Castellano | Euskara | Français | English
749/2012 EBAZPENA, ABENDUAREN 14KOA, HEZKUNTZAREN, LANBIDE HEZIKETAREN ETA UNIBERTSITATEEN ZUZENDARI NAGUSIAK EMANA, HEZKUNTZAKO KONTSEILARIAREN APIRILAREN 8KO 52/2009 FORU AGINDUAREN ZENBAIT ALDERDI GARATZEN DITUENA. FORU AGINDU HORREN BIDEZ, NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HEZKUNTZA SISTEMAKO LANBIDE HEZIKETAKO IKASLEEN EBALUAZIOA, TITULAZIOA ETA IKASKETEN EGIAZTAPENA ARAUTU ZIREN
(2013ko 23. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 4an)
Atarikoa
Oro har, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak babesten du lanbide heziketa, eta, modu zehatzagoan, hots, gauzatzen den hezkuntza sistemaren barneko esparruan, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak.
Hezkuntza administrazioaren mende dagoen lanbide heziketaren erregulazioa eta antolamendua garatzeko, uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretua eman zen, zeinaren bidez, hezkuntza sistemaren lanbide heziketaren antolamendu orokorra ezarri baitzen. Errege dekretuaren 38. artikuluan, baliozkotzeak arautu ziren, eta 40.5 artikuluan ezarri zen ezen lanbide heziketako tituluak arautzen dituzten gutxieneko irakaskuntzetan sartzen ez diren eta autonomia erkidegoen curriculumeko edukiak osatzen dituzten lanbide moduluen baliozkotzeak kasuan kasuko autonomia erkidegoan eskatuko direla; azkenik, 51.6 artikuluan xedatzen da gainditutako lanbide modulu batean lortutako kalifikazioak modulu hori sartua dagoen edozein ziklotan balioko duela.
Nafarroako Foru Komunitatean, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren bidez ezarri ziren lanbide heziketaren antolamendua eta garapena hezkuntza sistemaren esparruan. Foru dekretuaren 13. artikuluan ezarri zen Nafarroako curriculumean zenbait modulu derrigorrezkoak direla, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak Hezkuntza Departamentuaren araudi eta eskumenen esparruan definitzen dituenak. Era berean, 9.6 artikuluan ezarri zen Hezkuntza Departamentuak Nafarroako hezkuntza sistemako lanbide heziketako irakaskuntzen ebaluazio-prozesuari dagokion araudia landuko duela.
Horretarako, Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren. Foru agindu horren azken xedapenetako bigarrenean ahalmena ematen zaio ikasketa horietan eskumena duen zuzendari nagusiari behar diren jarduketa guztiak egin ditzan han xedatutakoa aplikatu eta garatzeko. Hori horrela izanik, bidezko da derrigorrezko modulu horiek baliozkotu edo salbuesteko zenbait alderdi arautzea.
Otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduaren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko eremuan. Irailaren 28ko 184/2011 Foru Aginduaren bidez zenbait aldaketa egin ondoren, xedatuta geratu zen zein diren hizkuntza baten jakite maila bermatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak, Hizkuntzen Portfolio Europarraren arabera.
Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman du Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatuko dituen ebazpena prestatze aldera. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
1. Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren zenbait alderdi garatzea, I. eranskinean ezarritako oinarriei jarraikiz. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen egiaztapena arautu ziren.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialari jakinaraztea, argitara daitezen.
3. Ebazpena eta eranskina igortzea Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
ERANSKINA. Etengabeko ebaluazioa
1. Hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasleentzat ezarritako ebaluazio sistema, modalitate orokorrean, etengabeko ebaluazioa da. Etengabeko ebaluazioak eskatzen du moduluetarako programatutako jardueretara erregulartasunez bertaratzea ikasleak. Orokorrean, modulu bakoitzaren iraupen osoaren ehuneko laurogeita bost egin beharko dute gutxienez. Salbuespen gisa, ikastetxeko zuzendaritzak, irakasle-taldeak egindako proposamen arrazoituaren bidez, jardueretara bertaratzeko portzentaje txikiagoa ezartzen ahalko du.
2. Etengabeko ebaluazioaren metodoak aukera ematen du ikasleen ikasprozesu osoa baloratzeko, egiten duten lanaren eta barneratuz doazen ezagutzen etengabeko jarraipena eginez, eta, ikasturteak aurrera egin ahala, ikasprozesu hori hobetzeko aukera ere ematen du, beharrezkoak diren aldaketak sartuz, prestakuntza prozesua bera eta lortutako emaitzak hobetzeko xedez.
Ebaluazio-prozesua ez da mugatu behar ikasleek ezagutzak barneratzen ote dituzten egiaztatzera; ikasleek, jarraia den prozesu batean duten parte-hartze aktiboaren bidez, modulu bakoitzean lortzen dituzten trebetasunak, gaitasunak, ahalmenak eta emaitzak ere baloratu behar dira.
Horrenbestez, ikasleek egunero egiten duten lanaren behaketan eta balorazioan oinarritutako ebaluazio sistema bat da eta, beraz, nahitaezkoa da ikasleak klaseetara eta prestakuntza jardueretara erregularki joatea. Hori horrela, ikasle bat klaseetara joaten ez bada, ezin ditu proposatutako prestakuntza jarduerak egin, eta horiek ezin dira ez behatu ez baloratu.
3. Oro har, klaseetara joateko betebeharra ez betetzeak etengabeko ebaluaziorako eskubidea galtzea ekarriko du hori bete ez den moduluan. Alabaina, klaseetara joateko betebeharra betetzen ez duten ikasleek ez dute galduko klasera joateko eskubidea, ez eta prestakuntzarako edo ebaluaziorako eskubidea ere. Horrenbestez, eta ikasleek prestakuntzarako eta behar den bezala ebaluatuak izateko duten eskubidea gauzatzen laguntzeko, beharrezkoa da ebaluatzeko sistema eta tresnak moldatzea, ikasleen egoera pertsonalera egokitzeko. Horrek aukera emanen luke etengabeko ebaluazioa berriro ezartzea baimentzeko, egokitzat jotzen bada eta ikaslearen inguruabarrek horretarako aukera ematen badute. Horixe da etengabeko ebaluazioaren zentzua eta, horrekin batera, etengabeko ebaluazio hori izaterik ez duten ikasleendako beste ebaluazio sistema batzuk ezartzearena.
4. Proiektu funtzionalak, ikastetxe bateratuen kasuan, eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuak, bigarren hezkuntzako institutuen kasuan, orientabide komunak jaso beharko dituzte ikastetxean etengabeko ebaluzioaren sistema aplikatzeari buruz, bai eta beste ebaluazio sistema batzuei buruzkoak ere, etengabeko ebaluazioa izan ez dezaketen ikasleentzat aurreikusiak.
5. Arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, zenbait prestakuntza bloketan zatibituak dauden moduluen kasuan, klaseetara bertaratzea, oro har, ezarritako eduki-multzo bakoitzaren iraupenaren ehuneko laurogeita bostekoa izanen da gutxienez.
Arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, zenbait prestakuntza bloketan zatibituak dauden moduluak.
6. Lanbide modulu jakin batzuk zenbait prestakuntza bloketan zatibituak daude, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, ikasturte berean nahiz ikasturte ezberdinetan. Prestakuntza bloke bakoitzak bere programazio didaktikoa izanen du, eta lanbide modulu bera osatzen duen beste prestakuntza blokearenarekin koherentzia gordeko du.
7. Arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, sekuentziatutako prestakuntza bloketan zatibitua dagoen modulu bat gainditu ahal izateko, nahitaezko baldintza izanen da prestakuntza bloke guztiak gaindituak izatea.
8. Arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, zenbait prestakuntza bloketan zatibituak dauden moduluen azken kalifikazioa egiteko, aintzat hartuko dira horietariko bakoitzean lortutako notak; horiei emanen zaien garrantzia prestakuntza bloke bakoitzaren ordu kopuruarekiko proportzionala izanen da.
9. Kurtsoz igotzeko eta "Lantokiko Prestakuntza" moduluan sartzeko, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 20. eta 21. artikuluetan ezarri bezala, lanbide modulu guztiak gaindituak izan beharko dira, bai eta arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta zenbait lanbide modulutan zatibituak dauden prestakuntza blokeak ere.
10. Lanbide moduluak eta prestakuntza blokeak gainditu gabe kurtsoz igotzen bada eta "Lantokiko Prestakuntza" moduluan sartzen, berrehun eta berrogeita hamar orduak kontatzeko, honako hauek izanen dira kontuan: moduluen kasuan, curriculumean aurreikusitako orduak guztira, eta prestakuntza blokeen kasuan, berriz, curriculumean prestakuntza bloke horietarako aurreikusitako orduak guztira soilik.
11. Lanbide moduluak eta prestakuntza blokeak gainditu gabe kurtsoz igotzen bada eta "Lantokiko Prestakuntzara" moduluan sartzen, gainditu gabeko prestakuntza bloke bakoitza unitate bat bezala zenbatuko da.
Kurtso berean sekuentziatutako bi prestakuntza bloketan zatibitutako lanbide moduluen kasuan, bloke horietariko bakoitza independenteki hartuko da aintzat, gehienez ere bi modulu edo prestakuntza bloke zenbatzeari dagokionez.
Zenbait irakasleren artean emandako moduluak, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta
12. Salbuespen gisa, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, baimena ematen ahalko da lanbide modulu jakin batzuk irakasle bat baino gehiagoren artean emateko.
13. Zenbait irakasleren artean emandako moduluen azken kalifikazioa, oro har, honela kalkulatuko da: irakasle bakoitzak jarritako notak hartuko dira kontuan, irakastorduekiko proportzionala den garrantzia emanez. Modulu horien programazio didaktikoan beste irizpide batzuk ezartzen ahalko dira horien azken kalifikazioa egiteko.
Matrikula deuseztatzea
14. Matrikula deuseztatzearen ondorioz, ikasleak uko eginen dio matrikulatua dagoen kurtsoan, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, zatibituak dauden lanbide modulu jakin batzuen modulu eta prestakuntza bloke guztien azken ebaluazioaren deialdiari. Halakoetan, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 22. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
15. Matrikula deuseztatzeko eskaeraren gaineko ebazpena ikastetxeko zuzendaritzak emanen du, eta eskaera jaso eta zazpi egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari zer erabaki hartu den.
16. Matrikula deuseztatzeko baimena ematen den kasu guztietan, ikaslearen ebaluazio agirietan jasoko da, eta kontuan hartuko da deuseztatze horrek baimendu den ikasturte horretan bakarrik izanen duela eragina.
17. Matrikula deuseztatzearen onuradunak diren ikasleei plaza gordeko zaie, matrikula hurrengo ikasturtean egiteko. Plaza hori prestakuntza ziklo berean eta ikastetxe berean soilik gordeko da.
Ebaluazio deialdiari uko egitea
18. Ebaluazio deialdiari uko egiteak ekarriko du arrazoi pedagogikoak edo antolaketakoak direla-eta, zatibituak dauden lanbide modulu jakin batzuen lanbide modulu edo prestakuntza bloke baten edo batzuen azken ebaluazioari uko egitea, baina horrek ez du esan nahi matrikula deuseztatuko denik. Halakoetan, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 23. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
19. Modalitate orokorrean, ezin izanen da eskatu ikasturte berean bi modulu edo prestakuntza blokeri baino gehiagori uko egitea, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen kasuan izan ezik. Horrenbestez, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin bat, zilegi izanen da ikasturte bakoitzean azken ebaluazioko deialdi arrunt bati edo biri uko egitea, gehienez ere bi modulu edo prestakuntza blokeri dagokienez. Ukoaren xede den deialdi bakoitzeko berariazko eskaera bat egin beharko da.
20. Ebaluazio deialdiari uko egiteko eskaeraren gaineko ebazpena ikastetxeko zuzendaritzak emanen du, eta eskaera jaso eta zazpi egun balioduneko epean jakinaraziko zaio eskatzaileari zer erabaki hartu den.
21. Ebaluazio deialdiari uko egiteko baimena ematen den kasu guztietan ikaslearen ebaluazio agirietan agerraraziko da. Kontuan hartuko da uko horrek baimendu den moduluaren edo prestakuntza blokearen deialdian bakarrik izanen duela eragina.
Azken ebaluaziorako aparteko deialdia eskatzeko prozedura.
22. Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoa garatzeko, modalitate orokorrerako ezarriak dauden lau deialdi arruntak agortzen direnean, ikasleek aparteko deialdi bat eskatzen ahalko diote ikastetxeko zuzendariari, betiere aipatu foru aginduaren 9. artikuluan aurreikusitako egoeren batean baldin badaude.
23. Honako hauei aplikatu zaie aurreko atalean adierazitakoa: lanbide moduluei (Lantokiko Prestakuntza izenekoa salbu) eta, arrazoi pedagogikoak eta antolaketakoak direla-eta, zatibituak dauden lanbide modulu jakin batzuen prestakuntza blokeei.
24. Azken ebaluaziorako aparteko deialdia idazki baten bidez eskatuko da, ikasleak eskaeraren xedea den modulua edo prestakuntza blokea zein ikastetxetan egin duen, hango zuzendariari igorririk.
25. Aparteko deialdi hori eskatzeko epea hiru hilabetekoa izanen da, laugarren deialdi arrunteko kalifikazioa jakinarazten denetik hasita. Eskaera jasotakoan, zuzendariak, kasuan kasuko moduluko edo prestakuntza blokeko irakasleari eta irakasle taldeko gainerakoei kontsulta egin ondoren, ebazpena emanen du eta idatziz jakinaraziko dio eskatzaileari. Ebazpena emateko epea hamabost egun naturalekoa izanen da gehienez, eskaera jasotzen den egunetik hasita.
26. Aparteko deialdia emanez gero, hori zein egun eta modutan eginen den ere jakinaraziko zaio ikasleari.
Aparteko deialdia jasotzen duten ikasleek berariazko matrikula egin behar dute hartaz baliatzeko. Matrikula hori bateragarria izanen da beste ikasketa batzuetako matrikularekin, eta ez du emanen klaseetara eta lantegietara joateko eskubiderik.
27. Nolanahi ere, kasu bakoitzaren inguruabarrak aztertu ondoren ikastetxeak bidezkoak iruditzen zaizkion hezkuntza neurriak ezarri ahal izanen ditu ikasleak aparteko deialdia gainditzeko, esaterako, klaseetara joatea.
28. Aparteko deialdiaren eskaera ukatzen bazaio, ikasleak erreklamazioa aurkezten ahalko du Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari zuzendua, eta horrek berariaz ebatziko du.
29. LP moduluak bi deialdi arruntetan izan dezake azken ebaluazioa. Ez dago aparteko deialdirik izateko batere aukerarik.
Moduluak baliozkotzea
30. Baliozkotzea prozesu akademiko eta administratiboa da, zeinaren bidez, ikasleak eskatuta, xedatzen baita matrikulatua dagoen modulu bat edo gehiago ez direla egin behar, ulertzen baita modulu horiek beste modulu batzuen, gainditutako beste ikasketa batzuen edo beste bide batzuetatik eskuratutako gaitasun-atal batzuen berdinak direla edukiaren eta irakastorduen aldetik, indarrean den araudiaren arabera.
31. Atal honetan xedatutakoaren arabera, honako kasu hauetan baliozkotzen ahalko dira lanbide moduluak:
a) Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionaleko gaitasun-atalen bat ofizialki egiaztatua badute, titulu edo espezializazio-ikastaro bakoitza erregulatzen duen arauan ezarritakoaren arabera.
b) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean lanbide heziketako edozein titulutan ezarritako "Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak" lanbide modulua baliozkotzen ahalko da, baldin eta egiaztatzen bada Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako erdi mailako edo goi mailako ziklo bateko "Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak" lanbide modulua gainditu dela, eta gainera, egiaztatzen bada prebentzioaren oinarrizko mailako funtzioak betetzeko ezarrita dagoen prestakuntza baduela, indarreko legerian xedatutakoarekin bat emandakoa.
c) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako edozein titulutako lanbide moduluak baliozkotzen ahalko dira baldin eta egiaztatzen bada Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako heziketa ziklo bateko lanbide modulu jakin batzuk gainditu direla, hala aurreikusten bada teknikarien edo goi mailako teknikarien tituluak ezarri eta horien gutxieneko irakaskuntzak finkatzen dituzten errege dekretuetan.
d) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako lanbide heziketako tituluei dagozkien heziketa zikloetako lanbide moduluak baliozkotzen ahalko dira, hala xedatzen baita 2001eko abenduaren 20 Aginduaren II. eta III. eranskinetan, uztailaren 9ko ECD/1842/2002 Aginduan emandako idazketaren arabera. Agindu horren bidez, 2001eko abenduaren 20ko Aginduan atzemandako akatsak zuzendu ziren. 2001eko abenduaren 20ko Aginduaren bidez, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondoriozko berariazko lanbide heziketaren irakaskuntzen baliozkotzeak zehaztu ziren.
e) "Laneko Prestakuntza eta Orientabideak" lanbide modulua edo "Enpresa eta ekimena" lanbide modulua Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagozkien heziketa zikloetako edozeinetan gainditu dituzten ikasleek modulu horiek baliozkotuak izanen dituzte lege beraren babesean ezarritako beste edozein heziketa ziklotan.
f) Ofizialki egiaztatutako unibertsitateko graduko ikasketak gaindituak dituztenek, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako araudi berariazkoak ezarritakoarekin bat.
32. Baliozkotutako lanbide moduluek 5eko kalifikazioa izanen dute, batez besteko nota lortzearen ondorioetarako.
Gainditutako moduluak, zenbait heziketa ziklotan komunak direnak, aitortzea
33. Gainditutako moduluak aitortzea prozesu akademiko eta administratiboa da, zeinaren bidez, ikasleak eskatuta, erabakitzen baita ikasleak matrikulatua dagoen heziketa zikloko modulu bat edo gehiago ez dituela egin behar aurretik egindako beste batzuen berdin-berdinak direlako eta horien azken emaitza positiboa izan delako, hau da, 5 edo gehiago.
34. Atal honetan xedatutakoari jarraikiz, honako kasu hauetan aitortuko dira lanbide moduluak:
a) Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagozkien heziketa ziklo ezberdinetako moduluen artean, kode eta izen bera badute.
b) Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagozkien heziketa ziklo ezberdinetako moduluen artean, 2001eko abenduaren 20ko Aginduaren I. eranskinean aurreikusitako moduluren bat bada. Agindu horren bidez, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren ondoriozko lanbide heziketako irakaskuntzen baliozkotzeak zehaztu ziren.
35. Gainditutako lanbide moduluen kalifikazioa ikaslea matrikulatua dagoen heziketa zikloari dagokion ikasketa-espedientera igortzen ahalko da; horrenbestez, modulu horiek eginak dituen heziketa zikloetan lortutako azken notarekin kalifikatuko dira, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako.
Gainditutako moduluak baliozkotzeko eta aitortzeko prozedura
36. Moduluak baliozkotzeko eskaera guztiak ikastetxeko zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eta hilabeteko epean aurkeztuko dira, eskaeraren xedeko moduluak zein diren, horien heziketa zikloari dagokion ikasturtearen hasieratik bertatik kontatzen hasita.
37. Ikaslearen ikasketa-espedientea zein ikastetxetan dagoen, hango zuzendaritzak ebatziko ditu ebazpen honetan aurreikusitako kasuei dagozkien baliozkotzeen eskaerak.
38. Ebazpen honetan aurreikusi ez diren kasuen baliozkotzeei dagokienez, honako hauek ebatziko dituzte:
a) Lanbide heziketako tituluak arautzen dituzten gutxieneko irakaskuntzetan sartzen diren lanbide moduluak badira: Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak.
b) Lanbide heziketako tituluak arautzen dituzten gutxieneko irakaskuntzetan sartzen ez diren lanbide moduluak badira: Hezkuntza Departamentuak.
Bi kasuetan, eskumena duen administrazioari igorriko dizkio eskaerak ikastetxeak.
39. Gainditutako moduluaren aitorpena lortzeko eskaerak ikastetxeko zuzendaritzari zuzenduko zaizkio eta hilabeteko epean aurkeztuko dira, eskaeren xedeko moduluen heziketa zikloari dagokion ikasturtea hasten denetik kontatzen hasita.
40. Ikaslearen ikasketa-espedientea zein ikastetxetan dagoen, hango zuzendaritzak ebatziko ditu ebazpen honetan aurreikusitako kasuei dagozkien aitorpenen eskaerak.
41. Aurreko puntuetan aipatutako eskaerei baiezkoa emateko, aplikatzekoa den araudian ezarritako baldintzak betetzeaz gain, frogatu beharko da baldintza horiek eskaeraren xedeko moduluen heziketa zikloari dagokion ikasturtea hasi aurretik betetzen direla.
42. Eskaerak ebazten ez diren bitartean, ikasleek baliozkotzea edo aitorpena zein modulutarako eskatu duten, horren prestakuntza jardueretara joan beharko dute.
43. Moduluen bidezko baliozkotzea "Baliozkotua" bezala erregistratuko da ikaslearen ikasketa-espedientean, ebaluazio aktetan eta ikasketen ziurtagirian.
Ingeleseko NA01, NA02 eta NA04 derrigorrezko moduluen baliozkotzeak
44. NA04 Ingelesa derrigorrezko modulua baliozkotzeko, ingelesean Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 jakite maila edo handiagoa baduela egiaztatuko da.
45. Ingeleseko NA01 eta NA02 derrigorrezko moduluak baliozkotzeko, ingelesean Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 jakite maila edo handiagoa baduela egiaztatuko da.
46. Ingelesaren jakite maila egiaztatzen duten titulazio eta egiaztagiriei dagokienez, Hezkuntzako kontseilariaren otsailaren 28ko 30/2011 Foru Aginduan xedatutakoa beteko da. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko eremuan.
47. Ingeleseko NA01 eta NA02 derrigorrezko moduluak, biak goi mailako heziketa zikloetakoak, baliozkotzeko Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean gainerako autonomia erkidegoetan ezarritako goi mailako heziketa zikloetako curriculumean sartzen diren ingeleseko moduluak gainditu direla egiaztatuko da.
48. Ingeleseko NA04 derrigorrezko modulua, erdi mailako heziketa zikloetakoa, baliozkotzeko Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean gainerako autonomia erkidegoetan ezarritako erdi edo goi mailako heziketa zikloetako curriculumean sartuta dauden ingeleseko moduluak gainditu direla egiaztatuko da.
49. Baliozkotutako ingeleseko derrigorrezko moduluek 5eko kalifikazioa izanen dute batez besteko nota lortzearen ondorioetarako.
Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezarritako mailak egiaztatzea
50. B1 jakite maila ondoko titulazio eta egiaztagiri hauekin egiaztatuko da:
a) Oinarrizko zikloko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
b) Tarteko mailako ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
c) PET ziurtagiria (Preliminary English Test), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.
d) IELTS 3.5-4.5 ziurtagiria, IELTSk luzatua (International English Language Testing System).
e) TOEFL IBT 57 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).
f) ISE I (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.
51. B2 jakite maila ondoko titulazio eta egiaztagiri hauekin egiaztatuko da:
a) Maila aurreratuko ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2009koa edo geroagokoa).
b) FCE ziurtagiria (First Certificate in English), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.
c) IELTS 5.0-7.0 ziurtagiria, IELTSk luzatua (International English Language Testing System).
d) TOEFL IBT 87 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).
e) ISE II (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.
52. C1 jakite maila ondoko titulazio eta egiaztagiri hauekin egiaztatuko da:
a) Gaitasun Agiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua (2008koa edo lehenagokoa).
b) C1 mailaren ziurtagiria, edozein hizkuntza eskola ofizialek luzatua.
c) CAE ziurtagiria (Certificate in Advanced English), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.
d) IELTS 6.5-7.0 ziurtagiria, IELTSk luzatua (International English Language Testing System).
e) TOEFL IBT 110 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).
f) ISE III (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.
53. C2 jakite maila ondoko titulazio eta egiaztagiri hauekin egiaztatuko da:
a) CPE ziurtagiria (Certificate of Proficiency in English), Cambridgeko Unibertsitateak luzatua.
b) IELTS 7.5+ ziurtagiria, British Council-ek luzatua.
c) TOEFL IBT 120 ziurtagiria (Test of English as a Foreign Language, Internet Based Test), ETSk luzatua (Educational Testing System).
d) ISE IV (Integrated Skills in English), Trinity College London-ek luzatua.
Gainditutako ingeleseko derrigorrezko moduluak, zenbait heziketa ziklotarako komunak, aitortzea.
54. Atal honetan xedatutakoaren arabera, ingeleseko NA01, NA02 eta NA04 derrigorrezko moduluak aitortzen ahalko dira, kasu hauetan:
a) Ingeleseko NA01 eta NA02 derrigorrezko moduluak aitortzen ahalko dira baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagozkien goi mailako heziketa zikloetan antzeko deitura, iraupena, helburuak, ebaluazio irizpideak eta edukiak dituzten moduluak gainditu badira.
b) Ingeleseko NA04 derrigorrezko modulua aitortuko da baldin eta Nafarroako Foru Komunitatean, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren babesean ezarritako tituluei dagozkien erdi edo goi mailako heziketa zikloetan antzeko deitura, iraupena, helburuak, ebaluazio irizpideak eta edukiak dituzten moduluak gainditu badira.
55. Gainditutako ingeleseko derrigorrezko moduluen kalifikazioa ikaslea matrikulatua dagoen heziketa zikloari dagokion ikasketa-espedientera igortzen ahalko da; horrenbestez, modulu horiek eginak dituen heziketa zikloetan lortutako azken notarekin kalifikatuko dira, batez besteko nota kalkulatzearen ondorioetarako.
56. Ingeleseko derrigorrezko moduluak baliozkotu eta aitortzeko, eranskin honen 36. oinarritik 43.enera ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.