai diziplina espedienteetan Ikuskapen Unitateko ikuskatzaileek Unibertsitatearekin lotutako langileei bertaratzeko edo adierazpenak egiteko eskatu ahalko diete.
7.-Ikuskapen Unitateko langileek erakundeetako eta unitateetako dokumentazio guztia eskuratu ahalko dute, kasu bakoitzean aplikatu beharreko legeriarekin bat. Unibertsitateko arartekoaren bulegoan bere eginkizunetarako dauden espedienteak eta gainerako dokumentazioa ezingo dute eskuratu.
8.-Ikuskapen Unitateko langileek beren eginkizunak betetzean egiten dituzten lanak konfidentzialak eta isilpekoak izango dira Ikuskapen Unitateko kide guztientzako, eta jarduketan parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztientzako.
9.-Ikasturte bakoitzaren amaieran Ikuskapen Unitateko arduradunak memoria bat egingo du hurrengo ikasturteko Jarduketa Planaren oinarria ezartzeko balioko duena.
4. artikulua. Laguntzeko betebeharra.
Unibertsitateko irakaskuntza agintari guztiek eta langile guztiek Ikuskapen Unitateari bere eginkizunak garatzeko behar duen laguntza eta lankidetza eman beharko diote.
5. artikulua. Identifikatzea.
1.-Ikuskapen Unitateko langileek beren burua identifikatu behar dute halabeharrez, ikuskatu behar dituzten pertsonen aurrean. Horretarako, behar den ziurtagiria izango dute.
2.-Ikuskapen Unitateari agintzen dizkioten eginkizunak betetzeko, ikuskatzaileek, beren ziurtagiria erakutsi ondoren, edozein unetan sartzeko eskumena izango dute, aldez aurretik jakinarazi beharrik gabe, irakasleek eta ikertzaileek beren jarduerak garatzen dituzten eremu guztietara.
6. artikulua. Egindako jarduerei buruzko txostena.
1.-Ikuskapen Unitateak egindako jarduerak erregistratuko ditu, eta espediente pertsonalak ezabatuko, abian den prozesua bukatu ondoren.
2.-Ikuskapen Unitateak egindako jarduerei buruzko txosten bat egingo du urtero eta irakasleen gaietan eskumena duen errektoreordeari emango dio.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Agiri hau osorik edo zati batean aldatzeko ekimena Gobernu Kontseiluari, edo errektoreari dagokio.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IRAKASLE ETA IKERTZAILEAK IKUSKATZEKO UNITATEAREN JOKABIDE KODEA
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleen eta Ikertzaileen Ikuskapen Unitateko langileen jarduerak unitatea sortzen duen arautegian esleitutako eginkizunak hobeto betetzera bideratuta egon behar dute.
Ikuskapen Unitatearen Jokabide Kode hori honako helburu hauetan zehazten da:
-Ikuskapen Unitateko langileen jarrerak etikan eta erantzukizun profesional eta sozialetan oinarrituak izan daitezen sustatzea.
-Erakundearenganako konfiantza sorraraztea.
-Beren esku-hartzeetarako praktikarik hoberenak bilatzea.
-Esku-hartzeen emaitzei balio erantsia ematea.
Horri guztiari erantzunez, Ikuskapen Unitateko langileen jardun profesionalak beti zaindu beharko ditu bere balioenganako errespetuzko portaeretan adieraz daitezkeen hainbat printzipio.
1. Erantzukizun profesionala.
-Nafarroako Unibertsitate Publikoarekiko leialtasuna izatea norbere erakundea balitz bezala.
-Unibertsitateak bere eginkizunak betetzeko dituen arauak eta mekanismo instituzionalak hobeto ezagutzeko jarrera aktiboa izatea.
-Unibertsitate komunitatea osatzen duten pertsonenganako eta elkarteenganako errespetua izatea, bai eta bere erakunde kolegiatuenganako eta gobernu erakundeenganako ere.
-Ikuskapen Unitatearen arautegiarekiko eta jokabide kodearekiko errespetua eta atxikipena.
-Jarrera aktiboa izatea Ikuskapen Unitatearen langile gisa gaitasunak eta lanbide garapena hobetzeko eta Unitatearen eginkizunetan etengabeko hobekuntza sortzen duten mekanismoak bilatzeko.
2. Objektibitatea.
-Epaiak, txostenak eta emaitzak oinarritzeko frogak bilatzea.
-Objektibitatea zaintzea txostenak egitean.
-Jardunbide objektiboan egiazki zein itxuraz eragin dezaketen egoerak identifikatzea eta saihestea.
-Ikuskapen Unitatearen esku-hartzean proposatutako helburuak betetzera daramaten ekintza garrantzitsuak antzematea eta ezegokiak diren analisiak eta ekintzak saihestea.
3. Inpartzialtasuna.
-Interesen gatazka sorraraz dezaketen eraginak saihestea.
-Egoera hori egiazki zein itxuraz sortuz gero, interesen gatazka dagoela adieraztea, eta abstentzio aktiboa agertzea.
-Aldez aurreko edozein epai saihestea Ikuskapen Unitateak esku hartu baino lehen.
-Ofizialki eskatu gabeko frogetan oinarritu gabeko eta fidagarriak ez diren informazioak ematera daramaten egoerak saihestea.
4. Konfidentzialtasuna.
-Ikuskapen Unitateko langile jardueretan eskuratutako informazioa erabat zaintzea.
-Ikuskapen Unitateko langile jardueretan eskuratutako gertaerei eta inguruabarrei buruzko informazio argia eta egiazkoa ematea eskumena duten organoei.
-Ikuskapen Unitateko langile jardueretan eskuratutako edozein informazio ez ematen saiatzea arautegian araututako egitura funtzionalekoak ez diren pertsonei edo erakundeei.
5. Ikuskapen Unitateko langileen jardukeraren irispena eta mugak.
-Ikuskapen Unitateko langile jardueretan ikuskatzen diren langileekiko jarrera positiboa agertzea.
-Ikuskapen lanen ondoriozko disfuntzionaltasunak ahalik eta gutxien izan daitezen jarrera positiboa agertzea.
-Boterearen erabilera okerra egiazki zein itxuraz adieraz dezaketen jarrerak saihestea.