Castellano | Euskara | Français | English
(2010eko 96. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 9an)
Atarikoa
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 1. eta 2. artikuluetan ezarrita dagoenez, hezkuntzaren eskaintza bideratuko da bizitzan osoan zehar etengabeko heziketa sustatzera, eta egokituko da pertsonen helburu diferenteetara eta haien egoera pertsonal eta profesionaletara.
Abenduaren 15eko 1538/2006 Errege Dekretuak Hezkuntza Sistemaren Lanbide Heziketaren antolamendu orokorra ezartzen du, eta VII. kapituluan urrutiko Lanbide Heziketaren irakaskuntzen esparru orokorra arautzen du.
Bestetik, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan lanbide heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, lanbide heziketa ikasteko urrutiko modalitatea ezartzen da, eta 26. artikuluan, berriz, urrutiko lanbide heziketa garatzeko heziketarako plataforma bat sortzea, berrikuntzaren ildo estrategikoen barruan.
Gaur egun, gure enpresetan teknologiak eta berrikuntzak lehiakortasun maila estrategikoa hartua dutelarik, teknikariek lan bizitzan zehar prestakuntza edo kualifikazio berria jasotzea ezinbestekoa da ekoizpen eta zerbitzuen sektoreetan. Langileen edo helduen prestakuntzarako beharrezkoa da heziketa prozesuak modu malguan antolatzea, denborak eta tokiak lanarekin eta familiarekin bateragarri egiteko.
Heziketan teknologia berriak sartu izanak eta egin dioten ekarpenak erraztu egin dute malgutasun eta interaktibitatearen kontzeptuak heziketa prozesu eraginkorren parte bihurtzea, bereziki urrutiko heziketaren modalitatean.
Alde batetik, IKTek malgutasuna eta interaktibitatea ekartzen dituzte, aukera ematen dutelako tokiak eta denborak bateragarri egiteko, bitarteko eta produktu teknologiko batzuetan igortzen den eta/edo dagoen informazioa bakarka erabiliz (toki eta denbora desberdinetan: ikasketa asinkronikoa) edo taldeka (toki desberdinean, aldi berean: ikasketa sinkronikoa).
Malgutasuna eta interaktibitatea ekartzen dituzte, halaber, programa bateko partaideak, "urrutitik", tutoreekin eta beste partaideekin harremanetan egon daitezkeelako etengabe ("linean egon") , baita laguntza jaso ere ikasketa prozesuan. Elkarrizketak, informazio trukaketak, zalantzak argitzeak eta ikuspuntu desberdinek eratzen dute jakintza, bakarka nahiz taldean.
Erabilitako teknologiek eta bitartekoek, konbinatuta eta koordinatuta, erraztu egiten dituzte toki desberdinetan dauden pertsonen arteko lankidetzazko urrutiko ikasketa prozesuak.
Ildo horretan, Hezkuntza Departamentuak urrutiko heziketarako plataforma bat garatu du Lanbide Heziketarako. Plataforma hori ikastaroak kudeatzeko sistema bat da, Internet bitartez eta material didaktiko elektronikoak erabiliz, aukera ematen duena lineako urrutiko heziketarako ikastaroak prestatu eta tutorizatzeko, irakasle-tutorearekin eta gainerako ikasleekin.
Horregatik guztiagatik, aipatutako 54/2008 Foru Dekretuaren azken xedapenetan lehenarekin bat, azaldutakoari jarraikiz, beharrezkoa da lineako urrutiko lanbide heziketako ikasketen ezarpena eta antolaketa arautzea Nafarroan.
Agindu dut:
1. Hezkuntza sistemako lanbide heziketako ikasketen ezarpena eta antolaketa arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetatik linean emanen den urrutiko modalitatean, hurrengo artikulu hauen arabera:
I. KAPITULUA. Alderdi orokorrak
1. artikulua. Definizioa eta eskaintza motak.
1.1. Lineako urrutiko Lanbide Heziketaren definizioa hauxe da: heziketa eskaintzaren modalitate bat, komunikazio bide bat erabiliz, gehienbat Internet, bizitzan zehar pertsonen kualifikazio edo birkualifikaziorako aukera ematen duena, lankidetzaz eta elkarrizketaz baliatzen den heziketa eredu baten bitartez.
1.2. Lanbide Heziketaren lineako urrutiko eskaintza partziala izanen da, lanbide modulu edo heziketa unitatetan antolatua.
2. artikulua. Helburuak.
2.1. Pertsonei laguntzea bizitzan zehar lanbide heziketa jasotzen, modu malguan Internet eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.
2.2. Heziketarako plataforma bat sortzea, lineako tutorepeko heziketa emateko, moldagarria, kalitatekoa eta lanbideek eta lan merkatuak kualifikazioaren arloan eskatzen dutenera egokitua.
II. KAPITULUA. Ikasleak onartu eta matrikulatzea
3. artikulua. Sartzeko baldintza orokorrak.
Ikasketa modalitate honetan sartzeko betebehar akademikoak hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren ikasketak egiteko oro har eskatzen diren berberak izanen dira.
4. artikulua. Eskaera.
4.1. Onartu eta matrikulatzeko eskaera lanbide modulu edo heziketa unitateen arabera eginen da.
4.2. Eskatzaile bakoitzak bide telematikoa erabiliz edo ikastetxean bertan aurkeztu ahal izanen du bere eskaera.
5. artikulua. Onarpen eta Orientazio Batzordea.
5.1. Ikastetxe bakoitzean eta eskainitako espezialitate bakoitzean Onarpen eta Orientazio Batzorde bat eratuko da, kide hauekin:
-Zuzendaritza taldearen ordezkari bat.
-Eskainitako espezialitatearen departamentu didaktikoaren buru den pertsona.
-Modalitate honetan aritzen diren bi irakasle-tutore.
-Orientazio departamentuko buru den pertsona.
5.2. Hauek izanen dira batzordearen eginkizunak:
-Onarpen prozesua gainbegiratzea, eskatzaileei aholku emanez eta irizpideak behar bezala aplikatzen direla zainduz.
-Jasotako aurreinskripzioak aztertu eta, behar izanez gero, orientazio-txosten bat egitea, ikasle bakoitzak, aprobetxamendua egokia izan dadin eta egoera pertsonala nahiz lanekoa kontuan hartuta, eginen dituen modulu eta/edo heziketa unitateen kopuruari buruzkoa.
-Eskatzaileek frogatutako lan esperientzia baloratzea.
-Onartutako eskabideak ontzat ematea.
-Onartuen behin-behineko zerrendaren kontra aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.
-Ikasleen matrikula ofizioz baliogabetzea.
Eginkizun horiek betetzeko, batzordeak, aurkeztutako agiriak aztertzeaz gain, egokitzat jotzen duen informazio osagarria ere eskatu ahal izanen die eskatzaileei.
6. artikulua. Ikasleak onartzeko irizpideak.
6.1. Lineako urrutiko modalitatean sartzea eskatzen duten ikasleentzat lehentasun hauek aplikatuko dira, ordena honetan:
a) Lehendabizi, jarraitu nahi den ziklo bereko beste modulu edo heziketa unitate bat aurreko ikasturtean eta urrutiko modalitatean gainditu duten ikasleak.
b) Bigarren, edozein modalitatetan heziketa ziklo bereko modulu edo heziketa unitateren bat gainditu edo egiaztatua duten ikasleak, aurreko ikasturtean ikasketa horiek egin ez badituzte.
a eta b ataletan, gainditu edo frogatzen diren modulu edo heziketa unitateen kopuruak ezarriko du onarpen ordena, gehien dituenetik gutxien dituenera.
Kalkulu orokorrak egiteko, hiru heziketa unitate heziketa modulu baten baliokide izanen dira.
Berdinketa gertatuz gero, ikasketa espedienteko edo sarrera probako notak ezarriko du ordena.
c) Hirugarren, eskatzen duten heziketarekin lotutako lan esperientzia frogatzen duten eskatzaileak, gutxienez urtebetekoa lanaldi osoan.
Atal honetan, lan esperientziaren iraupenak ezarriko du onarpen ordena, handienetik txikienera. Berdinketa gertatuz gero, ikasketa espedienteko edo sarrera probako notak ezarriko du ordena.
d) Laugarren, eskatzen duten heziketa zikloarekin loturik ez dagoen lan esperientzia frogatzen duten eskatzaileak, gutxienez urtebetekoa lanaldi osoan.
Atal honetan, lan esperientziaren iraupenak ezarriko du onarpen ordena, handienetik txikienera. Berdinketa gertatuz gero, ikasketa espedienteko edo sarrera probako notak ezarriko du ordena.
e) Bosgarren, lan esperientziarik frogatzen ez duten eskatzaileak.
Atal honetan, berdinketa gertatuz gero ikasketa espedientearen edo sarrera probaren notan, zozketa eginen da.
Laneko esperientzia frogatzeko aurkeztu beharrekoak:
-Gizarte Segurantzako Diruzaintzaren edo Lan Mutualitatearen ziurtagiria, non enpresa, lanbide kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia, edo, betiere, Langile Autonomoen Araubide Bereziko kotizazio aldia adieraziko baitira.
-Lantoki izandako enpresaren ziurtagiria, datu hauekin: kontratuaren iraupena, egindako lana eta zenbat denbora egin duen lan horretan. Beren kontura ari diren langileen kasuan, jarduera ekonomikoen gaineko zergan inskribaturik daudela frogatzen duen ziurtagiria eta zerga hori ordaindu izanaren frogagiriak.
6.2. Eskainitako tokien kopurutik %5 gordeko da %33ko elbarritasuna edo handiagoa duten ikasleentzat eta %5 errendimendu handiko kirolarientzat.
Betetzen ez diren tokiak eskainitako gainerako tokiei gehituko zaizkie.
6.3. Onartutakoen behin-behineko zerrenda Nafarroako Gobernuaren atarian, Hezkuntza Departamentuko web orrian emanen da argitara, bai eta jendaurrean jarriko ere ikastetxeko iragarki oholean.
6.4. Erreklamazioak aurkezteko epea zerrenda argitaratu eta hiru egun baliodun iraganik amaituko da; epe horretan ez da dokumentazio berririk aurkezterik izanen.
Epea amaituta eta alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, lehen aipatutako horietan beretan emanen da argitara onartutakoen behin betiko zerrenda.
6.5. Eskatutako lanbide modulu edo heziketa unitateetan onartu ez diren eskatzaileekin itxaron zerrenda bat osatuko da, aurreko ataletan ezarritako irizpideen arabera ordenaturik, eta toki hutsak geldituz gero onartu ahal izanen dira, ikastaroko lehen hilean betiere.
7. artikulua. Matrikulazioa.
7.1. Onartutako ikasleen behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, matrikularako epea irekiko da, bide telematikoa erabiliz edo ikastetxean bertan.
7.2. Ikasturte berean modalitate honetan eta Lanbide Heziketako ikasketen modalitate orokor osoan matrikulatzea bateraezina izanen da, Lanbide Heziketako ikastetxe berean nahiz beste batzuetan.
7.3. Era berean, Onarpen eta Orientazio Batzordeak indarrik gabe utzi ahal izanen du ikaslearen matrikula, moduluko ikastaroa lehendabiziko 15 egunetan hasten ez badu edo lehendabiziko 3 egunetan, heziketa unitateen eskaintzaren kasuan.
7.4. Ikasleak ikastaroa hasi eta hilabetea iragan baino lehen eskatzen badu, ikastetxeko zuzendaritzak indarrik gabe utzi ahal izanen du modulu bateko matrikula. Kasu horretan, matrikula hori ez da deialdi gisa kontatuko.
7.5. Aurreko bi ataletan ezarritakoaren ondorioz hutsik gelditzen diren tokiak itxaron zerrendan dauden pertsonek bete ahal izanen dituzte.
8. artikulua. Eskolatzeko prozeduraren egutegia.
Ikasketa modalitate honetan ikasleak onartu eta matrikulatzeko epea Hezkuntza Departamentuak ezarritakoa izanen da.
III. KAPITULUA. Antolaketa didaktikoa
9. artikulua. Eskolaldia.
Oro har, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako modulu-ikasketetarako eskolaldia, urrutiko modalitatean, urritik ekainera bitartekoa izanen da, biak barne. Heziketa unitateen ikastaroak beste eskolaldi batzuetan antolatu ahal izanen dira, horien iraupenaren arabera.
Nolanahi ere, kasu bakoitzean Hezkuntza Departamentuak eskolaldiaren bestelako egutegia baimendu ahal izanen du, arrazoi bereziengatik edo antolaketagatik.
10. artikulua. Ikasle taldea.
Lineako urrutiko modalitatean, talde bakoitzak 40 ikasle izanen ditu gehienez, modulu edo heziketa unitate bakoitzeko.
Halere, Hezkuntza Departamentuak baimena eman dezake taldeko ikasle kopuru hori aldatzeko, arrazoi bereziengatik edo antolaketagatik.
11. artikulua. Moduluen eta heziketa unitateen curriculuma.
Urrutiko modalitatean, lanbide moduluen curriculuma hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako tituluak arautzen dituzten foru dekretuetan ezarritakoa izanen da.
12. artikulua. Lineako urrutiko heziketaren metodologia.
12.1. Ikaskuntza modalitate honen oinarriak hauek dira:
-Internet eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezko heziketa elektronikorako plataformaren erabilera.
-Material didaktikoak multimedia eta formatu anitzekoak izatea.
-Autoikaskuntza, banakakoa eta lankidetzazkoa, sinkronikoa eta asinkronikoa.
-Lineako tutorizazio telematiko etengabea.
-Presentziako jarduerak.
12.2. Modalitate honen funtsa tutoretza da, zeinaren bitartez emanen baitira ikasle bakoitzak,modulu bakoitzean ikasi beharrekoa modu pertsonalizatuan bereganatzeko behar dituen laguntza, estimulua eta autoikaskuntzarako estrategia didaktikoak.
12.3. Lineako urrutiko modalitateko Lanbide Heziketako ikasketak antolatzean, presentziako zati bat ere aurreikusi ahal izanen da, gehienez ere ordu kopuru osoaren % 33koa.
13. artikulua. Heziketa zikloaren koordinatzailea lineako urrutiko heziketaren modalitatean.
Urrutiko modalitatean emandako heziketa ziklo bakoitzean zikloko koordinatzaile bat izendatuko da, zikloan irakasteaz gain zikloko koordinatzailearen eginkizunak beteko dituena:
-Ikasketa hauen eta heziketa zikloaren irakasle-tutoreen koordinazio pedagogiko eta didaktikoa egitea.
-Ikasleekin ikastetxean bertan egin behar diren bilerak planifikatzea.
-Plataformarako material didaktiko elektronikoen prestakuntza koordinatzea, bai eta horiek egokitu eta/edo egokitzea ere.
-Ikastaro amaieran eta hasieran, eta hiru hilean behin gutxienez, heziketa ziklo berean urrutiko lanbide moduluetan aritzen diren irakasleekin biltzea, koordinazio pedagogikoa eta ikasle bakoitzaren nahiz talde osoaren ebaluazioa egiteko.
-Urrutiko heziketa unitateak ematen dituzten irakasleekin bi bilera egitea, gutxienez, bata ikastaroa hasi aurretik eta bestea amaitzean, koordinazio pedagogikoa, ikastaroaren ebaluazio orokorra eta ikasle bakoitzarena egiteko.
-Plataformaren kudeaketan laguntzea.
14. artikulua. Tutoretza.
14.1. Lanbide modulu batean edo heziketa unitate batean matrikulatutako ikasle talde bakoitzak bere irakasle-tutorea izanen du, eginkizun hauekin:
a) Ikastetxeko Onarpen eta Orientazio Batzordeari igortzea heziketa jardueretan hasten diren edo horiek bertan behera uzten dituzten ikasleen zerrenda.
b) Ikasleak beren heziketan orientatu, gidatu eta laguntzea, lanbide gaitasunak eskura ditzaten, lineako urrutiko heziketa plataforman ezarritako bitarteko eta material didaktikoak erabiliz batez ere.
c) Ikasleek planifikatutako jardueretan parte har dezaten bultzatzea eta kontrolatzea.
d) Taldeko jarduerak dinamizatu eta sustatzea, bai eta ikasleen arteko komunikazioa ere, txat, foro, ikasgela birtual, bideo-hitzaldi, presentziako saio eta abarren bidez.
e) Ikasleen aurrerapenen jarraipena eta ebaluazio etengabea egitea.
f) Ebaluazio bilkuretan parte hartzea.
g) Presentziako probak egin eta ebaluatzea.
h) Material didaktikoak egokitzen eta/edo eguneratzen eta plataforma hobetzen laguntzea.
14.2. Irakasle-tutoreak eginen du ikastaro bakoitzean urrutiko moduluaren edo heziketa unitatearen programazio didaktikoa. Espresuki jasoko ditu honakoak: metodologia didaktiko berariazkoa, presentziako jarduerak, jarraipen eta dinamizazio estrategiak eta modalitate honetarako berariazkoak diren ebaluazio irizpideak eta prozedurak.
14.3. Ikastaroa hasi aurretik, irakasle-tutoreek gutxienez bilkura bat, nahitaezkoa, egin beharko dute ikastetxean, matrikulatutako ikasleekin, helburu hauekin:
a) Ikastaroaren egutegia, programazioa, metodologia, ebaluazioa eta funtzionamendua.
b) Plataformaren funtzionamendua azaltzea eta eskuliburuak ematea.
c) Beharrezkoa den dokumentazioa ematea.
15. artikulua. Irakasleen betebeharrak.
15.1. Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren ikasketak lineako urrutiko modalitatean emanen dituzten irakasleek eduki beharreko tituluak irakaskuntza horietarako oro har eta indarreko araudiarekin bat ezarritakoak izanen dira.
15.2. Urrutiko irakaskuntza hauek emanen dituzten irakasleek frogatu beharko dute, ezartzen den prozedura erabiliz, prestakuntza berariazkoa dutela lineako urrutiko heziketarako plataformen erabileran, materialen eguneraketan eta lineako tutoretzan.
Hezkuntza Departamentuak irakasleak irakaskuntza modalitate honetan trebatzeko programak garatuko ditu aldian-aldian.
15.3. Modalitate honetarako, irakasleek ikastetxeetan eman beharreko ordu kopurua izanen da titulu bakoitzari buruzko foru dekretuan modulu edo heziketa unitate bakoitzerako ezartzen dena.
16. artikulua. Heziketarako plataforma eta material didaktikoak.
16.1. Heziketa plataforma kode irekikoa izanen da eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan software librearen erabilera eta garapena erraztuko da.
16.2. Heziketa plataforma beste batzuekin uztartuta egon daiteke ikastetxe bakoitzean, baina betiere kudeaketa sistema komunarekin eta material didaktikoen biltegi bakarrarekin.
16.3. Material didaktikoak batez ere multimedia eta interaktiboak izanen dira, eta ikasleen lankidetzazko autoikaskuntzarako lagungarriak, sistema malgu batean.
16.4. Hezkuntza Departamentuak ezarriko du zein izanen den material didaktiko hauek sortu eta eguneratzeko prozedura.
16.5. Hezkuntza Departamentuak plataformaren barruan garatuko du internet bidezko tele-tutoretza eta lineako urrutiko praktikak egiteko sistemak.
17. artikulua. Lantokiko Prestakuntza modulua.
Lantokiko Prestakuntza modulua apirilaren 2ko 45/2009 Foru Aginduan eta modulua arautzen duen apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoari lotuko zaio eta, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko enpresetan eginen da.
IV. KAPITULUA. Ebaluazioa, egiaztapena eta titulazioa
18. artikulua. Ebaluazioa.
18.1. Ikasleek ikasitakoa etengabe ebaluatuko da, eta ebaluazio hori foru agindu honetan eta hau garatzen duen araudian xedatutakoaren arabera arautuko da. Arestian aipatutako arauetan ezarrita ez dagoen guztian, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan edo haren ordezko araudian xedatutakoa aplikatu beharko da.
18.2. Irakasle tutoreek ikasleek ikasitakoaren jarraipena eta ebaluazioa eginen dute eta, horretarako, moduluen edo heziketa unitateen programazioan informazioa biltzeko ezarritako bitartekoak eta prozedurak erabiliko dituzte, ikasleek aldez aurretik ezagutu beharko dituztenak.
18.3. Irakasle-tutoreek ikaste prozesuaren bilakaeraren berri emanen diete ikasleei aldian-aldian, eta gomendatuko diete zein neurri hartu behar dituzten prozesua hobetzeko programazioan ezarri diren prozeduren bidez.
18.4. Heziketa ziklo berean urrutiko lanbide moduluetan aritzen diren irakasleak eta zikloko koordinatzailea ikastaro amaieran eta hasieran, eta hiru hilean behin gutxienez, bilduko dira, koordinazio pedagogikoa eta ikasle bakoitzaren nahiz ikastaroaren ebaluazioa egiteko.
Urrutiko heziketa unitateak ematen dituzten irakasleek eta kasuko zikloaren koordinatzaileak bi bilera eginen dituzte, gutxienez, bata ikastaroa hasi aurretik eta bestea amaitzean, koordinazio pedagogikoa, ikastaroaren ebaluazio orokorra eta ikasle bakoitzarena egiteko.
18.5. Heziketa prozesuan zehar, presentziako proba bat eginen da gutxienez, ikastaroa amaitu aurretik.
Proba horretan ikastaroan ikasi beharrekoa noraino erdietsi den frogatuko da.
19. artikulua. Deialdiak.
Lineako urrutiko heziketaren modalitatean eskainitako modulu edo heziketa unitate bakoitzean azken ebaluazioko deialdiak, gehienez ere, lau izanen dira, Lanbide Heziketaren beste modalitateetan erabili diren deialdiak kontuan hartu gabe.
20. artikulua. Ebaluazio agiriak.
Lanbide Heziketako urrutiko modalitatean egindako heziketa zikloetan, ebaluazio agiriak eta horiekin lotutako alderdiak hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako heziketa zikloetako ebaluazioari buruzko araudian oro har ezarritakoak izanen dira.
21. artikulua. Egiaztapena.
21.1. Lanbide moduluak edo heziketa unitateak gainditzeak horien egiaztapena jasotzeko eskubidea ekarriko du.
21.2. Ikasle bakoitzaren espedientean jasoko da zein diren gainditu dituen moduluak edo heziketa unitateak, bai eta horien iraupena eta lortutako kalifikazioa ere.
22. artikulua. Tituluak ematea.
Foru agindu honen 3. artikuluarekin bat, ikasketa hauek egiteko baldintzak betetzen dituzten ikasleek, heziketa zikloa osatzen duten modulu guztiak gainditzen dituztenek, egindako heziketa zikloko "teknikari" edo "goi mailako teknikari" titulua lortuko dute.
V. KAPITULUA. Lineako urrutiko Lanbide Heziketako irakaskuntzari laguntzeko plana
23. artikulua. Laguntza plana.
Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketaren modalitate honen jarraipena egin eta laguntzeko plan bat ezarriko du.
Plan honen helburuak hauek izanen dira:
1. Plataformaren hobekuntza teknikoa.
2. Plataformarako material didaktikoak sortu eta eguneratzeko sistema bat ezartzea.
3. Lanbide Heziketako irakasleei prestakuntza ematea honakoetan:
-Lineako plataformaren erabilera.
-Lineako tutoretza.
-Urrutiko heziketaren metodologia eta ebaluazioa.
-Material didaktiko multimedia eta interaktiboak egitea.
4. Ikastetxeetako sareak, ikasgela teknikoak eta instalazioak egokitu eta aldatzea, Lanbide Heziketako gainerako modalitateetan ikaskuntza elektronikoa hedatzeko.
5. Software librea bultzatzea Lanbide Heziketako ikastetxeetan.
Xedapen Gehigarri Bakarra. Foru agindu honetan jaso ez diren alderdiak.
Foru agindu honetan arautu gabeko alderdiak hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren modalitate orokorra arautzen duten arauen menpe egonen dira.
Xedapen Iragankor bakarra. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak.
Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak lineako urrutiko modalitatean ezarri eta antolatzeko prozedura Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko araudi berariazkoa onetsi bitartean, foru agindu honetan ezarritakoa aplikatuko zaie lanbide ikasketa horiei.
Azken Xedapenetan Lehena. Foru agindu honen garapena.
Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari baimena ematen zaio foru agindu hau aplikatzeko behar diren egintza guztiak emateko.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara dadin.
3. Foru agindu hau igortzea Lanbide Heziketako Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura, Berrikuntza Teknologikoaren eta Lanbide Heziketaren Atalera, Nafarroako Lanbide Kualifikazioen Institutua-Lanbide Kualifikazioen Atalera, Ikastetxeen Plangintza eta Garapenerako Atalera eta Lanbide Heziketa eta Enpresaren Atalera.