Castellano | Euskara | Français | English
675/2014 EBAZPENA, MAIATZAREN 27KOA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERREKTOREAK EMANA. HAREN BIDEZ AGINTZEN DA ARGITARATZEKO “ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERAKUNDE ETA ENPRESA KATEDRAK ARAUTZEN DITUEN ARAUDIA ONESTEN DUENA”. 2014KO MAIATZAREN 27KO GOBERNU KONTSEILUAK HARTUTAKO ERABAKI BATEN BIDEZ ONETSI ZEN
(2014ko 114. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 12an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agintzen dut argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erakunde eta Enpresa Katedrak arautzen dituen araudia onesten duena”. Hona hemen hitzez hitz:
ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO ERAKUNDE ETA ENPRESA KATEDRAK ARAUTZEN DITUEN ARAUTEGIA ONESTEN DUENA
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren helburuetako bat, estatutuetako 2. artikuluan bildu dena, eta unibertsitatearen hirugarren eginkizuna izenekoa dena, sortutako ezagutza transferitzea da, kulturaren, bizi-kalitatearen eta garapen sozial eta ekonomikoaren onerako.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hirugarren eginkizun honen garrantziaz jakitun denez, hainbat ekimen egin eta hainbat tresna diseinatu ditu, helburu hau lortzeko. Unibertsitatea erabiltzen ari den tresnetako bat, eta bere Plan Estrategikoan ere badagoena, katedra izenekoak dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 5.2 artikuluan ezarritako tresnetako batekin ere pareka daitezke.
Funtsean erakunde eta enpresa katedrak Nafarroako Unibertsitate Publikoak enpresa eta erakundeekin, bai publikoekin bai pribatuekin, lankidetzan aritzeko elementuak dira, eta esparru egonkor bat eskaintzen dute denboran zehar, eta esparru horretan irakaskuntza, ikerketa, ezagutzaren transferentzia, berrikuntza, zabalpen eta dibulgazio jarduerak integratzeko modua ematen duena.
Horregatik guztiagatik, lankidetza mota hauetarako esparru komun bat arautzeko helburuarekin, honako hau da Gobernu Kontseiluak 2014ko maiatzaren 27an egindako bileran hartu duen, erabakia:
Lehena.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erakunde eta Enpresa Katedrak arautzen dituen arautegia onestea, erabaki honen Eranskinean ezarritako moduan.
Bigarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
ERANSKINA. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erakunde Katedren arautegia
Zioen Azalpena
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren helburuetako bat, estatutuetako 2. artikuluan bildu dena, eta unibertsitatearen hirugarren zutabea deitzen dena, sortutako ezagutza transferitzea da, kulturaren, bizi-kalitatearen eta garapen sozial eta ekonomikoaren onerako. Hori guztia egiteko, ez da utzi behar, alderantziz baizik, ikerketaren eta ezagutza-sorkuntzaren oinarrizko jarduera, berez egon behar ez dutenak helburu jakin bati begira.
Hainbat tresna dago gorago esandako helburua lortzeko: hasi zabalkunde eta hedapen zientifikotik, eta orokorrean spin-off deitzen diren enpresak sortzeraino, hau da, ikerketa jardueran lortutako emaitzak dauzkatenak beren negozioaren funtsa.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, hirugarren eginkizun honen garrantziaz jakitun denez, hainbat ekimen egin eta hainbat tresna diseinatu ditu, helburu hau lortzeko. Horren ondorioz, unibertsitateen arteko sailkapenetan, NUP beti da hoberenen artekoa teknologiaren eta ezagutzaren transferentziarekin zerikusia duten adierazleetan.
Unibertsitatea erabiltzen ari den tresnetako bat, maiz erabili ere azken urteotan, katedrak dira. Katedrak dira, edo uler daitezke, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 5.2 artikuluak ezartzen dituen tresnetako bat bezala. Hitzartu diren azken katedrak aldez aurretik zehazturiko diseinu eta estrategia bati erantzuten badiote ere, Unibertsitateak ez dauka araudi berariazko bat sustatu nahi duen katedra-eredua bultzatzeko. Horregatik, araudi honen bidez, lortu nahi den eredu hori arautu eta zehaztu nahi da.
1. artikulua. Izaera.
Enpresa eta erakunde katedrak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, enpresen eta erakunde publiko zein pribatuen arteko lankidetza tresnak dira, eta beren helburua da kultura, bizi-kalitatea eta garapen sozial eta ekonomikoa bultzatzea, batez ere, baina ez bakarrik, eskualdeko inguru hurbilean. Katedrek ezaugarri berezi batzuk eduki behar dituzte, eta ezaugarri horiek bereizten dituzte antzeko beste tresna batzuetatik. Hauek dira:
–Konpromisoa, epe ertain-luzean harremana egonkorra izateko.
–Urteko gutxieneko finantzaketa bermatua egotea.
–Batzorde misto paritario bat edukitzea, urteko programazioak eta jarduerak betetzen ote diren jarraipena egiteko.
–Enpresek eta erakundeek sarrera zuzenagoa edukitzea Unibertsitatearen ikerketa-eskaintzara.
–Zuzendaritza akademiko iraunkorra, errektoreak izendatzen duen irakasle baten bidez.
–Ikerketa, irakaskuntza, transferentzia, berrikuntza eta zabalpen jarduerak eremu bakar baten barruan txertatzeko aukera izatea.
–Finantzaketa ematen duena Unibertsitatearen bazkide estrategikoa dela jendaurrean zabaldu eta ikustarazi ahal izatea.
2. artikulua. Helburua.
Enpresa eta erakunde katedrek jarduerak egiten ahalko dituzte eremu hauetan: ikerketa, sorkuntza kultural eta artistikoa, prestakuntza, garapena, berrikuntza eta ezagutzaren zabalkundea eta garapena. Jarduera horien artean, aipagarriak dira, baztertzaileak izan gabe, honako hauek:
a) Interes orokorreko ikerketa, garapen edo berrikuntza (I+G+B) proiektuen eta lan-ildoen garapena.
b) Ikerketa proiektuak lortzea eta eskuratzea nazioko eta nazioarteko eremuetan.
c) Aholkularitza sormen kultural eta artistikoan, ikerketan, garapenean eta berrikuntzan, eta lehentasunezko informazioa ikerketa edo transferenzia proiektuei buruz.
d) Doktoretza tesiak, karrera amaierako proiektuak, gradu eta master amaierako lanentzako laguntzak.
e) Ikasleen praktikak egitea, curriculum motakoak edo bestelakoak.
f) Unibertsitate komunitateko kideak enpresaren inguruan txerta daitezen sustatzea.
g) Prestakuntza jarduerak antolatzea, etengabeko prestakuntza ere barne.
h) MIntegiak, hitzaldiak, jardunaldiak eta ikastaroak antolatzea.
i) Sariak diruz hornitzea.
j) Kultura jarduerak, eta hedapen kultural, zientifiko, sozial edo humanistikoaren jarduerak antolatzea.
k) Bi alderentzat interesduna den beste edozein jarduera, Batzordean hitzartutakoa.
3. artikulua. Ekonomia araubidea.
1. Enpresa eta erakunde katedren jardueretan parte hartzeak ez du esan nahi inola ere lan-harremanik ezartzen denik Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin.
2. Enpresa eta erakunde katedra bat sortzeko beharrezkoa izango den gutxieneko diru-kopurua 20.000 euro izango da, katedrak dirauen urte bakoitzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoak katedrak finantzatzeko urte bakoitzean ordaintzen den kopuruen % 13a hartuko du, zerbitzu orokorren erabileraren eta kudeaketaren ordainketa moduan. Kopuru hauek zeharkako kostutzat hartuko dira, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluak ezartzen duenak bere ondorioak sor ditzan.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresa eta erakunde katedren finantzabideak sortzeko hitzarmenean ezartzen direnak izango dira, eta bere jarduerengatik lortzen ahal direnak. Enpresa eta erakunde katedren diru-horniketa ez zaio inoiz egotziko Unibertsitatearen aurrekontuari.
4. Katedrak modu iraunkorrean lokalak erabili behar baditu, hori hitzarmenean jasoko da, eta katedraren urteko aurrekontuan dagokion prezio publikoa jasoko da. Edonola ere, katedrei tarifa bereziak jartzea litekeena da, are tarifarik ez aplikatzea ere, Unibertsitatearen aurrekontuen gauzatzearen oinarrietan.
4. artikulua. Sortzeko modua.
1. Katedra bat sortzeko ekimena honako hauei dagokie: edozein gobernu organori, errektoreordeei, kudeatzaileari edo errektoreari.
2. Enpresa eta erakunde katedrak sortuko dira lankidetza hitzarmen bat izenpetzen denean Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta katedra finantzatzen duten enpresen edo erakundeen artean.
3. Aupatu hitzarmenak bi urteko iraupena eduki behar du, gutxienez, eta epe hori urteko epeetarako luzatuko da, ezer adierazi beharrik gabe, aldeetako batek kontrakorako asmorik erakusten ez duen artean, hitzarmenaren iraunaldia bukatu baino hiru hilabete lehenago, gutxienez.
5. artikulua. Hitzarmenaren gutxieneko edukia.
Enpresa eta erakunde katedrak sortzen dituen hitzarmenak honako alderdi hauek hartuko ditu kontuan, gutxienez:
a) Katedraren izena.
b) Katedraren eremuan garatuko diren jarduerak.
c) Katedra sortzen duen hitzarmenaren iraupena, baita berritzeko edo salatzeko mekanismoak ere.
d) Katedrak zer diru-zuzkidura edukiko duen bere egitekoak aurrera eramateko.
e) Nafarroako Unibertsitate Publikoa-Enpresa edo erakunde finantzatzailearen arteko batzorde mistoaren tamaina eta aritzeko erregimena.
f) Eskumena duen errektoreordea zein den, haren menpe egongo baita katedraren funtzionamendua.
g) Alde bakoitzak katedraren funtzionamendurako ezartzen dituen ekipamenduen zerrenda.
h) Katedra antolaketa-unitatea dela aldarrikapena, zuzenbide publikoaren menpekoa.
i) Aldeek katedra badagoela eta egiten dituen jarduerak zabaltzeko hartzen duten konpromisoa.
6. artikulua. Zuzendaritza organoak.
1. Enpresa eta erakunde katedren zuzendaritza Jarraipen Batzorde Mistoaren eta Katedrako zuzendariaren erantzukizuna izango da.
2. Batzorde Mistoa parekidea izango da, eta kideen erdiak Nafarroako Unibertsitate Publikokoak izango dira, eta beste erdiak katedra hitzartu den enpresa edo erakundekoak. Lau pertsonek osatuko dute batzordea, eta zenbakia handiagotu ahalko da egoerak hori eskatzen badu.
3. Errektoreak izendatuko ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkariak, Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasleen artetik aukeratuta. Izendapenaren ebazpenean zehaztuko da agintaldiaren epea. Ezin izango dira izendatu enpresarekin edo erakundearekin zerikusirik daukaten pertsonak.
4. Errektoreak izendatuko du enpresa eta erakunde katedrako zuzendaria, Jarraipen Batzorde Mistoak proposatuta. Enpresa eta erakunde katedrako zuzendari izateko beharrezkoa izango da irakaslea edo ikertzailea izatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lotura iraunkorra edukitzea, eta jarduera-arloak zerikusia edukitzea katedraren jarduera-eremuarekin.
7. artikulua. Batzorde Mistoaren funtzionamendua.
1. Jarraipen Batzorde Mistoak, bere lehen bileran, batzordeburua hautatuko du bere kideen artetik, baita idazkaria ere. Idazkaria bileretako aktak egiteaz arduratuko da. Batzordeburuak boto ebazlea edukiko du.
2. Katedraren Jarraipen Batzorde Mistoak urtean bi bilera egingo ditu, gutxienez, eta horrez gain beste batzuk egiten ahal ditu, batzordeburuak edo bere kideen gehiengoak eskatuta. Edonola ere, batzordeburuak dauka bilerarako deialdi egiteko eskumena.
3. Jarraipen Batzorde Mistoaren eraketa balioduna izateko, kideen hiru herenek egon beharko dute; eta, kasu guztietan, batzordeburua eta idazkaria.
4. Jarraipen Batzorde Mistoak onetsiko ditu, urteoro, katedraren jarduera-programa eta aurrekontuaren banaketa, egin behar diren jarduera guztiak egiteko.
8. artikulua. Zuzendaritza organoen eginkizunak.
Jarraipen Batzorde Mistoaren eginkizunak dira:
a) Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari katedraren zuzendaria izendatzea edo kargutik kentzea proposatzea.
b) Katedraren aurrekontua eta urteko jarduera-programa onestea.
c) Katedraren aurrekontuaren eta urteko jarduera-programaren berri ematea eskumena duen errektoreordetzari.
d) Jardueren urteko programaren berearazpena ikuskatzea.
e) Onestea, ekitaldi bakoitzaren bukaeran, katedraren urteko jarduera-txostena, baita jarduera-proposamen bat ere, eta bion berri ematea eskumena duen errektoreordetzari.
f) Katedrak beste hainbat erakunderekin egin litzakeen lankidetza-hitzarmenen proposamena onestea, helburu estrategikoak lortze aldera.
g) Katedra sortzen duen hitzarmenari buruz egon litezkeen interpretazio, aldaketa, ebazpen eta ondorioei buruz ebaztea.
9. artikulua. Lansariak.
1. Katedrako zuzendariak zilegi du osagarri espezifiko berariazko bat, katedrari eskaintzen dion lanarengatik. Jarraipen Batzordeko kideei, ordea, ez zaie ordainduko kargu horretan aritzeagatik.
2. Jarraipen Batzordeak errektoreari proposatzen ahalko dio katedrako zuzendariari emateko lehengo puntuan aipatutako osagarri espezifikoa.
3. Edonola ere katedrako zuzendarien osagarriak pertsona bakarreko kargu akademikoek jasotzen dituztenekin lerrokatuko dira, baremo honen arabera:
–Urteko 20.000 eta 30.000 euro arteko diru-kopurua esleitua daukaten katedrak: ordainketa osagarria ikastegiko idazkariarenaren baliokidea izango da.
–Urteko 30.001 eta 50.000 euro arteko diru-kopurua esleitua daukaten katedrak: ordainketa osagarria saileko zuzendariarenaren baliokidea izango da.
–Urteko 50.000 euro baino gehiagoko diru-kopurua esleitua daukaten katedrak: ordainketa osagarria ikastegiko zuzendariarenaren baliokidea izango da.
10. artikulua. Zuzendariaren eginkizunak.
1. Katedrako zuzendariak zuzendu eta kudeatuko ditu katedraren jarduerak, Jarraipen Batzorde Mistoaren jarraibideen arabera.
2. Katedrako zuzendariak baliabideak sortzeko eta aplikatzeko planak egin beharko ditu, Batzorde Mistoak onetsiko dituena urtero, eta Batzordeak eskatzen dizkion eginkizun guztiak garatuko ditu.
11. artikulua. Jardueren zabalkundea.
1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak jakinaraziko du zein den enpresa edo erakude babeslea katedrak egiten dituen jarduera guztietan.
2. Horretarako, enpresa eta erakunde katedrek web-orrialde bat edukiko dute beretzat. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrialdetik sartuko da katedraren web-orrialdera. Katedraren orrialde horretan katedraren daturik funtsezkoenak ipiniko dira: helburua, jarduerak, eta organo arduradunak, baita urteko txostenak ere.
12. artikulua. Kudeaketa ekonomikoa.
1. Katedren kudeaketa ekonomikoa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren administrazio zerbitzuen bidez egingo da, Unibertsitatearen aurrekontuaren barruan egingo da eta Unibertsitatearen arau ekonomikoek zuzenduko dute.
2. Katedraren babesean egiten diren jardueren ordainketarako, Nafarroako Unibertsitate Publikoan horri buruz dagoen araudia aplikatuko da.
3. Katedren finantziazio espezifikoari esker erosten den material inbentariagarria Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ondarea izango da, eta beraz, Unibertsitatearen Ondasun Higigarrien Inbentarioan erregistratuko dira.
13. artikulua. Langileak kontratatzea.
Langileak kontratatzeko enpresa edo erakunde katedren kontura, Nafarroako Unibertsitate Publikoan kontratazioak egiteko erabiltzen diren prozeduren antzekoak erabiliko dira, zer lanposturi buruz ari garen, horri egokitzen zaion kontratazio-mota erabiliz.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Araudi hau aplikagarria zaie gaur egun NUPen dauden katedrei, beren sortze-hitzarmenetan aurreikusten ez diren auzietarako, betiere hitzarmenotan ezartzen diren aginduen aurkakoak ez badira.
Azken Xedapena
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.