Castellano | Euskara | Français | English
189/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan izaera zientifiko, tekniko edo artistikoa daukaten lanak egiteko, eta berezitasuneko ikasketak edo prestakuntza-jarduera berariazkoak garatzeko kontratazio-arautegia, Gobernu Kontseiluak 2008ko urtarrilaren 29an hartutako erabakiaren bidez rtua, onesten duen erabakia argitaratzeko agintzen duena
(2008ko 27. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 29an)
Atarikoa
Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2008ko urtarrilaren 29an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoan izaera zientifiko, tekniko edo artistikoa daukaten lanak egiteko, eta berezitasuneko ikasketak edo prestakuntza-jarduera berariazkoak garatzeko kontratazio-arautegia onesten duena, argitaratzea agintzen dut. Ondoren datorren hau da:
KONTRATAZIO ARAUTEGIA, IZAERA ZIENTIFIKO, TEKNIKO EDO ARTISTIKOA DAUKATEN LANAK EGITEKO, ETA BEREZITASUNEKO IKASKETAK EDO PRESTAKUNTZA-JARDUERA BERARIAZKOAK GARATZEKO NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAN
I. atala. Xedapen orokorrak
1. artikulua
Nafarroako Unibertsitate Publikoak, bere sailek, unibertsitateko ikerketa institutuek eta ikerketa zentroek, Unibertsitatearen Katalogoan dauden ikerketa taldeek eta bere irakasleek, aipatu guztien bidez edo Unibertsitatearen beste antzeko antolamendu-egituraren bidez, kontratuak egiten ahalko dituzte pertsonekin, unibertsitateekin edo erakunde publiko zein pribatuekin, izaera zientifiko, tekniko edo artistikoa daukaten lanak egiteko, eta berezitasuneko ikasketak edo prestakuntza-jarduera berariazkoak garatzeko.
Aipatu kontratuak egiteko, kontuan hartu beharko dira honako hauek: Unibertsitateei buruzko Lege Organikoko 83. artikuluak ezartzen duena, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 138. artikuluak ezartzen duena, aplikagarriak diren gainerako xedapenek ezartzen dutena, bai eta arautegi honetako arauek ezartzen dutena ere.
2. artikulua
Honako jarduera hauek berariaz daude arautegi honen aplikazio-eremutik kanpo:
a) Lanaldi ez osoan ari diren irakasleen jarduera profesionala, betiere irakasle horiek beren jardunean ez badituzte erabiltzen Unibertsitateko langileak, baliabideak, instalazioak, ekipamenduak edo zerbitzuak.
b) Unibertsitateak antolatzen dituen hitzaldiak, ikastaroak, mintegiak eta ikasketak, titulu ofizialei eta titulu berekiei dagozkienak.
c) Berezitasun ikastaroak, irakasleak berorietan bost ikasgai edo hitzaldi baino gutxiago ematen dituenean, eta horrek ez duenean trabatzen irakaslanaren ohiko garapena.
d) Irakasleek beren lanak argitaratzeko gauzatzen dituzten kontratuak edo argitaratu behar diren jatorrizkoak prestatzeko gauzatzen dituztenak.
e) Unibertsitateko irakasleek lorturiko sariak.
3. artikulua
Arautegi honek aintzat hartzen dituen kontratatzeko moduko jarduerak honako kategoria hauetakoak dira:
a) Aholkularitza eta kontsultoretza zerbitzuak, bai errepikatzen direnak, bai aldian behingoak ere.
b) Balioespen, peritazio, metrologia eta analisi zerbitzuak.
c) Ikerketa eta garapeneko proiektuak.
d) Berariazko eskariaren bidez egindako irakaskuntza-zerbitzuak eta prestakuntza-jarduera espezifikoak.
Lehen aipatutako jarduerek izaera zientifiko, tekniko edo artistikoa edukitzen ahalko dute, eta Unibertsitatearen edozein jakintza-arlotatik ematen ahalko dira.
4. artikulua
Arautegi honetan jasotzen diren zerbitzuak emateak ez du Unibertsitatearen ohiko irakaslana kaltetuko, ezta aldaraziko ere.
5. artikulua
Arautegi honek arautzen dituen lanak egiteko, parte hartu ahalko dute, irakasle eta ikertzaileek ez ezik, ondoren aipatzen diren pertsonek ere:
a) Nazioko eta atzerriko beste unibertsitate, ikerketa institutu edo ikerketa zentroetako kolaboratzaileek eta adituek, beren lankidetzak edo aholkularitzak ez duenean ekartzen lan-kontratupeko egoerarik sortzea. Pertsona hauek parte hartzeko, zerbitzuak ematen dituzten erakundeen berariazko baimena izango da beharrezkoa.
b) Unibertsitateko plantillakoak ez diren kolaboratzaileek eta adituek, hauen parte hartzeko modua lan-kontratuaren bidez arautuko delarik. Kontratazio hauek "Ikertzaileak proiektuen kontura kontratatzeko Arautegia, LOUko 83. artikuluaren kontratuak eta ikerketa taldeak" arautegiak ezartzen duenari jarraikiz egingo dira. Gobernu Kontseiluak onetsi zuen arautegi hori 2006ko irailaren 15ean.
c) Unibertsitateko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen plantillako kideek.
d) Nafarroako Unibertsitate Publikoari atxikiriko beste hainbat pertsonak, kontratuaren bidezko harremanik ez badute: ikasleak, doktoregaiak, bekadunak, Prestakuntzan dauden ikertzaileak edo beste modalitate batzuetakoak.
6. artikulua
Arautegi honek arautzen dituen kontratuetan ezin da utzi Unibertsitatearen harmarriaren edo marka grafikoaren erabilera, erabilera hau gorderik baitago Unibertsitateko gobernu-organoek era instituzionalean erabiltzeko, bere xede eta jardueretarako eta bere jendaurreko ordezkaritzarako, ez bada berariazko baimena ematen dela, erabilera hori arautzen duen araudiak ezartzen duenarekin bat etorriz.
II. atala. Bateragarritasuna baimentzea eta ematea
7. artikulua
Baimena emateak, ondoren datozen 8., 9. eta 10. artikuluek ezartzen duten prozedurari jarraikiz, esan nahi du kontratuan parte hartzen duten irakasle guztiei ematen zaiela bateragarritasuna.
8. artikulua
(Prozedura erraztua) Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak tramitatzen ahalko ditu zuzenean 3. artikuluan a), b) eta d) letrekin aipatzen diren jarduerak egiteko kontratuak, diru-kopurua, BEZa kenduta, ez denean Arduraldi Osoko Unibertsitate Katedradun batek Urteko Gutxienez jasotzen duen Soldata Gordinaren (aurrerakoan, AOUKUGSG ) herena baino handiagoa, eta gehienezko denbora-iraupena hiru hilabete denean, ezin luzatuz epe hori.
Kasu honetan, Zerbitzu horrek eskaintza-aurrekontuak jaulkitzen ahalko ditu, betiere kontratuen arduradunak diren irakasleek berariaz bultzatzen badituzte, eta irakasle hauen sail, ikerketa institutu edo ikerketa zentroek berariaz emandako baimena baldin badute.
Prozedura honen babesean egindako kontratua gauzatutzat hartuko da kontratatzen duten pertsonek, unibertsitateek edo erakunde publiko zein pribatuek berariazko onespena ematen dutenean.
9. artikulua
Errektoreak edo berak ordezkatutako pertsonak baimendu beharko ditu 3. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiteko kontratuak, kontratu hauen kopurua, BEZa kenduta eta luzapenak barne sartuta, AOUKUGSG1 delakoa baino handiagoa denean.
Kasu honetan beharrezkoa izango da, kontratua izenpetu baino lehen, kontratuen arduradunak diren irakasleen saileko kontseiluek edo ikerketa institutu edo zentroaren zuzendaritza kontseiluek txostena egitea. Txosten hori hamabost laneguneko epean egin beharko da, txostena eskatzen den egunetik kontatzen hasita.
10. artikulua
Kontratuen arduradunak diren irakasleen saileko kontseiluek edo ikerketa institutu edo zentroaren zuzendaritza kontseiluek baimendu beharko dituzte, honi buruz beren barne arautegiek ezartzen dituzten prozedurak erabiliz, 3. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiteko kontratuak, kontratu hauen kopuruak, BEZa kenduta eta luzapenak barne sartuta, AOUKUGSG delakoa beste edo kopuru txikiagoa jotzen duenean.
Kasu honetan, Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak baimen hori kontratuen arduradunak diren irakasleen sailei edo unibertsitateko ikerketa institutuei edo ikerketa zentroei eskatuko die. Baimena hamabost laneguneko epean eman edo ukatu beharko da, txostena eskatzen den egunetik kontatzen hasita, eta aldez aurretik bete beharreko baldintza izango da kontratuak indarra har dezan.
11. artikulua
Ez da baimenik emango kontratu bat egiteko, ondoren aipatzen diren gorabeheraren bat gertatzen denean:
a) Lanek ez dutenean unibertsitateko irakasle bati eskatzen ahal zaion maila zientifiko, tekniko edo artistikoa.
b) Lanak egiteak kalte nabarmena ekartzen ahal dionean irakaslanari edo irakasle bati ez dagozkion jardunak ekartzen dituztenenean.
c) Kontratuaren gaia den lan-mota zenbait profesional jakini dagokionean esklusiboki, eta irakasleak ez daukanean behar den titulua.
d) Kontratuaren arabera hartzen diren obligazioek ekartzen dutenean, egitez, harreman profesional egonkorra sortzea.
III. atala: Kontratuen tramitazioa eta izenpetzea
12. artikulua
Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak tramitatuko ditu 3. artikuluan aipatzen diren jarduerak egiteko kontratuak, eta honako hauek izenpetuko dituzte:
a) Errektoreak edo berak ordezkatutakoak, Unibertsitatearen izenean, honako kasu hauetan, gutxienez:
a.1.-Kontratuaren kopurua, BEZa kenduta eta luzapenak barne sartuta, AOUKUGSG delakoa baino handiagoa denean.
a.2.-Kontratatu den jarduera betetzeko sailaren, unibertsitateko ikerketa institutuaren, ikerketa zentroaren edo Taldeen Katalogoak aitortzen duen ikerketa taldearen esparru zehatza gainditzen denean.
a.3.-Kontratua izenpetzeak ekartzen duenean Unibertsitateko guneak, instalazioak edo zerbitzu orokorrak beste batzuei uzteko konpromisoa.
a.4.-Kontratua izenpetzeak ekartzen dionean Unibertsitateari, kontratua betetzeaz haratago, edozein ardura edo behar instituzional.
a.5.-Protokoloak hala eskatzen duenean.
b) Irakasle eta ikertzaileek, beren izenean, aurreko atalean aipatutako gorabeheretako bat bera ere gertatzen ez denean. Ezinbestekoa izango da kontratuaren erantzulea den irakasleak Unibertsitatearekin lotura izatea, kontratupekoa edo funtzionarioa delako, eta lotura hori kontratuaren bukaera-eguna baino geroago bukatzea.
13. artikulua
LOUko 83. artikuluaren babesean izenpeturiko kontratuek eta lanek, berorietan parte hartzen duten irakasleak behartzen dituzte bakarrik, eta haiek dira, ondorio guztietarako, kontratua beteko eta exekutatzeko erantzukizuna dutenak.
14. artikulua
Arautegi honek arautzen dituen kontratuek honako datu hauek eduki beharko dituzte, gutxienez:
1. Kontratua egiten den pertsonaren, erakundearen edo organismoaren izena, helbidea eta zerga-datuak, baita kontratuak egiteko legezko gaitasunaren egiaztagiria ere.
2. Unibertsitatearen aldetik lanaren arduradunak direnen izenak, berariaz aipatuz zer sail, unibertsitateko ikerketa institutu edo ikerketa zentrotakoak diren.
3. Lanean parte hartzen duten Nafarroako Unibertsitate Publikoaren edo nazioko zein nazioarteko beste unibertsitate, ikerketa institutu edo ikerketa zentroaren langileen zerrenda.
4. Kontratuaren xedea den jarduera edo zerbitzua.
5. Bi aldeek bereganatzen dituzten beharren zerrenda, adieraziz, hala badagokio, zeintzuk diren erantzukizun-klausulak.
6. Kontratuaren jarraipena egingo duten bi aldeetako pertsonen izenak, lana egiten den artean ohiko solaskideak izango direnak.
7. Iraupena, zenbatekoa, epeak eta ordaintzeko modua. Kontuan hartuko dira aurrerago, ekonomia araubideari buruzko atalean, adierazten diren betekizunak.
8. Baldintza espezifikoak, halakorik badago, emaitzen konfidentzialtasunari, argitaratzeko komenigarritasunari, patentatzeko aukerari eta titulartasunari buruz.
9. Kontratuaren aurrekontu-proposamena, ataletan banatua, adieraziz zer kontu-sail bideratuko den langile berriak kontratatzera, parte hartzaileen ordainsariak, erosi beharreko material inbentariagarria, beharrezkoa den material suntsigarria, bidaia-gastuak eta dietak, Unibertsitateko ekipoen amortizazioa eta mantentzea eta Unibertsitatearen guneen eta instalazioen erabilera.
15. artikulua
8. artikuluan azaltzen den Prozedura Erraztuari jarraitzen dioten kontratuek ez dituzte 14. artikuluko 3., 5., 6., 8., eta 9. xehetasunak bete beharko.
16. artikulua
Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak kontratuak eta eskaintzak egiteko euskarri teknikoa emango du, kontratatzeko baimen-eskaeren emaitzak jakinaraziko ditu, eta arautegi hau beteko dela bermatzeko beharrezkoak diren tramiteak gainbegiratuko ditu.
IV. atala. Laguntzaileak
17. artikulua
5. artikuluko b) letran aipatzen diren Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ez diren kolaboratzaileen eta adituen kontratazioak, ikertzaileak proiektuen kontura kontratatzeko arautegiak azaltzen duen prozedurari jarraituko dio, LOUko 83. artikuluaren kontratuen kontura eta ikerketa taldeen kontura. Gobernu Kontseiluak onetsi zuen arautegi hori 2006ko irailaren 15ean.
18. artikulua
Nazio edo nazioarteko beste unibertsitate, ikerketa institutu edo ikerketa zentroetako beste hainbat pertsonaren parte hartzeak, laguntzaile edo aditu gisa, eragin ekonomikoa duenean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta laguntzaile edo aditu horien unibertsitate, ikerketa institutu edo ikerketa zentroen artean dagokion kontratua ezartzearen menpe egongo da.
19. artikulua
Administrazio eta Zerbitzuetako langileen parte-hartzeak, lanalditik kanpo edo ohiko eginkizunetatik kanpo lanak egitea badakar, bai eta beren eragin ekonomikoek ere, beren arduradun funtzionalaren baimena izan behar du. Arautegi honetan aurreikusitako kontratuei lanalditik kanpo eskainitako ordu-kopuruak ezin izango du gainditu indarrean dagoen legerian ezarritako aparteko orduen kopurua.
V. atala. Araubide ekonomikoa
20. artikulua
Kontratuak gauzatu ahal izateko baimenetan jakinaraziko da, nahitaez, diru-kopurua, guztira, bai eta, hala dagokionean, jarduera aurrera eramango duen sail, zentro edo egiturari aplikatzen ahal zaion oihartzun ekonomikoa ere. Halaber, irakasle bat edo batzuk izendatzen ahalko dira proiektuaren ikertzaile arduradun. Alabaina, horien arteko bat bakarra izango da proiektuaren konturako gastuak baimentzeko arduraduna.
21. artikulua
Kontratuak dirauen bitartean, gunerik edo erabilera esklusiborako instalaziorik uztea eskatzen duten kontratuetan, aurrekontuan berariaz adierazi beharko da uzte horren kostua, ezartzen diren prezio publikoen araberakoak. Kostu hauengatik jasotzen den diru-sarrera zertara bideratuko den, prezio publikoetako aurrekontu-betetzearen arauek ezarriko dute.
22. artikulua
Kontratuetan ekipamenduaren amortizazioak sartu behar badira, edo software-lizentzien erabilera, kostu hauek berariaz adieraziko dira aurrekontuan, eta kostu hauengatik jasotzen den diru-sarrera zertara bideratuko den, amortizazioetako aurrekontu-betetzearen arauek ezarriko dute.
23. artikulua
Aurrekontua egiterakoan, eta, beraz, kopuru ekonomiko gordina kalkulatzerakoan, BEZa kenduta, (aurrerantzean B), esplizituki hartu behar dira kontuan unibertsitateak izandako zeharkako kostuak, ondorengo artikulu hauetan azaltzen diren irizpideekin bat etorriz.
24. artikulua
Kontratu edo hitzarmen baten arabera erositako ondasunak unibertsitatearen ondarekoak izatera pasatuko dira, ez bada kontratu edo hitzarmen horiek besterik esaten dutela, eta kontratuaren arduraduna denaren sail, ikerketa-institutu edo ikerketa-zentroari atxikiko zaizkio.
25. artikulua
Kontratuetan agertzen diren diru-kopuruen ordainketa Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kontuetan egingo da, aldez aurretik Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak fakturak aurkeztu eta gero. Ordainketa, lehentasunez, banku-transferentziaren bidez egingo da, zer kontratu den aipatuz. jaulkitzen diren fakturetan BEZa aplikatuko da, indarreko legeek ezartzen duten moduan.
26. artikulua
Zeharkako kostuak balioesteko irizpidea ondoren aipatzen den eran ezarriko da:
a) Kontratuaren gaia den jarduera egiten den sail, ikerketa institutu edo ikerketa zentroek jasaten dituzten zeharkako kostuak: kontratuaren zenbateko gordinaren %5 (Oharra: 0,05xB moduan kalkulatuta).
b) Instituzioak jasaten dituen zeharkako kostuak: kontratuaren zenbateko gordinaren gaineko % 8 (Oharra: 0,08xB moduan kalkulatuta).
27. artikulua
Ikerketa institutuek edo ikerketa zentroek aldatzen ahalko dute 26. artikuluko a) letran aipatzen den ehunekoa, beren gobernu-organoek horri buruz hartutako erabakiaren bidez, betiere ateratzen den kopurua ez denean %3 baino txikiagoa eta %7 baino handiagoa. Ehuneko hori aldatzen ahalko da urtez urte, baina urte natural osoko indarraldia eduki beharko du. Aipatu ehunekoa zehaztu eta gero, hamabost egun naturaleko gehienezko epean jakinarazi beharko zaie Unibertsitateko Ekonomia Zerbitzuei eta Ikerketa Zerbitzuei, eta nolanahi ere, onetsi baino lehen Unibertsitatearen aurrekontua, aplikatu behar den urtekoa.
28. artikulua
26. artikuluan jasotzen diren zeharkako kostuen ehunekoei dagokienez, Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak aldatzen ahalko ditu urtez urte, hurrengo urteko aurrekontuak onesten diren unean.
29. artikulua
Unibertsitateko irakasle batek, arautegi honek arautzen dituen berezitasuneko lan eta ikastaroengatik urtean jasotzen ahal dituen ordainsariak, ez dira izango lanaldi osoan ari den gehienezko kategoria akademikoak, unibertsitateko irakasleen ordainketei buruzko 1086/1989 Errege Dekretuak aurreikusten dituen ordainketa-kontzeptu guztiengatik, jasotzen ahal duen urteko ordainketari %50 gehitu eta gero ateratzen den kopurua baino handiagoak .
30. artikulua
Ordainsari moduan jasotzen diren kopuruak Giza Baliabideen Zerbitzuaren bidez ordainduko dira (Nominak eta Gizarte Segurantza).
31. artikulua
Berezitasuneko lan edo ikastaroen funtsen kontura eskatzen diren ordainketa guztiak, ordainsariak, langileen kontratazioa, material suntsigarriaren eta inbentariagarriaren erosketa eta bidaia gastuak eta dietak ere barne, Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuaren bidez tramitatuko dira, eta 20. artikuluan aipatzen den jarduera-arduradunaren izenpea eraman beharko dute.
32. artikulua
Arautegi honetako xede diren kontratuen konturako gastuen hautagarritasuna eta exekuzio prozedura errektorearen ebazpenaren bidez eta aurrekontuaren exekuzio-arauekin bat etorriz arautuko dira.
33. artikulua
Kontratua bukatzeko aurreikusten den eguna pasa eta gero, eta sei hilabeteko epean kontratuak sortutako eta Unibertsitateak jaulkitako azken faktura kobratu den egunetik kontatuta, ikertzaile arduradunak eskatuko du dagozkion gastuen ordainketa. Ordainketak egin eta gero, Unibertsitateko Ikerketa Zerbitzuak eta Ekonomia Zerbitzuak kontratuaren itxiera administratiboa eta kontablea egingo dute. Baldin eta itxiera-unean geldikin ekonomikoa geratzen bada, hau bakarrik ikerketa-gastuetarako den funts batera joango da, ikertzaile arduradunak erabiltzen ahalko duena. Errektorearen ebazpenaren bidez ezarriko da funts hauek erabiltzeko araudia.
34. artikulua
Ikerketa Errektoreordetzak sortuko du Kontratuen Erregistro Berezia, eta bertan inskribatuko dira arautegi honetako aplikazio-eremukoak diren kontratuak. Kontratu bakoitzerako, 14. idatz-zatiko 1., 2., 3., 4., 6. eta 7. puntuetan azaldutako xehetasunak aipatuko dira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Ikerketa Zerbitzua arduratuko da aipatu erregistroa eguneratua eta gaurkotua edukitzeaz.
35. artikulua
Arautegi honek indarra hartzen duenean gauzatu gabe dauden, baina tramitazioa hasita daukaten kontratuei, aplikagarriak izango zaizkie arautegi honetako xedapenak.
Azken Xedapenetako Lehena
Ikerketa Batzordeari dagokio arautegi hau behar bezala aplikatzea eta interpretatzea, baita bere egokitzapena egitea ere, bertan aurreikusten ez diren gorabeherak gertatuz gero.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Arautegi honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra.
Azken Xedapenetako Hirugarrena
30. artikuluak aipatzen dituen nominako ordainsariak sartzeko tramiteak egiten hasiko dira horretarako behar diren baliabide teknikoak eskura eduki bezain laster.