Castellano | Euskara | Français | English
30/2012 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana. Horren bidez Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak ematen dira, 2012-2013 ikasturterako
(2012ko 59. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 26an)
Atarikoa
Ekainaren 29ko 356/2011 Foru Aginduaren bidez (157. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 9koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, otsailaren 22ko 54/2011 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (53. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 17koa).
Uztailaren 19ko 117/2010 Ebazpenaren bidez (105. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Haur Hezkuntzako 2. zikloan eta Batxilergoan, otsailaren 11ko 44/2010 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 1ekoa); hurrengo ikasturterako, maila horien hezkuntza ituna aldatu zen ekainaren 29ko 357/2011 Ebazpenaren bidez (156. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 8koa), eta gero uztailaren 13ko 377/2011 Ebazpenaren bidez aldatu zen.
Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela Hezkuntza Departamentuarekin hezkuntza ituna sinatu duten ikastetxeetan unitate kopurua aldatzea, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.
Erregelamendu horren lehenbiziko xedapen gehigarriak, halaber, aipatzen du zilegi izanen dela unitateren baterako aldi bateko baimena duten ikastetxeekin sinatu den urtebeteko ituna luzatzea, xedapen horretan bertan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.
Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatu eta/edo luzatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.
Horregatik guztiagatik eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluaren bidez emandako ahalmenez baliatuz, ebatzi dut:
Lehena
Oinarrizko Hezkuntzan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Batxilergoan eta Erdi eta Goi Mailako Heziketa Zikloetan hezkuntza itunak aldatu eta luzatzeko arauak onestea 2012-2013 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:
1. Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatutako hezkuntza itunak aldatu eta/edo luzatzeko, edo berriak sinatzeko, Oinarrizko Hezkuntzan, Lanbide Heziketan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Batxilergoan, 2012ko maiatzaren 15a baino lehen.
Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatuko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.
Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea
2. Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza ituna aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.
3. Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:
a) 2012-2013 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.
b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.
4. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozedura hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.
5. Itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira. Otsailaren 11ko 44/2010 Ebazpenean (27. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 1ekoa) eta otsailaren 18ko 47/2011 Ebazpenean (57. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa) finkaturiko ratioa bete beharko da. Horietan unitate itunduko ikasleen gutxieneko batez besteko erlazioa zehazten da, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.
6. Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopuruari dagokionez, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren artikulu hauetan ageri den kopurua errespetatuko da: 7. artikuluak Haur Hezkuntzarako ezartzen duena, 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako ezarritakoa eta 16. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezartzen duena. Halaber, Hezkuntza sistemako lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezartzen duen uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren 46.6 artikuluan ezarritakoa beteko da.
Hezkuntza itunen luzapena
7. Ikastetxe batek unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi bateko baimenarekin baldin badu, zilegi izanen du sinaturik daukan ituna luzatzeko eskatzea.
Ituna 2012-2013 ikasturterako luzatuko da, ikastetxeak irtenbidea eman behar badie bestela konpondu ez daitezkeen eskolatze premiei.
8. Ituna luzatzeko eskaerak, zazpigarren atalak aipatzen dituenak, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.
Itunak aldatu eta luzatzeko eta berriak sinatzeko prozedura
9.1. Itunak aldatu edo luzatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.
9.2. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.
9.3. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.
9.4. Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatu edo luzatzeko eskaeren gainean.
9.5. Horrekin batera, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte, haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, interesdunei espedientea erakusteko eta beren eskubidea babesteko bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkezteko epea finkatuko du.
10. Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.
11. Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta luzapenak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.
12. Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatu edo luzatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.
Bigarrena
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
Hirugarrena
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
Laugarrena
Ebazpen hau igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Giza Baliabideen Zerbitzuari, Aukera Berdintasunaren, Hezkuntzako Parte-hartzearen eta Irakasleentzako Arretaren Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Zerbitzuari, Baliabide Ekonomikoen Zerbitzuari, Eskolatzearen Batzorde Nazionaleko buruari, Kontratazioaren, Zerbitzu Osagarrien eta Koordinazio Administratiboaren Atalari eta Ikastetxeen, Finantzaketaren eta Ikasketetarako Laguntzen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.