Castellano | Euskara | Français | English
(2000ko 102. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 23an)
Atarikoa
Herrialdeen garapen ekonomikoa eta gizarte ongizatea produkzio sistema lehiakorrak edukitzearen menpe daude, gero eta gehiago, kalitate handiko eta prezio baxuko ondasun eta zerbitzuez gain, gizartearen eskakizunei erantzuteko moduko produktu berriak ere sor daitezen.
Protekzionismorako baliabide gutxi eskaintzen dituen ekonomia orokor batean arrakastaz lehiatzeko behar den dinamismoa lortzeko, langileen prestakuntza eta kualifikazioa faktore estrategikoak dira.
Produkzio sistema lehiakor bat lortuko bada, beharrezkoa da lanpostu ezberdinetan kualifikazioa lortzeko eskakizunen araberako prestakuntza ematea. Gure inguruko herrialde garatuetan bezala, Nafarroan ere, lanpostu horiek, neurri handi batean, lanbide heziketaren arloen ingurukoak izaten dira.
Horrenbestez, ongizatearen gizarteak gizarte prestazioen arloan egiten dituen eskakizunei erantzuteko moduko ekonomia saneatua lortzeko, beharrezkoa da langileak prestatu eta kualifikatzeko sistema lehiakor bat izatea.
Azken urteotan, lanbide heziketaren sistema etengabe garatu eta hobetu da Espainian. Izan ere, aspaldi honetan legegintza arloan gertaturiko berrikuntza garrantzitsuenetariko batek, Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/90 Lege Organikoak alegia, hasierako lanbide heziketa arautu berri bat ekarri zuen, ziklotan banatua. Lege horren 30. artikuluan irakaskuntza horien esparrua zehazten da eta adierazten Administrazio Publikoek lanbide heziketa arloan egiten diren eskaintzen koordinazioa bermatuko duela. Halaber, 34. artikuluan adierazten da berariazko lanbide heziketaren diseinu eta planifikazioan, gizarte eragileen parte-hartzea bultzatuko dela.
Irakaskuntza horietaz aritzeko, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomi erkidegoek eta gizarte eragileek duten topagunea Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorra da (urtarrilaren 7ko 1/1986 Legearen bidez eratua eta ekainaren 9ko 19/1997 Legearen bidez aldatua izan zena). Berriki, Kontseilu horrek lanbide heziketaren arloan gure herrialdeko erakundeek inoiz egin duten lan garrantzitsuenetariko bat aurkeztu zuen: Lanbide Heziketaren Bigarren Programa Nazionalerako proposamena, Gobernuko Ministroen Kontseiluak 1998ko martxoaren 13an egindako bilkuran onetsia.
Lanbide Heziketaren Programa berri horrek lau ildo nagusi ditu:
1. Lanbide heziketa giza kapital moduan hartzea.
2. Lanbide heziketa enplegurako politika aktiboekin batera aztertzea, Europako Batasunaren ikuspegitik.
3. Estatuko Administrazio Orokorrak, gizarte eragileek eta autonomi erkidegoek Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorrean parte hartu beharra.
4. Kualifikazioen Sistema Nazionala eratzea.
Aipatu programak proposatzen dituen neurrien artean, nabarmentzekoa da Kualifikazioen Institutu Nazionala sortzekoa. Institutu hori martxoaren 5eko 375/1999 Errege Dekretuaren bidez sortu zen.
Estatuaren markoan harturiko neurri horiek guztiak autonomi erkidegoetan ere justifikaturik daude. Hezkuntza, prestakuntza eta enplegu arloko eskumen aunitz eskualdatu dira Estatutik autonomi erkidegoetara. Nafarroako Gobernuak, zehazki, kudeaketa esparru zabala du lanbide heziketaren arloan. Abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateak irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzu ugari bereganatu zituen, zehazki Lanbide Heziketa Arautuaren inguruko guztia. Beste alde batetik, abuztuaren 1eko 1319/1997 Errege Dekretuaren bidez, Enplegurako Institutu Nazionalak lanerako prestakuntzarako lanbide heziketaren arloan zituen eginkizun eta zerbitzuak Foru Administrazioari eskualdatu zaizkio.
Horregatik, estatuan gertatu diren kudeaketa eta partehartze demokratikorako prozesu batzuk Foru Komunitatearen esparruan ere garatu beharko lirateke. Zehazki, Lanbide Heziketaren Bigarren Programa Nazionalari dagokionez, beharrezkoa da, lanbide heziketaren arloan, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu dituen eskumenak egoki garatzeko behar diren organoak sortzea.
Lehena, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua izanen da, organo aholku-emaile bat, Foru Dekretu honetan arautzen dena alegia. Bigarrena, Nafarroako Kualifikazioen Institutua. Organo tekniko horrek Kualifikazioen Institutu Nazionalaren erantzunkide izanen da Lanbide Kualifikazioen Katalogoaren prestaketa lanetan. Bi organo horiek, zuzeneko koordinazioa behar baitute, Foru Administrazioko Departamentu berari atxikita egonen dira.
Kualifikazioen Sistema Nazionalaren markoan, enpleguaren dinamikaren azterketa eta jarraipena, gure erkidegoan, Enplegua Aztertzeko Unitateak eginen du. Unitate hori Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren menpe dago, apirilaren 29ko 148/1998 Foru Dekretuaren 11.1 eta 27. artikuluen arabera.
Bestalde, lan esperientziaren bidez lortzen diren lanbide kualifikazioak aitortu eta ziurtatzeko administrazio unitate bat eratuko da. Unitate hori Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuari atxikiko zaio eta sortuko den Nafarroako Kualifikazioen Institutuaren irizpide teknikoei jarraikiz lan eginen du.
Gizarte eragileek eta autonomi erkidegoek Estatuko Administrazio Orokorrak lanbide heziketaren inguruan jorratzen dituen lan-ildoetan parte hartzeko Lanbide Heziketaren Kontseilu Orokorrak eskaintzen duen aukerabideaz gainera, bidezko da hiru aldetako organo bat eratzea gure erkidegoan, Nafarroako Gobernuari bere kudeaketa esparruaren pean diren lanbide heziketako gaiei buruz aholkua emateko.
Kontuan harturik Hezkuntza eta Kultura Departamentuak lanbide heziketa diseinatu eta kudeatzeko lanetan duen esperientzia handia eta haren menpe lanbide heziketako ikastetxeen azpiegitura handia dagoela, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua Departamentu horri atxikiko zaio, baina haren funtzionamenduan partaidetza zabala behar dela ahaztu gabe.
Nafarroako Gobernuak, gazteen eta langileen prestakuntza hobetzeak gizartean eta politika mailan duen garrantziaz jabetu delarik, ezinbestekotzat jotzen du Kontseilu aholku- emaile hori sortzea. Aholkularitza eta parte-hartze demokratikorako organo horren bitartez, lan eta hezkuntzako administrazioak eta sindikatu eta enpresarien elkarteek lanbide heziketaren inguruko alderdi guztietan elkarrekin parte hartzeko aukerabidea instituzionalizatu, bideratu eta sistematizatu nahi da.
Azken urteotan ekonomia, gizarte eta politikaren arloan gertaturiko berrikuntzak ikusirik, egoki litzateke topagune demokratiko berri bat sortzea, egungo egoerari egokitua eta etorkizunari begira jarria. Izan ere, aldaketa sozioekonomiko eta legegintzazko horiek kontuan hartzekoak dira, Nafarroan lanbide heziketaren arloan garatu beharreko politika diseinatzeko orduan.
Lehenbiziko aldaketa, arestian adierazi bezala, langileei eskatzen zaien lanbide kualifikazioan gertatu da. Ekonomikoki garatua den herrialde baten lehiakortasuna ezin da eskulan merkearen edo gauzazko baliabideak eskura izatearen menpe egon. Gaur egun, giza baliabideak eta antolamendu egokia dira enpresa arrakastatsu baten nortasun adierazleak.
Gauzak ongi egiteko nahia, lan jardunean sortzaileak izatea, berritzeko gaitasuna, eginkizunen aniztasuna edo gauza berriak ikasteko gogoa; horra hor profesional berrien ezaugarriak.
Enpresa eta erakundeei langile kualifikatuak eskaintzea, edozein delarik lanbide heziketa emateko bidea, enpresarentzako etekin bat izateaz gainera, ehun sozioproduktiboa aberastu eta enplegua ugaldu eta hobetzeko bidea ere bada. Gure erkidegorako prestaturiko Enplegu Planean, hala nola gure inguruan lehiakortasunari eta enpleguari buruz antolatzen diren bilera eta topaguneetan - zehazki, egin berri den Luxenburgoko gailurrean- lanbide heziketaren garrantzia nabarmentzen da, politika estrategikoaren alderdirik garrantzitsuenetariko bat delakoan.
Bigarrenik, azken urteotan, enpresa elkarteak eta sindikatuak gero eta gehiago inplikatzen ari dira lanbide heziketaren diseinuaren eta garapenaren alderdi guztietan. Gaur den egunean, lanerako prestakuntzarako eta etengabeko prestakuntzarako (nagusiki gizarte eragileek antolatua eta kudeatua) bideratzen diren baliabideek ikaragarrizko igoera izan dute, eta horrek ekarri du jende askok lana aurkitzeko edo lehengo lanari eusteko prestakuntza hobea izatea.
Hirugarrenik, azkenik, aipatu dugun urriaren 3ko 1/90 Lege Organikoak lanbide heziketa berri eta hobea diseinatu du. Lanbide Heziketaren egitura berria ezarri du, bi ziklotan banatua: oinarrizko prestakuntza (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa) eta berariazko lanbide heziketa (erdi edo goi mailako heziketa zikloak). Aurreko beste legegintzako egoera batzuetan ez bezala, berariazko lanbide heziketa ez da eskola porrota bideratzeko berezko irteera gisara planteatzen.
Nafarroan, heziketa ziklo berrien antolaketa otsailaren 13ko 35/1995 Foru Dekretuaren bidez arautu zen. Bertan lanbide heziketa berriaren antolamendu akademikoaren oinarriak ezarri ziren. Gainera, hainbat foru dekreturen bitartez, Nafarroako ikastetxeetan ematen diren lanbide heziketako titulu guztien curriculumak ezarri dira.
1/90 Lege horrek berak, 23. artikuluan, lanbide heziketako programa berariazkoen eskaintza ezartzen du, derrrigorrezko heziketa gainditzen ez duten ikasleei zuzendua. Nafarroari dagokionez, programa horiek ekainaren 21eko 233/1999 Foru Dekretuaren bidez arautu ziren.
Lanbide Heziketa Arautu berriak irakaskuntza horien kalitatea ikaragarri hobetzea ekarri du; ez bakarrik tituluen diseinuan kasuan kasuko produkzio-inguruneak egindako kualifikazio eskakizunak sartu direlako, baizik eta heziketa ziklo guztietan lantoki batean egin beharreko derrigorrezko prestakuntza-aldia ezarri delako (zikloaren laurden bat gutxi gorabehera). Antolamenduan egiten den berrikuntza akademiko horren ondorioz, ikasleak alde biko prestakuntza jasotzen du: ikastetxean eta enpresan.
Hortaz, aldaketa sozioekonomiko eta legegintzako horiek guztiak instituzioetan asimilatu behar dira, egitura berriak ezarriz. Hurrengo urteetan Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak lan garrantzitsua jorratu behar du Nafarroako Gobernuaren aholku-emaile gisa, gure enpresen lehiakortasunari esker langabezia murriztu eta nafar guztien ongizatea hobetu dadin.
Horrenbestez, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak eta Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak egindako proposamenari jarraikiz, eta Nafarroako Gobernuak bi milako uztailaren hiruan egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat etorriz, dekretatu dut:
1. artikulua. Izaera.
Foru Dekretu honen bidez Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua eratzen da, Lanbide Heziketa arautuaren eta ez- arautuaren arloan erakundeek eta gizarteak parte hartzeko eta haientzako aholkularitza organo kolegiatu gisa.
2. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluari honako eginkizun hauek dagozkio:
a) Lanbide Heziketaren Plan Orokor baten proposamena egitea, Nafarroako Foru Komunitatean garatu beharrekoa, Nafarroako Gobernuak onets dezan. Plan horren helburua lanbide heziketarako eskaintza guztietan -hasierako heziketa arautuan, etengabekoan eta lanerako prestakuntzakoan- erabiltzen diren baliabide publikoak koordinatu eta haiei etekina ateratzea izanen da, hori guztia produkzio sistemak kualifikaziorako egiten duen eskakizunari erantzuteko.
b) Lanbide Heziketaren Plan Orokorraren bilakaera aztertzea eta haren aplikazioari eta betetze-mailari buruzko urteko txostena prestatzea.
c) Nafarroako Gobernuari aholku ematea, galdetzen zaizkion lanbide heziketako alderdiei buruz.
d) Kualifikazioen Sistema Nazionala Nafarroan garatzeko proposamenak egin eta aholkuak ematea, besteak beste ondoko eginkizun hauek jorratu eta sistema hura garatzeko ardura duten erakundeei: lanbideen garapena aztertzea, kualifikazioak zehaztea, prestakuntzarako moduluen katalogoa zehaztea eta lanbide gaitasunak egiaztatzea.
e) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumenen markoan, lanbide heziketa arautuaren titulazioetako curriculum diseinuei buruzko txostenak prestatzea eta lanbide heziketako maila eta espezializazioetarako titulazio berriak proposatzea.
f) Lanbide Heziketa ez-arautuaren esparruan, lanbide ziurtapenen proposamenari buruzko txostena egitea.
g) Lanbide Heziketaren gaineko txostenak, proposamenak, gomendioak eta ikerlanak egitea, Kontseiluaren beraren ekinbidez edo arlo horretan eskumena duen administrazio batek eskatuta. Horiek egiteko beharrezko duen informazioa biltzeko erabateko eskubidea izanen du.
h) Lanbide Heziketa ez-arautuaren inguruko jarduerak egiten dituzten ikastetxeak homologatzeko irizpideei buruzko txostenak egitea.
i) Lanbide Heziketa arautuan eta ez-arautuan parte hartzen duten organo publiko eta pribatuen arteko koordinazioa bultzatzea.
j) Lanbide heziketaren garapena helburu, enpresen partehartzea sustatzea.
k) Lanbide eta laneko orientazioa hobetzeko ekintzak proposatzea.
l) Kontseiluaren funtzionamendurako arautegia onestea.
m) Bere eskumen esparruaren barrenean, zehazten den beste edozein eginkizun.
3. artikulua. Batzordekideak eta izendapena.
1.-Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua honako kide hauek izanen ditu:
Kontseiluburua.
Kontseiluburuordea.
Idazkaria.
Hamabi kontseilukide.
2.-Kide horien izendapena foru dekretu bidez eginen da.
4. artikulua. Kontseiluburua.
1.-Kontseiluburu izatea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilariari dagokio.
2.-Hona hemen kontseiluburuari dagozkion eskurantzak:
a) Kontseiluaren ordezkari eta eledun izatea.
b) Bilkura arrunt eta berezien deialdia egitea eta eguneko gaien zerrenda zehaztea, kontseilukideek garaiz egindako eskaerak kontuan harturik.
c) Bilkuretan buru aritzea, haiei amaiera ematea eta eztabaidak zuzentzea.
d) Berdinketa izanez gero, bozketaren emaitza erabakitzea.
e) Kontseiluko erabakien akta eta ziurtapenak ikus- onestea.
f) Kontseiluaren araubidea eta Foru Dekretu honetako xedapenak betetzen direla bermatzea.
g) Organo kolegiatu bateko buruari dagozkion gainerako eginkizunak.
5. artikulua. Kontseiluburuordea.
1.-Kontseiluko buruordea Nafarroako Gobernuko Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilaria izanen da.
2.-Hona hemen buruordeari dagozkion eskurantzak:
a) Kontseiluburutza bete gabe edo titularra kanpoan edo eri baldin bada, kontseiluburuaren eskurantza guztiak erabiltzea.
b) Kontseiluko kide den aldetik, dagozkion eginkizunak erabiltzea, boto emateko eskubidea barne delarik.
6. artikulua. Batzordekideak.
1.-Honako hauek izanen dira batzordeko kide:
a) Hezkuntza eta Kultura Departamentuko bi ordezkari, Departamentu horretako kontseilariak izendatu beharrekoak.
b) Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko bi ordezkari, Departamentu horretako kontseilariak izendatu beharrekoak.
c) Enpresarien elkarteetako lau ordezkari, eskumena duten organoek izendatuak. Horien artean Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganberako ordezkari bat izanen da.
d) Nafarroako Foru Komunitateko sindikatu garrantzitsuenetako lau ordezkari.
2.-Batzordeko kide titularrak zenbat diren, hainbat ordezko izendatuko dira, karguak bete gabe edo titularrak kanpoan edo eri direnean aritu daitezen.
3.-Sindikatuei eta enpresarien elkarteei dagozkien batzordekide titular eta ordezkoak izendatzeko proposamenak idazki bide eginen dira eta Kontseiluburuari igorriko zaizkio.
4.-Hona hemen batzordekideei dagozkien eskurantzak:
a) Bilkuretako deialdia garaiz jasotzea, gai zerrenda eta horiei buruzko informazioa barne.
b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartzea.
c) Boto eskubidea baliatzea eta boto partikularra ematea, hala nola botoaren esanahia eta haren arrazoibideak azaltzea.
d) Galdera eta erreguak egitea.
e) Hurrengo bilkuretan aztertzeko gaiak proposatzea.
f) Esleitu zaizkion eginkizunak betetzeko behar duten informazioa eskuratzea.
g) Batzordekide diren aldetik, haiei dagozkien gainerako eginkizunak.
7. artikulua. Idazkaria.
1.-Nafarroako Lanbide Heziketaren Batzordeko idazkari lanetan Hezkuntza eta Kultura Departamentuko funtzionario bat arituko da, kontseilariak izendatua.
2.-Idazkariari honako eskurantza hauek dagozkio:
a) Bilkuretan parte hartzea, hizpidea bai, baina boto emateko eskubiderik gabe.
b) Batzordeburuaren aginduz, bilkuren deialdia egitea eta kide guztientzako zitazioak prestatzea.
c) Kontseiluko kideen komunikazioak, jakinarazpenak, datu-eskakizunak, zuzenketak edo berak ezagutu beharreko gainerako idazkiak jasotzea.
d) Gaiak nola bideratuko diren prestatzea eta bilkuretako aktak idatzi eta baimentzea.
e) Egiten diren kontsulten eta onesten diren irizpen eta erabakien ziurtapenak luzatzea.
f) Idazkaria den aldetik, dagozkion gainerako eginkizunak.
8. artikulua. Funtzionamendua.
1.-Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilua osoko bilkuretan bilduko da, eta erabakiak gehiengoz hartuko ditu.
2.-Kontseiluaren Osoko Bilkura batzordeburuak, batzordeburuordeak, batzordekide guztiek eta idazkariak osatuko dute.
3.-Kontseilua urtean bitan elkartuko da, gutxienez.
9. artikulua. Lan Batzordeak.
1.-Azterlan edo proiektu jakin batzuetarako, Kontseiluaren osoko bilkurak aholkulari edo teknikarien laguntza eskatu ahalko du. Era berean, lanbide heziketaren arloko programen bilakaera aztertu eta ebaluazioa egiteko txostenak agindu ahalko ditu.
2.-Lan Batzordeetan honako hauek parte hartu ahalko dute, Osoko Bilkurak hala erabakitzen badu:
a) Kontseilutik kanpoko pertsonak, Batzordeak kasuan- kasuan jorratu behar duen gai jakin batean adituak badira.
b) Kontseiluko kideak.
10. artikulua. Urteko memoria eta txostena.
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, urtero, jardueren memoria prestatuko du, hala nola Lanbide Heziketak Nafarroan duen egoerari buruzko txosten bat, non Lanbide Heziketaren Plan Orokorrean zehaztutako helburuen betetze maila jasoko den.
11. artikulua. Atxikipena eta finantzazioa.
1.-Lanbide Heziketaren Nafarroako Kontseilua Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikita geldituko da.
2.-Kontseiluan ordezkaritza duten sindikatuek eta enpresaburuen elkarteek beren ordezkariak bidaltzeagatik legez dagozkien ordainsariak jasoko dituzte.
Xedapen Gehigarri Bakarra
Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, eratu eta sei hilabeteko epean, funtzionamendu eta antolamendurako arautegia prestatuko du. Arautegi hori Hezkuntza eta Kultura kontseilariak onetsi beharko du, Kontseiluaren Osoko Bilkurak proposaturik.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra
Indarrik gabe utzi da Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseilu Nagusia sortu zuen urtarrilaren 31ko 44/1991 Foru Dekretua.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.