(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

49/2008 FORU DEKRETUA

49/2008 FORU DEKRETUA, maiatzaren 12koa, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko ikasketen egitura eta curriculuma ezartzen dituena

(2008ko 70. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 6an)

Zioen Azalpena

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 34.3 artikuluak xedatzen du Gobernuari dagokiola, autonomia erkidegoei kontsulta eginik, batxilergoko modalitateen egitura, modalitate bakoitzeko berariazko irakasgaiak eta ikasleek horietako zenbat irakasgai izan behar dituzten ezartzea. Halaber, 6.2 artikuluak dio Gobernuak finkatuko dituela Hezkuntzarako Eskubidea arautzen duen uztailaren 3ko 8/1985 Lege Organikoaren lehen xedapen gehigarriak (2. idatz-zatiko c) letra) aipatzen dituen gutxieneko ikasketak.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 47. artikuluak eta irakaskuntza ez-unibertsitarioko eginkizun eta zerbitzuak Estatuak Nafarroako Foru Komunitatearen esku uztea onetsi zuen abuztuaren 31ko 1070/1990 Errege Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz, eta batxilergoaren egitura ezarri eta gutxieneko ikasketak finkatzen dituen azaroaren 2ko 1467/2007 Errege Dekretua argitaraturik, Nafarroako Gobernuari dagokio arau hori bere eskumeneko lurralde eremuaren arabera egokitzea eta bertan garatzea.

Legearen arabera helburu hirukoitza du batxilergoak: ikasleei prestakuntza eta heldutasun intelektual eta gizatiarra ematea, ezagutza eta trebetasunak ematea, eginkizun sozialak garatu eta bizitza aktiboan erantzukizun eta gaitasunez sartzeko, eta goi mailara iristeko gaitasuna ematea.

Helburu hori bete eta ikasleei prestakuntza intelektual, zibiko eta etiko sendoa ematearren, batxilergoak, derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntza den aldetik, eskakizun akademiko eta errendimendu maila altua du. Hezkuntza administrazioa derrigorrezko bigarren hezkuntzaren eta batxilergoaren artean jarraipena ziurtatzeaz arduratuko da.

Prestakuntza intelektualak zorroztasuna eta laneko teknikak menderatzea eskatzen du, bai eta irakasgaietako jakintzetan sakontzea ere. Batxilergoan erabiliko den metodologiak ondokoak lantzeko bidea emanen du: norbanakoaren lana eta taldekoa, pentsamendu autonomo, kritiko eta zorrotza, ikerketako teknika eta ohiturak erabiltzea jakintza arlo desberdinetan, eta ikasitakoa transferitu eta aplikatzea.

Ikasleek informazioaren eta komunikazioaren teknologiak menderatu behar dituzte -irakasgai guztien ikaskuntzarako beharrezko tresnak- goi mailako hezkuntzan nahitaezkoak baitira eta eguneroko bizitzarako eta lan munduan sartzeko erabilgarriak.

Curriculumean ageri diren hizkuntzetan hizkuntza gaitasuna garatzeak ikasketetan jarraitzeko edo bizitza aktiboan sartzeko bidea bermatzen du.

Irakurtzeko gaitasuna, idatzizko adierazpena eta jendaurrean ahoz zuzen adierazteko gaitasuna irakasgai guztietan landu beharko dituzte irakasleek. Gainera, batxilergoko ikasleek zenbait euskarritan ageri den eta iturri desberdinetatik heldu den informazioa egoki erabiltzen jakin behar dute, tartean eskolako liburutegia.

Prestakuntza zibiko eta etikoa lortzeko, batxilergoko ikasleek gizarte justu, solidario, anizkoitz eta demokratiko bateko balioetan hezten jarraitu behar dute.

Curriculumean, besteak beste, balioetan oinarrituriko hezkuntza ere izanen da: bakea eta elkartasuna, osasuna, nork bere burua zaintzea eta erantzukizuna partekatzea, ingurumena baloratu eta errespetatzea eta ondare historiko eta kulturala izanen dira balio horiek. Beste zenbait balio aurrerantzean ere landuko dira: giza bizitzaren duintasuna babestea, hezkuntza sexuala eta afektiboa, familiaren balioak eta bide hezkuntza.

Batxilergoak emanen duen hezkuntzak gizonen eta emakumeen berdintasunean oinarritutako harreman pertsonalak bultzatu nahi ditu bizitzako arlo guztietan, etorkizun profesionala hautatzeko orientazioa barne, bai eta gatazkak indarkeriarik gabe konpontzeko gaitasuna ere.

Derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntza den aldetik, garrantzi handiagoa du norberaren proiektuak edo talde batenak imajinatu, abiarazi, gauzatu eta ebaluatzeko gaitasuna garatzeak, betiere sormena landuz, konfidantzaz eta erantzukizunez jokatuz eta zentru kritikoa agertuz. Etapa honetan gaitasun hauek lantzen jarraitu beharko da: nork bere burua ezagutzea eta autonomiarako, autoestimurako eta emozioen kontrolerako ikaskuntza, jarraikitasuna, akatsetatik ikasteko gaitasuna eta arriskuak nork bere gain hartzea.

Batxilergoko helburuak etapa osorako zehaztu dira. Irakasgai bakoitzean helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak azaltzen dira, nahiz eta horiek biltzearen xedea ezagutzak modu koherentean aurkeztea den.

Batxilergoa zenbait modalitatetan antolatuta dago, eta irakasgai komunak, modalitatekoak eta aukerakoak daude, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ageri diren helburuak lortzera bideratuak. Modalitateak jakintzaren esparru nagusien eta goi mailako hezkuntzako ikasketen inguruan antolatu dira.

Espainiako historiaren irakasgaian eta Geografiakoan, ikasleek Nafarroako berezitasunak ikasi beharko dituzte, desberdintasunak baloratuz eta ondare kultural, natural eta artistikoa aintzat hartuz.

Curriculuma ikastetxe bakoitzeko ezaugarriei eta hezkuntza egoerari erantzuteko tresna baliagarria izan dadin, eta pedagogiaren, antolaketaren eta kudeaketaren autonomia printzipioarekin bat, ikastetxeei dagokie foru dekretu honetan ezarritako curriculuma garatu eta osatzea, familiekin elkarlanean aritzeko konpromisoak bultzatzea eta lankidetza giro positiboa sortzea hezkuntza komunitateko kide guztien artean.

Foru dekretu honetan ondokoa arautzen da: sartzeko baldintzak, egitura, curriculuma, ikaskuntza prozesuen ebaluazioa eta ikasleak mailaz igo eta haiei titulua emateko baldintzak.

Horretaz gainera, ikasketa hauek pertsona helduei eta gaitasun intelektual handiko ikasleei egokitzeko beharra ere kontuan hartu da, bai eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleei erraztasunak eta laguntza emateko baldintzak ere.

Horrenbestez, Hezkuntza kontseilariak Nafarroako Eskola Kontseiluaren irizpena jaso ondoren proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2008ko maiatzaren 12ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua eta aplikazio eremua.

Foru dekretu honek batxilergoko ikasketen egitura eta curriculuma ezartzen ditu, eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta pribatuetan aplikatuko da.

2. artikulua. Printzipio orokorrak.

1. Batxilergoa derrigorrezkoaren ondoko bigarren hezkuntzaren zati bat da eta bi ikasturte ditu. Zenbait modalitateren bidez garatzen da, modu malguan antolatuta dago eta, hala denean, zenbait bidetan, ikasleei prestakuntzarako dituzten asmo eta interesen araberako prestakuntza espezializatua eman ahal izateko edo batxilergoa bukatutakoan bizitza aktiboan sartzen laguntzeko.

2. Batxilergoan, eguneko araubide ofizialean, lau urtez egoten ahal da gehienez.

3. artikulua. Xedeak.

Batxilergoaren xedea da ikasleei prestakuntza eta heldutasun intelektual eta gizatiarra ematea, ezagutza eta trebetasunak ematea, eginkizun sozialak garatu eta bizitza aktiboan erantzukizun eta gaitasunez sartzeko. Era berean, goi mailara iristeko gaitasuna eman nahi zaie ikasleei.

4. artikulua. Sarrera.

1. Batxilergoko ikasketetan, edozein modalitatetan, ikasle hauek sartzen ahal dira:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua dutenak.

b) Lanbide heziketako teknikari titulua edo kirol teknikari titulua dutenak.

2. Batxilergoko Arteen modalitatean Arte Plastikoetako eta Diseinuko teknikari titulua dutenak sartzen ahal dira.

II. KAPITULUA. Egitura

5. artikulua. Egitura.

1. Batxilergoko modalitateak hauek dira:

a) Arteak.

b) Zientziak eta Teknologia.

c) Giza eta Gizarte Zientziak.

2. Modalitate horietako bakoitza irakasgai komunetan, modalitateko irakasgaietan eta aukerako irakasgaietan antolatuta dago.

3. Arteen modalitateak bi bide izanen ditu: horietako bat arte plastikoei, diseinuari eta irudiari buruzkoa da eta, bestea, arte eszenikoei, musikari eta dantzari buruzkoa.

4. Bai Zientzien eta Teknologiaren modalitateak bai Giza eta Gizarte Zientzien modalitateak egitura bakarra izanen du. Hala ere, modalitate bakoitzaren barnean, ikastetxeek irakasgaiak biltzen ahalko dituzte, Hezkuntza Departamentuak finkatuko dituen multzoetatik abiatuta, kasuan kasuko modalitateko hiru irakasgai bitarte.

5. Ikasleek beren modalitateko irakasgai guztien artetik hautatzen ahal dute. Horretarako, ikastetxeek irakasgai guztiak eskainiko dituzte, eta horiek bilduta egoten ahal dira, aurreko puntuan azaldu den moduan. Dena dela, behar beste ikasle ez dagoenean, horiek irakasgaiak hautatzeko duten eskubidea mugatu egin daiteke, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpide objektiboei jarraikiz. Ikastetxe bateko irakasgai eskaintza antolaketa arrazoiengatik mugatu egin behar denean, irakasgai batzuk urrutiko hezkuntzaren modalitatean edo beste ikastetxe batzuetan egiten ahalko dira, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen moduan.

6. Antolaketa arrazoiengatik, ikastetxe bateko Arteen modalitateko eskaintza bide bakarrekoa izan daiteke. Nolanahi ere, aurreko atalean araututakoa eskainitako bidea osatzen duten irakasgaiei aplikatzen ahal zaiela ulertu behar da.

7. Batxilergoko ikasleek modalitatea edo, hala denean, bideak edo multzoak zein baldintzatan aldatzen ahalko dituzten ezarriko du Hezkuntza Departamentuak.

6. artikulua. Irakasgai komunak.

1. Batxilergoko irakasgai komunen xedea da ikasleen prestakuntza orokorrean sakontzea, beren heldutasun intelektual eta gizatiarra handitzea eta zeharkakoagoak diren eta ikasten jarraitzeko laguntza ematen duten gaitasunetan sakontzea.

2. Batxilergoko irakasgai komunak hauek dira:

a) Lehen kurtsoan:

a.1) Mundu garaikiderako zientziak.

a.2) Gorputz hezkuntza.

a.3) Filosofia eta herritartasuna.

a.4) Gaztelania eta literatura I eta, hala denean, Euskal hizkuntza eta literatura I.

a.5) Atzerriko hizkuntza I.

b) Bigarren kurtsoan:

b.1) Filosofiaren historia.

b.2) Espainiako historia.

b.3) Gaztelania eta literatura II eta, hala denean, Euskal hizkuntza eta literatura II.

b.4) Atzerriko hizkuntza II.

7. artikulua. Modalitateko irakasgaiak.

1. Batxilergoko modalitateko irakasgaien xedea da aukeratutako modalitateari lotutako berariazko prestakuntza ematea, horrela ezagutza zabalaren esparruan orientazioa emanen baita, gaitasunak harekin lotura handiagoa izanez garatuko baitira, aurreragoko ikasketa mota askotarako prestakuntza emanen baita eta lan arloren batean sartzeko lagunduko.

2. Ikasleek, batxilergoko bi kurtsoak batuta, modalitateko sei irakasgai izan behar dituzte gutxienez, eta horietatik bost, gutxienez, aukeratu duten modalitatekoak.

8. artikulua. Arteen modalitateko irakasgaiak.

Arteen modalitateko irakasgaiak hauek dira:

1. Arte plastikoen, diseinuaren eta irudiaren bidea.

a) Lehen kurtsoan:

a.1) Marrazketa artistikoa I.

a.2) Marrazketa teknikoa I.

a.3) Bolumena I.

b) Bigarren kurtsoan:

b.1) Marrazketa artistikoa II.

b.2) Marrazketa teknikoa II.

b.3) Artearen historia.

b.4) Ikus-entzunezko kultura.

b.5) Diseinua.

b.6) Adierazpen grafiko-plastikoaren teknikak.

2. Arte eszenikoen, musikaren eta dantzaren bidea.

a) Lehen kurtsoan:

a.1) Musika analisia I.

a.2) Anatomia aplikatua.

a.3) Arte eszenikoak.

a.4) Musika hizkuntza eta praktika.

b) Bigarren kurtsoan:

b.1) Musika analisia II.

b.2) Musikaren eta dantzaren historia.

b.3) Literatura unibertsala.

b.4) Ikus-entzunezko kultura.

9. artikulua. Zientzien eta Teknologiaren modalitateko irakasgaiak.

Zientzien eta Teknologiaren modalitateko irakasgaiak hauek dira:

a) Lehen kurtsoan:

a.1) Biologia eta geologia.

a.2) Marrazketa teknikoa I.

a.3) Fisika eta kimika.

a.4) Matematika I.

a.5) Teknologia industriala I.

b) Bigarren kurtsoan:

b.1) Biologia.

b.2) Lurraren eta ingurumenaren zientziak.

b.3) Marrazketa teknikoa II.

b.4) Elektroteknia.

b.5) Fisika.

b.6) Matematika II.

b.7) Kimika.

b.8) Teknologia industriala II.

10. artikulua. Giza eta Gizarte Zientzien modalitateko irakasgaiak.

Giza eta Gizarte Zientzien modalitateko irakasgaiak hauek dira:

a) Lehen kurtsoan:

a.1) Grekoa I.

a.2) Latina I.

a.3) Gizarte zientziei aplikatutako matematika I.

a.4) Ekonomia.

a.5) Mundu garaikidearen historia.

b) Bigarren kurtsoan:

b.1) Grekoa II.

b.2) Latina II.

b.3) Gizarte zientziei aplikatutako matematika II.

b.4) Enpresaren ekonomia.

b.5) Artearen historia.

b.6) Geografia.

b.7) Literatura unibertsala.

11. artikulua. Aukerako irakasgaiak.

1. Batxilergoko aukerako irakasgaien bidez ikasleen prestakuntza osatu nahi da, aukeratu duten modalitateko alderdietan sakonduz edo norberaren prestakuntza orokorraren perspektibak zabalduz.

2. Ikasleek, etapan zehar, aukerako bi irakasgai izanen dituzte, bata lehen kurtsoan eta bestea bigarrenean.

3. Ikastetxeek, batxilergoko aukerako irakasgaiak eskaintzen dituztenean, kontuan hartuko dute ikasleek modalitateko irakasgai bat gutxienez aukerako irakasgai gisa aukeratzeko modua izan behar dutela.

III. KAPITULUA. Curriculuma

12. artikulua. Curriculuma.

1. Batxilergoko curriculuma ikasketa horietako helburuen, edukien, metodo pedagogikoen eta ebaluazio irizpideen multzoa da.

2. Ikastetxeek foru dekretu honetan eta dekretua garatzeko arauetan ezarritako batxilergoko curriculuma garatu eta osatuko dute. Hezkuntza proiektuaren zati izanen da zehaztapen hori.

13. artikulua. Batxilergoaren helburuak.

Batxilergoak ondoko helburuak lortu ahal izateko gaitasunak garatzen lagunduko die ikasleei:

a) Herritartasun demokratikoa gauzatzea, ikuspegi orokorretik hartuta, eta kontzientzia zibiko arduratsua berenganatzea, Espainiako Konstituzioaren balioetan eta giza eskubideetan oinarrituta, horrela gizarte zuzen eta bidezkoa eraikitzeko zereginean erantzunkidetasuna bultzatzeko eta iraunkortasunean laguntzeko.

b) Heldutasun pertsonal eta soziala sendotzea, espiritu kritikoa garatu ahal izateko eta modu arduratsu eta autonomoan jokatzeko, hala gizartearen esparruan nola pribatuan. Gatazka pertsonalak, familiakoak eta sozialak aurreikustea eta modu baketsuan konpontzea.

c) Gizonen eta emakumeen arteko eskubide eta aukeren benetako berdintasuna bultzatzea, dauden desberdintasunak aztertu eta modu kritikoan baloratzea eta pertsonak ezgaitasunagatik, arrazagatik, sexuagatik edo erlijioagatik ez baztertzea eta denen benetako berdintasuna bultzatzea.

d) Irakurtzeko, ikasteko eta diziplina izateko ohiturak sendotzea, ikaskuntza ongi aprobetxatzeko beharrezkoak baitira, eta garapen pertsonalerako bide.

e) Gaztelania eta, hala denean, euskara menderatzea bai ahoz bai idatziz.

f) Atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan erraz eta zuzen adieraztea.

g) Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak trebetasunez eta arduraz erabiltzea.

h) Gaur egungo munduko egoerak, horien aurrekari historikoak eta horien eboluzioaren faktore nagusiak ezagutu eta modu kritikoan baloratzea. Ikasleek beren gizarte ingurunea garatzen eta hobetzen elkartasunez parte hartzea.

i) Funtsezko ezagutza zientifiko eta teknologikoen berri izatea eta aukeratutako modalitateko oinarrizko trebetasunak menderatzea.

j) Ikerketa eta metodo zientifikoen funtsezko alderdi eta prozedurak ulertzea. Zientziak eta teknologiak bizi baldintzen aldaketan izan duten ekarpena ezagutu eta modu kritikoan baloratzea, eta ingurumenarekiko sentsibilitatea eta errespetua sendotzea.

k) Espiritu ekintzailea sendotzea, zenbait jarrera landuz: sormena, malgutasuna, ekimena, jarraikitasuna, talde lana, nork bere buruan konfiantza izatea eta zentzu kritikoa.

l) Artearekiko eta literaturarekiko sentsibilitatea garatzea, baita irizpide estetikoa ere, prestakuntza eta aberastasun kulturalerako bide diren aldetik.

m) Gorputz hezkuntza eta kirola garapen pertsonal eta soziala garatzeko erabiltzea.

n) Bide segurtasunaren arloan errespetuzko eta prebentziozko jarrerak sendotzea.

ñ) Nafarroako ondare natural, historiko, artistiko eta kultura ezagutu, baloratu eta errespetatzea, bai eta gizonek eta emakumeek ondare horri egin dizkioten ekarpenak ere.

14. artikulua. Helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak.

Foru dekretu honen I. eranskinean azaltzen dira irakasgai komunen eta modalitatekoen helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak.

15. artikulua. Metodologia.

1. Batxilergoko hezkuntza jarduerek laguntza emanen dute ikasleek beren kabuz ikasi eta taldean lan egiteko gaitasuna lantzeko.

2. Halaber, irakasgaien alderdi teorikoek beren aplikazio praktikoekin duten lotura azpimarratuko da, horretarako ikerketa metodo egokiak garatuz.

3. Irakasgaien programazio didaktikoek irakurketarako interesa eta ohitura pizteko jarduerak garatuko dituzte. Ikasleek testu luze eta konplexuak, bai gai akademikokoak bai bizitza sozial eta profesionalarekin lotuak ulertzen dituztela bermatzen ahalegindu beharko da.

4. Irakasgaietako irakasleek beren jardueren artean sartuko dituzte testu eta hitzaldiak (luze samarrak, ongi egituratu eta argudiatuak) ahoz eta idatziz, zuzen eta argi adierazteko gaitasuna garatuko duten jarduerak.

5. Ikastetxeek laguntza emanen dute informazioa eta komunikazioa zenbait euskarriren bidez tratatzen ikasteko, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera barne.

16. artikulua. Orientazioa eta tutoretza.

1. Etapa honetan, ikasleen garapen akademiko eta profesionalaren zati izanen da orientazioa, sexuagatik bereizketarik egin gabe, horren bidez ikasleek hezkuntza sisteman jarraituko dutela eta goi mailako hezkuntzara edo lan mundura iritsiko direla bermatzeko.

2. Zuzendaritza taldeak zenbait jarduketa sustatuko ditu ikasleek orientazioa izan dezaten, eta horretarako irakasle taldeko kide guztiak Orientazio departamentuarekin batera arituko dira.

3. Ikasle talde bakoitzak irakasle-tutore bat izanen du irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak eta ebaluaziokoak eta ikasleen orientazio pertsonala koordinatzeko.

17. artikulua. Ikastetxeen autonomia.

1. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen autonomia bermatuko duten eta izaera propioa lortzeko aukera emanen duten antolaketa eta pedagogia ereduak bultzatuko ditu.

2. Ikastetxeek konpromisoak bultzatuko dituzte ikasleekin eta familiekin, zeinetan zehaztuko baitira hezkuntza proiektua garatzen laguntzeko zertarako konpromisoa hartzen duten batzuek eta besteek.

3. Zuzendaritza taldea hezkuntza komunitateko kide guztien artean giro positiboa eta elkarlanekoa sortzen ahaleginduko da.

4. Ikastetxeek esperimentazioak, lanerako planak eta antolaketa moduak ezarri edo eskola orduak gehitzeko ahalmena izanen dute, Hezkuntza Departamentuak ezarri bezala betiere, baina familiei ekarpenik eskatu gabe eta departamentuari ezer galdatu gabe.

5. Hezkuntza Departamentuak, ikastetxeko proiektuari euskarria ematearren, irakasleen etengabeko prestakuntza eta ikerketa bultzatuko ditu.

6. Ikastetxeek modalitateko eta aukerako irakasgaien multzoak antolatuko dituzte, eta ikasleei horiek aukeratzeko orientazioa emanen diete, Hezkuntza Departamentuak horretarako ezartzen duenari jarraikiz.

7. Ikastetxeek foru dekretu honetan ezarritako curriculuma garatu eta osatuko dute programazio didaktikoak prestatuz eta ikasleen ezaugarrietara eta hezkuntza egoerara egokituz.

IV. KAPITULUA. Ebaluazioa, mailaz igotzea eta titulazioa

18. artikulua. Ebaluazioa.

1. Ikasleen ebaluazioari, mailaz igotzeari eta titulazioari buruzko prozesua gauzatzeko araudia ezarriko du Hezkuntza Departamentuak.

2. Ikaskuntzaren ebaluazioa etengabea izanen da eta irakasgaien arabera bereizia, eta curriculumeko alderdi desberdinak kontuan hartuz eginen da.

3. Irailean, ikastetxeek proba bereziak antolatuko dituzte gainditu gabeko irakasgaietarako, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen irizpideei jarraikiz.

4. Irakasgai bakoitzeko irakasleak kurtsoa bukatutakoan erabakiko du ikasle bakoitzak kurtsoko helburuak lortu dituen ala ez, horretarako ebaluazio irizpideak funtsezko erreferente gisa hartuz.

5. Irakasle taldeak, ikasle bakoitzaren irakasleekin osatuak, irakasle-tutoreak koordinatuak, ikasleak irakasgaietan izan duen eboluzioa eta haren heldutasun akademiko eta pertsonala baloratuko du, batxilergoko helburuei dagokienez betiere, eta etaparen bukaeran, berriz, goragoko ikasketetan aurrera egiteko dituen aukerak baloratuko ditu.

6. Irakasleek bai ikasleen ikaskuntza bai irakaskuntza prozesuak eta irakasle lana ebaluatuko dituzte.

19. artikulua. Mailaz igotzea.

1. Lehen kurtsoa bukatutakoan, eta ebaluazio prozesuaren ondorioz, ikasle bakoitzaren irakasle taldeak ikaslea bigarren kurtsora igarotzeari buruzko erabakiak hartuko ditu.

2. Ikaslea bigarren kurtsora igaroko da irakasgai guztiak gainditu baditu edo ebaluazio negatiboa gehienez ere bi irakasgaitan badu.

3. Bigarren kurtsora irakasgai guztiak gainditu gabe igarotzen direnak aurreko kurtsoan gainditu gabe utzitako irakasgaietan matrikulatu beharko dira. Gainditu gabeko irakasgaien errekuperazio eta ebaluaziorako jarduerez arduratuko dira departamentu didaktikoak.

20. artikulua. Kurtso berean beste urte bat egitea.

1. Bigarren kurtsora igarotzen ez diren ikasleek beste urte bat egin beharko dute lehen kurtsoan, eta berriz ere osorik egin lau irakasgaitan baino gehiagotan badute ebaluazio negatiboa.

2. Bigarren kurtsora igaro ez eta ebaluazio negatiboa hiru edo lau irakasgaitan dutenek bi aukera izanen dituzte: kurtsoa osorik errepikatzea ala lehen kurtsoan ebaluazio negatiboa duten irakasgaietan matrikulatzea eta matrikula hori bigarren kurtsoko bi edo hiru irakasgaiekin osatzea, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen moduan.

3. Nolanahi ere, bigarren kurtsoko irakasgai horiek ez dituzte nahitaezkoak izan behar lehen kurtsoan gainditu gabe utzitako irakasgaietako ezagutzak, dela foru dekretu honetako I. eranskinean ezarritakoaren arabera dela Hezkuntza Departamentuak irakasgai komunetarako eta aukerako irakasgaietarako xedatzen duenaren arabera.

4. Bigarreneko irakasgai horietarako matrikula baldintzatua izanen da; hots, ikasturtearen barnean bigarrenera igarotzeko baldintzak betetzea, irakasgai horiek kalifikatu ahal izateko. Adingabeko ikasleek gurasoen edo tutoreen baimena beharko dute araubide berezi horren bidez eskolatzeko.

5. Ikastetxe bateko irakasgai eskaintza antolaketa arrazoiengatik mugatu egin behar denean, horietakoren bat urrutiko hezkuntzaren modalitatean edo beste ikastetxe batzuetan egiten ahalko da, Hezkuntza Departamentuak ezartzen duen moduan.

6. Bigarren kurtsoa bukatutakoan irakasgai batzuetan ebaluazio negatiboa duten ikasleek zilegi izanen dute horietan matrikulatzea, gainditutako irakasgaiak berriz egin beharrik gabe.

21. artikulua. Titulazioa.

1. Batxilergoa edozein modalitatetan gainditzen duten ikasleek Batxiler titulua jasoko dute eta horrek lanerako ondorioak eta ondorio akademikoak izanen ditu.

2. Batxiler titulua lortzeko ezinbestekoa izanen da batxilergoko bi kurtsoetako irakasgai guztietan ebaluazio positiboa izatea.

3. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 50.2 artikuluak ezarritakoarekin bat, musika eta dantzako lanbide ikasketak bukatzen dituzten ikasleek Batxiler titulua eskuratuko dute baldin eta batxilergoko irakasgai komunak gainditu badituzte.

Lehen Xedapen Gehigarria. Irakasleekiko begirunea.

Irakasleek gizartean egiten duten lan garrantzitsuari dagokion tratu, begirune eta errespetua jasotzen duten begiratuko du Hezkuntza Departamentuak.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Helduen hezkuntza.

1. Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du foru dekretu honetan xedatutakoa helduen hezkuntzaren antolaketa eta metodologia bereziari egokitzea, bai ikasketak ikastetxean bertan egiteko modalitatean bai urrutiko hezkuntzaren modalitatean.

2. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 69.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, Hezkuntza Departamentuak aldian-aldian probak antola ditzake hogei urtetik gorakoek Batxiler titulua zuzenean lortu ahal izateko, baldin eta batxilergoko helburuak lortu dituztela frogatzen badute (lege horren 33. artikuluan eta foru dekretu honetan araututako curriculumetan ezarriak). Batxilergoko modalitateen arabera bereizita eginen dira proba horiek.

3. Batxilergoko eskaintza helduen hezkuntzari dagokion malgutasun printzipioari egokitzearren, Hezkuntza Departamentuak helduentzat egiten duen eskaintzan ez da aplikatuko foru dekretu honen 19. artikuluan ezarritakoa.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Erlijio ikasketak.

1. Erlijio ikasketak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren bigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera sartuko dira batxilergoan.

2. Hezkuntza Departamentuak bermatuko du adin nagusiko ikasleek eta adingabeko ikasleen guraso edo tutoreek, kurtso hasieran, erlijio ikasketak hartzeko ala ez hartzeko nahia adierazteko aukera izanen dutela.

3. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren curriculuma eta Espainiako Estatuarekin hezkuntza arlorako Lankidetza Hitzarmenak sinatuak dituzten gainerako erlijio konfesioen curriculumak elizaren hierarkiak eta erlijio bakoitzeko agintariek ezarriko dituzte, hurrenez hurren.

4. Ikastetxeek antolaketa neurriak garatuko dituzte, erlijio ikasketak aukeratu ez dituztenek behar den bezalako hezkuntza-arreta jaso dezaten. Neurri horiek ikastetxeen hezkuntza proiektuan sartu beharko dira, familiek aldez aurretik haien berri izan dezaten.

5. Erlijio katolikoaren irakaskuntzaren ebaluazioa batxilergoko gainerako irakasgaiena bezalaxe eginen da eta haiek dituzten ondorio berberak izanen ditu. Gainerako erlijio konfesioen irakaskuntzaren ebaluazioa Espainiako Estatuak izenpetutako Lankidetza Hitzarmenetan ezarritakoari lotuko zaio.

6. Ikasle guztientzat berdintasunaren eta lehia librearen printzipioak bermatzeko, erlijio ikasketen ebaluazioetan lortutako kalifikazioak ez dira kontuan hartuko unibertsitatean sartzeko batez besteko notarako, ez eta bekak eta ikasketetarako laguntzak lortzeko deialdietan ere, espediente akademikoen arteko lehia dagoenean.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Atzerriko hizkuntzetan egiten diren ikasketak.

1. Hezkuntza Departamentuak baimena eman dezake curriculumeko irakasgaietako batzuk atzerriko hizkuntzetan emateko, baina foru dekretu honetan araututako curriculumetan aldaketarik egin gabe. Halakoetan, ikasleek irakasgaietako oinarrizko terminologia bi hizkuntzetan berenganatzeko ahalegina eginen da bi kurtsoetan.

2. Curriculumeko zati bat atzerriko hizkuntzetan ematen duten ikastetxeek Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ikasleen onarpenerako ezarri diren irizpideak aplikatuko dituzte beti. Irizpide horien artean ez dira hizkuntza baldintzak sartuko.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Adimen gaitasun handiko ikasleak.

Adimen gaitasun handiko ikasleen eskolatzea -beharrezkoa den kualifikazioa duten adituek identifikatutako ikasleak, Hezkuntza Departamentuak zehaztutako moduan- malgutasunez eginen da, indarra duen araudiak ezarritako baldintzen arabera.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak.

Hezkuntza Departamentuak beharrezkoak diren baldintzak eta laguntza baliabideak ezarriko ditu hezkuntza premia bereziko ikasleek curriculumeko ikasketak jaso ahal izateko eta, horrekin batera, ikasle horien ebaluazio egokia egiteko beharrezkoak diren tresnak eta, hala denean, denbora eta laguntzak egokituko ditu.

Lehen Xedapen Iragankorra. Aplikazio egutegia.

Batxilergoko antolamendu berria ezarri arte, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak ezarritako hezkuntza sistemaren antolamendu berria aplikatzeko egutegiari buruzko ekainaren 30eko 806/2006 Errege Dekretuarekin bat, etapa honetako ikasketak martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretuan eta ekainaren 15eko 151/2004 Foru Aginduan xedatutakoari jarraikiz gauzatuko dira. Dekretu horren bidez Batxilergoaren egitura eta curriculuma ezarri dira, eta aginduaren bidez, batxilergoaren egitura garatu, antolaketa arautu, ordutegia finkatu eta aukerako irakasgaien curriculuma onetsi da.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Batxilergoko kalifikazio liburuaren balioa.

1. Batxilergoko kalifikazio liburuek indarra duen legedian ezarritako egiaztapen ondorioak izanen dituzte, 2007-2008 ikasturtea bukatu arte.

2. Ikasturte hori bukatu eta gero, behar den eginbidearen bidez itxiko dira, eta bete gabeko orrialdeak erabilezin bihurtuko dira marra diagonal baten bidez.

3. Batxilergoko ikasketen historiala irekitzean batxilergoko aurreko kalifikazio liburuari jarraipena eman behar zaionean, liburu hori ikasketen historialari lotuko zaio, eta liburuaren seriea eta zenbakia agertaraziko dira bertan. Egoera hori ikasketen espedientean ere jasoko da. Kalifikazio liburua eta ikasketen historiala batera zaindu eta lekualdatuko dira. Batxiler titula lortzen duten ikasleei biak batera emanen zaizkie: batxilergoko kalifikazio liburua eta ikasketen historiala.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe gelditu da martxoaren 25eko 62/2002 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean batxilergoko egitura eta curriculuma ezartzen dituena.

2. Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Araudia garatzea.

Baimena ematen zaio Hezkuntza kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA. Batxilergoko irakasgai komunak

MUNDU GARAIKIDERAKO ZIENTZIAK

XIX. mendearen bigarren erdian eta XX. mendean gizateriak aurreko historia osoan baino jakintza zientifiko eta teknologiko gehiago metatu du. Ezagutza horietatik gehienek eguneroko bizitzan txertatu diren aplikazio ugari ekarri dituzte. Jendeak erabili egiten ditu, ezbaian jarri gabe, sarritan, haien oinarri zientifikoa, pertsonen bizitzan duten eragina edo gizartean eta ingurumenean dakartzaten aldaketak.

Komunikabideek berehalakoan aurkezten dituzte gaurko gaiei buruzko eztabaida zientifiko eta teknologikoak. Artikulu askotan aipagai dira ingeniaritza genetikoa, material berriak, energia iturriak, klima aldaketa, baliabide naturalak, informazioaren, komunikazioaren eta aisiaren teknologiak edo osasun arlokoak; are gehiago, prentsan berariazko atalak izaten dituzte.

XXI. mendeko herritarrek "ezagutzaren gizartea"deritzona osatzen dute. Askatasunez, jarrera kritiko eta arduratsuarekin jokatzea ahalbidetuko dien prestakuntza zientifikoa jasotzeko eskubidea eta betebeharra dute. Horretarako herritar guztien eskura jarri behar da, prestakuntza filosofiko, historiko eta etiko egokiarekin batera, ezinbesteko kultura zientifiko hori, eta jakintzaren elementu komunak bilatu behar dira, guztiok jakin behar genituzkeen gaiak, alegia. Gizarte demokratikoaren erronka hauxe da: herritarrek behar adina jakin dezaten gizartean ezbairik gabeko garrantzia duten gai zientifiko eta teknikoen gaineko erabaki gogoetatsu eta oinarrituak hartu ahal izateko eta gizartean demokratikoki parte hartu ahal izateko, gizateriak etorkizun iraunkorrerantz aurrera egin dezan. Era berean, zientzien eta teknologien garapenak gaur egun sortzen dituen arazo etikoak aztertzeak herritarrei lagunduko die bizitzari eta Lurraren kudeaketa iraunkorrari buruzko aurrerapen zientifikoak baloratzen.

Ikasle guztientzako irakasgai honek erronka horri erantzun egokia ematen lagundu behar du. Funtsezkoa da, beraz, hurbilketa funtzionala egitea irakasgai honetara, eta gizartean eragin handia duten zientzia eta teknologia gaien inguruko galderei erantzuten saiatzea. Irakasgai honen zeregin bakarra ez da erantzunak ematea. Aitzitik, bitartekoak eman behar ditu informazioa bilatu eta aukeratzeko, informazioa garrantzizkoa edo garrantzirik gabea den eta froga zientifikorik ba ote dagoen bereizteko. Azken finean, ikasleei ikasten ikasteko aukera eman behar die, hori guztiz baliagarria izanen baitute etorkizunean, aldaketa handien mende dagoen gizartean, zeina iraultza zientifiko-teknikoen eta bizimoduan izandako aldaketen emaitza baita, epe laburreko interes eta balio partikularrek markatua. Interes horiek ingurumen arazo larriak eragiten ari dira eta zientziak eta teknologiak arazook tratatzen eta konpontzen laguntzen ahal dute.

Gainera, irakasgaiak honako hauek ulertzen laguntzen du: egungo arazoen konplexutasuna eta zientziak haiei ekiteko erabiltzen dituen forma metodologikoak; teoria eta ereduen esanahia, gizakiak naturako fenomenoak ulertzeko asmatzen dituen azalpenak diren aldetik; jakintza zientifikoaren behin-behinekotasuna, eta haren mugak. Irakasgai honek erakutsi behar du, halaber, zientzia eta teknologia ingurune sozial, ekonomiko eta etikoetan kokaturiko giza jarduerak direla eta beren balio kulturala transmititzen dietela. Bestalde, zientzia akademizista eta formalista saihesturik, zorroztasun faltarik ez duen baina gizarte inguruneen ezaugarriak eta arazoek pertsonengan duten eragin orokorra eta tokian tokikoa kontuan hartzen dituen zientziaren alde apustu egin behar da.

Printzipio horiek aintzat hartu dira irakasgaiaren helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak hautatzeko. Elementu horiek guztiek hiru helburu handi dituzte: gaur egun eztabaidatzen ari diren gai zientifikoen alderdietako batzuk ezagutzea, jakintza alor askotan dituzten ondorioekin batera, eta eragiten dituzten desadostasunez jabetzea; zientziaren izaeraren alderdi batzuetara eta haren ezagutzari ekiteko erabiltzen diren prozedura ohikoenetako batzuen erabilerara hurbiltzea; eta jakin-mina, baieztapenak eta desadostasunak egitate zientifikoetan oinarritzeko joera garatzea, bai eta beste iritzi batzuekiko tolerantzia eta errespetua ere.

Hauek dira edukien ardatzak: informazioa eta komunikazioa, planetaren iraunkortasunerantz aurrera egin beharra, osasuna ingurumen faktoreen emaitza gisa, eta pertsonen erantzukizuna, genetikaren aurrerapenak eta unibertsoaren eta biziaren jatorria. Horiek guztiak herritarrei interesatzen zaizkie, gizartean polemika eta eztabaida eragiten dute, eta ikuspegi desberdinetatik jorratzen ahal dira; hartara errazago ulertzen da zientzia ez dagokiela zientzialariei bakarrik, guztion kultura ondarearen zati baita.

Helburuak

Batxilergoan Mundu garaikiderako zientziak irakasgaiaren bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Zenbait kontzeptu, lege eta teoriaren esanahi kualitatiboa ezagutzea, bizimodu pertsonalean eta globalean eragina izan eta gizartean desadostasuna eta eztabaida eragiten duten gai zientifiko eta teknologikoei buruz iritzi oinarrituak izateko.

2. Gaurko auzi eta arazo zientifikoei buruzko galderak egitea eta nor bere erantzunak bilatzen saiatzea, hainbat iturritako informazioa erabiliz eta modu kritikoan hautatuz, ingurune fisiko eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek ematen dutena barne.

3. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

4. Eduki zientifikoko informazioak lortu, aztertu eta antolatzea, irudikapen eta ereduak erabiltzea, aieruz aritzea, hipotesiak formulatzea, egitate zientifikoetan oinarritutako gogoetak egitea erabaki oinarridunak hartu ahal izateko, eta horiek besteei adieraztea ahoz eta idatziz, koherentzia, zehaztasun eta argitasunez.

5. Inguruan diren informazioaren, komunikazioaren eta aisiaren teknologiei buruz ezagutza koherente eta kritikoa bereganatzea, eta horiek zentzuz eta arrazionaltasunez erabiltzea ezagutza zientifikoa osatzeko, irizpide pertsonala lantzeko eta pertsonen eta taldeen ongizatea hobetzeko.

6. Osasunaren, ingurumenaren, materialen, energia iturrien eta aisiaren arloetan, besteak beste, interes sozialekoak diren ezagutza zientifikoen proposamenak eta aplikazioak argudiatu, eztabaidatu eta ebaluatzea, masa komunikabideetako informazio zientifiko eta teknologikoak baloratu ahal izateko eta irizpide independenteak izateko.

7. Sormena, jakin-mina, gogoeta kritikoa, tolerantzia, espiritu ekintzailea, koherentzia, elkartasuna eta biziarekiko eta ingurumenarekiko sentikortasuna bezalako jarrera eta balio sozialak gauzatzea, erabilgarriak baitira pertsona gisa aurrera egiteko, pertsonen arteko harremanetarako eta gizarteratzeko.

8. Zientziak eta teknologiak bizi kalitatea hobetzen nola laguntzen duten baloratzea, eta haien ekarpenak eta mugak ezagutzea giza enpresa gisa, zeinaren ideiak etengabe aldatzen ari baitira, beren garapenaren ingurune bioetiko, kultural, sozial eta ekonomikoaren mendean.

9. Zenbait adibide zehatzetan, garapen zientifiko eta teknologikoak eta ezagutzaren eta haren aplikazioen inguruneak (gizartea, politika, ekonomia, erlijioa, hezkuntza eta kultura) elkarri nola eragiten dioten ezagutzea.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Behaketa eta datu zientifikoetan oinarritutako erantzunen bidez ebazten ahal diren auziak eta metodo zientifikoa erabiliz ebatzi ezin direnak bereiztea.

-Hainbat iturritako informazio zientifiko jakingarria bilatu, ulertu eta aukeratzea galderei erantzuteko, eta iritziak zein hipotesiak datuetan oinarritutako baieztapenetatik bereiztea.

-Eragin eta interes sozialeko arazo zientifiko-teknologikoak aztertzea, haien bilakaera iragartzea, eta ezagutza erabiltzea egoera jakinei konponbideak bilatzeko.

-Bioetika: zientzia eta teknologia gaiei buruz gogoeta zientifiko eta etikoa egiteko prest egotea, ingurune pertsonal eta sozialetan erabaki arduratsuak hartzeko.

-Ezagutza zientifiko-teknologikoek mundua ulertzeko, pertsonen eta oro har bizidunen bizi baldintzak hobetzeko eta espiritu kritikoa lantzeko egiten duten ekarpenaz jabetzea.

-Zientziaren eta teknologiaren eta zenbait aplikazio okerren mugak eta akatsak ezagutzea eta ingurune sozial, etiko eta ekonomikoari loturik daudela jakitea, gaur egungo gertaeretatik eta zientziaren eta teknologiaren historian garrantzia izan duten kasuetatik abiaturik.

2. Gure tokia unibertsoan.

-Unibertsoaren jatorria. Elementuen sorrera: izarren hautsa. Eguzki sistemaren esplorazioa.

-Lurraren sorrera. Nola banatu zen geruzatan. Tektonika orokorra.

-Biziaren jatorria. Sintesi prebiotikotik lehen organismoetara: hipotesi nagusiak.

-Fixismotik eboluzionismora. Darwinen hautespen naturala eta egungo genetikaren bidez ematen zaion azalpena.

-Hominido fosiletatik Homo sapiensengana. Giza espezifikotasuna baldintzatzen duten aldaketa genetikoak.

3. Luzeago bizi, hobeki bizi.

-Osasuna, genetikaren, pertsonaren, ingurumenaren eta gizartearen eraginpean. Bizimodu osasungarriak. Osasun laguntza eta prebentzioa.

-Eritasun infekziosoak eta ez-infekziosoak. Sendagaiak zentzuz erabiltzea. Txertoak eta immunitatea. Transplanteak eta elkartasuna.

-Medikuntzako ikerketaren baldintzak. Patenteak. Osasuna garapen txikiko herrialdeetan. Argibide ondoko baimena.

-Iraultza genetikoa. Giza genoma. ADN errekonbinantearen teknologiak eta ingeniaritza genetikoa. Aplikazioak

-Laguntza bidezko ugalketa. Klonazioa eta haren aplikazioak. Zelula ama enbrionarioak eta zelula ama helduak: aplikazioak medikuntzan.

4. Planetaren kudeaketa iraunkorrerantz.

-Baliabideen gehiegizko ustiapena: airea, ura, lurra, izaki bizidunak eta energia iturriak. Ura, baliabide mugatua.

-Eraginak: kutsadura, basamortutzea, hondakinen gehikuntza eta biodibertsitate galera. Klimaren aldaketa.

-Arrisku naturalak. Hondamendi ohikoenak. Arriskuak areagotzen dituzten faktoreak.

-Hazkunde demografikoaren eta ondasun eta baliabideen banaketaren arazoa bidezko banaketarik ez dagoenean. Herrialde garatuetan populazioa zahartzearen arazoa. Iraunkortasun ekonomiko, ekologiko eta sozialaren printzipio nagusiak. Nazioarteko konpromisoak eta herritarren erantzukizuna. Elkartasunezko ekintza.

5. Behar berriak, material berriak.

-Gizateria eta materialen erabilera. Materialen kokapena, produkzioa eta kontsumoa: baliabideen kontrola.

-Material natural batzuk. Metalak, haien korrosioaren arriskuak. Papera eta basogabetzearen arazoa. Ura eta haren eskuragarritasuna.

-Garapen zientifiko-teknologikoa eta kontsumo gizartea: materialen agortzea eta behar berrien agerpena, medikuntzatik aeronautikaraino.

-Zientziaren eta teknologiaren erantzuna. Material berriak: polimeroak. Teknologia berriak: nanoteknologia.

-Materialen erabileraren azterketa ingurumenaren eta energiaren aldetik: murriztea, berriz erabiltzea eta birziklatzea. Zaborrak. Energia berriztagarrien eta energia nuklearraren alde onak eta txarrak.

6. Herrixka globala. Informazioaren gizartetik ezagutzaren gizartera.

-Informazioa landu, gorde eta trukatzea. Analogikotik digitalerako jauzia.

-Informazioaren, seinalearen eta irudiaren zenbakizko tratamendua.

-Internet, mundu konektatua. Informazioa konprimatu eta igortzea. Informazioaren fidagarritasun mailak. Pribatutasunaren kontrola eta datuen babesa.

-Komunikazioaren iraultza teknologikoa: uhinak, kablea, zuntz optikoa, sateliteak, ADSLa, telefonia mugikorra, GPSa, etab. Ondorioak eguneroko bizitzan. Teknologia berrien kontsumo arduratsu eta etikoa.

Ebaluazio irizpideak

1. Gizarteari eragiten dioten gai zientifiko eta teknologikoen gaineko informazioak lortu, aukeratu eta baloratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eraginkortasunez erabiliz, nork bere argudioetan oinarritutako iritziak sortzeko.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren beren argudioetan oinarritutako iritzi-sorreraren fase guztiak (informazioa bilatzea, lantzea, aurkeztea) betetzeko, gai zientifiko-teknologikoek (medikuntzako ikerketa eta gaitz zabalduenak, baliabideen kontrola, material berriak eta teknologia berriak baliabideen agortzearen aurrean, hondamendi naturalak, terapiarako eta ugalketarako klonazioa, etab.) pertsonengan eta gizartean dituzten ondorioei buruz, baliabide teknologiko berriak eta berariazko hizkuntza egokia eraginkortasunez erabiliz.

2. Gizateriaren hainbat arazoren konponbiderako zientziak eta teknologiak egindako ekarpen batzuk eta ingurune politiko-sozialak horiek gauzatzeko orduan duen garrantzia aztertzea; haien alde onak eta txarrak gizartearen, bioetikaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik aztertzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren zientziak eta teknologiak egindako ekarpenak aztertzeko, hala nola sendagaiak, enbrioien ikerketa, elikagai transgenikoak, erradioaktibitatea, energiaren arloko ordezko teknologiak, teknologia berriak, etab., osasun arazoei, energiaren krisiari, informazioaren kontrolaren inguruko arazoei eta abarrekoei konponbideak bilatzeko, kontuan izanik haien alde onak eta txarrak, bai eta gizartearen eta bioetikaren inguruneak zenbait ekarpen gauzatzeko duen garrantzia ere, hala nola sendagaien eskuragarritasuna Hirugarren Munduan, energia iturri konbentzionalen aldeko interes ekonomikoak, botereek informazioaren gainean duten kontrola, etab.

3. Azterlan errazak egitea oinarri zientifiko-teknologikoa duten esparru lokaleko gizarte arazoei buruz, iragarpenak eginez eta gizabanakoen edo talde txikien jarrerak baloratuz.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek ikerketa txikiak egin ditzaketen zenbait gairi buruz (eritasun jakin batzuen intzidentzia, sendagaien erabilera eta farmazia gastua, energiaren edo beste baliabide batzuen kontsumoa, zabor motak eta zaborren birziklapena, klima aldaketaren ondorio lokalak, etab.), ea ezagutzen dituzten tartean diren aldagaiak eta horien aldaketan eta eboluzioan eragin dezaketen ekintzak, eta ea baloratzen duten aurrezpena edo parte-hartze soziala bezalako ekintza kolektiboek eta banakakoek duten garrantzia.

4. Zientziak eta teknologiak pertsonen arazoak ulertu eta konpontzeko eta haien bizi kalitatea hobetzeko egiten duten ekarpena baloratzea, datu bilketa, arrazoitzea, jarraikitasuna eta sen kritikoa oinarri dituen metodologiaren bitartez, haien mugak eta giza jarduera guztietan gertatu ohi diren akatsak onartuz.

Jakin nahi da ea ikasleek ulertu duten zer nolako ekarpena egiten duten zientziak eta teknologiak zenbait arazo azaldu eta konpontzeko, arlo hauetan: osasuna, bizitza, ingurumena, gure jatorria, informazioa eskuratzeko bideak, etab., eta ea gai diren ikerketa zientifikoaren ezaugarriak bereizteko haiei ekiteko orduan. Jarraikitasuna, espiritu kritikoa eta frogekiko errespetua baloratuko dira. Halaber, giza jardueren izaera hutseginkorraren edo iritzi bioetikoen ondorio diren zenbait muga eta aplikazio ezegoki identifikatzen jakin behar dute.

5. Ingurumen arazo nagusiak, haiek eragiten dituzten kausak eta areagotzen dituzten faktoreak identifikatzea; haien ondorioak iragartzea eta Lurraren kudeaketa iraunkorraren beharrari buruz argudiatzea, herritarren sentsibilizazioak tokian tokiko ingurumen arazoei ekiteko orduan duen garrantziaz jabeturik.

Ebaluatu behar da ea ikasleek ingurumen arazo nagusiak ezagutzen dituzten, hala nola baliabideen agortzea, kutsaduraren gehikuntza, klima aldaketa, basamortutzea, hondakinak eta hondamendien areagotzea; garapen eredu nagusiekiko kausa-ondorio erlazioak ezartzen ba ote dakiten, gai ote diren ondorioak iragartzeko eta iraunkortasun irizpideak aplikatu beharrari buruz argudiatzeko, eta herritar gisa sentikortasun handiagoa agertzen ote duten hurbileko ingurumen arazoez.

6. Zientziak eta teknologiak, garapen iraunkorraren esparruan material eta teknologia berriak bilatuz, ingurumen arazoak arintzeko egiten dituzten ekarpenak ezagutu eta baloratzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten material berriak eta teknologia berriak (ohiko energia iturrien ordezkoak bilatzea, kutsadura eta hondakinak gutxitzea, basamortutzearen aurkako borroka eta hondamendiak arintzea), eta ea baloratzen dituzten zientziak eta teknologiak, Lurraren kudeaketa iraunkorraren printzipioen ildotik, ingurumen arazoak arintzeko egiten dituzten ekarpenak.

7. Eritasun mota nagusiak bereiztea; adierazle, kausa eta tratamendu arruntenetako batzuk identifikatzea; kutsadura saihesten eta aldian behingo kontrolak eta gizartearen eta pertsonen bizimodu osasungarriak lehenesten dituzten prebentzio neurriak hartzearen garrantzia baloratzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten gure gizarteko eritasun ohikoenak eta badakiten eritasun infekziosoak besteetatik bereizten eta eritasunen adierazle eta tratamendu orokor batzuk (farmakoak, kirurgia, transplanteak, psikoterapia) aipatzen. Baloratuko da ea ohartzen diren ingurumen faktoreek osasunean duten eraginaz eta bizimodu osasungarrien eta prebentzio neurrien beharraz.

8. Geneen eta enbrioi zelulen manipulazioaren oinarri zientifikoak ezagutzea, horren aplikazioen alde onak eta txarrak baloratzea eta eragin duten nazioarteko eztabaida ulertzea; aplikazio horien mugak definituko dituen Bioetika Batzordea zergatik sortu den azaltzeko gai izatea.

Egiaztatu behar da ea ikasleek ulertu eta baloratu dituzten DNAren eta enbrioi zelulen manipulazioaren ahalbideak; ea ezagutzen dituzten ingeniaritza genetikoak sendagai produkzioaren, transgenikoen eta terapia genikoen arloetan dituzten aplikazioak, eta ea ulertzen dituzten laguntza bidezko ugalketaren, enbrioiak hautatu eta gordetzearen eta klonazioaren ondorioak. Halaber, praktika horiek eztabaida iturri direla jakin behar dute, teknikoki posible dena, legezkoa dena eta etikoa dena bereiziz, eta giza duintasuna ukitzen den kasuetan epaile lanak eginen dituen nazioarteko erakunde bat zergatik behar den argudiatzeko gauza izan behar dute.

9. Biziaren edo unibertsoaren jatorria bezalako gaiei zientziak emandako azalpenak aztertzea; iritzi edo usteetan oinarritutako azalpenen aldean, bereziki azpimarratzea hipotesi eta dedukzioen bidez arrazoitzearen garrantzia, frogen balioa eta ingurune sozialaren eragina.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek bereizten ote dituzten azalpen zientifikoak eta bestelakoak, gizateriak bere jatorriari buruz egin dituen funtsezko galderen aurrean; lan zientifikoaren ezaugarrietan oinarriturik, hala nola froga zientifikoak izatea, iritzi edo sinesmenen aldean. Halaber, zenbait azalpen zientifiko, besteak beste biziaren jatorri fisiko-kimikoa edo eboluzionismoa, onartu edo baztertzeko orduan gizarte inguruneak duen eragina aztertu behar dute.

10. Informaziorako, komunikaziorako, aisiarako eta sorkuntzarako azken tresna teknologikoen oinarrizko ezaugarriak, erabiltzeko moduak eta gizabanakoengan nahiz gizartean sortzen dituzten ondorioak ezagutzea; kontsumo ohituretan eta gizarte harremanetan duten eragina baloratzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek ba ote dakiten informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen askotariko informazioak lortu, sortu eta igortzeko, eta ea hautematen dituzten teknologia berriek gure familia ingurunean, lanean, gizartean eta harremanetan eragiten dituzten aldaketak, kontsumitzaile zentzudun eta kritikoak izateko eta teknologia berrien onurak eta mugak baloratzeko.

GORPUTZ HEZKUNTZA

Gorputz hezkuntzaren xede nagusia, irakasgai komun gisa, nork bere gorputza eta mugitzeko dituen ahalmenak sakonago ezagutzea da, osasuna hobetzeko bidea baita, gorputz jarduerarako ohitura jarraituak sendotzeari eta, orobat, astialdia modu aktiboan emateari loturik.

Batxilergoko Gorputz hezkuntza aurreko etapetan hasitako ikaskuntzen azken urratsa da. Ikaskuntza horiek nork bere gorputz jarduera planifikatzeko prozesuen garapena ekarri behar dute, eta horrela autokudeaketa eta autonomia sustatuko dira. Irakasgai honek, gainera, gorputz jardueraren, kirolaren eta osasunaren zientziekin zerikusia duten goi mailako ikasketa unibertsitarioetara nahiz lanbide ikasketetara gidatzen ahal ditu ikasleak.

Astialdian bizimodu aktiboa izatea, gorputz jarduera osasungarria tartean, gakoetako bat da sedentarismo gero eta hedatuagoa orekatzeko. Eguneroko zeregin eta jardueretan pertsonen energia gastua murrizten duten aurrerapen tekniko eta teknologikoen ondorio da gaur egungo sedentarismoa. Oraingo gizartean, beraz, Gorputz hezkuntzak gidatu behar duen prestakuntza prozesuak bi ardatz nagusi ditu: lehendabizi, osasunaren hobekuntza, gizabanakoen erantzukizun gisa eta gizarte eraikuntza gisa. Ikuspegi horren barnean sartzen da egoera fisikoari loturik osasunerako on diren faktoreak garatzea eta osasunean eragin txarra duten praktiken aurrean jarrera kritikoa izatea. Bigarrenik, irakasgai hau lagungarria izanen da ikasleek autonomia osoa lor dezaten beren mugimendu-beharrak asetzeko, beren jarduerak planifikatu, antolatu eta zuzentzeko behar dituzten prozedurak erakutsiko baitizkie. Ildo horretan, Batxilergoko ikasleek, gorputz jarduerak egin ez ezik, irakasleek ezarritako jarraibideen arabera haiek antolatzen eta planifikatzen ere parte hartuko dute. Hartara, aurreko etapan bereganatutako gaitasunak sendotuko dituzte. Beren interes eta ahalmenei egokitutako jarduera fisikoek interes, gozamen, errespetu, solidaritate eta lankidetzako jarrerak sendotzen laguntzen diete.

Bi ardatz horiek Gorputz hezkuntzaren ikuskera bat osatzen dute, hots, Batxilergoko helburuak, bereziki garapen pertsonal eta sozialari lotutakoak, lortzen laguntzen duen irakasgai baten moduan ikusten da. Irakasgaiaren bi hari gidari horiei loturik, hiru eduki multzo handi ezarri dira, banaka harturik ulertu ezin direnak, elkarri hertsiki lotuak baitaude. Lehenbizikoak, Egoera fisikoa eta osasuna izenekoak, ikasleei tresnak eskaintzen dizkie beren egoera fisikoa kudeatzeko, bakoitzak bere helburu eta asmoen arabera. Arlo horretan jauzi kualitatibo handia eginen da aurreko etapan landutako edukien aldean. Izan ere, ikasleen autonomia eta bizitzan zehar ohitura osasungarriak garatzeko gaitasuna finkatuko dira. Bigarren multzoak, Kirol jarduerak eta astialdia izenekoak, astialdia modu aktiboan emateko aukera sorta handi bat garatzea du helburu. Gorputz eta kirol jarduerak ingurune naturalean egitea, proposatzen den bezala, sekulako bidea da ariketa osasungarria eta astialdia norabide berean joan daitezen lortzeko. Hirugarren multzoaren gaia Gorputz adierazpena eta erritmoa da.

Helburuak

Batxilergoan Gorputz hezkuntzako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Gorputz eta kirol jarduerak egiteko ohiturak osasun pertsonala eta soziala garatzen eta bizi kalitatea hobetzen laguntzen duela jakin eta aintzat hartzea.

2. Jarduera fisikoari zein osasunari lotutako programa bat prestatu eta praktikan jartzea; horretarako behar diren gaitasun fisikoak handitzea, hasierako egoeraren ebaluaziotik abiatuta, autonomia erakustea eta ardurazko jarrera hartzea autoexijentziaren inguruan.

3. Gorputz eta kirol jarduerak antolatzea eta haietan parte hartzea, astialdia eta aisia emateko eta pertsonen arteko harreman egokiak garatzeko baliabide moduan.

4. Kiroleko mugimendu arazoak konpontzea, erabakiak hartzeari lehentasuna emanez eta aurreko etapan ikasitako elementu teknikoak erabiliz.

5. Natura ingurunean jarduera fisikoak eta kirol jarduerak egitea; jarduera horietan naturaren kontserbazio eta hobekuntzaren aldeko jarrerak agertu behar dira.

6. Jarrera kritikoa izatea gizabanakoaren eta taldearen osasunean ondorio txarrak dituzten praktika sozialen aurrean.

7. Talde txikitan, musikan oinarritutako edo musikarik gabeko konposizioak diseinatu eta gauzatzea, komunikaziorako eta adierazpenerako baliabide gisa.

8. Gorputz jarduera eta erlaxazio teknikak modu autonomoan erabiltzea, nork bere burua ezagutzeko, desorekak gutxitzeko eta eguneroko bizimoduko tentsioak arintzeko balio duten aldetik.

9. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

10. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Egoera fisikoa eta osasuna.

-Gorputz jarduera jarraituaren onurak. Osasunean duen eraginaren balorazioa.

-Egoera fisikoa ebaluatzeko probak egitea, osasunaren ikuspegitik.

-Egoera fisikoari eta osasunari buruzko programa pertsonala nork bere kabuz prestatu eta praktikan jartzea, entrenamenduaren oinarrizko printzipioak kontuan izanik.

-Egoera fisikoa mantendu eta/edo hobetzeko ardura onartzea.

-Ohitura eta praktika sozialak eta horiek jarduera fisikoan eta osasunean dituzten ondorioak. Ohitura sozial positiboen eragina aztertzea: elikadura egokia, atsedena, bizimodu aktiboa, etab. Ohitura sozial negatiboen eragina aztertzea: sedentarismoa, droga-mendekotasuna, alkoholismoa, tabakismoa, etab.

-Emozioak kontrolatu eta gorputza menderatzea erlaxaziorako metodo eta tekniken bitartez.

2. Kirol jarduerak eta astialdia.

-Kirola, ekintza sozial eta kulturala.

-Kirola, osasuna hobetzeko bidea.

-Egiten diren kiroletakoren baten oinarri teknikoak eta printzipio taktikoak hobetzea.

-Modalitate desberdinetako kirol eta josteta torneoak antolatzea eta haietan parte hartzea.

-Gorputz eta kirol jardueretako harremanak, elkarlana eta joko garbia baloratzea.

-Natura ingurunean jarduerak antolatzen eta egiten parte hartzea.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea gaiari buruzko ezagutzak gehitzeko.

3. Gorputz adierazpena eta erritmoa.

-Espazioa eta denbora adierazpenerako eta komunikaziorako elementu gisa erabil daitezkeenez, horretan gehiago sakontzea.

-Adierazpen eta/edo erritmo konposizioak sortu eta antzeztea, musikarekin edo musikarik gabe.

-Gorputzak eta mugimenduak adierazpenerako duten erabilera baloratzea, eta aldeko jarrera agertzea banaka zein taldean egiten den gorputzaren bidezko komunikaziorako, sormenez parte hartuz eta beste lagun batzuekin batera arituz.

Ebaluazio irizpideak

1. Gorputz jarduera jarraituak osasun pertsonalaren eta sozialaren garapenerako dituen onurak ezagutzen direla erakustea, eta jarrera kritikoa izatea osasungarriak ez diren praktika pertsonalen eta sozialen aurrean.

Ebaluazio irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten gorputz jarduera egiteko ohiturak osasun fisikoan, psikikoan eta sozialean dituen eragin onuragarriak. Frogatu beharko dute, halaber, badakitela aztertzen eta kritikatzen ohitura sozial onak (elikadura egokiak, bizimodu aktiboa, etab.) eta txarrak (sedentarismoa, drogazaletasuna, alkoholismoa, tabakismoa, dopajea, gorputzaren gurtza, etab.).

2. Egoera fisikoa baloratzeko probak, osasuna hobetzea helburu dutenak, modu autonomoan egitea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren beren hasierako egoera fisikoa beren kabuz ebaluatzeko, osasunarekin zerikusi zuzena duten gaitasun fisikoak bereziki, hots, erresistentzia aerobikoa, indarra-erresistentzia eta malgutasuna. Ikasleek proba bakoitza prestatu, egin eta emaitza erregistratuko dute. Hartara, beren gorputz jardueraren eta osasunaren programari ekiteko behar duten informazioa eskuratuko dute.

3. Gorputz jardueraren eta osasunaren programa egitea, behar bezala, nork bere kabuz, hasierako baloraziotik abiatuta eta entrenamenduaren oinarrizko printzipioak betez.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da nola egiten duten egoera fisikoa hobetzeko gorputz jardueraren programa. Kopuru, maiztasun eta intentsitate alderdiak modu sistematikoan antolatu behar dituzte aldi jakin baterako, eta aukeratutako gorputz jarduera motari egokitu behar dizkiote. Horrela jakinen da egoera fisikoa zenbat hobetu duten hasierako egoeraren aldean, eta hobekuntzara eraman dituen prozesua ere ebaluatuko da. Programan erlaxazio teknikak beren kabuz nola erabiltzen dituzten ere baloratu ahal izanen da.

4. Gorputz eta kirol jarduerak antolatzea eta haietan parte hartzea, ikastetxean eta inguruetan eskura dauden baliabideak erabiliz.

Irizpide honen bitartez baloratzen ahal da ea nola parte hartzen duten ikasleek gorputz jardueren antolaketan, oinarrizko antolaketa-irizpideak kontuan hartuz, hala nola, espazioaren zentzuzko erabilera, materialaren erabilera eta kontrola, parte-hartze aktiboa, pertsonen arteko harreman osasungarriak, arauak diseinatu eta betetzea edo jarduerak bideratzea.

5. Bakarka, taldean edo hautatutako aurkariarekin buruz buru kirola egitean, teknika eta taktikak ezagutzen direla erakustea.

Irizpide honen bitartez egiaztatuko da ea ikasleak kirol lehian ari direnean ongi mugitzen diren eta kirol modalitate bakoitzaren elementu tekniko eta taktikoak egoki erabiltzen dituzten.

6. Taldeko gorputz konposizioak sortu eta antzeztea, erritmoa eta adierazpena kontuan izanik, ikaskideekin elkarlanean.

Irizpide honen bitartez, taldeko gorputz konposizioak sortu eta gauzatzeko parte-hartze aktiboa ebaluatu nahi da. Originaltasuna, adierazkortasuna, lotsatu gabe eta modu eraikitzailean parte hartzea, konpromisoa, taldeko lanaz arduratzea eta konposizioa sortzeko prozesuaren jarraipena baloratuko dira.

7. Ingurune naturalean, ingurumen eragin txikiko jarduera fisikoa antolatzen parte hartzea eta jarduera hori egitea.

Elkarren osagarri diren bi alderdi baloratuko dira irizpide honen bitartez. Batetik, ikasleek jarduera fisikoren bat eginen dute natura ingurunean, ahal dena ikastetxetik kanpo, jarduera horren teknikak aplikatuz. Bestetik, jarduera hori egiteko behar diren gauzak identifikatu dituzte, hala nola, jarduerari buruzko informazio bilketa (tokia, iraupena, prezioa, eguraldia ...), behar den materiala edo zailtasun maila.

8. Erlaxatzeko teknikak egoki erabiltzea, ezagutza pertsonalerako, desorekak gutxitzeko eta eguneroko bizimoduko tentsioak arintzeko balio duten aldetik.

Besteak beste, honako adierazleak hartuko dira kontuan: arnasketa kokatu eta kontrolatzea, kontzentrazioa, tentsioa/erlaxazioa, hotza/beroa edo pisua/arina sentipenak eta gorputz sentipenak bereiztea.

FILOSOFIA ETA HERRITARTASUNA

Batxilergoko Filosofia eta herritartasuna irakasgaiak planteamendu bikoitza du: batetik, filosofiari eta gogoeta filosofikoari buruzko sarrera da; bestetik, eta derrigorrezko etapan hasitako herritartasunaren azterketari jarraipena emanez, berriz aztertzen du zer den herritartasuna eta hausnarketa egiten du horren oinarri filosofikoaren inguruan.

Filosofia jarduera gogoetatsu eta kritikoa da. Zientzien eta beste jakintza arlo batzuen ekarpenetatik abiaturik, laburbilduz azaltzen du zer diren gizakia, jakintza, jokabide egokia eta bizitza sozial eta politikoa. Aurreko etapan planteamendu etikoekin lehenbiziko harremana izan ondoren, Batxilergoan ikasleek filosofiarako hurbilketa sistematikoa egin behar dute; horregatik beharrezkoa dute gogoeta filosofikoa eta haren metodoa zer diren ikastea lehendabizi.

Jakintza mota guztiei eta jakintza zientifikoaren espezifikotasunari buruzko azterketa abiapuntu dela, ikasleek ikusi behar dute zein toki eta eginkizun duen filosofiak jakintzaren osotasunaren barnean. Halaber, filosofiaren berezitasunak eta zientziarekin dituen aldeak identifikatu behar dituzte. Jarduera filosofikoaren motak, arrazionaltasun teorikoa eta arrazionaltasun praktikoa aztertzeak eramanen ditu filosofiak historian zehar egin dituen galdera nagusiak kontuan hartzera, eta pixkanaka iritsiko dira herritarren bizikidetzatik hurbilen dauden galderak egitera, horixe baita irakasgaiaren bigarren zatiaren xedea.

Horregatik, gai guztietan landu behar diren prozedura komunak aipatu ondoren, lehenbiziko gai multzoan jakintza filosofikoaren ezaugarriak hartzen ditu aztergai; filosofia beste jakintza mota batzuetatik bereizten du eta zientziarekin dituen loturak eta aldeak aztertzen ditu.

Arrazionaltasunaren bi alde nagusiak, alde teorikoa eta alde praktikoa, aztertu eta gero, filosofiak bere historian zehar planteatu dituen auzi eta galdera nagusiei helduko zaie. Horrela ikasleei jakintza eta sinesmen desberdinen ikuspegi orokorra eman nahi zaie, bai eta lan filosofikoaren ikuspegi integratua ere, arazo filosofiko guztiak batera harturik, ikasleak ohartu ahal izan daitezen filosofia giza esperientzia osoari buruzko jakintza dela.

Jakintza filosofikoari buruzko hurbilketa labur horren ondoren gizakiaren aldeak aztertuko dira, hots, alde biologikoa, soziokulturala eta sinbolikoa. Ildo horri jarraituz kontuan hartuko dira antropologia desberdinak, pentsamenduaren historian zehar gizakiari buruz azaldu diren ikuskera filosofiko desberdinak, alegia.

Jakintza filosofikoa eta gizakiari buruzko ikuskera desberdinak jorratu eta gero, herritartasunaren oinarriak aztertuko dira irakasgaiaren bigarren zatian. Horrela iritsiko da bere gailurrera ikasleak derrigorrezko hezkuntzan garatzen joan diren Herritartasunerako hezkuntzaren proposamena. Hiru kurtsotan zehar ikasleek ikasi, aztertu eta hausnartu ahal izan dituzte bizikidetzaren eta gizarte demokratikoen ezaugarri nagusietako batzuk, Espainiako Konstituzioan eta giza eskubideen adierazpenetan ezarritako printzipio eta eskubideak, bai eta ingurune globalean herritartasun demokratikoaren substratua osatzen duten balio komunak ere.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken kurtsoan hasitako gogoetaren haritik, oraingoan ikasleek gizarte demokratikoaren oinarriei buruz arrazoitu eta haien kontzeptuetan sakondu ahal izanen dute, eta aztertu ahal izanen dituzte haren jatorria historian zehar, haren bilakaera gizarte modernoetan eta giza eskubideen oinarri arrazional eta filosofikoak.

Herritartasunari buruzko hausnarketa filosofiko horrek, beraz, jakintza arlo anitzeko ikuspegitik egin behar da, herritar ofizioko rolak eta herritartasunaren funtsezko alderdiak egoki deskribatu eta oinarritu ahal izateko; horregatik, lehen zatian aztertu diren antropologia filosofiko eta kulturalaren ekarpenak abiapuntu direla, honakoak ere gehituko zaizkie: teoria etikoak, soziologiaren ekarpenak, ekonomia zientzienak, eta jatorria indibidualismoan, liberalismoan, sozialismoan, kolektibismoan eta pertsonalismoan duten teoria politikoen ekarpenak.

Hala, bizikidetzaren oinarri psikologiko, soziologiko, legal eta moralen ondoren, gizarteko bizimodu desberdinak aztertuko dira eta, hortik hasita, estatuaren agerpena, estatu motak eta zuzenbidezko estatu demokratikoa bereizten duten ezaugarriak ere bai. Azkenik, gai hauek aztertuko dira: boterea eta agintea nola sortu eta legezkotu ziren, justiziari buruzko teoriak, eta globalizazioaren eta mundualizazioaren ondorioak.

Herritartasunaren balioak eta planteamenduak ikastetxeko esparru eta jarduera guztietara hedatzea, oraingoan ere, irakasgaiaren berezitasunetako bat da. Horregatik honako hau ez da inondik ere izanen irakasgai erabat teorikoa; aitzitik, ikuspegi orokor eta praktikotik heldu behar zaio eta ahaleginak egin behar dira ikastetxeetako eguneroko bizitzara hedatzeko herritartasun globalaren kontzeptua eta demokraziaren ariketa praktikoa. Parte-hartzea eta konpromisoa sustatu behar dira, ikasleak herritar arduratsuak izateko treba daitezen ingurune global batean, bai ikastetxean eta bai gizarte inguruan.

Herritartasunerako hezkuntzako ikasketen helmuga den aldetik, Filosofia eta herritartasuna irakasgaiak ikasleak prestatzen ditu sakonean aztertu ahal izateko Filosofiaren historian planteatzen diren arazo filosofikoak. Hortaz, irakasgai honek izaera bikoitza du, amaierakoa eta propedeutikoa, eta bien arteko oreka bilatu behar da, alde bakar batera makurtu ordez.

Helburuak

Batxilergoan Filosofia eta herritartasuneko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Auzi filosofikoen zentzua identifikatu eta hautematea eta ikasitako kontzeptu eta termino berriak zehatz eta egoki erabiltzea azterketarako eta eztabaidarako.

2. Auzi teoriko eta praktikoen aurrera jarrera kritiko eta gogoetatsua hartzea eta ideiak behar bezala oinarritzea.

3. Norberaren pentsamendua koherentziaz argudiatzea ahoz eta idatziz, eta beste jarrera eta argudio batzuekin erkatzea.

4. Elkarrizketa filosofikoan aritzea eta hura baloratzea, topaketa arrazionaleko prozesua eta egiaren bilaketa kolektiboa den aldetik.

5. Testu filosofikoak aztertu eta iruzkintzea, barne batasunari eta ingurune historikoari erreparatuz, eta planteatzen dituzten arazoak identifikatzea, bai eta argudioak eta proposaturiko konponbideak ere.

6. Lan intelektualerako eta lan autonomorako oinarrizko prozedurak erabiltzea: informazioa bilatu eta hautatzea (askotariko iturrietatik lortua, ingurune fisiko eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskaintzen dutena barne), erkatu, aztertu, laburbildu eta modu kritikoan ebaluatzea, eta arazoak planteatzeko zorroztasun intelektuala sustatzea.

7. Desberdintasunak errespetatzea eta jarrera kritikoa izatea gizarteko desberdintasunak justifikatzeko saio guztien aurrean eta bereizkeria guztien aurrean (sexua, etnia, kultura, sinesmenak edo gizabanakoaren eta gizartearen beste ezaugarri batzuk direla eta).

8. Arrazoiak gizarte zuzenago bat (benetako aukera berdintasuna izanen duena) eraikitzeko duen gaitasun arau-emaile eta eraldatzailea baloratzea.

9. Mundu osoan giza eskubideetan, bizikidetza baketsuan, naturaren babesean eta mundu justuago eta solidarioa lortzeko konpromisoan oinarritutako gizartea eraikitzeko ahaleginak baloratzea.

10. Gaitasun sozial eta zibikoa sendotzea, haren esanahiaren, balioaren eta beharraren oinarri teorikoak ikasiz, herritar demokratiko gisa jokatzeko.

11. Kontzientzia zibikoa garatzea, kritikoa eta autonomoa, giza eskubideetan oinarritua, gizarte demokratiko, zuzen eta bidezkoa eraikitzearen eta natura zaintzearen aldekoa, elkartasunezko eta bizitza komunitarioan parte hartzeko jarrerak garatuz.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Informazioaren tratamendua, azterketa eta kritika. Eztabaidan aritzea eta parte hartzea, norberaren pentsamendua modu arrazoituan eta argudioen bidez azalduz.

-Testu filosofikoak, juridikoak, politikoak, soziologikoak eta ekonomikoak aztertu eta iruzkintzea, termino eta kontzeptu egokiak zehaztasunez erabiliz.

-Planteatzen diren gaiei buruzko kontsultak egiteko baliabideak erabiltzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak tartean.

2. Jakintza filosofikoa.

-Filosofia, zientzia eta beste jakintza eredu batzuk.

-Filosofia arrazionaltasun teoriko gisa: egia eta errealitatea.

-Filosofia arrazionaltasun praktiko gisa: etika eta filosofia politikoa.

-Filosofiaren galdera eta auzi nagusiak.

3. Gizakia: pertsona eta gizartea.

-Alderdi biologikoa: eboluzioa eta hominizazioa.

-Alderdi soziokulturala: gizabanakoa eta izaki soziala. Naturaren eta kulturaren arteko tirabira.

-Subjektuaren eta munduaren arteko lotura linguistikoa eta sinbolikoa.

-Gizakiaren ikuskera filosofikoak.

4. Filosofia moral eta politikoa.

-Ekintza moralaren oinarriak: askatasuna eta erantzunbeharra.

-Teoria etikoak egungo gizartearen erronken artean: zoriontasuna eta justizia.

-Herritartasunaren eraikuntza filosofikoa: sorrera historikoa eta oinarri filosofikoak.

5. Demokrazia eta herritartasuna.

-Botere politikoaren jatorria eta legezkotasuna.

-Zuzenbidezko estatu demokratikoaren oinarri filosofikoak.

-Estatuaren ekintzaren legezkotasuna bakea, balio demokratikoak eta giza eskubideak defendatzeko.

-Demokrazia mediatikoa eta herritartasun globala, pobreziaren eta bazterkeriaren aurkako borrokan eta giza garapen iraunkorraren sustapenean konprometitua.

Ebaluazio irizpideak

1. Filosofiaren espezifikotasuna ezagutu eta zehaztasun eta zorroztasunez azaltzea, beste jakintza alor batzuetatik edo errealitatea azaltzeko beste modu batzuetatik bereiztea, alderdi teorikoa eta praktikoa dituela ohartzea eta funtsezko galdera eta arazoak azpimarratzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek ulertzen dituzten jakintza filosofikoaren espezifikotasuna eta horren ondoriozko galdera motak, eta planteatutako kontzeptu eta galderekin lortzen dituzten zehaztasun eta zorroztasun maila neurtu nahi da, bai ahozkoa bai idatzizkoa. Ulertu ez ezik, baloratu ere egin behar dituzte azterketa filosofikoak gure garaiko arazo handietarako egin dituen ekarpenak.

2. Argudio ongi eratuen bidez arrazoitzea, azterketa kritikoa eta ikasitakoen inguruko gogoeta egokia eginez.

Irizpide honen bitartez sendotu eta indartu egin nahi da mendebaldeko pentsamenduaren ekarpen garrantzitsuenak modu kritiko eta gogoetatsuan ulertu eta azaltzeko gaitasuna. Baztertu egin behar dira datuen atxikitze mekanikoa, kritikarik gabeko errepikapena eta kontzeptu eta teoria berrien lanketa aktibo eta gogoetatsuaren kontrakoak diren inprobisazioa eta azalkeria. Irizpide honetan egiaztapen prozedura hauek erabili ahal izanen dira, besteak beste: testuak aztertu eta iruzkintzea, mapa kontzeptualak egitea, idatzizko probak, ahozko azalpenak eta lan monografikoak.

3. Argudioak azaltzea eta testuak sortzea, ikuspegi desberdinak bilduz eta pentsamendu autonomoaren sorreran aurrera eginez.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da ea ikasleak gai diren beren iritziak sortu eta aberasteko, irakasgai honetako kultura ondare berariazkoa modu aktibo eta eraikitzailean landuz. Hori egiaztatzeko bide egokiak izanen dira gogoetazko jarduerak, zeinetan, modu adierazgarri eta funtzionalean, eduki berriak elkarrekin eta esperientzia esparruekin lotuko baitira, ulertze eta hausnartze lanaren emaitza modu argi eta koherentean adieraziz. Ildo horretan, honakoak elementu baliotsuak izan daitezke: konposizio filosofikoak, bakarkako eta taldeko ikerketak, eztabaidak prestatu eta egitea, eta gelako egunerokoa.

4. Elkarrizketa erabili eta baloratzea, egiara hurbiltzeko bide kolektiboa eta ikaskuntza adierazgarriak eraikitzeko barne prozesua den aldetik; elkarrizketak berezko dituen balioak ezagutu eta praktikatzea, hala nola elkarren errespetua, zinezkotasuna, tolerantzia; azken batean, balio demokratiko guztiak.

Irizpide honen bitartez, ikasleek elkarrizketa arrazionalaren zentzua eta hura garatu, egin eta praktikan gauzatzeko behar diren baldintzak noraino ulertu eta barneratu dituzten jakin nahi da.

5. Informazio garrantzitsua lortzea askotariko iturrietatik, hura landu eta erkatzea eta modu kritikoan erabiltzea auzi filosofiko, soziologiko eta politikoak aztertzeko.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren askotariko informazioak hautatu eta erabiltzeko, esperientziatik hurbilen dauden horietatik hasi eta zientifikoenetaraino, tartean direla zabalkundekoak eta komunikazio eta informazio bideek ematen dituztenak, eta, halaber, ea gaitasun orokorrak garatu dituzten, hala nola behatzeko gaitasuna, deskribatzekoa, sailkatzekoa, sistematizatzekoa, erkatu eta baloratzekoa, etab., informazio hori modu kritikoan erabiltzeko beharrezkoak baitira.

6. Gizakiaren ezaugarri bereziak ezagutu eta aztertzea, askotariko adierazpen eta ahalbideen errealitate konplexu eta irekiak diren aldetik, natura/kultura eta gizabanakoa/izaki soziala dialektikan sakonduz.

Irizpide honen bidez, gizakiaren alderdi guztiak ulertu eta integratzeko gaitasuna ebaluatu nahi da, eraikuntza sozial eta sinbolikoaren garrantziari arreta berezia emanez eta gizakiari buruzko ikuskera filosofikoak eta horiek gaur egun duten indarra baloratuz.

7. Giza ekintzen izaera ezagutu eta aztertzea, ekintza askeak, arduratsuak, arau-emaileak eta eraldatzaileak diren aldetik.

Irizpide honen bitartez jakin nahi da ea ikasleek arrazoi praktikoaren zentzua ulertzen duten eta ekintza moralak egiteko askatasuna behar dela jabetzen diren, eta, ondorioz, ea gai diren konpromiso etiko-politikoak hartzeko, hala esparru pertsonalean nola gizartean, gogoeta eginez, bereziki, zoriontasunaren bilaketari, justiziari eta gaurko gizarteko balioen unibertsaltasunari buruz.

8. Historiako hainbat unetan herritar kategoria definitzen lagundu duten ideia filosofikoak ulertu eta baloratzea, Grezia klasikotik hasi eta gaur egungo munduko herritartasun globaleraino, eta bereziki azpimarratzea Ilustrazioa eta giza eskubideen oinarriak.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek ulertu duten zer den herritar kategoria, zeregin historiko bukatugabe gisa, eta zer oinarri etiko-politiko dituen, eta giza eskubideen esparru unibertsalean bizikidetza demokratikoa ahalbidetzen duten bertute zibikoak ezagutu eta praktikatzearen garrantziaz jabetu ote diren.

9. Ezagutu eta aztertzea gaur egungo gizarte konplexuen gatazka sorrak eta agerikoak, haien lorpenak eta zailtasunak, haien aldaketak eta erronka garrantzitsuenak, herritarren jarduera sozio-politikoaren markoa osatzen baitute, eta jarrera kritikoa agertzea desberdintasun sozialak edo pertsona, talde eta herrialdeen arteko bereizkeriazko egoerak zuritzeko edozein saioren aurrean.

Irizpide honen bitartez egiaztatu behar da ea ikasleek ulertzen dituzten gaur egungo gizartearen arazo sozial eta politiko nagusiak (anomia, deserrotzea, kohesiorik eza, ahulezia edo muturreko kidetasun sentimendua, kulturen arteko diferentziekin, desberdintasun sozioekonomikoekin, generoen artekoekin eta abarrekoekin zerikusia duten gatazkak), eta antolamendu juridiko eta parte-hartze sistema demokratikoek eskaintzen dituzten lorpenak eta konponbideak. Halaber, ikasleek arazo sozial eta politiko horien aurrean garatu duten jarrera ebaluatu nahi da.

10. Botere politikoaren sorrerari eta legezkotzeari buruzko teoria desberdinak azaltzea, zuzenbidezko estatu demokratikoari eusten diotenak identifikatzea, eta globalizatzen ari den munduko egitura sozial konplexuan parte hartzeko eta integratzeko ereduak aztertzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da noraino bereganatu dituzten ikasleek botere politikoaren sorrera eta legezkotasuna, estatuari buruzko ikuskera desberdinak eta demokraziaren oinarriak eta funtzionamendua. Herritarren ahalbideak eta esku hartzeko betebeharra aztertu behar dituzte, eta mundu gizatiarragoaren eraikuntzan parte hartzeko beharraz jabetu behar dute.

FILOSOFIAREN HISTORIA

Filosofiaren historia irakasgaian berriz ekiten zaio ikasleek aurreko etapan hasitako gogoetari, baina oraingoan gogoeta sistematikoa egiten da. Pertsona guztiek berezko joera dute galderak egiteko kezkatzen dituzten edo interesatzen zaizkien gaiez, norberaren, familiaren edo taldearen etorkizunaz, proiektuez, arazo txiki eta handiez. Filosofia saiatzen da galderak egiteko joera hori sendotzen eta erantzun egokietara hurbiltzeko metodologia egokia eskaintzen.

Gizakia definitzeko, galderak egiten dituen animalia dela esan daiteke. Galdera interesgarri, adierazgarri eta esanguratsuak dira jarduera filosofikoaren abiapuntuak. Galdera egokiak, garrantzitsuak eta jarduera filosofikoa eragiteko modukoak izan behar dute, gainera. Jarduera filosofikoaren azterketa eta garapena direla bide, irakasgai honetan ikasleek galderak egiteko gaitasuna handitu behar dute, arazo zientifiko eta filosofikoak definitzen ikasteko, galdera interesgarri, esanguratsu, egoki, garrantzitsu eta eraginkorrak eginez.

Ikuspuntu horretatik, jarduera filosofikoaren historiaren azterketak oso ekarpen garrantzitsuak egiten ahal ditu: Zein galdera egin zituzten iraganeko filosofoek arazo multzo bakoitzari buruz? Zergatik hautatu zituzten galdera haiek beren gizarte inguruan? Zein hipotesi sortu zituzten eta zergatik? Nola oinarritu eta egiaztatu zituzten? Zer ikas dezakegu haiengandik gure gizarte ingurunean erabilgarria denik?

Hala, filosofia ez da ikusi behar irakasleek beren ikasleei transmititu behar dieten ezagutza sistema edo sistema doktrinal gisa. Filosofia da gogoeta eta galdera argigarriak egitea ezagutzaz, bizikidetza ekintzaz, ekintza tekniko edo produkzio ekintzaz eta ekintza estetiko-artistikoaz. Batxilergoko filosofiak hauxe izan behar du: ikasleek bakarka eta taldean gogoeta egitea eragiten dieten galdera esanguratsuei buruz.

Ez dago hausnarketaren emaitza bukatua den filosofiarik, doktrina zuzen eta ortodoxo bakartzat har daitekeenik, giza arazoei egoki erantzun eta belaunaldi berriei halakotzat transmititu behar zaienik. Ez du zentzurik, beraz, ikasleak bultzatzeak ustez ortodoxoa eta besteak baino hobea litzatekeen sistema filosofiko jakin batera atxiki daitezen. Ez du zentzurik Batxilergoko ikasleei iritzi filosofikoen multzo desberdinak eta, maiz, elkarren aurkakoak eta elkar baztertzen dutenak eskatzeak ere. Filosofiaren historia irakasgaiaren eginkizuna, Batxilergoan, gizaki guztiek berez egiten duten jarduera filosofikoa hobetzea da, alegia, ikasleei laguntzea logikarekin eta hizkuntzarekin zerikusia duten trebetasun kognitibo eta metakognitiboen multzo bat garatzen, horiexek baitira filosofiarako ezinbesteko tresnak, gogoetazko jarduera den aldetik.

Historian zehar mendebaldeko filosofiak lau arazo multzo handi jorratu ditu. Arazook elkarrekin zerikusia dute eta elkar inplikatzen eta baldintzatzen dute, baina denak aldi berean planteatzen dira modu nahasi eta lausoan. Hauek dira lau multzo horien erdiguneak: gizakia, giza ezagutza, giza ekintza, eta gizartea eta estatua.

Baldintza ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalen aldaketa etengabeak eta ezagutza zientifikoen eta teknologien hedapen eta aurrerapen lasterrak eraginda, filosofiaren oinarrizko galdera horiek eboluzionatu egin dute eta garai batean baliozkotzat jotzen ziren erantzunetako asko dagoeneko zaharkituak dira. Aldaketa sozial, kultural, zientifiko, teknologiko eta politikoek funtsean aldatzen dituzte multzo horiek osatzen dituzten galderak.

Horrek guztiak aski dirudi garbi ikusteko Batxilergoko Filosofiaren historiaren helburua ez dela goian aipatutako arazo multzoei buruzko doktrina sendo eta egiazkoa transmititzea. Irakasgai honen helburua, beraz, arazo multzoei eta antzeko beste batzuei buruzko jarrera filosofikoa edo gogo egoera filosofikoa sustatzea da, eta ikasgelan bakarkako eta taldeko jarduera filosofikoa eragitea, ikasleek izaera heuristiko eta metakognitiboko trebetasun eta abilezia teknikoak, prozedurazkoak eta estrategikoak gara ditzaten, beren galdera pertsonalak formulatu eta arrazoitzeko haietako bakoitzean planteatzen diren arazoetarako.

Hala, irakasgai hau lagungarria da ikasleek galderak egiteko eta beren bizitza pertsonalean nahiz kolektiboan garrantzia duten zenbait arazo ikertzeko gaitasuna gara dezaten.

Helburuak

Batxilergoan Filosofiaren historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Filosofia beti kezkatu izan duten auzien esanahia eta garrantzia ezagutu eta ulertzea, auzi horiek egoki kokatzea garai bakoitzeko ingurunean, giza jardueraren beste adierazpen batzuekin duten lotura ulertzea eta problema filosofiko, etiko, sozial eta humanistikoetara hurbiltzeko gogoeta pertsonal eta kolektiborako gaitasuna baloratzea.

2. Eskola liburutegia erabiltzea ikasteko baliabideen iturri gisa. Hainbat egileren testu filosofikoak irakurri eta ulertzea modu kritikoan; beste batzuekin alderatzea, eta elkarrizketa arrazionalak egiara hurbiltzeko bitarteko gisa duen garrantzia baloratzea.

3. Iritzi kontrajarrien aurreko jarrera kritikoa garatu eta sendotzea, historian zehar azaldu diren teoria eta joera filosofikoen arteko harremanak ulertu eta gero; arazoak eta proposaturiko konponbideak planteatzeko moduen arteko antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzea.

4. Ezagutza eta ikerketa metodo desberdinak ezagutu eta baloratzea, ezagutzarako eta autoikaskuntzarako metodo pertsonala sortzeko, zorroztasun intelektualean, arazoen azterketan, ideien adierazpen librean eta dogmatismo mota guztien kontrako elkarrizketa arrazionalean oinarriturik.

5. Aztertutako egileen pentsamendu filosofikoa egoki azaltzea, ahoz eta idatziz, eta ohartzea ikuspuntu pertsonal eta koherentea lortu ahal izateko beharrezkoa dela gure kultura ondareko ideia garrantzitsuenak aztertu eta ulertzea.

6. Arrazoiak gizabanakoen eta taldeen ekintzak arautzeko duen ahalmena aintzat hartzea, historian zehar egin diren teoria etiko nagusiak eta gizarteari, estatuari eta herritartasunari buruzko teoria desberdinak aztertuz eta ikasiz, eta nork bere gaitasun sozial eta zibikoa sendotzea, hausnarketa etikoan oinarriturik hartutako konpromiso zibikoen emaitza gisa.

7. Diskurtso filosofikoaren barnean egin izan diren kontzeptualizazio baztertzaile edo bereizkeriazkoak, esaterako androzentrismoa, etnozentrismoa eta beste batzuk, modu kritikoan aztertzea.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Testu filosofikoak aztertu eta iruzkintzea, filosofiako termino eta kontzeptu nagusiak zehaztasun eta zorroztasunez erabiliz.

-Eztabaidetan parte hartzea, nork bere pentsamenduaren azalpen arrazoitua eginez.

-Nork bere gogoetak idaztea oinarrizko galdera filosofikoei buruz, ikasitako egileen pentsamendua modu kritikoan jasoz.

2. Filosofiaren jatorria. Antzinako filosofia.

-Pentsamendu filosofikoaren jatorria.

-Sokrates eta Platon.

-Aristoteles.

3. Erdi Aroko filosofia.

-Filosofia eta erlijioa. Agustin Hiponakoa.

-Tomas Akinokoa eta filosofia eskolastikoa.

4. Filosofia modernoa.

-Pizkundea eta iraultza zientifikoa.

-Arrazionalismo kontinentala: Descartes.

-Filosofia enpirista: Locke-rengandik Hume-rengana.

-Ilustrazioa. Idealismo transzendentala: Kant.

5. Filosofia garaikidea.

-Filosofia marxista: Karl Marx.

-Arrazoi ilustratuaren krisia: Nietzsche.

-Filosofia analitikoa eta haren ordezkari nagusiak.

-XX. mendeko beste joera filosofiko batzuk.

-Espainiako filosofia.

Ebaluazio irizpideak

1. Testu filosofiko baten edukia aztertzea, haren funtsezko elementuak eta egitura identifikatzea eta nolabaiteko zorroztasun metodologikoz iruzkintzea.

Irizpide honen bitartez filosofiako testuak ulertzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Horretarako, ikasleek testuan ageri diren arazoak identifikatu behar dituzte, kontzeptu eta termino nagusiak azaldu, eta egileak bere iritziak frogatzeko erabilitako argudioak ere azaldu behar dituzte.

2. Aztertutako auzi filosofikoek zer nolako baldintza soziokulturalei erantzun nahi izan zieten azaltzea, auzi horiek beren garaian egoki kokatzea eta haien ezaugarri nagusien arteko erlazioak azaltzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren auzi filosofikoen ezaugarri sozial eta historikoak ulertzeko, auzi horiek dagokien testuinguruan txertatzeko eta ikasitako filosofo nagusiak beren inguru historiko-filosofikoan egoki kokatzeko.

3. Oinarrizko galdera filosofikoei emandako erantzun desberdinak kronologikoki ordenatu eta kokatzea, aurreko filosofoekin erlazionatzea eta ondorengo hausnarketa filosofikoan izandako eragina eta iraupena identifikatzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren historian zehar auzi filosofikoei eman zaizkien erantzunak integratzeko, filosofoen ekarpenen justaposizio hutsetik harantzago joanez, eta ea filosofia modu sistematikoan ulertzen duten.

4. Filosofiako testu bat iruzkintzea eta hari buruzko iritzi kritikoa azaltzea, eusten dioten suposamendu inplizituak, haren argudio eta ondorioen sendotasuna eta haren ekarpenek egun duten indarra identifikatuz.

Testua zehatz ulertzeaz gain, irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek barneratzen eta baloratzen dituzten egileak azaldutako ideiak, sen kritikoa garatu duten, eta ea baduten gaitasunik egilearen iritziekiko adostasuna edo desadostasuna modu arrazoituan azaltzeko.

5. Hainbat garaitako egileen testu filosofikoak alderatu eta erlazionatzea, horien artean planteamenduko antzekotasun eta desberdintasunak ezartzeko.

Egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren hainbat filosoforen galdera komunak identifikatzeko, bai eta haien arteko desberdintasunak ere, eta desberdintasun horiek azaltzen ahal dituzten faktoreak adierazteko.

6. Edukiak barneratzeko planteatzen diren jardueretan (testuen gaineko iruzkinak, mintzaldiak, argudioen azalpenak, eztabaidak, etab.) prozedura metodologiko egokia aplikatzea, haien joera zientifiko edo filosofikoaren arabera.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen eta aplikatzen dituzten ezagutza metodo desberdinak, zientifikoak nahiz filosofikoak, eta ea filosofiaren garapenean egiten diren jarduera eta ariketetan maiz erabiltzen dituzten.

7. Lan txikiak egitea pentsamendu filosofikoaren historiako gai edo galderaren bati buruz; harekin zerikusia duten eta modu analitikoan aztertu diren filosofoen ildo nagusiak modu argi eta ordenatuan azaltzea.

Irizpide honen bidez, historian zehar planteatu diren arazo multzo handiak zenbateraino ulertzen diren baloratu nahi da, eta garai desberdinetan eta aipatutako arazoarekin zerikusia duten egile desberdinek emandako erantzunak erlazionatzeko sintesi-gaitasuna ere bai.

8. Eztabaidetan parte hartzea edo iritzia idatziz azaltzea ikasleei interesatzen zaien egungo arazo filosofikoren bati buruz, nork bere gogoetak eskainiz eta aurretik ikasi diren iraganeko beste jarrera batzuekin erlazionatuz.

Irizpide honen bidez, ikasleek adierazpenerako eta termino egokiak erabiltzeko zenbateko gaitasuna duten baloratu nahi da, egungo gaiei buruzko eztabaida filosofiko batean parte hartzean. Halaber, historiako eduki filosofikoak barneratu ote dituzten eta gaurko arazoekin lotzen ote dituzten jakin nahi da.

9. Historian zehar diskurtso filosofikoan azaldu diren kontzeptualizazio baztertzaileak eta bereizkeriazkoak modu kritikoan aztertzea, eta garai bereko beste planteamendu sozial eta kultural batzuekin duten lotura azaltzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek ulertzen duten historian zehar emandako erantzun guztiak mugatuak direla eta haien mugek zerikusia dutela garai bakoitzeko baldintza sozial, kultural eta abarrekoekin.

ESPAINIAKO HISTORIA

Historia ikastea eskola jardueraren funtsezko osagaia da, duen hezkuntza balioagatik. Izan ere, Historiak giza esperientzia aztertzen du denboran zehar. Iraganak errealitatea ezagutu eta interpretatzeko eskema asko eratzen ditu, gure egungo bizitzan ageri baita, hala gizabanakoen bizitzan nola taldeko bizitzan. Denbora-perspektiba eta ikuspegi orokortzailea jakintza arlo honen bereizgarri dira, eta iragan horri buruzko ezagutza garrantzitsuak eskaintzen dituzte, egungo errealitatea ulertzen laguntzen dutenak. Historiak, gainera, gizarte inguruaren pertzepzioa hobetzen eta oroimen kolektiboa eraikitzen laguntzen du, eta ikasleak prestatzen ditu herritar arduratsuak izateko, beren eskubideak eta gizartearekiko betebeharrak ezagutzen dituztenak.

Giza zientzien barnean nabarmena da Historiaren izaera egituratzailea. Horrenbestez, Historia oinarri sendoa da giza jarduerari lotutako beste jakintza arlo batzuk ulertzeko. Horrez gain, iragana modu arrazional, ireki eta kritikoan aztertzen duen jakintza arloa den aldetik, Historia ikastea lagungarria da pentsamendu abstraktu eta formalari dagozkion gaitasun eta teknika intelektual batzuk garatzeko, hala nola behaketa, analisia, inferentzia, interpretazioa, ulermena eta adierazmena, oroimena eta sen kritikoa.

Batxilergoko ikasle guztien prestakuntzaren atal den irakasgai honek, etapa honetan, Espainia du erreferentzia esparru nagusia. Aurreko hezkuntza etapetan ikasitakoak hartzen dira abiapuntu etapa honetan Historia ikasteko, eta ikasketa horrek herentzia pertsonala eta kolektiboa sakonago ezagutzeko balio behar du. Espainia historian eta Konstituzioan nazio moduan dago eraturik eta aitorturik. Haren aniztasuna aberastasun-elementua eta ondare partekatua da; haren bilakaera historikoa aztertzean, beraz, osagai komunei bezainbesteko arreta eman behar zaie aniztasun faktoreei, hots, eremu jakin baten berezitasunei. Espainiako historiak lotura asko ditu nazioarteko esparru handiago batekin, eta hain zuzen ere esparru horretan daude hura azaltzen duten gakoetariko asko, munduan modu kontzientean kokatzen laguntzen diotenak. Bestalde, Espainiako gertaerek eragin berezia dute Nafarroako esparruan; honek bere foru eta tradizioen defentsa du bereizgarri.

Aukeratu diren edukien bidez, batetik ikasleei beren herrialdearen ibilbide historikoaren funtsezko ezaugarriak ulertarazi nahi zaizkie, historiako etapa guztietako prozesu, egitura eta gertaera garrantzitsuenak alegia, eta bestetik, hurbilenekoak zehatzago aztertu nahi dira. Garapen historikoari buruzko ikuspegi etengabe eta orokorra inoiz galdu gabe, azken mendeetako denbora-marko txikiagoan sakondu nahi da. Horrela azalpen historikoen konplexutasunari ekin ahal izanen zaio, eta ez hori bakarrik, lan historiografikoak berezkoak dituen analisi eta interpretazio prozedurak erabiltzeko aukera ere izanen da. Ikuspegi nagusi horrek ez du baztertzen aro garaikidearen aurreko etapei ere arreta jartzeko aukera; arreta handiagoa edo txikiagoa, ikusten diren prestakuntza beharren eta irizpideen arabera. Nolanahi ere, lehenagoko etapek aro garaikidean utzitako zantzuak beti izanen dira arretagai.

Edukiak ordena kronologikoari jarraituz multzokatu dira, eta elementu politikoak eta erakunde-elementuak lehenesten dituen irizpidearen arabera aurkezten dira. Kronologia eta gai politikoak lehen mailako elementu historiografikoak dira, eta askok aukeratzen dituzte irizpidetzat, errealitate historiko konplexuaren elementuak errazago ikasteko multzokatu behar izaten direnean. Ez da pentsatu behar aurkezpen hori bateraezina denik egungo kezketatik abiaturik hizpidera ekar daitezkeen gai nagusi batzuen bilakaera denbora-unitate luzeagoetan jorratzen duen tratamendu batekin. Multzo guztietan Nafarroako historiako edukiak sartu dira, batez ere Espainiako historiatik bereizten direnak. Lehenbiziko multzoan, gaia ezagutzeko oinarrizko prozedurak ikasten dira, funtsean. Eduki komunak direnez, gainerakoen tratamenduan sartu behar dira.

Helburuak

Batxilergoan Espainiako historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Espainiako historiako prozesu, egitura eta gertaera garrantzi- tsuenak denboran eta espazioan kokatzea, eta egungo Espainiaren eta Nafarroaren konfigurazioan izan duten eragina baloratzea.

2. Espainiako historia garaikidea osatzen duten prozesu nagusiak ulertzea, gertaera politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko loturak identifikatzea eta haiek itxuratu dituzten aurrekariak eta faktoreak aztertzea.

3. Espainiako historiaren ikuspegi integratzailea sustatzea, bai alderdi komunak eta bai berezitasunak errespetatzen eta aintzat hartzen dituena eta Espainiako herrien arteko tolerantzia eta elkartasunezko jarrerak eragiten dituena.

4. Espainiako prozesu historikoa bere nazioarteko koordenatuetan kokatzea, horren ondorioak eta eraginak azaldu eta ulertzeko, historiaren ikuskera egituratua eta koherentea izateko.

5. Abaguneko aldaketak eta prozesu historikoaren ezaugarri iraunkorrak identifikatzea gertaera isolatuen eta protagonista jakinen gainetik, historiari buruzko ikuspegi orokorra lortzeko.

6. Gure antolamendu konstituzionaleko oinarrizko arauak ezagutzea, eta gizabanakoek eta taldeek erakunde demokratikoen aldeko konpromisoa eta gizarte arazoekiko ardura har dezaten sustatzea, bereziki giza eskubideekin zerikusia duten arazoei dagokienez.

7. Eskola liburutegia erabiltzea ikasteko baliabideen iturri gisa. Askotariko iturrietako informazioa hautatu eta interpretatzea, teknologia berriek eskaintzen dutena barne, eta modu kritikoan erabiltzea prozesu eta gertaera historikoak ulertzeko.

8. Nafarroaren berezitasun historikoak eta haren foru eta tradizioek Espainiako historian zehar izandako bilakaera identifikatzea.

9. Historiako terminologia eta hiztegia ongi erabiltzea, eta testuak iruzkintzeko eta mapak, grafikoak eta beste iturri historiko batzuk interpretatzeko oinarrizko teknikak aplikatzea.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Espainiako eta Nafarroako historiako prozesu, egitura eta gertaera garrantzitsuak espazioan eta denboran kokatzea, eta haien osagai ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak identifikatzea.

-Espainiako historiako bilakaera prozesuetan eta aldaketa garrantzitsuetan eta Espainiako gaurko errealitatearen antolaeran agertzen diren kausalitate elementuak identifikatu eta ulertzea.

-Nafarroako lege eta tradizio historikoen esanahia eta denboran zehar izandako bilakaera ezagutzea.

-Informazioa bilatu, hautatu, aztertu eta interpretatzea, lehen eta bigarren mailako informazio iturriak erabiliz: testuak, mapak, grafiko eta estatistikak, prentsa, ikus-entzunezko hedabideak, eta informazioaren teknologiek eskaintzen dutena.

-Ikasten ari den garaiko testu historikoen gaineko iruzkinak egitea. Gertaera edo prozesu historiko beraren interpretazio historiografiko desberdinak aztertzea eta ikuspuntuak konparatu eta baloratzea.

2. Espainia garaikidearen sustrai historikoak.

-Erromanizazioa Iberiar Penintsulan.

-Penintsulako entitate politikoen jatorria, bilakaera eta kultura aniztasuna Erdi Aroan: erresuma kristauak eta Al-Andalus. Lurraldea okupatzeko moduak eta jabetzaren egituran izan zuten eragina. Zibilizazio musulmana Nafarroan eta Iruñeko Erresuman.

-Monarkia espainiarraren sorrera eta bilakaera: Errege-erregina Katolikoen elkartze dinastikotik Austriako etxearen erresumen batasunera. Nafarroa monarkia espainiarrean sarturik.

-Itsasoz gaindiko hedapena eta inperio kolonialaren sorrera.

-Antzinako Erregimenaren ezaugarri politiko, ekonomiko eta sozialak. Borboitarren politika zentralizatzailea. Nafarroako foru sistema borboitarren monarkia espainiarrean.

3. Antzinako Erregimenaren krisia.

-Borboitarren monarkiaren krisia. Independentzia Gerra eta iraultza liberalaren hasiera. 1812ko Konstituzioa.

-Absolutismoa eta liberalismoa parez pare. Bilakaera politikoa Fernando VII.aren erregealdian. Amerika espainiarraren emantzipazioa.

4. Estatu liberalaren sorrera eta finkapena.

-Iraultza liberala Isabel II.aren erreginaldian. Karlismoa eta gerra zibila. Nafarroa: 1841eko Lege Itundua. Estatu liberalaren eraikuntza eta bilakaera.

-Seiurteko iraultzailea: demokrazia ezartzeko saioak. Iraultzatik errepublika saiora.

-Errestaurazioaren erregimena. Cánovasen sistemaren ezaugarriak eta funtzionamendua. Sistemaren kontrako oposizioa. Nazionalismo periferikoen sorrera. Gerra koloniala eta 1898ko krisia.

-Nafarroa: Kontraforuak erregimen itunduan.

5. Eraldaketa ekonomikoak eta aldaketa sozialak XIX. mendean eta XX. mendearen lehenbiziko herenean.

-Eraldaketa ekonomikoak. Desamortizazio prozesua eta nekazaritzaren aldaketak. Industria iraultzaren berezitasunak Espainian. Azpiegituren modernizazioa: trenbidea.

-Eraldaketa sozial eta kulturalak. Bilakaera demografikoa. Estamentuen gizartetik klaseen gizartera. Langile mugimenduaren sorrera eta garapena Espainian. Pentsamoldeen aldaketa.

6. Estatu liberalaren krisia, Bigarren Errepublika eta Gerra Zibila.

-Errestaurazioaren sistema modernizatzeko saioak. Monarkia konstituzionalaren krisia eta haustura. Gatazka sozialak. Marokoko auzia. Primo de Riveraren diktadura.

-Bigarren Errepublika. 1931ko Konstituzioa. Erreforma eta lorpen kulturalen politika. Erantzun antidemokratikoak.

-Militarren altxamendua eta gerra zibila. Gatazkaren alderdi politiko eta nazioartekoa. Bi aldeen bilakaera. Gerraren ondorioak. Nafarroaren parte-hartzea Gerra Zibilean.

7. Diktadura frankista.

-Estatu frankistaren sorrera: oinarri ideologikoak eta sostengu sozialak. Autarkia eta nazioartean bakartzea.

-Erregimenaren finkapena. Hazkunde ekonomikoa eta eraldaketa sozialak.

-Aldaketa elementuak frankismoaren azken etapan. Oposizio demokratikoa Espainian eta Nafarroan.

8. Gaur egungo Espainia.

-Demokraziara igarotzeko prozesua. 1978ko Konstituzioa. Printzipio konstituzionalak, erakundeen eta autonomien garapena. Foruaren 1982ko hobekuntza.

-Gobernu demokratikoak. Aldaketa sozial, ekonomiko eta kulturalak.

-Espainia Europar Batasunean. Espainiaren tokia Europan eta munduan.

-Foru erakundeak gaur egun. Nafarroa Europar Batasunean.

Ebaluazio irizpideak

1. XVI. mende aurreko prozesu historiko nagusiak ezagutu eta baloratzea, eta bereziki nabarmentzea geroago izan zuten garrantzia eta oraindik indarra duten ondorioak.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren Antzinateko eta Erdi Aroko prozesu garrantzitsu batzuen aztarnak atzemateko gaur egungo Espainiako eta Nafarroako errealitatean, eta haien eragin historikoa baloratzeko. Hona hemen prozesu horietako batzuk: erromanizazioa, Erdi Aroko erresumetako bilakaera politikoa, lurraldearena eta sozioekonomikoa, eta lurraren jabetza eta banaketa mota nagusiak.

2. Espainiako estatu modernoaren sorreraren eta garapenaren berezitasunak ezagutu eta deskribatzea, bai eta kanpoko hedapen prozesuarenak eta Espainiaren eta Amerikaren arteko harreman estuenak ere.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak ondokoak azaltzeko gai diren: monarkia espainiarrak Aro Modernoan izan zuen bilakaera, Europan bete zuen tokia, nola bilakatu zen estatu zentralista borboitarra, eta nolako eragina izan zuen Nafarroako foru sisteman. Halaber, Amerikaren aurkikuntza, konkista, ekarpen demografikoak eta ustiapen eredua eta Espainia modernoan horiek guztiek izandako eragina historian kokatzeko gaitasuna ebaluatuko da.

3. Antzinako Erregimenak Espainian izan zuen krisia aztertu eta deskribatzea, bereziki azpimarratuz haren berezitasuna, nazioarteko inguruarekiko lotura eta garrantzia historikoa.

Egiaztatu behar da ea ikasleak gai diren Independentzia Gerran gertatu zen iraultza prozesuaren norainokoa eta mugak ezagutzeko, Cadizko Gorteen legegintza lanaren garrantzia nabarmenduz. Gainera, Fernando VII.aren erregealdian absolutismoaren eta liberalismoaren artean izandako dialektikoa eta horrek Nafarroako foru erregimenean izan zuen eragina azaldu behar dituzte, eta garai berean gertatu zen Amerika espainiarraren emantzipazio prozesuaren arrazoiak eta ondorioak identifikatu behar dituzte.

4. Estatu liberala sortzeko eta Espainian ekonomia kapitalista astiro ezartzeko prozesuaren konplexutasuna azaltzea, gainditu behar izan ziren zailtasunak eta prozesuaren izaera iraultzailea nabarmenduz.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten behar adinako prestakuntzarik Espainia isabeldarraren aldaketa politiko-juridiko, sozial eta ekonomikoen edukiaz, tamainaz eta bilakaeraz eta 1868ko Iraultzaren arrazoiez azalpen koherenteak emateko. Halaber, seiurteko demokratikoaren esanahi historikoa ulertu behar dute, haren bilakaera politikoa azaldu, eta garai hartan demokrazia ezartzeko egin zen ahalegina baloratu behar dute.

5. Errestaurazioaren garaia deskribatzea, sistema politikoaren berezitasunak, orduko lorpenak eta porrotak eta erregimenaren krisia eta desegitea eragin zituzten faktore nagusiak aztertuz.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik Espainiako Errestaurazio borboitarraren ezaugarriei antzemateko eta oinarri juridiko-politikoak eta sistema parlamentarioa desitxuratzen zuten ustelkeriak azaltzeko, bai eta prozesu horretako protagonista nagusien eta bipartidismotik kanpoko mugimenduen eginkizuna ere: nazionalismo periferiko sortu berriak eta langile mugimendua. Bestalde, ebaluatu nahi da ea ikasleek ba ote dakiten aztertzen Errestaurazioaren krisiaren garaiko arazo politiko eta sozial nagusiak eta monarkia parlamentarioaren haustura Alfontso XIII.aren erregealdian, eta ea ezagutzen dituzten Primo de Riveraren diktaduraren berezitasunak eta haren politikaren porrotaren kausak.

6. Bigarren Errepublikaren eta Gerra Zibilaren garrantzi historikoa baloratzea, bereziki nabarmenduz proiektu errepublikanoaren modernizazio ahalegina, sortu zitzaion oposizioa eta borroka fratrizida abiarazten lagundu zuten beste faktore batzuk.

Egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren Bigarren Errepublikako gertaera garrantzitsuenak kronologikoki kokatzeko, bereziki proiektu erreformisten ildo nagusiak, 1931ko Konstituzioaren ezaugarriak eta etapa guztietako lorpenak eta gatazkak; eta ea badakiten azaltzen militarren altxamenduaren hastapenak, nazioarteko laguntzek gerraren bukaeran izan zuten garrantzia, bi aldeen bilakaeraren kontu adierazgarrienak eta Nafarroan izandako garapena.

7. Diktadura frankistaren berezitasun ideologiko eta instituzionalak ezagutu eta aztertzea, aldaketa politiko, sozial eta ekonomikoen sekuentzia ezartzea eta nazioarteko egoerak erregimenaren bilakaeren izan zuen eragina nabarmentzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten trebetasunik diktadura frankistaren oinarri ideologikoak, sostengu sozialak eta funts instituzionalak ezagutzeko eta nazioarteko gertaerek erregimenaren bilakaeran nola eragin zuten azaltzeko. Egiaztatu behar da, halaber, ea ikasleek Espainia frankistaren bilakaera politiko eta ekonomikoaren ezaugarri nagusiak ulertzen eta kronologikoki kokatzen dituzten, eta hirurogeiko hamarkadatik aurrera garapenak gizartean izan zuen eragina aztertzeko gai diren. Azkenik, Espainian eta Nafarroan erregimenaren kontra egin zuen oposizioaren bilakaera eta indarra identifikatu eta baloratu behar dituzte.

8. Trantsizio demokratikoko prozesuaren ezaugarriak eta zailtasunak deskribatzea eta haren garrantzia baloratzea, 1978ko Konstituzioaren berezitasunaz jabetzea eta gaur egungo antolaketa politikoa eta lurralde antolaketa arautzen dituzten printzipioak azaltzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren Franco hil ondoko urteetan Espainiako egoera politiko, sozial eta ekonomikoan gertatu ziren aldaketak eta horiek eragin zituzten gizabanakoen eta taldeen ekintzak azaltzeko, Espainiako bizikidetza demokratikoa berreskuratzeko prozesua baloratuz. Horrez gain, 1978az gero Espainiako antolaketa politikoa eta lurralde antolaketa arautzen dituzten printzipioak eta egitura ezagutu behar dituzte, bereziki Nafarroaren kasuan.

9. Espainiako historiako gertaera esanguratsuen adibideak ematea eta nazioarteko inguruarekin lotzea, batez ere Europako eta Hispanoamerikako inguruarekin.

Irizpide honen bitartez egiaztatuko da ea ikasleak gai diren Espainiako historiako gertaera eta bitarte nabarmenak aldi berean nazioartean izan zirenekin lotzeko, batez ere Europan eta Hispanoamerikan izan zirenekin, eta eremu batean zein bestean sortu ziren ondorioak nabarmentzeko.

10. Ikerketa eta azalpen historikorako oinarrizko teknikak ezagutu eta erabiltzea, askotariko iturrietatik informazioa jasotzea eta horren edukia modu kritikoan baloratzea eta azaltzea, historiako hiztegia zehaztasunez erabiliz.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek eskola liburutegiko iturriak maiz erabiltzen dituzten eta behar adinako trebetasunak garatu dituzten dokumentazio historikoaren iturrietako informazioa hautatu, aztertu eta azaltzeko, bereziki testuak, mapak, datu estatistikoak eta irudiak. Halaber, prozesu historikoei edo historiako egoera jakinei buruzko mapa kontzeptualak egiteko eta interpretatzeko trebetasunik baduten egiaztatu nahi da.

GAZTELANIA ETA LITERATURA I ETA II

Batxilergoan hizkuntza eta literatura arloko prestakuntza, batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dagoeneko hizkuntzaren bidezko komunikaziorako lortu den gaitasunaren garapenaren jarraipena da, eta bestetik berariazko helburu batzuk ditu etapa honetarako, zeinetan prestakuntza zientifikoaren hasierak garrantzi berezia hartzen baitu, eta ikasleek adimen eta giza heldutasuna eta ezagutza eta trebetasun egokiak lortu behar baitituzte, bizitza aktiboan erantzukizunez eta gaitasunez hasteko eta goi mailako ikasketak egin ahal izateko.

Irakasgai honen helburua, beraz, ezer baino lehen, hizkuntzaren bidezko komunikaziorako gaitasuna behar adina garatzea da, gizarteko esparru guztietako hizkuntza bidezko interakzioan modu egoki eta zuzenean esku hartu ahal izateko. Hauek dira jakintzagaiak: trukeetarako printzipio eta arau sozialak, genero testual desberdinek gure kulturan dituzten forma konbentzionalak, testuaren zatiak osotasunean elkartzen eta egituratzen dituzten prozedurak, zentzua duten eta gramatikaren aldetik onargarriak diren enuntziatuak osatzea ahalbidetzen duten arau lexiko-sintaktikoak, arau ortografikoak, eta genero diskurtsibo eta testualek izan behar duten aberastasun linguistikoa.

Batxilergoan komunikaziorako gaitasuna garatu behar da diskurtso mota guztietan, baina arreta berezia eman behar zaie diskurtso zientifiko eta teknikoei eta kultural eta literarioei. Horregatik, lehentasunez landu behar diren diskurtso-esparruak hauek dira: akademikoa, komunikabideena eta literarioa.

Europako Kontseilua azken hamarkadetan ikerketa lana egiten aritu da, estatu kideetako hizkuntzalari eta pedagogoekin elkarlanean. Lan horri esker orain badugu guztiontzako oinarria, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikasketaren helburuak eta metodologia, programak prestatzeko arauak eta hizkuntza horietako ebaluazio irizpideak definitzen dituena.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuak (EEMB) eta Hizkuntzen Portfolio Europarrak (HPE) gidalerroak ezartzen dituzte hizkuntzak ikasteko eta hiztunaren gaitasuna baloratzeko. Marko horrek definitzen ditu hizkuntza jakin batean komunikatzeko gaitasunaren garapen mailak, ikasleak komunikazio xede jakineko lan multzo bat egiteko duen gaitasunaren arabera, berariazko esparru baten barnean. Agiri hori gako-erreferentea da hizkuntzako curriculumetan.

Hizkuntzen Portfolio Europarrak, berriz, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari laguntzeko tresna da. Agiri pertsonala da, ikasleari bere ikaskuntza, horren aurrerapena eta ebaluazioa aztertzen laguntzen diona.

Koordenatu horien barnean hauxe ezartzen da: edozein hizkuntzatan komunikaziorako gaitasuna pixkanaka garatzeko, ikasleek komunikazio ekintza batzuk burutzeko gauza izan behar dute. Ekintza horiek komunikazio xede zehatza dute esparru berezi batean. Komunikaziorako gaitasuna erabili behar da haiek burutzeko. Komunikaziorako gaitasuna garatzeak esan nahi du gaitasuna hartu behar dela ulertzeko (diskurtsoan maiz modu inplizituan komunikatzen diren elementuak atzeman eta interpretatzeko) eta diskurtsoak sortzeko. Horretarako ulertze prozedurak sendotu behar dira, eta ahozko nahiz idatzizko produkziorako estrategiak gauzatu.

Komunikaziorako gaitasuna pentsamenduak, sentimenak eta gertaerak adierazi eta interpretatzeko trebetasuna izatea da, hala ahoz nola idatziz, askotariko inguru sozial eta kulturaletan -eskolan, lanean, etxean eta aisian-. Lehenbiziko hizkuntzan (H1) ondoko ezagutza, trebetasun edo abilezia eta jarrera hauek behar dira:

Ezagutzak

-Hiztegia, gramatika funtzionala, estilistika eta hizkuntzaren funtzioak ongi ezagutzea.

-Ahozko interakzio motak (solasaldiak, eztabaidak, elkarrizketak, etab.) eta ahozko hizkuntzaren estilo eta erregistro guztien oinarrizko ezaugarriak ezagutzea.

-Komunikazioaren alderdi paralinguistikoak (ahotsaren ezaugarriak, aurpegierak, keinu eta jarrera sistemak) eta horien idatzizko adierazpena (komikiak, biñetak...) ulertzea.

-Literatura testuen motak (olerkiak, poesia lirikoa, antzerkia, ipuinak, kontakizunak, eleberriak, etab.) eta horien ezaugarri nagusiak ezagutzea, bai eta testu ez-literarioen motak (curriculum vitae-a, formularioak, txostenak, editorialak, saiakerak, hitzaldiak, etab.) eta horien ezaugarri nagusiak ere.

-Idatzizko hizkuntzaren bereizgarriak eta haren motak eta esparruak (formala, informala, zientifikoa, kazetaritzakoa, lagunartekoa, etab.) ulertzea.

-Testuaren propietateak eta ezaugarriak ezagutzea, azterketa linguistiko egokia egiteko, igorlearen asmoari eta erabilitako baliabideei erreparatuz.

-Hizkuntza eta komunikazio motak denboran zehar eta esparru geografiko eta sozial batetik bestera eta komunikazio esparru batetik bestera aldatu egiten direla jabetzea.

Trebetasun edo abileziak

-Egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin, askotariko mezuak ahoz edo idatziz emateko eta ulertzeko edo ulertarazteko trebetasuna.

-Komunikazioak barnean hartzen du askotariko komunikazio egoeretan ahozko mezu desberdinak entzun eta ulertzeko eta argi eta zehatz mintzatzeko trebetasuna. Hauek ere hartzen ditu barnean: mezua ulertaraztea lortzen den ala ez kontrolatzeko trebetasuna, eta komunikazio ingurune desberdinetan elkarrizketa bati ekiteko, eusteko eta amaiera emateko trebetasuna.

-Askotariko testuak irakurri eta ulertzeko trebetasuna; horretarako estrategia egokiak erabili behar dira, irakurketaren helburua (informazioa, ikasketa edo gozamena) eta testu mota kontuan izanik.

-Xede desberdinekin testu mota desberdinak idazteko eta idazketa prozesua (zirriborrotik zuzenketara) kontrolatzeko trebetasuna.

-Informazio idatzia, datuak eta kontzeptuak bilatu, bildu eta lantzeko trebetasuna, horiek ikasketetan erabili ahal izateko eta ezagutzak modu sistematikoan antolatzeko.

-Entzuten, hitz egiten, irakurtzen edo idazten ari denean informazio garrantzitsua eta garrantzirik gabekoa bereizteko trebetasuna.

-Norberaren argudioak, ahoz edo idatziz, modu sinesgarrian azaltzeko trebetasuna, eta beste ikuspuntu batzuk kontuan hartzekoa, ahoz nahiz idatziz adieraziak izan.

-Baliabideak (oharrak, eskemak, mapak, etab.) erabiltzeko eta testu konplexuak (hitzaldiak, solasaldiak, jarraibideak, elkarrizketak, eztabaidak) idatziz edo ahoz sortu, aurkeztu eta ulertzeko behar diren trebetasunak.

Jarrerak

-Hizkuntzarekiko jarrera positiboa garatzea, eta hizkuntza ezagutzak eskuratzeko beharrezkoa den aberastasun pertsonal eta kulturalaren iturritzat hartzea.

-Besteen iritzi eta argudioak aurreiritzirik gabe jasotzeko eta elkarrizketa kritiko eta eraikitzailean aritzeko jarrera.

-Jendaurrean hitz egiteko konfiantza.

-Hitz edo esaldi baten zuzentasun teknikotik harantzago adierazpenaren kualitate estetikoa lortzen ahalegintzeko prestasuna.

-Literaturaren balorazio positiboa.

-Espainiako beste hizkuntza batzuetan egindako adierazpenetarako errespetua.

-Kulturen arteko komunikazioari buruzko jarrera positiboa garatzea.

Azken batean, Batxilergoan handitu egin behar da hizkuntzaren bidezko komunikaziorako aurreko etapan hartutako gaitasuna, eta, ahal den neurrian, hizkuntza ezagupenen nolabaiteko lanketa eta sistematizazio pertsonala lortu behar da, besteren testuak ulertzeko eta norberarenak sortzeko azaltzen diren arazoak konpontze aldera. Beste hitz batzuetan esanda, alfabetatze kulturalaren prozesua osatu behar da, terminoaren adierarik zabalenean, gazteak ikasketen etapa bat amaitzear daudela. Etapa horren ondoren batzuk zuzenean pasatuko dira helduen bizitza sozialera eta besteek goi mailako ikasketak eginen dituzte; nolanahi ere hizkuntza eta literatura arloko prestakuntza sendoa beharko dute bizitza osoan ikasten jarraitzeko.

Edukiak multzotan banaturik egoteak ez du esan nahi sekuentzia edo hierarkia baten arabera antolaturik daudenik, baizik eta hizkuntzen irakaskuntzan erabili ohi den banaketa aukeratu dela, komunikaziorako gaitasunekin zuzeneko lotura duena.

Hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna, edukiak ikasi eta bereganatzeko. Komunikazioaren eta didaktikaren arloetako irizpideei jarraituz aukeratu behar dira gelako jarduerak. Testuak sortuko dira gidaritzapean, hala ahozkoak nola idatziak; horretarako, ereduak aurkeztu eta aztertuko dira eta haien imitazio sortzailea eginen da, edo ereduok eraldatu eginen dira asmo eta egoera desberdinetara egokituz. Ariketa hori lagungarria izanen da trebetasunak (ulermena, mintzamena eta idazmena) batera lantzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua egiteko.

Testu mota desberdinak landuko dira bai ahoz bai idatziz, lehentasunez testu akademikoak, komunikabideetakoak eta literaturakoak.

Eduki multzo bakoitzean "Trebetasunak eta estrategiak" izeneko atala sartu da, aurretik dituen eduki aukeratuak garatzen dituena. Atal horren bidez gelako jardueren planifikazioa erraztu eta zehaztu nahi da. Estrategiak irakatsi eta ikasi egiten direnez, ikasleek hizkuntza anitzetan askotariko egoeretara transferitu ahal izanen dituzten prozedura orokorren garapena eta erabilera lehenetsi behar dira. Estrategiak ez daude kronologikoki antolaturik, ez eta garrantziaren araberako hurrenkeran ere.

Edukiak lau multzotan banatu dira:

-1. multzoa. Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu

-2. multzoa. Irakurri eta idatzi

-3. multzoa. Hezkuntza literarioa.

-4. multzoa. Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

Hizkuntza trebetasunak lantzeko dira 1. eta 2. eduki multzoak -Ulertu eta hitz egin, eta Irakurri eta idatzi-, eta curriculumean bereiz agertzen dira, diskurtso mota bakoitzaren funtsezko alderdiei berariaz ekiteko. Hala ere, ahozko erabilera formalak eta idatzizko erabilerak osagai asko dituzte berdinak (aurrez finkatutako gaia, edukiaren planifikazioa, sintaxia eta lexikoa, arau estandarrari lotzea ...), eta idatzizko erabilera informalak ere baditu antzekotasunak ahozko erabilera bat-batekoarekin (ez ahantzi pertsonen arteko komunikazio mota berriak, -messenger eta abar-) eta komunikazio egoera ugaritan zenbait erabilera konbinatzen dira eta ikaskuntza guztiek bat egin eta elkar indartzen dute.

Hizkuntzarako trebetasun horiek hizkuntzaren erabilera-esparru desberdinetan landuko dira: esparru akademikoan, pertsonen arteko eta erakundeekiko harremanen esparruan eta komunikabideen eta informazioaren teknologien esparruan.

Esparru akademikoan, baditugu ikasteko testuak, bai eremu zientifiko eta teknikoan eta bai humanistikoan, eta ikasleek beren eskola lanetan sortu behar dituzten testuak. Horiek bide ematen diete adierazpenaren erabileran trebatzeko, zorroztasuna eta zehaztasuna ere eskatzen dituzten testuinguru formaletan.

Komunikabideek gaur egungo munduko errealitateak ezagutu eta baloratzen eta kultura orokorra lortzen laguntzen duten testuak eskaintzen dituzte. Nerabeei horrelako diskurtsoak erakustea lagungarria izanen da jarrera kritikoak garatzeko, eta helduaroan modu autonomoan erabili ahal izanen dute inguruko munduari buruzko ezagupenen iturri garrantzitsu bat.

Batez ere diskurtsorako trebetasun eta abileziak landuko dira; hau da, prozeduren gaineko lanak ikaskuntza eta irakaskuntza prozesu osoaren ardatza egituratu behar du. Erabilera-esparruei buruzko gogoetak aurreko etapetan ikasitakoak sendotzeko bidea emanen du. Bestalde, ahoz eta idatziz ulertzeko eta adierazteko jardueretan eta jarduera horien gaineko gogoetan zorroztasun eta sakontasun nahikoa lortu behar da, ikasleek autonomia lor dezaten beren adierazpenak kontrolatzeko eta jasotzen dituzten diskurtsoen interpretazio kritikoa egiteko.

Hezkuntza literarioa izeneko 3. multzoak modu oso berezian laguntzen du komunikaziorako gaitasuna handitzen. Izan ere, askotariko testuinguru, eduki, genero eta erregistroak eskaintzen ditu; baina, gainera, literatura lanak gizateriaren oroimen unibertsalaren funtsezko atal dira, gizakien zirraren, ideien eta fantasien artxiboa, eta horregatik oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute gazteen adimena eta nortasuna heltzeko, banakako eta taldeko esperientziak objektibo bihurturik erakusten dizkietelako, gizarteratzeko eta errealitatera irekitzeko behar nabarmena duten une batean.

4. multzoak, Hizkuntzaren ezagutza izenekoak, eduki linguistikoak eta kontzeptu batzuen eta terminologia gramatikal baten ikasketa biltzen ditu. Etapa honetan eduki horiek beharrezkoak dira, zeren hizkuntzarako eta komunikaziorako trebetasunak eskuratu ahal izateko, hizkuntza erabiltzeaz gain hizkuntzaren alderdi askori buruz hausnartu behar baita: aldakuntza linguistikoa eta hura azaltzen duten faktoreak, erregistro eta erabilera sozialen egokitasuna, diskurtso zientifikoen eskakizunak terminologien erabileran, testuinguruaren faktoreen presentzia adierazten duten forma linguistikoak, testuari batasuna ematen laguntzen duten prozedurak, eduki bera adierazteko erabiltzen ahal diren baliabide lexiko eta sintaktiko desberdinak, hainbat proposizio enuntziatu kohesionatu batean sartzeko prozedura gramatikalak, hitzak eratzeko mekanismoak, hots eta grafien arteko loturen ezagutza, aldakortasunarekin eta ahozko eta idatzizko erabileretarako arau sozialei lotuta. Hizkuntza edukien irakaskuntza ingurune batean kokatu behar da, egin beharreko lan motaren eta komunikazio egoeraren arabera, hots, praktikoa izan behar du, ikasleen trebetasunak eta lanak hobetzea delako helburua. Bistan denez, Hizkuntzaren ezagutza ataleko edukiek zuzeneko lotura dute gainerako edukiekin, bereziki ulertze eta adierazpen jarduerekin eta testuak aztertu eta iruzkintzearekin. Hori kontuan hartu behar da edukiak banatzerakoan, programazioak egiterakoan eta, batez ere, jardueren sekuentziak gelara eramaterakoan.

Ikasketaren gaineko gogoeta izeneko atalean, ikasleek ikasteko eta lan egiteko estilo pertsonal eta eraginkorra gara dezaten lortu nahi da, beren estrategiak etengabe hobetu ahal izateko. Nola eta noiz ikasten duten gehien eta lan egiten duten ongien, horretaz jakitunago izan daitezen lortu nahi da. Nola lan egiten den eta nola ikasten den hausnartzea ere ingurune batean kokatu beharreko ekintza da, gainerako eduki multzoetan aipatutako zeregin eta jarduerekin estu lotuta.

Helburuak

Batxilergoan Gaztelania eta literaturako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Hizkuntzaren bidezko komunikaziorako gaitasuna garatzea, hau da, ezagutza (edukiak, prozedurak eta jarrera eta balioak) aplikatzea, benetako egoera ezagunak edo berriak eraginkortasunez ebazteko prozesu egokiak aplikatuz, hainbat esparrutan: pertsonalak, akademikoak, lanekoak edo gizartekoak.

2. Ahozko eta idatzizko diskurtso luze eta konplexuak ulertzea bizitza sozial eta kulturaleko ingurune desberdinetan, bereziki esparru akademikoan eta komunikabideetan.

3. Ahoz eta idatziz adierazpenak egitea hizkuntza oparoa erabiliz, diskurtso koherenteak eginez, zuzenak, ongi egituratuak, komunikazio egoera eta xede desberdinetarako egokituak, bereziki esparru akademikoan.

4. Ahozko eta idatzizko hizkuntza erabili eta baloratzea, pertsonen arteko komunikaziorako, gauza berriak ikasteko, errealitatea ulertu eta aztertzeko eta ekintza zein pentsamendua modu arrazionalean antolatzeko baliabide eraginkorra den aldetik.

5. Errespetuzko jarrerarekin, mota eta iritzi desberdinetako informazioak lortu, interpretatu eta baloratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak autonomiaz eta kritikarako senez erabiliz.

6. Ezagutza gramatikalak, soziolinguistikoak eta diskurtsiboak eskuratzea, testuak ulertu, aztertu eta iruzkintzeko eta nork bere lanak planifikatu, sortu eta zuzentzeko.

7. Espainiako hizkuntza eta kultura aniztasuna ezagutzea, bai eta penintsulako hizkuntzen eta haien aldaera nagusien jatorria eta garapen historikoa ere; Amerikako gaztelaniari arreta berezia eskainiko zaio eta hizkuntza eta kultura aniztasunaren balorazio positiboa sustatuko da.

8. Hizkuntzen erabilera sozial desberdinak aztertzea eta aurreiritziak sortzen dituzten hizkuntza-estereotipoak saihestea.

9. Gaztelaniazko literaturako obra eta pasarte adierazgarriak irakurri eta baloratzea, ingurune historiko eta sozial desberdinen adierazpen gisa eta aberastasun pertsonalerako bide gisa.

10. Gaztelaniazko literaturaren garaien ezaugarri nagusiak ezagutzea, baita egile eta lanik aipagarrienak ere. Halaber, haiek aztertzeko iturri bibliografiko egokiak era kritikoan erabiltzea.

11. Irakurketa baliatzea, bere esparru guztietan (literarioa, zientifikoa, soziala ...), aberastasun pertsonalaren eta gozamenaren iturri gisa, eta testua aintzat hartzea mundua adierazten eta interpretatzen duen aldetik.

12. Ikasteko prozesuei buruz hausnartzea eta komunikaziorako eta ikaskuntzarako ezagutzak eta estrategiak beste hizkuntza batzuetara pasatzea.

Edukiak

1. multzoa.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

.Entzun eta ulertu:

-Komunikazio egoerako faktoreek diskurtsoen askotarikotasunari dagokionez betetzen duten funtzioa ezagutzea.

-Ahozko testuen generoak sailkatu eta deskribatzea, egoerako faktoreen arabera, haien erregistroa aztertzea eta haien ezaugarri linguistikoak erabilera horiek azaltzen dituzten testuinguruko faktoreekin lotzea.

-Esparru akademikotik ateratako azalpen testuen, deskripzioen, ikasteko testuen, argudioen eta narrazioen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Informazioa lortu, landu eta ebaluatzeko prozedurak erabiltzea, baliabide tradizionaletatik eta teknologia digitaletatik ateratako dokumentuetan oinarriturik, testuak ulertu eta sortzeari lotuta.

.Hitz egin eta solasean aritu.

-Hainbat motatako testuak sortzea (akademikoak, literarioak eta kazetaritzakoak: azalpenak, elkarrizketak, albisteak, eztabaidak, antzezlanak, poesia errezitaldiak, irratiko tarteak, etab.), komunikazio egoerari egokituak, koherentzia eta batasuna ematen dizkieten mekanismoak erabiliz eta haien egitura formal desberdinak kontuan harturik.

-Ahozko testuak ongi egituratzeko interesa izatea eta gramatikaren eta komunikazioaren arauei lotzeko betebehar soziala estimatzea.

Trebetasunak eta estrategiak:

.Entzun eta ulertu.

-Informazioa bildu, aukeratu eta lantzea, baliabide tradizionalak eta teknologia digitalak (CD-ROMak, datu baseak, etab.) erabiliz.

-Ohar argi eta ordenatuak hartzea eta eskemak, mapa kontzeptualak edo laburpenak egitea informazioa aztertzeko.

-Informazioa eta iritzia bereiztea, eta ongi justifikatutako argudioak besteetatik bereiztea.

-Gai berri bat gai ezagun batekin lotzea.

-Elementu inplizituak, aurreiritziak, azpiulertuak, adiera bikoitzak, anbiguotasunak, elipsiak, igorlearen jarrera (intonazioa, bolumena), diskurtsoaren tonua (oldarkortasuna, ironia, umorea, sarkasmoa), ahoskatzen ez diren elementuak eta abarrekoak identifikatzea.

-Tolerantea eta kritikoa izatea hartzen diren mezuekin, eta autokritikoa igortzen direnekin.

-Komunikazio egoera bakoitzeko arauak betetzea, hartan parte hartu behar denean.

-Norberaren ulermena baloratzea.

.Hitz egin eta solasean aritu:

-Informazioa bildu eta antolatzea, xedearen eta entzuleen arabera, eta gidoia prestatzea.

-Ahozko azalpena prestatzea, ongi argudiatua eta egituratua, ikuspuntu desberdinak eta horiei buruzko jarrera desberdinak onartzen dituena.

-Azalpenaren saioak egitea.

-Hitz egiteko txandak eta adeitasunezko formulak eraginkortasunez erabiltzea. Hitz egiteko une egokia aukeratzea eta ongi aprobetxatzea. Diskurtsoa zaintzea: erritmoa, abiadura, isiluneak, intonazioa, etab. Hitzik gabeko elementuak egoki erabiltzea: begirada, keinuak, mugimenduak, etab.

-Argi mintzatzea, diskurtsoaren hariari eutsiz, gidoia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri gisa erabiliz.

-Entzuleen arreta erakarri eta mantentzea estrategia desberdinen bidez (bolumena, tonu aldaketak, umorea, adibideak).

-Alferrikako errepikapenak saihestea, okerreko informazioa eta ideia eta informazio ezegokiak identifikatzea.

-Taldeko eztabaida eta elkarrizketetan rol desberdinak hartzea.

-Bizikidetzaren arauak eta besteen iritziak errespetatzea.

-Norberaren azalpena eta besteenak objektibotasunez baloratzea.

-Irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

2. multzoa.-Irakurri eta idatzi.

.Idatzizko testuak ulertzea.

-Komunikazio egoerako faktoreek diskurtsoen askotarikotasunari dagokionez betetzen duten funtzioa ezagutzea.

-Idatzizko testuen generoak sailkatu eta deskribatzea, egoerako faktoreen arabera, haien erregistroa aztertzea eta haien ezaugarri linguistikoak erabilera horiek azaltzen dituzten testuinguruko faktoreekin lotzea.

-Testua aztertzea zentzu unitatea den aldetik. Testuingurua, egilea eta hartzailea, egilearen asmoa, edukia eta forma, egitura, barne batasuna, koherentzia eta egokitasuna lortzeko prozedurak.

-Esparru akademikotik ateratako argudioen, deskripzioen, azalpen testuen, narrazioen, elkarrizketen eta ikasteko testuen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Kazetaritza eta publizitateko testuen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Informazioa lortu, landu eta ebaluatzeko prozedurak erabiltzea, iturri inprimatuetatik eta digitaletatik ateratako dokumentuetan oinarriturik, testuak ulertu eta sortzeari lotuta.

-Berariazko testu idatziak (humanistikoak, kazetaritzakoak, zientifikoak, literarioak, etab.) interpretatu eta baloratzea, eta horien barne eraikuntza eta autoreak testuarekin eta obrarekin dituen erlazioak aztertzea.

.Idatzizko testuak sortzea.

-Hainbat motatako testuak sortzea (akademikoak, kazetaritzakoak, azalpenak, etab.), komunikazio egoerari egokituak, koherentzia eta batasuna ematen dizkieten mekanismoak erabiliz eta haien egitura formal desberdinak kontuan harturik.

-Idatzizko testuak, hala paperezko euskarrian nola digitalean, ongi aurkezteko ardura izatea, eta arau gramatikal, ortografiko eta tipografikoei lotzeko betebehar soziala estimatzea.

-Aipamenak egiteko prozedurak (orri oineko oharrak, komatxoak, etab.) ongi erabiltzea eta kontsultaturiko bibliografia ongi jasotzea.

Trebetasunak eta estrategiak.

.Idatzizko testuak ulertzea:

-Irakurtzeko estrategia egokiak aplikatzea: irakurri baino lehen, aurre-irakurketa (aurretiazko ezagutzak aktibatu, iragarpenak egin), analisia (irakurri, azpimarratu, oharrak egin, apunteak hartu) eta sintesia (eskemak, laburpenak eta mapa kontzeptualak).

-Hainbat generotako testuak, horien ezaugarriak eta antolaketa identifikatzea.

-Testuan ageri diren zenbait faktore atzematea: gaia eta gizarte ingurua, asmoa, igorlearen eta hartzailearen arteko lotura, erabilitako bidea, testuaren eskema eta erregistroa.

-Testuak laburtzea, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak eta komunikazio asmoa nabarmenduz. Testuan ematen diren informazioetatik eta norberaren ezagupenetatik ondorioak ateratzea.

-Diskurtsoaren adierazgailuen eta lokailuen laguntzaz, testu baten zatiak bereiztea, testua edozein motatakoa delarik, azalpena nahiz argudioa; lotura horiek grafikoki adieraztea eskema edo mapa kontzeptualetan, eta testua laburtzea aldez aurretik egindako eskemari jarraituz.

-Irakurketa adierazkorra egitea, tonua identifikatuz, puntuazio zeinuak interpretatuz intonazioari loturik, baliabide prosodikoak eta keinuak erabiliz.

-Ezagutza morfosintaktiko eta lexikoak aplikatzea.

-Inkoherentzia edo anbiguotasunak atzematea, halakorik bada, eta balorazio pertsonala egitea.

.Idatzizko testuak sortzea:

-Testua egiteko prozesua planifikatzea, testua antolatu, egituratu eta batasuna emateko mekanismoak erabiliz: ideiak sortu eta paragrafo kohesiodunetan antolatzea, hurrenez hurreneko bertsioak egitea azken bertsiora iritsi arte, eta arau ortografiko eta tipografikoak betetzea.

-Aztertutako testuak eredutzat hartzea.

-Informazio iturriak modu autonomoan erabiltzea, komunikazio xede jakin baterako behar diren datuak aukeratzeko, informazio hori fitxa, laburpen edo eskemetan antolatzeko eta azalpen edo argudioak egiterakoan berriz erabiltzeko.

-Iturri desberdinak kontsultatzea eta horiek emandako informazioa sintesi testuetan txertatzea; testu horietan datu nagusiak eta ikuspegi desberdinak, beren arteko erlazioak eta norberaren ikuspuntua agertuko dira.

-Norberaren baliabideak edo kontsultarako baliabideak erabiltzea norberaren akatsak zuzentzeko.

-Testua berrikusi eta planifikatzearen garrantzia baloratzea.

-Sortutako testuetan ondokoak baloratzea: datuen adierazgarritasuna, testuaren helburuaren arabera; edukien antolaketa koherentea; testuaren hurrenez hurreneko enuntziatuen batasuna; argudioen sendotasuna, eta erregistro egokiaren erabilera.

-Norberaren lanak eta besteenak objektibotasunez baloratzea. Nork bere kabuz eta irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

3. multzoa.-Hezkuntza literarioa.

-Diskurtso literarioa ulertzea, komunikazio ekintza estetikoa, kultura sortu eta transmititzeko bidea eta errealitate historiko eta sozialaren agerpena den aldetik.

-Hainbat garai, genero eta mugimendutako obra laburrak eta pasarteak irakurri eta iruzkintzea, literatura forma nagusiak bereizteko (generoak, figura eta tropo ohikoenak, hitz neurtuak) eta konturatzeko nola zenbait gai etengabe agertzen diren eta haiek lantzeko modua nola aldatu den.

-Narrazioak historian zehar: Erdi Aroko epikatik eta kontakizunaren forma tradizionaletatik eleberrira, Cervantes eta eleberri modernoa, eleberri errealistaren eta naturalistaren garapena XIX. mendean, eleberri errealista eta naturalistatik XX. mendeko narrazio eredu berrietara. Hispanoamerikako eleberria eta ipuina XX. mendearen bigarren erdian.

-Poesia: Erdi Aroko herri lirikatik eta lirika jasotik Pizkundeko eta Barrokoko poesiaren forma eta gai berrietara. Lirika erromantikoaren berrikuntzak. Bécquer eta sinbolistengandik abangoardietara. 27ko Belaunaldia. Lirikaren joerak XX. mendearen bigarren erdian. Hispanoamerikako poesiaren tokia.

-Antzerkia: antzerkiaren sorrera Erdi Aroan eta antzerki modernoa: Lope de Vega eta Espainiako antzerki klasikoa, haren ezaugarriak, garrantzi historikoa eta geroko antzerkian izandako eragina. Antzerki errealistaren eta ohitura-antzerkiaren sorrera XVIII. mendean. Antzerki erromantikoa. Tradizioa eta berrikuntza XX. mendeko antzerkian.

-Saiakera: kazetaritzaren eta saiakeraren sorrera XVIII. eta XIX. mendeetan. Saiakeraren bilakaera XX. mendean.

-Irakurtzeko autonomia sendotzea eta literatura estimatzea gozamen iturria eta beste mundu, garai eta kultura batzuk ezagutzeko bidea den aldetik.

-Testu literarioak edo xede literarioko testuak egitea, irakurri eta iruzkindu diren ereduetatik abiatuta.

-Garai desberdinetako lan aipagarriak irakurri, aztertu eta modu kritikoan baloratzea: narrazioak, olerkiak, antzerkiak eta saiakerak.

-Ikastetxeko liburutegia, inguruko liburutegiak eta liburutegi birtualak modu autonomoan erabiltzea.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Ulermena:

Lehenagoko ezagutzak aktibatzea: iragartzea (izenburua, garaia, egilea, generoa, etab. ikusirik).

Norberaren ulermena kontrolatzea.

Interpretazioa, inferentzia.

Testuak konparatzea eta generoaren arabera bereiztea.

Testuetako baliabide estilistikoak aztertzea.

Literatura testuetan aldaera linguistiko eta estilistikoak identifikatzea.

-Irakurketa adierazkorra:

Irakurketa adierazkorra egitea, tonua identifikatuz, puntuazio zeinuak interpretatuz intonazioari loturik, baliabide prosodikoak eta keinuak erabiliz. Antzeztea, ipuinak kontatzea eta poesiak errezitatzea.

-Ahozko eta idatzizko balorazioa:

Literaturaren inguruko esperientziei buruz hizketan aritzea eta esperientzia horiek konparatzea: testuak gogora ekarritako irudiak, oroitzapenak, ezusteak, aurkikuntzak, gogoetak, esperientziarekiko edo bizitzarekiko konparazioak, kulturen artekoak ...

Testuaren balio inplizituak edo agerikoak aztertzea.

Balorazio kritikoa: nork bere iritziei buruzko arrazoibide egokia egitea.

Nork bere testuak idaztea, literatura genero desberdinetako testuak irakurri eta gero: balorazioa, gutunak pertsona ospetsuei, iritzi arrazoitua, etab.

Ahozko eta idatzizko literatura baloratzea kultura ondarea den aldetik; haren alde desberdinak, adierazpen ahalbideak eta beste garai batzuk ezagutarazteko ahalmena identifikatzea.

-Literatura testuak sortzea:

Literatura testuak sortzea, erreferente literarioak imitatuz eta eraldatuz.

Literatura testu berriak sortzea. Horretarako, norberaren produkzioa planifikatzea, testuak egin eta berrikustea, egitura, kontzeptuak, narrazio mekanismoak eta estiloa aztertzea, eta ereduak bereganatzea.

Literatura lehiaketetan parte hartzea.

Irakurketarekin zerikusia duten kultura jardueretan parte hartzea (liburuaren astea, erakusketak, orri markagailuak ...).

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

-Perpausaren modalitatearen eta hizketaren arteko lotura ezagutzea eta perpausaren modalitateen esanahi kontestuala interpretatzea.

-Subjektibotasuna eta objektibotasuna adierazteko forma linguistikoak eta testuetan haiek adierazteko formak ezagutu eta erabiltzea. Igorlearen asmoa eta hizkuntzaren funtzioak aztertzea.

-Testuko solaskideen markak (deixiak) eta horiek testuaren sorrerako espazio eta denbora inguruabarrekin duten lotura aztertzea.

-Lokailuak, adierazgailuak (juntagailuak, adberbioak, lokuzio konjuntiboak, postpositiboak edo adberbialak eta adberbio-funtzioko esamoldeak) eta testuari batasuna ematen laguntzen duten prozedura anaforikoak ezagutu eta erabiltzea.

-Aditz formen arteko erlazioak ezagutzea, testuari barne batasuna emateko prozedurak diren aldetik, eta arreta berezia ematea aditz denboren balorazioari eta erabilera zuzen eta egokiari.

-Lotura lexiko formalak (hitz elkarketa eta eratorpena) ezagutu eta aztertzea, hitzak sortzeko bideak diren aldetik.

-Hitzen arteko lotura semantikoak ezagutu eta aztertzea, testuen barne batasunari eta ingurunerako egokitasunari dagokienez, eta arreta berezia jartzea ingurune akademiko eta sozialetan.

-Hitzen erabilera objektiboa (denotazioa) eta subjektiboa (konnotazioa) bereiztea.

-Jakintza arlo akademikoetako terminologien garrantzia baloratzea.

-Perpausaren egitura semantikoari (hitzen esanahiak eta argumentuak) eta sintaktikoari (subjektua, predikatua eta osagarriak) eta perpausak enuntziatu konplexuetan elkartzeari dagozkien kontzeptuak sistematizatzea, aukera desberdinak ezagutzeko eta hizkuntza eta komunikazio ingurune desberdinetan erabili ahal izateko.

-Gramatika, ortografia eta tipografia arauak ezagutzea eta gogoeta eginez erabiltzea, beren balio soziala aintzat hartuz.

-Besteren diskurtsoa norberaren diskurtsoan sartzeko prozedura linguistiko eta paralinguistikoak (aipamena, diskurtso aipatua) ezagutu eta erabiltzea.

-Gaztelaniaren sistema fonologikoa egituratzen duten ezaugarriak ezagutzea, hizkuntzen arteko kontrastearekin, aldakuntza sinkronikoekin eta konbentzio ortografikoekin loturik.

-Erregistro eta erabilera sozial desberdinak daudela jakitea eta arau baten beharra baloratzea.

-Amerikako gaztelaniaren ezaugarri nagusiak eta aldaerak ezagutzea eta balorazio positiboa egitea aniztasun horri buruz eta arau panhispanikoaren beharrari buruz. Hizkuntza estandarra eratzeko prozesua.

-Espainiako hizkuntza aniztasuna ezagutzea, eta zehatzago Nafarroakoa, bai eta haren kausa historikoak eta elebitasun eta diglosia egoerak ere, eta jarrera positiboa garatzea hizkuntza eta kulturen aniztasunaren eta bizikidetzaren aurrean.

-Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, gogoeta eginez, hizkuntza nork bere kabuz ikasteko.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Hizkuntzaren ezagutza:

Hizkuntza unitateei buruzko ezagutza teorikoak eta funtzionamendu arauak aplikatzea, ulermena eta adierazteko gaitasuna lantzeko:

a) Oraindik ez dakizkiten egiturak aurkeztea ikasleei. Haien funtzionamendua aztertzea eta haiek lantzea, lehendabizi ulermenaren bidez eta gero sormenaren bidez.

b) Ikasleek dagoeneko erabiltzen dituzten forma eta egitura gramatikalak aztertzea eta linguistikoki lantzea, hau da, haiei izena ematea eta haien erabilera findu eta errentagarri bihurtzea.

c) Ikasleak trebatzea forma linguistikoen eta fenomeno sintaktikoen erabilera praktikoan. Ikasleek esaldiko hitzak konbinatzen, sailkatzen, ordezten, aldatzen, modalizatzen, ordenatzen eta errepikatzen jakin behar dute.

Testuetan adibideak bilatzea. Aztergai diren elementuak identifikatzea. Identifikaturiko elementuak konparatu eta erlazionatzea.

Eskola hiztegiek eta hiztegi akademikoek ematen dituzten informazio linguistikoak interpretatzea, bereziki hitz motei buruzkoak, lexikoaren erlazio semantikoei buruzkoak (sinonimia, antonimia...) eta arauei buruzkoak.

Nork bere ezagupenak (printzipio edo arau linguistikoen indukzioa) edo kontsulta iturriak (hiztegiak, gramatikak, erabilerak ...) erabiltzea, arazoak konpontzeko edo eskatutako lana egiteko: osatu, eraldatu, laburtu, zuzendu, ondorioztatu, interpretatu, etab.

-Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta:

Modu autonomoan erabiltzea ikasteko baliabide guztiak: informatikoak, digitalak edo bibliografikoak, hala nola hiztegi elebidunak eta elebakarrak edo kontsulta liburuak.

Lexikoa eta hizkuntzaren egiturak berrikusi, zabaldu eta sendotzeko estrategiak erabiltzea.

Egitura gramatikalen erabilera eta esanahia aztertzea eta curriculumeko beste hizkuntzekin konparatu eta alderatzea.

Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, hizkuntza autonomiaz ikasteko.

Gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien onurak baliatzeko interesa.

Sormena, konfiantza, ekimena eta lankidetza baloratzea hizkuntzen ikasketan.

Akatsa ikasteko prozesuaren osagai dela onartzea, haren arrazoiak identifikatzea eta zuzentzeko estrategiak aplikatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. eta 2. multzoak.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu. Irakurri eta idatzi.

1. Hainbat motatako testuak deskribatzea, ahozkoak zein idatzizkoak, erabilera esparru desberdinetakoak, komunikazio egoerako faktoreei lotuta; testu bakoitzaren generoaren ezaugarri nagusiak nabarmentzea, haren erregistroaren ezaugarriak aztertzea eta testuingururako egokitasuna baloratzea. Adierazpen modua ere garrantzitsua da.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren genero desberdinetako testuak identifikatzeko erabilera esparru nagusien barnean, testuen sorreran esku hartzen duten zenbait faktore (gaia eta gizarte ingurua, asmoa, igorlearen eta hartzailearen arteko lotura, erabilitako bidea, eskema testuala eta erregistroa) bereizteko, ezaugarri linguistiko nagusiak komunikazio egoerako faktore horiekin lotzeko eta testuinguru bakoitzean erabilitako erregistroaren egokitasuna eta eraginkortasuna baloratzeko.

2. Informazioa identifikatzea, testua bere osoan ulertzea, inferentziak egitea eta erabilera-esparru desberdinetakoak diren ahozko nahiz idatzizko testuen edukiaz eta formaz gogoeta egitea. Arreta berezia emanen zaie kazetaritzako eta esparru akademikoko azalpen eta argudio testuei.

Honakoak ebaluatuko dira: testuaren informazioa identifikatu eta berreskuratzeko gaitasuna; ulermen globala (gai nagusia eta bigarren mailako gaiak atera, testuaren zatien arteko lotura aztertu, eskema edo mapa kontzeptualak egin, testua laburtu, asmoa identifikatu, etab.); inferentziak egitea (informazioa aztertu, lotura eta inferentziak ondorioztatu, ziurtasunak bilatu, etab.); edukiari buruzko gogoeta egitea (ikuspegi pertsonal eta kritikotik baloratu, irizpide eta arau estetiko edo moralekin alderatu, egiazko gertaerak eta alegiazkoak bereizi, etab.) eta formari buruzko gogoeta egitea (lokailuak eta adierazgailuak bezalako alderdi formalak aztertu, perpausaren elementuak, puntuazio zeinuak eta bestelakoak erabili, gaiari buruzko ikuspegia eta estiloa aztertu, etab.) genero testual eta diskurtsibo desberdinetan, arreta berezia emanez zientzia zabalkundeko ahozko testuei eta idatzizko azalpen eta argudio testuei (akademikoak nahiz kazetaritzakoak izan) eta kazetaritzako iritzi testuei.

3. Ahozko diskurtso desberdinak egitea, hala nola solasaldiak, elkarrizketak, alokuzioak, etab., curriculumeko edukiren batekin edo gaurko gairen batekin zerikusia dutenak, aurrez prestatutako eskemari jarraituz eta ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

Esparru akademikoan ahozko diskurtsoak planifikatu eta egiteko gaitasuna egiaztatuko da irizpide honen bitartez. Ondokoak baloratuko dira, besteak beste: iturri egokiak kontsultatzea, informazio garrantzitsua aukeratzea, edukia egituratzea, erregistro egokia hautatzea, eta entzuleak gidatu eta haien arretari eusteko baliabideak erabiltzea.

4. Azalpen eta argudio testuak sortzea, hizkuntzarekin, literaturarekin edo gaurko gizartearekin eta kulturarekin zerikusia duten gaiei buruz, dokumentazioko eta informazioaren tratamenduko prozedurak erabiliz.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek informazio iturrietara beren kabuz jotzeko, haietan datu egokiak hautatzeko komunikazio xede jakin baterako, informazio hori fitxa, laburpen, eskema eta abarretan antolatzeko, eta informazioa berriz erabiltzeko azalpen edo argudio testu batean (azalpen akademikoa, saiakera laburra edo iritzi artikulua). Sortutako testuen balorazioan kontuan hartuko dira datuen adierazgarritasuna, testuaren helburuaren arabera; edukien antolaketa koherentea; testuaren hurrenez hurreneko enuntziatuen batasuna; argudioen sendotasuna, eta erregistro egokiaren erabilera. Aipamenak egiteko prozedurak (orri oineko oharrak, komatxoak, etab.) ongi erabiltzea eta kontsultaturiko bibliografia ongi jasotzea ere aintzat hartuko dira.

3. multzoa.-Hezkuntza literarioa.

5. Literaturaren garai desberdinetako literatura lan laburren eta pasarte aipagarrien edukia interpretatzea, forma literarioei buruz (generoak, figura eta tropo ohikoenak, bertsifikazioa) eta garai, mugimendu eta egileei buruz ikasitakoa erabiliz.

Baloratu nahi da ea ikasleak gai diren garai desberdinetako eta egile handien literatura lanak beren inguru historiko, sozial eta kulturalean interpretatzeko, garai bereko edo egile beraren beste lan batzuekin lotuz. Zenbait gai eta motiboren presentzia eta horiek lantzeko moduaren bilakaera nabarmendu behar dituzte, eta ezagutu behar dituzte lan bakoitzaren generoaren ezaugarriak, tropo eta prozedura erretoriko ohikoenak eta, kasua bada, formetan (generoak, prozedura erretorikoak eta bertsifikazioa) izandako berrikuntzak.

6. Lan kritikoak egitea garai edo mugimendu desberdinetako obra garrantzitsuen irakurketari buruz, obra horiek beren inguru historiko eta literarioari loturik interpretatzea, behar den informazio bibliografikoa lortzea eta balorazio pertsonala egitea.

Ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek literaturaren garai edo mugimendu desberdinetako obra garrantzitsu batzuk osorik irakurri ondoren haiek interpretatu eta baloratzeko lan pertsonala egiteko, bai edukiaren aldetik bai forma literarioen erabileraren aldetik, eta beren inguru historiko, sozial eta literarioarekin lotzeko, bai eta, kasua bada, egileen ospe eta garrantziarekin ere. Informazio bibliografikoaren iturriak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hautatu eta erabiltzea ere aintzat hartuko da.

7. Testu literarioak sortzea, irakurri eta iruzkindu diren literatura lan laburrak eta pasarteak erreferentzia eta eredutzat harturik, mekanismo testual egokiak erabiliz -koherentzia, barne batasuna eta egokitasuna-, bai eta genero bakoitzeko baliabide erretoriko eta estilistikoak ere.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek literatura genero eta azpigeneroen berezitasuna ulertzen duten eta ea gai diren haietako bakoitzak bereak dituen prozedura eta baliabideak berriz erabiltzeko, gelan erabilitako ereduren bat imitatuz edo birsortuz, eta hizkuntzaren erabilera literarioaren alderdi ludikoari ere erreparatuz. Horrela egiaztatu ahal izanen da ea ikasleak ezagutza praktikoak eskuratzen ari diren beren sormena garatzeko, egile, obra eta garaiei buruzko ezagupen teorikoez gain.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

8. Hizkuntzari eta haren erabilerari buruzko ezagutzak modu sistematikoan erabiltzea hainbat esparru sozialetako testuak ulertu eta aztertzeko eta nork bere testuak sortu eta berrikusteko, terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek hizkuntzaren gaineko zenbait ezagupen bereganatu dituzten eta modu sistematikoan eta gogoeta eginez erabiltzen dituzten testuak ulertu, aztertu, sortu eta berrikusteko. Kontuan hartuko dira komunikazio egoerako faktoreak, erregistroa, eta perpausaren modalitateak hizketari loturik; subjektibotasuna eta objektibotasuna adierazteko moduak, konexio prozedurak eta testu bakoitzaren lokailu eta adierazgailuak; prozedura anaforikoak, erlazio lexiko formal eta semantikoak eta terminologien eginkizuna esparru akademikoan; aditzen eginkizuna barne batasunerako prozedura gisa eta aditz denbora eta moduen eta perifrasien erabilera; besteren diskurtsoak txertatzeko prozedura linguistiko eta paralinguistikoak. Ikasleek ezagutu beharko dituzte perpausaren egitura semantiko eta sintaktikoa eta perpausak enuntziatu konplexuetan elkartzeko aukerak, testuinguruaren eta igorlearen asmoen arabera. Konbentzio ortografiko eta tipografikoaren erabilera zuzena ebaluatuko da.

9. Espainiako hizkuntzen eta horien aldaera dialektal nagusien existentziaren arrazoi historikoak jakitea, eta ahozko zein idatzizko adierazpenetan haien ezaugarriak bereizi eta deskribatzea.

Ikasleek Espainiako hizkuntzen aniztasuna, hura eragin duten faktore historikoak eta hizkuntzen aldaera dialektalak ezagutzen ote dituzten ebaluatu nahi da. Haien ezaugarri nagusiak azaldu behar dituzte ahozko eta idatzizko adierazpenetan. Gainera, egiaztatuko da ea ikasleek elebitasun eta diglosia egoerak ezagutzen dituzten, jarrera positiboa hartu duten hizkuntzen aniztasunaren eta bizikidetzaren aurrean, eta erabilera formaletarako aldaera estandarren (edo arauzkoen) beharraz jabetu diren.

10. Amerikako gaztelaniaren ezaugarri orokorrak eta haren aldaeretako batzuk ezagutzea, eta arauen arteko berdintasunak eta desberdintasunak atzematea ahozko eta idatzizko adierazpen literarioetan eta komunikabideetan.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten Amerikako gaztelaniaren egoera, haren ezaugarri orokorrak eta haren aldaeretako batzuk, ahozko eta idatzizko adierazpen literarioen eta komunikabideen bitartez. Euskalkien aniztasuna begi onez ikusten duten eta erabilera formaletarako arau baten beharraz jabetu diren ere egiaztatuko da.

11. Ikasteko eskuratutako estrategiak eta hizkuntzarako trebetasunak identifikatu, erabili eta ebaluatzeko bitarteko guztiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, identifikatzea, adibideak ematea eta estrategia horiek bat-batean eta modu autonomoan erabiltzea.

Irizpide honen bitartez, ikasitako eta landutako estrategiak eta trebetasunak egoera berrietan aplikatzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Hau ere ebaluatu nahi da: ea ikasleak gai diren beren ikaskuntza prozesuaz hausnartzeko, ikaskuntzan dagozkien eginkizunak baloratuz: erabakiak hartzea, behatzea, hipotesiak egin eta doitzea eta beren aurrerapenak ebaluatzea ahalik eta autonomia handienaz. Halaber, ebaluatu nahi da ea gai diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko nazioarteko komunikaziorako eta ikaskuntza autonomorako tresna moduan, eta gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerez baliatzen diren. Bestalde, hizkuntzarekin egiten dakitena identifikatu behar dute, hau da, beren hizkuntza trebetasunak identifikatu behar dituzte.

EUSKAL HIZKUNTZA ETA LITERATURA I ETA II (A EREDUA)

Hizkuntzen etengabeko ikaskuntzaren bitartez pertsonen eta kulturen arteko harremanetarako berebiziko baliabidea eskuratzen da, ezinbestekoa dena etapa honetako hezkuntza helburuetako batzuk lortu ahal izateko.

Euskara jakiteak, komunitateak berezkoa duen hizkuntza den aldetik, Nafarroako hizkuntza anitzeko errealitatea eta haren hizkuntza aldaerak ezagutzea errazten du eta aniztasun hori aberastasun kultural gisa baloratzen laguntzen du.

Ikasleek lan eginen dute etaparen amaierarako oinarrizko komunikazio-gaitasuna lortzeko pertsonen arteko harremanetan eta arlo soziokulturalean. Baina, horrez gain, erregistro desberdinak erabiltzen ikasiko dute, lortutako komunikazio-gaitasunerako maila egokian. Hartara autoikaskuntzarako gaitasuna eta lan pertsonalerako estrategien garapena sustatuko dira, ikasleek gero ere euskara ikasten jarrai dezaten.

Adin honetan dauzkaten gaitasunei esker, etapan zehar, zikloak betez eta ikasitakoa metatuz, ikasleek trebetasun guztien garapena finkatuko dute, ariketaren bidez eta lehendik dakitenaren formalizazioa, sistematizazioa eta egituraketa indartuz.

Irakasleek, bestalde, lortu beharreko ezagutza eta trebetasunen multzo ordenatu eta eskuragarria osatu behar dute, jarraitutasuna eta orientazioa eskaintzeko. Programazioak ikasketaren ebaluaziorako oinarri eta erregistro gisa ere balio behar du.

Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuan irakasleek funtsezko lana eginen dute, hizkuntzari buruzko ezagutza berrien transmisioan ez ezik, baita eragile lanetan ere, ikasleak motibatzen. Irakaslea da gakoa, ikasleari lagunduko diona beste hizkuntza batzuetan eskuratutako komunikazio eta ikaskuntzarako estrategiak euskara ikasteko erabiltzen. Etapan eta curriculumeko gainerako hizkuntzetan zehaztutako komunikaziorako trebetasunek transferentzia hori erraztuko dute.

Bestalde, Europako Kontseilua azken hamarkadetan ikerketa lana egiten aritu da, estatu kideetako hizkuntzalari eta pedagogoekin elkarlanean. Lan horri esker orain badugu guztiontzako oinarria, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikasketaren helburuak eta metodologia, programak prestatzeko arauak eta hizkuntza horietako ebaluazio irizpideak definitzen dituena.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuak eta Hizkuntzen Portfolio Europarrak gidalerroak ezartzen dituzte hizkuntzak ikasteko eta hiztunaren gaitasuna baloratzeko. Marko horrek definitzen ditu hizkuntza jakin batean komunikatzeko gaitasunaren garapen mailak, ikasleak komunikazio xede jakineko lan multzo bat egiteko duen gaitasunaren arabera, berariazko esparru baten barnean. Agiri hori gako-erreferentea da hizkuntzako curriculumetan.

Hizkuntzen Portfolio Europarrak (HPE) ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari laguntzeko tresna da. Agiri pertsonala da, ikasleari bere ikaskuntza, horren aurrerapena eta ebaluazioa aztertzen laguntzen diona.

Koordenatu horien barnean hauxe ezartzen da: edozein hizkuntzatan komunikaziorako gaitasuna pixkanaka garatzeko, ikasleek komunikazio ekintza batzuk burutzeko gauza izan behar dute. Ekintza horiek komunikazio xede zehatza dute esparru berezi batean. Komunikaziorako gaitasuna erabili behar da haiek burutzeko. Komunikaziorako gaitasuna garatzeak esan nahi du gaitasuna hartu behar dela ulertzeko (diskurtsoan maiz modu inplizituan komunikatzen diren elementuak atzeman eta interpretatzeko) eta diskurtsoak sortzeko. Horretarako ulertze prozedurak sendotu behar dira, eta ahozko nahiz idatzizko produkziorako estrategiak gauzatu.

Komunikaziorako gaitasuna, bai euskara irakasgai gisa hartuta eta bai bigarren hizkuntzen (H2) kasuan ere, pentsamenduak, sentimenak eta gertaerak ulertu, adierazi eta interpretatzeko trebetasuna izatea da, hala ahoz nola idatziz, inguru sozialen sorta egokian -lanean, etxean, aisian, hezkuntzan eta prestakuntzan-, hizkuntza desberdinetan, norberaren nahien eta beharren arabera. Hizkuntza 1eko (H1) oinarrizko elementuetako batzuk biltzen ditu, hizkuntza hauetarako gaitasun mailaren arabera aplikatzen direnak:

Ezagutzak

-Hiztegia eta gramatika funtzionala, intonazioa eta ahoskera.

-Ahozko interakzio mota desberdinak daudela ohartzea (aurrez aurrekoa, telefonozko solasaldiak, elkarrizketak, etab.).

-Literatura testuen eta bestelakoen sorta egokia ezagutzea (adibidez, ipuin laburrak, olerkiak, egunkari eta aldizkarietako artikuluak, web orriak, jarraibideak, gutunak, txosten laburrak, etab.).

-Estilo eta erregistro desberdinen ezaugarri nagusiak ulertzea ahozko hizkuntzan eta idatzizkoan (formala, informala, kazetaritzakoa, lagunartekoa, etab.).

-Gizarteko konbentzioez, alderdi kulturalez eta hizkeraren aldakortasunaz jabetzea eremu geografiko eta gizarte eta komunikazio esparru desberdinetan.

Trebetasunak

-Ahozko mezuak entzun eta ulertzeko trebetasuna, komunikazio egoeren sorta egokian (ezagunak diren gaiak, norberaren interesekoak edo eguneroko bizitzari dagozkionak).

-Gai ezagunei, norberaren intereseko gaiei edo egunerokoei buruz hizketan hasteko, hariari eusteko eta elkarrizketak amaitzeko trebetasuna.

-Askotariko gaiei buruzko idatzizko testu espezializatu gabeak edo, zenbait kasutan, eremu ezagunetako testu espezializatuak irakurri eta ulertzeko trebetasuna, eta hainbat motatako testuak xede desberdinetarako eta egoera desberdin askotan idazteko trebetasuna.

-Baliabideak (esate baterako, oharrak, diagramak, mapak) egoki erabiltzea ahozko edo idatzizko testuak ulertu edo sortzeko (adibidez, solasaldiak, jarraibideak, elkarrizketak, hitzaldiak).

-Hizkuntza ikasteko jarduera autonomoen sorta egokia hasteko eta hari eusteko trebetasuna.

Jarrerak

-Kulturen arteko desberdintasunez ohartzea eta estereotipoei aurre egitea.

-Interesa eta jakin-mina izatea hizkuntzetarako, oro har (inguruko hizkuntzak, eskualdeetakoak, gutxiengoen hizkuntzak eta antzinakoak, zeinuen hizkuntzak eta abar) eta kulturen arteko komunikaziorako.

Gaitasun batean, beraz, ezagutzak, trebetasunak (egiten jakitea, egiteko abileziak ...) eta jarrerak konbinatzen dira, eta horiek guztiak ekintza eraginkor eta zehatz gisa antolatzen dira. Osagai horiek zatika eta bereiz hartu beharrean, hemen eta orain azpimarratu egiten da haien interakzio egokiak aplikazio praktikoetan duen garrantzia.

Curriculumeko beste sakontze maila bat hauxe da: behatu, aztertu, imitatu eta barneratu daitezkeen diskurtso eta testu aldaerak.

Batxilergoan euskara irakasgai gisa ikasteak esan nahi du, batetik, ikasleek euskara erabiltzeko dagoeneko lortu duten oinarrizko hizkuntza gaitasuna handitu eta finkatu behar dutela, eta, hortaz, ikasitakoa berrikusi eta sendotu behar dutela, eta bestetik, gaitasun espezializatuagoak garatu behar dituztela, beren etorkizuneko ikasketak gidatuko dituzten interesen arabera.

Ikasleen adina eta interesen askotarikotasuna ikusirik, komeni da genero diskurtsiboen sorta zabalari ekitea, testu espezializatu samarrak edo zenbait literatura testu ere tartean.

Batxilergoko etapan, halaber, gramatikarako gaitasuna handitzen da, egitura morfosintaktiko eta eduki lexiko konplexuagoak dituzten ahozko eta idatzizko testuak lantzen baitira. Hizkuntzaren kodeari buruzko ezagutzak sistematizatzea ahalbidetzen duen jakintza esplizitua osatzeraino irits daiteke. Funtsean, gogoeta jarduera horien esparruan egiten dira arrazoitze logikoko eragiketak (aztertzea, kontzeptualizatzea, sistematizatzea, etab.), prestakuntza intelektualaren indargarri eta osagarri moduan.

Batxilergoan, aurrera eginen da ezagutzan, eta horri esker ikasleen ikuspegia zabalduko da, beste bizimodu eta gizarte antolamendu batzuetara gehiago hurbilduko dira, denenak diren arazoei buruzko iritziak trukatuko dituzte, beren interesak dibertsifikatuko eta balio sozialak sendotuko, hizkuntza eta kultura desberdinen arteko harremanak gero eta ugariagoak diren mundu batean elkarretaratzea errazagoa izan dadin.

Edukiak multzotan banaturik egoteak ez du esan nahi sekuentzia edo hierarkia baten arabera antolaturik daudenik, baizik eta hizkuntzen irakaskuntzan erabili ohi den banaketa aukeratu dela, komunikaziorako gaitasunekin zuzeneko lotura duena.

Hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna, edukiak ikasi eta bereganatzeko. Komunikazioaren eta didaktikaren arloetako irizpideei jarraituz aukeratu behar dira gelako jarduerak. Testuak sortuko dira gidaritzapean, hala ahozkoak nola idatziak; horretarako, ereduak aurkeztu eta aztertuko dira eta haien imitazio sortzailea eginen da, edo ereduok eraldatu eginen dira asmo eta egoera desberdinetara egokituz. Ariketa hori lagungarria izanen da trebetasunak (ulermena, mintzamena eta idazmena) batera lantzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua egiteko.

Hainbat testu mota landuko dira, bai ahoz bai idatziz, etapa osoan zehar. Aztertutako genero guztietako testuei berriz ekinen zaie eta aurretik landutako alderdietan sakonduko da, batez ere komunikazio asmoari, diskurtsoaren osagaiei eta gogoeta gramatikalaren alderdiei dagokienez.

Testuen tipologiari eta hizkuntza garatzen den inguruneari dagokienez, jakintzat ematen da behin eta berriz agertuko direla gelako komunikazio truke arruntak: solasaldiak, simulazioak, jarraibideak, galdera-erantzunak, iruzkinak, esperientzien kontakizunak.

Eduki multzo bakoitzean "Trebetasunak eta estrategiak" atala sartu da, aurretik dituen eduki aukeratuak garatzen dituena. Atal horren bidez gelako jardueren planifikazioa erraztu eta zehaztu nahi da. Estrategiak irakatsi eta ikasi egiten direnez, ikasleek hizkuntza anitzetan askotariko egoeretara transferitu ahal izanen dituzten prozedura orokorren garapena eta erabilera lehenetsi behar dira. Estrategiak ez daude kronologikoki antolaturik, ez eta garrantziaren araberako hurrenkeran ere.

Edukiak lau multzotan banatu dira:

-1. multzoa. Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

-2. multzoa. Irakurri eta idatzi.

-3. multzoa. Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-4. multzoa. Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

Hizkuntza trebetasunak lantzeko dira 1. eta 2. eduki multzoak -Ulertu eta hitz egin, eta Irakurri eta idatzi-, eta curriculumean bereiz agertzen dira, diskurtso mota bakoitzaren funtsezko alderdiei berariaz ekiteko. Hala ere, ahozko erabilera formalak eta idatzizko erabilerak osagai asko dituzte berdinak (aurrez finkatutako gaia, edukiaren planifikazioa, sintaxia eta lexikoa, arau estandarrari lotzea ...) eta komunikazio egoera ugaritan zenbait erabilera konbinatzen dira eta ikaskuntza guztiek bat egin eta elkar indartzen dute.

Hizkuntzarako trebetasun horiek hizkuntzaren erabilera-esparru desberdinetan landuko dira: esparru akademikoan, pertsonen arteko eta erakundeekiko harremanen esparruan eta komunikabideen eta informazioaren teknologien esparruan.

3. multzoak, Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia izenekoak, ohiturak, harreman sozialak, hizkuntzaren ezaugarriak eta berezitasunak erakusten dizkie ikasleei; hitz batez, berena ez bezalako bizimoduak erakusten dizkie. Ezagupen horrek tolerantzia eta elkarren onarpena sustatzen ditu, errealitate sozial eta kultural desberdinak ezagutzeko jakin-mina pizten du eta kulturen arteko komunikazioa errazten du.

4. multzoak, Hizkuntzaren ezagutza izenekoak, eduki linguistikoak eta kontzeptu batzuen eta terminologia gramatikal baten ikasketa biltzen ditu. Multzo hau beharrezkoa da, hizkuntzarako eta komunikaziorako trebetasunak eskuratu ahal izateko hizkuntzaren alderdi batzuen gogoetazko erabilera beharrezkoa delako: gramatika eta ortografiako arauak; testuari batasuna ematen dioten elementu morfosintaktikoak; eduki bera adierazteko erabiltzen ahal diren aukera sintaktiko desberdinak; hitzak eratzeko mekanismoak; aldakortasuna eta dialektoak, erregistroak eta erabilera sozialak zehazten dituzten faktoreak, etab.

Hizkuntza edukien irakaskuntza ingurune batean kokatu behar da, egin beharreko lan motaren eta komunikazio egoeraren arabera, hots, praktikoa izan behar du, ikasleen trebetasunak eta lanak hobetzea delako helburua.

Ikasketaren gaineko gogoeta izeneko atalean, ikasleek ikasteko eta lan egiteko estilo pertsonal eta eraginkorra gara dezaten lortu nahi da, beren estrategiak etengabe hobetu ahal izateko. Nola eta noiz ikasten duten gehien eta lan egiten duten ongien, horretaz jakitunago izan daitezen lortu nahi da. Nola lan egiten den eta nola ikasten den hausnartzea ere ingurune batean kokatu beharreko ekintza da, gainerako eduki multzoetan aipatutako zeregin eta jarduerekin estu lotuta.

Helburuak

Batxilergoan Euskal hizkuntza eta literaturako ikasketen bidez (A eredua) hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Ahoz igorritako mezuen informazio orokorra eta berariazkoa ulertzea, eta ohiko komunikazio esparruetan eta komunikabideetan hizkuntza estandarrean azaltzen diren gaurko gaien inguruko arrazoibideari jarraitzea.

2. Berezkotasunez, errespetuz eta modu ulergarrian mintzatu eta ahozko interakzioan aritzea, behar adinako arintasun, zuzentasun eta zehaztasunez, komunikazio egoera bakoitzerako estrategia egokiak erabiliz.

3. Gai orokorrei eta berariazkoei buruz hizkuntza estandarrean idatzitako testuak ulertzea, mota desberdinetakoak, eta modu kritikoan interpretatzea, egin beharreko lanaren araberako ulertze-estrategiak erabiliz; testuaren funtsezko osagaiak identifikatu eta haien eginkizuna eta diskurtsoaren antolaketa atzematea.

4. Xede desberdinetako testuak, ikasleen interes eta beharretarako egokiak (informazioa eskuratzekoak, denbora pasakoak edo aisiakoak) nork bere kabuz irakurtzea.

5. Hainbat motatako testuak idaztea, ezagunak diren edo norberari interesatzen zaizkion gaiei buruz, testu argiak eta ongi egituratuak, irakurriko dituzten pertsonen eta komunikazio asmoaren arabera egokitutako estiloan.

6. Hizkuntzari eta hizkuntza erabiltzeko arauei buruzko ezagutzak erabiltzea modu egoki, koherente eta zuzenean, mintzatu eta idazteko eta ahozko zein idatzizko testuak ulertzeko, eta euskararen funtzionamenduaz gogoeta egitea komunikazio egoeretan.

7. Askotariko ikaskuntza estrategiak bereganatu eta garatzea, eskura dauden baliabide guztiak erabiliz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, horrela euskara nork bere kabuz erabili ahal izateko.

8. Norberak ikasteko erabiltzen dituen prozesuei buruz hausnartzea eta beste hizkuntza batzuetan komunikatzeko eskuratu diren ezagupen eta estrategiak euskarara transferitzea, bizitzan zehar euskara ikasten jarraitzeko.

9. Euskarazko komunikaziorako gaitasunari dagokionez nork bere burua ebaluatzeko estrategiak finkatzea, ekimenez, konfiantzaz eta arduraz.

10. Euskara eta, oro har, hizkuntzak baloratzea, jatorri, hizkuntza eta kultura desberdinetako pertsonen arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bideak diren aldetik, eta hizkuntzari eta kulturari lotutako bereizkeria eta estereotipo guztiak saihestea.

11. Nafarroako hizkuntza aniztasuna onartu eta errespetatzea, hizkuntza desberdinen erabilerari buruzko jarrera positiboa izatea eta hizkuntzak, hiztunak eta haien kultura errespetatzea.

Edukiak

1. multzoa.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

.Entzun eta ulertu

-Eskolako edo astialdiko eguneroko gaiei buruz egiten diren hitzaldi eta mintzaldien esanahi orokorra eta berariazkoa ulertzea, halako abstrakzio maila batez, interes orokorreko eta ikasleen interes akademikoko eremuaren barnean.

-Komunikabideek hizkuntza estandarrean igortzen dituzten mezuen esanahi orokorra eta berariazkoa ulertzea.

-Eguneroko eta interes orokorreko gaietan pertsonen arteko komunikazioa ulertzea, berehalakoan interakzioan aritzeko.

-Estrategia egokiak erabiltzea esanahi inplizituak ulertu eta ondorioztatzeko, ideia nagusiak atzemateko edo zerbait ulertu dela egiaztatzeko, testuinguruko gakoak erabiliz, askotariko gaiei buruzko ahozko testuetan.

-Konturatzea garrantzitsua dela mezu bat oro har ulertzea, osagai guzti-guztiak ulertzen ez badira ere.

.Hitz egin eta solasean aritu

-Esan nahi dena eta hura adierazteko modua planifikatzea, komunikazioa errazteko baliabideak -esate baterako itzulinguruak eta parafrasiak, hizkuntza gabeziak betetzeko- eta diskurtsoari koherentzia eta barne batasuna emateko mekanismoak erabiliz.

-Askotariko mezuak sortzea ahoz, beren interesekin zerikusia duten gaiez, eta aldez aurretik prestaturiko aurkezpenak egitea gai orokorrei edo beren espezialitateko gaiei buruz, zuzentasun gramatikal nahikoarekin eta ahoskera, erritmo eta intonazio egokiekin.

-Gai ezagun bati buruzko ikuspuntuak adieraztea, gaur egungo gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzea, modu argi eta ordenatuan, adibide egokiak ematea, beren ikuspuntuak argitasunez defendatzea eta besteen ekarpenen aurrean jarrera begirunetsua eta kritikoa agertzea.

-Askotariko gaien gaineko elkarrizketetan parte hartzea behar adinako arintasun, naturaltasun eta zehaztasunez, parte hartzeko, interakzioari eusteko eta esanahiak negoziatzeko estrategiak erabiliz.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Entzun eta ulertu:

Informazioa bildu, aukeratu eta lantzea, metodo tradizionalak eta teknologia digitalak (CD-ROMak, datu baseak, etab.) erabiliz.

Egoeraz, hitzezko testuinguruaz eta hitzik gabeko testuinguruaz (ilustrazioak, tonua) lehendik dakitena erabiltzea, hizpide izanen duten gai orokorra ezagutzea, entzuten dutenari buruzko oharrak hartzea, hiztegian begiratzea, irakasleei galderak egitea, etab.

Ahozko mezuak ulertzeko oinarrizko estrategiak erabiltzea: mezu orokorra eta xehetasunak identifikatzea, izenburua mezuarekin lotzea, egitura eta esanahi ezagunak atzeman eta berrikustea, etab.

Elementu inplizituak, aurreiritziak, azpiulertuak, adiera bikoitzak, anbiguotasunak, elipsiak, igorlearen jarrera (intonazioa, bolumena), diskurtsoaren tonua (oldarkortasuna, ironia, umorea, sarkasmoa), ahoskatzen ez diren elementuak eta abarrekoak identifikatzea.

Modu aktiboan entzutea, besteak eta beren iritziak errespetatuz.

Testutik ondorioak ateratzea eta horiek justifikatzea.

Norberaren ulermena baloratzea.

-Hitz egin eta solasean aritu:

Informazioa bildu eta antolatzea, xedearen eta entzuleen arabera, eta gidoia prestatzea.

Ahozko azalpena prestatzea, ikuspuntu desberdinak eta horiei buruzko jarrera desberdinak onartzen dituena.

Azalpenaren saioak egitea.

Elkarrizketaren dinamika aplikatzea parte hartzeko, txanda eskatzeko, errepikapenak edo argitasunak eskatzeko, adostasuna edo desadostasuna adierazteko, norberaren ikuspuntuak adeitasunez azaltzeko, etab.

Baliabide, hizkera eta funtzio linguistiko egokiak erabiltzea.

Argi mintzatzea, diskurtsoaren hariari eutsiz, gidoia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri gisa erabiliz.

Ahoz aritzean hutsak zuzentzea mintzaldiaren garapena eten gabe.

Esaten dena eta erabiltzen diren adierazpideak une bakoitzari eta entzuleei egokitzea, arretari eusten saiatzea (enfasia, bolumena, tonua, jakin-mina eragitea: galderak, datu jakingarriak, umorea, irudiak, etab.) eta esan nahi dena berriz formulatzea.

Alferrikako errepikapenak saihestea, okerreko informazioa eta ideia eta informazio ezegokiak identifikatzea.

Taldeko eztabaida eta elkarrizketetan rol desberdinak hartzea.

Bizikidetzaren arauak eta besteen iritziak errespetatzea.

Norberaren azalpena eta besteenak objektibotasunez baloratzea.

Irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

2. multzoa.-Irakurri eta idatzi.

.Idatzizko testuak ulertzea.

-Informazioa iragartzea, testuaren elementuetan eta testutik kanpokoetan oinarriturik, askotariko gaiei buruzko testu idatzietan.

-Informazio orokorra, berariazkoa eta zehatza ulertzea prentsan, publizitatean, gutunetan, txostenetan, jarraibideetan, agiri ofizial laburretan edo literatura testuetan, askotariko gaiak jorratuz.

-Komunikazio asmoa, elementu testualak eta paratestualak eta informazioa antolatzeko modua identifikatzea eta testuaren zatiak bereiztea.

-Esanahi inplizituak, jarrerak edo ikuspuntuak ulertzea, gaur egungo gaiei buruzko artikulu eta txostenetan.

-Beren interes akademiko eta pertsonalekin eta etorkizuneko interes profesionalekin zerikusia duten testuak beren kabuz irakurtzea.

-Baliabide digital, informatiko eta bibliografikoak beren kasa erabiltzea ulermen arazoak konpontzeko edo lanerako behar duten informazio berezia bilatzeko.

-Behar den estrategiak erabiltzea, testu motaren arabera eta lortu nahi den irakurketa-helburuaren arabera.

-Askotariko testuak beren kabuz irakurtzeko interesa izatea, informazioa lortzeko, ezagutzak handitzeko edo ongi pasatzeko.

.Idatzizko testuak sortzea.

-Mota desberdinetako testu konplexu samarrak sortzea, gai pertsonalak, gaurko gaiak eta interes akademikoko gaiak landuz (deskribatu, kontatu, azaldu, hipotesiak egin, probabilitatea eta zalantza adierazi, informazioak eskatu, baimena eskatu, sentimenak eta zirrarak adierazi, etab.), paperean eta euskarri digitalean, nahikoa argi, gramatika arauak betez eta lexikoa gaiari egokituz.

-Testuaren irakurleentzako erregistro egokia erabiltzea.

-Elementu grafikoak eta paratestualak erabiltzea testua errazago uler dadin, hala nola ilustrazioak, taulak, grafikoak edo tipografia, paperean eta euskarri digitalean.

-Idatzizko testu argi eta ulergarriak, egitura egokia dutenak sortzen saiatzea, behar desberdinak eta komunikazio asmo desberdinak kontuan hartuz.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Idatzizko testuak ulertzea:

Irakurtzeko estrategia egokiak aplikatzea: irakurri baino lehen, aurre-irakurketa (aurretiazko ezagutzak aktibatu, iragarpenak egin), analisia (irakurri, azpimarratu, oharrak egin, apunteak hartu) eta sintesia (eskemak, laburpenak eta mapa kontzeptualak).

Testuan ageri diren zenbait faktore atzematea: gaia eta gizarte ingurua, asmoa, igorlearen eta hartzailearen arteko lotura, erabilitako bidea eta eskema.

Testuak laburtzea, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiztea eta komunikazio asmoa nabarmentzea.

Interes orokorreko eta zabalkundeko egiazko testu idatzietan dagoen informazioa identifikatzea, informazio hori modu kritikoan aztertu ahal izateko bezain zehatzak diren testuak erabiliz.

Esanahi inplizituak, jarrerak eta ikuspuntuak atzematea.

Irakurketa adierazkorra. Zentzua emanez eta intonazioa eta jarioa zainduz irakurtzea.

Informazioak bilatu, alderatu eta erkatzea eta ulermen arazoak konpontzea.

-Idatzizko testuak sortzea:

Testua egiteko prozesua planifikatzea, testua antolatu, egituratu eta batasuna emateko mekanismoak erabiliz: ideiak sortu eta paragrafo kohesiodunetan antolatzea, hurrenez hurreneko bertsioak egitea azken bertsiora iritsi arte, eta arau ortografiko eta tipografikoak betetzea.

Gai ezagunei buruzko kontsultak egitea iturri desberdinetan, eta horien informazioa laburpen testuetan jasotzea.

Informazio iturriak modu autonomoan erabiltzea, komunikazio xede jakin baterako behar diren datuak aukeratzeko, informazio hori fitxa, laburpen edo eskemetan antolatzeko eta hainbat motatako testuak egiterakoan berriz erabiltzeko.

Aztertutako testuak eredutzat hartzea.

Norberaren baliabideak edo kontsultarako baliabideak erabiltzea norberaren akatsak zuzentzeko.

Testua berrikusi eta planifikatzearen garrantzia baloratzea.

Sortutako testuetan ondokoak baloratzea: datuen adierazgarritasuna, testuaren helburuaren arabera; edukien antolaketa koherentea; testuaren hurrenez hurreneko enuntziatuen batasuna; argudioen sendotasuna, eta erregistro egokiaren erabilera.

Norberaren lanak eta besteenak objektibotasunez baloratzea. Nork bere kabuz eta irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

3. multzoa.-Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-Nafarroako eta euskaraz mintzatzen den eskualdeetako egoera soziolinguistikoari buruzko oinarrizko alderdiak ezagutzea, gure hizkuntza eta kultura ondarea hobeki ulertu eta baloratzeko.

-Kultura elementu nagusiak ezagutu eta baloratzea, hala nola euskal tradizioak, literatura, artea, musika eta zinema, bai eta hari lotutako zenbait pertsonaia historiko ere.

-Komunikazio ingurunerako, mintzakidearentzako eta komunikazio helbururako, komunikazio biderako, euskarrirako eta abarretarako egoki diren erregistroak erabiltzea.

-Euskaraz idatzitako literatura gozamenerako jarduera eta aberaste pertsonal eta kulturalerako baliagarria dela ohartzea.

-Euskaraz idazten duten autore garrantzitsuen testu batzuk, ikasleek hizkuntzaren bidezko komunikaziorako duten gaitasunerako egokiak, irakurri, aztertu eta interpretatzea.

-Euskarak etorkizuneko ikasketetan eta lanbidean interesgarriak izanen diren ezagutzak lortzeko eta pertsona gisa aberasteko duen garrantzia ikustea.

-Euskaldunekin edo euskara ikasten ari direnekin komunikazio trukeak izateko eta kultura informazioak ezagutzeko interesa.

-Euskaraz hitz egiten den eskualdeei buruzko kultura informazioak ezagutzeko interesa.

-Euskaraz hitz egiten dutenek eta ikaslearen hizkuntzan hitz egiten dutenek ohitura, portaera, jarrera, balio edo sinesmenetan dituzten antzekotasun eta desberdintasun nagusiez gogoeta egitea.

-Euskara baloratzea ikasketen eta lanbidearen esparruan, herrien arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bitartekoa eta beste kultura eta hizkuntza batzuetara hurbiltzeko bidea den aldetik.

-Beste kultura batzuetako pertsonekin harremanak izatea eta beste eredu kultural batzuk errespetatzea pertsonak aberasteko bideak direla ohartzea.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

-Eremu semantikoa zabaltzea, adierazpen idiomatikoen, sinonimoen, antonimoen, konnotazioen eta ikasleei interesatzen zaizkien eta curriculumeko beste irakasgai batzuekin zerikusia duten gai orokorrei buruzko lexikoaren bidez.

-Hitzak osatzea aurrizki, atzizki eta hitz elkarketen bitartez. Hitz flexiboak eta ez-flexiboak bereiztea; kategoria gramatikalak eta hitzak osatzeko mekanismoak (hitz elkarketa eta eratorpena) ezagutzea.

-Testu mota eta komunikazio xede desberdinetarako egokiak diren egitura gramatikal eta funtzio nagusiak berrikusi eta sakonago aztertzea.

-Jarrera eta sentimen desberdinak adierazteko eta ulertzeko erabili beharreko azentuazio, erritmo eta intonazio ereduak sortu eta interpretatzea.

-Ahozko eta idatzizko komunikazioen artean eta lagunarteko hizkeren eta hizkera formalen artean dauden desberdintasun nagusiak, kontestualak eta formalak, aztertzea, batez ere eskola esparruan.

-Perpaus motak eta aditz moduak ezagutzea, hiztunen asmoak adierazteko bideak diren aldetik.

-Deixi pertsonalaren forma linguistikoak (izenordain pertsonalak, posesiboak eta aditz-morfemak) ahozko eta idatzizko testuetan identifikatu eta erabiltzea.

-Identifikatzea eta gogoeta eginez erabiltzea testuen lokailu batzuk, batez ere denborazkoak, esplikatiboak, banatzaileak, kausazkoak, kontrastezkoak eta ordenazkoak, eta barneko erreferentziarako mekanismo batzuk, bai gramatikalak (izenordain pertsonalak, posesiboak eta erakusleak) bai lexikoak (errepikapenak, sinonimoak eta elipsiak).

-Ezagutzea eta koherentziaz erabiltzea aditz formak, bereziki aditz laguntzailea indikatiboan, baldintzazkoa barne (erreala eta orainaldikoa), aginterako forma ohikoenak eta aditz trinko ohikoenak: IBILI, EGON, JOAN, ETORRI. Aditz aspektuak bereiztea.

-Maiz erabiltzen diren aditzen funtzionamendu sintaktikoa ezagutzea haien esanahian oinarrituta, subjektua eta aditzaren osagarriak identifikatuz; oinarrizko terminologia sintaktikoa ulertzea: perpausa; izen sintagma eta aditz sintagma; subjektua, aditza eta osagarriak.

-Perpausaren zatiak ezagutzea: aditz sintagma eta izen sintagma. Enuntziatuak barne batasunaz osatzeko prozedurak erabiltzea; bereziki, adierazpen esplikatiboak perpausan txertatzea, esate baterako aposizioa, adjektibo esplikatiboa eta erlatibozko perpausa ez-murrizgarria; konpletiboak, eta zehar galderak; perpaus konparatiboak; baldintzazko perpausak; eta denborazko perpausak.

-Kategoria gramatikalak ezagutzea: izena eta adjektiboa. Substantibo eta adjektiboen deklinabidea ezagutzea singularrean eta pluralean, kasu guztietan; bereziki, absolutiboaren eta ergatiboaren erabilera ezagutzea.

-Eskola hiztegiek eta kontsultarako beste obra batzuek ematen dituzten informazio linguistikoak interpretatzea, bereziki hitz motei buruzkoak, lexikoaren erlazio semantikoei buruzkoak (sinonimia, antonimia ...) eta arauei buruzkoak.

-Testu tratamenduko programetako zuzentzaile ortografikoak eta hiztegiak erabiltzea.

-Ortografiako arauak ezagutzea eta gogoeta eginez erabiltzea. Arreta bereziz landuko dira hitz ohikoenen ortografia, komaren oinarrizko erabilera (zerrendak, bokatiboak, tartekiak), puntua nola erabiltzen den perpausak bereizteko, eta elkarrizketaren zeinuak, komatxoak, etab.; horien guztien balio soziala eta idazkietan hizkuntzaren arauak bete beharra azpimarratuko dira.

-Euskaltzaindiaren arau batzuk ezagutzea. Zenbait kalko zuzentzea.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Hizkuntzaren ezagutza:

Hizkuntza unitateei buruzko ezagutza teorikoak eta funtzionamendu arauak aplikatzea, ulermena eta adierazteko gaitasuna lantzeko.

a) Oraindik ez dakizkiten egiturak aurkeztea ikasleei. Haien funtzionamendua aztertzea eta haiek lantzea, lehendabizi ulermenaren bidez eta gero sormenaren bidez.

b) Ikasleek dagoeneko erabiltzen dituzten forma eta egitura gramatikalak aztertzea eta linguistikoki lantzea, hau da, haiei izena ematea eta haien erabilera findu eta errentagarri bihurtzea.

c) Ikasleak trebatzea forma linguistikoen eta fenomeno sintaktikoen erabilera praktikoan. Ikasleek esaldiko hitzak konbinatzen, sailkatzen, ordezten, aldatzen, modalizatzen, ordenatzen eta errepikatzen jakin behar dute.

Testuetan adibideak bilatzea. Aztergai diren elementuak identifikatzea. Identifikaturiko elementuak konparatu eta erlazionatzea.

Eskola hiztegiek ematen dituzten informazio linguistikoak interpretatzea, bereziki hitz motei buruzkoak, lexikoaren erlazio semantikoei buruzkoak (sinonimia, antonimia ...) eta arauei buruzkoak.

Nork bere ezagupenak (printzipio edo arau linguistikoen indukzioa) edo kontsulta iturriak (hiztegiak, gramatikak, erabilerak ...) erabiltzea, arazoak konpontzeko edo eskatutako lana egiteko: osatu, eraldatu, laburtu, zuzendu, ondorioztatu, interpretatu, etab.

Ahoskatzeko oinarrizko arau nagusiak ikasteko interesa. Nork bere sistema garatzea ahoskera ereduak ikasteko.

-Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta:

Modu autonomoan erabiltzea ikasteko baliabide guztiak: informatikoak, digitalak edo bibliografikoak, hala nola hiztegi elebidunak eta elebakarrak edo kontsulta liburuak.

Lexikoa eta hizkuntzaren egiturak berrikusi, zabaldu eta sendotzeko estrategiak erabiltzea.

Egitura gramatikalen erabilera eta esanahia aztertzea eta norberaren hizkuntzarekin konparatu eta alderatzea.

Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, hizkuntza autonomiaz ikasteko.

Gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien onurak baliatzeko interesa.

Sormena, konfiantza, ekimena eta lankidetza baloratzea hizkuntzen ikasketan.

Akatsa ikasteko prozesuaren osagai dela onartzea, haren arrazoiak identifikatzea eta zuzentzeko estrategiak aplikatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. eta 2. multzoak.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu. Irakurri eta idatzi.

1. Ideia nagusia ulertzea eta xehetasun garrantzitsuak identifikatzea, aurrez aurreko komunikazio egoeretan edo komunikabideetan emandako ahozko mezuetan, gai ezagunei, eguneroko gaiei edo norberaren ikasketa eta interesekin zerikusia duten gai orokorrei buruz edo euskal hizkuntzari lotutako alderdiei buruz. Betiere mezuak argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanen dira eta diskurtsoaren garapena adierazgailu esplizituen bidez erraztuko da.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek gai zehatzei eta gai abstraktuagoei buruzko informazioa ulertu eta interpretatzeko, askotariko hiztunak emandako informazioa, hain zuzen ere, kontuan izanik erabilitako erregistroa, hiztunaren asmoa eta jarrera, besteak beste. Halaber, komunikabideek emandako ahozko testu luzeagoetan ideia nagusiak eta berariazkoak atzemateko gaitasuna ebaluatuko da. Betiere testu argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanak, mezua argitasunez egituratua izanen da eta adierazgailu esplizituak erabiliko dira.

2. Behar den jariotasunez eta ahoskera eta intonazio egokiez mintzatzea bat-bateko elkarrizketetan eta aldez aurretik prestatutako narrazio, argudiatze, eztabaida eta azalpenetan, behar diren komunikazio estrategiak eta egoerari dagokion diskurtso mota erabiliz.

Ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek, aldez aurretik prestatutako gaietatik abiaturik, askotariko gai ezagunen gainean deskripzio eta aurkezpen argiak egiteko, benetako edo alegiazko gertaerak eta liburu edo filmetako argumentuak kontatzeko eta sentimendu eta erantzunak deskribatzeko. Interakzioan erantzun egokiak emateko gaitasuna ere baloratuko da, eta errespetuzko jarrera, eta diskurtsoari jarraipena ematen laguntzea, egoerari eta komunikazioaren xedeari dagokien erregistroarekin.

3. Informazioa identifikatzea, testua bere osoan ulertzea, inferentziak egitea eta erabilera-esparru desberdinetakoak diren ahozko nahiz idatzizko testuen edukiaz eta formaz gogoeta egitea, ikasleek hizkuntzaren bidezko komunikaziorako duten gaitasun mailarako egokiak diren testuak erabiliz. Arreta berezia emanen zaie kazetaritzako eta esparru akademikoko azalpen eta argudio testuei.

Honakoak ebaluatuko dira: testuaren informazioa identifikatu eta berreskuratzeko gaitasuna; ulermen globala (gai nagusia eta bigarren mailako gaiak atera, testuaren zatien arteko lotura aztertu, eskema edo mapa kontzeptualak egin, testua laburtu, asmoa identifikatu, etab.); inferentziak egitea (informazioa aztertu, lotura eta inferentziak ondorioztatu, ziurtasunak bilatu, etab.); edukiari buruzko gogoeta egitea (ikuspegi pertsonal eta kritikotik baloratu, irizpide eta arau estetiko edo moralekin alderatu, egiazko gertaerak eta alegiazkoak bereizi, etab.) eta formari buruzko gogoeta egitea (lokailuak eta adierazgailuak bezalako alderdi formalak aztertu, perpausaren elementuak, puntuazio zeinuak eta bestelakoak erabili, gaiari buruzko ikuspegia eta estiloa aztertu, etab.), ikasleek hizkuntzaren bidezko komunikaziorako duten gaitasun mailarako egokiak diren genero testual eta diskurtsibo desberdinetan, arreta berezia emanez zientzia zabalkundeko ahozko testuei eta idatzizko azalpen eta argudio testuei (akademikoak nahiz kazetaritzakoak izan) eta kazetaritzako iritzi testuei.

4. Testu argi eta zehatzak idaztea xede desberdinetarako, zuzentasun formal, barne batasun eta erregistro egokiekin, testua planifikatu eta berrikustearen garrantzia baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek argi antolaturiko testuak idazten dituzten, perpausak sekuentzia linealetan ongi josiz; ea testuak planifikatu eta berrikusteaz arduratzen diren, hurrenez hurreneko bertsioak eginez azken bertsioa osatzeraino, arau ortografiko eta tipografikoak betez. Halaber, ebaluatuko da ea behin betiko testuetan islatzen ote den behar adinako autonomiaz planifikatu eta idatzi direla, kontsulta material egokiaren laguntzaz, eta ea hainbat iturritatik ateratako informazioa laburtzen eta ebaluatzen den, betiere gai ezagunei buruzkoa.

3. multzoa.-Alderdi sozial eta kulturala eta kultura arteko kontzientzia.

5. Egiazko agirietan, paperezko euskarrian, euskarri digitalean edo ikus-entzunezkoan, euskaraz hitz egiten den eskualdeetako ezaugarri geografiko, historiko, artistiko, literario eta sozial garrantzitsuenak aztertzea, eta ezagutzan sakontzea, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntza eta kulturen bidez aberastutako ikuspuntutik.

Irizpide honen bitartez, euskaraz hitz egiten den eskualdeetako kulturari buruzko ezagutzak ebaluatuko dira, eta ezaugarri horiek berezkoak dituzten zenbait ezaugarri identifikatu eta aztertzeko gaitasuna ere bai. Ikasleek gizarte eta kulturen askotarikotasunaz jabetu behar dute, eta bereizi egin behar dituzte hizkuntza komunitate bereko taldeak eta kultura desberdinetako kideak.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

6. Lortutako ezagutza linguistiko, soziolinguistiko, estrategiko eta diskurtsiboak ohartuki erabiltzea, eta nork bere burua ebaluatu eta zuzenketako mekanismoak zorrotz aplikatzea, ikaskuntzan autonomia indartzeko.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek ba ote dakiten erabiltzen heldutasun sintaktikorik handiena adierazten duten egitura gramatikalak, ikasitako arauen eraginkortasuna baloratzen ote duten indukzio eta dedukzio prozesuetatik abiaturik, eta ea gai diren horiek aldatzeko, beharrezkoa denean. Hauek ere baloratuko dira: lexikorik espezializatuena zabaltzea, ezaugarri fonologikoak hobetzea, ortografia, eta komunikazioa errazten duten komunikazio-gaitasunaren osagaiei buruzko azterketa eta hausnarketa. Gainera, ebaluatuko da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek beren ikasketa prozesua baloratzeko eta beren lanak nahiz ikaskideenak zuzentzeko, hala ahozkoak nola idatziak.

7. Ikasteko eskuratutako estrategiak eta hizkuntzarako trebetasunak ebaluatu eta identifikatzeko bitarteko guztiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, identifikatzea, adibideak ematea eta estrategia horiek bat-batean eta modu autonomoan erabiltzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek gaitasunik ba ote duten estrategiak eta trebetasunak egoera berriei aplikatzeko eta ikaskuntza prozesuaz hausnartzeko, ikaskuntzan norberak betetzen dituen eginkizunak baloratuz: erabakiak hartzea, behatzea, hipotesiak sortu eta doitzea, eta aurrerapenak ebaluatzea ahalik eta autonomiarik handienaz. Halaber, ebaluatu nahi da ea gai diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko nazioarteko komunikaziorako eta ikaskuntza autonomorako tresna moduan, eta gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerez baliatzen diren. Ikasleek, gainera, identifikatu behar dute hizkuntzaz egiten dakitena, hau da, hizkuntzarako dituzten trebetasunak, beren buruarenganako konfiantza sendotzeko.

EUSKAL HIZKUNTZA ETA LITERATURA I ETA II (D EREDUA)

Batxilergoan hizkuntza eta literatura arloko prestakuntza, batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dagoeneko hizkuntzaren bidezko komunikaziorako lortu den gaitasunaren garapenaren jarraipena da, eta bestetik berariazko helburu batzuk ditu etapa honetarako, zeinetan prestakuntza zientifikoaren hasierak garrantzi berezia hartzen baitu, eta ikasleek adimen eta giza heldutasuna eta ezagutza eta trebetasun egokiak lortu behar baitituzte, bizitza aktiboan erantzukizunez eta gaitasunez hasteko eta goi mailako ikasketak egin ahal izateko.

Irakasgai honen helburua, beraz, ezer baino lehen, hizkuntzaren bidezko komunikaziorako gaitasuna behar adina garatzea da, gizarteko esparru guztietako hizkuntza bidezko interakzioan modu egoki eta zuzenean esku hartu ahal izateko. Hauek dira jakintzagaiak: trukeetarako printzipio eta arau sozialak, genero testual desberdinek gure kulturan dituzten forma konbentzionalak, testuaren zatiak osotasunean elkartzen eta egituratzen dituzten prozedurak, zentzua duten eta gramatikaren aldetik onargarriak diren enuntziatuak osatzea ahalbidetzen duten arau lexiko-sintaktikoak, arau ortografikoak, eta genero diskurtsibo eta testualek izan behar duten aberastasun linguistikoa.

Batxilergoan komunikaziorako gaitasuna garatu behar da diskurtso mota guztietan, baina arreta berezia eman behar zaie diskurtso zientifiko eta teknikoei eta kultural eta literarioei. Horregatik, lehentasunez landu behar diren diskurtso-esparruak hauek dira: akademikoa, komunikabideena eta literarioa.

Europako Kontseilua azken hamarkadetan ikerketa lana egiten aritu da, estatu kideetako hizkuntzalari eta pedagogoekin elkarlanean. Lan horri esker orain badugu guztiontzako oinarria, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikasketaren helburuak eta metodologia, programak prestatzeko arauak eta hizkuntza horietako ebaluazio irizpideak definitzen dituena.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuak eta Hizkuntzen Portfolio Europarrak gidalerroak ezartzen dituzte hizkuntzak ikasteko eta hiztunaren gaitasuna baloratzeko. Marko horrek definitzen ditu hizkuntza jakin batean komunikatzeko gaitasunaren garapen mailak, ikasleak komunikazio xede jakineko lan multzo bat egiteko duen gaitasunaren arabera, berariazko esparru baten barnean. Agiri hori gako-erreferentea da hizkuntzako curriculumetan.

Hizkuntzen Portfolio Europarrak (HPE) ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari laguntzeko tresna da. Agiri pertsonala da, ikasleari bere ikaskuntza, horren aurrerapena eta ebaluazioa aztertzen laguntzen diona.

Koordenatu horien barnean hauxe ezartzen da: edozein hizkuntzatan komunikaziorako gaitasuna pixkanaka garatzeko, ikasleek komunikazio ekintza batzuk burutzeko gauza izan behar dute. Ekintza horiek komunikazio xede zehatza dute esparru berezi batean. Komunikaziorako gaitasuna erabili behar da haiek burutzeko. Komunikaziorako gaitasuna garatzeak esan nahi du gaitasuna hartu behar dela ulertzeko (diskurtsoan maiz modu inplizituan komunikatzen diren elementuak atzeman eta interpretatzeko) eta diskurtsoak sortzeko. Horretarako ulertze prozedurak sendotu behar dira, eta ahozko nahiz idatzizko produkziorako estrategiak gauzatu.

Komunikaziorako gaitasuna pentsamenduak, sentimenak eta gertaerak adierazi eta interpretatzeko trebetasuna izatea da, hala ahoz nola idatziz, askotariko inguru sozial eta kulturaletan -eskolan, lanean, etxean eta aisian-. Lehenbiziko hizkuntzan (H1) ondoko ezagutza, trebetasun edo abilezia eta jarrera hauek behar dira:

Ezagutzak

-Oinarrizko hiztegia, gramatika funtzionala eta estiloa eta hizkuntzaren funtzioak ongi ezagutzea.

-Ahozko interakzio motak (solasaldiak, eztabaidak, elkarrizketak, etab.) eta ahozko hizkuntzaren estilo eta erregistro guztien oinarrizko ezaugarriak ezagutzea.

-Komunikazioaren alderdi paralinguistikoak (ahotsaren ezaugarriak, aurpegierak, keinu eta jarrera sistemak) ulertzea.

-Literatura testuen motak (olerkiak, poesia lirikoa, antzerkia, ipuin laburrak, eleberriak) eta horien ezaugarri nagusiak ezagutzea, bai eta testu ez-literarioen motak (curriculum vitae-a, formularioak, txostenak, editorialak, saiakerak, hitzaldiak, etab.) eta horien ezaugarri nagusiak ere.

-Idatzizko hizkuntzaren bereizgarriak (formala, informala, zientifikoa, kazetaritzakoa, lagunartekoa, etab.) ulertzea.

-Hizkuntza eta komunikazio motak denboran zehar eta esparru geografiko eta sozial batetik bestera eta komunikazio esparru batetik bestera aldatu egiten direla jabetzea.

Trebetasun edo abileziak

-Egoera desberdinetan eta asmo desberdinekin, askotariko mezuak ahoz edo idatziz emateko eta ulertzeko edo ulertarazteko trebetasuna.

-Komunikazioak barnean hartzen du askotariko komunikazio egoeretan ahozko mezu desberdinak entzun eta ulertzeko eta argi eta zehatz mintzatzeko trebetasuna. Hauek ere hartzen ditu barnean: mezua ulertaraztea lortzen den ala ez kontrolatzeko trebetasuna, eta komunikazio ingurune desberdinetan elkarrizketa bati ekiteko, eusteko eta amaiera emateko trebetasuna.

-Askotariko testuak irakurri eta ulertzeko trebetasuna; horretarako estrategia egokiak erabili behar dira, irakurketaren helburua (informazioa, ikasketa edo gozamena) eta testu mota kontuan izanik.

-Xede desberdinekin testu mota desberdinak idazteko eta idazketa prozesua (zirriborrotik zuzenketara) kontrolatzeko trebetasuna.

-Informazio idatzia, datuak eta kontzeptuak bilatu, bildu eta lantzeko trebetasuna, horiek ikasketetan erabili ahal izateko eta ezagutzak modu sistematikoan antolatzeko. - Entzuten, hitz egiten, irakurtzen edo idazten ari denean informazio garrantzitsua eta garrantzirik gabekoa bereizteko trebetasuna.

-Norberaren argudioak, ahoz edo idatziz, modu sinesgarrian azaltzeko trebetasuna, eta beste ikuspuntu batzuk kontuan hartzekoa, ahoz nahiz idatziz adieraziak izan.

-Baliabideak (oharrak, eskemak, mapak, etab.) erabiltzeko eta testu konplexuak (hitzaldiak, solasaldiak, jarraibideak, elkarrizketak, eztabaidak) idatziz edo ahoz sortu, aurkeztu eta ulertzeko behar diren trebetasunak.

Jarrerak

-Hizkuntzarekiko jarrera positiboa garatzea, eta hizkuntza aberastasun pertsonal eta kulturalaren iturri izan daitekeela onartzea.

-Besteen iritzi eta argudioak aurreiritzirik gabe jasotzeko eta elkarrizketa kritiko eta eraikitzailean aritzeko jarrera.

-Jendaurrean hitz egiteko konfiantza.

-Hitz edo esaldi baten zuzentasun teknikotik harantzago adierazpenaren kualitate estetikoa lortzen ahalegintzeko prestasuna.

-Literatura baloratzea.

-Kulturen arteko komunikazioari buruzko jarrera positiboa garatzea.

Azken batean, Batxilergoan areagotu egin behar da hizkuntzaren bidezko komunikaziorako aurreko etapan hartutako gaitasuna, eta, ahal den neurrian, hizkuntza ezagupenen nolabaiteko lanketa eta sistematizazio pertsonala lortu behar da, besteren testuak ulertzeko eta norberarenak sortzeko azaltzen diren arazoak konpontze aldera. Beste hitz batzuetan esanda, alfabetatze kulturalaren prozesua osatu behar da, terminoaren adierarik sakonenean, gazteak ikasketen etapa bat amaitzear daudela. Etapa horren ondoren batzuk zuzenean pasatuko dira helduen bizitza sozialera eta besteek goi mailako ikasketak eginen dituzte; nolanahi ere hizkuntza eta literatura arloko prestakuntza sendoa beharko dute bizitza osoan ikasten jarraitzeko.

Edukiak multzotan banaturik egoteak ez du esan nahi sekuentzia edo hierarkia baten arabera antolaturik daudenik, baizik eta hizkuntzen irakaskuntzan erabili ohi den banaketa aukeratu dela, komunikaziorako gaitasunekin zuzeneko lotura duena.

Hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna, edukiak ikasi eta bereganatzeko. Komunikazioaren eta didaktikaren arloetako irizpideei jarraituz aukeratu behar dira gelako jarduerak. Testuak sortuko dira gidaritzapean, hala ahozkoak nola idatziak; horretarako, ereduak aurkeztu eta aztertuko dira eta haien imitazio sortzailea eginen da, edo ereduok eraldatu eginen dira asmo eta egoera desberdinetara egokituz. Ariketa hori lagungarria izanen da trebetasunak (ulermena, mintzamena eta idazmena) batera lantzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua egiteko.

Testu mota desberdinak landuko dira bai ahoz bai idatziz, lehentasunez testu akademikoak, komunikabideetakoak eta literaturakoak.

Eduki multzo bakoitzean "Trebetasunak eta estrategiak" atala sartu da, aurretik dituen eduki aukeratuak garatzen dituena. Atal horren bidez gelako jardueren planifikazioa erraztu eta zehaztu nahi da. Estrategiak irakatsi eta ikasi egiten direnez, ikasleek hizkuntza anitzetan askotariko egoeretara transferitu ahal izanen dituzten prozedura orokorren garapena eta erabilera lehenetsi behar dira. Estrategiak ez daude kronologikoki antolaturik, ez eta garrantziaren araberako hurrenkeran ere.

Edukiak lau multzotan banatu dira:

-1. multzoa. Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

-2. multzoa. Irakurri eta idatzi.

-3. multzoa. Hezkuntza literarioa.

-4. multzoa. Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

Hizkuntza trebetasunak lantzeko dira 1. eta 2. eduki multzoak -Ulertu eta hitz egin, eta Irakurri eta idatzi-, eta curriculumean bereiz agertzen dira, diskurtso mota bakoitzaren funtsezko alderdiei berariaz ekiteko. Hala ere, ahozko erabilera formalak eta idatzizko erabilerak osagai asko dituzte berdinak (aurrez finkatutako gaia, edukiaren planifikazioa, sintaxia eta lexikoa, arau estandarrari lotzea ...) eta komunikazio egoera ugaritan zenbait erabilera konbinatzen dira eta ikaskuntza guztiek bat egin eta elkar indartzen dute.

Hizkuntzarako trebetasun horiek hizkuntzaren erabilera-esparru desberdinetan landuko dira: esparru akademikoan, pertsonen arteko eta erakundeekiko harremanen esparruan eta komunikabideen eta informazioaren teknologien esparruan.

Esparru akademikoan, baditugu ikasteko testuak, bai eremu zientifiko eta teknikoan eta bai humanistikoan, eta ikasleek beren eskola lanetan sortu behar dituzten testuak. Horiek bide ematen diete adierazpenaren erabileran trebatzeko, zorroztasuna eta zehaztasuna ere eskatzen dituzten testuinguru formaletan.

Komunikabideek gaur egungo munduko errealitateak ezagutu eta baloratzen eta kultura orokorra lortzen laguntzen duten testuak eskaintzen dituzte. Nerabeei horrelako diskurtsoak erakustea lagungarria izanen da jarrera kritikoak garatzeko, eta helduaroan modu autonomoan erabili ahal izanen dute inguruko munduari buruzko ezagupenen iturri garrantzitsu bat.

Batez ere diskurtsorako trebetasun eta abileziak landuko dira; hau da, prozeduren gaineko lanak ikaskuntza eta irakaskuntza prozesu osoaren ardatza egituratu behar du. Erabilera-esparruei buruzko gogoetak aurreko etapetan ikasitakoak sendotzeko bidea emanen du. Bestalde, ahoz eta idatziz ulertzeko eta adierazteko jardueretan eta jarduera horien gaineko gogoetan zorroztasun eta sakontasun nahikoa lortu behar da, ikasleek autonomia lor dezaten beren adierazpenak kontrolatzeko eta jasotzen dituzten diskurtsoen interpretazio kritikoa egiteko.

Hezkuntza literarioa izeneko 3. multzoak modu oso berezian laguntzen du komunikaziorako gaitasuna handitzen. Izan ere, askotariko testuinguru, eduki, genero eta erregistroak eskaintzen ditu; baina, gainera, literatura lanak gizateriaren oroimen unibertsalaren funtsezko atal dira, gizakien zirraren, ideien eta fantasien artxiboa, eta horregatik oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute gazteen adimena eta nortasuna heltzeko, banakako eta taldeko esperientziak objektibo bihurturik erakusten dizkietelako, gizarteratzeko eta errealitatera irekitzeko behar nabarmena duten une batean.

4. multzoak, Hizkuntzaren ezagutza izenekoak, eduki linguistikoak eta kontzeptu batzuen eta terminologia gramatikal baten ikasketa biltzen ditu. Etapa honetan eduki horiek beharrezkoak dira, zeren hizkuntzarako eta komunikaziorako trebetasunak eskuratu ahal izateko, hizkuntza erabiltzeaz gain hizkuntzaren alderdi askori buruz hausnartu behar baita: aldakuntza linguistikoa eta hura azaltzen duten faktoreak, erregistro eta erabilera sozialen egokitasuna, diskurtso zientifikoen eskakizunak terminologien erabileran, testuinguruaren faktoreen presentzia adierazten duten forma linguistikoak, testuari batasuna ematen laguntzen duten prozedurak, eduki bera adierazteko erabiltzen ahal diren baliabide lexiko eta sintaktiko desberdinak, hainbat proposizio enuntziatu kohesionatu batean sartzeko prozedura gramatikalak, hitzak eratzeko mekanismoak, hots eta grafien arteko loturen ezagutza, aldakortasunarekin eta ahozko eta idatzizko erabileretarako arau sozialei lotuta. Hizkuntza edukien irakaskuntza ingurune batean kokatu behar da, egin beharreko lan motaren eta komunikazio egoeraren arabera, hots, praktikoa izan behar du, ikasleen trebetasunak eta lanak hobetzea delako helburua. Bistan denez, Hizkuntzaren ezagutza ataleko edukiek zuzeneko lotura dute gainerako edukiekin, bereziki ulertze eta adierazpen jarduerekin eta testuak aztertu eta iruzkintzearekin. Hori kontuan hartu behar da edukiak banatzerakoan, programazioak egiterakoan eta, batez ere, jardueren sekuentziak gelara eramaterakoan.

Ikasketaren gaineko gogoeta izeneko atalean, ikasleek ikasteko eta lan egiteko estilo pertsonal eta eraginkorra gara dezaten lortu nahi da, beren estrategiak etengabe hobetu ahal izateko. Nola eta noiz ikasten duten gehien eta lan egiten duten ongien, horretaz jakitunago izan daitezen lortu nahi da. Nola lan egiten den eta nola ikasten den hausnartzea ere ingurune batean kokatu beharreko ekintza da, gainerako eduki multzoetan aipatutako zeregin eta jarduerekin estu lotuta.

Helburuak

Batxilergoan Euskal hizkuntza eta literaturako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Hizkuntzaren bidezko komunikaziorako gaitasuna garatzea, hau da, ezagutza (edukiak, prozedurak eta jarrera eta balioak) aplikatzea, benetako egoera ezagunak edo berriak eraginkortasunez ebazteko prozesu egokiak aplikatuz, hainbat esparrutan: pertsonalak, akademikoak, lanekoak edo gizartekoak.

2. Ahozko eta idatzizko diskurtso luze eta konplexuak ulertzea bizitza sozial eta kulturaleko ingurune desberdinetan, bereziki esparru akademikoan eta komunikabideetan.

3. Ahoz eta idatziz adierazpenak egitea hizkuntza oparoa erabiliz, diskurtso koherenteak eginez, zuzenak, ongi egituratuak, komunikazio egoera eta xede desberdinetarako egokituak, bereziki esparru akademikoan.

4. Ahozko eta idatzizko hizkuntza erabili eta baloratzea, pertsonen arteko komunikaziorako, gauza berriak ikasteko, errealitatea ulertu eta aztertzeko eta ekintza zein pentsamendua modu arrazionalean antolatzeko baliabide eraginkorra den aldetik.

5. Errespetuzko jarrerarekin, mota eta iritzi desberdinetako informazioak lortu, interpretatu eta baloratzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak autonomiaz eta kritikarako senez erabiliz.

6. Ezagutza gramatikalak, soziolinguistikoak eta diskurtsiboak eskuratzea, testuak ulertu, aztertu eta iruzkintzeko eta nork bere lanak planifikatu, sortu eta zuzentzeko.

7. Nafarroako hizkuntza anitzeko errealitatea eta euskararen aldaerak ezagutzea eta aniztasun hori aberastasun kultural gisa baloratzea.

8. Hizkuntzen erabilera sozial desberdinak aztertzea eta aurreiritziak sortzen dituzten hizkuntza-estereotipoak saihestea.

9. Euskarazko literaturako obra eta pasarte adierazgarriak irakurri eta baloratzea, ingurune historiko eta sozial desberdinen adierazpen gisa eta aberastasun pertsonalerako bide gisa.

10. Euskarazko literaturaren garaien ezaugarri nagusiak ezagutzea, baita egile eta lanik aipagarrienak ere. Halaber, haiek aztertzeko iturri bibliografiko egokiak era kritikoan erabiltzea.

11. Irakurketa baliatzea, bere esparru guztietan (literarioa, zientifikoa, soziala ...), aberastasun pertsonalaren eta gozamenaren iturri gisa, eta testua aintzat hartzea mundua adierazten eta interpretatzen duen aldetik.

12. Ikasteko prozesuei buruz hausnartzea eta komunikaziorako eta ikaskuntzarako ezagutzak eta estrategiak beste hizkuntza batzuetara pasatzea.

Edukiak

1. multzoa.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

.Entzun eta ulertu

-Komunikazio egoerako faktoreek diskurtsoen askotarikotasunari dagokionez betetzen duten funtzioa ezagutzea.

-Ahozko testuen generoak sailkatu eta deskribatzea, egoerako faktoreen arabera, haien erregistroa aztertzea eta haien ezaugarri linguistikoak erabilera horiek azaltzen dituzten testuinguruko faktoreekin lotzea.

-Esparru akademikotik ateratako azalpen testuen, deskripzioen, argudioen eta narrazioen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Informazioa lortu, landu eta ebaluatzeko prozedurak erabiltzea, baliabide tradizionaletatik eta teknologia digitaletatik ateratako dokumentuetan oinarriturik, testuak ulertu eta sortzeari lotuta.

.Hitz egin eta solasean aritu.

-Hainbat motatako testuak sortzea (akademikoak, kazetaritzakoak: azalpenak, elkarrizketak, albisteak, eztabaidak, etab.), komunikazio egoerari egokituak, koherentzia eta batasuna ematen dizkieten mekanismoak erabiliz eta haien egitura formal desberdinak kontuan harturik.

-Ahozko testuak ongi egituratzeko interesa izatea eta gramatikaren eta komunikazioaren arauei lotzeko betebehar soziala estimatzea.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Entzun eta ulertu:

Informazioa bildu, aukeratu eta lantzea, baliabide tradizionalak eta teknologia digitalak (CD-ROMak, datu baseak, etab.) erabiliz.

Ohar argi eta ordenatuak hartzea eta eskemak, mapa kontzeptualak edo laburpenak egitea informazioa aztertzeko.

Informazioa eta iritzia bereiztea, eta ongi justifikatutako argudioak besteetatik bereiztea.

Gai berri bat gai ezagun batekin lotzea.

Elementu inplizituak, aurreiritziak, azpiulertuak, adiera bikoitzak, anbiguotasunak, elipsiak, igorlearen jarrera (intonazioa, bolumena), diskurtsoaren tonua (oldarkortasuna, ironia, umorea, sarkasmoa), ahoskatzen ez diren elementuak eta abarrekoak identifikatzea.

Tolerantea eta kritikoa izatea hartzen diren mezuekin, eta autokritikoa igortzen direnekin.

Komunikazio egoera bakoitzeko arauak betetzea, hartan parte hartu behar denean.

Norberaren ulermena baloratzea.

-Hitz egin eta solasean aritu:

Informazioa bildu eta antolatzea, xedearen eta entzuleen arabera, eta gidoia prestatzea.

Ahozko azalpena prestatzea, ongi argudiatua eta egituratua, ikuspuntu desberdinak eta horiei buruzko jarrera desberdinak onartzen dituena.

Azalpenaren saioak egitea.

Hitz egiteko txandak eta adeitasunezko formulak eraginkortasunez erabiltzea. Hitz egiteko une egokia aukeratzea eta ongi aprobetxatzea. Diskurtsoa zaintzea: erritmoa, abiadura, isiluneak, intonazioa, etab. Hitzik gabeko elementuak: begirada, keinuak, mugimenduak, etab.

Argi mintzatzea, diskurtsoaren hariari eutsiz, gidoia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri gisa erabiliz.

Entzuleen arreta erakarri eta mantentzea estrategia desberdinen bidez (bolumena, tonu aldaketak, umorea, adibideak).

Alferrikako errepikapenak saihestea, okerreko informazioa eta ideia eta informazio ezegokiak identifikatzea.

Taldeko eztabaida eta elkarrizketetan rol desberdinak hartzea.

Bizikidetzaren arauak eta besteen iritziak errespetatzea.

Norberaren azalpena eta besteenak objektibotasunez baloratzea.

Irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

2. multzoa.-Irakurri eta idatzi.

.Idatzizko testuak ulertzea.

-Komunikazio egoerako faktoreek diskurtsoen askotarikotasunari dagokionez betetzen duten funtzioa ezagutzea.

-Idatzizko testuen generoak sailkatu eta deskribatzea, egoerako faktoreen arabera, haien erregistroa aztertzea eta haien ezaugarri linguistikoak erabilera horiek azaltzen dituzten testuinguruko faktoreekin lotzea.

-Esparru akademikotik ateratako argudio testuen, deskripzioen, azalpenen eta narrazioen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Testua aztertzea zentzu unitatea den aldetik. Testuingurua, egilea eta hartzailea, egilearen asmoa, edukia eta forma, egitura, barne batasuna, koherentzia eta egokitasuna lortzeko prozedurak.

-Kazetaritza eta publizitateko testuen gaia, antolaketaren egitura eta erregistroa aztertzea.

-Informazioa lortu, landu eta ebaluatzeko prozedurak erabiltzea, iturri inprimatuetatik eta digitaletatik ateratako dokumentuetan oinarriturik, testuak ulertu eta sortzeari lotuta.

-Berariazko testu idatziak (humanistikoak, kazetaritzakoak, zientifikoak, literarioak, etab.) interpretatu eta baloratzea, eta horien barne eraikuntza eta autoreak testuarekin eta obrarekin dituen erlazioak aztertzea.

-Idatzizko testuak sortzea:

Hainbat motatako testuak sortzea (akademikoak, kazetaritzakoak, azalpenak, etab.), komunikazio egoerari egokituak, koherentzia eta batasuna ematen dizkieten mekanismoak erabiliz eta haien egitura formal desberdinak kontuan harturik.

Idatzizko testuak, hala paperezko euskarrian nola digitalean, ongi aurkezteko ardura izatea, eta arau gramatikal, ortografiko eta tipografikoei lotzeko betebehar soziala estimatzea.

Aipamenak egiteko prozedurak (orri oineko oharrak, komatxoak, etab.) ongi erabiltzea eta kontsultaturiko bibliografia ongi jasotzea.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Idatzizko testuak ulertzea:

Irakurtzeko estrategia egokiak aplikatzea: irakurri baino lehen, aurre-irakurketa (aurretiazko ezagutzak aktibatu, iragarpenak egin), analisia (irakurri, azpimarratu, oharrak egin, apunteak hartu) eta sintesia (eskemak, laburpenak eta mapa kontzeptualak).

Hainbat generotako testuak, horien ezaugarriak eta antolaketa identifikatzea.

Testuan ageri diren zenbait faktore atzematea: gaia eta gizarte ingurua, asmoa, igorlearen eta hartzailearen arteko lotura, erabilitako bidea, testuaren eskema eta erregistroa.

Testuak laburtzea, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak eta komunikazio asmoa nabarmenduz. Testuan errepikatzen diren informazioetatik eta norberaren ezagupenetatik ondorioak ateratzea.

Diskurtsoaren adierazgailuen eta lokailuen laguntzaz, azalpen edo argudio testu baten zatiak bereiztea, lotura horiek grafikoki adieraztea eskema edo mapa kontzeptualetan, eta testua laburtzea aldez aurretik egindako eskemari jarraituz.

Irakurketa adierazkorra egitea, tonua identifikatuz, puntuazio zeinuak interpretatuz intonazioari loturik, baliabide prosodikoak eta keinuak erabiliz.

Ezagutza morfosintaktiko eta lexikoak aplikatzea.

Inkoherentzia edo anbiguotasunak atzematea, halakorik bada, eta iritzi pertsonala ematea.

-Idatzizko testuak sortzea:

Testua egiteko prozesua planifikatzea, testua antolatu, egituratu eta batasuna emateko mekanismoak erabiliz: ideiak sortu eta paragrafo kohesiodunetan antolatzea, hurrenez hurreneko bertsioak egitea azken bertsiora iritsi arte, eta arau ortografiko eta tipografikoak betetzea.

Aztertutako testuak eredutzat hartzea.

Informazio iturriak modu autonomoan erabiltzea, komunikazio xede jakin baterako behar diren datuak aukeratzeko, informazio hori fitxa, laburpen edo eskemetan antolatzeko eta azalpen edo argudioak egiterakoan berriz erabiltzeko.

Iturri desberdinak kontsultatzea eta horiek emandako informazioa sintesi testuetan txertatzea; testu horietan datu nagusiak eta ikuspegi desberdinak, beren arteko erlazioak eta norberaren ikuspuntua agertuko dira.

Norberaren baliabideak edo kontsultarako baliabideak erabiltzea norberaren akatsak zuzentzeko.

Testua berrikusi eta planifikatzearen garrantzia baloratzea.

Sortutako testuetan ondokoak baloratzea: datuen adierazgarritasuna, testuaren helburuaren arabera; edukien antolaketa koherentea; testuaren hurrenez hurreneko enuntziatuen batasuna; argudioen sendotasuna, eta erregistro egokiaren erabilera.

Norberaren lanak eta besteenak objektibotasunez baloratzea. Nork bere kabuz eta irakasleen laguntzaz, forma eta edukia hobetzeko moduak bilatzea.

3. multzoa.-Hezkuntza literarioa.

-Diskurtso literarioa ulertzea, komunikazio ekintza estetikoa, kultura sortu eta transmititzeko bidea eta errealitate historiko eta sozialaren agerpena den aldetik.

-Ahozko eta idatzizko euskal literatura bere inguru historiko, linguistiko eta soziokulturalean kokatzea.

-Hainbat garai, genero eta mugimendutako obra laburrak eta pasarteak irakurri eta iruzkintzea, literatura forma nagusiak bereizteko (generoak, figura eta tropo ohikoenak, hitz neurtuak) eta konturatzeko nola zenbait gai etengabe agertzen diren eta haiek lantzeko modua nola aldatu den.

-XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako prosa. Hasiera eta garapena: Joannes Leizarraga, Axular, Etxeberri Ziburukoa, Manuel Larramendiren jarraitzaileak (Kardaberaz, Mendiburu).

-Poesia: Erdi Aroko ahozko herri lirikatik (baladak eta koplak) XVI.-XVII. mendeetako poesiara: Bernard Etxepare, Joan Pérez de Lazarraga, Arnaud Oihenart.

-Ahozko euskal poesia: bertsolaritza. Generoaren jatorria, ezaugarriak eta bilakaera, XIX. mendeko bertsolari erromantikoengandik gaur egun arte. Etapa bakoitzeko bertsolari aipagarrienetako batzuen lanak ezagutzea: Xenpelar, Iparragirre, Etxahun Barkoxekoa, Bilintx, Txirrita, Lazkao Txiki, Xalbador, Xabier Amuriza, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio, besteak beste.

-XX. mendeko poesia: 1936 aurreko poesia: Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Tapia-Perurena, etab. Poesiaren bilakaera XX. mendearen bigarren erditik XXI. mendera arte. Hainbat egileren poemak iruzkintzea: Jon Mirande, Gabriel Aresti, Juan Mari Lekuona, Bitoriano Gandiaga, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Arantxa Urretabizkaia, Amaia Lasa, Xabier Lete, Joxean Artze Hartzabal, Jose Angel Irigarai, Joseba Sarrionandia, Patxi Ezkiaga, Eduardo Gil Bera, Tere Irastortza, Marijane Minaberri, Itxaro Borda, Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe, Juanjo Olasagarre, Anjel Erro, Jose Luis Otamendi, etab.

-Narrazioak historian zehar: ipuina eta eleberria. XIX. mendeko ipuinetatik XX. mende hasierako eleberrigintzara: Joan Antonio Mogel, Jean Barbier, Joan Batista Elizanburu, Azkue, Barandiaran, Kirikiño, Manezaundi, Txomin Agirre, etab.

-Narrazioen bilakaera eta tipologia XX. mendearen bigarren erditik XXI. mendearen hasierara arte. Azpigenero eta gaien eklektizismoa (historia, polizia generoa, existentzialista, psikologikoa, errealista, errealista-fantasiazkoa, errealista-subjektiboa, soziala, bidaiak, umorea, gazteentzako narrazioak, etab.). Egile aipagarrien obra eta pasarteak iruzkintzea: Jon Mirande, Gabriel Aresti, Jon Etxaide, Gotzon Garate, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Koldo Izagirre, Jose Mari Iturralde, Pello Lizarralde, Arantxa Urretabizkaia, Joan Mari Irigoien, Itxaro Borda, Aingeru Epaltza, Jon Alonso, Xabier Mendiguren Elizegi, Inazio Mugika Iraola, Jokin Muñoz, Arantxa Iturbe, Iban Zaldua, Aitor Arana, Patxi Zubizarreta, Mª Asun Landa, Juan Kruz Igerabide, Jesus Mari Olaizola Txiliku, etab.

-Antzerkia eta haren bilakaera: herri antzerkitik gaur egungo antzerki modernora. Herri antzerkia: maskaradak eta pastoralak (jatorria, bilakaera eta oraingo egoera). Antzerkiaren hastapenak XVIII. mendean: Pedro Ignacio Barrutia. Antzerki modernoaren hastapenak XIX. mendean: Martzelino Soroa, Toribio Altzaga. XX. mendeko antzerkiaren etapak, eta egile aipagarrien zenbait obra: Pierre Larzabal, Antonio Labaien, Gabriel Aresti, Xabier Mendiguren, Aitzpea Goenaga, Pantxo Irigarai, Yolanda Arrieta, etab.

-Saiakera: euskarazko kazetaritzaren eta saiakeraren sorrera XIX. eta XX. mendeetan. Saiakeraren bilakaera XX. mendean. Zenbait egile aipagarri: Jean Etxepare, Fermin Irigarai Larreko, Salbatore Mitxelena, Nikolas Ormaetxea Orixe, Jon Mirande, Koldo Mitxelena, Ricardo Arregi, Joseba Zulaika, Joxe Azurmendi, Jose Angel Irigarai, Joseba Sarrionandia, Patziku Perurena, Eduardo Gil Bera, Jose Manuel Odriozola, Xipri Alberbide, Patri Urkizu, Jon Alonso, Jon Kortazar, Mari Jose Olaziregi, etab.

-Irakurtzeko autonomia sendotzea eta literatura estimatzea gozamen iturria eta beste mundu, garai eta kultura batzuk ezagutzeko bidea den aldetik.

-Testu literarioak edo xede literarioko testuak egitea, irakurri eta iruzkindu diren ereduetatik abiatuta.

-Garai desberdinetako lan aipagarriak irakurri, aztertu eta modu kritikoan baloratzea: narrazioak, olerkiak, antzerkiak eta saiakerak.

-Ikastetxeko liburutegia, inguruko liburutegiak eta liburutegi birtualak modu autonomoan erabiltzea.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Ulermena:

Lehenagoko ezagutzak aktibatzea: iragartzea (izenburua, garaia, egilea, generoa, etab. ikusirik).

Norberaren ulermena kontrolatzea.

Interpretazioa, inferentzia.

Testuak konparatzea eta generoaren arabera bereiztea.

Testuetako baliabide estilistikoak aztertzea.

Literatura testuetan hizkuntza aldaerak identifikatzea.

-Irakurketa adierazkorra:

Irakurketa adierazkorra egitea, tonua identifikatuz, puntuazio zeinuak interpretatuz intonazioari loturik, baliabide prosodikoak eta keinuak erabiliz.

-Ahozko eta idatzizko balorazioa:

Literaturaren inguruko esperientziei buruz hizketan aritzea eta esperientzia horiek konparatzea: testuak gogora ekarritako irudiak, oroitzapenak, ezusteak, aurkikuntzak, gogoetak, esperientziarekiko edo bizitzarekiko konparazioak, kulturen artekoak ...

Testuaren balio inplizituak edo agerikoak aztertzea.

Balorazio kritikoa: nork bere iritziei buruzko arrazoibide egokia egitea.

Nork bere testuak idaztea, literatura genero desberdinetako testuak irakurri eta gero: balorazioa, gutunak pertsona ospetsuei, iritzi arrazoitua, etab.

Ahozko eta idatzizko literatura baloratzea kultura ondarea den aldetik; haren alde desberdinak, adierazpen ahalbideak eta beste garai batzuk ezagutarazteko ahalmena identifikatzea.

-Literatura testuak sortzea:

Literatura testuak sortzea, erreferente literarioak imitatuz eta eraldatuz.

Literatura testu berriak sortzea. Horretarako, norberaren produkzioa planifikatzea, testuak egin eta berrikustea, egitura, kontzeptuak, narrazio mekanismoak eta estiloa aztertzea, eta ereduak bereganatzea.

Literatura lehiaketetan parte hartzea.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

-Perpausaren modalitatearen eta hizketaren arteko lotura ezagutzea eta perpausaren modalitateen esanahi kontestuala interpretatzea.

-Subjektibotasuna eta objektibotasuna adierazteko forma linguistikoak eta testuetan haiek adierazteko formak ezagutu eta erabiltzea.

-Lokailuak, adierazgailuak (juntagailuak, adberbioak, lokuzio konjuntiboak, postpositiboak edo adberbialak eta adberbio-funtzioko esamoldeak) eta testuari batasuna ematen laguntzen duten prozedura anaforikoak ezagutu eta erabiltzea. Ordena markatua eta ez-markatua (galdegaia eta mintzagaia).

-Aditz formen arteko erlazioak ezagutzea, testuari barne batasuna emateko prozedurak diren aldetik, eta arreta berezia ematea aditzen balorazioari eta erabilera zuzen eta egokiari, aditzaren forma jokatuetan, jokatu gabeetan eta trinkoetan.

-Lotura lexiko formalak (hitz elkarketa eta eratorpena) ezagutu eta aztertzea, hitzak sortzeko bideak diren aldetik.

-Hitzen arteko lotura semantikoak ezagutu eta aztertzea, testuen barne batasunari eta ingurunerako egokitasunari dagokienez, eta arreta berezia jartzea ingurune akademiko eta sozialetan.

-Hitzen erabilera objektiboa (denotazioa) eta subjektiboa (konnotazioa) bereiztea.

-Jakintza arlo guztietako terminologiek eta Euskaltzaindiak lexikoaren batasunerako ezarritako arauek duten garrantzia baloratzea.

-Perpausaren egitura semantikoari (hitzen esanahiak eta argumentuak) eta sintaktikoari (subjektua, predikatua eta osagarriak) eta perpausak enuntziatu konplexuetan elkartzeari dagozkien kontzeptuak sistematizatzea, aukera desberdinak ezagutzeko eta hizkuntza eta komunikazio ingurune desberdinetan erabili ahal izateko.

-Gramatika, ortografia eta tipografia arauak ezagutzea eta gogoeta eginez erabiltzea, beren balio soziala aintzat hartuz.

-Besteren diskurtsoa norberaren diskurtsoan sartzeko prozedura linguistiko eta paralinguistikoak (aipamena, diskurtso aipatua) ezagutu eta erabiltzea.

-Euskararen sistema fonologikoa egituratzen duten ezaugarriak ezagutzea, hizkuntzen arteko kontrastearekin, aldakuntza sinkronikoekin eta konbentzio ortografikoekin loturik.

-Erregistro eta erabilera sozial desberdinak daudela jakitea eta arau baten beharra baloratzea. Hika, zuka, xuka eta berorika tratamenduak.

-Euskararen ezaugarri nagusiak eta euskalkiak ezagutzea eta balorazio positiboa egitea aniztasun horri buruz eta arau estandarraren beharrari buruz. Hizkuntza estandarra eratzeko prozesua.

-Nafarroako hizkuntza aniztasuna ezagutzea, bai eta haren kausa historikoak eta elebitasun eta diglosia egoerak ere; jarrera positiboa garatzea hizkuntzen eta aldaera dialektalen aniztasunaren eta bizikidetzaren aurrean, eta hizkeren aniztasun hori zaintzeko jarrera sustatzea.

-Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, gogoeta eginez, hizkuntza nork bere kabuz ikasteko.

.Trebetasunak eta estrategiak:

-Hizkuntzaren ezagutza:

Hizkuntza unitateei buruzko ezagutza teorikoak eta funtzionamendu arauak aplikatzea, ulermena eta adierazteko gaitasuna lantzeko.

a) Oraindik ez dakizkiten egiturak aurkeztea ikasleei. Haien funtzionamendua aztertzea eta haiek lantzea, lehendabizi ulermenaren bidez eta gero sormenaren bidez.

b) Ikasleek dagoeneko erabiltzen dituzten forma eta egitura gramatikalak aztertzea eta linguistikoki lantzea, hau da, haiei izena ematea eta haien erabilera findu eta errentagarri bihurtzea.

c) Ikasleak trebatzea forma linguistikoen eta fenomeno sintaktikoen erabilera praktikoan. Ikasleek esaldiko hitzak konbinatzen, sailkatzen, ordezten, aldatzen, modalizatzen, ordenatzen eta errepikatzen jakin behar dute.

Testuetan adibideak bilatzea. Aztergai diren elementuak identifikatzea. Identifikaturiko elementuak konparatu eta erlazionatzea.

Eskola hiztegiek ematen dituzten informazio linguistikoak interpretatzea, bereziki hitz motei buruzkoak, lexikoaren erlazio semantikoei buruzkoak (sinonimia, antonimia ...) eta arauei buruzkoak.

Nork bere ezagupenak (printzipio edo arau linguistikoen indukzioa) edo kontsulta iturriak (hiztegiak, gramatikak, erabilerak ...) erabiltzea, arazoak konpontzeko edo eskatutako lana egiteko: osatu, eraldatu, laburtu, zuzendu, ondorioztatu, interpretatu, etab.

-Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta:

Modu autonomoan erabiltzea ikasteko baliabide guztiak: informatikoak, digitalak edo bibliografikoak, hala nola hiztegi elebidunak eta elebakarrak edo kontsulta liburuak.

Lexikoa eta hizkuntzaren egiturak berrikusi, zabaldu eta sendotzeko estrategiak erabiltzea.

Egitura gramatikalen erabilera eta esanahia aztertzea eta curriculumeko beste hizkuntzekin konparatu eta alderatzea.

Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, hizkuntza autonomiaz ikasteko.

Gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien onurak baliatzeko interesa.

Sormena, konfiantza, ekimena eta lankidetza baloratzea hizkuntzen ikasketan.

Akatsa ikasteko prozesuaren osagai dela onartzea, haren arrazoiak identifikatzea eta zuzentzeko estrategiak aplikatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. eta 2. multzoak.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu. Irakurri eta idatzi.

1. Hainbat motatako testuak deskribatzea, ahozkoak zein idatzizkoak, erabilera esparru desberdinetakoak, komunikazio egoerako faktoreei lotuta; testu bakoitzaren generoaren ezaugarri nagusiak nabarmentzea, haren erregistroaren ezaugarriak aztertzea eta testuingururako egokitasuna baloratzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren genero desberdinetako testuak identifikatzeko erabilera esparru nagusien barnean, testuen sorreran esku hartzen duten zenbait faktore (gaia eta gizarte ingurua, asmoa, igorlearen eta hartzailearen arteko lotura, erabilitako bidea, eskema testuala eta erregistroa) bereizteko, ezaugarri linguistiko nagusiak komunikazio egoerako faktore horiekin lotzeko eta testuinguru bakoitzean erabilitako erregistroaren egokitasuna eta eraginkortasuna baloratzeko.

2. Informazioa identifikatzea, testua bere osoan ulertzea, inferentziak egitea eta erabilera-esparru desberdinetakoak diren ahozko nahiz idatzizko testuen edukiaz eta formaz gogoeta egitea. Arreta berezia emanen zaie kazetaritzako eta esparru akademikoko azalpen eta argudio testuei.

Honakoak ebaluatuko dira: testuaren informazioa identifikatu eta berreskuratzeko gaitasuna; ulermen globala (gai nagusia eta bigarren mailako gaiak atera, testuaren zatien arteko lotura aztertu, eskema edo mapa kontzeptualak egin, testua laburtu, asmoa identifikatu, etab.); inferentziak egitea (informazioa aztertu, lotura eta inferentziak ondorioztatu, ziurtasunak bilatu, etab.); edukiari buruzko gogoeta egitea (ikuspegi pertsonal eta kritikotik baloratu, irizpide eta arau estetiko edo moralekin alderatu, egiazko gertaerak eta alegiazkoak bereizi, etab.) eta formari buruzko gogoeta egitea (lokailuak eta adierazgailuak bezalako alderdi formalak aztertu, perpausaren elementuak, puntuazio zeinuak eta bestelakoak erabili, gaiari buruzko ikuspegia eta estiloa aztertu, etab.) genero testual eta diskurtsibo desberdinetan, arreta berezia emanez zientzia zabalkundeko ahozko testuei eta idatzizko azalpen eta argudio testuei (akademikoak nahiz kazetaritzakoak izan) eta kazetaritzako iritzi testuei.

3. Ahozko diskurtso desberdinak egitea, hala nola solasaldiak, elkarrizketak, alokuzioak, etab., curriculumeko edukiren batekin edo gaurko gairen batekin zerikusia dutenak, aurrez prestatutako eskemari jarraituz eta ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

Esparru akademikoan ahozko diskurtsoak planifikatu eta egiteko gaitasuna egiaztatuko da irizpide honen bitartez. Ondokoak baloratuko dira, besteak beste: iturri egokiak kontsultatzea, informazio garrantzitsua aukeratzea, edukia egituratzea, erregistro egokia hautatzea, eta entzuleak gidatu eta haien arretari eusteko baliabideak erabiltzea.

4. Azalpen eta argudio testuak sortzea, hizkuntzarekin, literaturarekin edo gaurko gizartearekin eta kulturarekin zerikusia duten gaiei buruz, dokumentazioko eta informazioaren tratamenduko prozedurak erabiliz.

Irizpide honen bitartez baloratu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek informazio iturrietara beren kabuz jotzeko, haietan datu egokiak hautatzeko komunikazio xede jakin baterako, informazio hori fitxa, laburpen, eskema eta abarretan antolatzeko, eta informazioa berriz erabiltzeko azalpen edo argudio testu batean (azalpen akademikoa, saiakera laburra edo iritzi artikulua). Sortutako testuen balorazioan kontuan hartuko dira datuen adierazgarritasuna, testuaren helburuaren arabera; edukien antolaketa koherentea; testuaren hurrenez hurreneko enuntziatuen batasuna; argudioen sendotasuna, eta erregistro egokiaren erabilera. Aipamenak egiteko prozedurak (orri oineko oharrak, komatxoak, etab.) ongi erabiltzea eta kontsultaturiko bibliografia ongi jasotzea ere aintzat hartuko dira.

3. multzoa.-Hezkuntza literarioa.

5. Literaturaren garai desberdinetako literatura lan laburren eta pasarte aipagarrien edukia interpretatzea, forma literarioei buruz (generoak, figura eta tropo ohikoenak, bertsifikazioa) eta garai, mugimendu eta egileei buruz ikasitakoa erabiliz.

Baloratu nahi da ea ikasleak gai diren garai desberdinetako eta egile handien literatura lanak beren inguru historiko, sozial eta kulturalean interpretatzeko, garai bereko edo egile beraren beste lan batzuekin lotuz. Zenbait gai eta motiboren presentzia eta horiek lantzeko moduaren bilakaera nabarmendu behar dituzte, eta ezagutu behar dituzte lan bakoitzaren generoaren ezaugarriak, tropo eta prozedura erretoriko ohikoenak eta, kasua bada, formetan (generoak, prozedura erretorikoak eta bertsifikazioa) izandako berrikuntzak.

6. Lan kritikoak egitea garai edo mugimendu desberdinetako obra garrantzitsuen irakurketari buruz, obra horiek beren inguru historiko eta literarioari loturik interpretatzea, behar den informazio bibliografikoa lortzea eta balorazio pertsonala egitea.

Ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek literaturaren garai edo mugimendu desberdinetako obra garrantzitsu batzuk osorik irakurri ondoren haiek interpretatu eta baloratzeko lan pertsonala egiteko, bai edukiaren aldetik bai forma literarioen erabileraren aldetik, eta beren inguru historiko, sozial eta literarioarekin lotzeko, bai eta, kasua bada, egileen ospe eta garrantziarekin ere. Informazio bibliografikoaren iturriak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak hautatu eta erabiltzea ere aintzat hartuko da.

7. Testu literarioak sortzea, irakurri eta iruzkindu diren literatura lan laburrak eta pasarteak erreferentzia eta eredutzat harturik, mekanismo testual egokiak erabiliz -koherentzia, barne batasuna eta egokitasuna-, bai eta genero bakoitzeko baliabide erretoriko eta estilistikoak ere.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek literatura genero eta azpigeneroen berezitasuna ulertzen duten eta ea gai diren haietako bakoitzak bereak dituen prozedura eta baliabideak berriz erabiltzeko, gelan erabilitako ereduren bat imitatuz edo birsortuz, eta hizkuntzaren erabilera literarioaren alderdi ludikoari ere erreparatuz. Horrela egiaztatu ahal izanen da ea ikasleak ezagutza praktikoak eskuratzen ari diren beren sormena garatzeko, egile, obra eta garaiei buruzko ezagupen teorikoez gain.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

8. Hizkuntzari eta haren erabilerari buruzko ezagutzak modu sistematikoan erabiltzea hainbat esparru sozialetako testuak ulertu eta aztertzeko eta nork bere testuak sortu eta berrikusteko, terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek hizkuntzaren gaineko zenbait ezagupen bereganatu dituzten eta modu sistematikoan eta gogoeta eginez erabiltzen dituzten testuak ulertu, aztertu, sortu eta berrikusteko. Kontuan hartuko dira komunikazio egoerako faktoreak, erregistroa, eta perpausaren modalitateak hizketari loturik; subjektibotasuna eta objektibotasuna adierazteko moduak, konexio prozedurak eta testu bakoitzaren lokailu eta adierazgailuak; prozedura anaforikoak, erlazio lexiko formal eta semantikoak eta terminologien eginkizuna esparru akademikoan; aditzen eginkizuna barne batasunerako prozedura gisa eta aditz denbora eta moduen eta perifrasien erabilera; besteren diskurtsoak txertatzeko prozedura linguistiko eta paralinguistikoak. Ikasleek ezagutu beharko dituzte perpausaren egitura semantiko eta sintaktikoa eta perpausak enuntziatu konplexuetan elkartzeko aukerak, testuinguruaren eta igorlearen asmoen arabera. Konbentzio ortografikoen erabilera zuzena ebaluatuko da.

9. Nafarroan euskararen aldaera eta euskalki desberdinak izatearen arrazoi historikoak jakitea, eta ahozko zein idatzizko adierazpenetan haien ezaugarriak bereizi eta deskribatzea.

Ikasleek Nafarroako euskararen aniztasuna, hura eragin duten faktore historikoak eta aldaera dialektalak ezagutzen ote dituzten ebaluatu nahi da. Haien ezaugarri nagusiak azaldu behar dituzte ahozko eta idatzizko adierazpenetan. Gainera, egiaztatuko da ea ikasleek elebitasun eta diglosia egoerak ezagutzen dituzten, jarrera positiboa hartu duten hizkuntzen aniztasunaren eta bizikidetzaren aurrean, eta erabilera formaletarako aldaera estandarren (edo arauzkoen) beharraz jabetu diren.

10. Euskararen ezaugarri orokorrak eta euskalkiak ezagutzea, eta arauen arteko berdintasunak eta desberdintasunak atzematea ahozko eta idatzizko adierazpen literarioetan eta komunikabideetan.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten euskararen egoera, haren ezaugarri orokorrak eta haren aldaeretako batzuk, ahozko eta idatzizko adierazpen literarioen eta komunikabideen bitartez. Euskalkien aniztasuna begi onez ikusten duten eta erabilera formaletarako arau baten beharraz jabetu diren ere egiaztatuko da.

11. Ikasteko eskuratutako estrategiak eta hizkuntzarako trebetasunak identifikatu, erabili eta ebaluatzeko bitarteko guztiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, identifikatzea, adibideak ematea eta estrategia horiek bat-batean eta modu autonomoan erabiltzea.

Irizpide honen bitartez, ikasitako eta landutako estrategiak eta trebetasunak egoera berrietan aplikatzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Hau ere ebaluatu nahi da: ea ikasleak gai diren beren ikaskuntza prozesuaz hausnartzeko, ikaskuntzan dagozkien eginkizunak baloratuz: erabakiak hartzea, behatzea, hipotesiak egin eta doitzea eta beren aurrerapenak ebaluatzea ahalik eta autonomia handienaz. Halaber, ebaluatu nahi da ea gai diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko nazioarteko komunikaziorako eta ikaskuntza autonomorako tresna moduan, eta gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerez baliatzen diren. Bestalde, hizkuntzarekin egiten dakitena identifikatu behar dute, hau da, beren hizkuntza trebetasunak identifikatu behar dituzte.

ATZERRIKO HIZKUNTZA

INGELESA I ETA II

Hizkuntzen etengabeko ikaskuntzaren bitartez pertsonen eta kulturen arteko harremanetarako berebiziko baliabidea eskuratzen da, ezinbestekoa dena etapa honetako hezkuntza helburuetako batzuk lortu ahal izateko.

Europar Batasuneko hizkuntzak gako-elementuak dira hizkuntza eta kultura anitzeko europar nortasuna sortzeko. Hizkuntzak jakiteak mesede egiten dio pertsonen joan-etorri libreari, eta gizarteen zein pertsonen arteko lankidetza kultural, ekonomiko, tekniko eta zientifikoa errazten du.

Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) eta Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE).

Europako Kontseilua azken hamarkadetan ikerketa lana egiten aritu da, berrogeita bat estatu kideetako hizkuntzalari eta pedagogoekin elkarlanean. Lan horri esker orain badugu guztiontzako oinarria, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikasketaren helburuak eta metodologia, programak prestatzeko arauak eta hizkuntza horietako ebaluazio irizpideak definitzen dituena.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuak gidalerroak ezartzen ditu hizkuntzak ikasteko eta hiztunaren gaitasuna baloratzeko. Marko horrek definitzen ditu hizkuntza jakin batean komunikatzeko gaitasunaren garapen mailak, ikasleak komunikazio xede jakineko lan multzo bat egiteko duen gaitasunaren arabera, berariazko esparru baten barnean. Agiri hori gako-erreferentea da hizkuntzako curriculumetan.

Hizkuntzen Portfolio Europarrak (HPE) ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari laguntzeko tresna da. Agiri pertsonala da, norberaren ikaskuntza, horren aurrerapena eta ebaluazioa aztertzen laguntzen duena.

Batxilergora iristen diren ikasleek ohiko komunikazio egoeretan moldatzeko adina badakite atzerriko hizkuntza. Etapa honetan, lehenago eskuratutako diskurtsorako gaitasunetan sakondu eta haien errepertorioa aberastea izanen da irakasgai honen helburua; gainera, haren eremuak handitu eginen dira. Batxilergoa amaitutakoan ikasleek gai izan behar dute pentsamenduak, sentimenak eta gertaerak ulertu, adierazi eta interpretatzeko, hala ahoz nola idatziz, hainbat esparrutan, bereziki esparru akademikoan (edukiak gehitzea), esparru publikoan (ohiko harremanak, gizarte eta lan interakzioa) eta komunikabideen esparruan.

Edozein hizkuntzatan komunikaziorako gaitasuna pixkanaka garatzeko, ikasleek komunikazio ekintza batzuk burutzeko gauza izan behar dute. Ekintza horiek komunikazio xede zehatza dute esparru berezi batean. Komunikaziorako gaitasuna erabili behar da haiek burutzeko. Komunikaziorako gaitasuna garatzeak esan nahi du gaitasuna hartu behar dela ulertzeko (diskurtsoan maiz modu inplizituan komunikatzen diren elementuak atzeman eta interpretatzeko) eta diskurtsoak sortzeko. Horretarako ulertze prozedurak sendotu behar dira, eta ahozko nahiz idatzizko produkziorako estrategiak gauzatu.

Komunikaziorako gaitasuna, etapa honetan, hainbat ezagutza, trebetasun eta jarreraren bidez garatzen da, eta horiek ez dute bereiz jarduten, aitzitik, elkartu egiten dira mezu adierazgarriak sortzeko. Hizkuntza 1eko (H1) oinarrizko elementuetako batzuk biltzen ditu, hizkuntza hauetarako gaitasun mailaren arabera aplikatzen direnak:

Ezagutzak

-Hiztegia eta gramatika funtzionala, intonazioa eta ahoskera.

-Ahozko interakzio mota desberdinak daudela ohartzea (aurrez aurrekoa, telefonozko solasaldiak, elkarrizketak, etab.).

-Literatura testuen eta bestelakoen sorta egokia ezagutzea (adibidez, ipuin laburrak, olerkiak, egunkari eta aldizkarietako artikuluak, web orriak, jarraibideak, gutunak, txosten laburrak, etab.).

-Estilo eta erregistro desberdinen ezaugarri nagusiak ulertzea ahozko hizkuntzan eta idatzizkoan (formala, informala, kazetaritzakoa, lagunartekoa, etab.).

-Gizarteko konbentzioez, alderdi kulturalez eta hizkeraren aldakortasunaz jabetzea eremu geografiko eta gizarte eta komunikazio esparru desberdinetan.

Trebetasunak

-Ahozko mezuak entzun eta ulertzeko trebetasuna, komunikazio egoeren sorta egokian (ezagunak diren gaiak, norberaren interesekoak edo eguneroko bizitzari dagozkionak).

-Gai ezagunei, norberaren intereseko gaiei edo egunerokoei buruz hizketan hasteko, hariari eusteko eta elkarrizketak amaitzeko trebetasuna.

-Askotariko gaiei buruzko idatzizko testu espezializatu gabeak edo, zenbait kasutan, eremu ezagunetako testu espezializatuak irakurri eta ulertzeko trebetasuna, eta hainbat motatako testuak xede desberdinetarako eta egoera desberdin askotan idazteko trebetasuna.

-Baliabideak (esate baterako, oharrak, diagramak, mapak) egoki erabiltzea ahozko edo idatzizko testuak ulertu edo sortzeko (adibidez, solasaldiak, jarraibideak, elkarrizketak, hitzaldiak).

-Hizkuntza ikasteko jarduera autonomoen sorta egokia hasteko eta hari eusteko trebetasuna.

Jarrerak

-Hizkuntzarekiko jarrera positiboa garatzea, eta hizkuntza aberastasun pertsonal eta kulturalaren iturri dela onartzea.

-Besteen iritzi eta argudioak aurreiritzirik gabe jasotzeko eta elkarrizketa kritiko eta eraikitzailean aritzeko jarrera.

-Jendaurrean hitz egiteko konfiantza.

-Hizkuntzak, oro har, eta kulturen arteko komunikazioa ezagutzeko interesa eta jakin-mina.

Batxilergoan ikasleen autonomia indartzen jarraitu behar da, dagoeneko haien interesak zehatzagoak izanen baitira. Hortaz, atzerriko hizkuntza ikasiz, etapa honetan, batetik aurreko etapetan eskuratutako ezagutzak sendotuko dira eta, bestetik, beste gaitasun espezifikoago batzuk garatuko dira, ikasleak gidatuko dituztenak beren ikasketetan edo lanbidean.

Curriculumeko beste sakontze maila bat hauxe da: behatu, aztertu, imitatu eta barneratu daitezkeen diskurtso eta testu aldaerak. Ikasleen adina eta interesen askotarikotasuna ikusirik, komeni da genero diskurtsiboen sorta zabalari ekitea, testu espezializatu samarrak edo zenbait literatura testu ere tartean.

Batxilergoko etapan, halaber, gramatikarako gaitasuna handitzen da, egitura morfosintaktiko eta eduki lexiko konplexuagoak dituzten ahozko eta idatzizko testuak lantzen baitira. Aldi berean, hizkuntzaren kodeari buruzko ezagutzak sistematizatzen ahal dira. Funtsean, gogoeta jarduera horien esparruan egiten dira arrazoitze logikoko eragiketak (aztertzea, kontzeptualizatzea, sistematizatzea, etab.), prestakuntza intelektualaren indargarri eta osagarri moduan.

Batxilergoan, aurrera eginen da ezagutzan, eta horri esker ikasleen ikuspegia zabalduko da, beste bizimodu eta gizarte antolamendu batzuetara gehiago hurbilduko dira, nazioartean denenak diren arazoei buruzko iritziak trukatuko dituzte, beren interes profesionalak dibertsifikatuko eta balio sozialak sendotuko, nazioarteko komunikazioa gero eta beharrezkoagoa den mundu batean elkarretaratzea errazagoa izan dadin.

Helburuak

Etapa honetan atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzaren bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Ahoz igorritako mezuen informazio orokorra eta berariazkoa ulertzea, eta ohiko komunikazio esparruetan eta komunikabideetan azaltzen diren gaurko gaien inguruko arrazoibideari jarraitzea.

2. Berezkotasunez eta modu ulergarrian mintzatu eta ahozko interakzioan aritzea, behar adinako jariotasun eta zuzentasunez, komunikazio egoera bakoitzerako estrategia egokiak erabiliz.

3. Gai orokorrei eta berariazkoei buruzko testu idatziak ulertzea eta modu kritikoan interpretatzea, mota desberdinetakoak, egin beharreko lanaren araberako ulertze-estrategiak erabiliz; testuaren funtsezko osagaiak ulertzea eta haien eginkizuna eta diskurtsoaren antolaketa atzematea.

4. Xede desberdinetako testuak, ikasleen interes eta beharretarako egokiak (informazioa eskuratzekoak, denbora pasakoak edo aisiakoak) nork bere kabuz irakurtzea.

5. Hainbat motatako testuak idaztea, argiak eta ongi egituratuak, irakurriko dituzten pertsonen eta komunikazio asmoaren arabera egokitutako estiloan.

6. Hizkuntzari eta hizkuntza erabiltzeko arauei buruzko ezagutzak erabiltzea modu egoki, koherente eta zuzenean, mintzatu eta idazteko eta ahozko zein idatzizko testuak ulertzeko, eta atzerriko hizkuntzaren funtzionamenduaz gogoeta egitea komunikazio egoeretan.

7. Askotariko ikaskuntza estrategiak bereganatu eta garatzea, eskura dauden baliabide guztiak erabiliz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, horrela atzerriko hizkuntza nork bere kabuz erabili ahal izateko eta gero eta sakonago ikasteko.

8. Komunikaziorako gaitasunari dagokionez nork bere burua ebaluatzeko estrategiak finkatzea, ekimenez eta arduraz.

9. Atzerriko hizkuntzaren funtsezko ezaugarri sozial eta kulturalak ezagutzea, norberarena ez diren kulturak eta ikasten ari den hizkuntza hobeki ulertu eta interpretatzeko.

10. Atzerriko hizkuntza baloratzea beste jakintza eta kultura batzuetara hurbiltzeko bidea den aldetik, eta kultura anitzeko mundu honetan nazioen arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bitarteko garrantzitsua dela onartzea.

Edukiak

Edukiak multzotan banaturik egoteak ez du esan nahi sekuentzia edo hierarkia baten arabera antolaturik daudenik, baizik eta hizkuntzen irakaskuntzan erabili ohi den banaketa aukeratu dela, komunikaziorako gaitasunekin zuzeneko lotura duena.

Hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna, edukiak ikasi eta bereganatzeko. Komunikazioaren eta didaktikaren arloetako irizpideei jarraituz aukeratu behar dira gelako jarduerak. Testuak sortuko dira gidaritzapean, hala ahozkoak nola idatziak; horretarako, ereduak aurkeztu eta aztertuko dira eta haien imitazio sortzailea eginen da, edo ereduok eraldatu eginen dira asmo eta egoera desberdinetara egokituz. Ariketa hori lagungarria izanen da trebetasunak (ulermena, mintzamena eta idazmena) batera lantzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua egiteko.

Hainbat motatako testuak landuko dira etapa osoan zehar. Aztertutako genero guztietako testuei berriz ekinen zaie eta aurretik landutako alderdietan sakonduko da, batez ere komunikazio asmoari, diskurtsoaren osagaiei eta gogoeta gramatikalaren alderdiei dagokienez.

Ikasleek testu mota asko landu behar dituzte:

-Ahozkoak: solasaldiak, narrazioak, arrazoibideak, eztabaidak eta azalpenak

-Idatziak: web orriak, egunkariak, aldizkariak, literatura eta zabalkunderako liburuak, eguneroko gaiei edo kulturari buruzkoak, edo ikasleen interesekin eta oraingo edo etorkizuneko ikasketekin zerikusia dutenak. Narrazioak, argudiatzeak eta azalpenak. Gutunak.

Testuen tipologiari eta hizkuntza garatzen den inguruneari dagokienez, jakintzat ematen da behin eta berriz agertuko direla gelako komunikazio truke arruntak: solasaldiak, simulazioak, jarraibideak, galdera-erantzunak, iruzkinak, esperientzien kontakizunak.

Hitz batez, ikasleek gai izan behar dute ezagunak edo interesgarriak zaizkien gaiei buruz testu sinple eta koherenteak sortzeko, eta bai esperientziak, gertaerak, desioak, asmoak eta planak deskribatzeko eta beren iritziak labur argudiatzeko ere. Halaber, jakin behar dute gai edo arazoen puntu nagusiak azaltzen, gai orokorrei buruz duten iritzia argudiatzen eta musika edo filmak bezalako gai abstraktu edo kulturalei buruz pentsatzen dutena adierazten.

Eduki multzo bakoitzean Trebetasunak eta estrategiak izeneko atala sartu da, aurretik dituen eduki aukeratuak garatzen dituena. Atal horren bidez gelako jardueren planifikazioa erraztu eta zehaztu nahi da. Estrategiak irakatsi eta ikasi egiten direnez, ikasleek hizkuntza anitzetan askotariko egoeretara transferitu ahal izanen dituzten prozedura orokorren garapena eta erabilera lehenetsi behar dira. Estrategiak ez daude kronologikoki antolaturik, ez eta garrantziaren araberako hurrenkeran ere.

Edukiak lau multzotan banatu dira:

-1. multzoa. Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

-2. multzoa. Irakurri eta idatzi.

-3. multzoa. Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-4. multzoa. Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

Hizkuntza trebetasunak lantzea helburu duten eduki multzoak -entzun eta hitz egin, eta irakurri eta idatzi- curriculumean bereiz agertzen dira, diskurtso mota bakoitzaren funtsezko alderdiei berariaz ekiteko. Hala ere, ahozko erabilera formalak eta idatzizko erabilerak osagai asko dituzte berdinak (aurrez finkatutako gaia, edukiaren planifikazioa, sintaxia eta lexikoa, arau estandarrari lotzea ...) eta komunikazio egoera ugaritan zenbait erabilera konbinatzen dira eta ikaskuntza guztiek bat egin eta elkar indartzen dute.

Hizkuntzarako trebetasun horiek hizkuntzaren erabilera-esparru desberdinetan landuko dira: esparru akademikoan, pertsonen arteko eta erakundeekiko harremanen esparruan eta komunikabideen eta informazioaren teknologien esparruan.

3. multzoak, Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia izenekoak, ikasi beharreko hizkuntza erabiltzen duten gizarteen ohiturak, harreman sozialak, ezaugarriak eta berezitasunak erakusten dizkie ikasleei; hitz batez, berena ez bezalako bizimoduak erakusten dizkie. Ezagupen horrek tolerantzia eta elkarren onarpena sustatzen ditu, errealitate sozial eta kultural desberdinak ezagutzeko jakin-mina pizten du eta kulturen arteko komunikazioa errazten du.

4. multzoak, Hizkuntzaren ezagutza izenekoak, eduki linguistikoak eta kontzeptu batzuen eta terminologia gramatikal baten ikasketa biltzen ditu. Multzo hau beharrezkoa da, hizkuntzarako eta komunikaziorako trebetasunak eskuratu ahal izateko hizkuntzaren alderdi batzuen gogoetazko erabilera beharrezkoa delako: gramatika eta ortografiako arauak; testuari batasuna ematen dioten elementu morfosintaktikoak; eduki bera adierazteko erabiltzen diren aukera sintaktiko desberdinak; hitzak eratzeko mekanismoak; dialektoak, erregistroak eta erabilera sozialak zehazten dituzten faktoreak, etab.

Hizkuntza edukien irakaskuntza ingurune batean kokatu behar da, hots, praktikoa izan behar du, ikasleen trebetasunak eta lanak hobetzea delako helburua.

Ikasketaren gaineko gogoeta izeneko atalean, ikasleek ikasteko eta lan egiteko estilo pertsonal eta eraginkorra gara dezaten lortu nahi da, beren estrategiak etengabe hobetu ahal izateko. Nola eta noiz ikasten duten gehien eta lan egiten duten ongien, horretaz jakitunago izan daitezen lortu nahi da. Nola lan egiten den eta nola ikasten den hausnartzea ere ingurune batean kokatu beharreko ekintza da, gainerako eduki multzoetan aipatutako zeregin eta jarduerekin estu lotuta.

1. multzoa.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

.Entzun eta ulertu.

-Gai zehatzei buruz egiten diren hitzaldi eta mintzaldien esanahi orokorra eta berariazkoa ulertzea, halako abstrakzio maila batez, interes orokorreko eta ikasleen interes akademikoko eremuaren barnean.

-Komunikabideetatik igortzen diren mezuak ulertzea, bai hizkuntza estandarrean daudenak eta bai azentu desberdinetako hiztunenak, esanahi orokorra eta berariazkoa atzemanez.

-Eguneroko gaietan eta gai abstraktuetan pertsonen arteko komunikazioa ulertzea, berehalakoan erantzuteko.

-Estrategia egokiak erabiltzea esanahi inplizituak ulertu eta ondorioztatzeko, ideia nagusiak atzemateko edo zerbait ulertu dela egiaztatzeko, testuinguruko gakoak erabiliz.

-Konturatzea garrantzitsua dela mezu bat oro har ulertzea, osagai guzti-guztiak ulertzen ez badira ere.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Testuaren funtsezko osagaiak atzematea: zatiak, egitura, ideia nagusiak eta berariazko informazioa.

-Gaia eta hiztunaren komunikazio asmoa ondorioztatzea.

-Inplizituki adierazitako agindu, jarraibide, desio eta eskaerei erantzutea.

-Testuari buruzko galderei erantzutea, informazio orokorra, berariazko informazioa, hiztegia edo zenbait esamolde direla-eta.

-Testua interpretatzen saiatzea, oso-osorik ulertzen ez bada ere, eta hiztunen azentuek edo inguruko zaratak sortzen dituzten zailtasun txikiak gainditzea.

-Inferentzia konplexuagoak eta azterketa zehatzagoak egitea, hain ongi ezagutzen ez diren eta aldez aurretik prestatu ez diren gaiei buruzko informazio berariazkoa atereaz.

-Aurkezpen eta eztabaida luzeagoetan parte hartzea, taldean.

-Entzuteko prozesuan, informazioa jasotzeko bitartekoak erabiltzea (apunteak, marrazkiak, grafikoak ...), oharrak hartzea eta testuaren funtsezko alderdiak berrosatzen lagunduko duten eskemak egitea.

-Diskurtsoa baloratzea, edukiari, formari eta hartzailearentzako egokitasunari erreparaturik. Diskurtsoa formala ala informala den bereiztea.

.Hitz egin eta solasean aritu.

-Esan nahi dena eta hura adierazteko modua planifikatzea; komunikazioa errazteko askotariko baliabideak erabiltzea hizkuntza gabeziak betetzeko, esate baterako itzulinguruak eta parafrasiak.

-Ahozko deskripzioak, narrazioak eta aurkezpenak egitea, aldez aurretik prestaturik, gai orokorrei edo beren espezialitateko gaiei buruz, zuzentasun gramatikal nahikoarekin.

-Gaur egungo gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzea eta beren ikuspuntuak argitasunez defendatzea, informazio zehatza emanez eta adibide egokiak erabiliz.

-Gai orokor eta kulturalei buruzko elkarrizketetan parte hartzea eta jarioa, naturaltasuna eta zehaztasuna hobetzen joatea.

-Parte hartzeko, interakzioari eusteko eta esanahiak negoziatzeko estrategiak erabiltzea. Adibidez, elementu paratestualak baliatzea, iritziak argitzea, laburbiltzea edo esandakoa beste hitz batzuekin errepikatzea, besteek ulertu dutela ziurtatzeko.

-Diskurtsoari koherentzia eta barne batasuna emateko mekanismoak erabiltzea hurbileko gaien gaineko azalpenetan.

-Atzerriko hizkuntza erabiltzea taldeko komunikazio ekintzetan parte hartzeko, norberaren erantzukizunak onartzea eta erabakiak taldekideekin batera hartzea.

-Huts eginez ikasten dela onartzea eta hizkuntza baliabideen faltagatik ahozko komunikazioan sortzen diren zailtasunak gainditzen saiatzea, norberaren ezagutzak eta komunikazio estrategiak ahalik ongien baliatuz.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Zalantza egin eta itzulinguruen edo planifikaziorako etenuneen beharra eduki arren, aurrera egiteko moldatzea askotariko gaietan: familia, lagunak, zaletasun eta interesak, astialdia, bidaiak edo unean uneko gertaerak.

-Ohiko formula eta egituren errepertorioa erabiltzea behar adinako zuzentasunez.

-Norberaren intereseko gai baten ahozko azalpena prestatzea, aldez aurretik prestaturiko eskema edo material osagarriak erabiliz, eta kontuan hartuz azalpena entzuleei egokitu beharra, diskurtsoaren egitura eta koherentzia. Lagungarri gisa, askotariko baliabideak (taulak, grafikoak, irudiak, PPTak ...) eta edukia argitzen duten erreferentziak edo adierazpideak erabiliko dira.

-Arretari eustea, enfasi, bolumen eta tonu egokien bidez, datu interesgarriak eta umore ukituak erabiliz eta esan nahi dena modu desberdinetan adieraziz.

-Elkarrizketaren dinamika aplikatzea parte hartzeko, txanda eskatzeko, errepikapenak edo argitasunak eskatzeko, adostasuna edo desadostasuna adierazteko, norberaren ikuspuntuak adeitasunez azaltzeko, etab.

-Argi mintzatzea, diskurtsoaren hariari eutsiz, gidoia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri gisa erabiliz.

2. multzoa.-Irakurri eta idatzi.

.Idatzizko testuak ulertzea.

-Informazioa iragartzea, testuaren elementuetan eta testutik kanpokoetan oinarriturik, askotariko gaiei buruzko testu idatzietan.

-Informazio orokorra, berariazkoa eta zehatza ulertzea prentsan, publizitatean, gutunetan, txostenetan, jarraibideetan, agiri ofizial laburretan edo literatura testuetan, askotariko gaiak jorratuz.

-Komunikazio asmoa, elementu testualak eta paratestualak eta informazioa antolatzeko modua identifikatzea eta testuaren zatiak bereiztea.

-Esanahi inplizituak, jarrerak edo ikuspuntuak ulertzea, gaur egungo gaiei buruzko artikulu eta txostenetan.

-Beren interes akademiko eta pertsonalekin eta etorkizuneko interes profesionalekin zerikusia duten testu luzeak beren kabuz irakurtzea.

-Baliabide digital, informatiko eta bibliografikoak beren kasa erabiltzea ulermen arazoak konpontzeko edo lanerako behar dituzten informazioa, ideiak eta iritziak bilatzeko.

-Irakurtzeko estrategia desberdinak erabiltzea, testu motaren arabera eta lortu nahi den helburuaren arabera.

-Askotariko testuak beren kabuz irakurtzeko interesa izatea, informazioa lortzeko, ezagutzak handitzeko edo ongi pasatzeko, etab.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Irakurtzeko estrategia egokiak aplikatzea: irakurri baino lehen, aurre-irakurketa (aurretiazko ezagutzak aktibatu, iragarpenak egin), analisia (irakurri, azpimarratu, oharrak egin, apunteak hartu) eta sintesia (eskemak, laburpenak eta mapa kontzeptualak).

-Testuetako ideia nagusiak eta bigarren mailakoak, tesiak eta argudioak, garrantzia duten informazioak eta garrantzirik gabekoak bereiztea.

-Testuaren egitura eta hura markatzen duten elementuak (lokailuak, diskurtsoaren antolatzaileak, izenordainak eta horien bidez aipatzen diren hitzak) identifikatzea. Zer esan nahi duten eta nola erabiltzen diren jabetzea.

-Gertaera objektiboak iritzietatik bereiztea eta egilearen komunikazio xedea eta ikuspuntua ondorioztatzea. Testua zein generotakoa den bereiztea.

-Hitz edo egitura ezezagunen esanahia asmatzea testuinguruan edo egituran dauden gakoen bidez, eta osagai inplizituak, lexikoa eta abar interpretatzea.

-Akatsak atzeman eta zuzentzea.

-Zentzua emanez eta intonazioa eta jarioa zainduz irakurtzea.

-Informazioak bilatu, alderatu eta erkatzea eta ulermen arazoak konpontzea.

.Idatzizko testuak sortzea.

-Mota desberdinetako testu konplexu samarrak planifikatu eta idaztea, gai pertsonalak, gaurko gaiak eta interes akademikoko gaiak landuz.

-Testua antolatu eta egituratzeko eta barne batasuna emateko mekanismoak erabiltzea.

-Beren interesekin zerikusia duten testuak idaztea paperean eta euskarri digitalean, argitasunez, gramatika arauak nahikoa ongi betez eta lexikoa gaiari egokituz.

-Testuaren irakurleentzako erregistro egokia erabiltzea.

-Elementu grafikoak eta paratestualak erabiltzea testua errazago uler dadin, hala nola ilustrazioak, taulak, grafikoak edo tipografia, paperean eta euskarri digitalean.

-Idatzizko testu argi eta ulergarriak, egitura egokia dutenak sortzen saiatzea, behar desberdinak eta komunikazio asmo desberdinak kontuan hartuz.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Testu bat egiteko prozesua planifikatu eta antolatzea, behar den informazioa hautatzea, paragrafoak edukiaren arabera ordenatzea eta batasunerako elementu egokiak erabiltzea.

-Hainbat iturritatik ateratako informazioa laburbildu eta testu berrietan sartzea.

-Mota eta genero desberdinetako testuak azterturik (deskripzioak, esperientziak, bidaiak, gutunak, liburu edo filmetako gertakizunak, ametsak, itxaropenak edo irrikak), haien egitura eta formatua identifikatu eta norberaren testuetan aplikatzea.

-Zuzentzeko eta berrikusteko estrategiak aplikaturik, hurrenez hurreneko bertsioak egitea azken bertsiora iritsi arte, eta arau ortografikoak betetzea.

-Informazio iturriak modu autonomoan erabiltzea, komunikazio xede jakin baterako behar diren datuak aukeratzeko, informazio hori fitxa, laburpen edo eskemetan antolatzeko eta hainbat motatako testuak egiterakoan berriz erabiltzeko.

3. multzoa.-Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-Atzerriko hizkuntza erabiltzen den herrialdeetako kultura elementu nagusiak ezagutu eta baloratzea, hala nola literatura, artea, musika edo zinema.

-Atzerriko hizkuntzan hitz egiten dutenek eta ikaslearen hizkuntzan hitz egiten dutenek ohitura, portaera, jarrera, balio edo sinesmenetan dituzten antzekotasun eta desberdintasun nagusiak identifikatzea.

-Komunikazio ingurunerako, mintzakidearentzako eta komunikazio helbururako erregistro egokiak erabiltzea.

-Atzerriko hizkuntzak etorkizuneko ikasketetan eta lanbidean interesgarriak izanen diren ezagutzak lortzeko eta pertsona gisa aberasteko duen garrantzia ikustea.

-Atzerriko hizkuntza baloratzea nazioarteko harremanetan, herrien arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bitarteko gisa eta beste kultura eta hizkuntza batzuetara hurbiltzeko bidea den aldetik.

-Atzerriko hizkuntzaz hitz egiten duten herriei buruzko kultura informazioak ezagutzeko interesa.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Atzerriko hizkuntzaren bidez komunikatzen saiatzea, huts egiteko beldurrik gabe.

-Hizkuntzarengatiko bereizkeriazko egoerez ohartzea eta halakoak gaitzetsi edo saihestea.

-Atzerriko hizkuntzan hitz egiten duen komunitatean eta norberaren komunitatean nagusi diren ohitura, usadio, jarrera, balio edo sinesmenen arteko alde nabarmenenak ikustea eta desberdintasun horiek identifikatzen jakitea.

-Atzerriko hizkuntzak eta ordezkatzen dituzten kulturak ezagutzeko gogoa eta jakin-mina agertzea.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza eta ikasketaren gaineko gogoeta.

1. Hizkuntzaren ezagutza.

-Eremu semantikoa zabaltzea, adierazpen idiomatikoen, sinonimoen, antonimoen, konnotazioen eta ikasleei interesatzen zaizkien eta curriculumeko beste irakasgai batzuekin zerikusia duten gai orokorrei buruzko lexikoaren bidez.

-Hitzak osatzea aurrizki, atzizki eta hitz elkarketen bitartez.

-Egitura gramatikal konplexuak eta zuzentasunez hitz egiteko behar diren funtzioak erabiltzea.

-Alfabeto fonetikoa erabiltzea, ahoskera hobetzeko.

-Jarrera eta sentimen desberdinak adierazteko erabili beharreko azentuazio, erritmo eta intonazio ereduak sortzea.

2. Hizkuntzaren egiturak eta funtzioak erabiltzea

a) Fonetika:

-Hitzak edo esaldiak zuzen ahoskatzea. Ulertzeko moduan ahoskatzea, nahiz eta azentua nabarmena izan eta tarteka akatsak egin ahoskatzerakoan.

-Ahoskatzeko arau oinarrizko, arrunt eta orokorrenak ezagutzea.

-Nork bere sistema garatzea ahoskera ereduak ikasteko: hitzak -stress-, esaldiak.

-Zail samarrak diren fonemak ahoskatzea:

Fonema mutuak, bukaerako /s/, aditz eta partizipioen -ed, etab.

Forma ahulak: was, were etab.

Forma laburtuak nola ebaki: mustn't, can't, won't.

Esaldiak eta hitzak nola azentuatu.

Esaldiak nola intonatu: question tags.

-Jarrera eta sentimen desberdinak adierazteko eta ulertzeko erabili beharreko azentuazio, erritmo eta intonazio ereduak sortu eta interpretatzea.

b) Lexikoa:

-Eremu semantikoa zabaltzea, adierazpen idiomatikoen, sinonimoen, antonimoen, konnotazioen eta ikasleei interesatzen zaizkien eta curriculumeko beste irakasgai batzuekin zerikusia duten gai orokorrei buruzko lexikoaren bidez.

-Hitzak osatzea aurrizki, atzizki eta hitz elkarketen bitartez. Hitz flexiboak eta ez-flexiboak bereiztea; kategoria gramatikalak eta hitzak osatzeko mekanismoak (hitz elkarketa eta eratorpena) ezagutzea.

c) Hizkuntzaren funtzioak eta gramatika.

-Definitzea, deskribatzea, konparatzea. Datuak eta iritziak konparatu eta bereiztea. Arrazoitzea, justifikatzea, argudiatzea, ikuspuntu eta iritziak azaltzea:

Like/enjoy/hate/prefer ...+ -ing o to + infinitive; I'd rather bare infinitive.

Want + substantiboa/izenordaina + to / Want to + infinitiboa.

Modu jarraituan erabiltzen ez diren aditzak: believe, understand, know, etab.

Phrasal verbs.

Preposiziodun esaldiak: be good at/keen on/fond of.

.Erlatibozko perpausak.

-Esperientziak eta ohiturak lehenaldian adieraztea. Horietan eta inguratzen gaituzten gauzetan izaten diren aldaketak adieraztea. Iraganeko gertaerak kontatzea:

Aditz denborak: lehenaldi bakun eta jarraitua, orainaldi perfektua + just/yet/already/since/for, lehenaldi pluskuanperfektua. Era pasiboa.

Would/used to + infinitiboa.

Be/get used to + -ing.

Gerundioa aditz eta preposizio batzuen ondoren eta subjektu moduan erabiltzea.

Modu eta intentsitate, denbora eta leku adberbioak.

Denbora lokarriak.

-Planak denbora erreferentzia desberdinetan adieraztea. Hitzorduak egitea. Gertaerak iragarri eta iragarpenak egitea:

Orainaldi jarraitua / Geroaldia: Will / (be) going to.

Probably/certainly, likely ...

When/as soon as/before, after ... + orainaldi bakun edo perfektua.

Geroaldi jarraitua.

Geroaldi perfektua.

-Obligazioa eta obligazio eza, debekua, beharra, gaitasuna eta aukera adieraztea. Aieruak eta usteak, lehentasunak eta nahiak, eskaintzak eta iradokizunak adieraztea. Baimena edo aholkua eskatu edo ematea, eta adeitasunez eskaerak egitea:

Modalak eta erdimodalak: must, mustn't, should/ought to, needn't, have to, don't have to, can/be able to, could, may.

He's supposed to be ..., She was believed to ...

I'd rather + bare infinitive / I wish I had ...

Shall, let's; what about/how about + -ing.

-Aukera egiazkoak eta irrealak adieraztea eta hipotesiak eratzea:

I., II. eta III. motetako baldintzazko perpausak.

-Beste norbaitek esan, galdetu, agindu edo iradoki duena kontatzea:

Zeharkako estiloa: galderak, perpaus deklaratzaileak, aginduak eta iradokizunak.

Sarrera aditzak: ask, say, tell, declare, explain, refuse, advise, invite, offer, suggest, apologise, etab.

-Orainaldiko eta iraganeko ekintzei buruzko dedukzioak eta suposizioak egitea; iragandako ekintzak kritikatzea:

Aditz modalak: must, can't, may, might, could, should infinitibo bakuna.

must, can't, can, may, might, could, should + infinitibo perfektua.

-Ondorioa, emaitza, zergatia eta gehikuntza adieraztea. Xedea, kontrastea eta kontzesioa:

So, as a result, consequently, because, since, in addition, moreover, so as to, although, though, despite, while, whereas, nevertheless eta abarreko lokarrien bidezko perpaus mendekoak.

Have/get something done.

Make/let someone do something.

3. Ikasketaren gaineko gogoeta.

-Hizkuntza erabiltzeko aldaerak ezagutzea: hizkera formalaren eta informalaren, ahozkoaren eta idatzizkoaren arteko aldeak.

-Ikasteko askotariko baliabideak, informatikoak, digitalak edo bibliografikoak, nork bere kabuz erabiltzea; esate baterako, hiztegi elebidunak eta elebakarrak edo kontsulta liburuak.

-Lexikoa eta hizkuntzaren egiturak berrikusi, zabaldu eta sendotzeko estrategiak erabiltzea.

-Egitura gramatikalen erabilera eta esanahia aztertzea eta norberaren hizkuntzarekin konparatu eta alderatzea.

-Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, hizkuntza autonomiaz ikasteko.

-Ahozko eta idatzizko lanak hobetzeko erabilitako estrategien gaineko gogoeta.

4. Trebetasunak eta estrategiak.

-Bakarka eta taldean lan egiteko gauza izatea eta ikasteko estilo pertsonal eta eraginkorra garatzea, estrategia, jarduera eta material egokiak erabiliz eta denbora eginbeharren arabera banatuz.

-Norberaren jarduna eta ikaskideena aztertu, ebaluatu eta antolatzeko gauza izatea, elkarlanean arduraz aritzeko eta eskura dauden baliabideak aprobetxatzeko.

-Hizkuntza bat ikasteak alderdi asko dituela eta lexikoak, komunikaziorako trebetasunek eta egitura gramatikalek elkarrekin lotura estua dutela konturatzea.

-Betetzen diren prozedurez eta lortzen diren emaitzez (testuak, azalpenak, eztabaidetako ondorioak, eskemak) gogoeta egitea. Bakarka edo taldean egindako lanei buruz hausnartzea eta horiek hobetzeko estrategiak aplikatzea. Autoebaluazio prozesuak egitea.

-H1-ean irakurri edo idazteko erabiltzen diren prozedurak H2-ko antzeko lanetara transferitzea.

Ebaluazio irizpideak

1. eta 2. multzoak.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu. Irakurri eta idatzi.

1. Ideia nagusia ulertzea eta xehetasun garrantzitsuak identifikatzea, aurrez aurreko komunikazio egoeretan edo komunikabideetan emandako ahozko mezuetan, gai ezagunei, eguneroko gaiei edo norberaren ikasketa eta interesekin zerikusia duten gai orokorrei buruz edo atzerriko hizkuntzari lotutako alderdiei buruz. Betiere mezuak argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanen dira eta diskurtsoaren garapena adierazgailu esplizituen bidez erraztuko da.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek gai zehatzei eta gai abstraktuagoei buruzko informazioa ulertu eta interpretatzeko, askotariko hiztunak emandako informazioa, hain zuzen ere, kontuan izanik erabilitako erregistroa, hiztunaren asmoa eta jarrera, besteak beste. Halaber, komunikabideek emandako ahozko testu luzeagoetan ideia nagusiak eta berariazkoak atzemateko gaitasuna ebaluatuko da. Betiere testu argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanak, mezua argitasunez egituratua izanen da eta adierazgailu esplizituak erabiliko dira.

2. Jariotasunez eta ahoskera eta intonazio egokiez mintzatzea bat-bateko elkarrizketetan eta aldez aurretik prestatutako narrazio, argudiatze, eztabaida eta azalpenetan, behar diren komunikazio estrategiak eta egoerari dagokion diskurtso mota erabiliz.

Ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek aldez aurretik prestatutako gaietatik abiaturik ideiak argitasunez antolatu eta adierazteko, askotariko gai ezagunen gainean deskripzio eta aurkezpen argiak egiteko, benetako edo alegiazko gertaerak eta liburu edo filmetako argumentuak kontatzeko eta sentimendu eta erantzunak deskribatzeko. Interakzioan erantzun egokiak emateko gaitasuna ere baloratuko da, eta errespetuzko jarrera, eta diskurtsoari jarraipena ematen laguntzea, egoerari eta komunikazioaren xedeari dagokien erregistroarekin.

3. Nork bere kabuz ulertzea hainbat iturritatik ateratako idatzizko testuetan dagoen informazioa: gutunak, web orriak, egunkariak, aldizkariak, literatura eta zabalkunderako liburuak, eguneroko gaiei edo kulturari buruzkoak, edo ikasleen interesekin eta oraingo edo etorkizuneko ikasketekin zerikusia dutenak.

Informazio garrantzitsua ulertzeko, ideia nagusiak bigarren mailakoetatik bereizteko eta interes orokorreko edo zabalkundeko testu idatzietan dagoen informazioa (informazio hori modu kritikoan aztertu ahal izateko bezain zehatzak diren testuak erabiliz) identifikatzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Ikasleek lan bat egiteko behar diren estrategiak erabili beharko dituzte eta adiera inplizituak, jarrerak eta ikuspuntuak atzeman. Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da, gainera, ea ikasleek beren kabuz erabiltzen dituzten baliabide digital, informatiko eta bibliografikoak, informazioak, bilatu, alderatu eta erkatzeko eta ulermen arazoak konpontzeko.

4. Testu argi eta zehatzak idaztea xede desberdinetarako, zuzentasun formal, barne batasun eta erregistro egokiekin, testua planifikatu eta berrikustearen garrantzia baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek argi antolaturiko testuak idazten dituzten, perpausak sekuentzia linealetan ongi josiz; ea testuak planifikatu eta berrikusteaz arduratzen diren, hurrenez hurreneko bertsioak eginez azken bertsioa osatzeraino, arau ortografiko eta tipografikoak betez. Halaber, ebaluatuko da ea behin betiko testuetan islatzen ote den behar adinako autonomiaz planifikatu eta idatzi direla, kontsulta material egokiaren laguntzaz, eta ea hainbat iturritatik ateratako informazioa laburtzen eta ebaluatzen den, betiere gai ezagunei buruzkoa.

3. multzoa.-Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

5. Egiazko agirietan, paperezko euskarrian, euskarri digitalean edo ikus-entzunezkoan, ikasten ari den hizkuntza hitz egiten duten herrialdeen ezaugarri geografiko, historiko, artistiko, literario eta sozial garrantzitsuenak aztertzea, eta ezagutzan sakontzea, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntza eta kulturen bidez aberastutako ikuspuntutik.

Irizpide honen bitartez, atzerriko hizkuntza duten eskualdeetako kulturari buruzko ezagutzak ebaluatuko dira, eta ezaugarri horiek berezkoak dituzten zenbait ezaugarri identifikatu eta aztertzeko gaitasuna ere bai. Ikasleek gizarte eta kulturen askotarikotasunaz jabetu behar dute, eta bereizi egin behar dituzte hizkuntza komunitate bereko taldeak eta kultura desberdinetako kideak.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

6. Lortutako ezagutza linguistiko, soziolinguistiko, estrategiko eta diskurtsiboak ohartuki erabiltzea, eta nork bere burua ebaluatu eta zuzenketako mekanismoak zorrotz aplikatzea, ikaskuntzan autonomia indartzeko.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek ba ote dakiten erabiltzen heldutasun sintaktikorik handiena adierazten duten egitura gramatikalak, ikasitako arauen eraginkortasuna baloratzen ote duten indukzio eta dedukzio prozesuetatik abiaturik, eta ea gai diren horiek aldatzeko, beharrezkoa denean. Hauek ere baloratuko dira: lexikorik espezializatuena zabaltzea, ezaugarri fonologikoak hobetzea, ortografia, eta komunikazioa errazten duten komunikazio-gaitasunaren osagaiei buruzko azterketa eta hausnarketa. Gainera, ebaluatuko da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek beren ikasketa prozesua baloratzeko eta beren lanak nahiz ikaskideenak zuzentzeko, hala ahozkoak nola idatziak.

7. Ikasteko eskuratutako estrategiak eta hizkuntzarako trebetasunak ebaluatu eta identifikatzeko bitarteko guztiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, identifikatzea, adibideak ematea eta estrategia horiek bat-batean eta modu autonomoan erabiltzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek gaitasunik ba ote duten estrategiak eta trebetasunak egoera berriei aplikatzeko eta ikaskuntza prozesuaz hausnartzeko, ikaskuntzan norberak betetzen dituen eginkizunak baloratuz: erabakiak hartzea, behatzea, hipotesiak sortu eta doitzea, eta aurrerapenak ebaluatzea ahalik eta autonomiarik handienaz. Halaber, ebaluatu nahi da ea gai diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko nazioarteko komunikaziorako eta ikaskuntza autonomorako tresna moduan, eta gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerez baliatzen diren. Ikasleek, gainera, identifikatu behar dute atzerriko hizkuntzaz egiten dakitena, hau da, hizkuntzarako dituzten trebetasunak, beren buruarenganako konfiantza sendotzeko.

ATZERRIKO HIZKUNTZA

FRANTSESA I ETA II

Hizkuntzen etengabeko ikaskuntzaren bitartez pertsonen eta kulturen arteko harremanetarako berebiziko baliabidea eskuratzen da, ezinbestekoa dena etapa honetako hezkuntza helburuetako batzuk lortu ahal izateko.

Europar Batasuneko hizkuntzak gako-elementuak dira hizkuntza eta kultura anitzeko europar nortasuna sortzeko. Hizkuntzak jakiteak mesede egiten dio pertsonen joan-etorri libreari, eta gizarteen zein pertsonen arteko lankidetza kultural, ekonomiko, tekniko eta zientifikoa errazten du.

Europako Erreferentzia Marko Bateratua (EEMB) eta Hizkuntzen Portfolio Europarra (HPE).

Europako Kontseilua azken hamarkadetan ikerketa lana egiten aritu da, berrogeita bat estatu kideetako hizkuntzalari eta pedagogoekin elkarlanean. Lan horri esker orain badugu guztiontzako oinarria, hizkuntzen irakaskuntzaren eta ikasketaren helburuak eta metodologia, programak prestatzeko arauak eta hizkuntza horietako ebaluazio irizpideak definitzen dituena.

Europako Erreferentzia Marko Bateratuak gidalerroak ezartzen ditu hizkuntzak ikasteko eta hiztunaren gaitasuna baloratzeko. Marko horrek definitzen ditu hizkuntza jakin batean komunikatzeko gaitasunaren garapen mailak, ikasleak komunikazio xede jakineko lan multzo bat egiteko duen gaitasunaren arabera, berariazko esparru baten barnean. Agiri hori gako-erreferentea da hizkuntzako curriculumetan.

Hizkuntzen Portfolio Europarrak (HPE) ikaskuntza-irakaskuntza prozesuari laguntzeko tresna da. Agiri pertsonala da, norberaren ikaskuntza, horren aurrerapena eta ebaluazioa aztertzen laguntzen duena.

Batxilergora iristen diren ikasleek ohiko komunikazio egoeretan moldatzeko adina badakite atzerriko hizkuntza. Etapa honetan, lehenago eskuratutako diskurtsorako gaitasunetan sakondu eta haien errepertorioa aberastea izanen da irakasgai honen helburua; gainera, haren eremuak handitu eginen dira. Batxilergoa amaitutakoan ikasleek gai izan behar dute pentsamenduak, sentimenak eta gertaerak ulertu, adierazi eta interpretatzeko, hala ahoz nola idatziz, hainbat esparrutan, bereziki esparru akademikoan (edukiak gehitzea), esparru publikoan (ohiko harremanak, gizarte eta lan interakzioa) eta komunikabideen esparruan.

Edozein hizkuntzatan komunikaziorako gaitasuna pixkanaka garatzeko, ikasleek komunikazio ekintza batzuk burutzeko gauza izan behar dute. Ekintza horiek komunikazio xede zehatza dute esparru berezi batean. Komunikaziorako gaitasuna erabili behar da haiek burutzeko. Komunikaziorako gaitasuna garatzeak esan nahi du gaitasuna hartu behar dela ulertzeko (diskurtsoan maiz modu inplizituan komunikatzen diren elementuak atzeman eta interpretatzeko) eta diskurtsoak sortzeko. Horretarako ulertze prozedurak sendotu behar dira, eta ahozko nahiz idatzizko produkziorako estrategiak gauzatu.

Komunikaziorako gaitasuna, etapa honetan, hainbat ezagutza, trebetasun eta jarreraren bidez garatzen da, eta horiek ez dute bereiz jarduten, aitzitik, elkartu egiten dira mezu adierazgarriak sortzeko. Hizkuntza 1eko (H1) oinarrizko elementuetako batzuk biltzen ditu, hizkuntza hauetarako gaitasun mailaren arabera aplikatzen direnak:

Ezagutzak

-Hiztegia eta gramatika funtzionala, intonazioa eta ahoskera.

-Ahozko interakzio mota desberdinak daudela ohartzea (aurrez aurrekoa, telefonozko solasaldiak, elkarrizketak, etab.).

-Literatura testuen eta bestelakoen sorta egokia ezagutzea (adibidez, ipuin laburrak, olerkiak, egunkari eta aldizkarietako artikuluak, web orriak, jarraibideak, gutunak, txosten laburrak, etab.).

-Estilo eta erregistro desberdinen ezaugarri nagusiak ulertzea ahozko hizkuntzan eta idatzizkoan (formala, informala, kazetaritzakoa, lagunartekoa, etab.).

-Gizarteko konbentzioez, alderdi kulturalez eta hizkeraren aldakortasunaz jabetzea eremu geografiko eta gizarte eta komunikazio esparru desberdinetan.

Trebetasunak

-Ahozko mezuak entzun eta ulertzeko trebetasuna, komunikazio egoeren sorta egokian (ezagunak diren gaiak, norberaren interesekoak edo eguneroko bizitzari dagozkionak).

-Gai ezagunei, norberaren intereseko gaiei edo egunerokoei buruz hizketan hasteko, hariari eusteko eta elkarrizketak amaitzeko trebetasuna.

-Askotariko gaiei buruzko idatzizko testu espezializatu gabeak edo, zenbait kasutan, eremu ezagunetako testu espezializatuak irakurri eta ulertzeko trebetasuna, eta hainbat motatako testuak xede desberdinetarako eta egoera desberdin askotan idazteko trebetasuna.

-Baliabideak (esate baterako, oharrak, diagramak, mapak) egoki erabiltzea ahozko edo idatzizko testuak ulertu edo sortzeko (adibidez, solasaldiak, jarraibideak, elkarrizketak, hitzaldiak).

-Hizkuntza ikasteko jarduera autonomoen sorta egokia hasteko eta hari eusteko trebetasuna.

Jarrerak

-Hizkuntzarekiko jarrera positiboa garatzea, eta hizkuntza aberastasun pertsonal eta kulturalaren iturri dela onartzea.

-Besteen iritzi eta argudioak aurreiritzirik gabe jasotzeko eta elkarrizketa kritiko eta eraikitzailean aritzeko jarrera.

-Jendaurrean hitz egiteko konfiantza.

-Hizkuntzak, oro har, eta kulturen arteko komunikazioa ezagutzeko interesa eta jakin-mina.

Batxilergoan ikasleen autonomia indartzen jarraitu behar da, dagoeneko haien interesak zehatzagoak izanen baitira. Hortaz, atzerriko hizkuntza ikasiz, etapa honetan, batetik aurreko etapetan eskuratutako ezagutzak sendotuko dira eta, bestetik, beste gaitasun espezifikoago batzuk garatuko dira, ikasleak gidatuko dituztenak beren ikasketetan edo lanbidean.

Curriculumeko beste sakontze maila bat hauxe da: behatu, aztertu, imitatu eta barneratu daitezkeen diskurtso eta testu aldaerak. Ikasleen adina eta interesen askotarikotasuna ikusirik, komeni da genero diskurtsiboen sorta zabalari ekitea, testu espezializatu samarrak edo zenbait literatura testu ere tartean.

Batxilergoko etapan, halaber, gramatikarako gaitasuna handitzen da, egitura morfosintaktiko eta eduki lexiko konplexuagoak dituzten ahozko eta idatzizko testuak lantzen baitira. Aldi berean, hizkuntzaren kodeari buruzko ezagutzak sistematizatzen ahal dira. Funtsean, gogoeta jarduera horien esparruan egiten dira arrazoitze logikoko eragiketak (aztertzea, kontzeptualizatzea, sistematizatzea, etab.), prestakuntza intelektualaren indargarri eta osagarri moduan.

Batxilergoan, aurrera eginen da ezagutzan, eta horri esker ikasleen ikuspegia zabalduko da, beste bizimodu eta gizarte antolamendu batzuetara gehiago hurbilduko dira, nazioartean denenak diren arazoei buruzko iritziak trukatuko dituzte, beren interes profesionalak dibertsifikatuko eta balio sozialak sendotuko, nazioarteko komunikazioa gero eta beharrezkoagoa den mundu batean elkarretaratzea errazagoa izan dadin.

Helburuak

Etapa honetan atzerriko hizkuntzaren irakaskuntzaren bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Ahoz igorritako mezuen informazio orokorra eta berariazkoa ulertzea, eta ohiko komunikazio esparruetan eta komunikabideetan azaltzen diren gaurko gaien inguruko arrazoibideari jarraitzea.

2. Berezkotasunez eta modu ulergarrian mintzatu eta ahozko interakzioan aritzea, behar adinako jariotasun eta zuzentasunez, komunikazio egoera bakoitzerako estrategia egokiak erabiliz.

3. Gai orokorrei eta berariazkoei buruzko testu idatziak ulertzea eta modu kritikoan interpretatzea, mota desberdinetakoak, egin beharreko lanaren araberako ulertze-estrategiak erabiliz; testuaren funtsezko osagaiak ulertzea eta haien eginkizuna eta diskurtsoaren antolaketa atzematea.

4. Xede desberdinetako testuak, ikasleen interes eta beharretarako egokiak (informazioa eskuratzekoak, denbora pasakoak edo aisiakoak) nork bere kabuz irakurtzea.

5. Hainbat motatako testuak idaztea, argiak eta ongi egituratuak, irakurriko dituzten pertsonen eta komunikazio asmoaren arabera egokitutako estiloan.

6. Hizkuntzari eta hizkuntza erabiltzeko arauei buruzko ezagutzak erabiltzea modu egoki, koherente eta zuzenean, mintzatu eta idazteko eta ahozko zein idatzizko testuak ulertzeko, eta atzerriko hizkuntzaren funtzionamenduaz gogoeta egitea komunikazio egoeretan.

7. Askotariko ikaskuntza estrategiak bereganatu eta garatzea, eskura dauden baliabide guztiak erabiliz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, horrela atzerriko hizkuntza nork bere kabuz erabili ahal izateko eta gero eta sakonago ikasteko.

8. Komunikaziorako gaitasunari dagokionez nork bere burua ebaluatzeko estrategiak finkatzea, ekimenez eta arduraz.

9. Atzerriko hizkuntzaren funtsezko ezaugarri sozial eta kulturalak ezagutzea, norberarena ez diren kulturak eta ikasten ari den hizkuntza hobeki ulertu eta interpretatzeko.

10. Atzerriko hizkuntza baloratzea beste jakintza eta kultura batzuetara hurbiltzeko bidea den aldetik, eta kultura anitzeko mundu honetan nazioen arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bitarteko garrantzitsua dela onartzea.

Edukiak

Edukiak multzotan banaturik egoteak ez du esan nahi sekuentzia edo hierarkia baten arabera antolaturik daudenik, baizik eta hizkuntzen irakaskuntzan erabili ohi den banaketa aukeratu dela, komunikaziorako gaitasunekin zuzeneko lotura duena.

Hizkuntzaren erabilerari eman behar zaio lehentasuna, edukiak ikasi eta bereganatzeko. Komunikazioaren eta didaktikaren arloetako irizpideei jarraituz aukeratu behar dira gelako jarduerak. Testuak sortuko dira gidaritzapean, hala ahozkoak nola idatziak; horretarako, ereduak aurkeztu eta aztertuko dira eta haien imitazio sortzailea eginen da, edo ereduok eraldatu eginen dira asmo eta egoera desberdinetara egokituz. Ariketa hori lagungarria izanen da trebetasunak (ulermena, mintzamena eta idazmena) batera lantzeko eta hizkuntzen tratamendu integratua egiteko.

Hainbat motatako testuak landuko dira etapa osoan zehar. Aztertutako genero guztietako testuei berriz ekinen zaie eta aurretik landutako alderdietan sakonduko da, batez ere komunikazio asmoari, diskurtsoaren osagaiei eta gogoeta gramatikalaren alderdiei dagokienez.

Ikasleek testu mota asko landu behar dituzte:

-Ahozkoak: solasaldiak, narrazioak, arrazoibideak, eztabaidak eta azalpenak

-Idatziak: web orriak, egunkariak, aldizkariak, literatura eta zabalkunderako liburuak, eguneroko gaiei edo kulturari buruzkoak, edo ikasleen interesekin eta oraingo edo etorkizuneko ikasketekin zerikusia dutenak. Narrazioak, argudiatzeak eta azalpenak. Gutunak.

Testuen tipologiari eta hizkuntza garatzen den inguruneari dagokienez, jakintzat ematen da behin eta berriz agertuko direla gelako komunikazio truke arruntak: solasaldiak, simulazioak, jarraibideak, galdera-erantzunak, iruzkinak, esperientzien kontakizunak.

Hitz batez, ikasleek gai izan behar dute ezagunak edo interesgarriak zaizkien gaiei buruz testu sinple eta koherenteak sortzeko, eta bai esperientziak, gertaerak, desioak, asmoak eta planak deskribatzeko eta beren iritziak labur argudiatzeko ere. Halaber, jakin behar dute gai edo arazoen puntu nagusiak azaltzen, gai orokorrei buruz duten iritzia argudiatzen eta musika edo filmak bezalako gai abstraktu edo kulturalei buruz pentsatzen dutena adierazten.

Eduki multzo bakoitzean Trebetasunak eta estrategiak izeneko atala sartu da, aurretik dituen eduki aukeratuak garatzen dituena. Atal horren bidez gelako jardueren planifikazioa erraztu eta zehaztu nahi da. Estrategiak irakatsi eta ikasi egiten direnez, ikasleek hizkuntza anitzetan askotariko egoeretara transferitu ahal izanen dituzten prozedura orokorren garapena eta erabilera lehenetsi behar dira. Estrategiak ez daude kronologikoki antolaturik, ez eta garrantziaren araberako hurrenkeran ere.

Edukiak lau multzotan banatu dira:

-1. multzoa. Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

-2. multzoa. Irakurri eta idatzi.

-3. multzoa. Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-4. multzoa. Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

Hizkuntza trebetasunak lantzea helburu duten eduki multzoak -entzun eta hitz egin, eta irakurri eta idatzi- curriculumean bereiz agertzen dira, diskurtso mota bakoitzaren funtsezko alderdiei berariaz ekiteko. Hala ere, ahozko erabilera formalak eta idatzizko erabilerak osagai asko dituzte berdinak (aurrez finkatutako gaia, edukiaren planifikazioa, sintaxia eta lexikoa, arau estandarrari lotzea ...) eta komunikazio egoera ugaritan zenbait erabilera konbinatzen dira eta ikaskuntza guztiek bat egin eta elkar indartzen dute.

Hizkuntzarako trebetasun horiek hizkuntzaren erabilera-esparru desberdinetan landuko dira: esparru akademikoan, pertsonen arteko eta erakundeekiko harremanen esparruan eta komunikabideen eta informazioaren teknologien esparruan.

3. multzoak, Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia izenekoak, ikasi beharreko hizkuntza erabiltzen duten gizarteen ohiturak, harreman sozialak, ezaugarriak eta berezitasunak erakusten dizkie ikasleei; hitz batez, berena ez bezalako bizimoduak erakusten dizkie. Ezagupen horrek tolerantzia eta elkarren onarpena sustatzen ditu, errealitate sozial eta kultural desberdinak ezagutzeko jakin-mina pizten du eta kulturen arteko komunikazioa errazten du.

4. multzoak, Hizkuntzaren ezagutza izenekoak, eduki linguistikoak eta kontzeptu batzuen eta terminologia gramatikal baten ikasketa biltzen ditu. Multzo hau beharrezkoa da, hizkuntzarako eta komunikaziorako trebetasunak eskuratu ahal izateko hizkuntzaren alderdi batzuen gogoetazko erabilera beharrezkoa delako: gramatika eta ortografiako arauak; testuari batasuna ematen dioten elementu morfosintaktikoak; eduki bera adierazteko erabiltzen diren aukera sintaktiko desberdinak; hitzak eratzeko mekanismoak; dialektoak, erregistroak eta erabilera sozialak zehazten dituzten faktoreak, etab.

Hizkuntza edukien irakaskuntza ingurune batean kokatu behar da, hots, praktikoa izan behar du, ikasleen trebetasunak eta lanak hobetzea delako helburua.

Ikasketaren gaineko gogoeta izeneko atalean, ikasleek ikasteko eta lan egiteko estilo pertsonal eta eraginkorra gara dezaten lortu nahi da, beren estrategiak etengabe hobetu ahal izateko. Nola eta noiz ikasten duten gehien eta lan egiten duten ongien, horretaz jakitunago izan daitezen lortu nahi da. Nola lan egiten den eta nola ikasten den hausnartzea ere ingurune batean kokatu beharreko ekintza da, gainerako eduki multzoetan aipatutako zeregin eta jarduerekin estu lotuta.

1. multzoa.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu.

.Entzun eta ulertu.

-Gai zehatzei buruz egiten diren hitzaldi eta mintzaldien esanahi orokorra eta berariazkoa ulertzea, halako abstrakzio maila batez, interes orokorreko eta ikasleen interes akademikoko eremuaren barnean.

-Komunikabideetatik igortzen diren mezuak ulertzea, bai hizkuntza estandarrean daudenak eta bai azentu desberdinetako hiztunenak, esanahi orokorra eta berariazkoa atzemanez.

-Eguneroko gaietan eta gai abstraktuetan pertsonen arteko komunikazioa ulertzea, berehalakoan erantzuteko.

-Estrategia egokiak erabiltzea esanahi inplizituak ulertu eta ondorioztatzeko, ideia nagusiak atzemateko edo zerbait ulertu dela egiaztatzeko, testuinguruko gakoak erabiliz.

-Konturatzea garrantzitsua dela mezu bat oro har ulertzea, osagai guzti-guztiak ulertzen ez badira ere.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Testuaren funtsezko osagaiak atzematea: zatiak, egitura, ideia nagusiak eta berariazko informazioa.

-Gaia eta hiztunaren komunikazio asmoa ondorioztatzea.

-Inplizituki adierazitako agindu, jarraibide, desio eta eskaerei erantzutea.

-Testuari buruzko galderei erantzutea, informazio orokorra, berariazko informazioa, hiztegia edo zenbait esamolde direla-eta.

-Testua interpretatzen saiatzea, oso-osorik ulertzen ez bada ere, eta hiztunen azentuek edo inguruko zaratak sortzen dituzten zailtasun txikiak gainditzea.

-Inferentzia konplexuagoak eta azterketa zehatzagoak egitea, hain ongi ezagutzen ez diren eta aldez aurretik prestatu ez diren gaiei buruzko informazio berariazkoa atereaz.

-Aurkezpen eta eztabaida luzeagoetan parte hartzea, taldean.

-Entzuteko prozesuan, informazioa jasotzeko bitartekoak erabiltzea (apunteak, marrazkiak, grafikoak ...), oharrak hartzea eta testuaren funtsezko alderdiak berrosatzen lagunduko duten eskemak egitea.

-Diskurtsoa baloratzea, edukiari, formari eta hartzailearentzako egokitasunari erreparaturik. Diskurtsoa formala ala informala den bereiztea.

.Hitz egin eta solasean aritu.

-Esan nahi dena eta hura adierazteko modua planifikatzea; komunikazioa errazteko askotariko baliabideak erabiltzea hizkuntza gabeziak betetzeko, esate baterako itzulinguruak eta parafrasiak.

-Ahozko deskripzioak, narrazioak eta aurkezpenak egitea, aldez aurretik prestaturik, gai orokorrei edo beren espezialitateko gaiei buruz, zuzentasun gramatikal nahikoarekin.

-Gaur egungo gaiei buruzko eztabaidetan parte hartzea eta beren ikuspuntuak argitasunez defendatzea, informazio zehatza emanez eta adibide egokiak erabiliz.

-Gai orokor eta kulturalei buruzko elkarrizketetan parte hartzea eta jarioa, naturaltasuna eta zehaztasuna hobetzen joatea.

-Parte hartzeko, interakzioari eusteko eta esanahiak negoziatzeko estrategiak erabiltzea. Adibidez, elementu paratestualak baliatzea, iritziak argitzea, laburbiltzea edo esandakoa beste hitz batzuekin errepikatzea, besteek ulertu dutela ziurtatzeko.

-Diskurtsoari koherentzia eta barne batasuna emateko mekanismoak erabiltzea hurbileko gaien gaineko azalpenetan.

-Atzerriko hizkuntza erabiltzea taldeko komunikazio ekintzetan parte hartzeko, norberaren erantzukizunak onartzea eta erabakiak taldekideekin batera hartzea.

-Huts eginez ikasten dela onartzea eta hizkuntza baliabideen faltagatik ahozko komunikazioan sortzen diren zailtasunak gainditzen saiatzea, norberaren ezagutzak eta komunikazio estrategiak ahalik ongien baliatuz.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Zalantza egin eta itzulinguruen edo planifikaziorako etenuneen beharra eduki arren, aurrera egiteko moldatzea askotariko gaietan: familia, lagunak, zaletasun eta interesak, astialdia, bidaiak edo unean uneko gertaerak.

-Ohiko formula eta egituren errepertorioa erabiltzea behar adinako zuzentasunez.

-Norberaren intereseko gai baten ahozko azalpena prestatzea, aldez aurretik prestaturiko eskema edo material osagarriak erabiliz, eta kontuan hartuz azalpena entzuleei egokitu beharra, diskurtsoaren egitura eta koherentzia. Lagungarri gisa, askotariko baliabideak (taulak, grafikoak, irudiak, PPTak ...) eta edukia argitzen duten erreferentziak edo adierazpideak erabiliko dira.

-Arretari eustea, enfasi, bolumen eta tonu egokien bidez, datu interesgarriak eta umore ukituak erabiliz eta esan nahi dena modu desberdinetan adieraziz.

-Elkarrizketaren dinamika aplikatzea parte hartzeko, txanda eskatzeko, errepikapenak edo argitasunak eskatzeko, adostasuna edo desadostasuna adierazteko, norberaren ikuspuntuak adeitasunez azaltzeko, etab.

-Argi mintzatzea, diskurtsoaren hariari eutsiz, gidoia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak lagungarri gisa erabiliz.

2. multzoa.-Irakurri eta idatzi.

.Idatzizko testuak ulertzea.

-Informazioa iragartzea, testuaren elementuetan eta testutik kanpokoetan oinarriturik, askotariko gaiei buruzko testu idatzietan.

-Informazio orokorra, berariazkoa eta zehatza ulertzea prentsan, publizitatean, gutunetan, txostenetan, jarraibideetan, agiri ofizial laburretan edo literatura testuetan, askotariko gaiak jorratuz.

-Komunikazio asmoa, elementu testualak eta paratestualak eta informazioa antolatzeko modua identifikatzea eta testuaren zatiak bereiztea.

-Esanahi inplizituak, jarrerak edo ikuspuntuak ulertzea, gaur egungo gaiei buruzko artikulu eta txostenetan.

-Beren interes akademiko eta pertsonalekin eta etorkizuneko interes profesionalekin zerikusia duten testu luzeak beren kabuz irakurtzea.

-Baliabide digital, informatiko eta bibliografikoak beren kasa erabiltzea ulermen arazoak konpontzeko edo lanerako behar dituzten informazioa, ideiak eta iritziak bilatzeko.

-Irakurtzeko estrategia desberdinak erabiltzea, testu motaren arabera eta lortu nahi den helburuaren arabera.

-Askotariko testuak beren kabuz irakurtzeko interesa izatea, informazioa lortzeko, ezagutzak handitzeko edo ongi pasatzeko, etab.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Irakurtzeko estrategia egokiak aplikatzea: irakurri baino lehen, aurre-irakurketa (aurretiazko ezagutzak aktibatu, iragarpenak egin), analisia (irakurri, azpimarratu, oharrak egin, apunteak hartu) eta sintesia (eskemak, laburpenak eta mapa kontzeptualak).

-Testuetako ideia nagusiak eta bigarren mailakoak, tesiak eta argudioak, garrantzia duten informazioak eta garrantzirik gabekoak bereiztea.

-Testuaren egitura eta hura markatzen duten elementuak (lokailuak, diskurtsoaren antolatzaileak, izenordainak eta horien bidez aipatzen diren hitzak) identifikatzea. Zer esan nahi duten eta nola erabiltzen diren jabetzea.

-Gertaera objektiboak iritzietatik bereiztea eta egilearen komunikazio xedea eta ikuspuntua ondorioztatzea. Testua zein generotakoa den bereiztea.

-Hitz edo egitura ezezagunen esanahia asmatzea testuinguruan edo egituran dauden gakoen bidez, eta osagai inplizituak, lexikoa eta abar interpretatzea.

-Akatsak atzeman eta zuzentzea.

-Zentzua emanez eta intonazioa eta jarioa zainduz irakurtzea.

-Informazioak bilatu, alderatu eta erkatzea eta ulermen arazoak konpontzea.

.Idatzizko testuak sortzea.

-Mota desberdinetako testu konplexu samarrak planifikatu eta idaztea, gai pertsonalak, gaurko gaiak eta interes akademikoko gaiak landuz.

-Testua antolatu eta egituratzeko eta barne batasuna emateko mekanismoak erabiltzea.

-Beren interesekin zerikusia duten testuak idaztea paperean eta euskarri digitalean, argitasunez, gramatika arauak nahikoa ongi betez eta lexikoa gaiari egokituz.

-Testuaren irakurleentzako erregistro egokia erabiltzea.

-Elementu grafikoak eta paratestualak erabiltzea testua errazago uler dadin, hala nola ilustrazioak, taulak, grafikoak edo tipografia, paperean eta euskarri digitalean.

-Idatzizko testu argi eta ulergarriak, egitura egokia dutenak sortzen saiatzea, behar desberdinak eta komunikazio asmo desberdinak kontuan hartuz.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Testu bat egiteko prozesua planifikatu eta antolatzea, behar den informazioa hautatzea, paragrafoak edukiaren arabera ordenatzea eta batasunerako elementu egokiak erabiltzea.

-Hainbat iturritatik ateratako informazioa laburbildu eta testu berrietan sartzea.

-Mota eta genero desberdinetako testuak azterturik (deskripzioak, esperientziak, bidaiak, gutunak, liburu edo filmetako gertakizunak, ametsak, itxaropenak edo irrikak), haien egitura eta formatua identifikatu eta norberaren testuetan aplikatzea.

-Zuzentzeko eta berrikusteko estrategiak aplikaturik, hurrenez hurreneko bertsioak egitea azken bertsiora iritsi arte, eta arau ortografikoak betetzea.

-Informazio iturriak modu autonomoan erabiltzea, komunikazio xede jakin baterako behar diren datuak aukeratzeko, informazio hori fitxa, laburpen edo eskemetan antolatzeko eta hainbat motatako testuak egiterakoan berriz erabiltzeko.

3. multzoa.-Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

-Atzerriko hizkuntza erabiltzen den herrialdeetako kultura elementu nagusiak ezagutu eta baloratzea, hala nola literatura, artea, musika edo zinema.

-Atzerriko hizkuntzan hitz egiten dutenek eta ikaslearen hizkuntzan hitz egiten dutenek ohitura, portaera, jarrera, balio edo sinesmenetan dituzten antzekotasun eta desberdintasun nagusiak identifikatzea.

-Komunikazio ingurunerako, mintzakidearentzako eta komunikazio helbururako erregistro egokiak erabiltzea.

-Atzerriko hizkuntzak etorkizuneko ikasketetan eta lanbidean interesgarriak izanen diren ezagutzak lortzeko eta pertsona gisa aberasteko duen garrantzia ikustea.

-Atzerriko hizkuntza baloratzea nazioarteko harremanetan, herrien arteko komunikaziorako eta elkar ulertzeko bitarteko gisa eta beste kultura eta hizkuntza batzuetara hurbiltzeko bidea den aldetik.

-Atzerriko hizkuntzaz hitz egiten duten herriei buruzko kultura informazioak ezagutzeko interesa.

.Trebetasunak eta estrategiak.

-Atzerriko hizkuntzaren bidez komunikatzen saiatzea, huts egiteko beldurrik gabe.

-Hizkuntzarengatiko bereizkeriazko egoerez ohartzea eta halakoak gaitzetsi edo saihestea.

-Atzerriko hizkuntzan hitz egiten duen komunitatean eta norberaren komunitatean nagusi diren ohitura, usadio, jarrera, balio edo sinesmenen arteko alde nabarmenenak ikustea eta desberdintasun horiek identifikatzen jakitea.

-Atzerriko hizkuntzak eta ordezkatzen dituzten kulturak ezagutzeko gogoa eta jakin-mina agertzea.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza eta ikasketaren gaineko gogoeta.

1. Hizkuntzaren ezagutza.

-Eremu semantikoa zabaltzea, adierazpen idiomatikoen, sinonimoen, antonimoen, konnotazioen eta ikasleei interesatzen zaizkien eta curriculumeko beste irakasgai batzuekin zerikusia duten gai orokorrei buruzko lexikoaren bidez.

-Hitzak osatzea aurrizki, atzizki eta hitz elkarketen bitartez.

-Egitura gramatikal konplexuak eta zuzentasunez hitz egiteko behar diren funtzioak erabiltzea.

-Alfabeto fonetikoa erabiltzea, ahoskera hobetzeko.

-Jarrera eta sentimen desberdinak adierazteko erabili beharreko azentuazio, erritmo eta intonazio ereduak sortzea.

2. Hizkuntzaren egiturak eta funtzioak erabiltzea.

a) Fonetika:

-Frantsesaren azentua: hitzaren azentua, talde azentua (talde fonikoa), azpimarratze azentua. Gaztelaniarekiko aldea: azentu tonikoa eta azentu ortografikoa.

-Intonazioa. Oinarrizko ereduak: goranzkoa eta beheranzkoa. Norbere hizkuntzarekiko diferentzia. Intonazio enuntziatiboa, galderakoa, harridurazkoa, aginduzkoa.

-Fonema bokalikoak. Zenbait fonemaren arteko aurkakotasuna:

-./i/-/y/-/u/.

-Fonema bokaliko sudurkariak; bokal ahokarien eta dagozkien bokal sudurkarien arteko aurkakotasuna.

-Zein hots dagozkien e gaineko azentu grafikoari. Aurkakotasuna: / / - /e/. Fonema kontsonantikoak. Zenbait fonemaren arteko aurkakotasuna: ./s/-/z/; /v/-/b/; / /.

-Hitz amaierako kontsonanteak: ahoskatzen direnak eta ahoskatzen ez direnak.

-Berariazko zailtasunak dituzten fonemak eta gaztelaniarekiko edo ezagutzen diren beste hizkuntza batzuekiko diferenteak diren elementuak erabiltzea.

-Hitzen arteko lotura motak: enchaînement vocalique, enchaînement consonantique, liaison: nahitaezkoa, aukerakoa eta debekatua.

-E muet eta e instable: méd(e)cin, sam(e)di.

b) Lexikoa:

-Eremu semantikoa zabaltzea, adierazpen idiomatikoen, sinonimoen, antonimoen, konnotazioen eta ikasleei interesatzen zaizkien eta curriculumeko beste irakasgai batzuekin zerikusia duten gai orokorrei buruzko lexikoaren bidez.

-Hitzen eratorpena eta sorrera:

Hizkiak: aurrizkiak eta atzizkiak. Substantibo bati, adjektibo bati edo aditz baten erroari atzizkia eranstea, substantiboak, adjektiboak eta aditzak sortzeko (veinard, vieillot, arriviste).

Aurrizkiak (mi-temps, contre-façon, malhonnête). Gradu diferentzia (archi-, ultra-, super-, extra).

c) Hizkuntzaren funtzioak eta gramatika:

-Definitzea, deskribatzea, konparatzea. Datuak eta iritziak konparatu eta bereiztea. Arrazoitzea, justifikatzea, argudiatzea, ikuspuntu eta iritziak azaltzea:

Izenordain erlatibo konposatuak.

Aurkakotasuna: dont / duquel.

Aurrekari neutroa: ce dont, ce qui, ce que, ce à quoi, etab.

Modua perpaus erlatiboetan.

-Esperientziak eta ohiturak lehenaldian adieraztea. Horietan eta inguratzen gaituzten gauzetan izaten diren aldaketak adieraztea. Iraganeko gertaerak kontatzea:

Mise en relief.

Aditzen erabilera:

Burutugabea, pluskuanperfektua eta passé composé nola erabili.

Adberbioak. Erabilera, eraketa eta esaldian duten tokia.

-Planak denbora erreferentzia desberdinetan adieraztea. Hitzorduak egitea. Gertaerak iragarri eta iragarpenak egitea:

Geroaldiko denborak. Geroaldi bukatua nola erabili.

Denbora nola adierazi: menderakuntza; nola erabili tant que, pendant que, alors que, tandis que, jusqu'à ce que, dès que/ depuis que, à peine / au fur eta à mesure que.

Denborazko preposizio nagusiak eta beste adierazgailu kronologiko batzuk.

-Obligazioa eta obligazio eza, debekua, beharra, gaitasuna eta aukera adieraztea. Aieruak eta usteak, lehentasunak eta nahiak, eskaintzak eta iradokizunak adieraztea. Baimena edo aholkua eskatu edo ematea, eta adeitasunez eskaerak egitea:

Devoir + infinitif. Il faut que + subjuntiboa.

Il est indispensable / nécessaire / interdit / etab.

Agintera / infinitiboa erabiltzea.

-Aukera egiazkoak eta irrealak adieraztea eta hipotesiak eratzea:

Baldintzazko perpausak. Baldintzazko bakuna eta konposatua.

Nola adierazi baldintza, hipotesia, ustea: si, même si , sauf si/ quand bien même, au cas où/ pour peu que/ que ... ou que/ soit... soit.

Nola adierazi konparazioa.

-aussi, autant ... que. Plus de, moins de, autant de + izena

-de plus , de moins, de trop.

-meilleur, moindre, pire/, le meilleur, le moindre, le pire osagai dituzten esamoldeak.

-tel que, ainsi que, comme aurkakotasuna.

-d'autant que, d'autant plus (moins, mieux) que.

-Beste norbaitek esan, galdetu, agindu edo iradoki duena kontatzea:

Zuzeneko diskurtsoa eta zeharkakoa: zeharkako diskurtsoaren atariko aditzak.

Eraldaketak, zuzeneko estilotik zeharkako estilora pasatzean: izenordainak, denbora adierazgailuak, aditz denborak.

Zuzeneko galdera eta zeharkako galdera.

Denboren komunztadura zeharkako diskurtsoan. Nola erabili baldintzazkoa, lehenaldiko geroaldia adierazteko.

-Orainaldiko eta iraganeko ekintzei buruzko dedukzioak eta suposizioak egitea

iragandako ekintzak kritikatzea:

IDenbora adierazleak (toujours, tout à l'heure, en ce moment / à ce moment-là, pendant, pour, en, dans, il y a, depuis, il y a ... que, ça fait ... que, de ... à, depuis ... jusqu'à,.).

Mendeko perpausak indikatiboan: aldi berekoak eta ondorengoak (quand, lorsque, après que, pendant que, à mesure que).

Mendeko perpausak subjuntiboan: lehenagokoak (avant que, jusqu'à ce que, en attendant que). Denbora adierazteko beste modu batzuk: avant (de), après+nom / +infinitif passé, dès, jusqu'à, pendant, le gérondif.

-Ondorioa, emaitza, zergatia eta gehikuntza adieraztea. Xedea, kontrastea eta kontzesioa:

Eraikuntza konpletiboak: iritzia, deklarazioa, sentimenduak, iritziak, nahiak eta aginduak adierazten dituzten aditzak. Mendeko infinitiboak. Forma inpertsonalak.

Aurkakotasuna eta kontzesioa nola adierazi. Mendekoak subjuntiboan (bien que, quoique, à moins que). Mendekoak indikatiboarekin eta baldintzazkoarekin (alors que, tandis que, même si). Aurkakotasuna eta kontzesioa adierazteko beste modu batzuk: malgré, au lieu de, avoir beau+infinitif, mais, pourtant, cependant, par contre.

Baldintza eta hipotesia nola adierazi. Si ondorengo perpaus mendekoak. Si daukaten juntagailuak: même si, comme si. Mendekoak subjuntiboan (à condition que, pourvu que, en admettant que, en supposant que). Au cas où + baldintzazkoa. Baldintza eta hipotesia adierazteko beste modu batzuk: à condition de, à moins de, en cas de, sans, le gérondif.

Kausa nola adierazi. Mendekoak indikatiboan (parce que, puisque, comme, étant donné que). Kausa adierazteko beste modu batzuk: car, en effet, tellement, à cause de, grâce à, le gérondif.

Xedea nola adierazi. Mendekoak subjuntiboan (pour, afin que, de peur que). Xedea adierazteko beste modu batzuk: pour, afin de, de crainte de, de peur de, en vue de.

Ondorioa nola adierazi. Mendekoak indikatiboan (aditza+tant que/tellement que, si/tellement+adjektiboa edo adberbioa+que, tellement de/tant de+substantiboa+que, si bien que. Ondorioa adierazteko beste modu batzuk: assez / trop ...pour, donc, alors, c'est pourquoi, par conséquent, ainsi, comme ça, aussi.

3. Ikasketaren gaineko gogoeta.

-Hizkuntza erabiltzeko aldaerak ezagutzea: hizkera formalaren eta informalaren, ahozkoaren eta idatzizkoaren arteko aldeak.

-Ikasteko askotariko baliabideak, informatikoak, digitalak edo bibliografikoak, nork bere kabuz erabiltzea; esate baterako, hiztegi elebidunak eta elebakarrak edo kontsulta liburuak.

-Lexikoa eta hizkuntzaren egiturak berrikusi, zabaldu eta sendotzeko estrategiak erabiltzea.

-Egitura gramatikalen erabilera eta esanahia aztertzea eta norberaren hizkuntzarekin konparatu eta alderatzea.

-Nork bere burua zuzendu eta ebaluatzeko estrategiak erabiltzea, hizkuntza autonomiaz ikasteko.

-Ahozko eta idatzizko lanak hobetzeko erabilitako estrategien gaineko gogoeta.

4. Trebetasunak eta estrategiak.

-Bakarka eta taldean lan egiteko gauza izatea eta ikasteko estilo pertsonal eta eraginkorra garatzea, estrategia, jarduera eta material egokiak erabiliz eta denbora eginbeharren arabera banatuz.

-Norberaren jarduna eta ikaskideena aztertu, ebaluatu eta antolatzeko gauza izatea, elkarlanean arduraz aritzeko eta eskura dauden baliabideak aprobetxatzeko.

-Hizkuntza bat ikasteak alderdi asko dituela eta lexikoak, komunikaziorako trebetasunek eta egitura gramatikalek elkarrekin lotura estua dutela konturatzea.

-Betetzen diren prozedurez eta lortzen diren emaitzez (testuak, azalpenak, eztabaidetako ondorioak, eskemak) gogoeta egitea. Bakarka edo taldean egindako lanei buruz hausnartzea eta horiek hobetzeko estrategiak aplikatzea. Autoebaluazio prozesuak egitea.

-H1-ean irakurri edo idazteko erabiltzen diren prozedurak H2-ko antzeko lanetara transferitzea.

Ebaluazio irizpideak

1. eta 2. multzoak.-Entzun eta ulertu, hitz egin eta solasean aritu. Irakurri eta idatzi.

1. Ideia nagusia ulertzea eta xehetasun garrantzitsuak identifikatzea, aurrez aurreko komunikazio egoeretan edo komunikabideetan emandako ahozko mezuetan, gai ezagunei, eguneroko gaiei edo norberaren ikasketa eta interesekin zerikusia duten gai orokorrei buruz edo atzerriko hizkuntzari lotutako alderdiei buruz. Betiere mezuak argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanen dira eta diskurtsoaren garapena adierazgailu esplizituen bidez erraztuko da.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek gai zehatzei eta gai abstraktuagoei buruzko informazioa ulertu eta interpretatzeko, askotariko hiztunak emandako informazioa, hain zuzen ere, kontuan izanik erabilitako erregistroa, hiztunaren asmoa eta jarrera, besteak beste. Halaber, komunikabideek emandako ahozko testu luzeagoetan ideia nagusiak eta berariazkoak atzemateko gaitasuna ebaluatuko da. Betiere testu argiak izanen dira, hizkuntza estandarrean emanak, mezua argitasunez egituratua izanen da eta adierazgailu esplizituak erabiliko dira.

2. Jariotasunez eta ahoskera eta intonazio egokiez mintzatzea bat-bateko elkarrizketetan eta aldez aurretik prestatutako narrazio, argudiatze, eztabaida eta azalpenetan, behar diren komunikazio estrategiak eta egoerari dagokion diskurtso mota erabiliz.

Ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek aldez aurretik prestatutako gaietatik abiaturik ideiak argitasunez antolatu eta adierazteko, askotariko gai ezagunen gainean deskripzio eta aurkezpen argiak egiteko, benetako edo alegiazko gertaerak eta liburu edo filmetako argumentuak kontatzeko eta sentimendu eta erantzunak deskribatzeko. Interakzioan erantzun egokiak emateko gaitasuna ere baloratuko da, eta errespetuzko jarrera, eta diskurtsoari jarraipena ematen laguntzea, egoerari eta komunikazioaren xedeari dagokien erregistroarekin.

3. Nork bere kabuz ulertzea hainbat iturritatik ateratako idatzizko testuetan dagoen informazioa: gutunak, web orriak, egunkariak, aldizkariak, literatura eta zabalkunderako liburuak, eguneroko gaiei edo kulturari buruzkoak, edo ikasleen interesekin eta oraingo edo etorkizuneko ikasketekin zerikusia dutenak.

Informazio garrantzitsua ulertzeko, ideia nagusiak bigarren mailakoetatik bereizteko eta interes orokorreko edo zabalkundeko testu idatzietan dagoen informazioa (informazio hori modu kritikoan aztertu ahal izateko bezain zehatzak diren testuak erabiliz) identifikatzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Ikasleek lan bat egiteko behar diren estrategiak erabili beharko dituzte eta adiera inplizituak, jarrerak eta ikuspuntuak atzeman. Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da, gainera, ea ikasleek beren kabuz erabiltzen dituzten baliabide digital, informatiko eta bibliografikoak, informazioak, bilatu, alderatu eta erkatzeko eta ulermen arazoak konpontzeko.

4. Testu argi eta zehatzak idaztea xede desberdinetarako, zuzentasun formal, barne batasun eta erregistro egokiekin, testua planifikatu eta berrikustearen garrantzia baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek argi antolaturiko testuak idazten dituzten, perpausak sekuentzia linealetan ongi josiz; ea testuak planifikatu eta berrikusteaz arduratzen diren, hurrenez hurreneko bertsioak eginez azken bertsioa osatzeraino, arau ortografiko eta tipografikoak betez. Halaber, ebaluatuko da ea behin betiko testuetan islatzen ote den behar adinako autonomiaz planifikatu eta idatzi direla, kontsulta material egokiaren laguntzaz, eta ea hainbat iturritatik ateratako informazioa laburtzen eta ebaluatzen den, betiere gai ezagunei buruzkoa.

3. multzoa.-Alderdi soziokulturalak eta kultura arteko kontzientzia.

5. Egiazko agirietan, paperezko euskarrian, euskarri digitalean edo ikus-entzunezkoan, ikasten ari den hizkuntza hitz egiten duten herrialdeen ezaugarri geografiko, historiko, artistiko, literario eta sozial garrantzitsuenak aztertzea, eta ezagutzan sakontzea, ikasleek ezagutzen dituzten hizkuntza eta kulturen bidez aberastutako ikuspuntutik.

Irizpide honen bitartez, atzerriko hizkuntza duten eskualdeetako kulturari buruzko ezagutzak ebaluatuko dira, eta ezaugarri horiek berezkoak dituzten zenbait ezaugarri identifikatu eta aztertzeko gaitasuna ere bai. Ikasleek gizarte eta kulturen askotarikotasunaz jabetu behar dute, eta bereizi egin behar dituzte hizkuntza komunitate bereko taldeak eta kultura desberdinetako kideak.

4. multzoa.-Hizkuntzaren ezagutza. Hizkuntzaren ikasketaren gaineko gogoeta.

6. Lortutako ezagutza linguistiko, soziolinguistiko, estrategiko eta diskurtsiboak ohartuki erabiltzea, eta nork bere burua ebaluatu eta zuzenketako mekanismoak zorrotz aplikatzea, ikaskuntzan autonomia indartzeko.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek ba ote dakiten erabiltzen heldutasun sintaktikorik handiena adierazten duten egitura gramatikalak, ikasitako arauen eraginkortasuna baloratzen ote duten indukzio eta dedukzio prozesuetatik abiaturik, eta ea gai diren horiek aldatzeko, beharrezkoa denean. Hauek ere baloratuko dira: lexikorik espezializatuena zabaltzea, ezaugarri fonologikoak hobetzea, ortografia, eta komunikazioa errazten duten komunikazio-gaitasunaren osagaiei buruzko azterketa eta hausnarketa. Gainera, ebaluatuko da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek beren ikasketa prozesua baloratzeko eta beren lanak nahiz ikaskideenak zuzentzeko, hala ahozkoak nola idatziak.

7. Ikasteko eskuratutako estrategiak eta hizkuntzarako trebetasunak ebaluatu eta identifikatzeko bitarteko guztiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak barne, identifikatzea, adibideak ematea eta estrategia horiek bat-batean eta modu autonomoan erabiltzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea ikasleek gaitasunik ba ote duten estrategiak eta trebetasunak egoera berriei aplikatzeko eta ikaskuntza prozesuaz hausnartzeko, ikaskuntzan norberak betetzen dituen eginkizunak baloratuz: erabakiak hartzea, behatzea, hipotesiak sortu eta doitzea, eta aurrerapenak ebaluatzea ahalik eta autonomiarik handienaz. Halaber, ebaluatu nahi da ea gai diren informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeko nazioarteko komunikaziorako eta ikaskuntza autonomorako tresna moduan, eta gelan nahiz gelatik kanpo ikasteko aukerez baliatzen diren. Ikasleek, gainera, identifikatu behar dute atzerriko hizkuntzaz egiten dakitena, hau da, hizkuntzarako dituzten trebetasunak, beren buruarenganako konfiantza sendotzeko.

ARTE MODALITATEA

MUSIKA ANALISIA I ETA II

Musika analisia II egiteko Musika analisia I-eko ezagutzak behar dira.

Musika analisia musikaren irakaskuntzan ageri da horren hastapenetatik. Izan ere, musika lanen eta horien pasarteen azterketa eta entzute arretatsua direla medio, Musika analisiak ikasleei hizkuntza musikalaren ezaugarriak erakusten dizkie. Bere arau bereziak dituen arren, hizkuntza horrek antzekotasun handiak ditu ahozko eta idatzizko hizkuntzarekin, elementurik txikienetatik hasi eta diskurtso osoraino. Batxilergoa garai egokia da musika lanak eta horien ezaugarriak sakonago aztertzeko, behin musikaren oinarrizko elementu eta prozedurak ezaguturik.

Analisiaren izaerak berak, orokortzeko duen joera nabarmenak, aurreko hezkuntza etapetan musikari buruz ikasitako guztiak soinu hutsarekin lotzen ditu, eta gainera musika lanen ikuskera bat eskaintzen du bai entzulearen ikuspuntutik eta bai musika, haren sorrera eta haren emaitzako soinuak eta pertzepzioak sakonago ezagutu nahi dituen ikastunaren ikuspuntutik ere. Analisiaren ikaskuntzaren xedea musika bera ulertzea da, hots, musika lana bere horretan: ezagutu eta bereiztea erabilitako hizkuntzaren antolaketa (elementuak eta prozedurak) eta lan hori inguru historiko batean kokatzeko kontuan hartu behar diren soinu-ezaugarriak (harmonia, melodia, erritmoa, tinbreak, kadentziak, forma, etab.). Horren guztiaren bidez lortu nahi da ikasleek musikaz sakonago gozatzen eta musika lanen aurrean jarrera kritikoa izaten lagunduko dieten tresnak eta ezagutzak eskuratu ditzaten; horretarako, kalitate musikalaren seinale diren ezaugarriak ikasi behar dituzte.

Musika analisiaren zati garrantzitsu bat forma musikalaren ikasketa da: musikagileek historian zehar erabili izan dituzten egitura desberdinak, maiz ereduzko formak edo forma historikoak sorrarazi dituztenak. Hona hemen analisiaren alderdi garrantzitsuenetako bat: ulertzea forma musikalaren osagaiak, haien bilakaera, eta historian zehar musikagileak nola saiatu diren obren egiturak entzuleekiko komunikazioa erraztu dezan.

Irakasgai honek musika eta gainerako arte guztiak ulertu eta gozatzeko funtsezkoak diren trebezia eta gaitasunak garatzen ditu: hobetu egiten ditu barne belarria, arreta, kontzentrazioa, oroimena, jakin-mina eta erlazionatu eta ezagutzeko grina, eta, hitz batean, musikaren ezagutza sakonaren iturri da, musika egiteko prozedurak eta egileen sorkuntza prozesuak zuzenean ezagutarazten dituelako.

Nahiz eta Musika analisiari oso modu desberdinetan eta oso ikuspegi desberdinetatik ekiten ahal zaion, eta posible izan arren obra batean parametro musikal bakoitza aparte aztertzea eta horrela analisi erritmikoa, harmonikoa, melodikoa, formala, testurarena eta abarrekoak egitea, hobe da, analisi partzial horiek erabiliz, Analisiak kontuan har ditzala azter daitezkeen elementu guztiak eta, horiek arretaz behatu ondoren, elkarrekin lotu eta obrak nolako soinua izan behar duen, eta zergatik, uler dezagun; egileak zein prozedura erabili dituen eta zer sentiarazten digun entzule gisa; nondik nora jotzen duen musikak une bakoitzean; zer nolako "jokoa" ezartzen duen egileak entzulearekin eta joko hori nola birsortu behar duen interpreteak.

Partitura gidoi bat da, askotan akastuna, musikagileak nahi duen guztia paperean jasotzea ezinezkoa delako; interpretatu behar den gidoi bat. Eta interpretaziorik gabe ez dago musika lanik, soinu bihurtu eta entzulearengana iristen denean azaltzen delako musika lana. Horregatik guztiagatik, hezkuntzako etapa honetan irakasgaiaren ikaskuntzaren oinarri nagusia entzutea izanen da, eta ez hainbeste partiturekin lan egitea, aukera hori baztertu behar ez bada ere. Garrantzitsuena ez da partituran ageri dena, entzuleak entzuten duena baizik. Belarriarekin ikustea eta begiarekin entzutea -metaforikoki esanda- musikarien xedeetako bat da: partitura ikusita nolako soinua duen jakitea, eta obra entzunda nola egin duten jakitea eta are hura transkribatzeko gai izatea. Batxilergoan Musika analisia irakasgaiari ematen zaion ikuspegiaren helburua musika lanen soinuaren pertzepzioan sakontzea da, eta, nahi izanez gero, partituran nola islatzen den ikustea.

Irakasgaiaren antolaketan, lehenbiziko kurtsoa orokorragoa da eta gutxieneko prestakuntza ematen du musika entzun ahal izateko irizpide sendoekin, hura sakonean ulertzeko behar diren tresnak erabiliz. Bigarren kurtsoan sakonago aztertzen dira formak eta estilo bakoitzaren ezaugarriak. Mendebaldeko musikaren tradizioa jorratzen da gehienbat, eta herri musikaren, jazzaren eta hiri giroko beste musika batzuen erreferentziak gaineratzen dira, bai eta mendebaldekoak ez diren kulturetako musikaren aipamenak ere, mendebaldeko musikari ekarpen handia egin diotelako, bereziki XX. mendetik aurrera, berez interesgarriak direlako eta kulturen aniztasuna gizarteko errealitate gero eta nabarmenagoa delako.

Helburuak

Batxilergoan Musika analisiaren irakaskuntzaren bidez gaitasun hauek garatuko dira:

1. Musika lan bat osatzen duten elementuak eta prozedurak atzematea musika lan hori entzunda, bai ohiko bitartekoak eta bai teknologiak erabiliz, eta barnean dituen baliabide eta funtsezko ezaugarrien aniztasuna hautematea.

2. Diskurtso musikalaren antolaketa ulertzea eta haren egitura ahalbidetzen duten elementu eta prozedurak aztertzea: zatiak, atalak, materialak, testurak, harmonia, melodia, erritmoa, tentsioaren goranzko eta beheranzko prozesuak, puntu gorenak, kadentziak, etab.

3. Forma musikal historiko nagusiak edo ereduzko formak eta haien bilakaera ezagutzea, elkarrekin lotzea, eta beste hizkuntza guztiek bezala hizkuntza musikalak ere denboran zehar aldatzen diren arauak dituela ulertzea, eta musikak eragin desberdinak jasotzen dituela, aldarazten dutenak.

4. Musika estilo nagusien ezaugarriak ezagutzea: harmonia, melodia, testura, erritmoa, instrumentazioa, ornamentazioa, etab., eta gai izatea ezaugarri horietakoren bat antzemateko aro edo estilo desberdinetako obretan, iraganaren oroitzapen gisa.

5. Musikaren eta testuaren arteko lotura ulertzea ahotsetarako edo ahots eta instrumentuetarako obretan, historiako garai desberdinetan.

6. Lexiko eta terminologia egokiak ikastea ahoz eta idatziz adierazi eta deskribatu ahal izateko musika lan eta estiloen ikasketari lotutako analisi prozesuak, bai eta musika prozesuak ere, musikaren osagai objektiboa ez ezik subjektiboa ere kontuan hartuz, hau da, entzuleak aditzen duena.

7. Beste kultura batzuetako musikak, horien ezaugarriak, eragiten dituzten sentipenak eta beren inguru historiko eta sozialean betetzen duten eginkizuna ezagutzea, haiek aintzat hartzen ikastea eta mendebaldeko musikan historian zehar izan duten eragina ulertzea.

8. Sen kritikoa erabiltzea aro, estilo eta genero desberdinetako obren kalitatea baloratzeko, osagaien eta eraikuntza prozeduren pertzepzioan oinarrituta, irizpidea izatea eta nork bere argudio eta iritziak termino zehatzez adieraztea.

9. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, musikaren ezagutzan sakontzeko, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei ahoz eta idatziz adieraztea, modu antolatu eta ulergarrian.

MUSIKA ANALISIA I

Edukiak

1. Analisiaren elementuak ikasten hastea.

-Musika lan baten egituran esku hartzen duten elementuak hautematea (melodia, harmonia, erritmoa, tinbrea eta testura), ahots eta instrumentu talde desberdinetan.

-Literatura musikaleko aro, estilo, genero eta kultura desberdinetako lanen soinu-ezaugarriak ulertzea.

-Entzundako musika lanen kritikak idatzi eta irakurtzea, arreta berezia jarriz musika lanak eragindako sentipenei, eta informazio iturri desberdinak erabiliz.

-Musika grabatuaren eta zuzenekoaren bizipenak bereiztea: sentipenen desberdintasuna, interpretearen eta entzuleen arteko eragina, etab., musika emanaldi eta jardueretan.

-Musika emanaldietan musika entzuteko eta gainerako entzuleak errespetatzeko ohitura onak finkatzea.

2. Forma musikala.

-Forma musikala eta haren pertzepzioa. Musikaren egituraren antolaketa ulertzea, eta hura grafikoki irudikatzeko modu desberdinak erabiltzea musika lan batek izan ditzakeen zatiak, atalak eta azpiatalak eskematikoki islatzeko.

-Eskala desberdinetako forma musikala (makroforma, mesoforma eta mikroforma) eta maila desberdinetako haren aplikazioa aztertzea.

-Forma sortzen duten prozedurak (errepika, kontrastea, materialen lanketa, barne batasuna, etab.) eta beste alderdi formal batzuk (tentsioa eta distentsioa, puntu gorenak, oreka, atalen arteko lotura, etab.).

-Musika testuduna. Hitzaren eta musikaren arteko lotura: haren tratamendu desberdinak.

3. Forma historikoak.

-Musika eratzeko printzipioak (morfologia eta sintaxia), musika lanari berezitasuna ematen diotenak eta soinu-parametro desberdinen arteko hierarkia ezartzen dutenak.

-Ereduzko forma nagusiak aztertzea, Erdi Aroko musikatik gaur arte.

Ebaluazio irizpideak

1. Musika lan bat entzunda, haren formari antzematea eta ereduzko forma bati jarraitzen dion ala ez asmatzea, eta hura termino zehatzez azaltzen jakitea, partiturarekin edo partiturarik gabe.

Irizpide honen bidez, musika lan bat nola dagoen eratuta ulertzeko gaitasuna ebaluatu nahi da, bai eta egituraren eta erabilitako elementu eta prozeduren arteko lotura ulertzeko gaitasuna ere. Halaber, ebaluatuko da ea ulertzen den ereduzko forma edo forma historikoa zer den, hizkuntza zehatz eta egokia erabiliz.

2. Obra bat entzutean ahotsa edo/eta instrumentuak bereiztea.

Irizpide honen bidez ebaluatu ahal izanen da ikasleek instrumentu eta ahotsen tinbreak bereizteko duten gaitasuna, haien arteko konbinazioa edozein dela ere.

3. Entzundako obra edo pasartearen testurari antzematea eta haren ezaugarriak argi eta labur azaltzea, partitura erabiliz edo partiturarik gabe.

Irizpide honek bide emanen digu musikaren pertzepzio maila, soinu-plano desberdinen entzutea eta terminologia egokiaren ezagutza baloratzeko.

4. Tentsio eta distentsio prozesuak identifikatzea, bai eta puntu gorena ere, aurrez entzundako musika lan batean, eta erabilitako prozedurak zehaztea.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleak gai diren musikagileak erabilitako tentsio/distentsio prozedurei antzemateko eta, nahi bada, partituran horiek identifikatzeko.

5. Ezaugarri edo estilo desberdinetako obrak entzun eta haien arteko desberdintasunak edo/eta loturak ezagutzea, ondoren partitura erabiliz, nahi bada.

Irizpide honen bidez baloratu ahal izanen da ea ikasleak gai diren musika lanen ezaugarriak eta horien arteko desberdintasunak bereizteko, hala nola egitura, ezaugarri harmonikoak, erritmikoak, tinbrikoak, etab., eta zein garai edo estilotakoak diren asmatzeko. Desberdinak izan arren antzeko emaitzak dituzten obren arteko parekotasunak ezartzeko gaitasuna ere baloratuko da.

6. Kontzertu edo entzunaldi baten kritika edo iruzkina egitea, eta ikasgelan entzun eta landutakoa nork bere ekarpenekin eta ikasleek berek bilatutako dokumentazioarekin osatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu ahal izanen da ea musika lana ulertzen duten, ikasitakoa bereganatu duten eta gai diren informazio egokia bilatzeko eta azalpen oinarritua, arrazoitua eta sentitua garatzeko.

7. Musikaren eta testuaren arteko lotura ahoz edo idatziz iruzkintzea, garai eta estilo desberdinetako obretan.

Ebaluazio irizpide honen bidez, musikagileak testua nola landu duen ulertzeko gaitasuna baloratu ahal izanen da: deskribatzailea izan den, aitzakia hutsa den, abiaburuko olerki edo testuak forma erabakitzen duen, puntu gorena hitz bereziekin batera datorren, etab.

MUSIKA ANALISIA II

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Musika emanaldietan musika entzuteko eta gainerako entzuleak errespetatzeko ohitura onak hartzea.

-Entzuten diren musika lanek eragindako zirrarak zehaztasunez azaltzea eta haien eraikuntza-ezaugarriak baloratzea.

-Musika lanen estiloa aztertzeko eta testuinguruan jartzeko lanak egitea bakarka edo taldean.

2. Erdi Aroko musika.

-Kantu gregorianoa eta beste liturgia kantu batzuk, musika profanoa, polifonia, Ars Antiqua eta Ars Nova: soinu eta estilo ezaugarrien, formen eta generoen azterketa analitikoa.

3. Pizkundea.

-Soinu eta estilo ezaugarrien (ahots eta instrumentu taldeak, sonoritate bertikalak, kadentziak, ornamentuak...) formen, eskolen eta generoen azterketa analitikoa.

4. Barrokoa.

-Ahotsetarako eta instrumentuetarako musikaren soinu eta estilo ezaugarrien (akordeak, prozedura harmonikoak, kadentziak, ornamentazioa, sonoritateak ...), formen eta generoen azterketa analitikoa.

5. Estilo galaia eta klasizismoa.

-Garai horietako musikaren soinu eta estilo ezaugarrien (akordeak, prozedura harmonikoak, kadentziak, ornamentuak ...), formen eta generoen azterketa analitikoa. Estilo galaia edo rococo estiloa: klasizismorako trantsizioa. Klasizismo vienarra.

6. Erromantizismoa.

-Musika erromantikoaren soinu eta estilo ezaugarrien (akordeak, prozedura harmonikoak, kadentziak, ornamentazioa, sonoritateak ...), formen eta generoen azterketa analitikoa. Nazionalismoen sorrera.

7. Posterromantizismoa eta nazionalismoak.

-Musika posterromantikoaren soinu eta estilo ezaugarrien (akordeak, prozedura harmonikoak, kadentziak, modalismoaren berpiztea, sonoritateak...), formen eta generoen azterketa analitikoa. Eskola nazionalen garapena. Tinbrikaren erabilera eta orkestraren tratamendua.

8. Inpresionismoa.

-Musika inpresionistaren soinu eta estilo ezaugarrien (akordeak, prozedura harmonikoak, kadentziak, modalismoaren erabilera berria, sonoritateak...), formen eta generoen azterketa analitikoa. Musikagile nagusiak eta haien konposizio teknikak. Beste kultura batzuetako musikaren eragina.

9. XX. mendeko musika.

-XX. mendeko musikaren soinu eta estilo ezaugarrien (prozedura harmonikoak, kadentziak, sonoritateak...), formen eta generoen azterketa analitikoa. Mugimendu nagusiak eta musikagile garrantzitsuenak.

10. Musika elektroakustikoa.

-Musika elektroakustikoa aztertzea: sorrera eta bilakaera. Instrumentu berriak musika berrirako: sintetizadoreak, ordenagailua, etab. Musika elektroniko hutsa eta musika mistoa.

11. Jazza. Hiri musika: pop-a, rock-a, etab. Flamenkoa.

-Sorrera eta bilakaera. Musika analisia eta soziologikoa.

12. Mendebaldekoak ez diren musikak.

-Beste kultura batzuetako musika tradizionalera hurbiltzea.

Ebaluazio irizpideak

1. Musika lan baten forma ezagutzea (eskala handian, eskala ertainean eta eskala txikian), hura entzunda, eta termino zehatzez azaltzen jakitea.

Irizpide honen bidez, musika lan bat nola dagoen eratuta ulertzeko ikasleek duten gaitasuna ebaluatu nahi da, eta egituraren eta erabilitako elementu eta prozeduren arteko lotura ulertzeko gai ote diren, hizkuntza zehatz eta egokia erabiliz.

2. Musika lan bat entzunda haren estiloa eta ezaugarri tinbrikoak, melodikoak, harmonikoak eta abarrekoak ezagutzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu ahal izanen da ea ikasleak gai diren estilo desberdinak ezagutzeko eta bakoitzak berea duena bereizteko, ikuspuntu desberdinetatik (forma, harmonia, melodia, erritmoa ...).

3. Obra baten egileak forma sortzeko erabili dituen prozedura nagusiak belarriz identifikatzea.

Irizpide honen bidez baloratu ahal izanen da ea ikasleek antzematen dieten musikagileak obraren egitura antolatzeko erabili dituen prozedurei.

4. Ezaugarri edo estilo desberdinetako obrak entzun eta haien arteko desberdintasun edo/eta loturak ezagutzea.

Irizpide honen bidez baloratu ahal izanen da ea ikasleak gai diren musika estilo desberdinen ezaugarriak eta haien arteko aldeak bereizteko, eta, halaber, desberdinak izan arren emaitza berdintsuak dituzten obren arteko parekotasunak ezartzeko.

5. Kontzertu edo entzunaldi baten kritika egitea, eta ikasgelan entzun eta landutakoa nork bere ekarpenekin eta ikasleek berek bilatutako dokumentazioarekin osatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu ahal izanen da ea musika lana ulertzen duten, ikasitakoa bereganatu duten eta gai diren informazio egokia bilatzeko eta azalpen oinarritua, arrazoitua eta sentitua garatzeko.

6. Musikaren eta testuaren arteko lotura ahoz edo idatziz iruzkintzea, garai eta estilo desberdinetako obretan.

Ebaluazio irizpide honen bidez, musikagileak testua nola landu duen ulertzeko gaitasuna baloratu ahal izanen da: deskribatzailea izan den, aitzakia hutsa den, abiaburuko olerki edo testuak forma erabakitzen duen, puntu gorena hitz bereziekin batera datorren, etab.

7. Ikasitako estiloetako bateko musika lan bat entzun ondoren hura iruzkintzea, terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez baloratu ahal izanen da ea ikasleak jabetu diren ikasi dituzten aroetako estilo ezaugarriez eta aztertutako obraren alderdi funtsezko eta bereizgarriak zehazteko gai diren.

8. Mendebaldeko egileen musika lanetan beste kultura batzuetako musikaren eraginari antzematea.

Irizpide honen bidez zehaztu ahal izanen da ea ikasleek beste kultura batzuetako musikaren soinu ezaugarri bereziak hautematen dituzten, edozein dela ere lantzen den obraren estiloa.

Anatomia aplikatua

Gizakiarentzat gorputza bere ekintzak gauzatzeko eta bere emozioak adierazteko tresna da. Artistarentzat giza gorputza lan tresna eta adierazpidea ere bada, eta hori agerikoa da arte eszenikoetan (dantza, musika eta arte dramatikoa). Artistak ulertu behar ditu bere lan tresnaren egitura eta funtzioak, izaki bizidun gisa betetzen dituen lege biologikoak, eta nola bere gaitasun fisikoak lege horien arabera erabiltzen baditu errendimendu artistikorik onena lortuko duen min hartzeko edo gaixotzeko arriskurik txikienarekin.

Anatomia aplikatuan sistematizatu egiten dira gizakiari buruzko ezagutza zientifikoak, gizakia izaki biologikoa den aldetik, ikuspegi orokorretik eta ikuspegi partikularretik, zeinean gorputzaren egiturak gorputzean oinarritutako arte sorkuntzaren zerbitzurako lan egiten jartzen diren berariaz.

Anatomia deskribatzailea, anatomia funtzionala, fisiologia, biomekanika eta patologia: arlo horietatik datoz irakasgai hau osatzen duten ezagutzak, eta loturik daude arte eszeniko bakoitzaren berezitasun eta eskakizunekin; hori guztia, ikuspuntu biologiko orokorretik giza gorputza hobeki ulertzeko, arte eszeniko guztietan errendimendu fisikoa eta artistikoa areagotzeko, eta, halaber, zenbait prozesu patologikori aurrea hartzeko.

Giza gorputza arte adierazpenerako tresna gisa ezagutzeko, oinarritzat hartzen dira haren ehunen antolaketa eta energia ekoizteko sistemak, horiek ezinbestekoak baitira bai biziari eusteko eta bai mugimendua sortzeko. Oinarri horri kontzeptu anatomiko eta fisiologikoak gaineratzen zaizkio, kontuan izanik organo, aparatu eta sistema guztien egiturak zuzeneko lotura duela haien egitekoarekin. Aztergai diren sistema edo aparatuetako batzuek ageriko lotura dute artistak egin behar duen jarduerarekin (entzumena, fonazio aparatua, bihotz-hodien sistema, arnas aparatua, hezur eta muskulu sistema eta nerbio sistema); beste kasu batzuetan, hala nola ugaltze aparatuaren edo nutrizioaren kasuan, lagundu egiten dute, zalantzarik gabe, pertsonaren garapenean eta heltze prozesuan eraginez. Beste alde batetik, mota guztietako arte eszenikoetan, gutxi-asko, mugimendua dago, eta horregatik beharrezkoa da mugimendua nola sortzen den jakitea, bai eta nola moldatzen den giza gorputza mekanika newtondarraren legeetara.

Irakasgai honi ikuspegi teorikotik ez ezik ikuspegi praktikotik ere heldu behar zaio, eta ikasleei jakin-mina eragin behar zaie, ingurunearekin harremanak dituen izaki bizidun gisa beren gorputzak nola diharduen jabe daitezen. Halaber, giza gorputzari buruzko ezagutza orokorrak behar dituzte, buruak eta gorputzak batera arte prozesua sortzen eta gauzatzen dutela eta aldi berean sorkuntza prozesuaren xede direla uler dezaten.

Ez dira artearen arloko ezagutzak soilik eskaini behar, aitzitik, ezagutzek bitartekoak izan behar dute, haiek ulertu eta gizartean aplikatu ahal izan daitezen. Gizartea, horrela, arte hauek eskaintzen dizkioten onura fisiko eta psikikoez gozatu ahal izanen da. Bestalde, irakasgai honek eskaintzen dituen ezagutzak eta ikasleek garatzen dituzten trebetasunak direla medio, ikasleek beren gaitasun artistikoak hobetu behar dituzte eta, gainera, ingurunearekin harreman etengabea eta ulerkorra izan behar dute. Ingurunea, izatez, artearen mundua baino askoz zabalagoa da, eta gaur egun, gainera, izugarri aldakorra. Eskaintzen diren ezagutzek bide eman behar dute ikasleek uler dezaten nola jasotzen eta prozesatzen dituzten estimuluak, beren arte adierazpena sortzera eramanen dituztenak, baina, horrez gain, gaitasuna eman behar diete gizartearekin harremanak izateko beste edozein herritarrek bezala, bizitzaren beste alderdi batzuetara iritsiz, beren hiztegia eta jakintza artearen arlora mugatu gabe.

Helburuak

Batxilergoan Anatomia aplikatuko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Gorputza ulertzea biologiaren legeei jarraitzen dien makro-egitura global gisa, zeinaren aparatu eta sistemek xede bererako lan egiten duten, eta ikusmolde hori baloratzea, osasun egoera onari eusteko eta errendimendu fisiko eta artistikorik onena lortzeko bidea den aldetik.

2. Gorputza adierazpide duten arte jardueren eskakizun anatomiko eta funtzional bereziak ezagutzea.

3. Lotura arrazoituak ezartzea, gorputza oinarri duten arte adierazpenetan esku hartzen duten egitura anatomikoen morfologia, haien funtzionamendua eta arte jardueran bete behar duten azken xedea lotuz, eta anatomia eta fisiologiako ezagutzak sakontzea.

4. Zentzuz bereiztea anatomiaren eta fisiologiaren aldetik onargarria den eta osasunari kalte egiten ez dion lan fisikoa eta gorputzaren erabilera okerra, errendimendu fisiko eta artistikoa murrizten duena eta gaixotasun edo lesioak eragiten dituena.

5. Zehaztasunez erabiltzea anatomian, fisiologian, nutrizioan, biomekanikan eta patologian erabiltzen den oinarrizko terminologia, ahoz eta idatziz ongi moldatzeko eta arte eszenikoen esparruan gai horiei buruzko testuak eta informazioa eskuratu ahal izateko.

6. Ikasitakoak nork bere kasa erabiltzea problema praktiko errazak ebazteko, anatomia funtzionaleko problemak nahiz subjektuaren edo haren ingurukoen arte jarduerari buruzkoak.

7. Arte eszenikoetan aritzearen alderdi osasungarriak eta jarduera horrek gorputzean eta buruan duen eragin onuragarria ezagutzea.

8. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Giza sistema eta aparatuen antolaketa: ehunak.

-Ehun konektiboa, haren funtzioa eta lokomozio aparatuko ehun konektibo mota desberdinak.

-Muskulu ehuna, muskulu mota bakoitzaren eginkizuna.

-Nola moldatzen diren ehunak ariketaren baldintzetara eta arte jardueretako eskakizun fisikoetara.

2. Metabolismoari buruzko sarrera.

-Metabolismo aerobikoa eta anaerobikoa: ibilbide metaboliko nagusiak, entzimen lana eta ATP ekoizpena.

-Ariketa fisikoaren ezaugarrien (iraupena eta intentsitatea) eta ibilbide metaboliko nagusien arteko erlazioa.

3. Bihotz-hodien sistema.

-Bihotz-hodien sistema, nola diharduen eta nola moldatzen den intentsitate desberdinetako ariketetara.

-Bihotz-hodiak egokitzeko printzipioak, lan fisikoa behar duten arte jardueretan errendimendua hobetzeko.

-Bihotz-hodien osasunaren parametroak, ohitura osasungarrien azterketa.

-Arnas aparatua, nola diharduen eta nola moldatzen den ariketa fisikora.

-Arnas mugimenduak. Arnasketa gorputzaren mugimenduarekin koordinatzea.

-Fonazio aparatua. Soinu mota desberdinak ateratzea ahots korden bidez. Fonazioa arnasketarekin koordinatzea.

-Deklamazioan eta kantuan nola erabili arnas sistema, fonazio aparatua barne. Ahotsa gaizki erabiltzeak eragindako disfonia funtzionalak.

-Ohiturak aztertzea, fonazio sistemarako eta arnas aparaturako osasungarriak direnak bereizteko.

4. Digestio eta nutrizio sistema.

-Digestio sistema, nola moldatzen den ariketa fisikora.

-Elikagai energetikoak eta ez-energetikoak; haien funtzioa osasunari eusteko.

-Hidratazioa. Osasunari eusteko egunean zenbat ur hartu behar den kalkulatzea, egoera desberdinetan.

-Dieta orekatuaren kontzeptua sedentarioentzat eta ariketa fisikoa egiten dutenentzat. Ingestaren eta energia gastuaren arteko egokitzapena.

-Nutrizio portaeraren arazoak: dieta murriztuak, anorexia-bulimia eta obesitatea. Arazo mota bakoitza eragiten duten egungo gizarte-faktoreak bilatzea, norberaren lan artistikotik sortuak barne.

5. Ugaltze eta gonada sistema.

-Emakumeen eta gizonen ugaltze sistemak. Sexu hormonak eta hezur-muskuluen osasunari eusteko betetzen duten eginkizuna.

-Emakumeen ziklo menstruala. Malnutrizioarekin zerikusia duten arazoak.

-Funtzio hormonal normalari eusteak artistaren errendimendu fisikorako duen garrantzia.

6. Mugimendua eragitea.

-Mugimendua eragitean hezurrek, giltzadurek eta muskuluek betetzen dituzten eginkizunak bereiztea.

-Arte eszenikoetako mugimendu nagusietan esku hartzen duten hezur, giltzadura eta muskulu nagusiak ezagutzea.

-Muskulua, mugimendua eragiten duen organo gisa. Muskuluen uzkurduraren fisiologia.

-Mugimenduaren sorrera. Sentimen-hartzaileen eta zentzumen organoen lana. Nerbio sistema zentrala, mugimendu bidezko erantzunaren antolatzailea.

-Mugimenduaren kalitatea hobetzeko eta osasunari eusteko gaitasun fisikoak lantzea: malgutasun eta elastikotasuna, indarra eta koordinazioa.

-Aurretiazko berotzea: errendimendua hobetzeko eta lesioei aurrea hartzeko betetzen duen eginkizuna. Arte jarduera bakoitzari egokitzea.

7. Lokomozio aparatuaren anatomia funtzionala eta biomekanika.

-Biomekanika: mekanika newtondarra eta haren aplikazioa gizakiaren lokomozio aparatuan. Zinetika eta zinematika, ariketa fisikoa egiten ari den giza gorputzaren mugimenduari aplikatuta.

-Biomekanikan erabiltzen diren azterketa sistemak. Errendimendua eta ongizate fisikoa hobetzeko aplikazioa.

-Gorputzaren jarrera egokia eta ezegokia. Gorputzaren jarrera, osasun edo gaixotasun iturri: keinuen errepikapenak eta jarrera okerrek nola eragiten dituzten lesioak arte adierazpen desberdinetan.

8. Informazioa eskuratu eta erabiltzea.

-Egungo ikerketa biomedikoak, anatomia, fisiologia, nutrizio eta biomekanika arloekin zerikusia dutenak, arte eszeniko desberdinei aplikaturik: azterketa arrazoitua eta balorazioa. Informazioa bilatzeko autonomia gero eta handiagoa.

Ebaluazio irizpideak

1. Hitz, marrazki edo ereduen bidez deskribatzea lokomozio aparatuaren osagai desberdinak nola dauden ehunetan antolatuta.

Egiaztatu behar da ea ikasleek lortu duten hezur eta muskulu sistemako ehun mota guztien egitura makroskopikoa ehunek mugimenduan duten eginkizunarekin lotzea, eta ea ulertzen duten hezur eta muskulu sistema moldakorra eta plastikoa dela, etengabe moldatzen ari baita bere atalen gainean diharduten indarren eraginpean.

2. Arte eszenikoak sailkatzea, zirkulazio eta arnas aparatuek egin beharreko lanaren arabera eta behar diren gaitasun fisikoen arabera (malgutasun-elastikotasuna, indarra eta koordinazioa).

Jakin nahi da ea ikasleek bereganatu dituzten lan fisikoaren ezaugarri diren alderdi guztiak, eta alderdi horiek identifikatzen dituzten arte eszenikoetako (dantza, musika eta antzerkia) bakoitzari dagokionez. Hala izanez gero, ikasleek gaitasuna izanen dute arte jarduera horietako bakoitza identifikatzeko anatomia funtzionalaren ikuspegitik, eta ariketa osasungarria lortzeko landu behar diren oinarrizko eskakizunak ezagutuko dituzte.

3. Arte eszenikoetako edozeini buruz aritzean, modu arrazoituan azaltzea ariketa fisikoa eta artistikoa hobetuko duen ohitura edo portaeraren bat, edo ohiko ariketaren ondorioz sor daitezkeen arazo patologikoei aurrea hartzeko beharrezkoa dena.

Ebaluazio irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten arte eszeniko batean ohituraz jarduteak dakartzan arriskuak eta arte eszeniko bakoitzean indartu behar diren alderdiak, bai eta modu osasungarrian aritzeko beharrezkoak diren bizi ohiturak, entrenamendua eta prestakuntza fisikoa ere.

4. Arte adierazpenean esku hartzen duten egitura anatomikoetako edozein harturik, giza gorputz osoan adierazpen tresna gisa hark betetzen duen funtzioa azaltzea.

Irizpide honen bidez begiratuko da zer ikasi duten ikasleek mugimendua sortzen duten egitura anatomikoez (hezurrak, giltzadurak, muskuluak, nerbio sistema) eta beste sistema batzuez (zirkulazioa, arnasketa-fonazioa, digestioa ...), eta ea gai diren bakoitzaren funtzio zehatza eta giza gorputza osatzen duten egitura, organo eta aparatuaren multzoaren barnean bakoitzari dagokion egitekoa identifikatzeko.

5. Nutrizio egokiaren eta errendimendu fisiko egokiaren arteko lotura azaltzea, eta malnutrizioa dakarten jan-ohiturak identifikatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek ezagutzen dituzten elikagai energetikoak eta ez-energetikoak, hidratazioa zertan den eta nola banatu behar diren elikagaiak dieta osasungarri batean, egiten den ariketa fisikoaren intentsitatearen arabera, gaixotasunak eragiten dituzten gabeziak eta gehiegikeriak baztertuz.

6. Mekanika newtondarraren legeak gizakien ohiko mugimenduekin eta arte eszenikoetako mugimendu edo jarrera nagusiekin lotzea.

Irizpide honen bidez jakin ahal izanen da zenbateraino ulertzen dituzten ikasleek giza mugimendu arrunta eta artearen adierazpide den mugimendua, fisika newtondarraren legeen mendeko mugimendu-sistema autonomo gisa begiratzen zaionean. Hala, ikasleek fisika aplikatua badakitela erakutsiko dute eta modu arrazionalean interpretatuko dituzte mugimendu-keinuak, bai zuzeneko xede estetikoa dutenak (dantza, antzerkia), bai zeharkakoa dutenak (musika, dantza eta antzerkia).

7. Jarrera-ohitura orokorren eta arte jardueretako jarrera-ohituren kalitatea aztertzea eta haiek hobetzeko bideak bilatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu ahal izanen da ea ikasleek gorputz-jarrerak aztertzeko gaitasuna garatu duten eta ea ikasi dituzten anatomiako eta biomekanikako kontzeptuak aplikatzen dituzten. Aldi berean ikasleek jarrera "osasungarriaren" eta "kaltegarriaren" kontzeptuak erabili beharko dituzte, lokomozio aparatuari eta ahoskuntzari dagokienez.

8. Arte eszenikoetan aritzeko ohiturak gorputzari eta buruari dakarzkien onurak dokumentazioaren bidez frogatzea.

Irizpide honen bitartez baloratuko da, batetik, ikasleek zer ikasi duten arte eszenikoetan aritzeak dakartzan onurei buruz, eta bestetik, zenbateko gaitasuna duten onura horien garrantzi sozialari buruzko informazioa ulertu, bildu, antolatu eta aztertzeko.

ARTE ESZENIKOAK

Arte eszenikoak, hala nola antzerkia, zirkua, dantza, opera, edo performance-a bezala berriagoak diren beste batzuk, gizarte, kultura eta arte adierazpenak dira. Komunikazio prozesu bereziak dituztelako bereizten dira, eta, gainera, beste arte adierazpen batzuk sintetizatuz eta elkartuz gauzatzen direlako eszenatokian, literaturatik hasi eta arte plastikoetaraino.

Antzezpenak, arte eszenikoen bereizgarri gisa, askotariko formak ditu. Herri dantza batean ikus dezakegu, edo kapa eta ezpatako komedia batean, edo antzerki proposamen berritzaileenetan, alde batera utzi gabe hainbat komunitatetan oraindik dirauten beste adierazpen tradizional batzuk; herri jaietan, esate baterako, dramak bereak dituen adierazpen tresna eta baliabideak erabiltzen dira ezkutuan edo agerian.

Antzerki adierazpena arte eszenikoak bereizten dituen ezaugarria da. Giza azalpen kultural eta artistiko bat da, zeinean komunikazio egintza gertatzen den aktorearen eta ikuslearen artean. Aktore eta ikusle terminoak askotariko subjektuei aplikatzen ahal zaizkie, baita antzokiko esparrutik harantzago ere. Antzerki adierazpenaren jatorria eta oinarria adierazpen dramatikoa da, hots, gizakiek eguneroko adierazpen eta komunikazio prozesuetan erakusten duten portaera mota bat, rolen jokoaz baliatzen dena.

Arte eszenikoak izeneko irakasgaia hezkuntza integralerako fun- tsezko tresna da. Izan ere, antzezpen mota desberdinak erakusteaz gainera, ikasleari aukera ematen dio komunikaziorako eta adierazpenerako gaitasunak, gizarte gaitasunak, sormena, problemak ebazteko gaitasuna eta pertsonaren autonomia garatzeko, ingurunearekiko interakziora bultzatzen du eta, beraz, etapa honi esleitutako hezkuntzako eta propedeutikako helburuak lortuko direla bermatzen du.

Laburbildurik, irakasgai hau ikasten duenak aldi berean ikasiko du bere pentsamendu, zirrara, sentimendu eta ideiak eta besterenak adierazten, komunikatzen eta jasotzen, arte eszenikoei dagozkien askotariko teknikak eta trebetasunak erabiliz.

Irakasgai honen helburuek eta edukiek bi ekintza-ardatz dituzte: batetik, pertsonaren hezkuntza integrala indartzea eta, bestetik, hezkuntza humanistiko eta artistikoa areagotzea arte eszenikoei buruzko ezagutza zabalaren bidez, ikuspegi desberdinak hartuz eta kontzeptu eta egoeren bizipenetik eta esperientziatik abiatuz.

Irakasgaiaren edukiak bost multzo handitan egituraturik daude. Lehenbizikoak aukera ematen du ikasleei arte eszenikoen ikuspegi orokorra emateko, gizarte, kultura eta arte ezaugarri askotarikoak dituzten adierazpenak diren aldetik, eta funtsezko bi ikuspuntutatik: historikotik eta geografikotik. Bigarrenaren xedea adierazpenerako gaitasuna eta sormena garatzea da, gehienbat praktikoa izanen den jarduera multzo bat dela medio. Jarduera horietan, eszenatokiko sistema, bitarteko eta kode desberdinak arakatu, aztertu eta erabiliko dira. Hirugarren multzoan, adierazpenerako eta sorkuntzarako trebetasun, gaitasun eta abileziak landuko dira, ekintza dramatikoa birsortu eta antzezteari ekiteko, mota askotako estimuluen bitartez, denetariko pertsonaia, egoera eta gatazkak erakusten dituzten eszenak sortzea helburu izanen duten lan proiektuetan.

Laugarren multzoa bateratzailea da. Azterketa praktikoa eginen da ikuskizun mota guztiez, testu dramatikoak eta bestelakoak iruzkindu, aztertu eta moldatzeko prozesuez eta dramaturgiako prozedurez. Azterketa horren buruan, ikuskizunen bat eszenaratzeko proiektu orokorra eginen da, erabili beharreko elementu garrantzitsuak eta haien arteko loturak ezarriz eta egituratuz. Gainera, saioak antolatu eta planifikatu beharko dira eta zereginak lan taldeen artean banatu. Horrela, kasu zehatzen bidez agerian jarriko dira testutik ikuskizunera daraman bidea, antzezle-zerrendako kideen zeregina, haien eginkizunak eta ardurak. Bosgarren multzoan, azkenik, ikuskizun eszenikoak aztertu, interpretatu eta iruzkintzeko gaitasunak garatzea izanen da xedea. Ikusle kontzeptutik abiatuta, eta antzerkia ikusteak duen alderdi sozial eta kolektibo sendoa kontuan izanik, antzerkia ikusteko prozesuak bereak dituen tresna eta estrategia analitikoen azterketari ekinen zaio, eztabaidak garatu eta iritziak alderatzea ahalbidetuko duten kasu praktikoetatik abiaturik. Hartara gertaera artistiko eta kulturalen irakurketa gogoetatsu eta kritikoa, zorrotza eta koherentea egin dadila sustatuko da.

Horrela hein berean sustatuko dira jakitatea, egiten jakitea eta izaten jakitea, eta ezagutza, teknika, baliabide eta jarduera asko erabiliko dira horretarako, kultura zabala eta kultura eszeniko nahikoa eskuratzen lagunduko dutenak. Aldi berean, adierazpen eszenikoaren modalitateen bitartez, era guztietako arazo, egoera eta gatazkak eszenaratzen ahal dira, eta diskurtsoak aztertzen eta lantzen ahal dira, bai artistikoak zein ideologikoak, sozialak edo bestelakoak. Horrek bide ematen du inguratzen gaituen munduaren ezagutza gogoetatsuan eta gure ingurunearekiko harreman dinamiko eta kritikoan sakontzeko, pertsonen autonomia areagotzen du eta helduarorako bidea errazten du. Ildo horretatik azpimarratu beharra dago irakasgai hau ez dela ikasleak lanbiderako prestatzeko, aitzitik, helburua da ikasleek adierazpen ahalmena eta sormena landu ditzaten eta mota askotako arte eszenikoak ezagutu eta bizi ditzaten, kultura artistiko sendoa duten pertsona aske, tolerante, parte-hartzaile, solidario eta sortzaileak izateko.

Helburuak

Batxilergoan Arte eszenikoetako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Arte eszenikoetako oinarrizko kontzeptuen ezagutza sendoa eta bizipenen bidezkoa lortzea.

2. Eszenatokiko antzezpen arteen mota bakoitzaren oinarrizko ezaugarriak ulertzea, eta ikuskizunarenak ere bai, hura gauzatzeko aukera desberdinetan.

3. Errealitate artistiko eta kulturalaren azterketa kritikoa sustatzea, informazioa bilatu eta aztertzeko prozesuen bidez. Antzerkiaren adierazpen desberdinak sinkronikoki eta diakronikoki aztertzea, arreta berezia jarriz norberaren gizarte eta kultura inguruneko adierazpen eszenikoei.

4. Talde lana sustatzea, ikasleek aukera izan dezaten nork bere identitatea eta besteena ezagutu eta ulertzeko, bai eta identitate horiek garatzen diren gizarte errealitatea ere, arte eszenikoetako adierazpen, sorkuntza eta komunikazio prozesuen bitartez.

5. Adierazpenerako gaitasuna, sormena eta komunikaziorako gaitasuna garatu eta hobetzea bakarkako eta taldeko lanaren bidez, hizkuntza eta kode desberdinak erabiliz eta ikertuz.

6. Edozein estimulu, egoera edo gatazkari sormenez eta originaltasunez erantzuteko behar diren trebetasun, gaitasun eta antzeak garatzea fikzio dramatikoaren esparruan, hizkuntza, kode, teknika eta baliabide eszenikoak erabiliz.

7. Arte eszenikoak erabiltzea sentimendu, pentsamendu eta ideiak erakusteko, bakarka zein taldean, eta bereziki azpimarratuz taldeari eragiten dieten arazo eta gatazkak.

8. Ekintza eszenikoa sortu, birsortu eta interpretatzeko askotariko bideak ezagutzea eta zorroztasun artistikoz eta koherentzia estetikoz erabiltzea, eta modu aktiboan parte hartzea era guztietako ikuskizun eszenikoak diseinatu, landu eta antzezteko lanetan, eginkizun, zeregin eta ardura desberdinak hartuz.

9. Kritikarako gaitasuna garatzea, nork bere produkzio eszenikoak eta besterenak zorroztasunez eta koherentziaz baloratzeko, oinarri artistikoak eta sorrerako ingurune sozial, ekonomiko eta kulturala kontuan izanik. Horrek guztiak etorkizuneko ikusle onaren bertuteak sustatuko ditu.

10. Arte eszenikoak aintzat hartu eta haietaz gozatzea, herri guztien kultur ondareko adierazpen artistikoak direla ohartuz, eta modu aktiboan parte hartzea haiek zaintzen, garatzen eta zabaltzen.

11. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Arte eszenikoak eta haien ingurune historikoa.

-Arte eszenikoen kontzeptua eta tipologia.

-Arte eszeniko guztien osagai komunak: dramatikotasuna eta antzezpena.

-Arte eszeniko batzuen osagai espezifiko eta desberdinak: dantza, mimoa, zirkua, opera, performance-a, etab.

-Esanahi eszenikoko kodeen izaera, deskripzioa eta sailkapena.

-Arte eszenikoak eta haien tradizio handiak: Ekialdea eta Mendebaldea.

-Arte eszenikoak eta haien historia: aldaketa uneak.

2. Adierazpena eta komunikazio eszenikoa.

-Antzezlearen tresnen ikerketa eta garapen harmonikoa: gorputz adierazpena (proxemika, lekualdatzea), ahozkoa, erritmiko-musikala, antzezpenaren bidezkoa.

-Eszena aztertzea esanahia duen espazio gisa.

-Rolaren, pertsonaiaren eta aktorearen azterketa: portaera dramatikotik antzezle-portaerara.

-Adierazpen dramatikoaren osagaiak arakatzea: pertsonaia, egoera, ekintza, gatazka, lekua, denbora, hizkuntza.

-Prozesuak arakatu eta garatzea: pertsonaiaren azterketa, karakterizazioa eta eraikuntza, egoeraren eta ekintza dramatikoaren taxutzea eta antzezpena.

-Sorkuntza dramatiko/eszenikoko teknikak arakatu eta garatzea: joko dramatikoa, inprobisazioa, dramatizazioa eta taldeko sorkuntza.

-Literatura baliabideak eta beste material batzuk aztertu eta kontrolatzea.

-Baliabide plastikoak arakatu eta garatzea: eszenografiaren diseinua, tresneria, janzkera, makillajea eta argiak.

-Soinu baliabideak arakatu eta garatzea: soinu efektuak, musika, soinu espazioa.

3. Antzezpena arte eszenikoetan.

-Antzezpenaren teoriak aurkeztu eta aztertzea.

-Pertsonaia aztertzea, egoeratik, ekintzatik, gatazkatik, haren helburuetatik, haren funtzioetatik, haren hizkuntzatik eta beste pertsonaiekin dituen harremanetatik abiatuta.

-Antzezpen-partitura eta haren antzezpena.

4. Antzezpena eta eszenaratzea.

-Ikuskizun eszenikoa: kontzeptua eta ezaugarriak.

-Ikuskizun eszenikoaren oinarrizko tipologiak: klasikoa, abangoardiakoa, keinuzkoa, mendebaldekoa, ekialdekoa, objektuena, musikala, barnekoa, kalekoa.

-Aurkezpen eszenikoaren beste forma batzuk: happening-a, performance-a, bideo-antzerkia, antzerki-dantza eta instalazio eszenikoak.

-Ikuskizun baten diseinua: ekipoak, faseak eta lan arloak.

-Dramaturgia, proiektu eszeniko baten diseinuan.

-Proiektu eszeniko baten esanahia eta komunikazioa.

-Sorkuntza eszenikoko proiektu baten produkzioa eta errealizazioa.

-Proiektu eszenikoetako eszena-zuzendaritza.

-Saioak: tipologia, helburuak eta antolaketa.

-Produktu eszenikoak erakutsi eta banatzea.

5. Ikuskizun eszenikoak ikustea

-Ikusleak: kontzeptua eta tipologiak.

-Ikusteko prozesuaren oinarrizko alderdiak.

-Ikuskizun eszenikoen azterketa.

-Kritika eszenikoaren oinarrizko alderdiak.

Ebaluazio irizpideak

1. Arte eszenikoetako oinarrizko kontzeptuen ezagutza sendoa eta bizipenen bidezkoa erakustea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek arte eszenikoak bereizteko, bakoitzak gehien eta maizen erabiltzen dituen elementu adierazleetatik abiaturik.

2. Antzezpen eta ikuskizun eszenikoen forma desberdinen funtsezko ezaugarriak identifikatu, ulertu eta azaltzea, ikuspegi historiko eta sinkronikoan.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da ea ikasleek ezagutzen eta baloratzen dituzten ikuskizun eszenikoaren modalitateen sorrera eta bilakaera historikoa, ea identifikatzen dituzten inguruneko ikuskizun eszenikoen motak beren ezaugarriei erreparatuta, eta ba ote dakiten dokumentazio iturriak ongi erabiltzen ikerketa eta azterketa prozesu oinarrizkoetan.

3. Gogoa, interesa eta gaitasuna erakustea taldean lan egiteko eta talde proiektuetako zereginak eta ardurak onartzeko.

Irizpide honen xedea da ikasgelako eguneroko lanetan parte hartzeko jarrera eta ikaskuntza prozesuetako jarduera eta zereginetako parte-hartze aktiboa baloratzea.

4. Ekintza dramatikoa eta hura eratzen duten elementuak birsortzeko behar den adierazpen gaitasuna eta sormena agertzea, bai eta gaitasun horiek hobetzeko jarrera positiboak ere.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbat garatu diren ikasleen adierazpen gaitasuna eta sormena eta bakarkako edo taldeko lanaren bidez haiek hobetzeko joera eta gogoa.

5. Ekintza dramatikoa birsortzeko, pertsonaiak diseinatzeko eta egoera eta eszenak antolatzeko teknikak ezagutu eta erabiltzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek pertsonaiak sortu eta mota guztietako egoeretan kokatzeko, pertsonaien ekintzak garatzeko edo gatazka dramatikoak landu, garatu eta ebazteko, taldearen barneko interakzio prozesu etengabean.

6. Estilo eszeniko eta antzezpen-paradigma desberdinak identifikatzea, baloratzea eta erabiltzen jakitea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek mundu dramatikoak modu desberdinetan sortzeko, irizpide estetiko eta artistikoen arabera. Halaber, eskura dauden adierazpideak erabiltzeko gaitasuna baloratu behar da; batez ere, arte estilo bakoitzaren bereizgarri diren adierazpideak erabiliz pertsonaiak sortzeko gaitasuna.

7. Eszenifikazio proiektu bateko prozesu eta faseak ezagutu eta ulertzea eta sortzaile bakoitzaren zeregin eta ardurak identifikatu eta baloratzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren proiektu eszeniko baten diseinuan eta errealizazioan modu aktiboan parte hartzeko, rol desberdinak eta rol bakoitzeko jarduera eta egitekoak zehaztasunez identifikatuz.

8. Sorkuntza eta zabalkunde proiektu eszenikoen diseinuan eta errealizazioan parte hartzea, rol desberdinak betez.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleak gai diren ikuskizun eszenikoen sorreran eta emanaldietan parte hartzeko, kasu bakoitzean suertatzen zaien roleko lanak onartuz eta eginez.

9. Era guztietako testu dramatikoak eta antzerki ikuskizunak aztertu eta iruzkintzea, jarrera gogoetatsu eta kritikoarekin, haien ezaugarri bereziak eta oinarri artistikoak identifikatuz eta baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek inguruan aurkezten diren produktu eszenikoak aztertzeko eta haien gaineko gogoeta eta balorazioa egiteko, kontzeptu eta analisi-estrategiarik egokienak erabiliz, ikuskizun eszenikoaren motaren arabera. Aldi berean egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten arte produktu bakoitza bere jatorriarekin eta hedapen eremuarekin lotzen, eta aniztasunaren aurrean begirunea eta tolerantzia agertzen dituzten.

IKUS-ENTZUNEZKO KULTURA

XX. mendearen erdi aldetik hona ikus-entzunezko komunikazioaren arloko makina bat teorialari eta praktikalarik etengabe egindako lanak agerian jartzen duenez, gazteak XXI. mendeko mezuak aztertzeko eta sortzen jakiteko trebatuko dituzten jakintza arloen irakaskuntza sustatu beharra dago. Ildo horretan lehentasuna eman behar zaio herritar trebe, parte-hartzaile, aktibo eta hautatzaileen prestakuntzaren sustapenari. Horretarako, ikasleek ikus-entzunezko eta multimedia obrak aintzat hartzen jakiteko gaitasuna izan behar dute. Sortzaile, komunikatzaile aktibo eta mezuen igorle izan behar dute aldi berean.

Irakasgai honen xedea da ikasleak beren garaiko ikus-entzunezko kultura osatzen duten elementuak aztertu, elkarrekin lotu eta ulertzeko moduan jartzea. Adierazpen elementuak eta elementu teknikoak aztertzeko gaitasun horien eta sen kritikoaren garapena dela bide, herritar arduratsu eta parte-hartzaileak hezi behar dira. Helburua da, beraz, bizi garen gizartearen ikus-entzunezko kultura ulertu, aztertu eta birformulatzea, zer esan nahi duen ulertzeko eta geure buruaz eta inguruko errealitateaz dugun "ikusmoldeari" nola eragiten dion jakiteko.

Ikus-entzunezko kultura ikasten duten ikasleek oinarrizko ezagutzak bereganatuak dituzte aurreko etapetan. Beraz, irakasgai honek aukera emanen die ikasitako guztia sakontzeko, ezagutza berriak eskuratzeaz gain.

Hauek dira irakasgaiaren edukiak antolatzen dituzten gidalerroak: irudia, haren esanahia eta adierazpen ahalbideak; komunikabideak eta ikus-entzunezko ekoizpena. Irakasgaiaren izaerak berak hala eskatzen duelako, prozedurazko edukiek garrantzi berezia dute, eta ikasleei ikus-entzunezko kulturaren esparruan interakzioan aritzeko tresnak eskaintzen dizkiete. Eduki horiek, beraz, multzo guztietarako analisi eta lan elementu komuntzat hartu behar dira.

Hori dela eta, komunikazio mailak elkarrekin lotu beharko dira: ikusten jakitea ulertzeko eta egiten jakitea gauzak adierazteko, eta horren guztiaren xedea komunikatzea, ekoiztea eta sortzea eta errealitatea nahiz geure burua hobeki ezagutzea, errealitatea eta geure burua aldatzeko, azken batean: errealitatea eta haren ardatza den gizakia humanizatzeko. Horra zer nolako irizpideak hartu diren kontuan irakasgai honen helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak planteatzeko orduan.

Helburuak

Batxilergoan Ikus-entzunezko kulturako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Gizarte demokratikoan komunikabideek duten funtsezko garrantziaz eta teknologia berriek eskaintzen dituzten harreman sortzaileez jabetzea.

2. Ulertu eta aintzat hartzea nola informazioaren eta komunikazioaren teknologien egungo aurrerapena historian zehar teknikaren eta adierazpenaren alorretan izandako aurrerapenen ildotik etorri den.

3. Errealitatearen eta ikus-entzunezko hedabideek ematen diguten irudiaren arteko desberdintasunei antzematea.

4. Ikus-entzunezko sorkuntza prozesuan soinuaren eta musikaren adierazpen funtzioak duen garrantzia baloratzea.

5. Komunikazio bideen alderdi estetiko eta teknikoak ezagutu eta ulertzea, haien generoak bereiztea eta ikus-entzunezko dokumentuak sortzea.

6. Publizitate mezuak kritikoki aztertzea eta jarrera gogoetatsu eta sortzaileak garatzea ikus-entzunezko komunikabideetako mezuen aurrean.

7. Ikus-entzunezko lan guztiak ikus-entzuleentzat egiten direla jabetzea, eta kalitatezko produktuak sortzea garrantzitsua dela, adierazpen askatasuna hartzaileen banakako eskubideek mugatzen dutela ahantzi gabe.

8. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

Edukiak

1. Irudia eta esanahia.

-Irudiaren izaera eta kontzeptua. Ikusmenaren bidezko sentipena eta pertzepzioa.

-Irudiaren hastapenetik aro digitalera: ikus-entzunezko hedabide eta hizkuntzen bilakaera.

-Ikus-entzunezko komunikazioaren garrantzia gure gizartean.

-Irudiaren funtzioak. Irudia, errealitatearen isla.

-Irudien adierazkortasunaren eta estetikaren balorazioa eta mezuen azterketa kritikoa.

-Irudiak diseinatu, manipulatu eta sortzeko teknika digitalak.

2. Irudien eta multimedia mezuen azterketa.

-Irudien irakurketa denotatiboa eta konnotatiboa. Irudi finkoen eta mugikorren analisiak.

-Balio formalak, estetikoak, adierazpen balioak eta esanahi balioak.

-Mezuen eragina, hedabide igorlearen arabera.

-Internetetik iristen zaizkigun edukien azterketa.

3. Irudi finkoa eta haren hizkuntzak.

-Hizkuntza bakoitza osatzen duten kodeak.

-Marrazkia, pintura, ilustrazioa, afixa, komikia, argazkia, diaporama. Argazki kamera: analogikoa eta digitala.

-Komikiaren gidoia. Narrazio estrategiak.

-Irudi finkoak hartu eta tratatzeko sistemak.

4. Mugitzen den irudia: zinema.

-Zinemaren oinarri pertzeptiboak eta teknikoak. Itxurazko mugimendua.

-Adierazpen elementuak: lekua eta denbora.

-Gidoi literarioa eta gidoi teknikoa.

-Animazioa: generoak eta oinarrizko teknikak. Zinemara eta komunikaziorako beste arte batzuetara zabaltzea.

5. Soinua eta irudia elkartzea. Multimedia produkzioa.

-Soinuaren adierazpen funtzioa. Ezaugarri teknikoak.

-Musika eta soinuak adierazpen eta komunikazio asmoetara egokitzea.

-Irudiak eta soinuak eskuratu, gorde, landu eta erreproduzitzeko sistema eta ekipoak.

-Multimedia dokumentuak sortzeko prozesua. Errealizazioa, edizioa, produkzio ondokoa.

-Irudiak ordenagailuz sortzea.

-Irudi eta soinuak igorri eta erreproduzitzeko beste gailu batzuk.

6. Komunikabideak.

-Telebistaren hizkuntza. Ezaugarri teknikoak eta adierazpen ezaugarriak. Telebista generoak.

-Etorkizuneko telebista. Telebista interaktiboa.

-Irratia. Ezaugarri teknikoak eta adierazpen ezaugarriak. Formatuak.

-Entzuleriaren azterketa eta programazioa. Zerbitzu publikoko irratia eta telebista.

-Sarrera libreko komunikabideak. Internet eta informazioaren, komunikazioaren eta sorkuntzaren sozializazioa. Sarea zentzuz erabiltzea.

-Adierazpen askatasuna eta ikusleen banakako eskubideak.

7. Publizitatea.

-Publizitateko komunikazioaren prozesua.

-Publizitatearen funtzioak. Propaganda, informazioa eta sedukzioa.

-Publizitate estrategiak: produktua kokatzea, ezkutuko publizitatea eta subliminala.

-Publizitate spot-en azterketa. Publizitatearen epaiketa etikoa.

-Publizitate soziala. Kanpaina humanitarioak. Mezu alternatiboak.

Ebaluazio irizpideak

1. Historian zehar informazioaren eta komunikazioaren teknologien arloan eta ikus-entzunezko mezuen bilakaera estetikoan izan diren aurrerapenak identifikatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ikasleek eskura dituzten ikus-entzunezko produktuen bilakaera teknologikoa eta estetikoa identifikatzeko duten gaitasuna.

2. Irudiaren eta errealitatearen arteko desberdintasunak eta irudikatze modu desberdinak ezartzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ea ikasleek ulertzen dituzten egiazko bizitzaren eta ikus-entzunezko komunikabideek hartaz ematen diguten irudiaren arteko antzekotasunak eta aldeak.

3. Espazio eta denbora elementuak, oinarrizko ezaugarriak, esanahia eta zentzua aztertzea, irudi finkoak eta mugimendudunak irakurtzean.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da noraino ulertzen dituzten ikasleek irudi beraren irakurketa objektiboaren eta subjektiboaren artean dauden aldeak.

4. Ikus-entzunezko hizkuntzaren oinarrizko elementuak identifikatzea eta produkzio errazak egiteko erabiltzea.

Irizpide honen bidez ikus-entzunezko dokumentuen produkzioan esku hartzen duten funtsezko osagaiei buruzko ezagutza baloratu nahi da, gaitasun horrek irudi finkoen eta mugimendudunen produkzio errazak egitea ahalbidetuko baitu.

5. Irrati eta telebista produkzioak aztertzea, generoen ezaugarriei antzemateko eta ikus-entzunezko produktuetan ohikoenak diren estereotipoak bereizteko.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek ikuspegi selektiboa hartu duten irrati eta telebista eskaintzari buruz, genero desberdinak eta programa ohikoenetan ageri diren topiko arruntenak bereizteko. Ikus-entzunezko mezu eta produktuen aurrean duten jarrera ere baloratuko da, ea hartzaile jakitun, selektibo eta kritikoak diren.

6. Publizitatearen funtzioak ezagutu eta justifikatzea, eta hunkiberatasunarekin eta beste sentipen batzuekin zerikusia duten osagaiak informazio osagaietatik bereiztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ea ikasleek badakiten bereizten publizitateko mezuen hartzaileari eragiten dioten elementu desberdinak.

7. Informazioaren eta komunikazioaren teknologien ahalbideak identifikatzea, bereziki guztien eskura dauden komunikazio bideenak, hala nola Internetenak.

Irizpide honen bidez begiratuko da ea ikasleak ikus-entzunezko komunikabideen erabilgarritasunaz eta eskaintzen dituzten aukerez ohartu diren, eta multimedia mezuak hartzerakoan iritzi etikoa garatu izana baloratuko da.

MARRAZKETA ARTISTIKOA I ETA II

Marrazketa artistikoa II egiteko Marrazketa artistikoa I-eko ezagutzak behar dira.

Gaur egungo ikusmoldearen arabera, marrazketa nolakotasun intelektual bat da, gizabanakoaren benetako komunikazio bide bihurtzeko gai dena, lagun hurkoekin harremanak izateko beharrari erantzuteko. Marraztea balio autonomoa duen ekintza intelektuala da, ez artelanak sortzeko bitarteko lagungarria bakarrik. Marrazketaren hizkuntzak bide ematen du ideiak, deskripzioak eta sentimenak adierazteko.

Bestalde, beharrezkoa da ikasleak prestatzea gaurko gizartean arrakastarako bermeekin parte hartzeko. Izan ere, gure gizartean irudi grafiko-plastikoa da nagusi komunikazio bide gisa. Goraldi hori ulergarria da, mezua hartzea bat-bateko ekintza delako eta unibertsaltasunak eta banakotasunak, elkarri loturik, komunikazio globala ahalbidetzen dutelako, bakoitzaren berezitasunei uko egin gabe.

Marrazketaren komunikazio funtzioan, xede nagusia analisia duten irudiak eta irizpide subjektiboak nagusi diren irudiak bereizi behar dira. Lehenbizikoa pentsatzea da, eta gauzak -formak-objektuak- ulertzea, eta, hori egitean, haien egiturari eta barne antolamenduari erreparatzea; antolamendu horrek ematen dizkie beren funtzioa eta forma. Bigarrenak planteamendu subjektiboen mendeko forma-adierazpenak biltzen ditu. Sentimenak eta zirrarak transmititzen edo eragiten ditu.

Marrazketa artistikoa irakasgaiaren edukiek, Batxilergoko Arte modalitatean, bi ikusmoldeei egiten diete kasu, formaren irudikapen grafiko-plastikoaren alderdiak garatuz -hiztegia eta sintaxia- eta arreta berezia emanez haien arteko espazio-loturei. Etengabeko ikaskuntzaren sistema ezarri nahi da, zeinetan ezagutza berri oro berehala aplikatuko den eta prozesu baten zati gisa ulertuko.

Irakasgai honen hezkuntza-balioa ikaslearen nortasuna garatzean datza alde batetik eta, bestetik, irakasgai honek inguruko formak ulertzeko gaitasuna sustatzen du eta behar diren ezagutzak eskaintzen ditu ikasleak bere ikus-pentsamendua eta sentiberatasuna behar bezala adieraziko dituela bermatzeko behar-beharrezkoak diren material, prozedura eta teknikei buruz.

Edukiak biltzen dituzten bi kontzeptu- eta gai-multzoek egiturari eta formari egiten diete erreferentzia, biak lotuz: egitura, barne-antolamendua ezartzeko moduari dagokionez, eta forma, kanpo-itxura adierazkor gisa. Hala ere, aurkezpen hau gorabehera, lehenago esan denez, eduki hauek zentzua hartzen dute adierazpen zuzen baterako haiek erabiltzea garrantzitsua den prozesu baten baitan begiratzen zaienean.

Honako antolamendu honekin, Marrazketa artistikoa I-eko edukien garapenak hurbilketa objektiboa behar du. Bereziki, formaren osagaiak eta haren espazioko artikulazioak eta oinarrizko antolaketak ezagutzea da helburua.

Marrazketa artistikoa II-an sakonago aztertzen dira formen eta haien espazio eta argi aldagaien arteko egiturazko loturak. Formak azaltzen dira komunikazio asmo desberdinekin, eta tresna eta materialen erabilera zuzena garatzen da.

Irakasgai honen bidez ikasleen sentikortasun artistikoaren eta sormenaren garapena sustatu nahi da, adierazpen asmo subjektiboak erantsiz marrazketari, eta prozedurazko baliabideak eskainiz. Horrela, prestakuntza espezifikoa ez ezik, pertsonaren hobekuntza orokorra ere lortzen lagunduko da. Halaber, irakasgai honek, arte jarduerarako akuilua denez, sentikortasun estetikoa eta nork bere balorazio irizpideak sortzeko gaitasuna sustatzen ditu plastikaren esparruan, oro har, horiek beharrezkoak baitira eskola aldian eta bai bizitza osoan zehar ere.

Helburuak

Batxilergoan Marrazketa artistikoko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Formaren konfigurazioaren oinarrizko elementuak ezagutu eta bereiztea, eta horiek inguruko objektu egiazkoen eta elementu sinbolikoen irudikapen adierazkorrean zuzen erabiltzea, irizpide analitikoei jarraituz.

2. Irudikatu beharreko objektuek beren barne egituraren ondorioz duten forma ulertzea eta grafikoki irudikatzen jakitea.

3. Multzo berean elkarri lotutako zatiak diren aldetik formek dituzten ikus-datuen garrantzia ulertzea, haien arteko proportzioei arreta berezia jarriz, eta multzoan duten garrantziaren arabera irudikatzea, funtsezkoak ez diren xehetasunak baztertuz.

4. Irudi plastikoekin zerikusia duten pertzepzio mekanismoak eraginkortasunez erabiltzea, ikus-oroimena eta atxikitze-oroimena garatuz, kanpotik edo norberaren barrenetik heltzen diren irudien bidezko komunikazioa lortzeko.

5. Naturako forma organikoak zuzenean behatu eta aztertzea irudikapen subjektiboetarako gogoeta iturri garrantzizkoa dela ohartzea.

6. Pertzepziozko elkartzearen oinarrizko legeak ezagutzea eta forma bera edo forma multzo bera komunikazio edo adierazpen xede desberdinekin interpretatzea.

7. Oinarrizko terminologia ezagutzea, bai eta lortu nahi den helbururako material, teknika eta prozedura egokiak ere; haien erabilera egokia modu kritikoan baloratzea eta lanean zentzuz eta ordenaz aritzea.

8. Koloreari eta haren erabilerari buruzko oinarri teoriko eta praktikoak ezagutzea, kolorearen aplikazio plastiko arrazoitua eta adierazkorra lortzeko.

9. Konbinaziozko aldaketak egitea eta marrazkiei adierazpen asmo subjektiboak eranstea baloratzea, sentikortasun estetikoa, sormena eta pentsamendu dibergentea garatzeko bide gisa.

10. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

11. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

MARRAZKETA ARTISTIKOA I

Edukiak

1. Forma.

-Erabili beharreko terminologiari, materialei eta prozedurei buruzko sarrera.

-Bi dimentsioko formaren konfigurazioko oinarrizko elementuak. - Marra, egitura geometriko sinpleko forma lauen elementu konfiguratzaile gisa.

-Bi dimentsioko formaren erreferenteak: gainezarpena, neurriaren erlatibotasuna.

-Marra, egitura sinpleko forma bolumetrikoen elementu konfiguratzaile gisa. Ageriko zatiak eta ezkutuko zatiak.

-Perspektiba. Perspektiba konikoa marrazketa artistikoari aplikatzea.

-Hiru dimentsioko forma baten zatien arteko proportzioa.

-Hiru dimentsioko formaren eraldaketak. Kanpoko espazioa-barneko espazioa: haien irudikapen grafikoak.

2. Forma elkartuak. Konposizioa.

-Planoko forma desberdinen arteko proportzioa. Formaren psikologia: ikus-lege asoziatiboak.

-Konposizio antolaketak. Simetriak-kontrasteak-tentsioak.

-Oreka estatikoa eta dinamikoa. Ikus-norabideak.

3. Argiluna.

-Oinarrizko terminologiari, materialei eta prozedurei buruzko sarrera.

-Argiaren izaera.

-Orbana formaren elementu konfiguratzaile gisa.

-Argilunak bolumena adierazteko duen garrantzia.

4. Kolorea.

-Oinarrizko terminologiari, materialei eta prozedurei buruzko sarrera.

-Kolorearen pertzepzioa.

-Sintesi gehigarria eta sintesi kengarria. Argi-kolorea eta pigmentu-kolorea.

-Kolorea aldatzea. Saturazio, tonu eta balio kontzeptuak.

-Erlazio harmonikoak eta koloreen arteko eragina.

Ebaluazio irizpideak

1. Gaiaren edukiei dagokien berariazko terminologia behar bezala erabiltzea, eta proposaturiko prozedura eta materialak ezagutu eta zuzen erabiltzea.

Terminologia eta materialak hautatzeko, elkarrekin lotzeko, irizpide baten arabera erabiltzeko eta nahi den helburu plastikorako egokitzeko gaitasuna baloratuko da.

2. Forma organiko naturalak irudien bidez deskribatzea, haien egituraren antolaketari arreta berezia jarriz.

Irizpide honen bidez baloratzen da zenbateko trebetasuna lortu duten ikasleek forma organiko naturalak irudikatzeko, koherentzia formal eta kromatikoarekin irudi bidez agertzen den harmonia estilistikoaren barnean. Ikasleek modu argi eta egituratuan irudikatu behar dute naturako formen aniztasuna. Irudikapen horren bidez baloratu eta jakin daiteke noraino garatu dituzten beren gaitasun kognitiboa eta deduktiboa, naturaren morfologiaren ezaugarri den forma organikoen egituraren behaketan oinarrituta.

3. Inguruko objektuak grafikoki deskribatzea, horietan beren formaren konfigurazioaren oinarrizko elementuak bereiziz (marrak eta planoak, bai agerikoak bai ezkutukoak).

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik gauzak behatzeko eta ikusitakoaren gainen analisia eta gogoeta egiteko, hura bi dimentsioko espazioan irudikatu ahal izateko, baliabide grafiko eta deskribatzaile argi eta egokiak erabiliz, aztertutako multzoa ulertzea ahalbidetzen dutenak, datu inplizituak nahiz esplizituak agerian jarriz. Irizpide honen bidez, azken batean, ezkutuko informazioa aztertzeko eta adierazpen grafikoaren bidez ageriko bihurtzeko gaitasuna neurtu nahi da.

4. Hiru dimentsioko formak planoaren gainean deskripzio asmoz eta marraren bidez irudikatzea, arreta jarriz proportzioan eta perspektiba-deformazioetan.

Zer den beharrezkoa eta zer ez jakiteko, ezinbestekoa dena eta garrantzirik ez duena bereizteko gaitasuna neurtu nahi da irizpide honen bidez. Prozesu horrek funtsezko osagai grafikoak atzemateko gaitasuna baloratzea errazten du. Nabarmendu behar da irizpide honen bidez lortu nahi dena ez dela formen irudikatze mimetikoa soilik agerian jartzea, baizik eta ikusitako errealitatearen osagairik adierazgarrienak hautatzea.

5. Itxura bolumetriko nabarmena duten objektuak marraren eta orbanaren bidez grafikoki irudikatzea, eta plano grisen bidez bolumena islatzen jakitea, argiak formaren irudikapenean nola eragiten duen aztertuz.

Irizpide honen bidez baloratuko da nola lortzen den gradientea, irudikatu beharreko gainazalei forma emateko, argiaren, kromatismoaren eta testuren arabera. Helburu hori lortzeko, ikasleek frogatu behar dute beharrezkoak eta egokiak diren baliabide plastikoak ezagutzen dituztela eta badakitela horiek erabiltzen. Irudikapen bide horrek bat etorri behar du objektuen efektu bolumetrikoarekin, naturako gainazal moten aniztasun handiarekin harmonian.

6. Ikusmen-pertzepzioaren oinarrizko legeen ezagutza frogatu eta aplikatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu behar da ea ikasleak gai diren irudi globalak nahiz osagai formal barreiatuak behatu eta hausnartzeko eta elkarrekin lotzeko. Gainera, irudi horiek bi dimentsioko espazio grafiko batean nola jasotzen duten baloratuko da. Adierazpenerako eta konposiziorako gaitasun plastikoa agertu behar dute, elementu formalen posizioari, korrespondentziari, banaketari, bat-etortzeari, antzekotasunari, tonalitateari eta argiztapenari dagokienez.

7. Kolorearen oinarri fisikoak eta oinarrizko terminologia ezagutzen direla erakustea.

Irizpide honek kolorearen teoriari eta faktore fisiko-kimikoei buruz ikasitakoaren maila ebaluatzea ahalbidetzen du. Halaber, baloratuko da ezagutza horiek ulertu eta barneratu izana, lan plastikoetan erabiltzen diren kolorearen parametro psiko-fisikoen bidezko aplikazio praktikorako.

8. Forma artifizial sinpleen irudikapen plastikoak egitea prozedura eta teknika kromatikoen bitartez; kontuan hartuko da xede horrekin zuzendutako argiak eragiten duen kolore aldaketa.

Irizpide honek argi eskala kromatikoen erabilera egokia ebaluatzea ahalbidetzen du. Kontuan hartuko da gero eta hobeki antzematea gainazalen argi-kalitateei, tonu aldaketa nabariak kontrolatzen direla erakutsiz, hala nola indar kromatikoaren eta argitasunaren galera mailaketetan, eta tonu aldaketa nabarmenak zuzentzeko gaitasuna ere aintzat hartuko da.

MARRAZKETA ARTISTIKOA II

Edukiak

1. Formaren analisia eta aldaketa.

-Formaren azterketa. Apuntea-eskema-zirriborroa.

-Irudikapen analitikoa. Irudikapen sintetikoa.

2. Forma naturalen analisia.

-Deskribapeneko azterketa.

-Forma naturalen eraldaketa plastikoa, adierazpen helburuetarako.

3. Formetara subjektiboki hurbiltzea.

-Formaren eta konposizioaren psikologia. Formen antolaketa espazial desberdinak.

-Hiru dimentsioko formek espazioan duten lotura.

-Itxura formalaren aldaketak, hautematearen ikuspuntutik.

-Argiaren eta kolorearen adierazpen balioa.

4. Egiazko forma. Ikus-oroimena.

-Oroimena. Gogoeta mnemoteknikoak.

5. Giza irudiaren analisia.

-Proportzionaltasuneko erlazioak.

-Anatomiari buruzko oinarrizko ezagutza.

-Giza irudiaren mugimenduaren azterketa.

6. Espazioen analisia.

-Antropometria.

-Barneko espazioak.

-Kanpoko espazioak. Hiri espazioak eta espazio naturalak.

Ebaluazio irizpideak

1. Irakasgaiaren edukiei lotutako berariazko terminologia, materialak eta prozedurak zuzen erabiltzea.

Irizpide honen bidez baloratuko da ea ikasleek ezagutzen dituzten eta koherentziaz hautatzen eta erabiltzen terminologia, prozedurak eta materialak, nahi diren emaitzen arabera.

2. Forma edo objektu bat maila ikoniko desberdinetan (apuntea-eskema-zirriborroa) interpretatzen jakitea, komunikazio asmo desberdinen arabera.

Irizpide honen bidez formei begiz antzemateko gaitasuna baloratu nahi da. Gaitasun horren bidez, egin beharreko irudiaren ezaugarriak nahi den komunikazio xedeari egokitzen ahal zaizkio, batez ere formaren ikuspuntutik, baina kontuan izanik, baita ere, teknikaren eta materialaren hautapen eta aplikazio egokiak.

3. Forma naturalen marrazkiak era deskriptiboz egitea eta gero komunikazio asmo desberdinen arabera aldatzea.

Irizpide honen bidez baloratuko da nola antzematen diren forma naturalen funtsezko alderdiak eta zati nagusiak eta gero nola egiten diren forma-aldaketak komunikazio asmo desberdinen arabera: argigarriak, deskribatzaileak, apaingarriak edo subjektiboak.

4. Grafikoki irudikatzea objektu baten itxura ezberdinak, hautemate ikuspuntuarekiko orientazio desberdinek sortuak.

Irizpide honen bidez baloratuko da ea ikasleak gai diren forma bera eta haren itxurazko aldaketak bereizteko eta ikuspegi ez-ohikoetatik formei ikusten zaizkien alderdi ez-ohikoak hautemateko.

5. Bolumen geometriko eta naturalen multzoak grafikoki irudikatzea, eta elementuek elkarren artean duten tokia deskribatzea, perspektibazko proportzioak eta desitxuraketak kontuan hartuz.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleak gai diren bolumenen proportzio erlatiboen bidez adierazitako espazioa eta konbergentziaren, zeihartasunaren eta gainezarpenaren ondoriozko efektuak irudikatzeko.

6. Aurretik labur-labur behatutako formen funtsezkoa grafikoki deskribatzea definizio lineal argi eta argitzaileen bidez.

Ikus-oroimena noraino garatu den ebaluatu nahi da irizpide honen bidez. Irudikapenean sintesia ahalbidetuko duen pertzepzio-asmoa ere baloratuko da.

7. Giza irudiaren azterketa grafikoak egitea, batez ere proportzioen erlazioa eta mugimenduaren adierazkortasuna kontuan hartuta.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da nola ulertzen duten ikasleek giza irudia espazioan. Bereziki baloratuko dira hura osatzen duten formen adierazpen globala eta hura definitzen duen egituraren orientazioa.

8. Gelaren ingurua, ikastetxearen eraikina, hiri ingurua eta kanpo alde naturalak grafikoki irudikatzea, zirriborro edo estudioen bidez, horrela efektu espazialak eta sakontasuneko perspektiba efektuak adierazi ahal izateko; halaber, proportzioen eta argi kontrasteen balorazioa.

Irizpide honen bidez hauxe baloratuko da: aukeratutako inguruetako forma eta espazioa grafikoki adierazten dituzten datu formalak nahita hautatzea, irudikatze sistema teknikoek eskaintzen duten zorroztasun eta zehaztasunetik harantzago iritsiz.

MARRAZKETA TEKNIKOA I ETA II

Marrazketa teknikoa II egiteko Marrazketa teknikoa I-eko ezagutzak behar dira.

Marrazketa teknikoak formen mundua modu objektiboan agertzea ahalbidetzen du. Komunikazio funtzio horrek ideiak edo proiektuak esanahi bakarreko modu objektiboan azaldu, interpretatu eta ulertzeko bidea ematen digu. Hori guztia posible izan dadin, objektibotasuna eta fidagarritasuna bermatzen dituzten arau batzuk hitzartu dira.

Marrazketa teknikoa, beraz, ezinbestekoa da, komunikazio bide gisa, edozein ikerketa prozesu edo teknologia eta ekoizpen proiektutan, hura ideien eta formen ikusizko alderdiez baliatzen baldin bada diseinatzen, sortzen edo ekoizten ari diren gauzak bistaratu eta definitzeko.

Marrazketa teknikoa I eta II irakasgaien edukiak Batxilergoko bi kurtsoetan zehar garatzen dira. Lehenbiziko kurtsoan irakasgaiaren ikuspegi orokorra ematen da, eduki gehienak aurkeztuz, sakontasun maila desberdinekin. Bigarren kurtsoan eduki horiek sendotu eta sakondu eginen dira eta curriculuma beste eduki batzuekin osatuko da.

Irakasgaiaren edukiak hiru atal nagusitan sailkatzen ahal dira; elkarri lotuta daude baina bakoitzak bere izaera du: geometria metriko aplikatua, problema geometrikoak eta formen konfigurazioaren ingurukoak planoan ebazteko; geometria deskribatzailea, espazioan kokatutako forma eta gorputz bolumetrikoak bi dimentsioko euskarri batean irudikatzeko; eta normalizazioa, adierazpen grafikoak sinplifikatu, bateratu eta objektibatzeko. Arteari eta marrazketa teknikoari buruzko edukiak ere erantsi dira, irakasleak horietaz baliatzen ahalko baitira hiru multzo handiak osatzeko, nolabaiteko gogoeta historikoren bat eginez, edo marrazketa teknikoak naturarekin eta artearekin dituen loturak erakutsiz edo marrazketa teknikoaren alderdi estetikoak baloratuz.

Curriculumaren garapenean gero eta leku garrantzitsuagoa dute teknologia berriek. Bereziki, gero eta gehiago erabiltzen dira ordenagailu bidezko diseinurako programak. Beharrezkoa da, beraz, horiek curriculumean sartzea, ez eduki gisa bakarrik, baita irakasgaiaren edukietako baten bat garatzen lagunduko duen tresna gisa ere. Aldi berean, pizgarri eta osagarri izan behar du ikasleen heziketan eta marrazketa teknikoaren errealitateari buruzko ikuspegi osoago eta integratua lortzen lagundu behar die.

Marrazketa teknikoa II irakasgaiaren espezifikotasuna eta haren edukien konplexutasun eta hedadura handiagoak kontuan izanik, komenigarria litzateke tresna informatikoak erabiltzen ikastea lehen kurtsoan nagusiki.

Helburuak

Batxilergoan Marrazketa teknikoko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Marrazketa teknikoko tresnak eta berariazko terminologia egokiro eta trebetasun nahikoaz erabiltzea.

2. Marrazkiaren azken ukitu eta aurkezpen egokiek duten garrantzia baloratzea, marrazkia osatzen duten marren argitasun eta zehaztasunari eta euskarriaren garbitasun eta txukuntasunari dagokienez.

3. Marrazketa teknikoa hizkuntza objektibo eta unibertsaltzat hartzea, eta haren sintaxia ezagutu beharra baloratzea informazioa adierazi eta ulertu ahal izateko.

4. Geometria metriko aplikatuaren oinarri nagusiak ezagutu eta ulertzea, planoan formak konfiguratzeko problemak ebazteko.

5. Irudikapen sistemak ulertu eta erabiltzea problema geometrikoak espazioan ebazteko eta hiru dimentsioko irudiak planoan irudikatzeko.

6. Marrazketa teknikoaren normalizazioaren unibertsaltasuna baloratzea eta UNE eta ISO arau nagusiak aplikatzea gorputz baten ikuspegien lorpenari, posizioari, ebakidurei eta akotazioari dagokienez.

7. Esku hutsezko perspektiba eta krokisa erabiltzea adierazpen grafikorako, eta behar adinako trebetasuna eta bizkortasuna lortzea.

8. Edozein eraikuntza geometriko egiteko prozesua planifikatu eta hausnartzea, bakarka eta taldean, eta taldeko jardueretan taldekideekin malgutasunez eta arduraz jokatzea.

9. Marrazketa teknikoko ezagutzak prozesu teknologikoetan eta eguneroko bizitzako aplikazioetan erabiltzea, eta proiektu edo jardueraren lorpen egoera berrikusi eta baloratzea hala behar den guztietan.

10. Teknologia berriei eta marrazketa eta diseinu programei buruz gutxieneko ezagutzak lortzea, haiek erabiliz gozatzea eta haien ahalmenak baloratzea plano teknikoak egiterakoan.

MARRAZKETA TEKNIKOA I

Edukiak

1. Artea eta marrazketa teknikoa.

-Marrazketa teknikoaren historiako mugarri nagusiak.

-Geometria artean.

-Marrazketa teknikoaren estetika.

2. Marraketa geometrikoak .

-Funtsezko marraketak.

-Poligonoen marraketa.

-Proportzionaltasuna eta antzekotasuna. Eskalak.

-Eraldaketa geometrikoak.

-Ukitzeen marraketa. Obalo, oboide eta boluten, espiral eta helizeen definizioa eta marraketa.

3. Irudikatzeko sistemak.

-Irudikatzeko sistema bakoitzaren oinarriak eta xedea: ezaugarri bereizleak.

-Plano bornatuen sistema. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena. Planoen ebakidura. Maila kurbak. Lurren profilak.

-Sistema diedrikoa. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena: haien erlazioak eta eraldaketa ohikoenak. Ebakidurak, paralelotasuna eta perpendikulartasuna. Distantziak. Solidoen irudikapena.

-Sistema axonometrikoak: isometria eta cavalieri perspektiba. Solidoen irudikapena.

4. Normalizazioa eta krokisak.

-Aplikazio eremuak. Normalizazio kontzeptua. UNE eta ISO arau oinarrizkoak.

-Akabera eta aurkezpen motak. Krokis bornatua. Planoak. Proiektua.

-Marrazketa teknikoko eskuzko teknikak, erreprografikoak eta infografikoak erabiltzea. Krokisak egitea. Bozetoa eta haren sorkuntza.

Ebaluazio irizpideak

1. Problema geometrikoak ebaztea, eraikuntzetan erabilitako metodoa eta arrazoiketa eta akabera eta aurkezpena baloratuz.

Irizpide hau erabiliz jakin nahi da zein maila lortu duten ikasleek planoko funtsezko marraketa geometrikoak egiten eta horiek aplikatzen triangeluen, laukien eta oro har poligonoen eraikuntzan, antzeko irudien eraikuntzan eta eraldaketa geometrikoetan.

2. Planoak interpretatu eta marrazkiak egiteko eskala grafikoak erabili eta eraikitzea.

Irizpide honek erakutsiko du zenbateraino ulertu duten ikasleek eskalen funtsa, ez kontzeptu abstraktu-matematiko gisa bakarrik, baita eguneroko bizitzan gertatzen ahal diren askotariko egoeretan eskalak aplikatzeko ere, adibidez, plano tekniko, mapa edo diagrama batean neurriak interpretatzeko edo errealitatetik hartutako marrazkiak egiteko.

3. Beren definizioan zirkunferentziaren eta zuzenaren arteko elkarguneak eta/edo zirkunferentzien artekoak dituzten forma ez oso konplexuak diseinatu eta/edo berregitea.

Aztertutako ukitze kasuei buruzko ezagutza teknikoak praktikan nola erabiltzen diren baloratuko da irizpide honen bidez. Bereziki baloratuko da ebazpenerako jarraitutako prozesua, bai eta ukitze puntuak lortzeko zehaztasuna ere.

4. Eraikuntza geometrikoak taldean egiteko proiektuak prestatzea eta horietan aktiboki parte hartzea, marrazketa teknikoaren hizkuntzarako estrategia egokiak erabiliz.

Irizpide hau erabiliz ebaluatuko da ea ikasleak gai diren taldean tolerantziaz eta malgutasunez lan egiteko.

5. Plano bornatuen sistema erabiltzea, ebakidura problemak ebazteko edo sestra kurben bitartez lurraren profilak lortzeko.

Irizpide hau erabiliz ebaluatuko da zenbateraino ezagutzen duten ikasleek plano bornatuen sistema, proposaturikoen antzeko kasu praktikoen ebazpenean erabiltzeko. Eskalen erabilerak, halaber, lortu dituzten ezagutzen integrazio maila jakitea ahalbidetuko du.

6. Sistema diedrikoa erabiltzea irudi lauak, bolumen sinpleak eta forma poliedrikoak irudikatzeko, bai eta puntuaren, zuzenaren eta planoaren arteko erlazio espazialak ere. Egiazko forma eta magnitudea lortzea.

Irizpide hau erabiliz jakinen da zer abstrakzio maila lortu duten ikasleek eta, beraz, ongi ezagutzen duten ala ez sistema diedrikoa, espazioan kokatutako elementuak, pertenentzia erlazioak, paralelotasuna, perpendikulartasuna eta distantzia planoan irudikatzeko.

7. Beren bista nagusien bidez definitutako gorputzen perspektiba axonometrikoak eta alderantzizko lanak egitea, esku hutsez eta/edo delineaturik.

Irizpide honen bidez ikasleek garatu duten ikusmen espaziala ebaluatu nahi da, bai eta sistema diedrikoa eta axonometrikoa lotzeko gaitasuna ere. Gainera, marrazteko tresnak erabiltzeko eta esku hutsez marrazteko lortu duten trebetasuna baloratu nahi da.

8. Industriako edo eraikuntzako pieza eta elementu sinpleak irudikatzea, bistei, akotazioari, ebakidurei eta sinplifikazioei buruzko arauen aplikazio zuzena baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek produktu edo objektu bat grafikoki irudikatzeko, hura fabrikatu edo egiteko behar den informazioarekin, marrazketa teknikoan eskatzen diren arauak aplikatuz.

9. Marrazketa teknikoko lanak prozedura eta baliabide grafiko desberdinak erabiliz burutzea, horrela marrazkia argia, garbia eta bere xedearen araberakoa izan dadin.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek tratamendu desberdinak emateko edo baliabide grafiko eta informatiko desberdinak erabiltzeko, egin beharreko marrazki motaren eta haren xedeen arabera. Irizpide honek ez du irizpide isolatua izan behar, aitzitik, gainerako ebaluazio irizpideekin bat egin behar du, eragiten dien neurrian.

MARRAZKETA TEKNIKOA II

Edukiak

1. Marraketa geometrikoak .

-Marraketak planoan: angeluak zirkunferentzian, arku kapaza.

-Proportzionaltasuna eta antzekotasuna: eskala normalizatuak, eskala grafikoen eraikuntza.

-Irudi lau baliokideak.

-Poligonoak: triangeluen eta laukien eraikuntza, arku kapazaren aplikazioa. Poligono erregularrak eraikitzea aldea eta erradioa jakinik.

-Potentzia. Potentzia ardatza, erradio-simetriako zentroa. Urrezko sekzioa. Zirkunferentziaren errektifikazioa.

-Eraldaketa geometrikoak: homologia eta afinitatea.

-Ukitzeak: potentzia eta inbertsio kontzeptuen aplikazioa.

-Kurba konikoak eta teknikoak. Konikoak ukitzen dituzten zuzenak. Zuzen bateko ebaki-puntua.

2. Irudikatze sistemak.

-Sistema diedrikoa: Geometria deskribatzaileko metodoak (eraispenak, biraketak eta plano aldaketak). Egiazko magnitudeak eta elkarguneak. Forma poliedrikoak eta biraketa formak irudikatzea. Poliedro erregularrak irudikatzea. Zuzen eta planoekiko elkarguneak lortzea. Ebakidurak eta garapenak lortzea.

-Sistema axonometriko ortogonala eta zeiharra: oinarriak, proiekzioak, murrizketa koefizienteak. Elkarguneak eta egiazko magnitudeak lortzea. Figura poliedrikoak eta biraketa figurak irudikatzea. Beren bisten bidez zehaztutako solidoak irudikatzea.

-Sistema konikoa: sistemaren oinarriak eta elementuak. Perspektiba zentrala eta zeiharra. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena. Ikuspuntuaren hautapenaren analisia perspektiba konikoan. Beren bisten bidez zehaztutako solidoak irudikatzea.

3. Normalizazioa.

-Marrazketa teknikoari buruzko arauen azterketa eta azalpena.

-Irudikapen printzipioak: bisten posizioa eta izenak europar sisteman eta amerikar sisteman. Bisten hautapena eta bista bereziak.

-Akotazioaren printzipioak eta arau orokorrak industriako marrazketan eta arkitektura eta eraikuntzako marrazketan.

-Ebaketak, sekzioak eta etendurak.

Ebaluazio irizpideak

1. Problema geometrikoak ebaztea, eraikuntzen metodoa eta arrazoiketa, akabera eta aurkezpena baloratuz.

Irizpide hau erabiliz jakin nahi da zein maila lortu duten ikasleek planoko marraketa geometrikoak egiten eta horiek aplikatzen triangeluen, laukien eta oro har poligonoen eraikuntzan, eta emandako beste batzuen antzekoak, baliokideak, homologoak edo afinak diren irudien eraikuntzan.

2. Marrazki teknikoak eskala desberdinetan egitea, aurrez ezarritako eskala eta eskala normalizatuak erabiliz.

Baloratu behar da praktikan nola aplikatzen diren eskalei buruzko kontzeptuak eta nola erabiltzen diren eskala grafiko desberdinak marrazki teknikoak egin edo kopiatzeko. Trebetasuna eta zehaztasuna ere baloratuko dira.

3. Ukitze problemak ebaztea, beren horretan edo forma baten definizioan txertaturik, forma hori industriakoa nahiz arkitekturakoa izan.

Irizpide honen bidez, ezagutza teorikoak ez ezik, loturez osatutako formak definitzeko haien aplikazio praktikoa ere baloratuko da. Bereziki baloratuko da ebazpenerako jarraitutako prozesua, bai eta ukitze puntuak lortzeko zehaztasuna ere.

4. Kurba konikoei buruzko problema geometrikoak ebaztea, kurben elementu nagusiak, zuzen ebakitzaileak edo zuzen ukitzaileak tartean direla. Kurba teknikoak marratzea haien definiziotik abiatuta.

Irizpide honen bidez jakiten ahalko da zenbateraino ulertzen diren kurba konikoen propietateak eta ezaugarriak eta kasu desberdinetan haiek grafikoki definitu ahal izateko teknikak. Problema ebazteko jarraitutako prozesuaz gain, kurbak edo ebakitze eta ukitze puntuak definitzeko zehaztasuna eta doitasuna ere baloratuko da.

5. Sistema diedrikoa erabiltzea puntuak, zuzenak, irudi lauak eta gorputzak espazioan kokatu behar diren problemak ebazteko.

Irizpide honen bidez jakin nahi da noraino ikasi duten ikasleek sistema diedrikoa ulertzen eta geometria deskribatzaileko metodoak erabiltzen forma lauak edo gorputzak irudikatzeko.

6. Bere bista edo sekzioen bidez definitutako objektu baten perspektiba eta alderantzizko lana egitea esku hutsez eta/edo delineaturik.

Irizpide honen bidez ikasleek garatu duten ikusmen espaziala ebaluatu nahi da, bai eta ikasitako irudikapen sistema desberdinak ulertzeko eta elkarrekin lotzeko gaitasuna ere. Gainera, marrazteko tresnak erabiltzeko eta esku hutsez marrazteko lortu duten trebetasuna baloratu nahi da.

7. Industriako edo eraikuntzako pieza eta elementuak grafikoki definitzea, bista, ebaketa, sekzio, etendura eta akotazioei buruzko arauak zuzen aplikatuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek objektu edo elementu bat deskribatu eta/edo fabrikatzeko behar diren plano teknikoak egiteko, marrazketa teknikoan ezarritako arauei jarraituz.

8. Marrazketa teknikoko lanak baliabide grafiko desberdinak erabiliz burutzea, horrela marrazkia argia, garbia eta bere xedearen araberakoa izan dadin.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek tratamendu desberdinak emateko edo baliabide grafiko desberdinak eta are informatikako baliabideak erabiltzeko, egin beharreko marrazki motaren eta haren xedeen arabera. Irizpide hau gainerako ebaluazio irizpideetan integratu behar da eragiten dien neurrian.

DISEINUA

Diseinuak, jarduera gisa, jada bide luzea egina du, gizartearen, kulturaren, politikaren eta ekonomiaren aldaketa prozesuetan murgildurik. Aldaketa horiek mendebaldeko gizartean eragina izan dute. Industria iraultzatik aurrera hitz egin daiteke benetan diseinuaz, hark ekarri baitzituen aldaketa handi horietako asko.

Jarduera honek zeregin kolektibo bat proiektatzeko betebeharra hartzen du bere gain. Industria produkzioari eta gure gizartearen bilakaerari loturik ulertu behar da. Artisautzarako itzulera baldintzarik gabekoa, Morrisek adierazitakoa, abiapuntu dela; aurrerapena, funtzionalismoa eta estandarizazioa defendatzen dituzten proposamen estetiko berrietatik hasita; gizarte industrialaren ondorio suntsigarriak azaldu eta arrazionalismoaren baliozkotasuna eztabaidan jarriko duten kontrakorronteen bitartez; erronka berriei aurre eginez erantzun berriak proposatzen dituen praktika batekin egiten dugu topo.

Diseinua, aldaketa prozesu horien aurrean, produktu, mezu eta inguruneen mundu bat eraikitzen joan da; horiek, beren espezifikotasunetik eta beren morfologiatik, planteamendu ideologiko, utopiko, etiko eta politikoetara begira jartzen gaituzte. Diseinuko problemak ez dira bi edo hiru dimentsioko gainazal geometrikora mugatutako problemak. Diseinuko objektu oro beti dago ingurune bati lotuta, zuzenean edo zeharka, eta, horregatik, diseinuko objektu batek oso eremu desberdinekin dituen loturen multzoa izugarri handia da.

Gaur egun aldaketa garaian gaude. Egoera horrek gizarte eta kultura inguruneari eragiten dio, eta bai diseinuaren identitateari berari ere. Atzean utzi dugu eskariaren gizartea, zeinean diseinuak prestazioen hobekuntzan aurkitzen baitzituen bere argudioak, eta eskaintzaren gizartean bizi gara. "Lehenagokoa hobetzea" edo "arazoak konpontzea" txiki geratu diren esapideak dira diseinua zertan den azaltzeko. Gaur egun "arazoen formulazioaz" hitz egiten da definiziorik egokiena delakoan, konpontzeko dagoena asko dela kontuan hartu gabe.

Diseinu kontzeptuaren aldaketa horretan iraultza teknologikoaren ondorioek ere badute eraginik. Iraultza hori ez da lehengo tresnen ordez tresna eraginkorragoak ezartzea bakarrik. Errealitatea itxuratzeko prozesuan eragiten du, simulazio prozedurak areagotuz, eta benetako jarduera sistema berri bat inauguratzen du.

Aldaketa giro honetan jarduerak betetzen duen eginkizun garrantzitsuaren aurrean, irakaskuntzak baliabide kontzeptual eta metodologikoak jarri behar ditu. Arte modalitateko Batxilergoak Diseinua izeneko modalitate irakasgaia proposatzen du, beraz, ez etorkizuneko profesionalentzat bakarrik, baizik eta gaur egun hainbesteko garrantzia duen praktika batean interesa duten ikasle guztientzat.

Diseinua izeneko irakasgaiaren helburua da oinarri sendoa ematea jarduera hau osatzen duten printzipio eta oinarriei buruz. Printzipio eta oinarri horiek bai diseinu jardueraren izaera irekiari bai haren espezifikotasunari erantzuten diete, hala diseinuaren "testuinguruari" nola "testuari".

Edukiak lau multzotan antolatuta daude. Irakasgaia egituratzen duten ardatz horiek ez dira derrigorrezkoak. Antolamenduak jakintza eta prozedurak multzokatzeko asmoaren ondorio da. Horregatik, haren garapena ez da modu linealean ulertu behar.

Lehenbiziko multzoan diseinua bere testuinguruan kokatzen da. Garrantzitsua da ulertzea diseinu lanaren berariazko faktoreak beti daudela faktore kultural, sozial, ekonomiko eta politikoen eraginpean. Jarduerak ez die itzuri egiten berez ideologikoak diren aukera eta aldagaiei.

Bigarren multzoa "diseinuko objektuaren" konfigurazion berariaz esku hartzen duten faktore testualez ari da. Metodoak, hain beharrezkoak ezagutzeko, biltzeko, antolatzeko eta alderatzeko, diseinu prozesua kanporatzeko saioak dira, eta beharrezkoak dira sorkuntza lan gero eta konplexuagoan.

Gai multzo honek ezinbestez izan behar du xedetzat objektu, mezu edo ingurune bat itxuratzen duten dimentsioak aztertzea; dimentsio horiek, arrazoi metodologikoengatik, hiru ataletan banatzen dira: dimentsio pragmatikoa, estetiko-formala eta sinbolikoa. Bereziki azpimarratuko da ikus-hizkuntzaren osagai formalen eta sintaxiaren azterketa, funtzio sinbolikoen eta baldintza funtzionalen garrantzia aintzat harturik.

Jakintza alor teoriko-praktiko hau zehazteko, oinarrizko proiektuak eginen dira diseinu grafikoaren, produktuaren diseinuaren eta barnealdeen diseinuaren eremuetan. Hirugarren eta laugarren eduki multzoen bitartez ikasleak eremu horietako ezagutzan eta praktikan trebatu nahi dira.

Helburua ez da inoiz izanen ikasleak diseinuan adituak izatea, baina bai diseinu proiektu bateko prozesuan eta lanean hastea, bai eta gogoetan eta praktika horren analisian ere.

Helburuak

Batxilergoan Diseinuko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Diseinuko jardueraren printzipioak eta oinarriak ezagutzea eta diseinuaren oinarri diren prozesu eta tresnen konplexutasunaz jabetzea.

2. Diseinuaren sustraiak, kontzeptuaren bilakaera, haren aplikazio esparru desberdinak eta hura baldintzatzen duten faktoreak ulertzea, bai eta ingurunean eta kultura garaikidean eragiteko duen ahalmena ere.

3. Egungo diseinuaren baldintza funtzionalak eta haren funtzio sinbolikoen garrantzia aztertu eta ezagutzea.

4. Diseinu prozesuan metodoek duten garrantzia baloratzea eta haiek erabiltzea.

5. Ikus-elementuek sortzen ahal dituzten konposizio-erlazio eta aukera desberdinak ezagutu eta saiatzea, eta egitura horiek diseinuaren hainbat eremutan dituzten aplikazioak ezagutzea.

6. Diseinuko oinarrizko problemak ebaztea, metodo, tresna eta irudikatze teknika egokiak erabiliz. Ordenagailuz lagundutako diseinuko programaren bat nahiko trebe erabiltzea.

7. Malgutasuna diseinurako baldintza gisa onartzea, problema bati ekiteko ikuspuntu desberdinak aintzat hartzea eta konponbide berriak bilatzen jakitea.

8. Diseinuko konponbide desberdinen egokitasuna zalantzan jartzeko edo baloratzeko jarrera kritikoa sendotzea.

9. Talde lana eta ideia eta esperientzien trukea baloratzea, lan metodo gisa, diseinuaren eremu guztietan.

10. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

11. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Diseinua eta haren testuingurua.

-Asmaketaren jatorria. Artisautzatik industriara. Diseinu kontzeptua.

-Diseinua eta ideologia. Bilakaera historikoa.

-Diseinua, gizartea eta kontsumoa. Diseinua eta ekologia. Diseinuaren balorazioa eta erabiltzailearekiko lotura "kontsumoaren" gizartean.

2. Diseinua eta taxua.

-Diseinuaren aplikazio eremuak.

-Prozesua diseinuan. Diseinu metodoen aplikazioa. Diseinua eta sormena.

-Diseinua eta funtzioa: diseinuaren alderdi pragmatikoaren, sinbolikoaren eta estetikoaren azterketa.

-Ikus-hizkuntzaren ezagutza eta erabilera. Oinarrizko elementuak: puntua, marra, planoa, kolorea, forma eta testura.

-Ikus-hizkuntza. Egitura, osaera eta aplikazioak: errepikapena. Modulukako konposizioa eta antolamendua. Simetria. Dinamismoa. Dekonstrukzioa.

3. Diseinu grafikoa eta ikus-komunikazioa.

-Diseinu grafikoaren komunikazio funtzioen azterketa: identitatea, informazioa eta pertsuasioa.

-Diseinu grafikoaren arloak.

-Diseinua eta identitatea ezagutu eta aplikatzea.

-Seinaleztapena eta haren aplikazioak.

-Tipografia eta haren erabilera. Egitura. Tartea eta konposizioa.

-Diseinua eta publizitatea. Erretorikaren erabilera.

4. Diseinua espazioan.

-Ergonomia, antropometria eta bionika ezagutu eta erabiltzea.

-Objektuen diseinua: objektu bakuna, objektu artikulatua.

-Produktuaren diseinua (edo industria diseinua): material, kolore eta fabrikazio-sistemei buruzko oinarrizko ezagutza. Industria diseinuko proiektuak ebaztea.

-Barnealdeen diseinua. Espazioaren psikologia. Proxemika. Banaketa eta zirkulazioa barnealdeen diseinuan.

-Material, kolore, testura, argi eta instalazioei buruzko oinarrizko ezagutza.

-Barnealdeen diseinuko proiektu bat egitea.

Ebaluazio irizpideak

1. Diseinuak naturarekin, gizartearekin, ideologiarekin eta etikarekin dituen loturak ulertzea. Diseinuaren historian garrantzia izan duten mugimendu historiko, joera eta eskolen ezaugarri nagusiak ezagutu eta azaltzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek ulertzen duten diseinua ingurune natural edo/eta kulturalarekin beti lotuta dagoen jarduera dela eta diseinuaren berariazko faktoreak beti daudela inguruneko faktoreen eraginpean. Halaber, joera eta eskola nagusiak ezagutzen dituzten ebaluatuko da.

2. Metodo egokia erabiltzea "diseinuko objektuaren" proiektua garatzeko.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleek aintzat hartzen duten metodologiaren garrantzia, proiektua zuzen planteatu, garatu eta azaltzeko tresna gisa.

3. Ikus-hizkuntzaren oinarrizko elementuak erabiltzea konposizio-lotura desberdinak ezartzeko: ordena, modulukako osaera, simetria, dinamismoa eta dekonstrukzioa. Sortutako egiturak diseinuko objektu jakinetan izan ditzaketen aplikazioak ezagutzea.

Konposiziorako gaitasuna eta ikus-elementuen, haien arteko loturen eta haien adierazpen ahalbideen erabilera egokia baloratu nahi dira irizpide honen bidez. Bereziki azpimarratuko da kolorearen erabilera: haren ezaugarri funtzional eta estetikoak, nola egokitzen den aplikazio desberdinetarako kode semantiko eta psikologikoen arabera.

4. Diseinu grafikoko oinarrizko proiektuak egitea identitatearen, seinaleztapenaren, edizioaren eta publizitatearen arloetan.

Irizpide honen xedea da ikasitakoak diseinu grafikoko proiektu zehatzak egiteko aplikatzeko gaitasuna ebaluatzea: konposizioa, metodologia, hizkuntza formala, hizkuntza sinbolikoa, erretorikoa eta baldintza funtzionalak.

5. Tipografiako familia nagusiak ezagutzea, eta irakurgarritasunari, egiturari, tarteei eta konposizioari buruzko oinarrizko ezagutza izatea.

Irizpide honen bidez, ikasleek tipografia zuzen erabiltzeko gaitasunik baduten egiaztatu nahi da, eta hautapenerako eta konposiziorako irizpide egokiak erabiltzen dituzten.

6. "Diseinuko objektu" desberdinak aztertu eta haien egokitasuna zehaztea, kasu guztietan alderdi pragmatikoak, sinbolikoak eta estetikoak aztertu ondoren.

Irizpide honen bitartez diseinuko objektuen alderdi formalak, egiturazkoak, semantikoak eta funtzionalak aztertzeko gaitasuna neurtzen ahal da. Objektu naturalak izan daitezke, edo egunero erabiltzen diren objektu bakun eta artikulatuak, edo diseinu grafikoko objektuak.

7. Ergonomiaren eta antropometriaren oinarriak ezagutzea, diseinuan aplikatzeko.

Irizpide honen bidez garrantzi handiko baldintzei buruzko ezagutza eta praktika baloratu behar dira, baldintza horiek diseinuko objektuen erabilera hobetzeko balio baitute: giza gorputzaren atalen neurriak (estatikoak eta dinamikoak) eta ezaugarriak.

8. Industria diseinuko oinarrizko proposamen bat egitea, objektu bat diseinatzeko, eta prozesu metodologiko egokiari jarraitzea hura aurkeztu, irudikatu eta gauzatzeko.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek diseinuan eragiten duten baldintzak egokitu eta artikulatzeko, materialak, koloreak eta fabrikazio prozesuak beren proposamenari egokituz, eta, halaber, irudikapen teknikak eta sistemak zuzen erabiltzeko.

9. Bizitzeko gune baten oinarrizko proiektua egitea, eta proiektu horren garapenean prozesu metodologiko egokia erabiltzea.

Irizpide hau baliatuz ebaluatu ahal izanen da ea ikasleek gaitasunik ba ote duten bizigarritasunerako eta espazioko banaketa eta zirkulaziorako antolabideak bilatzeko, material, argi, kolore eta instalazioen erabilera egokituz eta irudikatzeko teknika eta sistemak zuzen erabiliz.

ARTEAREN HISTORIA

Irakasgai honen azterketaren xedea artelana da, gizakiaren sormen eta ekintzaren ondoriozko produktu den aldetik; artelanak bere kode bereziak ditu adierazpenerako, eta aberastu egiten ditu errealitatearen ikuskera orokorra eta agertzeko dituen era askotako formak.

Irakasgai honen xedea, humanitateen munduari lotutako prestakuntza artistikoan eta arteen eremuko prestakuntza berariazkoa hautatzen dutenentzat, artelanak behatu, aztertu, interpretatu, sistematizatu eta baloratzea da, eta, halaber, beren garaian eta tokian kokatzea. Haren bitartez artea kode anitzeko hizkuntza gisa hautematen ikasten da, kode horiek ideiak adierazteko eta zirrarak partekatzeko balio baitute, eta berariazko ezagutzak lortzen dira arte plastikoen formen hizkuntza hautemateko, gero eta oparoago, irudien sorkuntzatik eta irudi bidezko komunikaziotik datozen beste adierazpen batzuen ekarpena dela medio. Horrek guztiak, aldi berean, "ikusteko" gaitasuna handitzen eta sentikortasun estetikoa garatzen laguntzen du.

Bestalde, artelanak, errealitate baten adierazpen eta giza jardueraren agerpen diren aldetik, gizarteen nondik norakoa ezagutzeko lekuko bikain eta ezinbestekoak dira berez. Artelanak beren inguru sozio-kulturalean aztertu behar dira, eta haiek ulertzeko ezinbestez hartu behar dira kontuan artelana sortzeko prozesuan eragina duten faktore eta inguruabarrak; aldi berean, artea une historiko bakoitzeko kulturan txertatuta aztertu behar da, eta beste jarduera eta jakintza arlo batzuei lotuta.

Irakasgai honek, gainera, arte ondarea baloratzen eta hartaz gozatzen laguntzen du. Berez, oroimen kolektiboaren legatu gisa edo biltzen dituen baliabideen ahalmena kontuan hartuz, ondare hori errespetatu eta zaintzearen aldeko jarrerak garatu behar dira, etorkizuneko belaunaldiei helarazteko.

Artearen bilakaeraren azterketa Mendebaldeko kulturako arte estilo nagusien bitartez taxutzen da. Arte sorkuntzaz hitz egiteak, jakintza arloaren barne logikari eutsiz ikuspegi globalaren bitartez, luze joko luke. Horregatik edukien hautaketa zorrotza egin behar da, estilo nagusien garapenari buruzko hurbilketa orokorra egin ahal izateko eta, aldi berean, ikasleek arte garaikidea eta arteak gaurko munduan duen eginkizuna ulertu ahal izan ditzaten.

Edukiak multzokatzeko irizpide kronologikoa erabili da. Horrela, ezinbestez laburra den ikuspegi orokor hori eskaintzean, lehentasuna ematen ahal zaio arte sorkuntzaren ezaugarri nagusiak ulertzeari, haren ekarpen garrantzitsuetan. Egokia litzateke artelan zehatzen analisia egitea, haietatik abiaturik estilo bakoitzaren ikusmolde estetiko nagusiak, haren baldintza historikoak, haren aldaera geografikoak eta denboran zehar egin zaizkion balorazio eta interpretazioak aztertzeko.

Proposatzen den lehenbiziko eduki multzoan, irakasgai honi buruzko ikusmoldean funtsezkoak diren gaiak ikasten dira; zeharkako gaiak direla ulertu behar da, arlo oso esanguratsuak jorratzen dituztelako, esate baterako, artelanak beren inguruan kokatzea, hizkuntza plastikoa edo ikus-hizkuntza, edo analisi metodo bat aplikatzea artelanak ulertzeko.

Helburuak

Batxilergoan Artearen historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Historian zehar arteari buruz izandako ikuskera aldaketak eta artearen funtzio sozialen bilakaera ulertu eta baloratzea.

2. Artelanak giza sormenaren erakusgarri diren aldetik ulertzea, berez diren bezala goza baitaitezke eta garai eta kultura baten lekuko gisa baloratu.

3. Artelanen azterketarako analisi metodo egokiak erabiltzea artelanak ulertzeko, ikus-arte desberdinen arte hizkuntza ulertzeko, berariazko terminologia ikasteko eta sentikortasuna eta sormena garatzeko.

4. Mendebaldeko artearen estilo eta artista nagusien agerpen artistiko nabarmenenak ezagutu eta bereiztea, eta ondorengo garaietan izan duten eragina edo iraupena baloratzea.

5. Arte ondarea ezagutu, gozatu eta baloratzea, eta kontserbatzen laguntzea modu aktiboan, ondorengo belaunaldiei utzi behar zaien aberastasun eta ondarea dela kontuan izanda, eta hura hondatzen duten portaerak gaitzestea.

6. Gustu pertsonala eratzen, arteaz gozatzeko gaitasuna lantzen eta zentzu kritikoa garatzen laguntzea, eta artelanen aurrean nork bere sentimenduak adierazten ikastea, artelana hautemateko moduen aniztasuna errespetatuz eta estereotipo eta aurreiritziak gaindituz.

7. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

8. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Artea, denboran eta espazioan ageri den giza adierazpen gisa: artelanaren esanahia.

-Artelana bere inguru historikoan. Artearen eginkizun soziala garai desberdinetan: artistak, babesleak eta bezeroak. Emakumeak eta arte sorkuntza.

-Hizkuntza plastikoaren eta ikus-hizkuntzaren berezitasuna: materialak, teknikak eta osagai formalak. Hizkuntza ikonografikoaren garrantzia.

-Artelan adierazgarriak aztertu eta interpretatzeko metodo bat aplikatzea estilo eta artista garrantzitsuei dagokienez.

2. Europako artearen sustraiak: arte klasikoaren ondarea.

-Grezia, hizkuntza klasikoaren sortzaile. Agerpen nagusiak.

-Klasizismoaren ikuskera Erroman. Artea Hispania erromatarrean.

-Arte erromatarraren aztarna arkeologiko eta artistikoak Nafarroan.

3. Mendebaldeko arte tradizioaren sorrera: Erdi Aroko artea.

-Kristautasunaren ekarpena arkitekturan eta ikonografian.

-Arte erromanikoaren taxutzea eta garapena.

-Gotikoaren ekarpena, hiri kultura baten adierazpena.

-Iberiar Penintsulako garapen artistiko berezia. Arte hispano-musulmana. Erromanikoa Done Jakue bidean. Gotikoa eta haren iraupen luzea.

-Nafarroako Erdi Aroko artearen zenbait adibide adierazgarri.

4. Europako artearen garapena eta bilakaera mundu modernoan.

-Pizkundea. Hizkuntza berriaren sorrera eta garapena arkitekturan, eskulturan eta pinturan. Italiako Pizkundeko artista handien ekarpenak.

-Pizkundeko estetikaren harrera Iberiar Penintsulan.

-Barrokoaren batasuna eta askotarikotasuna. Arte hizkuntza botere zibilaren eta eliz boterearen zerbitzuan. Joera nagusiak.

-Barroko espainiarra. Hirigintza eta arkitektura. Espainiar pinturaren ekarpena: Urrezko Mendeko artista handiak.

-XVIII. mendeko arkitektura, eskultura eta pintura: Barrokoaren eta Neoklasikoaren artean.

-Pizkundeko eta Barrokoko artearen adibide adierazgarriak Nafarroan.

5. XIX. mendea: artea aldatzen ari den munduan.

-Goya.

-Industria iraultza, eta material berrien eragina arkitekturan: eklektizismotik Modernismora.

-Hirigintza modernoaren sorrera.

-Arte plastikoen bilakaera: Erromantizismotik Inpresionismora.

-XIX. mendeko artearen zenbait adibide adierazgarri Nafarroan.

6. Tradizioaren haustura: artea XX. mendeko lehenengo erdialdean.

-Abangoardiak arte plastikoetan. Mendebaldekoak ez diren tradizioen eragina. Fauvismotik Surrealismora.

-Arkitektura-hizkuntzaren eraberritzea: arkitektura funtzionala eta organikoa.

-XX. mendeko artearen zenbait adibide adierazgarri Nafarroan.

7. Gure garaiko artea: artearen unibertsalizatzea.

-Nazioarteko estiloa arkitekturan.

-Arte plastikoak: abstrakzioaren eta errealismo berriaren artean.

-Ikus-sistema berriak: argazkigintza, zinema, kartelgintza, adierazpen hizkuntzen konbinazioa. Teknologia berriek artearen zabalkundean eta sorkuntzan duten eragina.

-Artea eta kontsumo handiko ikus-kultura: artea kontsumo-ondasun gisa.

-Arte ondarea zaintzeko kezka.

-Nafarroako arte garaikidearen zenbait adibide adierazgarri.

Ebaluazio irizpideak

1. Artearen ikuskeran eta funtzioetan une eta kultura desberdinetan izan diren aldaketak aztertu eta konparatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak, artearen kontzeptuan eta funtzioetan azaltzen diren desberdintasunak aztertu eta alderatu ondoren, kontzeptu horien konplexutasunaz ohartzen diren eta haietan izaten diren aldaketen arrazoiak ulertzen dituzten.

2. Artelanak aztertu eta interpretatzea, haiek osatzen dituzten elementuak (materialak, formalak, gaiaren tratamendua, artistaren nortasuna, bezeroak, etab.) eta inguru historiko eta kulturalarekiko lotura kontuan hartzen dituen metodo baten bitartez, eta ideiak argi eta zuzen adieraztea, berariazko terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten eta badakiten erabiltzen artelan baten alderdi guztiak ulertu eta interpretatzeko balio duten prozedurak. Halaber, irizpide honen bidez egiaztatzen ahal da ea ikasleek ezagutzen duten erabiltzen ari diren ikus-hizkuntza eta hura interpretatzeko gai direla ezaugarri estilistikoei, inguru historiko-kulturalari edo, kasua bada, artistaren berezitasunei erreparatuta.

3. Historiako aro edo une bateko artelan adierazgarriak aztertzea, arte estilo jakin bateko edo artista jakin baten obra gisa sailkatzeko kontuan hartzen diren ezaugarri nagusiak identifikatzea, eta, kasua bada, garai berean garatzen ahal diren joera edo eredu estetikoen aniztasuna baloratzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek ulertzen duten zer den estiloa, eta, obra jakinetan, mendebaldeko artearen estilo nagusien ezaugarriei edo, kasua bada, artista jakin baten berezitasunei antzematen dieten. Sailkapena bera baino gehiago baloratuko da sailkapen horren arrazoien azalpena, bai eta ideiak azaltzeko argitasuna eta hizkuntzaren zehaztasuna ere.

4. Europako, Espainiako eta Nafarroako tradizio kulturaleko arte estilo nagusien ezaugarriak azaltzea, oinarrizko bereizgarriak deskribatuz; estilo horiek espazioaren eta denboraren koordenatuetan kokatzea, eta garatu diren inguruarekin lotzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek Mendebaldeko artearen bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra duten eta arte estilo bakoitzaren berezitasunei antzemateko, denboran kokatzeko eta bere inguru historikoarekin lotzeko gai diren.

5. Ikusmolde estetikoak eta ezaugarri estilistikoak alderatu eta konparatzea, zerk iraun duen eta zer aldatu den ikusteko.

Irizpide honen bidez, aldaketa artistikoko prozesuak baloratzeko gaitasuna eta pertzepzioa ebaluatu nahi dira, arteari hizkuntza gisa erreparatuta: osagai formalei buruzko ikusmolde desberdinak, arazo tekniko berriak, gaien tratamendua, arteari lotutako ohitura eta eginkizun berrien eragina, etab.

6. Artista nagusien artelan garrantzitsuak ezagutu eta aztertzea, Espainiako eta Nafarroako artista nagusiengan arreta berezia jarriz, eta haien estiloa bereizten duten ezaugarriei eta berezitasunei antzematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik beren lanetan planteamendu berriak garatu edo historiako inguruabar jakinetan inoiz jorratu gabeko bide artistikoak ireki dituzten zenbait artistaren protagonismoa baloratzeko, eta haien obrak Artearen historiari ekarritako berrikuntza edo jenialtasuna aintzat hartzen duten.

7. Artea eguneroko bizitzan eta komunikabideetan nola agertzen den azaltzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da noraino dakiten ikasleek ikasitakoa aplikatzen beren iritzia azaltzeko arteak gaurko munduan duen eginkizunari buruz, eguneroko bizitzako hainbat alderditan agertzeari buruz eta kontsumo objektutzat hartzeari buruz.

8. Monumentu artistikoak eta artelanak bertatik bertara ikustea museo eta erakusketetan, behar den informazioarekin prestatu ondoren; artelanen kalitate estetikoari antzematea, eta, ahoz zein idatziz, haiei buruzko iritzi arrazoitua ematea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ba ote dakiten aurretiko ezagutzak erabiltzen irtenaldi edo bisita bat prestatzeko, eta ea zuzeneko behaketa erabiltzen duten beren ezagutza eta sentipen estetikoak handitu eta zehazteko. Behatu eta aztertzen diren artelanen kalitate estetikoaz jabetzeko gaitasuna baloratuko da, eta haien aurrean nork bere sentimendu eta ideiak azaltzeko hizkuntza gaitasunen maila ere bai.

MUSIKAREN ETA DANTZAREN HISTORIA

Musikaren eta dantzaren historiaren bitartez ikasleei ikuspegi orokorra eman nahi zaie musikak eta dantzak artearen historian duten lekuaz eta gizateriaren historiari egin dioten ekarpenaz. Bestalde, lanak ulertu, aztertu eta baloratzeko oinarriak eman nahi zaizkie, eta haien aurrean bakoitzak bere iritzi estetikoa izateko irizpideak ere bai.

Arte modalitateko Batxilergoko irakasgai honek adierazpen eta estiloen sorta handia erakusten dio ikasleari, bai eta denboran zehar elkarri estu lotuta garatu diren bi arlo artistiko horietako sorkuntza ulertzeko modu desberdinak ere.

Irakasgai honetan biek bat egiten dutenez, osotasun gisa hartuta egiten ahal da haien bilakaerari buruzko hurbilketa. Haiek ezagutuz gero aukera berriak azaltzen dira eta musikari eta dantzari so egiteko ikuspegia zabaldu egiten da, ez hainbeste egileak edo haien lanen katalogoa zehatz-mehatz aztertuz, baizik eta banakoen edo taldeen ekarpen handiak, haien ezaugarriak eta denboran zehar izandako bilakaera ulertuz eta baloratuz.

Irakasgai honetan ikuspegi historiko zabala taxutzen da eta hor biltzen dira irizpide gutxi-asko konbentzionalarekin musikaren eta dantzaren historian ezarri diren aro guztiak, hastapenetatik gaur artekoak. Bereziki sakontzen da obren errepertorioa utzi diguten garaietan. Halaber, aztergai dira estilo bat itxuratzen duten ezaugarri nabarmenenak, estiloak ordezkatzen dituzten egileak eta beren obren bitartez musikaren eta dantzaren ikuskera estetiko berrietaranzko bilakaera eta aldaketa sustatu zuten egileak.

Hautaturiko edukiek, bestalde, gai garrantzitsuei buruzko ezagutzak biltzen dituzte: musikaren eta dantzaren bilakaera aldi historiko bakoitzean; aldi bakoitzeko sonoritateak eta dantzak; forma musikal desberdinen sorrera edo iraupena, estiloak mugatzen dituen elementu nagusietako bat den aldetik; herri musikaren, musika landuaren eta dantzen arteko lotura; eta interpretazioa, hots, musikari dagokion kodearen edo tradiziotik jasotakoaren itzulpen praktikoa.

Aldi historikoak ordezkatzen dituzten obrak musika edo dantza emanaldietan entzun eta ikusteko ohiturak eta arte horiek garatu diren inguruetako ezaugarri estilistikoei eta joera estetikoei buruzko informazio iturrien erabilerak ikasleen gustua moldatuko dute eta arte sorkuntzari begiratzeko ikuspegi zabalagoa eskainiko diete. Bereganatuko dituzten ezagutzek bide emanen diete musikaren eta dantzaren bilakaera ulertzeko, haiek sortu ziren gizarteetako beste arte adierazpen batzuekiko loturak ezartzeko, obrak denboran kokatzeko eta, azkenik, haien azterketan eta balorazioan oinarriturik argudiatzeko.

Azpimarratu behar da ikuspegi nabarmenki praktikoa hartu behar dela. Irakasleak jartzen dituen gaien haritik ikasleek modu aktiboan parte har dezaten eta iritzi desberdinak jendaurrean azal daitezen lortu behar da. Irakasgaia ez da erabat askatu behar oinarri teorikoetatik, eta horiek iturri historikoen eskutik etorri behar dute, funtsean. Hala, ikasleek musikaren eta dantzaren inguruko kontu guztiak ulertzea ahalbidetuko dieten dokumentu eta iturriak irakurtzen ohitu behar dute, eta sortzaileek berek sorkuntzari eta kulturari buruz emandako informazioarekin eta gakoekin osatu.

Eduki hauek ezagutzeak ikasleen kultura estetikoa garatuko du, eta haien guztien integrazioak trebetasun eta estrategia metodologikoak erantsiko dizkio ikasleen ondare akademikoari. Horrela datuak eskuratu eta landu ahal izanen dituzte, gero beren kabuz gogoeta egiteko. Hala, aurkezten zaien edozein obra kokatu, ulertu, barneratu eta iruzkintzeko gaitasuna lortuko dute. Garrantzitsuena hauxe da: behin irakasgai hau egin eta gero, ikasle guztiek prestakuntza zabalagoa, musikak eta dantzak artearen historian duten lekuari buruzko ikuspegi osoagoa eta nork bere iritzi estetikoak ezartzeko bideak izan ditzatela.

Helburuak

Batxilergoan Musikaren eta dantzaren historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Obrak entzunda edo ikusita, haien ezaugarri nagusiak bereiztea, bai estetikoak bai estilistikoak, eta musikaren eta dantzaren historian dagokien garaian kokatzea.

2. Musikaren eta dantzaren garai historiko bakoitzaren ezaugarri nagusiak, sortzaile handienak eta horien lanak ezagutzea, bai eta arlo artistiko horien historian zehar izandako garrantzia ere.

3. Musikak eta dantzak gizarteen arte adierazpen gisa duten garrantzia baloratzea, kultura, soziologia eta estetika faktoreek sorkuntza prozesuan duten eragina aintzat harturik, eta literaturarekiko eta gainerako arteekiko harremanak ezagutzea.

4. Hezkuntza estetikoa eta sen kritikoa garatu eta zabaltzea; musika eta dantza emanaldiak ikusi edo entzuten ohitzea, bai tradizio klasikotik datozenak eta bai beste kultura batzuetakoak edo musika hiritarraren egungo joerak ere, hartara pentsamendu estetiko askea, irekia eta malgua lantzeko.

5. Ahoz edo idatziz azaltzea, lexiko eta terminologia egokiak erabiliz, beste gauza batzuen artean, lan baten ezaugarri estetiko eta estilistikoak eta hura sortu zen inguru kulturalarekiko loturak; horretarako, iturri bibliografikoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea.

6. Musikaren eta dantzaren ondare artistikoa ezagutu eta baloratzea, historia eta kultura ondarearen zati gisa, eta Espainiatik egindako ekarpen nabarmenak ezagutzea.

7. Askotariko arte adierazpen garaikideak ezagutzeko jakin-mina garatzea, eta pertsona bakoitzaren lehentasunak eta gustuak ulertu eta errespetatzeko balioak sustatzea.

8. Musika eta koreografia sortzeko prozesua ulertzea eta haren hedapenean zuzenean esku hartzen duten eragileak bereiztea: interpreteak, instrumentuak, grabazioak, partiturak, etab.

Edukiak

1. Pertzepzioa, azterketa eta dokumentazioa.

-Musikako eta dantzako lan adierazgarriak entzun eta ikustea eta haien ezaugarri estetiko eta estilistikoak hautematea.

-Artelana bere inguru historikoan. Musikak, dantzak eta artistek garai desberdinetan izandako eginkizun soziala.

-Partitura, musikaren historiako aldi guztietako estiloak aztertu eta identifikatzeko elementu gisa. Notazioaren eta grafia musikalaren bilakaera ulertzea.

-Argudiatzea eta nork bere iritzia azaltzea, lexiko eta terminologia berariazkoak erabiliz, musikarekin, dantzarekin, joera estetikoekin edo egileekin zerikusia duten obra eta testuei buruz.

-Nork bere balorazio estetikoa egitea egileei eta lanei buruz, musika eta dantza beren inguruarekin lotuz eta hainbat iturritatik jasotako informazioa erabiliz, iturri teknologikoak barne.

2. Musika eta dantza Antzinatetik Erdi Arora arte.

-Musikaren eta dantzaren jatorria: adierazpenak antzinako zibilizazioetan eta Antzinako Grezian

-Musika Erromanikoan: kantu gregorianoa.

-Trobadoreen mugimendua: Alfontso X.a Jakintsua.

-Polifoniaren sorrera, Ars Antiqua eta Ars Nova.

3. Pizkundea.

-Musika instrumentala. Instrumentuak. Gorteko dantzak. Balletaren sorrera.

-Ahots musika erlijiosoaren eta haren ordezkarien garrantzia.

-Ahots forma profanoak: madrigala eta madrigal estiloa.

-Espainiako polifoniaren urrezko mendea: musika erlijiosoa: Tomás Luis de Victoria. Musika profanoa.

4. Barrokoa.

-Hizkuntza adierazkorraren bilakaera.

-Instrumentuak eta forma instrumentalak, ahots formak, erlijiosoak eta profanoak.

-Operaren sorrera. Ballet de cour delakoa. Komedia-balleta.

-Barrokoko gorteko dantzak. Musika eszenikoa.

5. Klasizismoa.

-Estilo galaia eta Mannheimgo Eskola.

-Ahots musika: Glucken erreforma, opera bufoa eta opera serioa.

-Musika sinfonikoaren garapena: Haydn, Mozart eta Beethoven.

-Ganbera musika.

-Ekintza balleta. Ikuskizunaren alderdi berriak.

-Instrumentuak: pianoa, orkestra sinfonikoa.

6. Erromantizismoa, nazionalismoa eta erromantizismo ondokoa.

-Forma sinfonikoak. Sinfonia, solistarako kontzertua.

-Nazionalismo musikalen jatorria eta esanahia: eskolak eta estiloak.

-Opera. Verismoa.

-Ballet erromantikoa. Ballet akademikorako trantsizioa. Ballet akademikoa.

-Literaturak musikan izandako eragina.

-Aretoko musika eta dantzak.

-Zarzuela.

7. Lehenbiziko joera modernoak.

-Lehenbiziko hausturak: inpresionismoa, espresionismoa eta atonalitate librea. Stravinski eta Diaghileven ballet errusiarrak.

-98ko belaunaldia Espainian: Falla.

-Europako eta Amerikako antzerki musikala XX. mendearen hasieran. Jazz musikaren jatorria eta garapena.

-Hizkuntza musikalaren aldaketak.

-Dodekafonismoa.

-Musika baliagarria.

-27ko belaunaldia.

-Instrumentuak.

8. Musika eta dantza XX. mendearen bigarren erdialdean.

-Serialismo integrala Europan.

-Musika elektroakustikoa eta musika konkretua.

-Serialismo ondokoa: zehazgabetasuna eta ausazkotasuna. Grafia musikal berriak.

-Espainiako abangoardiako musika: 51ko belaunaldia.

-Instrumentu berriak eta musikari aplikatutako teknologia.

-Dantza garaikidea.

-Herriko musika eta dantza modernoak: pop-a, rock-a.

-Kantu eta dantza flamenkoa.

-Zinemako, publizitateko eta girotzeko musikaren garrantzia. Dantza zineman.

-Eszenografiako teknologien aplikazioa musikan eta dantzan.

9. Musika tradizionala munduan.

-Musika exotikoa, etnikoa, folklorikoa, herrikoia.

-Musika eta dantza erritu, tradizio eta jaietan.

-Kantu estiloak, melodiak, eskalak, testurak, erritmoak.

-Organologia.

-Mendebaldekoa ez den tradizioaren balio estetikoak.

Ebaluazio irizpideak

1. Garai, estetika edo estilo desberdinetako lanak entzunda edo ikusita, haiek identifikatzea, ezaugarri nagusiak deskribatzea eta historiako zein garaitakoak diren azaltzea.

Proposaturiko obren izaera, generoa, ezaugarri estetikoak eta alderdi estilistiko nagusiak atzemateko gaitasuna ebaluatuko da irizpide honen bitartez.

2. Lan bat entzun edo ikusi ondoren, nork bere iritziak azaltzea, analisi estetikoaren edo iruzkin kritikoaren bidez, teknika, adierazpena eta interpretazioa kontuan izanik, ikasitako ezagutzak eta terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek, beren ezagupenetan oinarriturik, lan jakin baten edo horren interpretazioaren balorazio estetikoa egiteko, ikuspegi pertsonaletik, eta ea musikari eta dantzari aplikatu beharreko hiztegia eta terminologia zientifikoa ezagutzen dituzten.

3. Lan bat entzun edo ikusi ondoren hura denboran kokatzea, edo antzeko ezaugarriak dituzten obrak, estilo edo eskola nagusietakoak, elkarrekin konparatzea eta haien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak azaltzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek musikaren eta dantzaren historiako aldiak identifikatzen eta denboran kokatzen dituzten, ea estilo, genero edo eskolen ezaugarri nagusiak ezagutzen dituzten, eta zenbait lanen arteko desberdintasunak bereizten dituzten.

4. Musikaren eta dantzaren historia eta musika eta dantzako obra adierazgarrienak kulturaren beste alderdi batzuekin, inguru historikoarekin eta gizartearekin lotzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek artearen konplexutasuna ulertzeko, irakasgaiaren bidez ikasi dutena landu eta beren ondorioak atera ondoren, eta ea ulertzen duten pentsamendu kritikoaren bilakaera, musikaren historiako etapak eta obrek sorrerako unean duten eginkizuna baloratzeko gaitasunari dagokionez.

5. Musikaren historiako garai, estilo edo egile aipagarrienen bilakaeran eragina izan dezaketen inguruabar kultural edo soziologikoak identifikatzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ikasleak zer gaitasun duen garai, estilo nahiz autore jakin baten bilakaeran mugak jarriko dituzten inguruabar garrantzitsuen konplexutasuna aztertzeko.

6. Musikari edo dantzari buruzko testuak aztertzea.

Irizpide honek neurtzen du zenbateko gaitasuna duen ikasleak testuaren egilearen planteamenduak jaso eta deskribatzeko eta garai jakin bateko korronte estetiko eta estilistikoekin erlazionatzeko.

7. Lan erraz bat aurkeztea, gaurko edo iraganeko musikari, dantzari, literaturari edo artearen estetikari buruzko informazioa bilduz egin beharrekoa.

Irizpide honen bitartez, ikasleek, bakarka edo taldean, lantxo bat modu onargarrian planteatu eta burutzeko duten gaitasuna neurtuko da. Lan horrek irakasgaian gehiago sakontzeko interesa piztu behar die, eta iturri bibliografikoak nahiz informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabili beharko dituzte hura egiteko. Kasu honetan, egindako azterlanaren egiazkotasun eta zorroztasunari eman behar zaio garrantzia, eta ez gaiaren mailari.

8. Proposaturiko adibide batetik abiaturik, analisi edo iruzkin baten bidez azaltzea nola erabiltzen diren musika eta dantza literatura testuen euskarri gisa edo operan, balletean, zineman nahiz antzerkian dramatismoa areagotzeko tresna gisa.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek gero eta hobeki ulertzen duten musikak eta dantzak zein eginkizun betetzen duten eta nola elkartzen diren beste arte batzuekin artelan osoa eratzeko.

MUSIKA HIZKUNTZA ETA PRAKTIKA

Arte modalitateko Batxilergoan, Musika hizkuntza eta praktikako irakasgaiak prestakuntza musikalean sakontzen jarraitzen du; hain zuzen ere, ikasleak derrigorrezko hezkuntzan bereganatzen joan diren eta musika ezagutu, ulertu, estimatu eta kritikoki baloratzeko trebatu dituen prestakuntzan.

Irakasgai hau bi alderdiren inguruan antolaturik dago. Lehenbizikoa da hizkuntza musikala osatzen duten elementu morfologiko eta sintaktikoen ezagutzan aurrera egitea; bigarrena, adierazpenari lotutako gaitasunak garatzea, alegia, sormena eta musikaren interpretazioa.

Musika hizkuntzako ezagutzak eskuratzeko prozesua ezinbestez oinarritu behar da musika entzun eta ulertuz hizkuntzaren elementuak bereizteko trebetasunen garapenean; aldi berean, grafia musikaleko ikurren bidez, irakurriz eta idatziz eta oroimenaren bidez haiek identifikatzeko gaitasuna garatuko da.

Musikak komunikazioa du helburu. Horretarako, ahots piezak eta pieza instrumentalak sortu eta interpretatzeko behar diren trebetasunak garatu beharko dira, horien bitartez garatuko baitira ikasleen adierazpen gaitasunak. Nork bere baliabide fisiologikoekin soinuak lortzeko esperientzia pertsonala guztien bizitzan gertatzen da, haurrak lehenbiziko hotsak ateratzen dituenetik, eta ordezkaezina da. Horregatik, esperientzia abstrakzio kontzeptualaren aurrekoa izanen da, eta soinuan aktiboki parte hartzearen gozamenetik abiatuko da. Hala, ikasleek ulertuko dute diskurtso musikalak zentzua hartzen duela haren elementuak sintaxi baten bidez antolatzen eta elkarrekin lotzen direnean. Partituren erabilerak musika lanak irakurri eta idazteko trebetasunak sendotuko ditu.

Mendebaldeko musikak etengabe baloratu du kantagarritasuna osagai garrantzitsu eta emankor gisa, bai sorkuntzan bai interpretazioan, eta desbideratze nabarmenak izan badira ere, beti entzun dira musikaren ahots-propietateak aldarrikatzen zituzten itzal handiko ahotsak. Kantagarritasun hori, hau da, birsorkuntzarako eta musikaren bidezko adierazpenerako ahalbidea, lehenik eta behin giza ahotsak ematen du, eta horrexegatik komeni da kantuaren gozamenaren esperientzia izatea bakarka edo taldean. Ahots esperientziak soinu fisikoaren giza dimentsio barneratuagoa eskainiko du. Esaldi bat musikaltasunez kantatzen jakiteak pasartea ulertzeko bidea eman dezake eta, horrenbestez, ahalegin asko saihestuko dira ikasteko prozesuan. Edozein ikur grafiko-musikal kantura itzultzen jakitea egiazko jakintza da, eta arte musikalean nabarmenki sakontzen lagunduko du. Kantua polifonikoa bada, gainera, ahalmen pedagogikoak biderkatu egiten dira. Soinu, erritmo, tinbre eta dinamika anitzeko fenomeno horren plastikotasun espazialak dimentsio sozial eta artistiko bakana eta ordezkaezina eskaintzen du.

Hizkuntza desberdinekin kultura guztietan agertzen den arte adierazpena da musika. Kultura gehienetan osagai erritmikoak berebiziko garrantzia du eta mugimenduari eta dantzari loturik dago hautsi ezinezko loturarekin. Gizakiek haurtzaroan izaten duten lehenbiziko bizipen musikaletako bat pultsua edo erritmoa hautematea da. Pertzepzio horri mugimenduarekin erantzuten zaio, gorputzaren mugimenduak musikaren pultsuari egokituz. Horregatik da garrantzitsua hura barneratzea esperientziaren bidez, espazioko mugimenduaren bidez edo gorputzaren eta instrumentuen perkusioari loturik.

Praktika musikalean sakontze horrekin loturik, prestakuntza musikal sendo batek soinu ekoizpena hartu behar du abiapuntu eta hala helarazi behar dio kontzientziari, musika interpretatu aurretik barneratuz eta humanizatuz. Bakarka edo taldean artistikoki interpretaraztea lehenbiziko urrats zuzena da prestakuntza musikalean. Praktika eta esperientzia dira nagusi, beraz, gizarte gaitasunak eta adierazpen gaitasunak garatzeaz gain, taldeko interpretazioari dagozkionak ere lantzen direlako: afinazioa, enpastea, fraseatuaren homogeneotasuna, ekinaldien berdintasuna, testuaren argitasuna, pultsuaren eta erritmoaren bizipena, etab.

Ahozko hizkuntzan bezala, musikak soinua behar du euskarri fisiko moduan. Soinutik abiatuta garatzen da eta berezko esanahia hartzen du. Ahozko hizkuntzan bezala, musika hizkuntzaren osagai morfologikoez eta sintaktikoez mintzatzen ahal da. Musika tonalaren prozesu harmonikoen oinarrizko arauak ikastea funtsezkoa da musika sorkuntzarako prozedurak ulertu ahal izateko. Ez dugu ahaztu behar, halaber, musika konposizioaren munduak bilakaera izugarri azkarra izan duela XX. mendeko bigarren hamarkadaz gero. Osagai erritmikoek protagonismoa hartu dute eta kontuan hartzekoa da jazza, rock-a, pop-a edo flamenkoa bezalako musika adierazpenen garrantzia.

Horregatik guztiagatik, eta lehen esandakoari helduz, pertzepzioa, adierazpena eta musika testuak irakurri, idatzi eta ulertzeko ezagutzak edukien aurkezpenean jasorik daude eta curriculumak lau ardatz nagusi ditu: praktika musikalerako behar diren trebetasunak, entzun eta ulertzea, teoria musikala eta adierazpen musikala interpretazioaren eta sorkuntzaren bidez. Beste multzo batean, azkenik, musikaren sorkuntzan eta edizioan teknologiak eskaintzen dituen aukerei buruzko ezagutzak bildu dira.

Helburuak

Batxilergoan Musika hizkuntza eta praktikako ikasketen bidez gaitasun hauek garatuko dira:

1. Adierazpen musikala egitea, inprobisazioa, konposizioa, interpretazio instrumentala, kantua, mugimendua eta entzuketa direla bide, bizipenaz gozatzea eta ikaskideekin partekatzea.

2. Musika hizkuntzaren osagaiak eta parametroak kontzienteki hautematea, musika entzunez izandako esperientziatik edo musika pieza desberdinen interpretazio memorizatu edo inprobisatutik abiatuta.

3. Musikaren pultsua barneratzea eta mugimenduen koordinazioa garatzea, erritmo, dantza eta mugimendu ariketak eginez, espazioan hara-hona ibiliz eta musikaren izaerarekin bat datozen irudi harmoniatsuak sortuz.

4. Ahotsa zuzen erabiltzea bitarteak eta melodia orokorrak kantatzeko, horiek norberaren adierazpidetzat hartzeraino.

5. Aldi bereko egitura eta garapen erritmiko edo melodikoak bereiz hautematea eta jotzea, entzumenezko eta mugimenezko disoziazioa erabiliz.

6. Oroimena eta "barne belarria" erabiltzea entzuketa idazketarekin lotzeko eta, halaber, tinbreak, egiturak, formak, ohar dinamikoak, adierazpenari buruzkoak, denborari buruzkoak, etab. ezagutzeko.

7. Oinarrizko egitura harmonikoak, haien arauak, ornamentazioko soinuak eta adierazkortasuna areagotzekoak ezagutzea, akordeak entzunez, landuz eta irakurriz.

8. Musika klasikoko hizkuntza musikalaren oinarrizko osagaiak erabili eta ezagutzea, bai eta jazzarenak, pop-arenak, rock-arenak, flamenkoarenak, beste kultura batzuetako musikarenak eta musika hizkuntza garaikidearen elementu ohikoenak ere.

9. Musikari eta dantzari aplikatutako teknologiek eskaintzen dituzten aukeretako batzuk ezagutu eta erabiltzea, bai konposizioan bai idazketan edo ikus-entzunezkoen grabazioan ere.

10. Taldeko jarduera musikalaren arauek duten garrantziaz jabetzea eta talde bateko kideek musikarekiko eta taldeko gainerako kideekiko duten erantzukizuna onartzea.

Edukiak

1. Trebetasun musikalak.

-Ahotsa erabiltzea bakarka edo taldean, ahots aparatua, haren funtzionamendua, arnasketa, ahots emisioa, ahoskatzeko modua, etab. ezagututa.

-Ahotsarekin edo instrumentuarekin gauzatzea pultsu bitarraren edo hirutarraren bidez sortutako oinarrizko formula erritmikoak, haien aldaerak, balorazio bereziko taldeak, konpas aldaketak, sinkopa, anakrusa, etab.

-Lateralitatea garatzea erritmo desberdinak aldi berean joz.

-Sol klabeko eta laugarren lerroko fa klabeko irakurketan eta idazketa melodiko nahiz harmonikoan aritzea.

-Bitarte melodikoak, arpegioak edo akordeak intonatzea bakarka edo taldean.

-Kantatzea edo instrumentua jotzea, kontuan izanik adierazpenari, dinamikari, agogikari, soinuen artikulazioari, ekinaldiei eta ornamentazio musikalari buruzko oharrak.

-Maila egokiko ahots musikako lanak buruz interpretatzea, laguntzarekin edo laguntzarik gabe.

2. Entzun eta ulertzea.

-Pultsua, azentuak eta konpas bitar, hirutar eta lautarrak hauteman eta ezagutzea.

-Entzuten edo jotzen diren obretako akorde maiorrak eta minorrak, funtzio tonalak, tonuak, testura musikalak eta tinbre instrumentalak hauteman, belarriz ezagutu eta transkribatzea.

-Hauteman, ezagutu eta transkribatzea pultsu bitarraren edo hirutarraren bidez sortutako oinarrizko formula erritmikoak, balorazio bereziko taldeak, iraupena aldarazten duten zeinuak, konpas aldaketak, sinkopa, anakrusa, etab.

-Interbaloak, pasarte melodikoak, eskema erritmikoak eta elementu horiek konbinatuz lortzen diren melodiak belarriz ezagutzea, buruz kantatzea eta transkribatzea.

-Idatzitako pasarte baten eta entzundakoaren artean egon daitezkeen aldeak edo okerrak antzematea.

-Musika lanak irakurtzen aritzea, partiturak erabiliz.

-Belarriz hautematea musika lanen ezaugarri morfologiko nagusiak, bai musika "landuaren" hizkuntzan oinarritutakoak eta bai hizkuntza musikal garaikideak, jazza, rock-a eta flamenkoa oinarritzat dituztenak ere.

-Entzundako obren eskema harmonikoak transkribatzea.

3. Teoria musikala.

-Oinarrizko formula erritmikoen grafiak, pultsu baten barneko balorazio bereziko taldeak, iraupena aldarazten duten zeinuak, erritmoen aldiberekotasuna, sinkopa, anakrusa, etab. ezagutzea.

-Adierazpen musikalari, dinamikari, tempoari, agogikari, artikulazio musikalari, soinuen ekiteei eta ornamentazio musikalari dagozkien grafiak eta terminoak ezagutzea.

-Dantzetako eta musika lanetako erritmo nagusiak.

-Tonalitatea, modalitatea, funtzio tonalak, bitarteak, akorde oinarrizkoak eta osagarriak, kadentziak, modulazioa, eskalak.

-Klabeen soinu esparrua.

-Idazketa melodikoaren arauak eta zifratu harmonikoaren sistema nagusiak ezagutzea.

-Grafia garaikideak ezagutzen hastea.

-Ornamentazioko soinuak eta adierazkortasuna areagotzekoak ezagutzea, eta musikan duten eragina ulertzea.

4. Sorkuntza eta interpretazioa.

-Musika, komunikaziorako eta adierazpen artistiko eta pertsonalerako tresna.

-Musika piezak sortu eta interpretatzea, bakarka edo taldean, aurretik landu diren hizkuntza musikalaren elementu morfologikoetatik abiaturik.

-Musika sortzea, inprobisatuz edo inprobisatu gabe, hizkuntzaren elementuak aurreko proposamenaren arabera edo proposamenik gabe erabiliz.

-Bakarka kantatzea, instrumentuaren laguntzaz edo laguntzarik gabe.

-Kantetarako moldaketak egitea, hizkuntza musikalaren osagaiak hautatuz eta konbinatuz.

-Ahots piezak taldean interpretatzea eta buruz ikastea, ahots batekoak nahiz bi ahotsekoak.

-Gelan eskura dauden instrumentuekin musika piezak jotzea bakarka edo taldean, tempoari eutsiz eta partiturako oharrei kasu eginez.

-Pultsua barneratzea, erritmoak gauzatzea dantzaren eta mugimenduaren bidez, espazioan mugituz eta musikaren izaerarekin bat datozen irudi harmoniatsuak sortuz.

5. Soinuari aplikatutako teknologiak.

-Fenomeno fisiko-harmonikoa, uhin mugimendua, Fourier-en seriea.

-Afinazio sistemen oinarriak. Bitarteei lotutako proportzioak.

-Soinuaren transmisioa eta moteltzea.

-Instrumentuen ezaugarri akustikoak.

-Seinale analogikoa eta seinale digitala.

-Soinu analogikoaren digitalizazioa.

-Soinuaren sintesia: laginketa (samplerrak), maiztasun iragazkiak, multipistak.

-Hardware musikala: ordenagailuak, soinu txartelak, konexioak.

-Software musikalaren motak: partituren editoreak, sekuentziadoreak, akonpainamenduak sortzeko programak, nahasketa mahaia.

-Grabazio analogiko edo digitaleko sistemak eta komunikazioko soinuak prozesatzeko MIDI sistemak erabiltzea norberaren interpretazio edo sorkuntza lanetan.

-Euskarri elektronikodun musika erabiltzea produkzio eszenikoetan edo ikus-entzunezkoetan.

-Sonorizazioak egitea, musika lanak, testuak edo irudiak inprobisatuz, sortuz edo aukeratuz.

Ebaluazio irizpideak

1. Melodia edo kanta bat kantatzea, ahotsa zuzen erabiliz, bakarka edo taldean, laguntzarekin edo laguntzarik gabe.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik ahots teknika aplikatzeko, pasarte tonal bat txukun eta gozo kantatzeko, partituran dauden adierazpen-oharrak aplikatuz.

2. Obra edo pasarte baten pultsua belarriz atzematea, bai eta azentu periodikoa ere, eta hura barneratzea, isilune laburretan atxikitzeko.

Ebaluazio irizpide honen bidez pultsuaren pertzepzioa neurtu nahi da, erritmoa interpretatzeko oinarrizko erreferentzia gisa, eta konpasaren oinarri den azentu periodikoaren identifikazioa ere bai. Ikasleek ongi barneratu behar dute pultsua, gero musika ongi interpretatu ahal izateko, bakarka edo taldean.

3. Aurrez ezarritako tempo batean, konpasa aldatuz edo aldatu gabe, obra labur edo pasarte bateko aldi bereko egitura eta garapen erritmiko edo melodikoak identifikatzea eta ahotsez edo instrumentuarekin interpretatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik instrumentuarekin edo ahotsez musika interpretatzeko, pultsua barnean sentitzeko eta beren mailarako egokiak diren formula erritmiko desberdinak zehaztasun osoz kateatzeko, ezarritako tempoan, entzumenezko eta mugimenezko disoziazioa erabiliz, eta, behar denean, baliokidetasunak aplikatuz konpas aldaketetan.

4. Ariketa psikomotorrak egitea eta egitura erritmikoak inprobisatzea, bakarka nahiz taldean entzundako pasarte batean oinarrituta.

Ebaluazio irizpide honen bidez ikasleak musikarekin izan beharreko lotura afektiboa garatu nahi da, eta haren sormena eta adierazmena piztu, formula erritmiko ezagunen aldaerak landuz edo haiek askatasunez inprobisatuz, entzundako pasartearen pultsuari eta konpasari egokituta.

5. Bitarteak, eredu melodiko errazak, eskalak edo akorde arpegiatuak identifikatu eta errepikatzea garaiera desberdinetatik hasita.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten trebetasunik egitate melodiko bera garaiera desberdinetatik hasita errepikatzeko, ereduaren interbaloei zuzen eutsiz eta tonalitatea etengabea dela ulertuz.

6. Bakarka edo taldean, melodia tonal edo modal laburrak inprobisatu edo/eta idaztea, forma musikal xumeak, hizkuntza musikalaren alderdi desberdinei buruzko premisetatik abiatuta.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek oinarrizko kontzeptu tonal eta modalak barneratu dituzten, sormena garatu duten eta gai diren hizkuntza musikalaren elementuak hautatzeko eta askatasunez erabiltzeko, ideia bati jarraituz eta forma musikal batean egituraturik, eta, halaber, ea taldearekin bat egiteko jarrera egokia duten.

7. Entzuten edo interpretatzen diren obren ezaugarri nagusiak belarriz atzematea eta ondoren haiek deskribatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek hainbat alderdi hautemateko gaitasunik baduten: alderdi erritmikoak, melodikoak, tonalak, modalak, kadentzialak, formalak, tinbrikoak, ekiteko moduak, artikulazioak, etab. Identifikatu beharreko alderdiak aldez aurretik hautatuko dira, edo bestela nabarmenenak iruditzen zaizkien alderdiak identifikatzen utziko zaie.

8. Buruz interpretatzea, bakarka edo taldean, errepertorioko obren pasarteak, ikasleak proposaturikoen artetik hautatuak.

Irizpide honen bidez ondokoak ebaluatu nahi dira: ikasleak ezagutzen duen errepertorioa, buruz ikasteko duen gaitasuna, sentikortasun musikalaren garapena, adierazmena, eta musikaren eta ikaskideen aurrean duen jarrera.

9. Emandako melodia baterako, musika lan labur bat inprobisatu edo sortzea eta interpretatzea, eskuratutako ezagupen musikalak erabiliz. Obra hori zenbait lagunen artean interpretatzekoa izanen da eta mugimendu koreografikoa izanen du.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da zein mailatan ikasi diren Musika hizkuntzako kontzeptu teorikoak eta zenbateko gaitasuna duten ikasleek haiek erabiliz eta konbinatuz musika lan txiki bat egiteko eta mugimenduaren bidez obra koreografiko bat sortzeko, musika lanaren esanahiari egokitua, eta ea prest dauden elkarrekin lan egiteko, taldearekin bat eginda.

10. Musika sortzeko teknologia berriek eskaintzen dituzten tresnak erabiliz lanak edo ariketak egitea.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da zein garapen mailatara iritsi diren ikasleak partituren editoreak, sekuentziadoreak, MIDI sistemak eta ikus-entzunezko aplikazioetarako softwarea erabiltzen.

11. Sol klabeko eta laugarren lerroko fa klabeko musika pasarteen irakurketa neurtuak egitea, kurtsoan landu diren erritmo zailtasunak gaindituz.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da noraino bereganatu eta ulertu dituzten ikasleek kurtsoan modu orokorrean landu diren kontzeptu guztiak, bai eta sol klabeko eta laugarren lerroko fa klabeko noten irakurketa ere.

12. Kurtsoko tonalitateetako pasarte melodiko monodikoak bereiztea eta idatziz ematea.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da ea noraino bereganatu eta barneratu dituzten ikasleek agertzen diren elementu musikal guztiak (konpasa, erritmoa, melodia, tonalitatea, modalitatea, forma, tinbrea, agogika, dinamika, tempoa, artikulazioa, azentuazioa, fraseatua ...) eta horien arteko loturak.

LITERATURA UNIBERTSALA

Literatura unibertsala irakasgaiaren bitartez handitu egiten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoko Gaztelania eta literatura irakasgai komunean eskuratutako prestakuntza literario eta humanistikoa. Batxilergoak gazteen askotariko interesak kontuan hartu behar dituenez, irakasgai honek, Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean nahiz Arte modalitatean, aukera eman behar die beren nortasuna aberasteko eta munduaz duten ikuskera sakondu eta zabaltzeko irakurketa kontzientearen bitartez, eta, era berean, etorkizunari begira dituzten interes akademiko eta profesionalekin bat datorren prestakuntza eskaini behar die.

Aurreko urteetan literatura testuei buruz egindako hurbilketa osatu eginen da literatura mugimendu handien eta beste literatura batzuetako obra eta egile adierazgarrienen ikuspegi orokorraren bidez. Horrela diskurtso literarioaren ikuspegi orokorragoa, zabalagoa eta sakonagoa emanen da, fenomeno unibertsal gisa harturik.

Literatura testuak garai bati dagozkion iritzi ideologiko eta estetikoen adierazpen artistikoak dira, egileen jenio sortzaileak interpretatuak. Gizateriaren memoria kultural eta artistikoaren eta mundua interpretatzeko moduaren funtsezko atal dira; gizakien zirrara, ideia eta ametsen gordailu dira. Pentsamendu eta sentimendu kolektiboak islatzen dituzte, beraz, eta kulturen nortasun ezaugarriak ulertzen laguntzen dute haien historiako une desberdinetan. Gainera, literaturan oinarria duten testuinguru, genero eta euskarriak hainbat direnez (opera, antzerki eszenografiak, musika lanak, era guztietako adierazpen plastikoak), irakasgai honek komunikazio gaitasuna lantzeko baliabideak handitzen eta sendotzen ditu alderdi guztietan.

Bestalde, literatura lagungarria da gazteen heldutasun intelektual, estetiko eta afektiboa lortzeko, beren banakako esperientziei ere objektibotasunez begiratzeko aukera ematen baitie, gizarteratzeko eta errealitatera irekitzeko dituzten premiak begi bistakoak izaten diren unean, hain zuzen. Literaturak, gainera, artearen eta pentsamenduaren historiarekin lotura nabariak dituenez, kontzientzia kritikoa garatu eta, funtsean, nortasuna eratzeko balio du.

Edozein eratako mugak gaindituz, ordea, literaturak behin eta berriz ukitzen dituen gaiak mota askotako kulturetan agertzen dira ia beti; hortaz, honako honen lekukoa dugu: gizateriak antzeko kezkak izan ditu, behar berdintsuek estutu dute eta, denboran zehar, amets berdinei atxiki zaie. Poesiak, adiera zabalenean ulertuta, mundutar egiten gaitu.

Irakasgaiaren lehenbiziko eduki multzoa komuna da. Literatura obrak iruzkindu eta aztertzea funtsezko lan prozedura da. Izan ere, obra adierazgarriak edo haien pasarte nagusietako batzuk zuzenean lantzea, beren inguruan behar bezala kokaturik, benetako kultura prestakuntzaren oinarria da. Batxilergoko ikasleek oinarrizko gaitasunak izan behar dituzte errealitatera hurbiltzeko jarrera irekiarekin eta hainbat ikuspuntutatik, bai halaber, formaz edo edukiz antzeko ezaugarriak dituzten testuak konparatzeko ere, beren ezagupenak transferitu eta irakurketa berrien eta ikasitako eremu kontzeptualen artean harremanak ezartzeko. Literatura jakintzetan sakontzeko bide ematen duten iturri bibliografikoekin eta informazioarekin ohitu behar dira.

Multzo komun honetako bigarren alderdia hauxe da: beste arte adierazpen batzuekin zerikusia duten eduki literarioak. Irakasgai hau zein modalitatetan egiten den, modu desberdinean heldu behar litzaioke alderdi honen tratamenduari.

Gainerako multzoek ordena kronologikoari jarraitzen diote. Lehenbizikoan literaturari buruzko sarrera historikoa egiten da, fenomeno unibertsala den aldetik, eta mitologiek kultura guztien jatorrian bete duten eginkizuna aztertzen da, baina ez dago edukien tratamendu zehatzik. Ondoko multzoetan, berriz, guztiek onartzen dituzten aro eta mugimendu handiak biltzen dira. Hartara forma artistikoen bilakaera erreferentzia-multzo aberasgarri baten argitan ikusiko dugu. Helburu hori betetzeko, denbora baldintzak kontuan harturik, ezinbestekoa da zenbait joera, garai, lan eta idazle hautatzea: ondorengoengan eragin handiena izan dutenak, gure irudimena oraindik ere elikatu eta gaur egungo egileen obretan islatzerainoko arrastoa utzi dutenak.

Edukiak ordena kronologikoari jarraituz aurkezten badira ere, azpimarratu behar da sekuentzia didaktikoa osatzeko aukera ere badagoela, behin eta berriz agertzen diren gaiak eta motiboak eta historiako une bakoitzean horiek jasotzen dituzten ñabardura eta ikuspuntu desberdinak nabarmentzeko. Bestalde, nahiz eta ez den beste irakasgai batzuen berariazko aipamenik egiten, bistan da antzekotasun orokorrak eta zenbait desberdintasun nabarmentzea komeni izanen dela; esate baterako, Barrokoaren eta Klasizismoaren neurriak eta kronologia aldatu egiten direla Europako alde batetik bestera eta arte arlo batetik bestera.

Helburuak

Batxilergoan Literatura unibertsaleko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatzen lagundu nahi da:

1. Gure errealitate kulturala osatzen duten joera estetiko eta literatura lan eta egile garrantzitsuenak ezagutzea.

2. Literatura testu osoak eta zati adierazgarriak irakurri eta norberaren irizpideen arabera interpretatzea, eta sortu ziren inguruekin erlazionatzen jakitea.

3. Literatura lanen irakurketaren bidez ohartzea gai batzuk behin eta berriz errepikatzen direla, historian zehar ikuspegi desberdinetatik ekin zaiela eta kultura guztietako gizakiengan komunak diren kezkak, sinesmenak eta helburuak islatzen dituztela.

4. Literaturaren adierazpenak ulertzea eta kritikoki baloratzea, gizabanakoen zein taldeen sortze lanak eta sentimenduak adierazteko modua eta gizakiek historian zehar munduari azalpenak bilatzeko ahaleginaren isla diren aldetik.

5. Irakurketaz gozatzea, ezagupen eta esperientzia berrien iturri eta aisialdirako jarduera atsegina baita.

6. Literatura ikasteko iturri bibliografiko egokiak modu kritikoan erabiltzen jakitea.

7. Literatura gaien inguruko lanak planifikatu eta idaztea behar adinako zorroztasun eta egokitasun mailarekin, eta ahozko azalpen zuzen eta koherenteak egitea haiei buruz, eskola liburutegia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

8. Literatura unibertsaleko lan aipagarriek eta horietan oinarritu diren musika lanek eta bestelako arte adierazpenek (opera, zinema ...) elkarrekin dituzten loturak aztertzea.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Literaturaren aldi guztietako pasarteak, antologiak edo bereziki adierazgarriak diren obra osoak irakurri eta iruzkintzea.

-Literatura lanen eta musika lan, antzerki, zinema eta abarren arteko loturak. Iraupenak, egokitzapenak, tratamendu desberdinak eta beste lotura batzuk aztertu, ezagutu edo alderatzea. Adibide argigarriak hautatu eta aztertzea.

2. Antzinatetik Erdi Arora: mitologien eginkizuna literaturaren sorreran

-Literatura biblikoaren, grekoaren eta latindarraren ikuspegi laburra.

-Erdi Aroko epika eta ziklo arturikoaren sorrera.

3. Pizkundea eta Klasizismoa.

-Ingurune orokorra. Munduko aldaketak eta gizakiaren ikuskera berria.

-Maitasunaren lirika: petrarkismoa. Sorburuak: trobadoreen poesia eta Dolce Stil Nuovo. Petrarkaren Canzionereren berrikuntza.

-Prosazko narrazioa: Boccaccio.

-Europako antzerki klasikoa. Ingalaterrako antzerki isabeldarra.

4. Argien mendea.

-Jokabide kritikoaren garapena: Ilustrazioa. Entziklopedia. Prosa ilustratua.

-Nobela europarra XVII. mendean. Cervantesen eta Espainiako pikareskaren ondorengoak ingeles literaturan.

5. Mugimendu erromantikoa.

-Iraultza erromantikoa: kontzientzia historikoa eta zientziaren zentzu berria.

-Erromantizismoa eta literatura-mugimendua izatearen kontzientzia.

-Poesia erromantikoa. Nobela historikoa.

6. XIX. mendearen bigarren erdia.

-Narratiba erromantikotik Errealismora Europan.

-Literatura eta gizartea. Errealismoaren gaien eta teknika narratiboen bilakaera.

-XIX. mendeko eleberrigile europar garrantzitsuenak.

-Ipar Amerikako literatura handiaren sorrera (1830-1890). Bizi esperientziatik literaturara. Ipuinaren berpiztea.

-Modernotasun poetikoaren abiapuntua: Baudelairerengandik Sinbolismora.

-Europako antzerkiaren eraberritzea: antzerki berria eta pentsamolde berriak.

7. Literaturaren ikuspegi berriak XX. mendean, eta literatura generoen eraldaketak

-XIX. mendeko pentsamenduaren krisia eta mende amaierako kultura. Europako ordenaren haustura: 1914ko krisia. Berrikuntza filosofiko, zientifiko eta teknikoak eta literatura lanen sorkuntzan izan zuten eragina.

-Nobelak idazteko modu berriaren sendotzea.

-Europako abangoardiak. Surrealismoa.

-Amerikar literatura handiaren gailurra. Belaunaldi galdua.

-Absurdoaren antzerkia eta konpromisoko antzerkia.

Ebaluazio irizpideak

1. Literatura genero garrantzitsuenen (narratiba, poesia, antzerkigintza) bilakaeran izandako une aipagarrietako batzuen ezaugarriak ematea, eta ideia estetiko nagusiekin eta aldaketa artistiko eta kulturalekin duten lotura adieraztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten azaltzen, ahozko edo idatzizko azalpen laburren bitartez, literaturari eta generoei buruzko ikusmoldearen aldaketa garrantzitsuak, eta ea aldaketa horiek beren inguruabar kulturalen esparruan kokatzen dituzten; hau da, literaturaren, gainerako arteen eta aldaketa garai batean gizarteak munduaz duen ikuskeraren arteko lotura ezartzen duten.

2. Garai desberdinetako lan laburrak eta pasarteak aztertu eta iruzkintzea, eta haien edukia interpretatzea, gai eta forma literarioez, garaiez eta egileez ikasitakoaren arabera.

Aintzat hartuko da gaitasuna izatea garai desberdinetako literatura lanak eta egileak beren inguru historiko, sozial eta kulturalean interpretatzeko, gai eta motibo jakin batzuk agertzen direla adieraziz, horiek lantzeko modua nola aldatu den azalduz, garai bereko edo beste garai batzuetako beste lan batzuekiko loturak erakutsiz, eta generoaren ezaugarriak eta tropo eta prozedura erretoriko ohikoenak bereiziz.

3. Ahozko azalpenak egitea lan, egile edo garai bati buruz, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, eta norberaren iritziak azaltzea, aurrez prestatutako eskemari jarraituz.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da zenbateko gaitasuna duten ikasleek ahozko azalpen laburrak planifikatu eta egiteko, ezagupen literarioak eta irakurketak integratuz. Honelako alderdiak baloratuko dira: edukiaren egitura, iritzia azaltzeko argudioak, iturrien kontsulta, informazio garrantzitsuaren hautapena, eta erregistro egokia eta behar den terminologia literarioa erabiltzea.

4. Lan kritikoak egitea garai jakin bateko lan garrantzitsu baten irakurketari buruz, lan hori bere inguru historiko eta literarioari loturik interpretatzea, behar den informazio bibliografikoa lortzea eta balorazio pertsonala egitea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek garai jakin bateko obra garrantzitsu bat osorik irakurri ondoren hura interpretatu eta baloratzeko lan pertsonala egiteko, bai edukiaren aldetik bai forma literarioen erabileraren aldetik, eta bere inguru historiko, sozial eta literarioarekin lotzeko, bai eta, kasua bada, haren egileak bere garaian edo literaturaren historian izandako ospe eta garrantziarekin ere. Informazio iturri bibliografikoen erabilera ere baloratuko da.

5. Literatura lanen balorazioak egitea ahoz edo idatziz, gizataldeen ideien eta sentimenduen elkargune eta norberaren esperientzien ondarea aberasteko tresna diren aldetik.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek jarrera irekia, arreta eta interesa garatu dituzten literaturaren aurrean, eta pertsona batzuen ahalegin artistikoaren emaitza ez ezik, gizakien kezken isla ere ikusten duten literaturan. Irakurketari eta literaturako berriei buruzko interesa jarrera horren adierazgarria izan daiteke, baina beste era batzuetan ere ager daiteke, adibidez, ahozko edo idatzizko azalpenetan, edo literatura lan jakin batek norberaren nortasuna aberasteko eta barne mundua eta gizartea ulertzeko egiten duen ekarpenari buruzko eztabaidan.

6. Literatura unibertsaleko testuak eta literatura espainiarreko garai bereko testuak alderatzea, haien arteko eraginak, antzekotasunak eta aldeak agerian jartzeko.

Ikasleek loturak ezarri behar dituzte literatura unibertsaleko testu literarioen eta Gaztelania eta literatura irakasgai komunaren bidez ezagutu dituzten literatura espainiarreko testuen artean. Ukipen puntuak nabarmendu behar dituzte, elkarren arteko eraginei eta eremu unibertsaleko gai oinarrizkoekiko kezka berdintsuen aldi bereko adierazpenari dagokienez. Bide batez, ebaluatuko da ea gai diren irakurketaz gozatzeko, ezagupen berrien iturri eta aisialdiko jarduera atsegingarri gisa, beste kultura eta arte esparru batzuetan proiektatu diren alderdiak azpimarratuz eta une jakin batzuetan dauden desberdintasun estetikoak agerian jarriz.

7. Literaturak sortutako zenbait mito eta arketiporen eraginaz eta munduko kulturan izan duten balio iraunkorraz ohartzea.

Zenbait mito eta arketipok historian zehar izan duten garrantzi kulturala ezagutu behar da, eta literatura testu batzuk klasiko bilakatzen dituen ezaugarrietako bat baloratu, hots, denboran irauten duten eta taldeen erreferentzia gune izatera iristen diren karaktere handien sorkuntza. Ikasleek datuak eman behar dituzte, mito eta pertsonaia unibertsalek, Don Kixote, Romeo eta Julieta, Don Juan eta gisakoek, gizateriaren ondare kulturalean utzi duten arrastoa azpimarratzeko.

8. Literatura unibertsaleko obra garrantzitsuak beste arte adierazpen batzuetara nola moldatu diren azaltzeko adibideak ematea, eta horietako batzuetan adierazpen hizkuntzen arteko loturak edo aldeak aztertzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten literatura lanak beste arte adierazpen batzuen oinarri gisa erabili ohi direla, eta ea haien arteko loturak, antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzeko gai diren, erabiltzen dituzten hizkuntza motak bereziki azpimarratuz.

ADIERAZPEN GRAFIKO-PLASTIKOAREN TEKNIKAK

Arte modalitatean, Adierazpen grafiko-plastikoaren teknikak irakasgaiak artea ahalbidetzen duten baliabide, teknika, metodo eta instrumentu-aplikazioei buruzko ezagupenak eskaintzen ditu, hain zuzen ere adierazpen plastikoaren, grafikoaren eta ikus-adierazpenaren eremuan. Haren helburuak, beraz, marrazketa, pintura eta grabatu teknikak eskuratu eta ezagutzea eta haien prozedurak garatzea dira. Horiexek ahalbidetzen dute irudien bidezko komunikazioa, eta sormena sustatzen dute, ikasleak material artistiko desberdinekin aritzen baitira eta emaitza desberdinak bilatzen baitituzte, bakoitzak bereak.

Ikasle guztiek beren gaitasunak garatu behar dituzte, beren ezagutza plastikoak erabiliz proiektu bat arakatu, garatu eta grafikoki adierazteko. Gainera, ikasleak arte plastikoen mundua zer den ikasten hasiko dira, eta adierazpen plastikoaren eremuan beren eguneroko bizitzarako esanahia eta balorazio irizpide propioak aurkituko dituzte, plastika orokorraren esparruan.

Adierazpen grafiko-plastikoaren teknikak ikastea lagungarria izanen da adimena garatzeko, oro har, eta gizabanakoek artelanak sortzen, ulertzen eta interpretatzen egiten duten ahaleginaren bitartez garatzen diren ahalmen kognitiboak lantzeko.

Horregatik guztiagatik, irakasgai honetarako hautatu diren edukiek hiru eginkizun dituzte: sortzeko trebetasunak garatzea, adierazpenerako teknika edo tresnen bitartez; eduki hauek komunikazioari aplikatzea, hizkuntza mota desberdinekin; eta azkenik, sentsibilizazio estetikoa eragitea, irakasgai honetako ikasketak eta praktikak artearen eremuan lortzen baitute adierazpen mailarik gorena.

Helburuak

Batxilergoan Adierazpen grafiko-plastikoaren teknikak irakatsiz hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Adierazpen grafiko-plastikoaren teknika desberdinek adierazpen eta komunikaziorako ematen dituzten baliabideak ezagutu eta bereiztea.

2. Teknika grafiko-plastikoen oinarrizko terminologia ezagutzea, bai eta lortu nahi den helbururako material, euskarri, erreminta eta prozedura egokiak ere; haien erabilera modu kritikoan baloratzea eta lanean egoki eta ordenaz aritzea.

3. Materialak eta teknikak modu egokian erabiltzea lan bat egiteko prozesuan, haiek trebetasunez erabiltzen ikasteko.

4. Hizkuntza grafiko-plastikoaren adierazpide desberdinak erabiltzea eta aukera eta konbinazio desberdinekin saioak egitea, sormena eta adierazpenerako gaitasun pertsonala garatzeko bide gisa.

5. Artelanak behatzen direnean, erabilitako adierazpen teknika eta moduen eraginaz ohartzea, eta horiek ingurune historiko eta kulturalarekin erlazionatzea.

6. Ingurunea arakatu eta aztertuz eta teknika eta prozedurak hautatu eta konbinatuz, sortzeko eta komunikatzeko gaitasuna garatzea.

7. Bai adierazpen teknika tradizionalek bai teknika berritzaileago eta teknologikoagoek duten balioa ezagutu eta aintzat hartzea.

Edukiak

1. Hizkuntza grafiko-plastikoa. Faktore mugatzaileak.

-Osagai nagusiak: forma, kolorea, ehundura.

-Osagaien antolaketa: konposizioa.

-Ikus-hizkuntza grafiko-plastikoa definitzen duten elementuen azterketa.

2. Marrazteko teknikak.

-Materialak, tresnak eta euskarriak. Teknika hauek berezko duten terminologia erabiltzea.

-Lehorreko teknikak. Grafitozko lapitzak, barra eta lapitz konposatuak, pastel lehorrak eta koipetsuak, koloretako lapitz unibertsalak eta ikatz-ziriak.

-Material likidoa erabiltzen duten teknikak eta mistoak. Tinta eta haren tresnak.

-Marrazketaren teknikak aplikatzea lanak egiteko.

3. Pintura teknikak.

-Materialak, tresnak eta euskarriak. Berariazko terminologia erabiltzea.

-Ur teknikak. Akuarela. Tenpera. Akrilikoa.

-Teknika solidoak, oliozkoak eta mistoak. Enkaustadurak. Pastelak. Olioak.

-Adierazpen teknika tradizionalak eta teknika berritzaileago eta teknologikoagoak aplikatzea.

4. Grabatu eta estanpazio teknikak: monoinprimaketa eta erreprodukzio multiplea.

-Materialak, tresnak, makineria eta euskarriak. Berariazko terminologia erabiltzea.

-Monotipia laua. Prozedura zuzenak, eransleak, kentzaileak eta mistoak.

-Erliebezko estanpazioa. Xilografia. Linoleografia. Estukatzea.

-Hutsunedun estanpazioa edo kalkografia. Zuzeneko edo lehorreko teknikak, eta azidoa erabiltzen duten zeharkako teknikak.

-Estanpazio laua. Metodo planografikoa: litografia. Metodo permeografikoa: serigrafia. Metodo elektronikoa: Copy artikulua.

-Grabatzeko teknika desberdinak aplikatzea lanak egiteko.

5. Teknikek arte eta kultura esparruan duten eragina.

-Teknikak eta estiloak. Historian zehar izandako teknikak.

-Arte adierazpenerako material, tresna eta teknika berrien ekarpenak. Teknika eta prozedura garaikideak. Gizarte komunikabideek erabiltzen dituzten teknikak.

Ebaluazio irizpideak

1. Komunikazio artistikoan ohikoenak diren teknika eta materialak erabiltzea, haien jokaera kontuan hartuta.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek badakiten erabiltzen adierazpen artistikoetarako behar dituzten oinarrizko baliabide grafiko-plastikoak. Teknika eta material grafiko-plastiko ohikoenak (pigmentuak, aglutinatzaileak, kargak, disolbatzaileak, etab.) eta euskarri nahiz aparatu egokiak ongi erabiltzen ote diren ebaluatuko da.

2. Teknika espezifiko bat hautatu eta aplikatzea gai jakin baten soluziorako.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ezagupen teoriko eta teknikoak ongi erabiltzen diren ariketa artistikoan, teknika eta materialen berariazko erabilera adierazpen asmoari egokituz.

3. Material desberdinak elkartzea eta teknika desberdinak konbinaturik erabiltzea sortze lan grafiko-plastiko batean, adierazpen eta komunikazio asmoen arabera.

Irizpide honen bidez bi gaitasun hauek ebaluatuko dira: ikus-teknikak eta ikus-hizkuntzak (eskemak, marrazkiak, argazkiak, diseinuak, pintura lanak, etab.) elkarrekin lotzea, adierazpen xedea duen muntaketa batean bat eginik; eta material desberdinak asmo bateratzailearekin erabiltzea eta inguru berrian kokatzea obra bat egiteko, irudian eta ikuslearengan eragiten duten ikus-efektuari erreparatuz.

4. Marrazki, pintura edo grabatu bat egiteko prozesua planifikatzea materialak, prozedurak eta faseak definituz.

Irizpide honen bidez ebaluatu behar da zenbateko gaitasuna duten ikasleek proiektu grafiko-plastiko bat planifikatu eta garatzerakoan beharrak aurreikusteko, materialen eta haien erabilera sortzailearen gaineko erreferentziak aldez aurretik emanez eta beren ezagutzak aurretik zehaztutako helburuei aplikatzeko gai direla erakutsiz.

5. Teknikak erabiltzeko modu desberdinak garaiekin, estiloekin eta kultura aniztasunarekin erlazionatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleak gai diren arte adierazpenen esanahia baloratzeko, historian zehar kultura desberdinetan haiek garatzeko erabili diren teknika eta materialei erreparaturik.

6. Teknikak identifikatu eta alderatzea, tradiziozkoak bezala berritzaileak ezagutzea, artearen eta kulturaren adierazpide diren aldetik.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da noraino ulertu eta barneratu diren arte adierazpenen asmoa eta zentzua, historian zehar haiek sortzeko erabili diren teknika, material eta teknologien arabera.

BOLUMENA I

Gizakiak, bere hasieratik, objektuak sortzeko beharra sentitu du, objektu erabilgarriak izan nahiz artistikoak, ludikoak edo erlijiosoak, eta beti bilatu eta estimatu izan du objektuen osagai estetikoa, batzuetan intuizio eta emozioen bitartez eta besteetan modu arrazional eta sofistikatuan. Gizakiaren historian irudiaren munduak inoiz izan badu leku nabarmenik, ordea, gaur egungo gizartean du, hain zuzen ere, jendeak etenik gabe berritu behar duelako bere hizkuntza ikonikoa, bere ingurunearekin komunikazio erosoa izateko.

Arte modalitateko Batxilergoan, Bolumena irakasgaiak hiru dimen- tsioko espazioa du aztergai arte adierazpenaren esparruan. Gainerako irakasgaietan garatzen diren ezagupen eta metodologiekiko koherentzia eta lotura didaktikoa bermatzen ditu. Halaber, jarduera artistiko ororen berezitasunarekin bat, funtsezko zeregina du prestakuntza harmonikoan, adimen-produkzio dibergentea sustatzen baitu, zeinaren bidez pertsonak askotariko erantzunak, berriak eta originalak, sortzeko gaitasuna indartzen duen. Estimulu baten aurrean askotariko erantzunak sortzeko gaitasun horri esker, gizartearen eta naturaren aurrean jarrera aktibo eta irekiak bultzatzen dira; hots, sormena eta sentikortasuna ere garatzen dira.

Jakintza arlo honetako ikasketek nortasuna hainbat alderditan bizkortu eta osatzen dute, eta lagungarriak dira hautemate mekanismoak lantzeko eta ikus-pentsamendua garatzeko. Hala, ikasleek beren hizkuntza ikoniko bolumetrikoa aberasten dute, pertzepzio prozesuaz jabetzen dira eta beren gizarte eta kultura inguruarekin komunikazio dinamikoa izateko gaitasuna hartzen dute. Inguruari buruzko jarrera estetikoa sustatzen da horrela.

Hiru dimentsioko irudiak sortuz jokabide analitikoa eta ikuspegi sintetikoa sustatzen dira, ideien mundua formen munduarekin lotzen baita material, prozedura eta tekniken ezagutzaren eta erabileraren bidez.

Irakasgai honek asko laguntzen du forma bolumetrikoak eta horien espazioa hautemateko gaitasuna garatzen, horrela errealitate ukigarriaren interpretazio plastikoa egiteko. Horren bidez ikasleei erakutsiko zaie jarduera artistikoa ingurune fisikoarekin eta gizartearekin harreman aberasgarria izateko baliabidea dela; hala, bada, irakasgai hau balio handiko adierazpen elementua izanen da prestakuntza akademikoaren aldian eta bai bizitza osoan ere.

Irakasgai honetan, behar diren ezagupenak hautatu dira hiru dimentsioko forma eta horrek arlo zientifikoan, industrialean eta artistikoan dituen aplikazio aipagarrienak aztertzeko. Horretarako, bolumenaren jatorria, formaren analisia, hiru dimentsioko hizkuntza eta horren balorazio adierazlea eta sortzailea izanen dira ardatzak, bai eta lanerako printzipio eta teknikak ere.

Helburuak

Batxilergoan Bolumeneko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Hiru dimentsioko hizkuntza ezagutu eta ulertzea, eta artelan eta objektu bolumetrikoak sortzeari aplikatutako oinarrizko prozedura artistikoak ikastea.

2. Hiru dimentsioko hizkuntzaren adierazpideak erabiltzeko gaitasun oinarrizkoa eta trebetasun egokia lortzea eta teknika eta material ohikoenak ezagutzea, haien ahalbide teknikoez eta adierazpenerako aukerez jabetzeko.

3. Eraginkortasunez erabiltzea hautemate prozesuak, hiru dimentsioko agerpenekin lotuak; agerpen horiek natur ingurunearen adierazpen izaten ahal dira, edo giza jarduera artistiko edo industrialaren emaitza.

4. Balorazio eraikitzaileak egiteko gaitasuna eta autokritikarako gaitasuna eratzen duten esperientzia kognitibo eta sentsorialak harmonizatzea, zentzu estetikoa gara dadin.

5. Ikuspegi analitikoa eta sintetikoa aplikatzea, hiru dimentsioko objektuak eta artelanak aztertzean, eta ikusten eta sentitzen ikastea, objektuaren egituretan eta barne logikan sakonduz, eta, sintesi eta abstrakzio prozesu baten bitartez, objektua irudikatzera iristea.

6. Ingurua arakatzeko jarrera aktiboa izatea, inguru kultural, natural, industrial eta teknologikoko sistema ikonikoaren barruan hiru dimentsioko mezu gisa har eta uler daitezkeen agerpenak bilatzeko.

7. Jarrera gogoetatsu eta sortzailea garatzea, inguruko ikus-kulturaren arazo formal eta kontzeptualei buruz.

8. Ikus-informazioa aztertu eta interpretatzea ondorengo itzulpen plastikorako, bizitzan zehar erabiliko den komunikazio bide gisa.

Edukiak

1. Bolumenaren sorrera, bi dimentsioko egitura batetik abiaturik.

-Hiru dimentsioko fenomenoari buruzko hurbilketa: gainazalen deformazioa eta ukimenezko balioak, hirugarren dimentsioaren sorrera gisa.

-Gainazal lauetatik abiatuta hiru dimentsioko formak sortzea: gainezarpena, ebakiak, eraispenak, norabide aldaketa.

2. Hiru dimentsioko hizkuntza eta forma.

-Itxurazko forma eta egiturazko forma.

-Forma biomorfikoak eta geometrikoak, naturalak eta industrialak.

-Bolumena, barne indarren proiekzio ordenatu gisa. Naturako ereduak eta arauak.

-Hizkuntza bolumetrikoaren elementuak: planoa, bolumena, ehundurak, ahurguneak, ganbilguneak, hutsunea, espazioa/masa, kolorea.

-Espazioa eta argia bolumenaren definizioan eta pertzepzioan.

-Hutsunea, objektu bolumetrikoen definizioaren elementu formal gisa.

3. Hiru dimentsioko konfigurazioko material eta teknika oinarrizkoak.

-Materialak, haien ahalbideak, muga teknikoak eta adierazpen mugak aztertu eta ulertzea.

-Teknikak: eransleak (modelatzea); kentzaileak (zizelkatzea); eraikitzaileak (konfigurazio espazial eta tektonikoak); erreprodukzioa (moldegintza eta hustuketa).

4. Konposizioa espazioan.

-Elementu dinamikoak: mugimendua, erritmoa, tentsioa, proportzioa, orientazioa, deformazioa. Oreka fisikoa eta bisuala. Konposizio erritmoa eta dekorazio erritmoa.

5. Hiru dimentsioko formaren adierazpen eta sormenezko balorazioa.

-Kontzeptua, teknika eta sormena. Materia, forma eta adierazpena.

-Formaren eta materialen arteko ikus eta egitura harremanak.

6. Hiru dimentsioko elementuak diseinatu eta proiektatzeko printzipioak.

-Forma eta eginkizuna naturan, gizarte eta kultura inguruan eta industria produkzioan.

-Egituraren, formaren eta eginkizunaren arteko lotura, objektuak egiterakoan.

-Hiru dimentsioko diseinuko produktuen alderdi material, tekniko eta eraikuntzazkoen azterketa.

-Analisi eta sintesi prozesua, hiru dimentsioko formak sortzeko lan metodologia gisa.

Ebaluazio irizpideak

1. Oinarrizko teknika eta materialak zuzen erabiltzea hiru dimen- tsioko konposizioak egiteko, eta haien arteko lotura logikoa ezartzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren konposizio bolumetrikoen sorrera modu koherentean antolatzeko eta tresna, material eta teknikak egoki hautatu eta aplikatzeko, eta ea horiek oinarrizko adierazpide gisa erabiltzen dituzten hiru dimentsioko hizkuntzaren barnean, konfigurazio espazialaren inguruko arazoak ikuspegi logiko eta arrazionaletik ebatziz.

2. Eguneroko bizitzako objektuak ikuspuntu formal eta funtzionaletik aztertzea, eta haien hiru dimentsioko eraketaren alderdirik nabarmenenak eta formaren eta funtzioaren arteko erlazioa identifikatu eta hautematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen eta erlazionatzen dituzten objektuen formarekin eta erabilgarritasunarekin zerikusia duten elementuak, eta objektuen diseinua gidatu duen logika aurkitzeko gai diren.

3. Sormenez eta asmo plastikoen arabera baloratu eta erabiltzea materialen, akaberen eta tratamendu kromatikoen ahalbide teknikoak eta adierazpen ahalbideak, hiru dimentsioko konposizio sinpleak egiten direnean.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleak gai diren beren sortze lan bolumetrikoetan akabera plastiko koherenteak lortzeko, ehundurak eta tratamendu kromatikoak erabiliz, formaren balio plastikoak indartzen ahal dituzten elementu adierazgarri gisa.

4. Hiru dimentsioko objektuak modu eskematikoan eta sintetikoan irudikatzea, haien oinarrizko egitura formala agerian jartzeko.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren elementu bolumetrikoak sortzeko, funtsezkoak ez diren alderdiak baztertuz eta egiturazko ezaugarri oinarrizkoak irudikatuz.

5. Erreferentziako objektuak aztertu eta, sormenezko eraldaketen bidez, hiru dimentsioko aldaerak egitea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren hiru dimentsioko konposizio-problema baten aurrean konponbide asko eta originalak emateko. Horrela, pentsamendu dibergentean lortu duten garpena ebaluatuko da.

6. Irudikapen orok berezkoak dituen abstrakzio prozesuak ulertu eta aplikatzea, errealitatearen eta hartatik abiaturik landutako hiru dimentsioko konfigurazioen arteko loturak baloratuz.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleek ulertzen dituzten irudikatze prozesuetan diharduten mekanismoak, eta sortze prozesuan ezinbestekoak diren abstrakzio mailak ezagutzen eta baloratzen dituzten.

7. Elementu formalak osatzea, ideiaren, formaren eta materiaren arteko lotura koherente eta bateratuak ezarriz.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da zenbateko gaitasuna duten ikasleek hiru dimentsioko ikus-mezuak sortzeko, orekatuak formari dagokionez eta mezuaren esanahiari dagokionez. Jakin nahi da ea ikasleek ulertzen duten sorkuntza prozesu globala dela, sorkuntzan ezer ez dagoela soberan eta dena dagoela loturik.

8. Hiru dimentsioko elementuak diseinatu eta eraikitzea, espazio bolumetrikoa modu sortzaile, logiko, arrazional eta aldakorrean egituratu ahal izateko.

Irizpide honen bidez hauxe baloratu nahi da: alderdi formal eta teknikoak irizpide funtzionalekin argi eta zuzen loturik dauden elementu edo espazio bolumetrikoak egiteko gaitasuna.

9. Hiru dimentsioko eraketa esanahidunak sortzea, zeinetan irudiaren eta bere edukiaren arteko erlazio koherentea ezarriko baita.

Irizpide honen bidez, adierazpen bideak, horien antolaketa sintaktikoa, teknikak eta materialak esanahiaren arabera hautatu eta erabiltzeko gaitasuna ebaluatu nahi da.

ZIENTZIA ETA TEKNOLOGIA MODALITATEA

BIOLOGIA

Irakasgai hau egiteko Biologia eta geologiako ezagutzak behar dira.

Azken hamarkadetan ikerkuntza biologikoak egin dituen aurrerapen handi eta bizkorrengatik, XX. mendearen bigarren erdiari iraultza biologikoaren garaia deitu zaio. Ikerketarako teknika berriak (kimikoak, biofisikoak, ingeniaritza genetikoa) direla medio, adar berriak garatu dira: biologia eta fisiologia zelularra, biokimika, genetika, genomika, proteomika, bioteknologia, etab.

Biologia modernoak gero eta sakonago aztertzen ditu izaki bizidunen antolaketa mailarik oinarrizkoenak, esparru molekular eta zelularrak. Lehenagoko garaietan, aldiz, organismoen ezaugarri anatomiko eta fisiologikoen ezagutza izan zuen ardatz nagusi. Egungo biologiak erantzuna eman nahi die galdera handi batzuei: nola sortu zen bizia, nola dagoen eratua izaki bizidunen gorputza, zergatik dugun gizaki guztiok hain antz handia eta, hala ere, desberdinak garen, eta abar. Galdera horiei ez zitzaien eutsi XIX. mendearen amaierara arte; orduan aurkeztu ziren eboluzioaren teoria eta teoria zelularra, garai hartako biologia zientzia moderno eta esperimental bilakatu zutenak. Haren barnean, biologia molekularraren eta ingeniaritza genetikoko tekniken garapen zorabiagarriak gizartea aldatu dute eta etorkizunerako interes handiko aukerak sortu dituzte; horietako batzuk gauzatu dira dagoeneko, adibidez terapia genikoa, klonazioa, elikagai transgenikoak, etab.

Batxilergoko Biologiak gaiaren ikuspegi eguneratua eskaini nahi du, eta hiru esparrutan banatzen du ikasleen prestakuntza. Alde batetik, bizidunen mundua arautzen duten oinarrizko mekanismoei buruzko ezagutza zientifikoak handitu eta sakondu nahi ditu. Horretarako beharrezkoa da maila zelularra, subzelularra eta molekularra jorratzea, fenomeno biologikoak biokimikaren edo biofisikaren bidez ulertzeko. Eduki desberdin guztiak lotzen dituen haria zelula da, haren egitura eta funtzioak, bistatik galdu gabe sistema bizidunen konplexutasuna ulertzeko behar den ikuspegi orokorra; izan ere, bi ikuspegiak, analitikoa eta orokorra, kurtso honetan ikasiko diren fenomenoak ulertzeko funtsa dira.

Beste prestakuntza esparru bat da ikertzeko jarrera sustatzen saiatzen dena, oinarritzat harturik analisia eta lan zientifikoaren oinarrizko prozedurak, biologiaren aurrerapena ahalbidetu dutenak: problemak planteatzea, hipotesiak eratu eta egiaztatzea, saiakuntzak antolatu eta garatzea, emaitzak interpretatzea, komunikazio zientifikoa, informazio iturrien erabilera.

Eta, azkenik, ez da garrantzi gutxiagoko kontua biologian etenik gabe egiten ari diren aurkikuntza berrien askotariko ondorioak aztertzea, ondorio pertsonalak, etikoak, legezkoak, ekonomikoak edo politikoak, baita beste zientzia batzuekiko loturak ere, zientzia/teknologia/gizartea (ZTG) ikuspegitik, hau da, jarduera zientifikoarekin lotutako auziak eta gizartean eztabaida eragiten duten ondorioak erakutsiz. Haren aplikazio nagusiak ere ezagutu behar dira. Orain arte pentsatu ezinezkoak ziren bideak ireki dituzte, baina erronka handiak ere ekarri dituzte ikerketa biologikora eta horietako asko egungo gizartearen garapen teknologikoaren ereduari loturik daude.

Laburbilduz, Biologia irakasgaiak gertaera, kontzeptu, prozedura eta trebetasunei dagozkien ezagutzak eskaintzen dizkie ikasleei, bai eta lan zientifikorako erreferentzia esparru etikoa ere. Eremu honetako ezagutza sarearen konplexutasuna areagotu nahi da horrela, izan ere, kurtso honetan ikasiko direnetako batzuk aurreko etapetan zehar bereganatu baitituzte ikasleek, eta honezkero egiten ahal dituzten jarduera intelektual konplexuagoetan sakondu, indarra emanez bai lan zientifikoak berezkoak dituen jarrerei eta bai zientziarekiko jarrera positiboei ere, betiere kontuan izanik ikasle bakoitzaren interesak eta motibazioak.

Aukeratutako edukiak bost atal handitan egituraturik daude. Lehenbizikoa atari modukoa da: zer den biologia, haren aurrerapenak eta mugak, gizartean duen garrantzia eta haren bilakaera. Bestalde, sakonago ikasten dira biziaren oinarri molekularra, materia biziaren osagai kimikoak, horien propietateak eta garrantzi biologikoa. Bigarrenak hurrengo antolaketa mailari ekiten dio, maila zelularrari. Zelularen alderdi morfologikoak, egiturazkoak eta funtzionalak aztertzen dira, zelula izaki bizidunen unitatea dela nabarmenduz. Hirugarrenean herentzia aztertzen da. Jada aurreko etapan landu den genetika klasiko edo mendeldarretik abiatuta, herentziaren alderdi biokimikoak, genetika molekularra eta genetika berriaren aurrerapenak aurkezten dira (ingeniaritza genetikoa, bioteknologia eta genomika). Laugarrenean mikroorganismoen ezagutza eta horrek bioteknologian dituen aplikazioak dira ardatzak. Eta azkenik, bosgarrenean zehatz-mehatz aztertzen dira organismoen autodefentsarako mekanismoak, goi mailako ornodunenak bereziki, horietan nabari baita ongien bere konplexutasun osoan immunitate sistemaren lana.

Helburuak

Batxilergoan Biologiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Biologiako kontzeptu nagusiak, legeak, teoriak eta ereduak ulertzea eta horiek guztiek Naturaren ezagutzan eta interpretazioan duten eginkizuna baloratzea. Zientzia gisa izan duen garapenari erreparatuta, denboran gertatutako aldaketa sakonak eta ingurune historikoaren eragina baloratzea, eta lan zientifikoa etengabe eraikitzen ari den jarduera dela jabetzea.

2. Biologiaren izaera, aurrerapenak eta mugak eta teknologiarekin eta gizartearekin dituen interakzioak interpretatzea. Giza genoma, ingeniaritza genetikoa edo bioteknologia bezalako ezagutza biologikoak eguneroko arazoak konpontzeko erabil daitezkeela ohartzea, aurkikuntza berriekin zerikusia duten alderdi etikoak, sozialak, ingurumenekoak, ekonomikoak, politikoak eta abarrekoak baloratzea, eta zientziari eta teknologiari buruzko jarrera positiboak garatzea, gizakien ongizaterako egiten duten ekarpenarengatik.

3. Askotariko informazio iturriak erabiltzea, tartean ingurune fisiko eta soziala, eskola liburutegia eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, horrela gizarteak gaur egun biologiaren inguruan dituen arazoez (osasuna eta ingurumena, bioteknologia, etab.) iritzi kritikoa lantzeko, iritzi desberdinen aurrean jarrera irekia agertuz, eta nork bere iritzia besteei azaltzea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

4. Ikerketa zientifikoaren ohiko estrategiak ezagutu eta aplikatzea (problemak planteatzea, hipotesiak eman eta alderatzea, diseinu esperimentalak planifikatzea, etab.), ikerketa txikiak egiteko eta egoerak eta fenomenoak arakatzeko esparru honetan.

5. Zelularen egitura osatzen duten oinarrizko molekulen ezaugarri kimikoak eta propietateak ezagutzea, prozesu biologikoetan betetzen duten egitekoa ulertzeko.

6. Zelula interpretatzea, izaki bizidunen unitate egiturazkoa, funtzionala eta genetikoa den aldetik; zelularen antolaketa eredu desberdinak eta funtzio zelularren konplexutasuna ezagutzea.

7. Herentziaren legeak eta mekanismo molekular eta zelularrak ulertzea; giza genomari buruzko azken aurkikuntzak eta ingeniaritza genetikoan eta bioteknologian dituzten aplikazioak interpretatzea, haien ondorio etiko eta sozialak baloratuz.

8. Mikroorganismoen ezaugarriak, hainbat prozesu natural eta industrialetan betetzen duten eginkizuna eta mikrobiologiak industrian dituen aplikazio ugariak aztertzea. Mikroorganismoek eragindako gaixotasun askoren jatorri infekziosoa eta erantzun immunitarioaren mekanismo nagusiak ezagutzea.

9. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

Edukiak

1. Biziaren oinarri molekularra eta fisiko-kimikoa.

-Biologia deskribatzailetik egungo biologia molekular esperimentalera. Teoria eta ereduen garrantzia, ikerketaren erreferentzia esparru gisa.

-Zelularen osagai kimikoak. Motak, egitura, propietateak eta eginkizunak.

-Bioelementuak eta oligoelementuak.

-Lotura kimikoak eta biologian duten garrantzia.

-Molekula eta ioi ez-organikoak: ura eta gatz mineralak.

-Ur dispertsioen fisika eta kimika. Difusioa, osmosia eta dialisia.

-Molekula organikoak. Katalizatzaile biologikoak.

-Izakien funtsezko osagai kimikoen zenbait ezaugarri esperimentuen bidez arakatu eta ikertzea.

2. Zelularen morfologia, egitura eta funtzioak.

-Zelula: egitura- eta funtzio-unitatea. Teoria zelularra.

-Zelula aztertzeko metodo ezberdinak: hurbilketa praktikoa.

-Zelularen morfologia. Zelularen organuluen egitura eta funtzioa. Antolaketa ereduak prokariotoetan eta eukariotoetan. Animalia zelulak eta landare zelulak.

-Zelula, sistema konplexu integratua: zelularen funtzioen eta horiek egiteko egituren azterketa. Ziklo zelularra.

-Zelularen zatiketa. Mitosia animalia zeluletan eta landare zeluletan. Meiosia. Horren garrantzia izaki bizidunen eboluzioan.

-Mintzak eta haiek zeluletako trukeetan betetzen duten funtzioa. Iragazkortasun hautakorra. Endozitosi eta exozitosi prozesuak.

-Metabolismoari buruzko sarrera: katabolismoa eta anabolismoa.

-Arnasketa zelularra, horren esanahi biologikoa. Arnasketa prozesuan parte hartzen duten organulu zelularrak. Hartziduren aplikazioak.

-Fotosintesia. Faseak, parte hartzen duten egitura zelularrak eta emaitzak. Kimiosintesia.

-Funtzio zelularrekin zerikusia duten gaiei buruzko ikerketak edo azterlan praktikoak planifikatu eta egitea.

3. Herentzia. Genetika molekularra.

-Mendelek herentziaren azterketari egindako ekarpenak.

-Sexuaren herentzia. Sexuari lotutako herentzia. Giza genetika.

-Herentziaren teoria kromosomikoa.

-Genetika molekularra edo herentziaren kimika. ADNa informazio genetikoaren eramaile gisa aztertzea. Gene kontzeptua.

-Kode genetikoaren ezaugarriak eta garrantzia eta haren froga esperimentalak. Geneen transkripzioa eta transdukzioa prokariotoetan eta eukariotoetan.

-Genomika eta proteomika. Genetikoki eraldatutako organismoak.

-Aldaketak informazio genetikoan; mutazioak. mutagenoak. Mutazioak eta minbizia. Mutazioen eragina eboluzioan eta espezie berrien sorreran.

4. Mikroorganismoen mundua eta haien aplikazioak.

-Mikroorganismoen askotarikotasunaren azterketa. Haien bizi motak. Bakterioak eta birusak.

-Beste izaki bizidun batzuekiko interakzioak. Nola esku hartzen duten mikroorganismoek ziklo biogeokimikoetan. Mikroorganismoak eta gaixotasun infekziosoak.

-Mikroorganismoak aztertu eta hazteko metodoei buruzko sarrera esperimentala.

-Mikroorganismoen erabilera industria prozesuetan. Gizartean eta ekonomian duten garrantzia.

5. Immunitatea eta haren aplikazioak.

-Immunitate kontzeptua gaur egun. Giza gorputza, orekan dagoen ekosistema gisa.

-Erantzun immunitarioaren motak. Immunitate sistema.

-Barneko defentsa ez-espezifikoak.

-Immunitate espezifikoa. Ezaugarriak eta motak: zelularra eta humorala.

-Antigeno eta antigorputz kontzeptuak. Antigorputzen egitura eta funtzioa.

-Erantzun immunitarioaren ekintza mekanismoa. Oroimen immunologikoa.

-Immunitate naturala eta immunitate artifiziala edo hartua. Serumak eta txertoak.

-Immunitate sistemaren disfuntzio eta hutsuneak. Alergiak eta immunoeskasiak. HIESa eta immunitate sisteman duen eragina. Immunitate sistema eta minbizia.

-Antigorputz monoklonalak eta ingeniaritza genetikoa.

-Organoen transplantea eta errefusa.

Ebaluazio irizpideak

1. Biologiaren izaera irekia aztertzea, oinarrizko kontzeptu batzuei buruzko interpretazioak eta hipotesiak ikasiz: organismoen osaera zelularra, genearen izaera, biziaren jatorria, etab., eta biologiak denboran izandako aldaketak eta ingurune historikoak zientzia horren garapenean izan duen eragina baloratzea.

Jakin nahi da ea ikasleak gai diren testuinguru historiko desberdinetan Naturako hainbat fenomenori buruz emandako azalpen zientifikoak aztertzeko, zenbait eztabaidagai ezagutu eta eztabaidatzeko eta horiek egungo ezagutza zientifikoetarako egindako ekarpena ulertzeko. Irizpide hori kurtso honetan aztergai diren ebidentzia esperimental edo gako kontzeptuetako batzuei begira baloratzen ahal da, hala nola ADNa, genea, infekzioa, birusa, etab., zientzia honen garapenaren etapa desberdinetan egiten ahal diren interpretazioak aztertuz. Halaber, esperimentazio biologikoaren aurrerapen handia ahalbidetu duten teknika instrumental batzuk deskribatu behar dituzte, eta askotariko informazio iturriak erabili, biologiarekin zerikusia duten egungo arazoak modu kritikoan baloratzeko.

2. Ikerketak diseinatu eta egitea, lan zientifikoaren funtsezko ezaugarri batzuk kontuan hartuz: problemaren planteamendu zehatza, hipotesi egiaztagarriak formulatzea, esperientzia eta analisiak diseinatu eta egitea eta emaitzak jakinaraztea.

Egiaztatu behar da ea ikasleek aurrera egiten duten trebetasun zientifikoak garatzen: problemen planteamendua, emaitzen azalpena, eta bai lan zientifikoari dagozkion jarrerak garatzen ere, hala nola zorroztasuna, zehaztasuna, objektibotasuna, autodiziplina, begi bistakoa dena ezbaian jartzea, sormena, etab. Horrela egiaztatuko da ea aurrera egin duten ez kontzeptuen alorrean bakarrik, baita metodologiaren eta jarreren alorrean ere.

3. Materia bizia osatzen duten makromolekula motak ezagutzea eta bakoitzak zelulan zer funtzio biologiko betetzen duen jakitea. Ura eta gatz mineralak prozesu biologikoetan zergatik diren funtsezkoak azaltzea, eta oligoelementuen propietate biologikoen eta ezaugarri fisiko-kimikoen arteko lotura ezagutzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren zelularen egiturak osatzen dituzten molekula mota nagusiak identifikatzeko, haien ezaugarri fisiko-kimikoak ezagutzen dituzten eta haien funtzioarekin lotzen dituzten. Gainera, ebaluatu behar da ea badakiten urak zer garrantzia duen biziaren garapenerako, eta zer-nolako funtzioa betetzen duten fotosintesia edo arnasketa katea bezalako prozesu biologikoetan ezinbestekoak diren ioi batzuek. Baloratuko da, halaber, ea ikasleek esperientzia errazak diseinatzen eta egiten ahal dituzten lagin biologikoetan biomolekula horien presentzia identifikatzeko.

4. Teoria zelularra, biologiaren garapenean hark izan duen garrantzia eta zelularen antolaketa eredu prokariotikoa, animalien eredu eukariotikoa eta landareen eredu eukariotikoa azaltzea, zelularen organuluak identifikatzea eta horien funtzioa deskribatzea.

Baloratuko da ea ikasleek badakiten zelula prokariotikoaren egitura eta forma, landare zelula eukariotikoarena eta animalia zelula eukariotikoarena bereizten, haien tamaina erlatiboen estimazioak eginez. Halaber, baloratuko da ea organuluak bereizten dituzten eta horien funtzioak azaltzeko gai diren eta jarrera egokiak garatu ote dituzten laborategian lan txukuna eta zorrotza segurtasunez egiteko.

5. Ziklo zelularraren ezaugarriak eta nukleoaren eta zitoplasmaren zatiketa motak azaltzea, mitosiaren eta meiosiaren garrantzi biologikoa justifikatzea, sexuzko ugalketaren onurak deskribatzea eta meiosia espezieen aldakortasun genetikoarekin lotzea.

Jakin nahi da ea ikasleek ikuspegi globala lortu duten ziklo zelularrari buruz eta nukleoaren zatiketaren eta zitozinesiaren xehetasun nagusiei buruz. Halaber, mikroargazki eta eskemetan mitosiaren eta meiosiaren faseak identifikatzen jakin behar dute, gertaera oinarrizkoak azaldu behar dituzte eta mitosiaren eta meiosiaren arteko diferentzia nagusiak ezagutu, bai haien funtzio biologikoari dagokionez eta bai haien ekintza mekanismoari eta zatitzen diren zelula motei dagokienez ere.

6. Materia organikoa sintetizatzeko mekanismoak, degradazio mekanismoak eta horietan gertatzen diren energia trukeak bereiztea. Arnasketa zelularraren esanahi biologikoa azaltzea eta bizi aerobikoa anaerobikotik bereiztea. Fotosintesian gertatzen diren prozesuak aipatzea eta haien garrantzia justifikatzea biosintesi prozesu gisa, banakakoa organismoentzat baina aldi berean globala Lurrean biziari eusteko.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek modu orokorrean ulertzen dituzten, bide metaboliko bakoitzaren xehetasunak ikasi gabe, materia eta energia trukatzeko prozesu metaboliko zelularrak, bizi anaerobikoa eta aerobikoa bereiziz, eta arnasketa eta hartzidura kontzeptuak, entzimen funtzioa eta jarduera katabolikoaren emaitza orokorrak baloratuz, eta hartzidura bezalako erreakzio anaerobiko batzuek industrian dituzten aplikazioak deskribatuz. Baloratu nahi da, halaber, ea ikasleek ezagutzen dituzten fotosintesiaren garrantzia eta xedea, fase argia eta iluna, fase horiek egiten dituzten zelulako egiturak, behar diren substratuak, amaierako produktuak eta energia balantzea, eta fotosintesiak biziaren iraupenerako duen garrantziaz jabetzen diren.

7. Herentziazko karaktereak transmititzeko mekanismoak deskribatzea, Mendel-en hipotesiaren eta herentziaren teoria kromosomikoaren arabera, herentziarekin zerikusia duten problemak ebazteko. ADNak informazio genetikoaren eramaile gisa daukan funtzioa azaltzea eta ondokoak informazio genetikoarekin lotzea: proteinen sintesia, kode genetikoaren izaera eta hark genetikaren aurrerapenean duen garrantzia, mutazioak eta haiek izaki bizidunen aldakortasunean, eboluzioan eta pertsonen osasunean duten eragina.

Ikasleek genearen izaera molekularra agerian jarri zuten ikerlanak azter ditzaten nahi da, eta egungo gene kontzeptua ulertu eta ADNaren ezaugarriekin eta proteinen sintesiarekin lotu dezaten. Gai izan behar dute geneen espresio prozesuak prokariotoetan eta eukariotoetan dituen ezaugarri desberdinak azaltzeko. Gainera, gai izan behar dute geneen mutazio kontzeptua, mutazioen kausak eta mutazioek izaki bizidunen eboluziorako eta dibertsitaterako duten garrantzia azaltzeko, mutagenoen arriskuak baloratuz.

8. Mikroorganismoen egitura eta funtzioak azaltzea, beste izaki bizidun batzuekin dituzten harremanak eta ziklo biogeokimikoetan duten funtzioa azpimarratuz; mikrobiologiak elikagaien eta sendagaien industrietan eta ingurumenaren hobekuntzan dituen aplikazioak ezagutzea eta zenbait mikroorganismok ahalmen patogenoa dutela eta gaixotasun infekziosoak eragiten dituztela baloratzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek mikroorganismo deituen multzoaren barneko talde taxonomikoen heterogeneotasuna ezagutzen duten eta ordezkari garrantzitsuenak bereizten dituzten, hala nola bakterioak eta birusak. Gainera, jakin behar dute badirela mikroorganismo patogenoak, izaki bizidunen eta gizakien gaixotasun infekzioso askoren eragileak, eta mikroorganismoek ingurumen arloan interes handia dutela, eta bioteknologian, batez ere elikagaien eta sendagaien industrietan, edo kutsaduraren aurkako borrokan nola erabiltzen diren baloratu behar dute.

9. Izaki bizidunen autodefentsarako mekanismoak aztertzea, egungo immunitate kontzeptua ezagutzea eta erantzun immunitarioaren ezaugarriak eta immunitatea lortu edo indartzeko metodo nagusiak azaltzea.

Jakin nahi da ea ikasleek ulertzen duten nola diharduten infekzioaren aurkako kanpo eta barne defentsek, immunitatearen eta immunitate sistemaren ezaugarriak identifikatzen dituzten, eta erantzun immunitarioaren ekintzaren mekanismoa eta esku hartzen duten zelula motak ezagutzen dituzten. Halaber, erantzun immunitarioa areagotu edo eragiteko teknikak, hala nola serumak eta txertoak, nola erabiltzen diren ba ote dakiten ebaluatu behar da. Gizakiaren immunitate sistemaren alterazio nagusiak identifikatu behar dituzte, tartean HIESa, eta organoen transplantearen arazoa baloratu, alderdi medikoak, biologikoak eta etikoak kontuan hartuz.

BIOLOGIA ETA GEOLOGIA

Bai biologia bai geologia gure inguruko fenomeno naturalak ulertzen eta interpretatzen saiatzen dira. Horretarako azalpen ereduak egin dituzte, interpretazio horiei koherentzia ematen dietenak, eta berebiziko aurrerapen zientifiko eta teknologikorako oinarriak ezarri dituzte; aurrerapen horrek hobekuntza ekarri du, baina baditu arriskuak biziari eusten dion planetaren orekarako.

Zientzien eta Teknologiaren modalitateko Biologia eta geologia irakasgaiak aurreko etapako ezagutza biologiko eta geologikoak handitzen ditu. Horrek aukera ematen du izaki bizidunen antolaketa sakonago aztertzeko eta Lurra hobeki ulertzeko planeta aktibo gisa.

Geologiak ikuspegi orokor eta bateratua ematen du aurreko etapan aztertutako zenbait alderdi eta fenomenori buruz. Adibidez, harri mota desberdinak edo erliebearen jatorria eta eraketa modu integratuagoan aztertzen dira irakasgai honetan. Ikusmolde berarekin eguzki sistema aztertzen da, eta Lur planeta nola sortu zen eta nola antolatu zen geruzatan, eta Unibertsoaren egitura, antolaketa eta osagaiak interpretatzen dira egungo behaketa sistemen bidez lortutako datuetan oinarrituta. Gainera, planetaren dinamismoa ulertu behar da honako prozesu hauek ulertu ahal izateko, besteak beste: lurzoruaren sorrera, estratifikazioa, edo zenbait zonatan sumendiak eta lurrikarak izatea.

Plaken tektonikaren teoriaren inguruan dago egituratuta geologia. Lehendabizi, behar diren datuak biltzen dira hipotesiak formulatzeko (Lurraren barnealdearen osaera, egitura eta dinamika); bigarrenik, haren agerpenak aztertzen dira (ozeano eta kontinenteen jatorria, mendikateen sorrera, magmatismoa eta metamorfismoa), eta hirugarrenik, plaken eboluzioa eta haiek aldatzen dituzten eragileak, hau da, kanpo geologiako prozesuak aztertzen dira.

Kurtso honetako Biologiak izaki bizidunak aztertzen ditu haien batasunari eta askotarikotasunari buruzko ikuspegia eskainiz. Organismo guztiek dituzten ezaugarri komunak aurkezten ditu: zelula, moldatzeko gaitasuna, eboluzioa, materia eta energia lortu beharra, bizirik irauteko mekanismoak, ingurunearekiko harremanak, etab., eta izaki bizidun jakin batzuetan kokatzen ditu, horiek eredutzat hartzen baititu talde taxonomiko nagusien ezaugarriak azaltzeko.

Gogoeta egin nahi da izaki bizidun batek irauteko dituen arazo nagusiez (tamaina, forma, inguruneko erasoak, etab.) eta bizi moten aniztasunaz (barne antolaketa, portaerak, habitatekiko mendekotasuna, etab.), aniztasun hori ingurumeneko baldintzetara moldatzeko erantzuna dela kontuan harturik. Derrigorrezko irakaskuntzan izaki bizidunen taxon nagusiak ez dira zehatz-mehatz aztertzen maila makroskopikoan, eta beharrezkoa dirudi orain egitea azterketa hori, eboluzioa ulertzeko oinarri gisa, arazo bera konpontzeko biziak jorratu dituen bide desberdinak erakutsiz.

Hala, bada, irakasgai honetan biologiari loturiko edukiek izaki bizidunen ikuspegi bateratua eskaintzen dute, ez horrenbeste haien osaeraren aldetik, osaeraren azterketa hurrengo kurtsorako uzten baita, bizirik irauteko konpondu behar dituzten arazoen aldetik baizik. Haiei ekiteko modu desberdinek eboluzioaren teoriari eusteko behar diren datuak eskaintzen dituzte, eboluzioa baita edukien hari gidaria, eta behar diren oinarriak ematen dituzte biologia modernoa eta Lurraren eta ingurumenaren zientziak ikasteko.

Biologiak eta geologiak laguntzen dute zientziak eta teknologiak gizartearekin dituzten erlazioen gaineko gogoetak egiten eta, horretaz gainera, ikerketaren inplikazio etikoak baloratzen, bai gizabanakoaren ikuspuntutik bai ikuspuntu kolektibotik ere. Haien edukiei ekiteko har daitekeen ikuspegi kontzeptualak ere, hain zuzen, beste irakasgai batzuekiko eta arazo sozial, etiko eta pertsonalekiko erlazio estuagoa sortu behar du. Horrek guztiak, ikerketa txikien planteamendua, talde lana, txangoak, laborategiko lana eta abarrekoak gehituta, zientziari eta zientziaren ikaskuntzari buruzko jarrera positiboak sustatuko ditu, beharrezkoak baitira gizartean herritar kritiko eta arduratsu gisa parte hartzeko.

Helburuak

Batxilergoan Biologia eta geologiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Biologiako eta geologiako kontzeptu, teoria eta eredu garrantzitsu eta orokorrenak ezagutzea, jorratu behar duten jakintza arloaren ikuspegi osoa izateko eta naturako fenomenoak azaldu ahal izateko, ezagutza horiek egiazko eta eguneroko egoerei aplikatuz.

2. Lurraren barnealdeari buruz dauden datuak ezagutzea eta horiekin hipotesi bat egitea haren osaera, eratze prozesua eta dinamika azaltzeko.

3. Plaken tektonikaren teoria koherentea dela ohartzea, ikuspegi orokortzaile eta bateratzailea proposatzen duela kontinenteen lekualdaketa, mendikateen eta harrien sorrera, planetaren barneko dinamismoa eta beste hainbat fenomeno azaltzeko, eta izaki bizidunen banaketaren kausak ulertzen laguntzen duela.

4. Izaki bizidunen antolaketa eredu desberdinetara hurbiltzea eta haien egitura eta funtzionamendua ingurune jakinetan bizirik irauteko arazoei emandako erantzunak izan daitezkeela ulertzen saiatzea.

5. Izaki bizidunen funtzionamendua ulertzea ingurumenari egokitzeko estrategien moduan.

6. Eboluzioaren teoriak izaki bizidunen askotarikotasuna ulertzeko eskaintzen duen ikuspegia ulertzea eta geologiak erakusten dituen noizbehinkako krisi-gertaerekin uztartzea, puntukako orekaren proposamenera iristeko.

7. Biologiaren eta geologiaren alderdi sozial eta teknologikoak uztartzea eta haien garapenak ingurune naturalari, gizakiari eta gizarteari ekartzen dizkien onurak eta arazoak ulertzea, ondare naturala zaintzen eta babesten laguntzeko.

8. Nolabaiteko autonomiarekin erabiltzea ikerketarako trebetasunak, hala dokumentalak nola esperimentalak (problemak planteatzea, hipotesiak formulatu eta egiaztatzea, esperientziak egitea, etab.), zientzia prozesu aldakor eta dinamikoa dela ohartuz.

9. Lan zientifikoarekin lotzen diren jarrerak garatzea, besteak beste informazioaren bilaketa, gaitasun kritikoa, gertaerak egiaztatu beharra, agerikoa dena ezbaian jartzea eta ideia berriei uko ez egitea, talde lana, ezagutzen aplikazioa eta hedapena, etab., informazioaren eta komunikazioaren teknologia erabiliz, hala behar denean.

10. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

11. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Lurraren jatorria eta egitura.

-Lurraren barnealdea aztertzeko metodoak. Metodo bakoitzarekin lortzen diren datuen interpretazioa.

-Lurraren barne egitura. Lurraren materialen osaera.

-Mineralak eta harriak. Kristalen sorreraren azterketa esperimentala. Mineral petrogenetikoak.

-Ingurunea ikertzeko teknologia berriei buruzko sarrera: informazio geografikoko sistemak.

-Landa lana: laginak bertatik bertara aztertzea.

-Laborategiko lana: analisi fisikoak eta kimikoak; mikroskopio petrografikoa.

2. Barneko geodinamika. Plaken tektonika.

-Litosferako plakak: ezaugarriak eta mugak. Plaken ertzak: eraikitzaileak, eraldatzaileak eta suntsitzaileak. Lotutako fenomeno geologikoak.

-Barneko beroaren kondukzioa eta konbekzioa eta horiek Lurraren barneko dinamikan duten eragina.

-Ozeano eta kontinenteen jatorria eta eboluzioa. Wilson-en zikloa. Plaken tektonikaren teoriaren alderdi bateratzaileak.

-Magmen sorrera eta eboluzioa. Harri magmatikoak. Magmatismoa eta plaken tektonika.

-Metamorfismoa. Harri metamorfikoak. Metamorfismo motak eta plaken tektonika.

-Harri magmatiko eta metamorfiko nagusiak ezagutzea. Harri igneo eta metamorfikoen erabilgarritasuna.

3. Kanpoko geodinamika eta Lurraren historia.

-Kanpoko geodinamikako prozesuak. Sedimentazio inguruneak eta prozesuak.

-Harri sedimentarioak eta haien aplikazioak. Mota nagusiak ezagutzea.

-Harrien aldaketa eta meteorizazioa. Lurzoruaren sorrera. Haren iraupenaren garrantzia.

-Barneko eta kanpoko prozesu geologikoen arteko eraginak. Lur sistema: ikuspegi osoa.

-Mapa topografiko, ebakidura eta mapa geologiko sinpleen interpretazioa.

-Arrisku geologikoak. Iragartzea eta aurrea hartzea.

-Dataziorako eta Lurraren iragana berregiteko prozedurak. Denbora geologikoa eta haren zatiketa. Zenbait fosil identifikatzea.

-Lurrean gertatutako aldaketa handiak. Atmosfera oxidatzailearen sorrera. Iraungipen handiak. Klima aldaketak.

-Gizakiaren ekintzak lurrazalean eragindako aldaketak.

4. Biziaren batasuna eta dibertsitatea.

-Izaki bizidunen askotarikotasuna eta haien sailkapenaren arazoa. Sailkapenerako irizpideak.

-Izaki bizidunen antolaketa mailak. Zelula, bizi unitate gisa.

-Bost erreinuen funtsezko ezaugarriak.

-Landareen histologia eta organografia oinarrizkoa.

-Animalien histologia eta organografia oinarrizkoa.

-Animalia eta landare ehunen eta zelula bakarreko organismoen behaketa mikroskopikoak.

5. Landareen biologia.

-Dibertsitatea landareen erreinuan: talde taxonomiko nagusiak. Landareak sailkatzeko taula dikotomiko sinpleen erabilera.

-Landareen nutrizio prozesua: nutrizio autotrofoa. Fotosintesia. Haren alderdi batzuen azterketa esperimentala.

-Harreman funtzioak landareen munduan: tropismoak eta nastiak. Landare hormona nagusiak. Haien eraginak esperimentuen bidez egiaztatzea.

-Landareen ugalketa. Ugalketa sexugabea eta sexuzkoa. Landareen ziklo biologikoa. Gizakiak ugalketan esku hartzea.

-Ingurumenerako moldaera nagusiak landareetan.

-Landareek ekosistemen eta Lurreko biziaren iraupenerako duten garrantzia.

6. Animalien biologia.

-Dibertsitatea animalia erreinuan: talde nagusiak. Moluskuak, artropodoak eta ornodunak sailkatzeko taula dikotomiko sinpleen erabilera.

-Animalien nutrizio prozesua: nutrizio heterotrofoa. Animalien nutrizioaren alderdi sinpleren bat esperimentuen bidez aztertzea.

-Koordinazio sistemak animalia erreinuan.

-Animalien ugalketa. Ugalketa sexugabea eta sexuzkoa. Animalien ziklo biologikoa.

-Ingurumenerako moldaera nagusiak animalietan.

-Animalien dibertsitatearen garrantzia. Galtzeko zorian dauden animalia espezieak. Dibertsitatea zaintzeko ekintzak.

Ebaluazio irizpideak

1. Hainbat metodoren bidez lortutako datuak interpretatzea, planetaren barnealdearen egiturari eta osaerari buruzko ikuspegi koherentea eskaintzeko.

Egiaztatu behar da ea ikasleek zuzen interpretatzen dituzten Lurraren barnealdea aztertzeko metodo desberdinen bidez (sismologikoa, grabimetrikoa, magnetikoa, termikoa, etab.) lortutako datuak, planetaren jatorriari eta eboluzioari buruzko egungo teoriekin lotzen dituztela, geruza zentrokide gero eta trinkoagoez osatutako egitura irudikatzen dutela, eta ezagutzen dituztela Lurraren barnealdearen osaera, materialen banaketa eta materiaren eta energiaren zirkulazioa, geruza geologiko azalekoenen mugimenduak ahalbidetzen dituena.

2. Ikerketak diseinatu eta egitea, lan zientifikoaren funtsezko ezaugarriak kontuan harturik (problema zehaztea, hipotesiak ematea, esperientziak diseinatu eta gauzatzea eta emaitzak jakinaraztea), honelako prozesuak aztertzeko: kristaltzea, mineralen sorrera, lurzoruaren sorrera, landareen nutrizioa, etab.

Egiaztatu behar da ea ikasleak trebetasun eta jarrera zientifikoak garatzen ari diren, kontzeptuen, metodologiaren eta jarreren aldetik aurrera eginez, eta hori guztia geologiarako eta biologiarako interesa duten arazoen azterketari aplikatzen dioten.

3. Litosferako plaka nagusiak mapan kokatzea eta haien ertzen ekintzak baloratzea. Sumendi eta lurrikara zonak, mendikateen sorrera, ozeano hondoen hedapena, horien materialen banaketaren simetria eta oso toki urrunetan harri eta fosil berdintsuak zergatik agertzen diren azaltzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek badakiten zein diren eta non dauden litosferako plaka nagusiak eta nola diharduen plaka ertz bakoitzak bere mugimenduan beste plaka ertz batekin talka egiten duenean. Halaber, plakei lotutako fenomeno geologiko guztiak eta horiek eragiten dituzten indarrak interpretatzen jakin behar dute: barneko konbekzio korronteak, kontinenteen itxurazko mugimendua, erliebeen gaztetzea, erregistro fosilak, etab.

4. Harri mota nagusiak, horien osaera, testura eta sortze prozesua identifikatzea. Non dauden eta zertarako erabiltzen diren azaltzea.

Ikasleek harri sedimentario nagusiak ezagutu behar dituzte, bai eta haiek sortu dituzten prozesuak ere, eta prozesu horiek laborategian eragiteko esperientziaren batzuk egiten jakin behar dute. Era berean, harri metamorfikoak ezagutu behar dituzte eta buztinaren serieen fase desberdinak identifikatu. Gai izan behar dute, halaber, harri magmatikoak, bolkanikoak, filonianoak eta plutonikoak bereizteko, haietan arruntenak ezagutu behar dituzte eta testuraren bidez haien sorrera prozesua deskribatzen jakin behar dute.

5. Lurzorua sortzeko prozesuak deskribatzea, lurzoru mota nagusiak identifikatu eta kokatzea eta haien iraupena zergatik den garrantzitsua azaltzea.

Lurzoruaren berezko ezaugarriei antzemateko, izaera ematen dioten osagaiak ezagutzeko eta haren garrantzi ekologikoaren arrazoiak azaltzeko gaitasuna ebaluatu behar da. Egiaztatu behar da, beraz, ea ikasleek ulertu duten zer-nolako eragina duten prezipitazio mota, erliebea, litologia, landaretza edo gizakiaren ekintza bezalako faktoreek lurzoruaren sorreran, eta ea badakiten lurzoru mota nagusiak zein diren eta non dauden eta lurzoruak nolako neurrien bidez babestu behar diren basamortutzea saihesteko. Baloratuko da, halaber, lurzorua ondasun hauskorra eta biziari eusteko ezinbestekoa dela jakitea eta gizakien jarduerak lurrazalean duen eragina ulertzea.

6. Izaki bizidunen sailkapeneko taxon nagusien funtsezko ezaugarriak azaltzea eta arruntenak identifikatzeko taula dikotomikoak erabiltzen jakitea.

Ikasleek izaki bizidunen sailkapenetarako ezarri diren irizpide zientifikoak erabili behar dituzte, bost erreinuetako bakoitza besteetatik bereizi behar dute eta haren ezaugarri bereziak deskribatzen jakin behar dute. Landare eta animalia arruntenak gutxienez ere familia mailaraino zuzen identifikatzeko taulak erabiltzen jakin behar dute.

7. Izaki bizidunetako batzuk zergatik dauden ehunetan antolatuta azaltzea, eta landareen eta animalien ehun motak, horien kokapena, ezaugarri morfologikoak eta fisiologia ezagutzea. Mikroskopioa erabiltzea ehunak behatu eta haien mota nagusiak bereizi ahal izateko.

Ikasleek, animalia edo landare organoen marrazkiak, argazkiak edo mikroskopiorako prestakinak ikusirik, haiek osatzen dituzten ehunak identifikatu eta marrazki eskematikoetan irudikatu behar dituzte, eta ehun mota bakoitzaren funtzioak eta hura osatzen duten zelulen morfologia azaldu behar dituzte. Gainera, landare eta animalia ehunekin mikroskopiorako prestakin sinpleak egiten jakin behar dute, behar diren tresnak, erreaktiboak eta koloragarriak erabiliz.

8. Landare baten bizitza osotasun gisa azaltzea, kontuan izanik haren neurriak, egiturak, antolaketa eta funtzionamendua ingurune fisikoak edo biologikoak ezarritako baldintzei egokitzeko moduak direla, espeziearen iraupenerako.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek ongi ezagutzen dituzten landareen nutrizio autotrofoaren prozesua, landareen ugalketa eta harreman funtzioa, zenbait aldagaik duten eragina eta landareek beren funtzioak arrakastaz betetzeko garatu dituzten moldaerazko egiturak. Baloratuko da, halaber, gaitasuna izatea izaki autotrofoek gainerako bizidunentzako materia organikoaren ekoizle gisa betetzen duten funtzioaren garrantziaz jabetzeko. Bestalde, ikasleek gai izan behar dute zenbait aldagai kontrolatzen ahal diren esperientziak diseinatu eta garatzeko, fotosintesiari eta hormonen ekintzari buruzkoak.

9. Animalia baten bizitza osotasun gisa azaltzea, kontuan izanik haren neurriak, egiturak, antolaketa eta funtzionamendua ingurune fisikoak edo biologikoak ezarritako baldintzei egokitzeko moduak direla, espeziearen iraupenerako.

Ebaluatu nahi da zer dakiten ikasleek animalia talde nagusiez: nutrizio prozesua eta hura ahalbidetzen duten egitura eta organoak; ugalketarako portaerak eta aparatuak; harreman funtzioa betetzeko dituzten organo eta sistemak, eta beren funtzioak arrakastaz betetzeko garatu dituzten moldaerazko egiturak. Digestioaren, zirkulazioaren edo arnasketaren alderdiren bati buruzko esperientziak diseinatu eta gauzatzeko gai izan behar dute.

LURRAREN ETA INGURUMENAREN ZIENTZIAK

Irakasgai hau egiteko Biologia eta geologiako ezagutzak behar dira.

Lurraren eta ingurumenaren zientziak izeneko irakasgaiak bi atal handi ditu: Lurreko sistemen azterketa eta horien eta giza sistemaren arteko eraginen azterketa. Beste zientzia batzuk laburbiltzen eta aplikatzen dituen zientzia da; horien artean geologia, biologia, ekologia, kimika eta fisika nabarmentzen dira, gizarte zientzien eremutik datozen beste ekarpen batzuekin batera. Irakasgai honek eskaintzen duen jakintza beharrezkoa da gure planetaren dinamika ulertzeko, haren iragana interpretatu eta geroa iragartzeko eta gizartearen hainbat arazo nola konpondu proposatzeko: ordezko energia iturriak bilatu beharra, muga fisikoak dituen mundu honetan mugarik gabe hazten eta garatzen ari den gizartearen beharrak asetzeko lehengaien hornidura, ingurumen eraginak edo planetaren berotze globala, baita horietan eragina duten faktoreak ere.

Lurraren eta ingurumenaren zientziek mundu, eskualde eta toki mailako ingurumen arazoei ekiten diete. Haien ikaskuntzak gure planetari buruzko ezagutza zehatza eta ingurumen arazoei buruzko gogoeta zientifikoa sustatzen ditu, analisirako eredu teorikoak eta prozedura zientifikoak aplikatuz; aldi berean, arriskuak gutxitzen laguntzeko eta baliabideak eraginkortasunez erabiltzeko modua aurkitzen laguntzen du, iraunkortasunaren testuinguruan. Horrenbestez, tresna egokia da gure inguruko errealitatea modu global eta sistemikoan ulertzeko eta hobeki hauteman eta baloratzeko gure ingurunea eta gizakiak hura erabiltzeak sortzen dituen arazoak.

Haren izaera zientifiko eta sintetikoarengatik, gai hauek jorratzeko beharrezkoa da hipotesiak formulatzea, estrategia esperimentalak diseinatzea, datuak bildu eta lantzea, informazioak aztertzea, eztabaidatzea, erabakiak hartzea lortutako ezagutzen arabera, txostenak egitea eta emaitzak jakinaraztea. Prozesu honetan bada aukerarik laborategiko tekniketan eta informazioaren eta komunikazioaren teknologietan trebatzeko eta esparru esperimentaletik haragoko gogoetak egiteko.

Irakasgaiaren ezaugarriengatik, jokoan jarri behar dira aurreko kurtsoetan lortutako ezagutzak, bereziki ezagutza zientifikoak, beste jakintza arlo batzuetan ikasitakoak eta bai modu informalean lortzen direnak ere. Izan ere, ikasi beharreko gaietako asko gizartearen kezka iturri dira eta gizarte komunikabideetan agertu ohi dira. Irakasgaia garatzeko, bistan da zientziaren, teknikaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko loturak aztertu behar direla. Egoerak ez ezik, aurkez litezkeen aukerak ere aztertu behar dira. Nolanahi ere, hauxe da funtsezko ekarpena: irakasgaiak ingurumen arazoen egitura kontzeptual berri bat lortzea ahalbidetzen duela, hainbat jakintza arloren ekarpenak biltzen baititu.

Edukiak multzotan antolatuta daude. Lehendabizi sarrera bat egiten da ingurumen kontzeptuari buruz eta hura aztertzeko eskura dauden informazio iturri eta baliabideei buruz. Ondoren ingurumenaren alderdi guztiak aztertzen dira, haren ezaugarri fisikoetatik hasi eta ekosistemen ezagutzaraino, haren egungo egoera eta hura ulertzea ahalbidetzen duten erregelak tartean. Kasu bakoitzean giza jardueren eta ingurune naturalaren arteko eraginak aztertzen dira, iraunkortasunaren aldeko planteamenduetatik abiaturik.

Helburuak

Lurraren eta ingurumenaren zientziak ikasiz Batxilergoan hurrengo gaitasunak garatu behar dira:

1. Lurraren eta Lurreko sistemen funtzionamendua eta interakzioak ulertzea, itxuraz tokian tokikoak diren zenbait gertaeraren ondorio globalak eta alderantzizkoak interpretatzeko oinarri gisa.

2. Prozesu geologikoek ingurumenean eta giza bizitzan duten eragina ezagutzea.

3. Baliabide naturalak erabiltzeko aukerak baloratzea, haien aplikazioak barne hartuz; mugak dituztela ohartzea eta berritzeko ahalmenaren arabera erabili behar direla baloratzea.

4. Arrisku naturalen kausak aztertzea, baliabideen ustiapenaren eraginak ezagutzea eta prebentzio eta zuzenketa neurri desberdinak kontuan hartzea.

5. Ingurumen arazoak zientifikoki ikertzea, askotariko teknika fisiko-kimiko, biologiko, geologiko eta matematikoen bidez, eta ingurumenari buruzko azterlanetan alderdi historiko, soziologiko, ekonomiko eta kulturalek duten garrantzia onartzea.

6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzea simulazioak egiteko, datuak lantzeko eta askotariko iturrietako informazioa jaso eta erabiltzeko -ingurune fisiko eta sozialak eta eskola liburutegiak ematen dutena barne-, haren edukia ebaluatzeko, lanak oinarritzeko eta txostenak egiteko.

7. Ingurumena zaindu eta babestearen aldeko jarrerak sustatzea, ingurunearen gaineko jarduketak baloratzeko gaitasuna garatzea eta ingurunea defendatzeko ekimenetan aritzea askatasunez.

8. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoz erabiltzeko eta besteekin ahoz eta idatziz hobeki komunikatzeko.

Edukiak

1. Ingurumena eta ingurumen informazioaren iturriak.

-Ingurumen kontzeptua. Ingurumen zientzietako jakintza arloen aniztasuna. Sistemen teoriari buruzko hurbilketa. Ingurumen sistema natural baten egituraren eredu sinpleak egitea. Konplexutasuna eta entropia. Ingurumena sistema gisa.

-Ingurumenean Lurraren historian zehar izandako aldaketak.

-Ingurumena gizadiarentzako baliabide gisa.

-Ingurumen eraginaren kontzeptua. Arrisku naturalak eta eragindakoak. Giza ekintzek ingurumenean dituzten ondorioak.

-Ingurumen informazioaren iturriak. Satelite bidez kokapena zehazteko sistemak. Oinarriak, motak eta aplikazioak.

-Teledetekzioa: airetiko argazkiak, satelite meteorologikoak eta ingurumen informaziokoak. Airetiko argazkien interpretazioa. Erradiometria eta haren erabilerak. Ingurumen simulaziorako programa informatikoak.

2. Kanpoaldeko sistema jariakorrak eta haien dinamika.

-Atmosfera: egitura eta osaera. Jarduera erregulatzaile eta babeslea. Tenperaturaren inbertsioak. Atmosferarekin zerikusia duten baliabide energetikoak. Atmosferaren kutsadura: atzematea, prebentzioa eta zuzenketa. Ozono geruzako "zuloa". Berotegi efektuaren areagotzea. Klima aldaketa globala.

-Hidrosfera. Ur masak. Ur balantzea eta uraren zikloa. Ur baliabideak: erabilerak, ustiapena eta eraginak. Uraren kutsadura: atzematea, prebentzioa eta zuzenketa. Ur laginetan zenbait parametro kimiko eta biologiko neurtzea eta emaitzak interpretatzea uraren erabileraren arabera.

3. Geosfera.

-Geosfera: egitura eta osaera. Lurraren energia balantzea.

-Barneko energiaren jatorria. Barneko geodinamika. Sumendi arriskua eta lurrikara arriskua: iragartzea eta aurrea hartzea.

-Kanpoko geodinamika. Hegaleko sistemak eta ibai sistemak. Lotutako arriskuak: iragartzea eta aurrea hartzea. Erliebea, Lurraren barneko dinamikaren eta kanpoko dinamikaren arteko eraginaren emaitza.

-Geosferako baliabideak eta horien erreserbak. Mineral hobiak. Energia baliabideak. Erregai fosilak. Energia nuklearra. Baliabideak ustiatzearen eraginak.

4. Ekosfera.

-Ekosistema: osagaiak eta interakzioak. Lehorreko eta uretako biomak.

-Ekosistemetako organismoen arteko harreman trofikoak. Ekosistemetako harreman trofikoen irudikapen grafikoa eta interpretazioa. Biomasa eta produkzio biologikoa.

-Oxigenoaren, karbonoaren, nitrogenoaren, fosforoaren eta sufrearen ziklo biogeokimikoak.

-Ekosistema denboran zehar: segida, autorregulazioa eta erregresioa.

-Biosfera ondare gisa eta baliabide hauskor eta mugatu gisa. Biosferaren gaineko eraginak: baso soiltzea eta biodibertsitatearen galera.

5. Fasearteak.

-Lurzorua fasearte gisa. Osaera, egitura eta sorrera. Prozesu edafikoak. Lurzoru motak. Lurzoruko horizonteen azterketa esperimentala. Lurzorua, nekazaritza eta elikadura. Lurzoruen higadura, kutsadura eta degradazioa. Basamortutzea. Lurzoruaren garrantzia eta basamortutzeak dakartzan arazoak baloratzea.

-Itsasertzeko sistema. Itsasertzaren sorrera eta morfologia. Itsasertzeko hezeguneak, uharriak eta mangladiak. Itsasertzeko baliabideak eta haien ustiapenaren eraginak.

6. Planetaren kudeaketa.

-Ingurumen arazo nagusiak. Planetaren egoera baloratzeko adierazleak. Iraunkortasuna.

-Ingurumen eraginaren ebaluazioa. Matrize sinpleen erabilera.

-Lurraldearen antolamendua. Ingurumenari buruzko legeria. Natura guneen babesa.

Ebaluazio irizpideak

1. Sistemen teoria Lurraren eta ingurumenaren azterketari aplikatzea, haien konplexutasunaz, termodinamikaren legeekiko loturaz eta ingurumen zientzietako jakintza arloen aniztasunaz jabetzea, eta sistema natural baten egitura islatzen duten eredu sinpleak berregitea.

Ebaluatu behar da ea ikasleek ulertzen duten ingurumena elementu multzo batek osatutako sistema dela eta elementu horien arteko eraginak eta mendekotasun loturak izaera berezia ematen diotela, eta ba ote dakiten irudikapen ereduak egiten. Gainera, baloratu behar da ea ulertu duten Lur planeta, bere jatorritik, sistema gisa hartu behar dela, eta sistema horren osagaiek (geosfera, hidrosfera, atmosfera eta biosfera) beren artean ezin konta ahala interakzio dituztela, eta ea azaltzen dituzten aldaketa naturalak ikuspegi sistemiko batetik.

2. Gaur egun ingurumenari buruzko informazioa ematen duten tresna nagusiak eta haien aplikazioak identifikatzea.

Egiaztatu behar da ea ikasleek ingurumenari buruzko informazio metodo nagusiak ezagutzen dituzten, hala nola lurraldea eta horren erabilera behatu eta deskribatzea, kartografia tematikoa, airetiko argazkiak, neurketa, edo laginen bilketa, analisia eta interpretazioa, eta badakitela deskribatzen ikerketa teknika modernoen ekarpenak (kokapen sistemak, sateliteetatik egindako argazkiak, erradiometriak, etab.), informazioaren eta komunikazioaren teknologietan oinarrituak.

3. Atmosferaren ekintza erregulatzailea azaltzea, atmosferako kutsatzaileen kontzentrazioa handitzeko arrisku handiena dakarten egoera meteorologikoak zein diren jakitea, eta kutsaduraren ondorio batzuk ezagutzea, hala nola berotegi efektuaren areagotzea eta estratosferako ozonoaren kontzentrazioa txikitzea.

Ebaluatu behar da ea ikasleek ulertzen duten atmosferaren erregulazio ahalmen termikoa, kimikoa, etab., eta kutsatzaileak barreiatzeko duen ahalmen handia, eta ba ote dakiten presio atmosferikoa eta topografia bezalako aldagaiek hura aldatzen ahal dutela, kutsadura eta biztanleen gaineko eragina areagotuz. Ikasleek atmosferako geruza bakoitzean gertatzen diren prozesu kimikoen izaera eta garrantzia ezagutu behar dute, eta gai izan behar dute berotegi efektuaren areagotzea eta ozono geruzako "zuloa" bezalako fenomenoak azaltzeko.

4. Uraren zikloa faktore klimatikoekin lotzea, eta uraren erabilera nagusiak eta beharrak aipatzea, giza jardueretarako baliabidea den aldetik. Uraren kutsaduraren kausa nagusiak ezagutzea, hura detektatzeko teknika kimiko eta biologikoak erabiltzea eta giza bizitzan eta kontsumoan dituen ondorio eta eraginak baloratzea.

Ebaluatuko da ea ikasleek uraren zikloa elementu eta faktore klimatikoekin lotzen duten, leku batzuetan besteetan baino ur geza gehiago izatearen kausak ezagutzen dituzten eta ba ote dakiten zein giza jarduera nabarmentzen diren beren ur eskari handiarengatik. Halaber, baloratuko da ea badakiten erabiltzen OEBa, O2 disolbatua, materia organikoa eta mikroorganismoak neurtzeko teknikak, ea identifikatzen dituzten kutsaduraren adierazle diren zenbait espezie biologiko, eta horietatik abiatuta ba ote dakiten zehazten ura zenbateraino den egokia biziaren garapenerako edo giza kontsumorako. Halaber, gizarteen ur kontsumoa modu kritikoan baloratzeko gaitasuna egiaztatuko da.

5. Lurraren jarduera geodinamikorako energia iturriak identifikatzea eta haren prozesu eta emaitza nagusiak ezagutzea; geosferak gizadiarentzako baliabide iturri gisa duen garrantzia azaltzea, eta arrisku naturalak geosferaren ustiapenak eragindako arriskuetatik bereiztea.

Ebaluatu behar da ea ikasleek erliebean ikusten duten barneko eta kanpoko prozesu geologikoen arteko eraginaren emaitza, eta ulertzen duten prozesu horien eraginez sortuak direla mendikateak, ozeanoetako dortsalak eta hobiak, litosferako plakak, ibai sistemak eta glaziarrak, beste egitura batzuen artean. Halaber, baloratuko da ea jabetzen diren inguruan dituzten objektuetako askoren jatorri geologikoaz. Arrisku naturalak eta neurri batean bederen giza jarduerak eragiten dituen arriskuak identifikatzen jakin behar dute.

6. Naturak gizadiarentzako baliabide iturri mugagabe gisa duen garrantzia aztertzea, baliabide berriztagarri edo iraunkorrak eta baliabide berriztaezinak bereiztea, eta giza ekintzen ondorio diren arriskuak eta ingurumen eraginak zehaztea.

Gizadiak erabiltzen dituen baliabide natural desberdinak aztertzeko gaitasuna baloratuko da, eta haiek berriztagarritasun irizpideei jarraituz sailkatzen jakitea. Erabiltzen diren energia iturriei buruzko ezagutza ebaluatu behar da, aukera guztiak ikuspegi iraunkorretik baloratuz: erregaiak, hidroelektrikoa, biomasa, fosilak, eolikoa, eguzkiarena, geotermikoa, mareena, nuklearra, etab. Gainera, baloratu behar dira gizakiak ingurune naturala aldatzeko duen ahalmen handia eta horren ondorio larrienetako batzuk: kutsadura, baso soiltzea, baliabide biologikoen galera, etab. Horretarako egokiro erabili behar dira arrisku eta eragin kontzeptuak.

7. Ekosistema sistema natural interaktiboa dela jakitea, haren materia zikloak eta energia fluxuak ezagutzea, aldaketak interpretatzea segida, autorregulazio edo erregresio moduan, biodibertsitatearen eta beraren baliabideen zentzuzko aprobetxamenduaren funtzio ekologikoa ezagutzea.

Ebaluatu behar da ea ikasleak gai diren ekosistema sistema gisa identifikatzeko eta kate trofikoen, sare trofikoen, energia fluxuaren eta materia zikloen ereduak erabiltzeko. Biodibertsitatea, maila trofiko bakoitzeko energia galeren garrantzia eta horiek elikagaien kontsumoan duten eragin praktikoa nola baloratzen diren ebaluatu behar da. Halaber, ebaluatu behar da ea ikasleek identifikatzen ahal dituzten ekosistema bateko segidaren estadioak eta suteei, kutsadurari eta gizakiak eragindako gainerako aldaketei ingurumen naturalak ematen dien erantzuna.

8. Lurzorua eta itsasertzeko sistema bereiztea fasearte gisa, haien garrantzi ekologikoa baloratzea, Espainiako eskualde batzuk zergatik ari diren basamortutzen jakitea eta horren ondorioak arintzeko neurriren batzuk proposatzea.

Ebaluatu behar da ikasleek zenbaterainoko gaitasuna duten lurzoruaren eta itsasertzaren ezaugarriak deskribatzeko, izaera propioa, konplexua eta egonkorra ematen dieten osagaiak ere ezagutzeko, eta haien garrantzi ekologikoaren arrazoiak argudio fisiko-kimiko eta biologikoen bidez azaltzeko. Gainera, baloratuko da ea ulertu duten zer-nolako eragina duten prezipitazio motak, erliebeak, litologiak, landaretzak edo gizakiaren ekintzak, beste faktore batzuen artean, eta basamortutzea eta itsasertzaren degradazioa saihesteko neurriren bat ezagutzen ote duten.

9. Hazkunde ekonomikoa garapen iraunkorretik bereiztea eta neurriak proposatzea baliabideak hobeki aprobetxatzeko, eraginak gutxitzeko, arriskuak arintzeko eta ingurumen osasungarriagoa lortzeko.

Ebaluatuko da ea ikasleek ulertzen duten ingurumen arazoei buruzko ikusmoldea irizpide sozial, politiko eta ekonomikoen mende ere badagoela, eta egoera leuntzeko hobekuntzaren bat proposatzen ote duten, naturaren defentsaren eta/edo garapen iraunkorraren aldeko ereduetan oinarriturik. Ebaluatuko da, halaber, ea toki, eskualde edo mundu mailako proposamenak egiten dituzten baliabideak zentzuz erabiltzeko eta eraginak gutxitzeko (adibidez, energia eta ura aurreztea, birziklatzea, kutsatzaile gutxiago isurtzea, ingurumen arriskuei aurrea hartzea), eta pertsonentzako garapen proposamenak aurkezten dituzten, aldi berean ingurumen iraunkortasuna bermatzen dutenak, eta ingurumenaren babesa helburu duten herritarren ekintzak baloratzen dituzten.

MARRAZKETA TEKNIKOA I ETA II

Marrazketa teknikoa II egiteko Marrazketa teknikoa I-eko ezagutzak behar dira.

Marrazketa teknikoak formen mundua modu objektiboan agertzea ahalbidetzen du. Komunikazio funtzio horrek ideiak edo proiektuak esanahi bakarreko modu objektiboan azaldu, interpretatu eta ulertzeko bidea ematen digu. Hori guztia posible izan dadin, objektibotasuna eta fidagarritasuna bermatzen dituzten arau batzuk hitzartu dira.

Marrazketa teknikoa, beraz, ezinbestekoa da, komunikazio bide gisa, edozein ikerketa prozesu edo teknologia eta ekoizpen proiektutan, hura ideien eta formen ikusizko alderdiez baliatzen baldin bada diseinatzen, sortzen edo ekoizten ari diren gauzak bistaratu eta definitzeko.

Marrazketa teknikoa I eta II irakasgaien edukiak Batxilergoko bi kurtsoetan zehar garatzen dira. Lehenbiziko kurtsoan irakasgaiaren ikuspegi orokorra ematen da, eduki gehienak aurkeztuz, sakontasun maila desberdinekin. Bigarren kurtsoan eduki horiek sendotu eta sakondu eginen dira eta curriculuma beste eduki batzuekin osatuko da.

Irakasgaiaren edukiak hiru atal nagusitan sailkatzen ahal dira; elkarri lotuta daude baina bakoitzak bere izaera du: geometria metriko aplikatua, problema geometrikoak eta formen konfigurazioaren ingurukoak planoan ebazteko; geometria deskribatzailea, espazioan kokatutako forma eta gorputz bolumetrikoak bi dimentsioko euskarri batean irudikatzeko; eta normalizazioa, adierazpen grafikoak sinplifikatu, bateratu eta objektibatzeko. Arteari eta marrazketa teknikoari buruzko edukiak ere erantsi dira, irakasleak horietaz baliatzen ahalko baitira hiru multzo handiak osatzeko, nolabaiteko gogoeta historikoren bat eginez, edo marrazketa teknikoak naturarekin eta artearekin dituen loturak erakutsiz edo marrazketa teknikoaren alderdi estetikoak baloratuz.

Curriculumaren garapenean gero eta leku garrantzitsuagoa dute teknologia berriek. Bereziki, gero eta gehiago erabiltzen dira ordenagailu bidezko diseinurako programak. Beharrezkoa da, beraz, horiek curriculumean sartzea, ez eduki gisa bakarrik, baita irakasgaiaren edukietako baten bat garatzen lagunduko duen tresna gisa ere. Aldi berean, pizgarri eta osagarri izan behar du ikasleen heziketan eta marrazketa teknikoaren errealitateari buruzko ikuspegi osoago eta integratua lortzen lagundu behar die.

Marrazketa teknikoa II irakasgaiaren espezifikotasuna eta haren edukien konplexutasun eta hedadura handiagoak kontuan izanik, komenigarria litzateke tresna informatikoak erabiltzen ikastea lehen kurtsoan nagusiki.

Helburuak

Batxilergoan Marrazketa teknikoko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Marrazketa teknikoko tresnak eta berariazko terminologia egokiro eta trebetasun nahikoaz erabiltzea.

2. Marrazkiaren azken ukitu eta aurkezpen egokiek duten garrantzia baloratzea, marrazkia osatzen duten marren argitasun eta zehaztasunari eta euskarriaren garbitasun eta txukuntasunari dagokienez.

3. Marrazketa teknikoa hizkuntza objektibo eta unibertsaltzat hartzea, eta haren sintaxia ezagutu beharra baloratzea informazioa adierazi eta ulertu ahal izateko.

4. Geometria metriko aplikatuaren oinarri nagusiak ezagutu eta ulertzea, planoan formak konfiguratzeko problemak ebazteko.

5. Irudikapen sistemak ulertu eta erabiltzea problema geometrikoak espazioan ebazteko eta hiru dimentsioko irudiak planoan irudikatzeko.

6. Marrazketa teknikoaren normalizazioaren unibertsaltasuna baloratzea eta UNE eta ISO arau nagusiak aplikatzea gorputz baten ikuspegien lorpenari, posizioari, ebakidurei eta akotazioari dagokienez.

7. Esku hutsezko perspektiba eta krokisa erabiltzea adierazpen grafikorako, eta behar adinako trebetasuna eta bizkortasuna lortzea.

8. Edozein eraikuntza geometriko egiteko prozesua planifikatu eta hausnartzea, bakarka eta taldean, eta taldeko jardueretan taldekideekin malgutasunez eta arduraz jokatzea.

9. Marrazketa teknikoko ezagutzak prozesu teknologikoetan eta eguneroko bizitzako aplikazioetan erabiltzea, eta proiektu edo jardueraren lorpen egoera berrikusi eta baloratzea hala behar den guztietan.

10. Teknologia berriei eta marrazketa eta diseinu programei buruz gutxieneko ezagutzak lortzea, haiek erabiliz gozatzea eta haien ahalmenak baloratzea plano teknikoak egiterakoan.

MARRAZKETA TEKNIKOA I

Edukiak

1. Artea eta marrazketa teknikoa.

-Marrazketa teknikoaren historiako mugarri nagusiak.

-Geometria artean.

-Marrazketa teknikoaren estetika.

2. Marraketa geometrikoak .

-Funtsezko marraketak.

-Poligonoen marraketa.

-Proportzionaltasuna eta antzekotasuna. Eskalak.

-Eraldaketa geometrikoak.

-Ukitzeen marraketa. Obalo, oboide eta boluten, espiral eta helizeen definizioa eta marraketa.

3. Irudikatze sistemak.

-Irudikatzeko sistema bakoitzaren oinarriak eta xedea: ezaugarri bereizleak.

-Plano bornatuen sistema. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena. Planoen ebakidura. Maila kurbak. Lurren profilak.

-Sistema diedrikoa. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena: haien erlazioak eta eraldaketa ohikoenak. Ebakidurak, paralelotasuna eta perpendikulartasuna. Distantziak. Solidoen irudikapena.

-Sistema axonometrikoak: isometria eta cavalieri perspektiba. Solidoen irudikapena.

4. Normalizazioa eta krokisak.

-Aplikazio eremuak. Normalizazio kontzeptua. UNE eta ISO arau oinarrizkoak.

-Akabera eta aurkezpen motak. Krokis bornatua. Planoak. Proiektua.

-Marrazketa teknikoko eskuzko teknikak, erreprografikoak eta infografikoak erabiltzea. Krokisak egitea. Bozetoa eta haren sorkuntza.

Ebaluazio irizpideak

1. Problema geometrikoak ebaztea, eraikuntzetan erabilitako metodoa eta arrazoiketa eta akabera eta aurkezpena baloratuz.

Irizpide hau erabiliz jakin nahi da zein maila lortu duten ikasleek planoko funtsezko marraketa geometrikoak egiten eta horiek aplikatzen triangeluen, laukien eta oro har poligonoen eraikuntzan, antzeko irudien eraikuntzan eta eraldaketa geometrikoetan.

2. Planoak interpretatu eta marrazkiak egiteko eskala grafikoak erabili eta eraikitzea.

Irizpide honek erakutsiko du zenbateraino ulertu duten ikasleek eskalen funtsa, ez kontzeptu abstraktu-matematiko gisa bakarrik, baita eguneroko bizitzan gertatzen ahal diren askotariko egoeretan eskalak aplikatzeko ere, adibidez, plano tekniko, mapa edo diagrama batean neurriak interpretatzeko edo errealitatetik hartutako marrazkiak egiteko.

3. Beren definizioan zirkunferentziaren eta zuzenaren arteko elkarguneak eta/edo zirkunferentzien artekoak dituzten forma ez oso konplexuak diseinatu eta/edo berregitea.

Aztertutako ukitze kasuei buruzko ezagutza teknikoak praktikan nola erabiltzen diren baloratuko da irizpide honen bidez. Bereziki baloratuko da ebazpenerako jarraitutako prozesua, bai eta ukitze puntuak lortzeko zehaztasuna ere.

4. Eraikuntza geometrikoak taldean egiteko proiektuak prestatzea eta horietan aktiboki parte hartzea, marrazketa teknikoaren hizkuntzarako estrategia egokiak erabiliz.

Irizpide hau erabiliz ebaluatuko da ea ikasleak gai diren taldean tolerantziaz eta malgutasunez lan egiteko.

5. Plano bornatuen sistema erabiltzea, ebakidura problemak ebazteko edo sestra kurben bitartez lurraren profilak lortzeko.

Irizpide hau erabiliz ebaluatuko da zenbateraino ezagutzen duten ikasleek plano bornatuen sistema, proposaturikoen antzeko kasu praktikoen ebazpenean erabiltzeko. Eskalen erabilerak, halaber, lortu dituzten ezagutzen integrazio maila jakitea ahalbidetuko du.

6. Sistema diedrikoa erabiltzea irudi lauak, bolumen sinpleak eta forma poliedrikoak irudikatzeko, bai eta puntuaren, zuzenaren eta planoaren arteko erlazio espazialak ere. Egiazko forma eta magnitudea lortzea.

Irizpide hau erabiliz jakinen da zer abstrakzio maila lortu duten ikasleek eta, beraz, ongi ezagutzen duten ala ez sistema diedrikoa, espazioan kokatutako elementuak, pertenentzia erlazioak, paralelotasuna, perpendikulartasuna eta distantzia planoan irudikatzeko.

7. Beren bista nagusien bidez definitutako gorputzen perspektiba axonometrikoak eta alderantzizko lanak egitea, esku hutsez eta/edo delineaturik.

Irizpide honen bidez ikasleek garatu duten ikusmen espaziala ebaluatu nahi da, bai eta sistema diedrikoa eta axonometrikoa lotzeko gaitasuna ere. Gainera, marrazteko tresnak erabiltzeko eta esku hutsez marrazteko lortu duten trebetasuna baloratu nahi da.

8. Industriako edo eraikuntzako pieza eta elementu sinpleak irudikatzea, bistei, akotazioari, ebakidurei eta sinplifikazioei buruzko arauen aplikazio zuzena baloratuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek produktu edo objektu bat grafikoki irudikatzeko, hura fabrikatu edo egiteko behar den informazioarekin, marrazketa teknikoan eskatzen diren arauak aplikatuz.

9. Marrazketa teknikoko lanak prozedura eta baliabide grafiko desberdinak erabiliz burutzea, horrela marrazkia argia, garbia eta bere xedearen araberakoa izan dadin.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek tratamendu desberdinak emateko edo baliabide grafiko eta informatiko desberdinak erabiltzeko, egin beharreko marrazki motaren eta haren xedeen arabera. Irizpide honek ez du irizpide isolatua izan behar, aitzitik, gainerako ebaluazio irizpideekin bat egin behar du, eragiten dien neurrian.

MARRAZKETA TEKNIKOA II

Edukiak

1. Marraketa geometrikoak .

-Marraketak planoan: angeluak zirkunferentzian, arku kapaza.

-Proportzionaltasuna eta antzekotasuna: eskala normalizatuak, eskala grafikoen eraikuntza.

-Irudi lau baliokideak.

-Poligonoak: triangeluen eta laukien eraikuntza, arku kapazaren aplikazioa. Poligono erregularrak eraikitzea aldea eta erradioa jakinik.

-Potentzia. Potentzia ardatza, erradio-simetriako zentroa. Urrezko sekzioa. Zirkunferentziaren errektifikazioa.

-Eraldaketa geometrikoak: homologia eta afinitatea.

-Ukitzeak: potentzia eta inbertsio kontzeptuen aplikazioa.

-Kurba konikoak eta teknikoak. Konikoak ukitzen dituzten zuzenak. Zuzen bateko ebaki-puntua.

2. Irudikatze sistemak.

-Sistema diedrikoa: Geometria deskribatzaileko metodoak (eraispenak, biraketak eta plano aldaketak). Egiazko magnitudeak eta elkarguneak. Forma poliedrikoak eta biraketa formak irudikatzea. Poliedro erregularrak irudikatzea. Zuzen eta planoekiko elkarguneak lortzea. Ebakidurak eta garapenak lortzea.

-Sistema axonometriko ortogonala eta zeiharra: oinarriak, proiekzioak, murrizketa koefizienteak. Elkarguneak eta egiazko magnitudeak lortzea. Figura poliedrikoak eta biraketa figurak irudikatzea. Beren bisten bidez zehaztutako solidoak irudikatzea.

-Sistema konikoa: sistemaren oinarriak eta elementuak. Perspektiba zentrala eta zeiharra. Puntuaren, zuzenaren eta planoaren irudikapena. Ikuspuntuaren hautapenaren analisia perspektiba konikoan. Beren bisten bidez zehaztutako solidoak irudikatzea.

3. Normalizazioa.

-Marrazketa teknikoari buruzko arauen azterketa eta azalpena.

-Irudikapen printzipioak: bisten posizioa eta izenak europar sisteman eta amerikar sisteman. Bisten hautapena eta bista bereziak.

-Akotazioaren printzipioak eta arau orokorrak industriako marrazketan eta arkitektura eta eraikuntzako marrazketan.

-Ebaketak, sekzioak eta etendurak.

Ebaluazio irizpideak

1. Problema geometrikoak ebaztea, eraikuntzen metodoa eta arrazoiketa, akabera eta aurkezpena baloratuz.

Irizpide hau erabiliz jakin nahi da zein maila lortu duten ikasleek planoko marraketa geometrikoak egiten eta horiek aplikatzen triangeluen, laukien eta oro har poligonoen eraikuntzan, eta emandako beste batzuen antzekoak, baliokideak, homologoak edo afinak diren irudien eraikuntzan.

2. Marrazki teknikoak eskala desberdinetan egitea, aurrez ezarritako eskala eta eskala normalizatuak erabiliz.

Baloratu behar da praktikan nola aplikatzen diren eskalei buruzko kontzeptuak eta nola erabiltzen diren eskala grafiko desberdinak marrazki teknikoak egin edo kopiatzeko. Trebetasuna eta zehaztasuna ere baloratuko dira.

3. Ukitze problemak ebaztea, beren horretan edo forma baten definizioan txertaturik, forma hori industriakoa nahiz arkitekturakoa izan.

Irizpide honen bidez, ezagutza teorikoak ez ezik, loturez osatutako formak definitzeko haien aplikazio praktikoa ere baloratuko da. Bereziki baloratuko da ebazpenerako jarraitutako prozesua, bai eta ukitze puntuak lortzeko zehaztasuna ere.

4. Kurba konikoei buruzko problema geometrikoak ebaztea, kurben elementu nagusiak, zuzen ebakitzaileak edo zuzen ukitzaileak tartean direla. Kurba teknikoak marratzea haien definiziotik abiatuta.

Irizpide honen bidez jakiten ahalko da zenbateraino ulertzen diren kurba konikoen propietateak eta ezaugarriak eta kasu desberdinetan haiek grafikoki definitu ahal izateko teknikak. Problema ebazteko jarraitutako prozesuaz gain, kurbak edo ebakitze eta ukitze puntuak definitzeko zehaztasuna eta doitasuna ere baloratuko da.

5. Sistema diedrikoa erabiltzea puntuak, zuzenak, irudi lauak eta gorputzak espazioan kokatu behar diren problemak ebazteko.

Irizpide honen bidez jakin nahi da noraino ikasi duten ikasleek sistema diedrikoa ulertzen eta geometria deskribatzaileko metodoak erabiltzen forma lauak edo gorputzak irudikatzeko.

6. Bere bista edo sekzioen bidez definitutako objektu baten perspektiba eta alderantzizko lana egitea esku hutsez eta/edo delineaturik.

Irizpide honen bidez ikasleek garatu duten ikusmen espaziala ebaluatu nahi da, bai eta ikasitako irudikapen sistema desberdinak ulertzeko eta elkarrekin lotzeko gaitasuna ere. Gainera, marrazteko tresnak erabiltzeko eta esku hutsez marrazteko lortu duten trebetasuna baloratu nahi da.

7. Industriako edo eraikuntzako pieza eta elementuak grafikoki definitzea, bista, ebaketa, sekzio, etendura eta akotazioei buruzko arauak zuzen aplikatuz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek objektu edo elementu bat deskribatu eta/edo fabrikatzeko behar diren plano teknikoak egiteko, marrazketa teknikoan ezarritako arauei jarraituz.

8. Marrazketa teknikoko lanak baliabide grafiko desberdinak erabiliz burutzea, horrela marrazkia argia, garbia eta bere xedearen araberakoa izan dadin.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da zenbaterainoko gaitasuna duten ikasleek tratamendu desberdinak emateko edo baliabide grafiko desberdinak eta are informatikako baliabideak erabiltzeko, egin beharreko marrazki motaren eta haren xedeen arabera. Irizpide hau gainerako ebaluazio irizpideetan integratu behar da eragiten dien neurrian.

ELEKTROTEKNIA

Irakasgai hau egiteko Fisika eta Kimikako ezagutzak behar dira.

Fenomeno elektromagnetikoak eta haien ondorioak, gaur egun, pertsonen eta gizartearen bizitzan esku hartzeko ahalmen handiena duten jakintza arloetakoak dira. XIX. mendearen amaieratik hona garatu diren aplikazioen multzo izugarri handiak sakonean aldatu ditu pertsonen bizi baldintzak, prozesu ekonomikoak, jakintzaren kudeaketa eta ikerketa zientifikoa. Fenomeno elektromagnetikoen oinarriak eta haiek erabiltzeko aplikatzen ahal diren konponbideak erabiltzea funtsezko elementu bilakatu da edozein prozesu teknologikotan.

Elektrotekniak, Batxilergoan, bide eman behar du elektrizitatearen legeei buruzko ezagutzak finkatzeko. Lege horien bitartez fenomeno elektrikoak ezagutzen ahal dira, haien nondik norakoa iragartzen ahal da eta, bereziki, xede jakinetarako erabiltzen ahal dira, elektrizitateak industrian, zientzian eta gainerako arloetan dituen aplikazioen bitartez. Garrantzizko gaiak irakatsiko dira, prestakuntza teknologiko sendoa finkatzen lagunduko dutenak eta aukera sorta handia eskainiko dutenak elektrotekniako prestakuntza espezializatuagoaren bide desberdinak jorratzeko. Horrela, irakasgai honek helburu bikoitza betetzen du, oinarrizko prestakuntza ematen baitie bai beren lanbideari begira heziketa zikloetara jotzen duten ikasleei eta bai ikasketa teknikoen arloko bide akademikoa aukeratzen dutenei ere.

Zientzia aplikatua izateak ahalmen hezitzailea ematen dio, abstraktuagoak eta espekulatiboagoak diren beste jakintza arlo zientifiko batzuetatik datozen ezagutzak biltzen eta praktikara eramaten baititu. Horrela, beste ikuspegi batetik eta nabarmenago jartzen du agerian ikasleek aurrez lortutako ezagutza zientifikoen beharra. Gainera, bere eremuko tonu zientifiko eta teknikoaren katalizatzaile lanak ere egiten ditu, lehenagoko hezkuntza etapetan ikasitako antzeko gaiak sakonago aztertuz eta sistematizatuz.

Elektrotekniaren irakaskuntzak modu orekatuan uztartu behar ditu forma ematen dioten zeharkako hiru ardatzak. Alde batetik, fenomenoak eta aplikazioak ongi ulertzeko behar diren oinarri zientifikoak. Bigarrenik, fenomeno elektromagnetikoak askotariko aplikazioetan erabiltzea ahalbidetu duten konponbide teknikoei buruzko ezagutza, eta hirugarrenik, esperimentuak eta tailerreko lana, ikasleek neurketa zehatzak egin ditzaten eta behar adinako trebetasun eta segurtasunaz erabil ditzaten gailu elektroteknikoak. Hiru ardatz horien arteko oreka lortzeko, jakintzaren eta esperientziaren hiru eremu handitan lan egin behar da: gailu elektrikoetan gertatzen diren fenomeno fisikoen arrazoiak azaltzen dituzten kontzeptu eta lege zientifikoak; zirkuitu eta aparatu elektrikoak osatzen dituzten elementuak, haien funtzionamenduaren printzipioa eta haien ohiko antolaera eta konexioak, eta azkenik, zirkuitu eta gailu elektrikoen portaera aztertu, kalkulatu eta iragartzeko teknikak.

Jakintza arloak barnean hartzen du fenomeno elektrikoen eta elektromagnetikoen azterketa, haien erabilgarritasun praktikoaren ikuspuntutik; ohiko gailu elektrikoak, hots, zirkuituak, makinak edo sistema konplexuak, diseinatu eta eraikitzeko teknikak; eta haietan kalkuluak egiteko eta magnitudeak neurtzeko teknikak. Elektrotekniako edukietan, lehendabizi, hurrenez hurren fenomeno elektrikoen eta fenomeno elektromagnetikoen berrikuspen teoriko-praktikoa egiten da, eta ondoren aztertzen dira zirkuitu eta makina elektrikoak eta horiek erabili eta aplikatzea ahalbidetzen duten oinarrizko gailuak.

Irakasgai honen garapena Fisika eta kimika irakasgaian garatu diren edukietatik abiatzen da, bereziki, elektrizitatearen oinarriei eta energiaren azterketari lotutako edukietatik.

Helburuak

Batxilergoan Elektrotekniako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Gailu elektriko sinpleen jokabidea eta oinarri dituzten printzipio eta lege fisikoak ulertzea.

2. Aurrez ezarritako helbururako erabiliko den zirkuitu elektriko baten funtzionamendua ulertzea eta haren osagaiak erabiltzea.

3. Erregimen iraunkorrean, elementu diskretuek osatutako zirkuitu elektriko bateko magnitude nagusien balioak lortzea neurketen edo kalkuluen bitartez.

4. Ohiko instalazio eta ekipo elektrikoen eskema eta planoak aztertu eta interpretatzea, eta elementu batek edo elementuen multzo funtzional batek osotasunean duen funtzioa ulertzea.

5. Problema tekniko arrunten konponbideak, betiere elektrotekniaren arloan, planteatu eta baloratzeko informazio egokia aukeratu eta interpretatzea.

6. Magnitude elektrikoak neurtzeko tresnek nola diharduten ulertzea eta ongi erabiltzea, haien magnitude ordena kalkulatzea eta haien doitasun maila baloratzea.

7. Elektrotekniako problemen ebazpenak proposatzea, haietan esku hartzen duten magnitudeei dagokien doitasun mailarekin.

8. Gailu elektrikoen deskripzioak eta ezaugarriak ulertzea eta zehaztasunez azaltzea haiei buruzko ezagutzak eta ideiak, hitz, ikur eta forma egokiak erabiliz.

9. Zirkuitu eta makina elektrikoak ikuskatu eta manipulatzen direnean eta horietan esku hartzen denean, modu autonomoan, konfiantzaz eta segurtasunez jardutea, funtzionamendua ulertzeko.

Edukiak

1. Oinarrizko kontzeptu eta fenomeno elektrikoak eta neurri elektroteknikoak.

-Magnitude eta unitate elektrikoak. Potentzial diferentzia. Indar elektroeragilea. Korrontearen intentsitatea eta dentsitatea. Erresistentzia elektrikoa.

-Kondentsadorea. Kondentsadorea kargatzea eta deskargatzea. Kondentsadorearen kapazitatea.

-Potentzia, lana eta energia.

-Korronte elektrikoaren eraginak.

-Neurketak zirkuituetan. Korronte zuzeneko eta korronte alternoko magnitudeen neurketa.

-Tresnak. Neurtzeko prozedurak.

2. Kontzeptu eta fenomeno elektromagnetikoak.

-Imanak. Eremu magnetikoaren intentsitatea. Indukzioa eta fluxu magnetikoa.

-Korronte elektrikoek sortutako eremu eta indar magnetikoak. Indar elektromagnetikoa eta elektrodinamikoa. Korronte baten gaineko indarra eremu magnetiko batean.

-Materialen propietate magnetikoak. Zirkuitu magnetikoa. Indar magnetoeragilea. Erreluktantzia.

-Indukzio elektromagnetikoa. Oinarrizko legeak. Induktantzia. Autoindukzioa.

3. Zirkuitu elektrikoak.

-Korronte zuzeneko zirkuitu elektrikoa. Erresistentziak eta kondentsadoreak. Ezaugarriak. Identifikazioa. Pilak eta metagailuak.

-Korronte zuzeneko zirkuituen analisia. Legeak eta prozedurak. Hargailuen akoplamendua. Tentsio eta intentsitate zatitzailea.

-Korronte alternoaren ezaugarriak eta magnitudeak. Erresistentziaren, autoindukzioaren eta kapazitatearen efektuak korronte alternoan. Erreaktantzia. Inpedantzia. Inpedantzia maiztasunaren arabera aldatzea. Grafikoki nola irudikatu.

-Korronte alternoko zirkuitu monofasikoen analisia. Legeak eta prozedurak. Zirkuitu sinpleak. Potentzia korronte alterno monofasikoan. Potentzia-faktorea eta zuzenketa. Grafikoki nola irudikatu. Sistema trifasikoak: sorkuntza, akoplamendua, motak eta potentziak.

-Erdieroaleak. Diodoak, transistoreak, tiristoreak. Bereizgarri dituzten balioak eta horien egiaztapena.

-Instalazio elektrikoen segurtasuna.

4. Makina elektrikoak.

-Transformadoreak. Funtzionamendua. Osaera. Galerak. Errendimendua.

-Korronte zuzeneko makinak. Funtzionamendua. Motak. Konexioak.

-Korronte alternoko makinak. Funtzionamendua. Motak. Konexioak.

-Gailu elektronikoen eraginkortasun energetikoa.

Ebaluazio irizpideak

1. Argia, energia eragilea edo beroa sortzeko zirkuitu sinpleen funtzionamendua modu kualitatiboan azaltzea, eta bertan gertatzen diren fenomenoen arteko erlazioak eta elkarreraginak agertzea.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek ezagutzen dituzten korronte elektrikoaren eraginak eta horien aplikazio nagusiak; begiratuko da ikasleek nola ebaluatzen dituzten gizartearen egungo energia beharrak eta nola egiten duten hautabide desberdinen balorazio kuantitatiboa, aplikazio bakoitzean eraginkortasun energetiko handiagoa eta horrenbestez energia kontsumo txikiagoa lortzeko, ingurumenaren gaineko eragina gutxitu dadin.

2. Balio egokia duten elementuak edo osagaiak aukeratu eta zuzenean konektatzea, zirkuitu arrunt eta sinple bat osatzeko.

Modu eskematikoan garatutako zirkuitu elektrikoak egiteko eta behar diren osagaien neurriak kalkulatzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Egiaztatuko da ea ikasleek zirkuitu osoaren eta osagaietako bakoitzaren funtzionamendua ulertzen duten.

3. Zirkuitu elektriko sinple bateko elementu baten aldaketak sortzen dituen fenomenoak modu kualitatiboan azaltzea, eta tentsio eta korronte balioetan espero daitezkeen aldaketak deskribatzea.

Ebaluazio irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek aldez aurretik kalkulatzen ahal dituzten zirkuitu bateko magnitudeen aldaketak, zirkuituko parametroren bat aldatzen denean, eta badakiten aldaketa horiek zein kasutan sor dezaketen arriskua instalazioetarako eta instalazioen erabiltzaileentzat, segurtasun elektrikoaren ikuspuntutik.

4. Zirkuitu misto sinple baten oinarrizko magnitudeak kalkulatzea eta modu bektorialean adieraztea. Zirkuitu horrek karga erresistiboak eta erreaktiboak edukiko ditu, eta sorgailu sinusoidal monofasiko batek elikatuko du.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek ezagutzen duten argindar sarearekin konektaturiko zirkuitu bat kalkulatzeko behar den metodologia, eta baduten gaitasunik zirkuitu misto baten elementuetako bakoitzeko magnitude elektriko guztiak kuantifikatzeko behar diren kalkulu tresnak erabiltzeko.

5. Zirkuitu, instalazio eta ekipo elektriko arrunten planoak aztertzea, eta elementu diskretu batek edo multzo funtzional batek osotasunean duen eginkizuna identifikatzea.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleak gai diren ohiko instalazio elektrikoen planoak aztertu eta garatzeko, plano horiek egiteko, instalazioaren xedearen arabera, eta planoak ongi egiteak beste profesional batzuentzat duen garrantzia baloratzeko.

6. Instalazio edo ekipo elektriko sinple eta arrunt baten osaera eta funtzionamendua konexioen eskema batean edo multzo funtzionalen diagrama batean adieraztea, modu grafikoan.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek identifikatzen dituzten, irudikapen sistema grafikoen bitartez, sistema bat osatzen duten elementuak, eta ba ote dakiten zertarako erabiltzen den bakoitza, zer funtzio betetzen duen sistema osoan, eta bera barnean duen aplikaziorako egokia den ala ez, ikuspuntu teknikotik eta ekonomikotik,

7. Elementu edo gailu elektriko baten zehaztapen teknikoak interpretatzea, eta baldintza nominaletan duen jokaeraren magnitude nagusiak zehaztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten sistema elektriko baten osagai bati buruzko oinarrizko zehaztapenak, eta baduten gaitasunik sistema elektriko baten osagai bakoitza eta haren neurriak zuzen hautatzeko eta baldintza nominaletan nola jardunen duen iragartzeko.

8. Zirkuitu elektriko baten oinarrizko magnitudeak neurtzea, horretarako aparatu egokia aukeratzea eta zuzen konektatzea, eskala hoberena hautatuta.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek zuzen hautatzen dituzten kasuan kasuko magnitudeari dagokion neurgailua, espero den balioari dagokion neurketa eskala, neurketa egiteko prozedura zuzena eta neurketa ekipoa konektatzeko modu egokia, eta neurketa behar den moduan egiten duten, beren segurtasuna eta neurtu beharreko instalazioena zainduz.

9. Zirkuitu elektrikoetan edo horien osagaietan egindako neurketak interpretatzea, zuzen dabiltzala ziurtatzeko, matxurak aurkitzeko edo haien arrazoi posibleak identifikatzeko.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten eta kontuan hartzen duten zein garrantzitsua den zirkuitu bateko magnitude elektrikoak neurtzea hura ongi dabilela egiaztatzeko edo izan ditzakeen matxurak aurkitzeko. Begiratuko da, halaber, gai ote diren prozedura arautu bati jarraituz matxurak aurkitzeko, haien kausak agerian jarriko dituzten neurketa elektriko desberdinen bitartez, matxura konpontzeko kostua eta zirkuituaren konexioaren etenaldia ahalik gehien murriztuz eta, betiere, sistemaren segurtasuna ahalik ongien zainduz. Egiaztapen elektrikoen prozesuaren emaitzak ere ebaluatuko dira, eta zirkuitu elektrikoak argindar sareari konektatzeko eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzen dituen ala ez erabakitzeko gaitasuna.

10. Erreferentziako magnitudeak koherentziaz eta zuzen erabiltzea problemen ebazpena azaltzeko orduan.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleak hizkuntza matematikoa zehaztasunez erabiltzeko gai diren, proposatzen zaizkien egoera eta esperientzia desberdinetan.

FISIKA

Irakasgai hau egiteko Fisika eta kimikako ezagutzak behar dira.

Fisikaren eta natura zientzia guztien helburu nagusia da natura ulertzea eta fenomenoen eremu zabala ordenatzen saiatzea, gizakien begien aurrean ageri diren moduan. Espazioa eta denbora interpretatzea eta materia aztertzea izan da Fisikaren ardura nagusia, eta haren garapenean paradigma aldaketa handiak eragin dituzte: kopernikar eta newtondar iraultzak, erlatibitatea eta mekanika kuantikoa.

Zientzia Fisikoek azken mendeetan izan duten garapen handiak izugarrizko eragina izan du gizakien bizitzan eta ingurumenean, eta aldaketa soziala eta ideien garapena ekarri du. Gizarte modernoan, jakintza arlo zientifikoak funtsezkoak dira XXI. mendeko erronka zientifiko eta teknologikoei eusteko. Prestakuntza zientifikoa garrantzitsua da prestakuntza kultural eta humanistikoari begira. Izan ere, kontzeptuak eta legeak ikasteaz gain, pentsamendu zientifikoaren estrategiak eskuratzen dira eta gogoeta egiten da jakintza horrek garai bakoitzeko pertsonen eta gizarteen premia, balio eta arauekin duen lotura estuari buruz. Gure gizartearen garapen teknologikoak, neurri handian, Fisikako kontzeptuak eta horien erlazioak ditu oinarri; irakasgai hau ongi ikasiz gero, ikasleek gogoeta kritikoa egiten ahalko dute garapen teknologikoak gizartean eta ingurumenean sortzen dituen ondorioez.

Heziketaz gainera, ikasleei prestakuntza ere ematen die, Fisika oinarrizko zientzia baita, zientziarekin eta ingeniaritzarekin zerikusia duten arlo gehienetan. Irakasgai honetako kontzeptu eta erlazioak, trebetasunak eta oinarrizko teknikak ikasiz gero errazagoa izanen da modalitate bereko beste kontzeptu batzuk ulertzea eta trebetasunak lortzea, dela Batxilergoan, dela lanbide heziketan, unibertsitatean edo lanean.

Fisikako curriculumean handitu eta sakondu egiten dira Batxilergoko lehen kurtsoan ikasitako edukiak. Eduki komun batzuk hartzen dira abiapuntutzat, ikasleak jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategietara hurbil daitezen. Zeharkakoak izateagatik, eduki horiek kontuan hartu beharko dira gainerakoak garatzean. Beste edukiekin hiru multzo handi osatu dira: Mekanika, Elektromagnetismoa eta Fisika Modernoa. Fisika klasikoari buruzko ezagutzak, batez ere lehenbiziko zientzia modernoa izan zen mekanikari buruzko ezagutzak, irakasgai honetan grabitazio unibertsalaren teoriari buruzko sarrerarekin osatzen dira. Halaber, uhin higidura aztertzen da, materiaren portaeraren ikuspegi mekanikoa osatzeko, eta optika ere aztertzen da, gero elektromagnetismoan nola integratzen den erakusteko; azken hori, mekanikarekin batera, fisika klasikoaren zutabe nagusia da. Irakasgaiak erakutsi behar du, halaber, nola fisika klasikoaren mundu-ikuskera handiak ezin izan zituen azaldu hainbat fenomenoren arrazoiak. Horrela sortu zen fisika modernoa, eta horren ideietariko batzuk (erlatibitatea, fisika kuantikoa eta haren aplikazioak) edukietan jaso dira.

Gai bakoitzaren barnean, gertaerak eta oinarri teorikoak, beren ingurune historikoan kokatuta, Fisikak bereak dituen prozedurekin lotu behar dira gure inguruko munduan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko eta haien aplikazio teknologikoak eta ingurumen eraginak aztertzeko.

Irakasgai honen garapenak jarduera zientifikoa nolakoa den hurbilagotik eta hobeki ezagutzen eta jarduera horretarako behar diren gaitasunak lortzen lagundu behar du. Hurbilketa horretan, laborategiko praktikek eginkizun garrantzitsua betetzen dute jarduera zientifikoaren atal gisa, kontuan izanik aurkezten diren problemak, horien interesa, saiakuntza bidezko erantzunak, diseinu esperimentalak, horiekin saiatzeko arreta, emaitzen azterketa kritikoa, etab. Funtsezko alderdi horiek ematen diote zentzua esperimentazioari.

Curriculum honek ikasleei ahalegin, zorroztasun eta diziplina handiagoak eskatuko dizkie ikaskuntzan, gogoeta sustatuko du, ikasitako gauzak ingurune teknologiko eta sozialarekin lotzean, eta horrek ikasleei heldutasun pertsonala, soziala eta morala lortzen lagunduko die, ekintza arduratsu eta autonomoetan oinarriturik.

Helburuak

Batxilergoan Fisikako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatzen lagundu nahi da:

1. Fisikako kontzeptu eta teoria nagusiak ulertzea eta horiek intereseko arazoekin lotuta daudela eta ezagutza multzo koherenteak osatzen dituztela jakitea.

2. Fisikako oinarrizko ezagutzak lortzea eta modu autonomoan erabiltzea problemak ebazteko, lan praktikoak egiteko, esperimentu fisikoak egiteko eta egoera eta fenomeno ezezagunak arakatzeko.

3. Jarrera zientifikoak agertzea, adibidez, informazio osoa bilatzea, ageriko gauzak ezbaian jartzea, gertaerak egiaztatu beharra, ideia berriei ateak irekitzea, gogoeta kritikoa.

4. Esperimentu fisikoak diseinatzen eta egiten ikastea, materialak, substantziak eta oinarrizko tresnak trebetasunez erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak betetzea.

5. Ahozko eta idatzizko mezu zientifikoak adieraztea hizkuntza egokia erabiliz, eta diagramak, grafikoak, taulak, adierazpen matematikoak eta bestelako aurkezpen sistemak interpretatzea.

6. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak maiz erabiltzea simulazioak egiteko, datuak lantzeko, iturri desberdinetako informazioa bildu eta erabiltzeko, haren edukia ebaluatzeko, lanak oinarritzeko eta erabakiak hartzeko.

7. Ezagutza fisiko egokiak eguneroko bizitzako arazoak konpontzeko erabiltzea, eta Fisikak tokian tokiko nahiz mundu mailako arazo askori ekiteko duen garrantzia ulertzea.

8. Fisikak gaur egun teknologiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin dituen harreman konplexuak ulertzea, ingurune natural eta soziala babestu, zaindu eta hobetzeko lanaren beharra baloratzea eta Fisikako ezagutzak egungo bizi baldintzak ingurumena hondatu gabe hobetzeko erabili behar direla aintzat hartzea.

9. Fisikaren garapena prozesu konplexu eta dinamikoa dela eta gizadiaren bilakaera kulturalari ekarpen handiak egin dizkiola ulertzea.

10. Fisikaren alderdi kulturala aintzat hartzea, pertsonen prestakuntza osorako, eta Fisika ikasteko jarrera positiboak garatzea, zientzia honetako jarduerak egiten direnean interesa eta autokonfiantza izateko.

Edukiak

Eduki multzo guztietan kontuan hartu behar dira jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategiak:

-problemak aurkeztea eta haien interesa eztabaidatzea, hipotesiak formulatzea, ebazpenerako estrategiak eta diseinu esperimentalak prestatzea, emaitzak aztertu, interpretatu eta adieraztea.

-informazio zientifikoa bilatu eta hautatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta bestelako iturriak erabiliz.

-informazio zientifikoa interpretatzea eta Fisikarekin zerikusia duten arazoei buruz nork bere iritzia izateko, zehaztasunez azaltzeko eta erabakiak hartzeko erabiltzea informazio hori.

-Fisikak teknologiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin dituen harremanak ezagutzea eta egindako azterketak izan ditzakeen aplikazioak nahiz ondorioak kontuan hartzea.

-laborategiko oinarrizko tresnak, materialak eta substantziak ongi erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak errespetatzea.

1. Interakzio grabitatorioa.

-Mundu ikuskera aldarazi zuen iraultza zientifikoa. Kepler-en legeetatik grabitazio unibertsalaren legera.

-Urrutiko interakzioen arazoa, eta nola gainditu zen eremu grabitatorioaren kontzeptuaren bidez. Magnitude karakteristikoak: grabitazio eremuaren intentsitatea eta grabitazio potentziala. Eremu lerroak eta gainazal ekipotentzialak.

-Interakzio grabitatorioaren azterketa energetikoa. Indar kontserbakorren lana eta energia potentzial grabitatorioa.

-Planeta eta sateliteen mugimendua.

-Grabitazio eremua eta energia potentzial grabitatorioa lurrazaletik hurbil. Esperimentu bidez g lortzea.

2. Bibrazioak eta uhinak.

-Bibrazio higidura sinplearen zinematika. Higidura harmoniko sinplearen dinamika: indar elastikoa, Hooke-ren legea.

-Energia higidura harmoniko sinplean: energia potentzial elastikoa, zinetikoa eta mekanikoa.

-Uhin higidura. Uhinen sailkapena. Uhinen magnitude karakteristikoak. Uhin harmoniko lauen ekuazioa. Alderdi energetikoak.

-Huygens-en printzipioa. islapena eta errefrakzioa. Difrakzioaren eta interferentzien azterketa kualitatiboa. Uhin geldikorrak. Soinu uhinak.

-Uhinen aplikazioak garapen teknologikoan eta bizi baldintzen hobekuntzan. Ingurumenaren gaineko eragina.

-Kutsadura akustikoa, iturriak eta ondorioak.

3. Optika.

-Argiaren izaerari buruzko eztabaida historikoa: korpuskuluen eredua eta uhinen eredua. Argiaren abiadura nola aldatzen den ingurunearen arabera. Ingurune aldaketak eragiten dituen fenomeno batzuk: islapena, errefrakzioa, absortzioa eta dispertsioa.

-Optika geometrikoa: nola ikusten den eta ispiluetan eta lente meheetan irudiak nola sortzen diren ulertzea. Esperientzia txikiak lenteekin. Tresna optikoren bat egitea.

-Espektro ikusgaiaren eta difrakzio, interferentzia eta dispertsio fenomenoen azterketa kualitatiboa. Aplikazioak medikuntzan eta teknologian.

4. Interakzio elektromagnetikoa.

-Eremu elektrikoa. Magnitude karakteristikoak: eremuaren intentsitatea eta potentzial elektrikoa. Eremu elektrikoaren eta potentzial elektrikoaren arteko erlazioa. Indar lerroak eta gainazal ekipotentzialak.

-Fenomeno elektrikoen eta magnetikoen arteko erlazioa. Korronte elektrikoek sortzen dituzten eremu magnetikoak. Indar magnetikoak: Lorentz-en legea eta korronte lerrozuzenen arteko interakzio magnetikoak. Esperientziak haril, iman, motor eta abarrekin. Magnetismo naturala. Eremu grabitatorioaren, elektrikoaren eta magnetikoaren arteko antzekotasunak eta diferentziak.

-Indukzio elektromagnetikoa. Energia elektrikoaren ekoizpena, eraginak eta iraunkortasuna. Iturri berriztagarrietako energia elektrikoa.

-Maxwell-en sintesi elektromagnetikoa: hurbilketa historikoa.

5. Fisika modernoari buruzko sarrera.

-Fisika klasikoaren krisia. Erlatibitate bereziaren postulatuak. Erlatibitatearen teoriaren ondorioak.

-Efektu fotoelektrikoa eta espektro etenak: Fisika klasikoaren ezintasuna haiek azaltzeko. De Broglie-ren hipotesia. Indeterminazio erlazioak. Fisika modernoak ekarri zuen garapen zientifiko eta teknologikoaren balorazioa.

-Fisika nuklearra. Lotura energia. Erradioaktibitatea: motak, ondorioak eta aplikazioak. Fisio eta fusio nuklearreko erreakzioak, aplikazioak eta arriskuak.

Ebaluazio irizpideak

1. Metodologia zientifikoaren oinarrizko estrategiak Fisika ikasteko lanei aplikatzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek, edukiak ikasten dituztenean, metodo zientifikoaren bereizgarri diren estrategiak erabiltzen ote dituzten, hala nola behaketa, egoera arazotsuen planteamendua, hipotesien formulazioa, esperientzien diseinua eta horien emaitzen azterketa eta jakinarazpena.

2. Ikerketak egitea, zeinetan informazioak antolatu eta kodetu eta estrategiak hautatu, alderatu eta baloratu behar diren, problemen ebazpenari eraginkortasunez ekiteko.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek tresna eta estrategia desberdinak konbinatzen dituzten, edozein delarik haiek eskuratu diren testuingurua, egoera berriei eta problemei aurre egiteko, eta behaketa, moldaketa, hausnarketa eta argumentazio egokiak egiten dituzten, ikasitako kontzeptu fisiko eta kimikoak eta lortutako trebetasun matematikoak baliatuz, unitate eta magnitude egokiak zuzen erabiliz eta lortutako emaitzak aztertuz.

3. Txukuntasun, garbitasun, zehaztasun eta segurtasunez aritzea laborategian proposaturiko esperientzietan.

Egiaztatu nahi da ea beren saiakuntza lanetan aparatuak, tresnak, substantziak eta energia iturriak erabiltzeko ezarritako arauak ezagutu eta betetzen dituzten, jarrera positiboa ote duten ikerketa lanari buruz, eta behar bezala erabiltzen dituzten laborategiko materialak eta oinarrizko tresnak, hala bakarka nola taldean.

4. Grabitazio unibertsalaren legearen garrantzia baloratzea eta hura intereseko egoera arazotsuak ebazteko aplikatzea, adibidez, zeruko gorputzen masak kalkulatzeko, Lurraren grabitatearen tratamendurako edo planeta eta sateliteen mugimenduak aztertzeko.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen eta baloratzen dituzten grabitazio unibertsalak zeruaren eta Lurraren arteko banaketa hausteko izan zuen garrantzia, gainditu behar izan zituen zailtasunak eta ekarri zituen ondorioak, bai teorikoak, Unibertsoari eta Lurrak bertan duen lekuari buruzko ideietan, bai praktikoak, satelite artifizialetan. Halaber, egiaztatu behar da ea interakzio grabitatorioa deskribatzen duten kontzeptuak ulertzen eta bereizten dituzten (eremua, grabitazio potentziala, indar kontserbakorra eta energia potentzial grabitatorioa) eta badakiten haiek aplikatzen aipatutako egoeren ebazpenean.

5. Materiaren bibrazioak eta haien hedapena (uhinak) azaltzea ahalbidetzen duen eredu teoriko bat sortzea eta hainbat fenomeno natural eta garapen teknologiko interpretatzeko erabiltzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek materiaren bibrazioei eta uhinei buruzko ereduak sortzen ahal dituzten, eta hautemandako gauzak teorikoki ikasitakoekin lotzeko gai diren, adibidez, intentsitatea anplitudearekin edo tonua maiztasunarekin, eta kutsadura akustikoak osasunean duen eragina ezagutzen duten. Egiaztatu behar da, halaber, ea badakiten uhin baten magnitude karakteristikoen balioak haren ekuaziotik ateratzen eta alderantziz; eta uhinen propietateetako batzuk kuantitatiboki azaltzen, hala nola islapena eta errefrakzioa, eta beste batzuk kualitatiboki, hala nola interferentziak, difrakzioa eta Doppler efektua.

6. Eredu klasikoak (korpuskularra eta ondulatorioa) erabiltzea argiaren propietateak azaltzeko.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten argiaren izaerari buruzko eztabaida historikoa izan dela eta eredu ondulatorioak irabazi duela. Jakin nahi da ea irudiak lortzeko gai diren kamera ilunarekin, ispilu lau edo kurbatuekin edo lente meheekin, eta irudi horiek teorikoki interpretatzen dituzten izpien eredu batean oinarrituta, eta tresnaren batzuk egiteko gai diren, adibidez teleskopio sinple bat, eta optikak argazkigintzan, komunikazioan, ikerketan, osasun arloan eta abarretan dituen aplikazio ugariak ulertzen dituzten.

7. Eremu elektrikoaren eta magnetikoaren kontzeptuak erabiltzea urrutiko interakzioak sortzen dituen zailtasunak gainditzeko, karga eta korronte lerrozuzenek sortutako eremuak eta karga eta korronteen gainean diharduten indarrak kalkulatzea, eta zenbait aplikazio praktikoren oinarriak azaltzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren egoera sinpleetan (karga bat edo bi, korronte lerrozuzenak) sortzen diren eremu elektriko edo magnetikoak zehazteko, bai eta eremu horiek beren barneko beste karga edo korronte batzuen gain eragiten dituzten indarrak ere. Jakin nahi da, halaber, ea badakiten nola ibiltzen diren eta nola erabiltzen diren elektroimanak, motorrak, galbanometroa bezalako neurketa tresnak eta eremu elektriko eta magnetikoen beste aplikazio interesgarri batzuk, besteak beste partikula azeleragailuak eta telebista hodiak.

8. Fluxu magnetikoaren aldaketen bidez korrontea nola sortzen den azaltzea, eta Maxwell-en sintesiaren zenbait alderdi, hala nola uhin elektromagnetikoak iragartzea eta sortzea, eta optika nola integratzen den elektromagnetismoan.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek indukzio elektromagnetikoa eta eremu elektromagnetikoen sorkuntza ulertzen dituzten. Halaber, ea modu kritikoan justifikatzen dituzten ezagutza horien zenbait aplikaziok ekarritako hobekuntzak (energia elektrikoa lortzeko iturri desberdinen erabilera edo uhin elektromagnetikoen erabilera ikerketan, telekomunikazioan, medikuntzan eta abarretan), eta sortzen dituzten ingurumen eta osasun arazoak.

9. Erlatibitate bereziaren printzipioak erabiltzea zenbait fenomeno ulertzeko: denboraren zabalkuntza, luzeraren kontrakzioa eta masaren eta energiaren arteko baliokidetasuna.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten Einstein-ek Fisika klasikoaren mugak gainditzeko eman zituen postulatuak (adibidez, badela mugako abiadura edo argiak ez duela betetzen Galileo-ren erlatibitate printzipioa) eta badakiten haiek nolako aldaketa eragin zuten espazio, denbora, mugimendu-kantitate eta energia kontzeptuen interpretazioan eta zer ondorio ekarri zituzten, ez bakarrik zientzien arloan (fisika nuklearra edo astrofisika), baita kulturaren beste esparru batzuetan ere.

10. Espektro jarraituek eta etenek, efektu fotoelektrikoak eta abarrek sortutako arazoen konponbidea bilatu beharrak eragin zuen iraultza zientifiko-teknologikoa ezagutzea, Fisika kuantikoa eta teknologia berri garrantzitsuak sorrarazi baitzituen.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek ulertzen duten fotoiak, elektroiak eta abar ez direla ez uhin ez partikula, nozio klasikoaren arabera, baizik eta objektu berriak, portaera berria dutenak, portaera kuantikoa hain zuzen, eta portaera hori deskribatzeko beharrezkoa izan zela ezagutza multzo berri bat sortzea, materia eta kosmosa hobeki ulertzea ahalbidetzen duena: fisika kuantikoa. Ebaluatuko da, halaber, ea badakiten iraultza zientifiko berri honek garapen zientifiko eta teknologikoari bultzada handia eman diola, teknologia berrietako asko fisika kuantikoan oinarrituta sortu baitira: zelula fotoelektrikoak, mikroskopio elektronikoak, laserra, mikroelektronika, ordenagailuak, etab.

11. Masa-energia baliokidetasuna aplikatuz, nukleoen lotura-energia, nukleoen egonkortasuna, erreakzio nuklearrak, erradioaktibitatea eta horren aplikazio eta ondorio ugariak azaltzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren nukleoen egonkortasuna interpretatzeko lotura-energietatik abiaturik eta ulertzen dituzten erradioaktibitateari eta erreakzio nuklearrei lotutako prozesu energetikoak. Eta ezagutza horiek erabiltzen ahal dituzten gai interesgarriak ulertu eta baloratzeko, hala nola erradioisotopoen aplikazioak (medikuntzan, arkeologian, industrian eta abarretan), edo arma eta erreaktore nuklearrak, eta horien arrisku eta ondorioez jabetzen diren (aktibitate handiko hondakinak, segurtasun arazoak, etab.).

FISIKA ETA KIMIKA

Gizarte modernoan, jakintza arlo zientifikoak funtsezkoak dira XXI. mendeko erronka zientifiko eta teknologikoei eusteko. Metodologia zientifikoaren ezagutza hobea eta handiagoa lagungarria izanen da gogoetarako gaitasuna eta arrazoimena garatzeko. Horrek, balioetan oinarritutako hezkuntzarekin batera, heziketa humanistagoa lortzen lagunduko du zalantzarik gabe.

Horregatik, Fisika eta Kimika gure garaiko kulturako funtsezko irakasgaiak dira, eta ikasleak hezten laguntzen dute, zientziaren, teknologiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanak uler ditzaten eta gizadiak gaur egun dituen arazo larriak, haien kausak eta haiei aurre egin eta etorkizun iraunkor baterantz joateko behar diren neurriak ezagutu ditzaten. Zientzia hauen ikaskuntzak ikasleei ahalegin, zorroztasun eta diziplina handiagoak eskatuko dizkie eta horrek ikasleei heldutasun pertsonala, soziala eta morala lortzen lagunduko die, ekintza arduratsu eta autonomoetan oinarriturik.

Ikasleen lanbide prestakuntzak hala eskatzen duelako, Fisika eta Kimikako curriculumean geroko ikasketei arrakastaz ekitea ahalbidetuko duten edukiak sartu behar dira. Izan ere, Fisika eta Kimika unibertsitateko ikasketa zientifiko eta tekniko guztien osagai dira, eta goi mailako lanbide heziketa ziklo askotan ere beharrezkoak dira.

Batxilergoko 1. kurtsoko Fisika eta Kimika irakasgaiak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eraikitako oinarriak ditu abiapuntu. Ikasleek modu autonomoan ikasteko, taldean lan egiteko eta ikerketa metodo egokiak aplikatzeko gaitasuna lor dezaten sustatzen du. Gogoeta eraginen da eredu eta teoria fisiko-kimikoen erabileraz eta horrek garapen sozioekonomikoan duen eraginaz. Ez da ahaztu behar zientziaren gaurko aztergai nagusiekin zerikusia duten alderdiak sartzea; halaber, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek ikasle zein irakasleen eskura jartzen dituzten berariazko metodologiak erabili behar dira, ezagutzaren mugak zabaltzeko eta gela edo laborategiko erabilera errazteko. Problemak ebatziz ikasleek errealitateari buruzko ikusmolde zabal eta zientifikoa garatuko dute, sormena eta besteren ideien balorazioa sustatuko dira, eta nork bere ideiak argudio egokien bidez adierazteko trebetasuna eta egindako akatsak aitortzeko gaitasuna garatuko dira.

Irakasgai honen edukiak elkarri lotutako multzoetan antolatuta daude. Eduki komunen multzo bat hartzen da abiapuntutzat, ikasleak jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategietara hurbil daitezen. Zeharkakoak izateagatik, eduki horiek kontuan hartu beharko dira gainerakoak garatzean. Lehenengo zatia Kimikari buruzkoa da, eta haren edukiak bi ardatz nagusiren inguruan egituratuta daude. Lehenbizikoak materiaren teoria atomiko-molekularrean sakontzen du, aurreko etapan lortutako ezagutzetatik abiatuta, eta atomoaren egitura aztertzen du, horrek ahalbidetuko baitu elementu taldekideen arteko antzekotasunak, loturak eta eraldaketa kimikoak azaltzea. Bigarren ardatzak sakonago aztertzen du karbonoaren kimika, aurreko kurtsoaren haria hartuz, eta beraren bidez ikasleek ulertu behar dute zein garrantzitsuak izan ziren substantzia organikoen lehen sintesiak eta zer-nolako ondorioak ekarri zituen bitalismoa gainditzeak, materiaren irudi unitarioa eraikitzen lagundu baitzuen eta beren aplikazioengatik garrantzi handia izan duten material berrien sintesia ahalbidetu baitzuen. Substantzia organikoak aztertzean arreta berezia emanen zaie erregai fosilen erabileraren arazoei eta etorkizun iraunkor baterantz aurre egiteko konponbideen beharrari.

Bigarren zatia Fisikari buruzkoa da eta haren edukiak mekanikaren eta elektrizitatearen inguruan daude egituratuta. Mekanika atalaren hasieran higidura eta hura aldarazten duten kausak sakonago aztertzen dira, erakusteko nola sortu zen zientzia modernoa eta nola baztertu ziren dogmatismoak eta zentzu komuneko ikusmolde sinplistak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako azken kurtsoan ikasitakoa bera da baina sakonago aztertuta, hurbilketa zehatzagoa eginez, lan eta energia kontzeptuak kontuan hartuz aldaketen azterketarako. Horrek bide eman behar du hobeki ulertzeko dinamikaren printzipioak, energiaren kontserbazioarena eta eraldaketarena, eta sortutako ezagutza multzoaren ondorio teoriko eta praktikoak.

Hurrengo aztergaia elektrizitatea da eta azterketa horrek lagundu behar du materiaren egitura hobeki ezagutzen eta energia elektrikoak gaurko gizarteetan duen garrantziaz ohartzen. Energiaren ekoizpena, kontsumoa eta energia erabiltzearen ondorioak aztertuko dira.

Helburuak

Batxilergoan Fisika eta Kimikako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

Fisika eta Kimikako kontzeptu, lege, teoria eta eredu nagusiak eta orokorrak ulertzea, bai eta haiek sortzeko erabilitako estrategiak ere. Horrela, ikasleek zientziaren adar horien garapenari eta gizartean betetzen duten eginkizunari buruzko ikuspegi orokorra eta oinarrizko prestakuntza zientifikoa izanen dituzte, gero ikasketa espezifikoagoak egin ahal izateko.

2. Kontzeptu, lege, teoria eta eredu horiek eguneroko bizitzako egiazko egoerei aplikatzea, eta Fisikak eta Kimikak tokian tokiko nahiz mundu mailako arazo askori ekiteko duten garrantzia ulertzea.

3. Fisikak eta Kimikak gaur egun gizartearekin eta ingurumenarekin dituzten harreman konplexuak ulertzea, ingurune natural eta soziala babesten, zaintzen eta hobetzen laguntzea eta aintzat hartzea ez dela ingurumena hondatu behar eta zientzia egungo bizi baldintzak hobetzeko erabili behar dela.

4. Jarrera zientifikoak agertzea, adibidez, informazio osoa bilatzea, kritikarako gaitasuna, gertaerak egiaztatu beharra, ageriko gauzak ezbaian jartzea, ideia berriei ateak irekitzea.

5. Ikerketa zientifikoari dagozkion estrategiak autonomiaz erabiltzea problemak ebazteko, lan praktikoak egiteko, esperimentu fisiko eta kimikoak egiteko eta egoera eta fenomeno ezezagunak arakatzeko.

6. Laborategiko lan esperimentala egiten ikastea, materialak, substantziak eta oinarrizko tresnak egoki erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak betetzea.

7. Terminologia zientifikoa zuzen erabiltzea zientziaren esparruko gaiak adierazteko, diagramak, grafikoak, taulak, adierazpen matematikoak eta beste adierazpen eredu batzuk interpretatzeko eta, halaber, eguneroko hizkuntzako adierazpen zientifikoak azaldu ahal izateko, eguneroko esperientzia eta zientzia lotuz.

8. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak maiz erabiltzea simulazioak egiteko, datuak lantzeko, iturri desberdinetako informazioa bildu eta erabiltzeko, haren edukia ebaluatzeko eta erabakiak hartzeko.

9. Lan zientifikoan saiakuntzak eta sormenak duten garrantziaz ohartzea, hura etengabe eraikitzen ari den jarduera baita. Hipotesi eta teoria kontrajarriak aztertu eta alderatzea pentsaera kritikoa garatzeko, eta eztabaida zientifiko handiek giza pentsamenduaren garapenari egin dizkioten ekarpenak baloratzea.

10. Fisikaren eta Kimikaren alderdi kulturala aintzat hartzea, pertsonen prestakuntza osorako, eta haiek ikasteko jarrera positiboak garatzea, zientzia horietako jarduerak egiten direnean interesa eta autokonfiantza izateko.

Edukiak

Eduki multzo guztietan kontuan hartu behar dira jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategiak:

-problemak aurkeztea eta haien interesa eztabaidatzea, hipotesiak formulatzea, ebazpenerako estrategiak eta diseinu esperimentalak prestatzea, emaitzak aztertu, interpretatu eta adieraztea.

-informazio zientifikoa bilatu eta hautatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta bestelako iturriak erabiliz.

-Informazio zientifikoa interpretatzea eta Fisikarekin eta Kimikarekin zerikusia duten arazoei buruz nork bere iritzia izateko, zehaztasunez azaltzeko eta erabakiak hartzeko informazio hori erabiltzea.

-Fisikak eta Kimikak teknologiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin dituzten harremanak ezagutzea eta egindako azterketak izan ditzakeen aplikazioak nahiz ondorioak kontuan hartzea.

-laborategiko oinarrizko tresnak, materialak eta substantziak ongi erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak errespetatzea.

1. Materiaren teoria atomiko-molekularra.

-Dalton-en teoria atomikoa. Lege ponderalak. Konbinazio bolumenen legea. Avogadro-ren hipotesia, Avogadro-ren zenbakia. Mol kontzeptua.

-Gas idealen egoera ekuazioa.

-Formula enpirikoa eta molekularrak aurkitzea.

-Disoluzioen kontzentrazioa adierazteko zenbait modu. Kontzentrazio jakineko disoluzioak prestatzea.

2. Atomoa eta haren loturak.

-Eredu atomikoen garrantzia kimikaren aurrerapenean: Thomson-en eta Rutherford-en ereduak.

-Espektroak eta Bohr-en eredu atomikoa. Haren lorpenak eta mugak. Eredu kuantikoari buruzko sarrera kualitatiboa. Zenbaki kuantikoak. Orbitalaren kontzeptua eta motak.

-Elektroien banaketa energia mailetan.

-Elementuen sailkapen periodikoa: kanpoko elektroiekin duen erlazioa.

-Lotura ionikoa, kobalentea, metalikoa eta molekula artekoak. Substantzien propietateak lotura motaren arabera.

-Konposatu ez-organikoen formulazioa eta nomenklatura.

3. Eraldaketa kimikoen azterketa.

-Eraldaketa kimikoak eta haien ondorioak aztertzearen garrantzia.

-Erreakzio kimikoen interpretazio mikroskopikoa. Erreakzio abiadura. Erreakzio abiadura zein faktoreren mende dagoen: hipotesiak eta saiakuntzak. Katalizatzailea zer den eta zer-nolako garrantzia duen erreakzio kimikoetan.

-Erreakzio motak. Erreakzioen estekiometria. Pisuen eta bolumenen kalkulua. Erreaktibo mugatzailea eta erreakzioaren errendimendua.

-Kimika eta industria: lehengaiak eta kontsumorako produktuak. Kimika industrialaren ondorioak.

-Beren garrantzi biologiko edo industrialarengatik edo ingurumenaren gaineko eraginagatik gure gizartean interes handiena duten erreakzio kimikoen balorazioa. Kimikaren eginkizuna etorkizun iraunkorraren eraikuntzan.

4. Karbonoaren kimika.

-Karbono atomoaren konbinatzeko aukerak: kate adarkatuak sortzeko eta bere buruarekin edo beste elementu batzuekin lotura anizkoitzak egiteko ahalmena. Talde funtzionalaren eta isomeriaren kontzeptuei buruzko sarrera. Nomenklatura eta formulazioa: IUPACen arauak.

-Hidrokarburoak, haien aplikazioak, propietateak eta erreakzio kimikoak. Hidrokarburo iturri naturalak. Petrolioa eta haren aplikazioak. Erregai fosilak erabiltzearen ondorio sozioekonomikoak, etikoak eta ingurumen arlokoak.

-Konposatu organiko sintetikoen garapena: material berrien iraultzatik kutsatzaile organiko iraunkorretara. Onurak eta iraunkortasunaren gaineko eragina.

5. Higiduraren azterketa.

-Higiduraren erlatibotasuna. Erreferentzia sistema inertzialak. Higidura deskribatzeko behar diren magnitudeak: magnitude eskalarrak eta magnitude bektorialak.

-Ibilbide lerrozuzeneko higiduren azterketa: higidura zuzen uniformea eta higidura zuzen uniformeki azeleratua.

-Higidura zirkularren azterketa: higidura zirkular uniformea eta higidura zirkular uniformeki azeleratua. Abiadura linealaren eta angeluarraren arteko erlazioa.

-Galileok zinematikaren eta zientzia osoaren garapenerako egindako ekarpenak. Higiduren gainezarpena: tiro horizontala eta tiro zeiharra.

-Bide hezkuntzaren garrantzia. Egoera zinematiko interesgarrien azterketa: balaztatzeko behar den tartea, talka egitean abiadurak duen eragina, etab.

6. Dinamika.

-Dinamikako Newton-en legeak.

-Higidura kantitatea eta kontserbazio printzipioa.

-Grabitazio unibertsalaren garrantzia. Grabitazio indarra lurrazalaren inguruetan.

-Egoera dinamiko interesgarri batzuen azterketa: pisua, marruskadura indarrak eta marruskadura koefizientea, plano inklinatua, soken tentsioak eta indar elastikoak.

-Higidura zirkularraren dinamika.

7. Energia eta haren transferentzia: lana eta beroa.

-Energia, lan eta bero kontzeptuak eta haien arteko erlazioak berrikusi eta haietan sakontzea. Lana egiteko eraginkortasuna: potentzia.

-Energia zinetikoa. Indar bizien teorema.

-Interakzio grabitatorioari lotutako energia: energia potentzial grabitatorioa. Indar elastikoei lotutako energia: energia potentzial elastikoa.

-Energia mekanikoa. Kontserbazioaren teorema.

-Beroa. Gorputzen bero espezifikoa. Trukatutako beroa.

8. Elektrizitatea.

-Eremu elektrikoa aztertzeko sarrera.

-Erresistentzia elektrikoa. Erresistentzien elkarketa.

-Korronte elektrikoaren intentsitatea.

-Bi punturen arteko potentzial diferentzia.

-Korronte elektrikoa. Ohm-en legea. Korronte elektrikoaren eragin energetikoak. Korronte sorgailuak.

-Energia elektrikoa gaurko gizarteetan: sakonago aztertzea energia elektrikoaren ekoizpena, kontsumoa eta haren erabileraren ondorioak.

Ebaluazio irizpideak

1. Metodologia zientifikoaren oinarrizko estrategiak zientzia ikasteko lanei aplikatzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek, edukiak ikasten dituztenean, metodo zientifikoaren bereizgarri diren estrategiak erabiltzen ote dituzten, hala nola behaketa, egoera arazotsuen planteamendua, hipotesien formulazioa, esperientzien diseinua eta horien emaitzen azterketa eta jakinarazpena.

2. Ikerketak egitea, zeinetan informazioak antolatu eta kodetu eta estrategiak hautatu, alderatu eta baloratu behar diren, problemen ebazpenari eraginkortasunez ekiteko.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek tresna eta estrategia desberdinak konbinatzen dituzten, edozein delarik haiek eskuratu diren testuingurua, egoera berriei eta problemei aurre egiteko, eta behaketa, moldaketa, hausnarketa eta argumentazio egokiak egiten dituzten, ikasitako kontzeptu fisiko eta kimikoak eta lortutako trebetasun matematikoak baliatuz, unitate eta magnitude egokiak zuzen erabiliz eta lortutako emaitzak aztertuz.

3. Txukuntasun, garbitasun, zehaztasun eta segurtasunez aritzea laborategian proposaturiko esperientzietan.

Egiaztatu nahi da ea beren saiakuntza lanetan aparatuak, tresnak, substantziak eta energia iturriak erabiltzeko ezarritako arauak ezagutu eta betetzen dituzten, jarrera positiboa ote duten ikerketa lanari buruz, eta behar bezala erabiltzen dituzten laborategiko materialak eta oinarrizko tresnak, hala bakarka nola taldean.

4. Lege ponderalak eta Gay-Lussac-en erlazio bolumetrikoak interpretatzea, substantzia kantitatearen kontzeptua eta haren neurketa aplikatzea eta formula enpiriko eta molekularrak aurkitzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren lege ponderalak eta gasen arteko konbinazioko erlazio bolumetrikoak interpretatzeko, Dalton-en teoria atomikoa eta Avogadro-ren hipotesiak kontuan izanik. Halaber, egiaztatu behar da ea ulertzen dituzten "substantzia kantitate" magnitudearen garrantzia eta esanahia eta ezagutzen duten haren unitatea, mola, eta gai diren hura lagin batean determinatzeko, substantzia egoera solidoan, gas egoeran nahiz disoluzioan egon; halaber, ea badakiten oinarrizko magnitude hori aplikatzen formula enpiriko eta molekularrak aurkitzeko, eta badakiten kontzentrazio mota ohikoenak adierazten eta kontzentrazio jakineko disoluzioak prestatzen.

5. Eredu atomikoen existentzia eta bilakaera justifikatzea, lan zientifikoa saiakuntzan oinarritzen dela eta irekia dela baloratzea, eta substantzia bat osatzen duten partikulen arteko lotura mota ezagutzea, haren propietateak azaldu ahal izateko.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten identifikatzen zein gertaerak eraman zuten eredu atomiko bat ezbaian jartzera eta fenomeno berriak azaltzeko balio zuen beste bat sortu eta onartzera, eta ohartzen diren ezagutza zientifikoa hipotetikoa dela eta etengabe berrikusten ari dela. Baloratuko da, halaber, ea gai diren sistema periodikoa eta hark kimikaren garapenerako izan duen garrantzia azaltzeko, ea ezagutzen dituzten lotura ionikoa, kobalentea, metalikoa eta molekula artekoa, eta lotura horiekin justifikatzen ahal dituzten substantzia mota desberdinen formulazioak, baita konposatu horien zenbait propietate bereizgarri ondorioztatu ere, adibidez, baldintza normaletan zein egoera fisikotan dauden eta uretan edo disolbatzaile organikoetan disolbatzen diren ala ez.

6. Eraldaketa kimikoen eta horien ondorioen azterketak duen garrantziaz ohartzea, erreakzio kimiko bat mikroskopikoki interpretatzea, erreakzioaren abiadura aldarazten duten faktoreei buruzko hipotesiak ematea eta saiatzea, eta kalkulu estekiometrikoak egitea interes praktikoko adibideekin.

Ebaluatuko da ea ikasleek badakiten egungo gizartean zein garrantzitsua eta erabilgarria den eraldaketa kimikoak aztertzea, adibidez errekuntzak eta azido-base erreakzioak, eta laborategiko edo industria kimikoko adibideak. Baloratuko da ea erreakzio kimiko bat mikroskopikoki interpretatzen badakiten, erreakzio abiaduraren kontzeptua ulertzen duten eta hori aldarazten duten faktoreak iragarri eta saiatzeko gai diren, baita eguneroko prozesuetan duten garrantzia ere, eta esku hartzen duten produktuen eta erreaktiboen substantzia kantitateei buruzko problemak ebazten badakiten.

7. Hidrokarburoen propietate fisiko eta kimikoak eta garrantzi sozial eta ekonomikoa interpretatzea, haiek formulatzen eta izendatzen jakitea IUPACen arauak aplikatuz, eta sintesi organikoen garapenaren eta haien ondorioen garrantzia baloratzea.

Ebaluatuko da ea ikasleek baloratzen duten nola gainditu zen bitalismoaren hesia eta nola orduz gero sintesi organikoek garapen ikusgarria eta garrantzi handiko ondorioak izan dituzten (material berriak, kutsatzaile organiko iraunkorrak, etab.). C-a eta H-a konbinatzeko aukeretatik abiatuta, ikasleek gai izan behar dute kate linealeko eta kate adarkatuko hidrokarburoak idatzi eta izendatzeko eta haien propietate fisiko eta kimikoak ezagutu behar dituzte, errekuntza erreakzioak eta lotura bikoitzetako adizio erreakzioak tartean. Gainera, petrolioaren destilazioaren frakzio nagusiak zein diren eta eguneroko kontsumorako produktuak lortzeko nola erabiltzen diren jakin behar dute eta aintzat hartu behar dituzte petrolioaren garrantzi sozial eta ekonomikoa, hura erabili eta agortzearen ondorioak eta kimika organikoaren arloan iraunkortasunerako lagungarriak izan daitezkeen ikerketak egin beharra.

8. Higidura zuzenaren eta zirkularraren ekuazioak ezartzea, bai eta higidura konposatuenak ere, eta problemak ebazteko aplikatzea.

Ebaluatu behar da ea ikasleek ulertzen duten ikasitako higidura moten garrantzia eta gai diren higidura horiekin zerikusia duten problemak ebazteko, zuzen erabiltzen ote dituzten higiduraren magnitude bektorialak eta ba ote dakiten egiten eta interpretatzen higidura bat deskribatzeko grafikoak. Baloratuko da, halaber, ea ezagutzen dituzten Galileok zinematikaren garapenari egindako ekarpenak eta jarri zizkioten oztopoak.

9. Gorputzen gainean diharduten indarrak identifikatzea, gorputzen arteko interakzioen emaitza gisa, eta higidura kantitatearen kontserbazioaren printzipioa aplikatzea eguneroko egoera dinamikoak azaltzeko.

Ebaluatuko da ea ikasleek interakzio kontzeptu newtondarra ulertzen duten eta indarren eta higidura aldaketen arteko lotura ikusten duten. Baloratuko da ea badakiten identifikatzen eguneroko egoeretan gorputzen gainean diharduten indarrak, eta Newton-en legeak zuzen aplikatzen dituzten beren inguruko dinamika-problemetan. Egiaztatuko da ea ikasleak gai diren higidura kantitatearen printzipioa interesatzen zaizkien egoeretan aplikatzeko, eta aldez aurretik badakiten zehazten zein sistemari aplikatuko dioten.

10. Lan eta energia kontzeptuak eta horien arteko erlazioak aplikatzea eraldaketak aztertzeko, eta energiaren kontserbazioaren eta eraldaketaren printzipioa aplikatzea interes teorikoa eta praktikoa duten problemak ebazteko.

Egiaztatu behar da ea ikasleek sakonean ulertzen dituzten energia, lan eta bero kontzeptuak eta horien arteko erlazioak, batez ere sistemaren energia zinetikoaren, energia potentzialaren eta guztizko energiaren aldaketei dagozkienak, eta gai diren energiaren kontserbazioaren eta eraldaketaren printzipioa aplikatzeko eta ea degradazioaren ideia ulertzen duten. Baloratuko da, gainera, ea ikuspegi globala duten energia baliabideen lorpenaren eta erabileraren inguruko arazoez eta horiei buruzko egungo eztabaidez, eta konponbideak denen esku daudela jabetzen diren eta jarrera eta jokabide koherenteak agertzen dituzten.

11. Interakzio elektrikoa eta hari lotutako fenomenoak interpretatzea, baita haren ondorioak ere, eta jarduera zientifiko eta teknologikoaren estrategiak aplikatzea zirkuitu elektrikoak aztertzeko.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren materia arruntaren izaera elektrikoari antzemateko, zirkuitu elektrikoen oinarrizko osagaiak eta horien arteko lotura nagusiak ezagutzen dituzten eta ea badakiten korronte elektrikoari buruzko problemak planteatzen eta ebazten, neurketa aparaturik ohikoenak erabiltzen eta mota desberdinetako zirkuitu elektrikoak interpretatzen, diseinatzen eta muntatzen. Gainera, korronte elektrikoaren eragin energetikoak eta hark gure gizartean betetzen duen eginkizun garrantzitsua eta sortzen dituen ondorioak ulertzen ote dituzten baloratuko da.

MATEMATIKA I ETA II

Matematika II egiteko Matematika I-eko ezagutzak behar dira.

Matematika ezagutzen multzo handi bat da. Ezagutza horiek egitura abstraktuek berezkoak dituzten eredu eta erlazioen azterketan oinarrituta daude. Nahiz eta errealitate fisikotik aparte garatu, bertan dute jatorria eta guztiz erabilgarriak dira hura irudikatzeko. Arazo praktikoak konpondu beharrak sortzen ditu, eta egiazko egoerak landu, azaldu, iragarri eta ereduetan jasotzeko eta ezagutza zientifikoei zorroztasuna emateko duten ahalmenak eusten die. Haien egitura beti aldatzen ari da, ezagutza berriak gehitzen zaizkielako eta beste arlo batzuekin etengabeko harremanak dituztelako, bereziki zientziaren eta teknikaren esparruan.

Jakintza matematikoa eskuratzea haren -jardunbidea- ikastean datza. Delako -Matematika egiten ikaste- hori lan asko eskatzen duen prozesua da. Elementu zehatzen gaineko jarduera biziak ematen dio hasiera, formalizaziorako behar diren aurretiazko intuizioak sortzeko. Alderdi kontzeptualak, maiz, estrategiak lantzeko bitartekoak baino ez dira, arakatzera, aieruak formulatzera, ideiak trukatzera eta jada eskuratutako kontzeptuak berritzera bultzatzen duten pizgarriak.

Matematikako edukiek, Batxilergoko Zientzien eta Teknologiaren modalitateko irakasgai gisa, bi ardatz nagusi dituzte: geometria eta analisia. Horiek behar adinako euskarri instrumentala dute aritmetikan, aljebran eta problemak ebazteko estrategia propioetan. Matematika I irakasgaian, zenbakien propietate orokorrekin eta eragiketekiko erlazioekin zerikusia duten edukiak, momentu jakin batean baino gehiago, unean uneko beharren arabera landu behar dira. Bestalde, eduki horiei estatistika eta probabilitatea ikasteko tresna berriak gehitu zaizkie. Horrela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan sartu diren arlo guztiak landuko dira, Matematika II irakasgaia egin edo ez. Matematika II irakasgaian matrizeak eta integralak sarturik, problema geometriko eta funtzionalak ebazteko tresna berri eta ahaltsuak eskaintzen dira.

Eduki horien bidez oinarrizko teknikak ikasten dira bai ondorengo ikasketetarako eta bai lanbide jarduerarako ere. Helburua ez da ikasleek tresna matematiko asko edukitzea, behar-beharrezkoak eduki eta horiek trebetasunez eta zentzuz erabiltzea baizik. Formula eta identitate berriak eskaini behar zaizkie beraiek aukeratu eta erabil ditzaten. Hainbat berdintza buruz ikastea haien esanahia ulertu gabe, ezer ez dago hori baino urrunago -matematikoki pentsatzetik-, nahiz eta berdintzak zuzen aplikatu kalkulu ariketetan.

Etapa honetan aldagai bateko funtzio berriak agertzen dira. Ikasleek gaitasuna lortu behar dute funtzio familien ezaugarriak bereizteko haien irudikapen grafikotik abiatuta, eta ulertzeko nola aldatzen den funtzio baten grafikoa beste batekin konposatzen denean edo haren adierazpen aljebraikoan koefizienteren bat modu jarraituan aldatzean. Limitearen nozio intuiziozkoa eta deribatuaren nozio geometrikoa sartuz, Matematika I-ean kalkulu infinitesimalaren oinarriak ezartzen dira eta haiek emanen diote doitasuna funtzioaren portaeraren analisiari Matematika II irakasgaian. Halaber, ikasleek ezagutza horiek fenomeno modelatuaren interpretazioan aplikatu ditzaten lortu nahi da.

Matematikaren laguntzaz lortzen diren gaitasunak eta buru konexioak irakasgai horren eremutik haratago doaz. Matematikak prestakuntza ematen du benetako problemak ebazteko -esparrua eta ebazpenerako estrategia bilatzean datza mota horretako problemen zailtasuna-, ikertzeko ohiturak sortzen ditu eta egoera berriei aurre egiteko teknika erabilgarriak eskaintzen ditu. Lehenagoko mailetan jada lantzen hasiak diren trebetasun horiek areagotu egin behar dira orain, tresna berriak agertzen direnean, problemen aukera aberastuz eta erabili beharreko kontzeptuetan sakonduz.

Tresna teknologikoak, bereziki kalkulagailuak eta aljebra konputazional edo geometria dinamikoko sistemak bezalako aplikazio informatikoak, lagungarriak izan daitezke, bai kontzeptuak hobeki ulertu eta problema konplexuak ebazteko, bai kalkulu astunak prozesatzeko, eskuzko kalkulu sinpleak egiteko arintasuna eta zehaztasuna lantzeari utzi gabe, alor horretan ikasleek maiz egiten baitituzte erroreak, emaitza faltsuak edo okerreko ondorioak ateratzera eraman ditzaketenak.

Problemen ebazpena zeharkako gaia da. Beraz, gainerako edukiekin loturik eta haietan integraturik ikasiko da. Garatzen diren estrategiak hezkuntza matematikoaren funtsezko atal dira, eta lortutako ezagutzak eta trebetasunak egiazko inguruneetan aplikatzeko behar diren gaitasunak aktibatzen dituzte. Problemak ebatziz ikasleek errealitateari buruzko ikusmolde zabal eta zientifikoa garatuko dute, sormena eta besteren ideien balorazioa sustatuko dira, eta nork bere ideiak argudio egokien bidez adierazteko trebetasuna eta egindako akatsak aitortzeko gaitasuna garatuko dira.

Definizio formalek, demostrazioek (absurdora eramatea, kontradibideak) eta kateamendu logikoek (inplikazioa, baliokidetasuna) balioa ematen diete intuizioei, eta sendotasuna teknika aplikatuei. Alabaina, ikasleak lehenbiziko aldiz egin behar dio aurre hizkuntza formalari. Horregatik, ikaskuntzak orekatua eta mailakatua izan behar du. Sinbolismoak ez ditu desitxuratu behar oinarrizko ideien funtsa, haiek lortzeko beharrezkoa den ikerketa prozesua edo haiei eusten dieten arrazoibideen zorroztasuna. Ideia horiek modu formalean ez bada ere eraginkortasunez adierazteko gaitasuna baloratu behar da. Garrantzitsuena da ikasleek zenbait adibidetan hizkuntza horren beharra ikustea, definizio eta demostrazio matematikoei unibertsaltasuna emateko eta hizkuntza naturaletik bereizteko.

Azkenik, garrantzitsua da matematika zientzia bizia dela erakustea, eta ez erregela finko eta aldaezinen multzoa. Ikasten diren edukien atzean bide kontzeptual luzea dago, izugarrizko neurriak dituen eraikuntza intelektuala, historian zehar aldatzen joan dena, gaur egun darabiltzagun formulazioetara iritsi arte.

Helburuak

Batxilergoan Matematikako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Matematikako kontzeptu eta prozedurak ulertzea eta askotariko egoerei aplikatzea, matematika bera eta beste zientzia batzuk ikasteko eta eguneroko jardueretatik eta hainbat jakintza arlotatik ateratako problemak ebazteko bidean aurrera egiteko.

2. Argudio arrazoituak eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenaren oinarri diren demostrazio zorrotzak kontuan hartzea, eta jarrera malgu, ireki eta kritikoa agertzea beste iritzi eta arrazoibide batzuen artean.

3. Ikerketa zientifikoari dagozkion estrategiak eta matematikari dagozkion trebetasunak erabiltzea (problemak planteatzea, planifikazioa eta saiakuntza, esperimentuak egitea, indukzioa eta dedukzioa aplikatzea, aieruak formulatzea eta onartu edo baztertzea, lortutako emaitzak egiaztatzea) ikerketak egiteko eta, oro har, egoera eta fenomeno berriak aztertzeko.

4. Matematikaren garapena prozesu aldakor eta dinamiko gisa balioestea. Prozesu horrek barne lotura ugari ditu, eta arrunt loturik dago beste jakintza arlo batzuen garapenarekin.

5. Egungo teknologiek eskaintzen dituzten baliabideak erabiltzea informazioa lortu eta lantzeko, fenomeno dinamikoak errazago ulertzeko, kalkuluak lasterrago egiteko eta problemak ebazteko tresna gisa.

6. Diskurtso arrazionala erabiltzea problemak behar bezala planteatzeko, prozedurak justifikatzeko, argudioak elkarrekin koherentziaz lotzeko, eraginkortasun eta zuzentasunez komunikatzeko, logikaren kontrako okerrak detektatzeko eta zorroztasun zientifikorik gabeko baieztapenak ezbaian jartzeko.

7. Lan zientifikoari eta ikerkuntza matematikoari lotutako jarrerak erakutsi behar dituzte, hala nola, ikuspegi kritikoa, egiaztatu eta zorrotzak izan beharra, elkarlanerako eta arrazonamendu mota desberdinetarako interesa, iritzi intuitiboak zalantzan jartzea eta ideia berriei irekita egotea.

8. Gauzak ahoz eta idatziz adieraztea matematikoki tratatuak izan daitezkeen egoeretan, hitz, notazio eta adierazpen matematikoak ulertuz eta erabiliz.

MATEMATIKA I

Edukiak

1. Aritmetika eta aljebra.

-Zenbaki errealak. Balio absolutua. Desberdintzak. Distantziak zuzen errealean. Tarteak eta inguruneak.

-Ekuazio eta inekuazioen ebazpena eta adierazpen grafikoa.

-Aljebrako tresnak problemak ebazteko erabiltzea.

2. Geometria.

-Angelu baten neurria radianetan. Angelu baten arrazoi trigonometrikoak. Formula eta eraldaketa trigonometrikoak erabiltzea triangeluen ebazpenean eta askotariko problema geometrikoetan.

-Bektore libreak planoan. Eragiketak. Biderkadura eskalarra. Bektore baten modulua.

-Zuzenaren ekuazioak. Zuzenen posizio erlatiboak. Distantziak eta angeluak. Problemak ebaztea.

-Planoko leku geometrikoaren ideia. Konikak.

3. Analisia.

-Aldagai errealeko funtzio errealak: funtzio polinomikoen, funtzio arrazional sinpleen, balio absolutuaren funtzioen, zati osoaren funtzioen, funtzio trigonometriko, esponentzial eta logaritmikoen sailkapena eta oinarrizko ezaugarriak.

-Erro konplexuak funtzio kuadratikoetan: ezaugarriak, adierazpena eta irudikapena.

-Funtzio baten eremua, ibiltartea eta muturrak.

-Funtzioen arteko eragiketak eta konposizioa.

-Funtzio baten limitea, joera eta jarraitutasuna: atarikoak.

-Deribatu kontzeptuaren atarian. Tarte baten mutur erlatiboak.

-Egiazko egoerak deskribatzen dituzten funtzioak, modu analitikoan edo grafikoan adieraziak, interpretatu eta analizatzea.

4. Estatistika eta probabilitatea.

-Bi dimentsioko banaketak. Bi aldagai estatistikoren arteko erlazioak. Erregresio lineala.

-Probabilitate konposatua, baldintzatua, totala eta a posteriori probabilitatea aztertzea.

-Banaketa binomiala eta totala, gertaerei probabilitateak esleitzeko tresna gisa.

Ebaluazio irizpideak

1. Zenbaki errealak eta haien arteko eragiketak zuzen erabiltzea informazioa aurkeztu eta trukatzeko; eragiketek zenbaki errealei eta haien adierazpen grafiko eta aljebraikoei nola eragiten dieten ikustea, errealitate sozialetik eta naturatik ateratako problemak ebaztea ekuazioak eta inekuazioak erabiliz, eta lortutako emaitzak interpretatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek zenbaki errealak erabiltzeko behar diren trebetasunak hartu dituzten, egoera bakoitzerako idazkera, hurbilketa eta errore-borne egokiak hautatzeko gaitasuna barne. Halaber, ebaluatu nahi da zenbateraino ulertzen dituzten zenbakien propietateak, eragiketen efektua, balio absolutua eta horren aplikazio posiblea. Baloratu behar da, gainera, zenbateko gaitasuna duten egoera bat aljebraikoki itzultzeko, haren ebazpenera iristeko eta lortutako emaitzen interpretazioa egiteko.

2. Egiazko egoera baten eskema geometrikoa egitea eta triangeluak ebazteko teknika desberdinak erabiltzea ondorioak adierazteko, beren egiazko testuinguruan baloratuz eta interpretatuz; planoko zenbait leku geometrikori dagozkien formak identifikatzea, haien propietate metrikoak aztertzea eta horietatik abiatuta haiek eraikitzea.

Ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten aurkezten zaien egoera geometrikoki adierazteko, aurkitutako soluzioak interpretatzea ahalbidetzen duten definizio eta transformazio geometrikoak zuzen hautatuz eta aplikatuz; bereziki, zenbateko gaitasuna duten adierazpen sinboliko edo grafiko lagungarriak eskema geometrikoari eransteko, kalkuluaren aurreko urrats gisa. Halaber, egiaztatu nahi da ea geometria analitikoko tekniken erabileran behar adina trebatu diren, teknika horiek koniken ekuazio laburtuen eta beste leku geometriko sinple batzuen azterketan erabili ahal izateko.

3. Geometriako egoerak bi dimentsioko hizkuntza bektorial batera transkribatzea, bektoreen arteko eragiketak erabiltzea haietatik ateratako problemak ebazteko, eta soluzioen interpretazioa ematea.

Irizpide honen xedea da hizkuntza bektoriala eta kasuan kasuko teknika egokiak erabiltzeko gaitasuna ebaluatzea, askotariko fenomenoak interpretatzeko tresnak diren aldetik. Bereziki, planoko objektu geometrikoekin hurrenez hurreneko eraldaketak egiteko gaitasuna baloratu nahi da.

4. Enuntziatu, taula edo grafikoen bidez emandako ohiko funtzioak identifikatzea, eta haien ezaugarriak fenomeno naturalen eta teknologikoen azterketari aplikatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek funtzioen azterketatik ateratako informazioa interpretatzeko eta mundu natural, geometriko eta teknologikoko egoerei aplikatzeko. Bereziki, egiaztatu nahi da ea gai diren analisiaren emaitzak fenomeno estatiko edo dinamikoaren testuingurura ekartzeko eta haren portaera lokal edo globalari buruzko ondorioak ateratzeko.

5. Analitikoki eta grafikoki adierazitako funtzioen ezaugarri nagusiak bilatu eta interpretatzeko kontzeptu, propietate eta prozedura egokiak erabiltzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek analisiaren terminologia eta kontzeptu oinarrizkoak egokiro erabiltzen ahal dituzten funtzioen ezaugarri orokorrak aztertzeko eta funtzio jakin baten grafikoaren eraikuntzan aplikatzeko. Bereziki, ea gai ote diren erregulartasunak, joerak eta aldakuntza tasa lokal eta globalak identifikatzeko funtzioaren portaeran, familiaren ezaugarriak eta funtzioaren berezitasunak bereizteko eta adierazpen aljebraikoan konstante bat aldatzean gertatzen diren aldaketa grafikoak kalkulatzeko.

6. Erroak zenbaki konplexu dituzten funtzio kuadratikoak ezagutzea. Zenbaki konplexuak adieraztea, bai eta konplexu aurkakoen eta konjokatuen ezaugarriak ere.

Eremu errealetik haragoko egoera sinpleak interpretatzeko eta halako egoerak aljebraren ahalmenaren bidez integratzeko gaitasuna ebaluatu nahi da. Gainera, zenbaki eremua handitu eta egituratu behar dute zenbaki konplexuen erabileraren bidez, horiek adierazi eta irudikatzeko, aurkakotasuna eta konjugazioa bezalako erlazio funtsezkoak nabarmenduz, eta plano bektorialarekiko analogiak ezarri behar dituzte.

7. Ausazko fenomeno bakun eta konposatuei probabilitateak esleitzea eta oinarrizko teknika estatistikoak erabiltzea probabilitate banaketa binomial edo normala duten egoeren aurrean erabakiak hartzeko.

Irizpide honen bidez neurtu nahi da zenbateko gaitasuna duten gertaera baten probabilitatea zehazteko teknika desberdinak erabiliz, egoera bat aztertzeko eta aukera egokiena zein den erabakitzeko. Gainera, egiaztatu nahi da ea gai diren korrelazioarekin eta erregresioarekin zerikusia duten parametroak kalkulatzeko eta neurtzen diren egoera eta erlazioekin lotzeko.

8. Ikerketak egitea, zeinetan informazioak antolatu eta kodetu eta estrategiak hautatu, alderatu eta baloratu behar diren, egoera berriei eraginkortasunez ekiteko, kasuan kasuko tresna matematiko egokiak aukeratuz.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek zenbateko heldutasuna duten egoera berriei aurre egiteko. Egoera aztertu ondoren, eredua egin behar dute, eta egokiro hausnartu eta arrazoitu, hartutako trebetasun matematikoak erabiliz. Halako egoerek ez dute zertan zuzenean loturik egon eduki zehatzei; hain zuzen ere, tresna eta estrategia desberdinak uztartzeko gaitasuna ebaluatu nahi da, zein testuingurutan hartu diren kontuan hartu gabe.

MATEMATIKA II

Edukiak

1. Aljebra lineala.

-Matrizeak aztertzea, taula eta grafoetan egituratutako datuak erabiltzeko tresna gisa.

-Eragiketak matrizeekin. Eragiketak eta haien propietateak egiazko egoeretatik ateratako problemak ebazteko aplikatzea.

-Determinanteak. Determinanteen oinarrizko propietateak. Matrize baten heina.

-Ekuazio linealetako sistemen eztabaida eta ebazpena.

2. Geometria.

-Bektoreak hiru dimentsioko espazioan. Biderkadura eskalarra, bektoriala eta mistoa. Esanahi geometrikoa.

-Espazioko zuzenaren eta planoaren ekuazioak. Posizio erlatiboei buruzko problemen ebazpena. Angeluen, distantzien, azaleren eta bolumenen kalkuluarekin zerikusia duten problema metrikoak ebaztea.

3. Analisia.

-Funtzio baten limitearen kontzeptua. Limiteen kalkulua.

-Funtzio baten jarraitutasuna. Eten motak. Propietateak. Bolzano-ren teorema eta bitarteko balioen teorema.

-Funtzio baten deribatua puntu batean: interpretazio geometrikoa eta fisikoa.

-Funtzio baten deribagarritasuna. Oinarrizko propietateak. Deribatuen kalkulua. Funtzioen baturaren, biderkaduraren eta zatiduraren deribatua eta funtzio konposatuaren deribatua. Rolle-ren teorema. Batez besteko balioaren teorema. L'Hopital-en teorema.

-Deribatua aplikatzea funtzio baten propietate lokalen azterketarako eta adierazpen grafikorako. Optimizazio problemak.

-Integral definituaren kontzeptua aztertzea, kurba baten azpian mugatutako azaleren kalkulutik abiatuta. Jatorrizkoak kalkulatzeko oinarrizko teknikak. Eskualde lauen azaleren kalkuluari aplikatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. Matrize-hizkuntzaz eta matrize eta determinanteekiko eragiketez baliatzea datu eta erlazioak adierazteko eta, oro har, askotariko egoerak ebazteko.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da ea ikasleak matrize-hizkuntza erabiltzen trebatu diren, datuen antolaketarekin zerikusia duten problemak adierazi eta ebazteko tresna aljebraiko gisa; bereziki, ea bereizten eta aplikatzen ahal dituzten, testuinguruari dagokion moduan, elementuz elementuko eragiketak, errenkada eta zutabeekiko eragiketak, azpimatrizeekiko eragiketak eta matrizea berezko identitatedun objektu aljebraikoa duten eragiketak.

2. Geometriako egoerak hiru dimentsioko hizkuntza bektorial batera transkribatzea, bektoreen arteko eragiketak erabiltzea haietatik ateratako problemak ebazteko eta soluzioen interpretazioa ematea.

Irizpide honen xedea da hizkuntza bektoriala eta kasuan kasuko teknika egokiak erabiltzeko gaitasuna ebaluatzea, askotariko fenomenoak interpretatzeko tresnak diren aldetik. Bereziki, hiru dimentsioko espazioko objektu geometrikoekin hurrenez hurreneko eraldaketak egiteko gaitasuna baloratu nahi da.

3. Problema errealak lengoaia grafiko edo aljebraikoan ematea, kasu bakoitzean egokiak diren kontzeptu, propietate eta teknika matematikoak erabiltzea problema horiek ebazteko, eta lortutako soluzioei buruzko interpretazioa ematea, testuinguruari lotuta.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren problema bat hizkuntza aljebraiko edo grafikoan adierazteko, prozedura egokien bidez hura ebazteko eta lortutako soluzioa modu kritikoan interpretatzeko. Aljebran, geometrian eta analisian eskuratutako tresnak hautatu, erabili eta egokiro konbinatzeko gaitasuna ebaluatu behar da.

4. Aljebraikoki modu esplizituan adierazitako funtzioen ezaugarri nagusiak bilatu eta interpretatzeko kontzeptu, propietate eta prozedura egokiak erabiltzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek analisiaren oinarrizko kontzeptuak erabiltzeko gaitasuna duten, terminologia egokia ikasi duten eta kontzeptuok zuzen aplikatzen dituzten funtzio jakin bat aztertzeko.

5. Limite eta deribatuen kontzeptuak eta kalkulua fenomeno natural eta teknologikoen azterketari eta optimizazio problemen ebazpenari aplikatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek funtzioen azterketatik ateratako informazioa interpretatzeko eta mundu natural, geometriko eta teknologikoko egoerei aplikatzeko. Zehazki, egiaztatu nahi da ea gai diren haien portaera lokalari edo globalari buruzko ondorio zehatz eta doiak ateratzeko, analisiaren emaitzak fenomeno estatiko edo dinamikoaren testuingurura ekartzeko eta ezarritako irizpideren bat optimizatuko duten balioak bilatzeko.

6. Integralen kalkulua aplikatzea, erraz irudikatzen ahal diren kurba sinpleek eta zuzenek mugatutako eskualde lauen azalerak neurtzeko.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek eskualde lau baten azalera neurtzeko kalkulu integralaren bidez, berehalako eta zatikako integrazio teknikak eta aldagai aldaketa sinpleak erabiliz.

7. Ikerketak egitea, zeinetan informazioak antolatu eta kodetu eta estrategiak hautatu, alderatu eta baloratu behar diren, egoera berriei eraginkortasunez ekiteko, kasuan kasuko tresna matematiko egokiak aukeratuz.

Ebaluatu nahi da zenbateko heldutasuna duten ikasleek egoera berriei aurre egiteko. Egoera aztertu ondoren, eredua egin behar dute, eta egokiro hausnartu eta arrazoitu, hartutako trebetasun matematikoak erabiliz. Halako egoerek ez dute zertan zuzenean loturik egon eduki zehatzei; hain zuzen ere, tresna eta estrategia desberdinak uztartzeko gaitasuna ebaluatu nahi da, zein testuingurutan hartu diren kontuan hartu gabe.

KIMIKA

Irakasgai hau egiteko Fisika eta Kimikako ezagutzak behar dira.

Kimikak materia eta haren egitura, propietateak eta eraldaketak aztertzen ditu maila atomikoan, molekularrean eta makromolekularrean. Kimika Zientziek azken mendeetan izan duten garapen handiak izugarrizko eragina izan du gizakien bizitzan eta ingurumenean, eta aldaketa soziala eta ideien garapena ekarri ditu. XXI. mendeko gizartean prestakuntza zientifikoa garrantzitsua da prestakuntza kultural eta humanistikoari begira. Izan ere, kontzeptuak eta legeak ikasteaz gain, pentsamendu zientifikoaren estrategiak eskuratzen dira eta gogoeta egiten da jakintza horrek garai bakoitzeko pertsonen eta gizarteen premia, balio eta arauekin duen lotura estuari buruz. Irakasgai hau ongi ikasiz gero, ikasleek gogoeta kritikoa egiten ahalko dute kimikak eguneroko bizitzan duen garrantziaz eta zientzia horren garapenak gizartean eta ingurumenean sortzen dituen ondorioez.

Heziketaz gainera, ikasleei prestakuntza ere ematen die, Kimika oinarrizko zientzia baita jakintza arlo askotan, besteak beste biologian, geologian, biokimikan, ingurumen zientzietan, medikuntzan, ingeniaritzan eta astronomian. Irakasgai honetako kontzeptu eta erlazioak, trebetasunak eta oinarrizko teknikak ikasiz gero errazagoa izanen da modalitate bereko beste kontzeptu batzuk ulertzea eta trebetasunak lortzea, dela Batxilergoan, dela lanbide heziketan, unibertsitatean edo lanean.

Kimikako curriculumean handitu eta sakondu egiten dira Batxilergoko lehen kurtsoan ikasitako edukiak. Eduki komun batzuk hartzen dira abiapuntutzat, ikasleak jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategietara hurbil daitezen. Zeharkakoak izateagatik, eduki horiek kontuan hartu beharko dira gainerakoak garatzean. Multzo bakoitzaren barnean, gertaerak eta oinarri teorikoak, beren ingurune historikoan kokatuta, Kimikak bereak dituen prozedurekin lotu behar dira gure inguruko munduan gertatzen diren fenomenoak azaltzeko eta haien aplikazio teknologikoak eta ingurumen eraginak aztertzeko.

Lehenbiziko multzoaren bidez, irakasgaia ikasteko behar diren oinarrizko edukiak finkatu behar dira. Bigarren eta hirugarren multzoetan sakonago aztertzen dira aurreko kurtsoan ikasitako eredu atomikoak. Mekanika kuantikoak eskaintzen dituen soluzioak baliatzen dira atomoen egitura eta loturak ulertzeko. Laugarren eta bosgarren multzoetan erreakzio kimikoen alderdi energetiko eta zinetikoak eta oreka kimikoari buruzko sarrera sartu dira; azken hori prezipitazio prozesuei aplikatzen zaie bereziki. Seigarren eta zazpigarren multzoetan, berriz, eguneroko bizitzan garrantzi handia duten bi erreakzio mota ikasten dira: azido-base eta oxidazio-erredukzio erreakzioak. Bizi prozesuetan betetzen duten eginkizuna eta industrian eta ekonomian dituzten erabilerak aztertzen dira. Azken multzoak kimika organikoko edukiak ditu. Bertan funtzio organiko oxigenatuetako batzuk eta polimeroak aztertzen dira: haien ezaugarriak, nola sortzen diren eta zein garrantzi handia duten gaur egun, beren aplikazio ugariengatik.

Irakasgai honen garapenak jarduera zientifikoa eta teknologikoa nolakoa den hurbilagotik eta hobeki ezagutzen eta jarduera horretarako behar diren gaitasunak lortzen lagundu behar du. Hurbilketa horretan, laborategiko praktikek eginkizun garrantzitsua betetzen dute jarduera zientifikoaren atal gisa, kontuan izanik aurkezten diren problemak, horien interesa, saiakuntza bidezko erantzunak, diseinu esperimentalak, horiekin saiatzeko arreta, emaitzen azterketa kritikoa, etab. Funtsezko alderdi horiek ematen diote zentzua esperimentazioari.

Curriculum honek ikasleei ahalegin, zorroztasun eta diziplina handiagoak eskatuko dizkie ikaskuntzan, gogoeta sustatuko du, ikasitako gauzak ingurune teknologiko eta sozialarekin lotzean, eta horrek ikasleei heldutasun pertsonala, soziala eta morala lortzen lagunduko die, ekintza arduratsu eta autonomoetan oinarriturik.

Helburuak

Batxilergoan Kimikako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Kimikako kontzeptu eta teoria nagusiak ulertzea eta horiek ezagutza multzo koherenteak osatzen dituztela eta gizadiaren arazo lokalei eta globalei lotuta daudela jakitea.

2. Kimikako oinarrizko ezagutzak modu autonomoan erabiltzea problemak ebazteko, lan praktikoak egiteko, esperimentuak egiteko eta egoera eta fenomeno ezezagunak arakatzeko.

3. Jarrera zientifikoak agertzea, adibidez, informazio osoa bilatzea, ageriko gauzak ezbaian jartzea, gertaerak egiaztatu beharra, ideia berriei ateak irekitzea, gogoeta kritikoa.

4. Esperimentu kimikoak diseinatzen eta egiten ikastea, materialak, substantziak eta oinarrizko tresnak trebetasunez erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak betetzea.

5. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak maiz erabiltzea simulazioak egiteko, datuak lantzeko, iturri desberdinetako informazioa bildu eta erabiltzeko, haren edukia ebaluatzeko, lanak oinarritzeko eta erabakiak hartzeko.

6. Terminologia zientifikoa ezagutzea zientziaren esparruko gaiak adierazteko eta, halaber, eguneroko hizkuntzako adierazpen zientifikoak azaldu ahal izateko, eguneroko esperientzia eta zientzia lotuz.

7. Kimikako lege eta teoriak saiakuntza bidezkoak eta ebolutiboak direla ulertu eta baloratzea eta haiek garatzeko aukerak aintzat hartzea.

8. Kimikak gaur egun teknologiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin dituen harreman konplexuak ulertzea, eta aintzat hartzea Kimikako ezagutzak egungo bizi baldintzak ingurumena hondatu gabe hobetzeko erabili behar direla.

9. Kimikaren alderdi kulturala aintzat hartzea, pertsonen prestakuntza osorako, eta Kimika ikasteko jarrera positiboak garatzea, zientzia honetako jarduerak egiten direnean interesa eta autokonfiantza izateko.

Edukiak

Eduki multzo guztietan kontuan hartu behar dira jarduera zientifikoaren oinarrizko estrategiak:

-problemak aurkeztea eta haien interesa eztabaidatzea, hipotesiak formulatzea, ebazpenerako estrategiak eta diseinu esperimentalak prestatzea, emaitzak aztertu, interpretatu eta adieraztea.

-informazio zientifikoa bilatu eta hautatzea, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta bestelako iturriak erabiliz.

-informazio zientifikoa interpretatzea, eta Kimikarekin zerikusia duten arazoei buruz nork bere iritzia izateko, zehaztasunez azaltzeko eta erabakiak hartzeko erabiltzea informazio hori.

-Kimikak teknologiarekin, gizartearekin eta ingurumenarekin dituen harremanak ezagutzea eta egindako azterketak izan ditzakeen aplikazioak nahiz ondorioak kontuan hartzea.

-laborategiko oinarrizko tresnak, materialak eta substantziak ongi erabiltzea eta laborategiko segurtasun arauak errespetatzea.

1. Oinarrizko edukiak.

-Formulazio ez-organikoa.

-Avogrado-ren hipotesia. Mol kontzeptua. Masa molekularra. Masa atomikoa. Isotopoak.

-Disoluzioak. Kontzentrazioa adierazteko moduak: %, M, N, m, X.

-Gas egoera. Gasen teoria zinetikoa. Gas perfektuen lege orokorra. Presio partziala. Dalton-en legea.

-Erreakzio kimikoen estekiometria.

2. Egitura atomikoa eta elementuen sailkapen periodikoa.

-Bohr-en eredu atomikoa eta horren mugak.

-Mekanika kuantikoari buruzko sarrera. De Broglie-ren hipotesia. Heisenberg-en printzipioa.

-Orbital kontzeptua eta orbital atomikoak.

-Zenbaki kuantikoak. Konfigurazio elektronikoak: Pauli-ren printzipioa eta Hund-en erregela.

-Elementuen sailkapen periodikoa. Haien propietateen aldaketa periodikoa.

3. Lotura kimikoa eta substantzien propietateak.

-Lotura kontzeptua, atomo lotuen egonkortasun energetikoari dagokionez.

-Lotura ionikoa. Sare-energia. Born-Haber-en zikloa. Substantzia ionikoen propietateak.

-Lotura kobalentea. Balentzia-loturaren teoria. Orbital atomikoen hibridazioa. Loturaren polaritatea eta molekularen polaritatea. Molekula arteko indarrak. Substantzia kobalenteen propietateak.

-Lotura metalikoaren azterketa kualitatiboa. Metalen propietateak.

-Interes biologikoa edo industriala duten zenbait substantziaren propietateak beren egituraren edo loturen arabera.

4. Energiaren eraldaketak erreakzio kimikoetan. Erreakzio kimikoen espontaneotasuna.

-Energia erreakzio kimikoetan. Prozesu endotermikoak eta exotermikoak. Entalpia kontzeptua. Formazio-entalpia. Erreakzio-entalpia. Lotura-entalpia

-Hess-en legea. Erreakzio-beroaren determinazioa

-Entropia kontzeptua. Energia askea eta erreakzio kimikoen espontaneotasuna.

-Erreakzio kimikoen aplikazio energetikoak.

5. Oreka kimikoa.

-Erreakzio kimikoen alderdi dinamikoa: talka-teoria. Talka eraginkorra. Aktibazio energia.

-Erreakzio abiadura eta hartan eragina duten faktoreak.

-Katalizatzaileak eta haien funtzionamendua.

-Oreka kimikoaren kontzeptu dinamikoa. Oreka-konstantea adierazteko moduak: kc eta kp. Horien arteko erlazioak.

-Orekaren aldaketa: Le Chatelier-en printzipioa.

-Oreka homogeneoak. Kalkulua fase gaseosoko oreka homogeneoetan.

-Oreka heterogeneoak. Prezipitazio erreakzioak: disolbagarritasuna eta disolbagarritasun biderkadura.

-Oreka kimikoaren aplikazioak eguneroko bizitzan eta industria prozesuetan.

6. Azidoak eta baseak.

-Arrhenius-en eta Brönsted-Lowry-ren definizioak, horien mugak eta aplikazioak. Azido-base bikote konjokatuen kontzeptua.

-Azido eta base indartsuak eta ahulak. Ionizazio gradua eta ionizazio konstantea. Uraren oreka ionikoa.

-pH kontzeptua. Azido eta baseen ur-disoluzioen pH-a kalkulatzea eta neurtzea. Neutralizazio erreakzioa.

-Gatzen ur-disoluzioen tratamendu kuantitatiboa, azido-base orekaren kasu berezi gisa.

-Azido-base adierazleak. Azido-base neutralizazioaren bolumetriak. Aplikazioak eta tratamendu esperimentala.

-Industrian eta eguneroko bizitzan garrantzia duten zenbait azido eta base. Euri azidoaren arazoa eta horren ondorioak.

7. Elektroi-transferentziazko erreakzioak.

-Oxidazio eta erredukzio kontzeptuak. Oxidatzaile eta erreduzitzaile kontzeptuak. Oxidazio zenbakia.

-Erredox erreakzioak doitzea. Erredox erreakzioen estekiometria. Erredox balorazioak. Tratamendu esperimentala.

-Erredukzio potentzial estandarraren kontzeptua. Oxidatzaile eta erreduzitzaileen eskala. Erredox erreakzioen espontaneotasuna.

-Oxidazio-erredukzio erreakzioen aplikazioak eta ondorioak: pila eta bateria elektrikoak.

-Elektrolisia. Faraday-ren legeak. Gizartean eta ekonomian duten garrantzia. Metalen korrosioa eta horren prebentzioa. Hondakinak eta birziklapena.

8. Zenbait funtzio organikoren azterketa.

-Funtzio organiko nagusien nomenklatura eta formulazioa berrikustea.

-Erreakzio organikoen mota batzuk aztertzea: ordezpena eta adizioa.

-Alkoholak, aldehidoak eta azido organikoak: lorpena, propietateak eta garrantzia.

-Esterrak: ester interesgarri batzuen lorpena eta azterketa.

-Polimeroak eta adizio eta kondentsazio bidezko polimerizazio erreakzioak. Substantzia organikoak gaurko gizartearen garapenean nola erabiltzen diren baloratzea. Ingurumen arazoak.

Ebaluazio irizpideak

1. Metodologia zientifikoaren oinarrizko estrategiak Kimika ikasteko lanei aplikatzea.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek, edukiak ikasten dituztenean, metodo zientifikoaren bereizgarri diren estrategiak erabiltzen ote dituzten, hala nola behaketa, egoera arazotsuen planteamendua, hipotesien formulazioa, esperientzien diseinua eta horien emaitzen azterketa eta jakinarazpena.

2. Ikerketak egitea, zeinetan informazioak antolatu eta kodetu eta estrategiak hautatu, alderatu eta baloratu behar diren, problemen ebazpenari eraginkortasunez ekiteko.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek tresna eta estrategia desberdinak konbinatzen dituzten, edozein delarik haiek eskuratu diren testuingurua, egoera berriei eta problemei aurre egiteko, eta behaketa, moldaketa, hausnarketa eta argumentazio egokiak egiten dituzten, ikasitako kontzeptu fisiko kimikoak eta lortutako trebetasun matematikoak baliatuz, unitate eta magnitude egokiak zuzen erabiliz eta lortutako emaitzak aztertuz.

3. Txukuntasun, garbitasun, zehaztasun eta segurtasunez aritzea laborategian proposaturiko esperientzietan.

Egiaztatu nahi da ea beren saiakuntza lanetan aparatuak, tresnak, substantziak eta energia iturriak erabiltzeko ezarritako arauak ezagutu eta betetzen dituzten, jarrera positiboa ote duten ikerketa lanari buruz, eta behar bezala erabiltzen dituzten laborategiko materialak eta oinarrizko tresnak, hala bakarka nola taldean.

4. Atomoaren eredu mekaniko-kuantikoa aplikatzea haren propietate batzuen aldaketa periodikoak azaltzeko.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten Bohr-en eredua ez zela nahikoa eta beste esparru kontzeptual baten beharrak atomoaren eredu kuantikoa sorrarazi zuela, ea eredu horren bidez egitura elektronikoak deskribatzen ahal dituzten eta egitura horietatik abiatuta elementuen antolamendua justifikatzen duten, eta ea interpretatzen dituzten talde bereko elementuen arteko antzekotasunak eta zenbait propietateren (erradio atomiko eta ionikoak, elektronegatibotasuna, ionizazio energiak, oxidatzailea edo erreduzitzailea izatea, etab.) aldaketa periodikoa. Mekanika kuantikoak kimikaren garapenean izan duen garrantzia ezagutzen ote duten baloratuko da.

5. Lotura eredua erabiltzea molekula, kristal eta egitura mikroskopikoen eraketa ulertzeko eta mota desberdinetako substantzien propietateetako batzuk ondorioztatzeko.

Ebaluatuko da ea badakiten ondorioztatzen molekula sinpleen formula, forma geometrikoa eta izan dezaketen polaritatea, Lewis-en egiturak eta atomoen balentzia-geruzako elektroi pareen aldarapena aplikatuz. Egiaztatuko da ea molekula arteko loturak erabiltzen dituzten substantzia molekular batek urtze eta irakite tenperatura altuak ala baxuak dituen eta uretan disolbatzen den ala ez iragartzeko. Substantzia ionikoen, kobalenteen eta metalen eraketari eta propietateei buruzko ezagutza ere baloratu behar da.

6. Sistema baten entalpiaren esanahia azaltzea, erreakzio kimiko bateko entalpia aldaketa kalkulatzea, haren ondorioak baloratzea, eta modu kualitatiboan iragartzea prozesu kimiko bat gertatzeko edo ez gertatzeko posibilitatea, baldintza jakinetan.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleek ongi bereizten dituzten prozesu exotermikoa eta endotermikoa entalpia-diagramak erabiliz, erreakzio-beroak kalkulatzen dituzten, erreakzio bateko entalpia aldaketa kalkulatzeko gai diren, Hess-en legea aplikatzen duten, formazio-entalpiak erabiltzen dituzten, eta badakiten iragartzen erreakzio bat espontaneoa izanen dela entropiaren eta energia askearen kontzeptuetatik abiatuta. Halaber, prozesu kimikoen alderdi energetikoek osasunean, ekonomian eta ingurumenean duten eragina ezagutzen eta baloratzen duten ebaluatuko da.

7. Oreka kimikoaren kontzeptua aplikatzea sistema baten bilakaera iragartzeko; oreka homogeneoei buruzko problemak ebaztea, gasen erreakzioetan batez ere, eta oreka heterogeneoei buruzkoak, arreta berezia jarriz disoluzio-prezipitazio oreketan.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek makroskopikoki ezagutzen duten noiz dagoen sistema bat orekan, ea mikroskopikoki interpretatzen duten oreka egoera, eta oreka homogeneo nahiz heterogeneoei buruzko ariketak eta problemak ebazten dituzten. Halaber, ea kualitatiboki ondorioztatzen duten orekan dagoen sistema bat nola aldatuko den interakzioan hasten denean, eta orekaren desplazamenduari eragiten ahal dioten faktoreak eguneroko bizitzan eta industria prozesuetan aplikatzeko moduren bat ezagutzen duten (adibidez, amoniakoa lortzeko aplikazioa).

8. Brönsted-en teoria aplikatzea azido zein base gisa jardun dezaketen substantziak ezagutzeko, haien disoluzioen pH-a kalkulatzen jakitea, azido-base erreakzioak azaltzea, baita haietakoren baten garrantzia eta aplikazio praktikoak ere.

Irizpide honen bidez jakin nahi da ea ikasleek badakiten azido, basiko edo neutro gisa sailkatzen substantziak edo horien disoluzioak, Brönsted-en teoria aplikatuz; ea ezagutzen duten oreka-konstanteen balioen esanahia eta nola erabil daitezkeen gatzen ur-disoluzioak azidoak ala basikoak izanen diren iragartzeko, eta pH-aren balioak kalkulatzen dituzten azido eta base indartsuen eta ahulen disoluzioetan. Halaber, baloratuko da ea ezagutzen dituzten azido edo base baten kontzentrazioa jakiteko erabiltzen diren teknika bolumetrikoen funtzionamendua eta aplikazioa, pH-ak eguneroko bizitzan duen garrantzia eta euri azidoaren ondorioak, baita hori saihesteko hartu beharreko neurriak ere.

9. Oxidazio-erredukzio erreakzioak doitzea eta estekiometriako problemei aplikatzea. Erredox bikote baten erredukzio potentzial estandarraren esanahia ezagutzea, modu kualitatiboan iragartzea bi erredox bikoteren artean gerta daitekeen prozesua eta horren aplikazioren bat ezagutzea, hala nola korrosioaren prebentzioa, pilen fabrikazioa edo elektrolisia.

Jakin nahi da ea, oxidazio zenbakiaren kontzeptutik abiatuta, honelako erreakzioak ezagutzen diren, doitzen diren eta estekiometriako problemen ebazpenean aplikatzen diren. Horrez gain, ea iragartzen den, erredox bikote baten erredukzio potentzial estandarren taulen bitartez, nola eboluzionatzen ahal duten prozesuok, eta ea ezagutzen eta baloratzen diren metalen korrosioaren prebentzioak ikuspuntu ekonomikotik duen garrantzia eta pilen erabilerak sortzen dituen arazoetarako konponbideak. Halaber, zelula elektrokimiko eta elektrolitikoen funtzionamendua zenbateraino ezagutzen den baloratu behar da.

10. Alkoholen, aldehidoen eta esterren ezaugarri nagusiak deskribatzea eta konposatu organiko sinpleen formula garatuak zuzen idatzi eta esatea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten funtzio organiko bakarreko konposatu organiko oxigenatu eta nitrogenatuak formulatzen eta izendatzen eta, gainera, alkoholak, aldehidoak, azido organikoak eta esterrak lortzeko metodoren bat ezagutzen duten. Gainera, baloratu behar da ea ezagutzen dituzten substantzia horien propietate fisiko eta kimikoak, haien garrantzi industrial eta biologikoa, haien aplikazio ugariak eta haien erabilerak ekar ditzakeen ondorioak.

11. Polimeroen egitura orokorra deskribatzea eta haien interes ekonomikoa, biologikoa eta industriala baloratzea, baita industria kimiko organikoaren eginkizuna eta ondorioak ere.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek ezagutzen duten polimero naturalen eta artifizialen egitura, ea ulertzen duten substantzia makromolekular horiek sortzen dituen polimerizazio prozesua eta ea baloratzen duten polimeroen interes ekonomiko, biologiko eta industriala, baita haien fabrikazioak eta erabilerak eragin ditzaketen arazoak ere. Gainera, baloratuko da ea ezagutzen dituzten kimikak gure gizarteetan betetzen duen eginkizuna, kimikaren garapenaren erantzukizuna eta kimikak iraunkortasunerantz aurrera egiteko konponbideei egin behar dien ekarpena.

TEKNOLOGIA INDUSTRIALA I ETA II

Teknologia industriala II egiteko Teknologia industriala I-eko ezagutzak behar dira.

Azken mendean zehar teknologiak geroz eta garrantzi handiagoa hartu du pertsonen bizitzan eta gizartearen funtzionamenduan. Hona zer den teknologia: gizakiak, arazoak konpondu eta gizabanakoen edo taldeen beharrak asetzea xede duela, objektu, sistema edo inguruneak eratu edo sortzeko egiten dituen jardueren eta erabiltzen dituen ezagutza zientifiko eta teknikoen multzoa. Herritarren hezkuntzan gaur egun arreta berezia jarri behar zaio ezagutza teknologikoak ikasteari, ezagutza horiek beharrezkoak direlako objektu eta prozesu teknologikoen erabileraren gaineko erabakiak hartzeko, horiekin zerikusia duten arazoak konpontzeko eta, azken batean, material, prozesu eta objektu teknologikoen bitartez ingurunearen gain jarduteko eta bizi kalitatea hobetzeko ahalmena areagotzeko.

Jarduera teknologikoak jakintza arlo desberdinak bateratzen ditu. Horixe du ezaugarri nagusietako bat. Jarduera horretan hainbat elementu desberdin elkartzen dira. Batzuk ezagutza zientifikotik eta horren aplikazio teknikotik datoz, baina badira elementu ekonomikoak, estetikoak eta abarrekoak ere. Hori guztia modu integratuan, eta berea duen jakintza-erreferentzia batekin. Erreferentzia horren oinarria ingurunean esku hartzeko modu ordenatu eta metodikoa da.

Batxilergoko modalitateko irakasgaien esparruan, Teknologia industriala I eta II-ren bidez, batetik ikasketak sustatu behar dira eta, bestetik, gaitasunak garatu, bai objektu teknikoak eta haien funtzionamenduaren printzipioak ulertzeko, bai erabili eta manipulatzeko. Horretarako, prozesu teknologiko osoa erakusten da: produktu tekniko baten azterketa eta bideragarritasuna, produktu merkea eta kalitatekoa lortzeko erabiltzen ahal diren material desberdinen aukeraketa eta erabilera, etab. Honelako ezagutzak lortu behar dira: zein baliabide eta makina behar diren, zein diren makinen funtzionamenduaren printzipio fisikoak, eta zein den energia motarik egokiena ahalik eta gutxien kontsumitzeko, ingurumena babesteko eta energia aurrezpen handiena lortzeko. Prozesu teknologiko hori integraturik gelditzen da kontrol automatikoko hainbat gailuren ezagutzaren bidez; horiek, ordenagailuaren laguntzaz, produkzio prozesua errazten dute.

Irakasgaia bi mailatan ematen da, eta eduki multzoen garapenean bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Eduki hauek elkarri lotuta daude, eta beste irakasgai batzuei ere bai, egiazko objektu eta sistema teknikoen behaketan, horietan bat egiten baitute ikasitako eduki eta printzipio fisiko guztiek.

Irakasgai honen edukiak, multzo desberdinetan jasorik egon arren, ezin dira bereiz ulertu. Aurkezten den antolaketak etapan zehar lortu nahi diren ezagutzen multzoa ulertzen lagunduko duen egitura izan nahi du.

Lehen mailan, Teknologiaren prozesua eta produktuak multzoan modu orokorrean ekiten zaie produktu bat kalitate, ekonomia eta merkataritza irizpideen arabera diseinatzea errazten duten baldintzei. Fabrikazio prozedurak multzoan, prozedura bakoitzerako makina eta erreminta egokiak erakusten dira, bai eta elementu desberdinak lortzeko prozesua ere.

Lehen mailako Makina eta sistemen elementuak izeneko eduki multzoaren ardatz nagusi dira makina batek egin ditzakeen mugimendu desberdinak, bai eta haiek osatzen dituzten elementuen arteko lotura ere. Bigarrenean makinen funtzionamendua garatzen da, printzipio elektriko edo termodinamikoen bidez.

Baliabide energetikoak izeneko multzoan, berriz, lehen mailako energia iturri nagusien lorpenerako, eraldaketarako eta garraiorako ezagutzak garatzen dira. Bereziki azpimarratzen dira energia kon- tsumoa eta energiaren zentzuzko erabilera sistema teknikoen produkzio prozesuan.

Materialak izeneko multzoa bi mailatan dago antolaturik. Lehenbizikoan materialen propietate nagusiak, haien lorpena, konformazioa, aplikazioak eta haiek ekoitzi, erabili eta baztertzeak sortzen dituen ingurumen arazoak aztertzen dira. Bigarren mailan, materialen barne egituratik sortzen diren propietateei buruzko edukiak garatzen dira. Propietate horiek saiakuntza tekniko espezifikoen bidez zehazten dira.

Bigarren mailan ezarritako edukiak (Sistema automatikoak, Zirkuitu pneumatiko eta oleohidraulikoak, Sistema automatikoen kontrola eta hedapena) garrantzitsuak dira, horien bidez integratzen direlako Batxilergoan zehar ikasitako gainerako edukiak. Gaur egun, produkzio sistemak tresna informatikoen bidez kontrolatzen dira. Tresna horiek aginduak bidaltzen dizkiete makina elektriko edo termikoei, hartara, sistema hidraulikoek garatutako potentziaren bidez, objektu bat ekoitzi ahal izan dadin material egokiekin, saiakuntzen bidez egiaztatzen ahal ditugun kalitate neurri batzuei loturik, merke eta ingurumena eta energia baliabideak errespetatuz.

Helburuak

Batxilergoan Teknologia industrialeko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Beharrezkoak diren ezagutzak lortzea eta horiek eta beste arlo batzuetan lortutakoak makinak eta sistema teknologikoak ulertu eta aztertzeko erabiltzea.

2. Energiak prozesu teknologikoetan duen eginkizuna ulertzea, haren eraldaketen eta aplikazioen bilakaera ere bai, eta energia aurrezteko jarrerak hartu eta eraginkortasun energetikoa baloratzea.

3. Prozesu teknologiko zehatzak nola antolatu eta garatzen diren ulertu eta azaltzea, eta kasu bakoitzean izaten diren teknikak eta faktore ekonomiko eta sozialak identifikatu eta deskribatzea. Ikerketak eta garapenak produktu eta sistema berrien sorkuntzarako duten garrantzia baloratzea.

4. Jarduera teknologikoko aparatuak eta produktuak modu sistematikoan aztertzea, horien funtzionamendua, erabilera eta kontrol modua azaltzeko eta kalitatea eta egokitasuna ebaluatzeko.

5. Ikasitako ezagutzak erabiliz, jarduera teknologikoak eguneroko bizitzan eta bizitzaren kalitatean duen eragina modu kritikoan baloratzea, ideiak eta iritziak adierazi eta arrazoituz.

6. Prozesu edo produktu teknologiko jakin batzuei buruz dituzten ideiak zehatz adieraztea, hizkuntza teknologikoko hitz, sinbolo eta adierazpide egokiak erabiliz.

7. Makinak, sistemak eta prozesu teknikoak ikuskatu eta manipulatzen direnean eta horietan esku hartzen denean, modu autonomoan, konfiantzaz eta segurtasunez jardutea eta jarduteko protokolo egokiak erabiltzea, funtzionamendua ulertzeko.

8. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

TEKNOLOGIA INDUSTRIALA I

Edukiak

1. Teknologiaren prozesua eta produktuak.

-Produktuak diseinatu eta hobetzeko prozesu ziklikoa.

-Normalizazioa, kalitatearen kontrola. Kalitate sistema eta etengabeko hobekuntza.

-Produktuen banaketa. Merkatua eta merkatuaren oinarrizko legeak. Produktu bat diseinatu eta merkaturatzeko proiektu baten planifikazioa eta garapena.

2. Materialak.

-Egoera naturala, materialak lortu eta eraldatzea. Propietate nagusiak. Aplikazio nagusiak.

-Material berriak.

-Materialak lortu, eraldatu eta baztertzeak ingurumenean duen eragina.

-Barne-egitura eta propietateak. Propietateak aldatzeko teknikak.

-Nanomaterialak. Nanoteknologia.

3. Makina eta sistemen elementuak.

-Mugimenduen transmisioa eta eraldaketa.

-Elementu mekanikoen euskarria eta lotura. Mekanismo ohikoenak muntatu eta horiekin saiakuntzak egitea.

-Zirkuitu generiko baten elementuak: sorgailua, eroaleak, erregulazio eta kontrolerako gailuak, kontsumo eta erabileraren hargailuak.

-Zirkuituak eskemetan irudikatzea. Sinbologia. Plano eta eskemen interpretazioa.

-Zirkuitu elektriko ohikoenak muntatu eta horiekin saiakuntzak egitea.

4. Fabrikazio prozedurak.

-Fabrikazio tekniken sailkapena. Prozedura bakoitzerako egokiak diren makina eta tresnak.

-Tresnak erabili eta mantentzeko irizpideak. Mantentze motak: iragarpenezkoa, prebentziozkoa, zuzentzekoa. Laneko segurtasun eta higienerako irizpide orokorrak.

-Teknologia berriak fabrikazio prozesuei aplikatuta.

-Fabrikazio prozedurek ingurumenean duten eragina.

5. Energia baliabideak.

-Energiaren iturri garrantzitsuenak lortu, eraldatu eta garraiatzea.

-Energia eraldatzeko instalazioak muntatu eta horiekin saiakuntzak egitea.

-Energia kontsumoa. Energia aurrezteko teknikak eta irizpideak.

-Erregai berriak, energia iturri berriak.

6. Sistema digitalak kontrolatu eta programatzea. Konbinaziozko zirkuitu logikoak.

-Boole-ren aljebra eta sistema bitarra, logika digitalaren oinarri gisa.

-Konbinaziozko zirkuitu logikoak. Ate eta funtzio logikoak.

-Zirkuitu logikoak sinplifikatzeko prozedurak.

-Gailu baten funtzionamenduaren kontrolean aplikatzea.

Ebaluazio irizpideak

1. Bizitzaren kalitatean eguneroko produktu edo zerbitzu teknologiko bat egin eta erabiltzeak dituen ondorioak ebaluatzea, eta hobetzeko izaten ahal diren alternatibak ematea, bai teknologikoak bai beste mota batekoak.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da zenbateko gaitasuna duten ikasleek jarduera teknologikoaren alde onak eta txarrak bereizteko eta hertsiki teknologikoak ez diren beste konponbide batzuk asmatzeko, ordezko material, funtzionamendu-printzipio eta baliabideak erabiliz, edo erabilera, kokapena nahiz kontsumo ohiturak aldatuz.

2. Material ohikoenen erabilera teknologikoa deskribatzea, haien propietate eta aplikazio nagusiak identifikatzea eta helburu jakin baterako egokiak ote diren aztertzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek materialen propietateen inguruko kontzeptuak aplikatzen dituzten, egiazko aplikazio baterako egokiena hautatzeko. Gainera, baloratu behar dituzte materialen propietateak eta bestelako alderdi ekonomikoak, ingurumenekoak eta estrategikoak, erabilera teknologiko jakin baterako hautapen egokia baldintzatzen dutenak.

3. Erabilera handiko produktu teknologiko bat osatzen duten elementu funtzionalak, egiturak, mekanismoak eta zirkuituak identifikatzea.

Irizpide honen bidez, objektu teknologiko bat osatzen duten elementuen egiturari eta funtzioari buruzko ideiak erabiltzeko trebetasuna ebaluatzen da. Ideia horiek erabiliz, elementuok nola dauden elkarrekin loturik eta bakoitzak multzoaren funtzionamenduan zer eginkizun betetzen duen aztertu behar dute.

4. Produkzio prozesu batean erabiltzen diren tresna eta teknologiak deskribatzeko hitz egokiak erabiltzea.

Irizpide honen bidez ebaluatzen da zenbateraino bereganatu dituzten ikasleek teknikoki egokiak diren termino espezifikoak eta adierazpideak, prozesu industrialak behar bezala bereizteko edo makinen elementuak eta horietako bakoitzaren egitekoa modu egokian deskribatzeko.

5. Produktu batek izan dezakeen fabrikazio prozesua deskribatzea, eta horren produkzioaren, erabileraren eta baztertzearen arrazoi ekonomikoak eta ingurumeneko ondorioak baloratzea.

Produktu eta sistema teknologikoak aztertzean, begiratuko da zenbateko gaitasuna duten ikasleek sistema horien lorpenean erabili bide den fabrikazio prozesua ondorioztatu eta arrazoitzeko, eta, halaber, prozesu horretako lan baldintzarik onenak iradokitzeko eta produkzioaren, erabileraren eta bizitza baliagarria amaitu ondoko xede posibleen faktoreak, ez hertsiki teknikoak, baloratzeko.

6. Informazio egokitik abiatuta, lokal edo etxebizitza baten ohiko funtzionamenduaren kostu energetikoa kalkulatzea, eta energia aurrezteko izaten ahal diren alternatibak iradokitzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea gaitasunik baduten eguneroko energia kontsumoaren kostu ekonomikoa kalkulatzeko, energia zerbitzuen fakturak, instalazioen ezaugarri teknikoetan oinarritutako kalkuluak eta merkataritzako informazioa baliatuz. Gaitasun horrek kostuak murriztu eta energia aurrezteko bideak bilatzera eraman behar ditu.

7. Zirkuitu elektriko bat muntatzea, aplikazio arrunt baten plano edo eskematik abiatuta.

Egiaztatu nahi da ikasleek instalazio baten planoa interpretatzen duten, bertako ikurren esanahia ezagutzen duten, osagai egokiak aukeratu eta planoko jarraibideen arabera konektatzen dituzten, xede jakin baterako erabiliko den zirkuitu bat egiteko.

8. Konbinaziozko kontrol digitaleko sistema bat ezartzea ohiko aplikazio batean.

Konbinaziozko zirkuitu logikoak erabiliz, baloratu nahi da zenbateko gaitasuna duten aplikazio baten kontrolerako eskema bat egiteko, egiazko taulak egiteko, ekuazio logiko egokiak errazteko prozedurak erabiltzeko, hura gauzatzeko konbinaziozko zirkuitu egokiekin, eta ongi dabilela egiaztatzeko.

9. Objektu teknikoei eta haien fabrikazioari buruzko iritzi propioak eman eta arrazoitzea, beste batzuen ideiak baloratzea eta, egoki denean, bereganatzea.

Baloratu nahi da ea beren arrazoibideak emanez problema tekniko bat ebazten parte hartzen duten, beren ekimenez ideiak azaltzen eta defendatzen dituzten eta beren ikuspegiari buruzko kritikak tolerantziaz hartzen dituzten.

TEKNOLOGIA INDUSTRIALA II

Edukiak

1. Materialak.

-Oxidazioa eta korrosioa. Azaleko tratamenduak.

-Saiakuntza eta neurketa prozedurak. Saiakuntza suntsitzaileak eta ez-suntsitzaileak.

-Birziklatzeko prozedurak.

-Materialak maneiatzean arreta eta segurtasuneko arauak betetzea.

2. Makinen printzipioak.

-Motor termikoak: motor alternatiboak eta birakariak, aplikazioak.

-Motor elektrikoak: motak eta aplikazioak.

-Hotz zirkuitua eta bero ponpa: motak, elementuak eta aplikazioak.

-Energia erabilgarria. Makina baten potentzia. Ardatzeko pare eragilea. Makinetan energia galtzea. Errendimendua.

3. Sistema automatikoak.

-Kontrol sistema bat osatzen duten elementuak: transduktoreak, kaptadoreak eta eragingailuak.

-Sistema automatiko baten egitura. Begizta irekiko eta begizta itxiko sistemak. Seinaleen berrelikadura. Konparadoreak. Oinarrizko kontrol ekintzak.

-Kontrol zirkuitu sinpleekin esperimentuak egitea simulatzaileetan.

4. Zirkuitu pneumatiko eta oleohidraulikoak.

-Jariakinak ekoitzi, bideratu eta arazteko teknikak.

-Eragite, erregulazio eta kontrol elementuak.

-Aplikazioko zirkuitu ohikoenak.

5. Sistema automatikoak kontrolatu eta programatzea. Sistema sekuentzialak eta programagarriak.

-Konbinaziozko zirkuitu logikoak. Ate eta funtzio logikoak. Zirkuitu logikoak sinplifikatzeko prozedurak.

-Gailu baten funtzionamenduaren kontrolean aplikatzea.

-Zirkuitu logiko sekuentzialak.

-Kontrol programatuko zirkuituak. Programazio zurruna eta malgua.

-Mikroprozesadoretik automata programagarrira: kontrol industrialeko sistema oso baten bloke-diagrama.

Ebaluazio irizpideak

1. Aplikazio praktiko jakin baterako materialak hautatzea, haien propietate intrintsekoak eta haien barne egiturarekin zerikusia duten faktore teknikoak kontuan hartuta. Ohiko materialen ordez material berriak erabiltzeko aukerak aztertzea.

Egiaztatu behar da ea ikasleek badakiten erabiltzen saiakuntza teknikei eta propietateen neurketari dagozkien kontzeptuak, material egokia hautatzeko egiazko aplikazio batean, eta hautaturiko materiala erabiltzeak dakartzan ondorioak modu kritikoan baloratzen dituzten.

2. Makina edo instalazio baten baldintza nominalak zehaztea haren erabileraren ezaugarrietatik abiatuta.

Irizpide honen bidez jakin daiteke zenbateko gaitasuna duten ikasleek produktu tekniko edo instalazio baten funtzionamenduaren parametro nagusiak identifikatzeko, erregimen arruntean, haren funtzionamendua alderatuz egoera desberdinetan.

3. Motor termiko eta elektrikoen zatiak identifikatzea eta haien funtzionamenduaren printzipioa deskribatzea.

Begiratu nahi da ea ikasleek termodinamikako eta eletrotekniako kontzeptu nagusiak aplikatzen ote dituzten motor termiko eta elektrikoen erabilera definitzen duten parametroak zehazteko, osagai bakoitzak makinaren funtzionamendu orokorrean betetzen duen eginkizuna aztertuz.

4. Erabilera arrunteko makina edo sistema automatiko baten osaera aztertzea, eta aginte, kontrol eta potentziaren elementuak identifikatzea. Bakoitzaren eginkizuna azaltzea.

Begiratu nahi da ea ikasleek identifikatzen dituzten erabilera arrunteko automatismo baten funtzionamenduan parte hartzen duten elementuak eta, kasua bada, haren programazioa, bai eta multzoaren funtzionamendu orokorra eta modulu bakoitzak betetzen duen eginkizuna ere.

5. Baliabide grafiko eta tekniko egokiak aplikatzea makina, zirkuitu edo sistema teknologiko jakin baten osaera eta funtzionamendua deskribatzeko.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea zein neurritan erabiltzen dituzten hiztegi egokia, zirkuituen sinbologiari eta irudikapen normalizatuari buruz ikasitakoak, ideien antolaketa eskematikoa eta sistema bateko elementuen eta efektu-sekuentzien arteko erlazioak.

6. Zirkuitu elektriko edo pneumatiko bat muntatzea, aplikazio bereizgarri baten plano edo eskemetatik abiatuta.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek instalazio baten planoa interpretatzen duten, bertako ikurren esanahia ezagutzen duten, osagai egokiak aukeratu eta planoko jarraibideen arabera konektatzen dituzten, armazoi baten gainean edo simulatzaile batean, xede jakin baterako erabiliko den zirkuitu bat egiteko.

7. Aplikazio bereizgarri baten plano edo eskematik abiatuta, sistema automatiko baten kontrol zirkuitua muntatu eta egiaztatzea.

Ebaluatuko da ea zenbateko gaitasuna duten kontrol zirkuitu elektromekaniko, elektroniko, pneumatiko eta hidraulikoetako konexioen eskemak interpretatzeko, osagaiak egokiro hautatu eta konektatzeko eta ongi dabiltzala egiaztatzeko.

8. Kontrol sistema elektroniko sekuentzial edo programagarri bat ezartzea aplikazio teknologiko jakin batean.

Ebaluatuko da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek kasu praktiko jakin batetik abiaturik sistema sekuentzial edo programagarri bat aztertu eta simulatzeko, haren funtzionamendu ona egiaztatzeko eta haren diseinuaren egokitasuna ebaluatzeko.

GIZA ETA GIZARTE ZIENTZIEN MODALITATEA

EKONOMIA

Giza talde bakoitzak bere kideen ongizate materialaren bila erabiltzen dituen prozedurak dira Ekonomiaren aztergaiak. Ekonomiak hiru ardatz nagusi ditu: produkzioa, hau da, ondasun naturalak eraldatzea gizakien beharrak asetzeko; hazkundea, hots, denboran zehar ondasunen kopurua handitu eta kalitatea hobetzeko prozesua; eta banaketa, hots, produkzioaren emaitzak produkzio prozesuan lagundu dutenei banatu edo esleitzea.

Irakasgai honek eskaintzen duen berariazko prestakuntzaren bidez, ikasleei tresna batzuk eman nahi zaizkie gaurko mundua errazago uler dezaten eta gizartean erabakiak erantzukizunez hartu ahal ditzaten.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan prestakuntza ekonomikoa Gizarte Zientzien arloan sarturik badago ere, hartan sakontzeko eta eduki berriak ikasteko, beharrezkoa da hurbilketa espezializatua, ezagupen zehatzagoak eskainiko dituena, ikuspegi orokorra eta jakintza arlo anitzekoa baztertu gabe. Ezagupen horiek beren sorrerako gizarte ingurunetik azaltzen dira eta, aldi berean, hura interpretatzen laguntzen dute.

Horregatik, jakintza arlo hau Batxilergoko curriculumean Gizarte Zientzien modalitateko Batxilergoko irakasgai izateak ikasleei aukera emanen die gaurko gizarteari buruzko ikuspegi zabalago eta zehatzagoa hartzeko, eta beren herritartasuna jarrera gogoetatsu eta kontzientearekin erabiltzen lagunduko die, hainbat arazo ulertaraziko baitizkie, hala nola inflazioa, langabezia, baliabide naturalen agortzea, azpigarapena, pobrezia, kontsumismoa, errentaren banaketa, globalizazioaren ondorioak, etab. Horrela hobeki jabetuko dira kontsumitzaile, aurreztaile, zergadun eta ondasun eta zerbitzu publikoen erabiltzaile diren aldetik ekonomian gaur egun betetzen duten lekuaz eta etorkizunean errenta-sortzaile eta hautesle gisa beteko duten eginkizunaz.

Ekonomia errealitatea aztertu eta interpretatzeko tresna ugarietako bat dela kontuan izanik, azalpen ahalmen handiko edukiak aukeratu dira, honelako zailtasunei erantzuna ematen dietenak: informazio ekonomikoa eta datu estatistikoak ulertzea, eta teoria mikro eta makroekonomiko desberdinek gizabanako eta familien eguneroko errealitate sozioekonomikoarekin duten lotura.

Irakasgaiaren gehiegizko formalizazio maila eta ikasleen interes eta esperientzia hurbiletatik oso urrun dauden eduki kontzeptualen gainkarga saihestu nahian, benetako bizitzan ikasitakoa aplikagarri bihurtuko duten ikerketa eta behaketa prozedurak iradokitzen dira.

Ekonomiak balio eta jarreren eraketan eginkizun nagusia betetzen duela onarturik, garrantzi berezia eman zaie pertsona, talde eta herrien arteko elkartasunarekin zerikusia duten jarrerazko edukiei; lehiarik gabeko harremanen balorazioari; desberdintasun ekonomikoen aurreko jarrera kritikoari; inguru naturalaren kontserbazioak bizi-kalitaterako duen garrantziari; alferrikako kontsumoaren gaitzespenari, eta abarri.

Helburuak

Batxilergoan Ekonomiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Jarduera ekonomikoaren zikloa identifikatzea. Sistema ekonomikoak bereiztea eta horietako bakoitzaren alde on eta txarrei buruzko iritzi pertsonala sortzea.

2. Gaur egungo arazo ekonomiko nagusiak ezagutzeko jakin-mina izatea eta horiek ikuspegi kritiko eta solidarioaren bitartez interpretatzea, bereziki desberdintasun ekonomikoak, baliabide naturalen gehiegizko ustiapena eta jarduera ekonomikoaren globalizazioaren ondorioak.

3. Gertaera ekonomiko garrantzitsuen eta inguru sozial, politiko, kultural eta naturalaren arteko loturak aztertzea. Gogoeta hori eguneroko egoeretara eramatea.

4. Merkatuaren funtzionamendua azaltzea, bai eta horren mugak ere, eta iritzi kritikoa sortzea sistemari buruz eta sektore publikoaren erregulazio lanari buruz.

5. Espainiako eta Europako ekonomiaren egoeraren eta etorkizunaren ezaugarriak ezagutu eta ulertzea, nazioarteko ingurune ekonomikoan kokaturik.

6. Gaur egungo arazo ekonomikoei buruzko iritzi pertsonalak lantzea. Iritzi horiek ahoz eta idatziz azaltzea, zehatz eta zorrotz argudiatzea, eta desadostasuna eta ikuspuntu desberdinak onartzea norberaren aberastasunerako bide diren aldetik.

7. Gaur egungo arazo ekonomikoei buruz komunikabideetan eta Interneten ematen diren mezu, datu eta informazioak interpretatzea, eta proposatzen diren politika ekonomikoko neurri zuzentzaileak aztertzea.

8. Hazkunde ekonomikoak ingurumenean eta pertsonen bizi-kalitatean duen eragina aztertzea eta modu kritikoan baloratzea.

9. Inguruko arazo ekonomikoei modu autonomo eta arrazoituan ekitea; horretarako, gizarte zientzien ikerketa prozedurak erabiltzea, bai eta askotariko informazio iturriak ere, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne.

10. Magnitude makroekonomiko nagusien erabilera eta esanahia ulertzea, herrialdeen egoera ekonomikoaren adierazleak diren aldetik.

11. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

Edukiak

1. Jarduera ekonomikoa eta sistema ekonomikoak.

-Ekonomia eta eskasia.

-Harreman sozialen eduki ekonomikoa aztertzea.

-Erabaki baten aukera-kostua ezagutzea.

-Trukeak eta bilakaera historikoa.

-Sistema ekonomikoak. Balorazioa eta konparazioa. Ekonomia eta lurraldea.

-Ekonomia solidarioa.

2. Produkzioa eta interdependentzia ekonomikoa.

-Produkzio prozesua eta produkzio faktoreak.

-Lanaren banaketa teknikoa, produktibitatea eta interdependentzia.

-Enpresa eta haren eginkizunak.

-Produkzio kostua eta mozkina kalkulatzea eta aztertzea.

-Eremu geografiko batean nagusi diren sektore ekonomikoak identifikatzea.

-Eduki ekonomikoko datu eta grafikoak irakurri eta interpretatzea.

-Globalizazioaren esparruan produkzio sisteman edo produkzioaren antolaketan egindako aldaketen gaineko albiste ekonomikoak aztertzea.

3. Trukea eta merkatua.

-Eskaintza, eskaria, oreka eta prezioen finkapena. Eragindako eskaria.

-Merkatu ereduen funtzionamendua.

-Egiazko merkatuak eta haien eskaintza edo eskarien aldaketen ondorioak aztertzea.

-Merkatuaren mekanismoaren mugak eta kontsumitzaileengan duten eragina baloratzea: merkatua inguru zibilizatzaile eta etikoan kokatzeko beharra.

4. Magnitude nazionalak eta ekonomia baten adierazleak.

-Aberastasun nazionalaren eta gizabanakoen aberastasunaren interpretazioa.

-Nazio produktuaren kalkulua eta harekin zerikusia duten magnitude nagusien kalkulua eta interpretazioa.

-Errentaren banaketaren balorazioa.

-Makromagnitudeen mugak, gizartearen garapenaren adierazleak diren aldetik.

-Hazkunde ekonomikoa, garapena eta iraunkortasuna.

5. Erabakiak hartzea eta Estatuak ekonomian esku hartzea.

-Sektore publikoaren eginkizuna, politika ekonomikoa eta haren tresnak.

-Aurrekontu publikoen osagaien azterketa.

-Zerga politiken eta errentaren banaketan duten eraginaren interpretazioa.

-Ongizatearen Estatua garatu izanaren ondorioen eta haren egungo egoeraren balorazioa.

-Gaurko gai ekonomikoei buruzko eztabaida. Nork bere iritzien oinarriak azalduko ditu eta besteen iritziak errespetatuko dira.

6. Ekonomiaren finantza arloak.

-Diruaren funtzionamendua eta tipologia ekonomian. Sortze prozesua.

-Inflazioaren neurketa.

-Europako Banku Zentralaren eta finantza sistemaren funtzionamendua.

-Diru eskaintzaren eta eskariaren mekanismoak eta interes tasan duten eragina aztertzea.

-Diru politikak eta horiek inflazioan, hazkundean eta ongizatean duten eragina baloratzea.

-Finantza-ekonomia eta haren ondorioak. Tobin-en tasa.

7. Ekonomiaren nazioarteko ingurunea .

-Nazioarteko merkataritzaren funtzionamendua, laguntzak eta oztopoak.

-Lankidetza eta batasun ekonomikorako mekanismoak deskribatzea, bereziki Europar Batasunarenak.

-Ordainketa balantzaren osagai nagusien interpretazioa.

-Dibisen merkatuaren funtzionamendua eta kanbio tasen gaineko eragina.

-Globalizazioaren eta nazioarteko erakunde ekonomikoek haren erregulazioan betetzen duten eginkizunaren kausak eta ondorioak. Aztertu eta baloratzea, askotariko iturrietatik hartutako informazioa erabiliz.

8. Egungo desoreka ekonomikoak.

-Ekonomiaren krisialdi ziklikoak.

-Lan merkatuaren interpretazioen balorazioa, langabeziari dagokionez.

-Ingurumena, baliabide hauskor eta urria.

-Kontsumo ereduak bereiztea eta haien ondorioak ebaluatzea. Kontsumo arduratsua.

-Pobreziaren eta azpigarapenaren kausak eta izan ditzaketen konponbideak identifikatzea. Kanpo zorra.

Ebaluazio irizpideak

1. Gizarte bateko oinarrizko arazo ekonomikoak identifikatzea, eta sistema ekonomiko batean arazo horiek konpontzeko dagoen modua arrazoitzea, eta alde onak zein txarrak zehaztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten eskasia, hautatu beharra eta horren aukera-kostua, zientzia ekonomikoaren aztergai gisa. Gainera, ikasleek jakin behar dute modu kritikoan baloratzen ekonomiaren oinarrizko alderdiak, historian zehar sistema ekonomiko desberdinak sorrarazi dituztenak.

2. Herrialdeko produkzio egituraren ezaugarri nagusiak identifikatzea.

Irizpide honen bidez begiratu nahi da ea ikasleek lanaren banaketa teknikoaren arrazoiak identifikatzen dituzten eta prozesu hori interdependentzia ekonomiko gero eta handiagoarekin eta koordinazio mekanismoen beharrarekin lotzeko gai diren.

3. Merkatuaren funtzionamendutik abiatuta, ondasun eta zerbitzuen prezioen aldaketak interpretatzea aldagai desberdinen arabera. Egiazko merkatuen funtzionamendua aztertzea eta ereduekin dituzten aldeei erreparatzea, bai eta kontsumitzaile, enpresa edo estatuei ekartzen dizkieten ondorioei ere.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek badakiten merkatuen funtzionamenduaren ondorioak aztertzen eta baloratzen, ez merkatu eredu nagusietan bakarrik, baita beren hurbileko merkatuetan ere, eta ea merkatu horietan parte hartzen duten eragileen gaineko eragin onak edo txarrak baloratzen dituzten.

4. Magnitude makroekonomiko nagusiak bereiztea eta horien artean dauden harremanak aztertzea, bizi-kalitatearen adierazle diren aldetik dituzten eragozpenak eta mugak baloratuz. Zifra eta adierazle ekonomiko oinarrizkoak interpretatzea eta tresna informatikoekin lantzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten makromagnitude nagusiak, haien arteko loturak, haien interpretazioa eta erabilgarritasuna. Halaber, ea modu kritikoan baloratzen dituzten gizarte baten garapen maila ezagutzeko adierazle horiek dituzten mugak, giza garapenaren indizea bezalako beste adierazle batzuen aldean.

5. Estatuak merkatu-ekonomietan dituen helburuak eta funtzioak adibide argigarriekin azaltzea, eta erabiltzen dituen tresna nagusiak identifikatzea; jarduera ekonomikoan duen eginkizunaren alde onak zein txarrak ere baloratuko dira. Harreman ekonomikoetan esku hartzen duten beste eragile batzuen eginkizunak azaltzea.

Estatuak ekonomian betetzen duen eginkizunari buruzko ezagupena ebaluatu nahi da irizpide honen bitartez. Gainera, egiaztatu nahi da ea esku-hartze maila desberdinak bereizten diren eta neurri jakin batek jarduera ekonomikoan duen eragina baloratzen den.

6. Dirua sortzeko prozesua deskribatzea, bai eta diruaren balioaren aldaketak eta horiek neurtzeko modua ere; inflazioa eta kontsumitzaileengan, enpresetan eta ekonomia osoan duen eragina ezagutzea. Finantza sistemaren funtzionamendua azaltzea eta bertako produktu eta merkatu nagusien ezaugarriak ezagutzea.

Egiaztatu nahi da ea diruak eta finantza produktuek ekonomian duten zeregina ezagutzen den eta inflazioaren arazoari buruzko ikuspegi desberdinak baloratzen diren.

7. Interpretazio desberdinak ezagutzea, eta horiei buruzko azalpena ematen duten zirkunstantzia eta arrazoiak agertzea; horretarako erabiliko dira komunikabideek edo/eta Internetek politika ekonomikoaren egungo gaiei buruz ikuspegi desberdinez ematen dituzten informazioak, eta bereizi eginen dira datuak, iritziak eta iragarpenak.

Gertaera berari buruz baina ikuspegi desberdinetatik komunikabideetan ematen diren informazioak modu kritikoan aztertzeko gaitasuna egiaztatu nahi da.

8. Hazkundeak, krisi ekonomikoek, integrazio ekonomikoak eta merkatu globalak pertsonen bizi-kalitatean, ingurumenean eta aberastasunaren tokian tokiko eta munduko banaketan duten eragina baloratzea, arreta berezia jarriz hazkunde ekonomikoaren inguruko arazoei eta herrialde garatu gabeen pobreziari, orekarik gabeko harreman ekonomikoen ondorio gisa, bai eta merkataritzako truke zuzen eta bidezkoen beharrari ere.

Ebaluatu behar da ea ikasleek ezagutzen dituzten hazkundeak aberastasunaren banaketan, ingurumenaren degradazioan eta bizi-kalitatean eragiten dituen ondorioak.

9. Birbanaketa neurriak, horien mugak eta albo ondorioak aztertzea, eta kasu jakin batean ekitatea errazten duten neurriak ebaluatzea.

Irizpide honen bitartez, desberdintasun ekonomikoak eta horiek konpontzeko neurriak aztertzeko gaitasuna baloratu behar da. Gainera, jakin nahi da ea ikasleek ezagutzen duten zuzeneko eta zeharkako zergapetzearen, gizarte politiken eta elkartasun politiken eraginkortasuna.

10. Espainiako ekonomiaren ordainketa balantzaren oinarrizko egitura edo/eta bi ekonomiaren arteko merkataritza fluxuak aztertzea, eta zehaztea nola eragiten dieten haien osagaiei merkataritza fluxuen gorabeherek eta aldagai makroekonomikoen aldaketek.

Irizpide honen bitartez egiaztatuko da ea ikasleek ezagutzen duten ordainketa balantza bateko kontusail nagusien esanahia, eta nola balantza horrek ekonomia baten eta kanpoaldearen arteko harremanak islatzen dituen. Merkataritza fluxuen azterketaren haritik, halaber, zehatzago aztertu ahal izanen dira nazioarteko merkataritza fluxuen ezaugarriak, bai eta kanbio tasaren aldaketak ekonomietan eragiten dituen ondorioak ere.

ENPRESAREN EKONOMIA

Enpresaren ekonomia irakasgaia enpresen errealitatera hurbiltzen da horren ikuspegi zabala eskainiz. Enpresaren barneko mekanismoak eta gizartearekin dituen harremanak ulertzen laguntzen du. Enpresaren mundua egunero azaltzen da komunikabideetan, milioika langileren bizitzaren osagai da eta etxe guztiei eragiten die. Bestalde, enpresa etengabe aldatzen ari den entitatea da. Aldaketa sozial, teknologiko, politiko eta abarrekoei egokitzen zaie, eta berrikuntza horiek aurrerapen sozialak ekartzen dituzte, baina eragozpenak eta zalantzak ere bai, eta horiek kasuz kasu baloratu behar dira.

Enpresen erabakien logika ulertzea ikusmolde hurbil eta arrazoituarekin, haien ondorioak baloratzea gizartearen, etikaren eta ingurumenaren aldetik, eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera sustatzea, horiexek dira irakasgai honen eginkizun orokorrak.

Ikasleak, irakasgai honen bitartez, bizitzan zehar haiekin harremanak izanen dituen inguru batean murgiltzen dira. Irakasgai honen edukiak Bigarren Hezkuntzako hainbat irakasgairen edukiekin lotuko dira (Gizarte zientziak, Herritartasunerako hezkuntza, Matematika, Teknologia) eta ikasleen eguneroko errealitatearekin ere bai, kontsumitzaileak, zergadunak eta langilegai edo enpresarigaiak diren aldetik.

Enpresaren ekonomia irakasgaia enpresaren kudeaketarekin zerikusia duten edukien multzoa da. Ezagutza arlo desberdinetatik datozen alderdi asko biltzen ditu. Denetan ekonomia da abiapuntua, baina beharrezkoak dira, halaber, zuzenbidea, matematika, soziologia, psikologia, teknologia, eta informazioaren eta komunikazioaren teoria. Beraz, Batxilergoko aukerak osatzen dituzten gainerako irakasgaiekin harreman ugari ditu, bereziki Gizarte Zientzietakoekin, eta ikasleentzat erreferentzia da beren giza prestakuntzan. Aldi berean eginkizun propedeutikoa betetzen du goi mailako ikasketei begira, hala unibertsitate ikasketei nola lanbide heziketari.

Irakasgaiaren edukiak zortzi multzotan egituraturik daude. Lehenbiziko bi multzoetan enpresari ikuspuntu globaletik begiratzen zaio, haren eginkizun sozialarekin lotuta. Hala, aberastasun sortzaile gisa gizartean nola esku hartzen duen aztertzen da, baina haren egintzen erantzukizun sozialari ere erreparatzen zaio, enpresa multinazionalen hazkundea, lehia globala eta enpresa txiki eta ertainek enplegu sortzaile moduan betetzen duten eginkizuna ahaztu gabe.

Gainerako sei multzoak enpresako arlo funtzionalei buruzkoak dira. Hala, hirugarren eta laugarren multzoetan enpresa erakunde moduan aztertzen da, funtsean. Horregatik, multzo horietako edukietako asko edozein antolakunderi aplikatzen ahal zaizkio, enpresa izan zein ez. Zuzendaritzarekin, plangintzarekin eta erabakiak hartzearekin zerikusia duten alderdiei ekiten zaie, giza faktorearen kudeaketa barne dela. Produkzioaren antolaketa eta errentagarritasuna ere hartzen dira kontuan, eta ingurunean duten eragina baloratzen da.

Bosgarren eta seigarren multzoetako edukien gaia, berriz, enpresak bere kontabilitate eta zerga betebeharren ondorioz sortzen duen informazioa kudeatzeko modua da, bai merkataritzako informazioa bai enpresa informazioa, adiera hertsian. Hor azaltzen da nola sortzen dituen enpresa batek bere buruaren irudia eta bere produktuena, eta esparru honetan enpresen jokabide batzuek sortzen dituzten ondorio sozialak. Ondoren aztertzen da nola kudeatzen duen enpresak bere jarduerei buruzko informazioa, erabakiak hartzerakoan oinarritzat hartuko dena edo hirugarrenei emanen zaiena, akziodunei, langileei, hartzekodunei eta Estatuari berari, besteak beste.

Azken bi multzoetan, proiektuak enpresan nola kudeatzen diren erakusten da. Inbertsio proiektuen balorazioa eta finantzaketa ez dira enpresa munduko kontuak bakarrik, pertsonei ere eragiten baitiete. Enpresa proiektuan, azkenik, irakasgaiaren edukiak laburbiltzen dira eta ikasleen ekimena sustatzen da, garapen pertsonal eta profesionalerako aukera bideragarria den aldetik.

Helburuak

Batxilergoan Enpresaren ekonomiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Enpresa mota garrantzitsuenen izaera, eginkizunak eta ezaugarri nagusiak identifikatzea.

2. Aintzat hartzea enpresek kontsumitzaileen beharrak asetzen dituztela eta gizartearen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzen dituztela, eta haien akatsei buruzko iritzi pertsonalak lantzea.

3. Enpresen jarduera ekonomikoa aztertzea, hurbileneko enpresena bereziki, haien antolaketa arlo bakoitzaren eginkizun berariazkoa, haien barne harremanak eta kanpokoekiko mendekotasuna abiapuntutzat harturik.

4. Ikerketak, berrikuntza teknologikoek eta globalizazio ekonomikoak enpresentzat eta gizartearentzat duten garrantzia ezagutzea, lehiakortasunari, hazkundeari eta enpresen kokapenari dagokienez.

5. Enpresa jarduerak gizartean eta ingurumenean sor ditzakeen ondorioak modu kritikoan baloratzea, bai eta baliabide naturalak agortzearekin duen zerikusia ere, eta pertsonen bizi-kalitateari nola eragiten dion azaltzea.

6. Erakundeen funtzionamendua eta haien barnean sortzen diren taldeak ezagutzea.

7. Enpresa desberdinen marketin politikak aztertzea, produktuak zein merkatutara bideratzen dituzten kontuan hartuta.

8. Enpresen urteko kontuak modu orokorrean interpretatzea, desoreka ekonomiko eta finantzarioak interpretatuz, halakorik bada, eta zuzenketa neurriak proposatzea.

9. Askotariko iturrietatik hartutako informazioa bildu, aukeratu eta interpretatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskaintzen dutena barne; informazio hori modu autonomoan lantzea, enpresa-erabakiak hartzeko aplikatzea eta besteei ahoz eta idatziz jakinaraztea, modu antolatu eta ulergarrian.

10. Enpresa proiektu errazak diseinatu eta egitea, sormenez eta ekimenez, eta haien garapena antolatu eta kudeatzeko behar diren baliabideak eta elementuak proposatzea.

11. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

Edukiak

1. Enpresa.

-Enpresa eta enpresaburua.

-Sailkapena, osagaiak, enpresaren eginkizunak eta helburuak.

-Enpresa jarduera arautzen duen esparru juridikoaren azterketa.

-Funtzionamendua eta balioaren sorrera.

-Ingurune ekonomiko eta sozialarekiko harremanak.

-Enpresaren gizarte eta ingurumen erantzukizunaren balorazioa.

2. Enpresaren garapena.

-Enpresaren kokapen eta tamaina faktoreen azterketa.

-Enpresa txiki eta ertainen garrantzia eta haien merkatu estrategiak kontuan hartzea.

-Barne eta kanpo hazkunderako estrategiak.

-Nazioartekotzea, lehia globala eta informazioaren teknologiak.

-Enpresa multinazionalaren alde on eta txarren identifikazioa.

3. Enpresaren antolaketa eta zuzendaritza.

-Lanaren banaketa teknikoa eta antolaketaren beharra egungo merkatuan.

-Zuzendaritzaren oinarrizko eginkizunak.

-Plangintza eta erabaki estrategikoak.

-Antolaketa formalaren eta informalaren egituraren diseinua eta azterketa.

-Giza baliabideen kudeaketa eta horrek motibazioan duen eragina.

-Interesen arteko gatazkak eta horiek negoziatzeko bideak.

4. Produkzio funtzioa.

-Produkzio prozesua, eraginkortasuna eta produktibitatea.

-Berrikuntza teknologikoaren garrantzia: I+G+B.

-Kostuak: sailkapena, eta enpresan kostuen kalkulua egitea.

-Enpresaren errentagarritasun atalasearen kalkulua eta interpretazioa.

-Inbentarioak eta horien kudeaketa.

-Produkzioaren kanpo-eraginen balorazioak. Produkzioaren eta ingurumenaren arteko loturak eta gizartean duten eragina: azterketa eta balorazioa.

5. Enpresaren merkataritza funtzioa.

-Merkatu kontzeptua eta motak.

-Merkatuak ikertzeko teknikak.

-Kontsumitzaileen azterketa eta merkatuen segmentazioa.

-"Marketing-mix"aren aldagaiak eta estrategien sorrera.

-Marketineko estrategiak eta enpresaren etika.

-Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak marketinean erabiltzea.

6. Informazioa enpresan.

-Enpresaren kontabilitate arloko betebeharrak.

-Ondarearen osagaiak eta haren balorazioa.

-Urteko kontuak eta irudi zehatza.

-Balantzea eta galera-irabazien kontua egitea.

-Kontabilitateko informazioa aztertu eta interpretatzea.

-Enpresen fiskalitatea.

7. Finantza funtzioa.

-Enpresaren egitura ekonomiko eta finantzarioa.

-Inbertsio kontzeptua eta motak.

-Inbertsio proiektuen balorazioa eta aukeraketa.

-Enpresaren finantza baliabideak.

-Barne eta kanpo finantzaketarako ordezko iturrien azterketak.

8. Enpresa proiektua.

-Enpresa sortzeko prozesua: ideia, eraketa eta oinarrizko bideragarritasuna.

-Enpresa plana, eta azterketa ekonomiko-finantzarioko dokumentu gisa duen erabilgarritasuna.

Ebaluazio irizpideak

1. Enpresaren elementuak, motak, funtzioak eta enpresen arteko erlazioak ezagutu eta interpretatzea, eta haietako bakoitzaren ekarpena baloratzea enpresa motaren arabera.

Ikasleek jakin behar dute enpresak zenbait osagai dituela (giza taldea, ondarea, ingurunea eta antolamendua), osagai horiek desberdinak direla enpresa batetik bestera, eta enpresek harremanak izaten dituztela beste enpresa batzuekin, administrazio publikoekin, bezeroekin, hornitzaileekin eta finantza entitateekin, besteak beste.

2. Enpresari dagokion sektoreko ezaugarri garrantzitsuenak identifikatzea eta, horiek oinarri hartuta, enpresen estrategia eta erabakiak eta horiek gizartean eta ingurumenean sortzen ahal dituzten ondorioak azaltzea.

Egiaztatu behar da ea ikasleek badakiten zer den enpresa sektore bat eta gai diren enpresa bat zein sektoretakoa den esateko eta bere helburuetarako erabiltzen ahal dituen estrategia desberdinak azaltzeko. Halaber, enpresen erabakiek gizartean eta ingurumenean sortzen dituzten ondorio onak eta txarrak bereizten jakin behar dute.

3. Merkatuaren ezaugarriak aztertzea eta, horiek oinarri hartuta, enpresak egoera eta helburu desberdinen aurrean marketinerako erabiltzen ahal dituen politikak azaltzea.

Ikasleek merkatuaren ezaugarriak azaltzen jakin behar dute, lehiakideen kopurua, saldutako produktua eta abar kontuan hartuta, eta, marketin politika desberdinak identifikaturik, horiek kasu bakoitzari egokitzeko gai izan behar dute. Halaber, marketineko estrategiak interpretatzen eta baloratzen ba ote dakiten ebaluatuko da. Balorazio horretan kontuan hartu behar dituzte alderdi etikoak, ingurumena, etab.

4. Enpresa bat nola dagoen antolatuta eta ingurunearen arabera antolamenduan egin daitezkeen aldaketak azaltzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten enpresa baten antolamendu formala eta informala interpretatzen, enpresa antolakundearen funtzionamendu eraginkorra galarazten duten akats edo arazoak atzematen eta horietarako konponbideak proposatzen.

5. Kasu erraz batean, enpresaren diru sarreren eta kostuen egitura zehaztea eta haren mozkinak eta errentagarritasun atalasea kalkulatzea.

Baloratu nahi da ea ikasleak gai diren enpresa baten diru sarrera eta kostu orokorrak bereizi eta egituratzeko, izan dituen mozkinak eta galerak zehazteko eta bizirik irauteko behar duen salmenta atalasea kalkulatzeko.

6. Finantzaketarako hauta daitezkeen iturri batzuk bereiztea kasu sinple batean, eta aukerarik egokienaren zergatiak azaltzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten enpresa baten oinarrizko finantzaketa beharrak baloratzen eta kasu jakin baterako finantza aukerarik egokienak proposatzen eta argudiatzen.

7. Inbertsio proiektu sinple batzuk baloratzea, eta abantaila gehien dituen aukera hautatu izanaren arrazoiak azaltzea.

Oinarrizko kasuetan inbertsioak aukeratzeko metodo desberdinak erabiltzeko gaitasuna egiaztatu nahi da.

8. Enpresa baten balantzeko eta irabazi eta galeren kontuko datu nabarmenenak identifikatzea, horien esanahia azaltzea, lortutako informazioan oinarrituta enpresaren egoera diagnostikatzea eta hobetzeko neurriak proposatzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten dokumentu horien elementuak eta enpresan duten esanahia. Halaber, baloratu nahi da ea gai diren, kasu erraz batean, enpresaren ondare, finantza eta ekonomia egoera aztertzeko, desorekak atzemateko eta horiek zuzenduko dituzten neurriak proposatzeko.

9. Benetako edo alegiazko enpresen egoera orokorrak aztertzea, baliabide material egokiak eta informazioaren teknologiak erabiliz.

Jakin nahi da ea ikasleak gai diren beren ezagupen teknologikoak erabiliz kasu errazak aztertu eta ebazteko. Informazioa zorroztasunez aztertu eta interpretatzea baloratuko da.

10. Enpresa proiektu sinple bat diseinatu eta planifikatzea, ekimenez eta sormenez, eta haren bideragarritasuna ebaluatzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek badakiten irakasgaiaren edukiak sormenez aplikatzen enpresa proiektu batean, horren zailtasunak, puntu ahulak eta ahalbideak baloratuz. Gainera, kontuan hartuko dira talde lanerako joera, sormena eta lana planifikatu eta antolatzeko gaitasuna, jarrera horiek ezinbestekoak baitira ekintzaileek enpresak sortzeko proiektuei heldu ahal izateko.

GEOGRAFIA

Geografiak lurreko espazioaren antolaketa aztertzen du; espazio hori aipatzen denean adierazi nahi da lurraldearen eta bertan jarduten duen gizartearen arteko erlazio multzoa. Gaur egungo Geografiarentzat espazioa errealitate erlatibo, dinamiko eta heterogeneoa da, giza taldeek eragiten dituzten prozesuen ondorio; prozesu horiek ere aurretik baden espazioak berak baldintzatzen ditu. Geografiaren funtsezko helburua da aztertu eta ulertzea espazio antolatu horren ezaugarriak, gertaeren kokapena eta banaketa, lurraldearen antolaketa horretan biltzen diren kausa, faktore, prozesu eta eraginak, eta, halaber, horien ondorioak eta etorkizuneko proiekzioak. Oinarrizko helburua espazioa atzeman eta ulertzea da.

Gizakiek antolatutako espazioa ulertzeko trebetasunak lantzen dira: analisi eskala desberdinak, kausa aniztasuna, baliabide eta egitura sozioekonomikoak eta erabakiek lurraldearen artikulazioan eta funtzionamenduan duten garrantzia ezagutzeko trebetasunak, bai eta giza ekintzaren garrantzia eta ekintza horrek ingurumenean dituen ondorioak aintzat hartzekoa ere. Eta hori guztia jarrera zehatzak hartuta, hala nola ingurunearekiko erantzukizuna eta geroz eta interdependenteagoa den lurralde-sistema bateko arazoen aurrean izan beharreko elkartasuna.

Giza eta gizarte zientzietako ezagutza handitzea aukeratzen duten ikasleen prestakuntzan berariaz sartzen da irakasgai hau. Aurreko hezkuntza etapetan ikasitakoa hartzen du abiapuntutzat, eta Espainiako espazioaren azterketan sakontzen du. Espainia eta bertako eremu geografikoa ditu erreferentzia eta aztergai: Espainiako giza komunitateak sortu eta antolatu duen espazioa eta lurralde horren ezaugarri eta arazo nagusiak. Beraz, Espainiako geografia, haren batasuna eta aniztasuna, bertako dinamika ekogeografikoak eta bertako giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen erabilera definitzen dira. Gaurko munduan, ordea, inongo espaziorik ezin da azaldu bere errealitateari soilik begiratuta. Espainiak harremanak ditu beste eremu eta herrialde batzuekin, Europar Batasuneko kidea da, nazioarteko erakunde nagusietan parte hartzen du, munduko sistemaren beste pieza bat da. Haren bizitza ekonomiko, sozial eta politikoa, neurri handian, inguruko errealitate horien guztien mendekoa da. Espainia ulertzeak, beraz, Europako eta munduko gertaera garrantzitsuak ulertzea esan nahi du; horiek, kanpokoak izanik ere, ez dira inola ere arrotzak. Espainiako lurraldearen azterketa analisi-eremu zabalago batean kokatu behar da, elkarrekiko eraginak eta harremanak ulertu ahal izateko.

Aukeratutako edukiak egokiak dira Espainiako errealitate espaziala, haren ezaugarri komunak eta aniztasuna, haren ingurune naturala, paisaien desberdintasuna azaltzen duten elementuak, giza jarduerek espazioan uzten duten aztarna edo lurraldea antolatzeko sistemak aztertzeko, Espainiaren alderdi europarrean eta munduko sisteman duen lekuan ere arreta jarriz. Bestalde, komuntzat hartu behar den hasierako multzoan, analisi geografikoak berezko dituen prozedurak eta datu eta informazioak lantzen laguntzen duten teknikak bildu dira, bai eta ikasleei elkartasuna, begirunea eta beren inguru espazial eta sozialean aktiboki parte hartzeko jarrera erakusten dizkieten balioen erreferentziak ere.

Helburuak

Batxilergoan Geografiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Espainiako espazio geografikoa honela ulertu eta azaltzea: espazio dinamiko bat, kontrasteak eta lurralde-konplexutasuna ezaugarri dituena, esparru natural eta historiko berean gertatu diren prozesu sozial, ekonomiko, teknologiko eta kulturalen arteko eraginen emaitza.

2. Lurralde antolaketaren oinarrizko elementuak identifikatu eta ulertzea, geografiarekin lotutako kontzeptu eta trebetasunak erabiliz, gertaera edo lurralde-egoera jakin bat aztertu eta interpretatzeko, esku hartzen duten askotariko faktoreak baloratuz, deskripzioan eta azalpenean terminologia egokia erabiliz.

3. Espainiako inguru naturalen ezaugarriak ezagutzea, Espainiako lurraldea bereizten duten ezaugarri geografikoak identifikatzea eta Europako inguru natural handiekin lotzea.

4. Biztanleria funtsezko baliabidea dela eta haren banaketak, dinamikak eta egiturak espazioa definitzen duten prozesuetan garrantzia dutela ulertzea.

5. Natura ustiatzeko moduak, produkzio jarduerak eta horiek lurraldean eta ingurumenean duten eragina aztertzea, ingurunearen eta giza taldeen arteko loturaz jabetzea eta giza taldeak eremu geografiko desberdinen eraketan funtsezko eragileak direla ohartzea.

6. Ingurumenaren kalitateaz arduratzea, gizakien ekintza batzuek sortzen dituzten arazoez ohartzea, lurraldea antolatzeko politikak beharrezkoak direla eta oraingo nahiz geroko belaunaldiak kontuan izanik jokatu behar dela ulertzea, eta baliabideen kudeaketa iraunkorrari eta lurraldearen antolamenduari eragiten dieten erabakiak baloratzeko gai izatea.

7. Espainiako lurraldeen eta Europar Batasunaren arteko harremanak ulertzea, eta norberaren habitatetik hurbileko espazioak nahiz urrutikoak ezagutu, estimatu eta haiekin lankidetzan aritzeko jarrerak garatzea, estereotipo eta aurreiritziak gaindituz.

8. Harreman eta loturen munduan, non ekonomiaren berdintze prozesuak eta desberdintasun sozioekonomikoa batera agertzen baitira, Espainiak duen tokia azaltzea.

9. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

10. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Lurraldea: gizarteek diharduten espazioa. Lurraldea antolatzeko sistemetan esku hartzen duten aldagai geografikoak. Azalpen-sintesiak prestatu eta komunikatzea.

-Gertaeren kokapenak eta banaketa espazialak identifikatzea eta kausak azaltzea. Ondorioak aztertzea.

-Eskola liburutegiaren erabilera. Geografiako ezagutzarako garrantzia duen informazioa bilatu, lortu eta aukeratzea: errealitatea zuzenean behatzea, iturri kartografikoak, estatistikoak, bisualak, bibliografikoak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidezkoak.

-Teknika kartografikoak: planoak, mapak eta horien osagaiak. Informazio kartografikoa eskuratu eta interpretatzea. Kalkuluak eta neurriak, adierazpen grafikoa.

-Hizkuntza zuzena eta berariazko terminologia egokia erabiltzea.

-Baliabideak erabiltzeko erantzukizuna eta gizabanakoen nahiz gizartearen portaera arauen balorazioa, ingurumenaren babesari eta hobekuntzari dagokienez.

2. Espainia Europan eta munduan.

-Espainia: kokapen geografikoa; lurraldeen kokapena, batasun eta aniztasun faktoreak. Lurralde antolamendua: prozesu historikoak eta gaurko antolamendu politiko-administratiboa.

-Espainia Europan. Lurralde egitura. Kontraste fisiko eta sozioekonomikoak. Eskualde politikak eta lurralde kohesiokoak. Espainiak Europar Batasunean duen tokia.

-Espainia munduan. Globalizazioa eta aniztasuna munduan: mundializazio prozesuak eta lurralde desberdintasunak. Munduko ardatz handiak. Munduko eremu sozioekonomiko eta geopolitikoetan Espainiak duen toki erlatiboa.

3. Natura eta ingurumena Espainian eta Nafarroan.

-Espainiako eta Nafarroako ingurune naturala: aniztasun geologikoa, morfologikoa, klimarena, landarediarena eta hidrikoa. Espainiako eta Nafarroako multzo natural handiak: elementu eta mota nagusiak. Ondorioak haien erabileretan.

-Natura eta baliabideak: ur baliabideak, lehengaiak eta energia baliabideak.

-Natura eta ingurumena: egoera, baldintzak eta arazoak. Babestu, zaindu eta hobetzeko politikak Espainian, Nafarroan eta Europar Batasunean.

-Naturaren eta gizartearen arteko eragina. Eragile politiko, sozioekonomiko, tekniko eta kulturalen zeregina eremu geografikoak taxutu eta eraldatzeko orduan.

4. Lurraldea eta jarduera ekonomikoak Espainian.

-Espainiako jarduera ekonomikoen arazo nagusiak eta haiek eragiten ari diren dinamikak identifikatzea. Haien banaketan gertatzen diren desoreken kokapena eta balorazioa.

-Landa eremuak: nekazaritzako jardueren eraldaketa eta tipologia espazialen aniztasuna. Landa inguruneko dinamika berriak. Espainiako eta Nafarroako nekazaritzaren egoera Europar Batasunaren esparruan.

-Itsasoko baliabideak, arrantza eta akuikultura.

-Industria eremuak. Industriaren berregituraketa eta gaurko joerak. Espainiako eta Nafarroako bigarren sektorea Europar Batasunaren esparruan.

-Espainiako eta Nafarroako zerbitzu eremuak: hirugarren sektorearen nagusitasuna ekonomian; heterogeneotasuna eta lurraldearen gaineko eragin desberdinak. Garraioa eta komunikazioak: lurraldearen egituran duten eragina. Turismo eremuak: faktoreak, eskualdeak eta eragina.

-Jarduera ekonomikoek ingurumenean eta gizartean duten eragina. Zentzuzko produkzioa eta kontsumoa.

5. Biztanleria, hiri sistema eta eskualdeen arteko kontrasteak Espainian.

-Espainiako eta Nafarroako biztanleria: banaketa espaziala; berezko dinamika demografikoa; migrazio mugimenduak. Hazkunde demografikoa eta desberdintasun espazialak. Egungo egitura demografikoa eta etorkizuneko aukerak. Immigrazioaren garrantzia.

-Espainiako eta Nafarroako hiri sistema: morfologia eta egitura. Historiaren aztarna eta eraldaketa berriak. Hiri sarea: hierarkia eta egitura.

-Lurraldeen arteko kontrasteak Espainian eta Nafarroan: desberdintasun espazialak, demografikoak eta sozioekonomikoak. Lurraldeen arteko kontraste eta desorekak. Eskualde politikak eta kohesiokoak.

Ebaluazio irizpideak

1. Geografiari buruzko informazioa eskuratu, hautatu eta erabiltzea, askotariko iturrietara joz (ikaslearen ingurua, kartografia, estatistikak, testu eta irudiak, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak), lurralde fenomenoak eta horien arteko loturak bilatu eta interpretatzeko, eta hiztegi berariazkoa erabiltzea gertaera eta prozesu geografikoak azaldu eta jakinarazteko. Txostenak eta ikerlanak egitea idatziz eta ahoz, eskola liburutegiko iturriak erabiliz.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek informazio geografikoaren iturriak erabiltzeko trebetasuna hartu duten; iturri horien artean garrantzi berezia emanen zaie kartografiari, informazioaren teknologiei eta zuzeneko edo irudien bidezko behaketari. Informazio horiek iruzkindu beharko dira, eta, kasua bada, grafikoak ere egin ahal izanen dira, mota egokia hautaturik. Bestalde, informazioaren beraren mugak ezagutu beharko dira (proiekzioa, eskala eta ohiko zeinuak). Ikasleak idatzizko eta ahozko adierazpenerako duen gaitasuna ere baloratu nahi da.

2. Mundu-sistemaren ezaugarriak eta Europar Batasunaren funtsezko ezaugarriak identifikatzea, horrela Espainiak eta Nafarroak eremu geoekonomiko zehatz batean duten tokia azaltzeko faktoreak eta horien ondorioak ulertu ahal izateko.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek ulertzen duten globalizazioak ondorio espazial eta sozial garrantzitsuak dituela, eragin handia duelako hainbat arlotan, adibidez munduko jarduera ekonomikoaren integrazioan. Bereziki garrantzitsua izanen da ekintza politiko eta ekonomikoaren ondorioak ere ulertzea, ez bakarrik Espainia eta Nafarroa Europar Batasuneko kide izatearen ondorioak, baita beste eremu geoekonomiko batzuekin duten lotura ere. Hartara ikasleak jabetuko dira espazio geografikoa unibertsalizatzen ari dela, arazo komunek eragiten diotela eta nazioz gaindiko erabaki guneak daudela.

3. Europako eta Espainiako ingurune naturalaren ezaugarri orokorrak deskribatzea, Espainiako multzo naturalen aniztasuna ezagutzea, haiek mapan kokatzea, haien osagaiak eta dinamika identifikatzea, haien interakzioak azaltzea eta giza ekintzak haietan duen eragina baloratzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren Europako, Espainiako eta Nafarroako ingurune natural nagusiak ezagutu, kokatu eta deskribatzeko, haien osagai eta interakzioak identifikatzeko, giza ekintzarekin loturik aztertzeko eta eragiten dieten arazoak baloratzeko. Halaber, paisaien berezitasunez eta aniztasunaz jabetzen ote diren ebaluatuko da. Horretarako, paisaia geografiko adierazgarriak aztertu ahal izanen dira.

4. Espainiako eta Nafarroako produkzio eremuak identifikatzea, haien ezaugarriak azaltzea, beren oraintsuko dinamikarekin lotzea, kokapena, lurralde banaketa eta tipologiak identifikatzea, egungo joerak azaltzea, bai eremu geografikoari dagokionez bai ekonomian duen zereginari dagokionez, eta Europako ingurunean baloratzea.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek produkzio eremu nagusiak -nekazaritzakoak, industriakoak eta zerbitzuetakoak- kokatu eta haien ezaugarriak azaltzeko, jasan dituzten aldaketen eragileak ezagutzea ahalbidetzen duen ikuspegi dinamikotik. Horretarako, dokumentazio estatistiko eta kartografiko eguneratua erabili beharko dute eta aintzat hartu beharko dituzte prozesu horren ondorio espazialak, eragin sozioekonomikoa eta, kasua bada, ingurumenaren gainekoa, bai eta jarduketa politikoen eragina ere, batez ere Europar Batasuneko kide izatearena eta nazioarteko abagunearena. Azterketa zehatzagoa egin daiteke sektore edo produkturen bati buruz.

5. Giza ekintzek ingurumenean duten eraginaren balantzea egitea, Espainiako ingurumenaren arazo nagusiak identifikatzea, eta nazioartean zein Espainian ingurumena lehengoratu eta zaintzeko planteatzen diren konpromisoak eta politikak ezagutzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek aztertzen eta baloratzen duten giza ekintzek ingurune naturalean duten eragina. Horretarako, Espainiako ingurune naturalaren kontserbazio edo hondatze maila baloratuko dute askotariko dokumentuak erabiliz, eta giza ekintzaren ondorioei antzeman beharko diete (basamortutzea, higadura, kutsadura, etab.). Ingurumena zaindu eta lehengoratzeko nazioarteko konpromisoak ere ezagutu behar dituzte, eta baliabideak zentzuz erabili eta ingurumena errespetatzeko premiaz jabetu behar dute.

6. Espainiako egungo biztanleriaren ezaugarriak eta banaketa identifikatzea, berezko dinamikaren eta migrazio dinamikaren argitan interpretatzea, lurralde egituran eta lurraldeen arteko desberdintasunetan duten eragina ezagutzea eta etorkizuneko aukerei buruzko iritzia azaltzea.

Irizpide honen bitartez ondokoak ebaluatu nahi dira: demografiako ezagupenak; tasak, iturriak, estatistikak eta adierazpen grafiko errazak (piramideak, mapak, grafikoak, etab.) erabili eta interpretatzeko trebezia; eta ugalkortasuna, jaiotza tasa, heriotza tasa edo hazkunde begetatiboa bezalako kontzeptuei buruzko ezagutza. Ikasleek Espainiako eta Nafarroako biztanleriaren hazkunde demografikoa aztertu beharko dute eta etorkizun hurbilean proiektatu. Pareko garapen sozioekonomikoa duten herrialdeetan, bereziki Europan, tasen balioek duten esanahia ulertu behar dute, zahartzearen ondorioez jabetu, eta immigrazioak gure gizartean duen garrantzia baloratu behar dute.

7. Espainiako eta Nafarroako hiritartze prozesua interpretatzea, hiri sistema taxutuz lurraldea antolatzeko modua den aldetik. Hirien morfologiaren oinarrizko alderdiak ezagutu eta identifikatzea, eta hura sorrarazten duten faktoreak aztertzea, bai eta gizarte bizitzan sortzen dituen ondorioak ere.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten erlazionatzen hiritartze prozesua eta Espainiako eta Nafarroako hiri sistemaren eraketatik eta funtzionamendutik eta haien egungo eraldaketetatik abiatuta sortu den lurralde antolamendua. Bestalde, baloratu nahi da ea identifikatzen dituzten, askotariko informazio iturrien bidez (planoak, testuak, plan orokorrak edo antzeko planeamendu agiriak, zuzeneko behaketa, etab.), hiri morfologiaren oinarrizko elementuak, kasu zehatzen analisia dela medio. Hiri plangintza, udal kudeaketa edo presio taldeen jarduna bezalako ekintzek gizarte bizitzarako eta iraunkortasunerako sortzen dituzten ondorioak ere ulertu behar dituzte.

8. Espainiako antolamendu politiko eta administratiboa, horren funtzionamendua eta eskumenak deskribatzea, lurraldearen antolamenduan duen eragina ulertzea, autonomia erkidegoen artean eta haietako batzuen barnean aberastasunaren banaketan ageri diren kontrasteak iturri eta adierazle desberdinen bidez baloratzea, eta eskualdeen garapen eta kohesiorako Espainiako eta Europako politiken adibideak ematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek Espainian errealitate geografiko plurala ikusten duten, eremu politiko-administratibo desberdinetan antolatua: autonomia erkidegoak, probintziak, udalerriak, etab. Horiek identifikatu eta kokatu behar dituzte, eta antolaketa administratibo horren ondorio espazialak ulertu. Gainera, jarduera ekonomikoen eta Espainiako lurraldeko baliabideen banaketa egiaztatu, aztertu eta ebaluatu behar dute, banaketa horren desorekak baloratu, eta Espainiako erakunde politiko-administratiboek nahiz Europar Batasunak batasunerako eta kohesiorako darabiltzaten politikak ezagutu behar dituzte.

9. Irtenaldi, landa lan edo ikerlan bat egitea inguruan, lehen eta bigarren mailako datuekin, toki edo gai jakin baten gainean; horretarako behar den informazioa biltzea, dena delako toki edo gaiari buruzko galderak planteatzea, eta txosten egituratua egitea, geografiako hiztegi egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek ikerlan bat planifikatzeko, irakasleak aholkaturik, tokian bertan edo iturri geografikoetan oinarriturik. Txango geografikoa edo landa lana eginen dute, kasua bada aurrez prestaturik. Bereziki baloratuko da geografiako kontzeptu, teknika eta trebetasunen aplikazioa, elementuak bereizi, elkarrekin lotu, aztertu, interpretatu eta azaltzea, eta ondorioak, ahoz nahiz idatziz, terminologia egokiarekin aurkeztea.

GREKOA I ETA II

Grekoa II egiteko Grekoa I-eko ezagutzak behar dira.

Grekoa izeneko irakasgaiak, Batxilergoan, mendebaldeko zibilizazioaren funtsezko alderdiak ulertzeko behar diren hizkuntza eta kultura oinarriak ematen ditu, Greziatik eta Erromatik sortu zen tradizio luzearen emaitza gisa.

Grekoaren morfologia, sintaxia eta lexikoa hizkuntza horren inguru kultural eta historikoari lotuta ikasteak berez prestakuntza balio handia du lehenbiziko espezializazioa giza zientzien edo gizarte zientzien eremuan egitea aukeratu duten ikasleentzat. Latinarekin batera ikasteak, tratamendu koordinatura bultzatzeaz gain, hain eduki aberatsa duten eta hizkuntza modernoei hain ekarpen oparoa egin dieten bi hizkuntza horien egitura flexiboa ulertzea ahalbidetzen du.

Grekoa I eta II irakasgaia garatzeko proposatu diren edukiek bi arlo handi jorratzen dituzte, hizkuntza eta kultura, hain zuzen ere, eta lau multzotan banaturik daude: hizkuntza grekoaren ezaugarriak, testuen interpretazioa, lexikoa eta Greziaren ondarea.

Eduki horiei koherentziaz eta mailaz maila ekinen zaie, eta haien garapenak aplikazio praktikoa izanen du funtsean, ikasleek, testuak itzuliz eta itzulita dauden testuak irakurriz, hizkuntza grekoaren funtsezko alderdiei buruzko oinarrizko ezagupena lor dezaten eta testuen interpretaziorako eta analisi filologikorako oinarrizko teknikak ikasten has daitezen.

Testuak dira irakasgaiaren xede nagusia; hainbat garaitako eta literatura genero desberdinetako egileen testuak hautatuko dira. Jatorrizko eran aurkeztuko dira, errazago ulertzeko moduan moldaturik, eta itzulita ere bai.

Testu grekoak itzultzen aritzea lagungarria izanen da, halaber, hizkuntzari berari buruz gogoeta egiteko, bi hizkuntzen egitura linguistikoen arteko moldatze egokiaren bila. Horretarako ikasleek askotariko hiztegiak erabiliko dituzte, eta Hizkuntza grekoaren hiztegi berariazkoa erabiltzen ikasiko dute pixkanaka.

Testuen azterketa eta interpretazioa osatzeko, datu bankuei eta Interneteko baliabideei esker erraz eskuratzen ahal diren datuak aterako dira beste iturri batzuetatik. Hala, Greziako historiako garai desberdinekiko loturak ezarri eta ezagutu ahal izanen dira, bai eta arte nahiz kultura adierazpen desberdinak ere.

Lexikoa aztertu eta ikastea itzulpenerako tresna da, eta, gainera, ikasleen jakintza aberasten laguntzen du, hitzak sortzeko mekanismoak erakusten ditu eta agerian jartzen du mailegu linguistikoaren garrantzia, pentsamendu grekoak utzitako kultura ondarearen zati gisa.

Hizkuntzaren ikaskuntzari lotutako ikuspegi globaletik egin behar da hurbilketa Greziara eta haren ondarera, eta grekoen antropozentrismoa hartu behar da analisiaren ardatz, antzinako Greziako pentsaera, gizartea eta gizabanakoak ulertzen saiatzeko hango erakundeen, artearen eta literaturaren bitartez, tradizio klasikoa baloratzeko eta oraingo gizarteetan badirauela kontuan hartzeko.

Lehenbiziko kurtsoan ikasleek hizkuntzaren eta kulturaren oinarrizko edukiak bereganatu behar dituzte. Bigarren kurtsoan, berriz, finkatu eta zabaldu eginen dituzte, literaturaren, generoen eta egileen tratamendu berariazkoa dela bide. Tratamendu horrek gure kulturaren sustrai grekoetan sakontzen lagunduko du.

Helburuak

Batxilergoan Grekoa irakatsiz hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Hizkuntza grekoaren oinarri morfologiko, sintaktiko eta lexikoak ezagutu eta erabiltzea, eta geroz eta testu zailagoak interpretatzen eta itzultzen hastea.

2. Eguneroko hizkuntzan eta terminologia zientifikoan dagoen lexiko grekoaz gogoeta egitea, ama hizkuntzan eta hizkuntza modernoetan gaitasun lexikoa garatzen lagunduko duten etimo, aurrizki eta atzizki grekoak identifikatuz.

3. Grekozko testu jatorrizkoak, moldatuak eta itzuliak aztertzea, ulermenezko irakurketaren bidez, eta horien funtsezko ezaugarriak eta dagokien literatura generoa bereiztea.

4. Askotariko iturrietatik hartutako informazioa modu kritikoan erabiltzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, ikasi beharreko hizkuntza eta kultura ezagutzeko datu garrantzitsuak ateratzea eta informazio hori gainerakoei ahoz eta idatziz jakinaraztea, modu antolatu eta ulergarrian.

5. Antzinako Greziako kultura adierazpenek historian zehar hainbat eremutan egin duten ekarpena eta gaur arteko iraupena ezagutu eta baloratzea.

GREKOA I

Edukiak

1. Hizkuntza grekoa.

-Indoeuroperatik greko modernora.

-Alfabeto grekoa. Nola ahoskatzen den. Zeinu grafikoak. Transkripzioa.

-Hitz motak. Izen, izenordain eta aditz flexioa.

-Kasuen sintaxia. Komunztadura.

-Perpausen sintaxia. Lokarriak eta partikulak.

2. Grekozko testuak eta haien interpretazioa.

-Testuak itzultzeko eta iruzkintzeko teknikak ikasten hastea.

-Azterketa morfosintaktikoa egitea eta grekoaren egiturak norberaren hizkuntzaren egiturekin konparatzea.

-Lan edo zati itzulien ulermenezko irakurketa.

3. Grekoaren lexikoa eta horren bilakaera.

-Oinarrizko hiztegi grekoa ikastea.

-Hitzen erabidea. Aurrizkiak eta atzizkiak. Hitz-elkarketa eta eratorpena.

-Helenismoak hizkuntza modernoen hiztegi arruntean.

-Hiztegi zientifiko eta teknikoa.

4. Grezia eta bere ondarea.

-Greziako geografiaren eta historiaren laburpena. Greziaren presentzia Hispanian.

-Polis grekoa: antolamendu politikoa eta soziala.

-Eguneroko bizimodua.

-Greziako erlijioa eta mitologia.

-Literatura grekoa: genero eta egile nagusiak.

Ebaluazio irizpideak

1. Grekozko testu laburrak irakurtzea, haietako terminoak ama hizkuntzara itzultzea, ortografia eta puntuazio zeinuak erabiltzea, eta alfabeto grekoaren isla ezagutzea hizkuntza modernoek erabiltzen duten latin alfabetoan.

Irizpide honen bitartez egiaztatuko da ea ikasleek hizkuntza grekoaren oinarrizko zeinu ortografikoak ezagutzen dituzten eta testu laburrak erraz irakurtzen dituzten. Egiaztatuko da, halaber,ea ikasleak gai diren terminoak beren ama hizkuntzara itzultzeko eta bi idazkera sistemak lotzeko, bien arteko antzekotasun eta desberdintasun ortografiko eta fonetikoak bereiziz.

2. Grekozko testuetan perpausaren sintaxiaren eta morfologiaren oinarrizko elementuak ezagutzea, eta aldaerak eta ezagutzen diren beste hizkuntza batzuekiko antzekotasunak atzematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek morfologia eta sintaxiari buruzko ezagupenak eskuratu dituzten hizkuntza flexibo baten ezaugarriak bereizteko eta forma eta funtzioak identifikatzeko. Oinarrizko elementu horiek ama hizkuntzaren edo ezagutzen diren beste hizkuntza batzuen elementuekin erlazionatuko dira.

3. Grekozko testu errazak itzultzea.

Irizpide honen bidez zehaztu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek hizkuntza flexibo baten egitura linguistiko desberdinak bereizteko, testu bat beren hizkuntzara hitzez hitz itzuliz. Testu laburrak izanen dira, jatorrizkoak edo landuak, ahal dela K.a. V. eta IV. mendeetako prosa atikoa, eta oso zailtasun txikikoak. Itzulpenaren prozesuan eta emaitzan egitura sintaktikoak, aditz formak, ama hizkuntzako baliokidetasun lexikoak eta hitzen ordena zuzen aukeratzea baloratuko da.

4. Hizkuntza modernoen hiztegi arrunteko eta lexiko zientifiko eta teknikoko helenismo ohikoenak bereiztea, testuetan ageri diren terminoetatik abiatuta.

Irizpide honen bitartez jakin ahal izanen ea ikasleak gai diren beren ama hizkuntzako edo ezagutzen dituzten beste hizkuntza batzuetako terminoak dagokien etimo grekoarekin lotzeko. Egiaztatu nahi da, halaber, ea ikasleek ikasi duten oinarrizko hiztegia, hitzak ondorioztatzea ahalbidetuko diena, kontuan izanik familia etimologiko bereko eratorpen eta elkarketa prozedurak eta haien esanahiak.

5. Hainbat generotako testu itzuliak irakurri eta iruzkintzea eta haietan dauden alderdi historiko eta kulturalak bereiztea.

Testu baten funtsezko edukia ulertu, haren zatiak mugatu eta horien arteko lotura ezartzeko gaitasuna neurtu nahi da irizpide honen bitartez. Ikaslea, bere gaitasuna erakusteko, zentzu osoa duten testuen ulermenezko irakurketan ariko da literatura genero desberdinetan, testuon analisia eta sintesia eginen ditu, gaurko literaturako testuekin erkatuko ditu eta alderdi horiek gaur egun ere indarrean ote dauden baloratuko du.

6. Greziako gertaera historiko nagusiak denboran eta espazioan kokatzea, bertako agerpen kultural oinarrizkoak identifikatzea eta gure zibilizazioan utzi duen aztarna ezagutzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleek garai eta esparru geografiko egokietan kokatzen dituzten bai Greziako historian mugarri izan ziren gertaera nagusiak eta bai bertako kultura agerpenik adierazgarrienak ere. Halaber, gaur egun arte iraun duten Greziako kulturaren elementuak ezagutzeko gai ote diren jakin nahi da. Ikasleek, beren gaitasuna erakusteko, mapak eta mundu klasikoari buruzko azalpen idatziak nahiz ahozkoak egin ahalko dituzte.

7. Irakaslearen jarraibideei loturik, mundu grekoaren iraupenari buruzko ikerketa lan txikiak egitea, zuzeneko iturriak kontsultatuz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz emaitzak antolatu eta jakinarazteko tresna gisa.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek mundu klasikoko elementuak bereizten dituzten, gure iraganeko ondaretzat hartzen dituzten eta lehenagotik dituzten ezagupenen argitan interpretatzen dituzten, askotariko iturrien erabilera selektiboaren bitartez. Bestalde, ebaluatu nahi da ea gai diren zuzeneko iturrietan arakatzeko eta materialei ekiteko, lortutako datuak antolatuz eta beren lanean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz funtsezko tresna gisa.

GREKOA II

Edukiak

1. Hizkuntza grekoa.

-Izen eta izenordain flexioa berrikustea. Forma bakan eta irregularrak.

-Aditz flexioa berrikustea. Aditz atematikoak. Aditz moduak.

-Sintaxia berrikusi eta zabaltzea. Menderakuntza.

2. Grekozko testuak eta haien interpretazioa.

-Jatorrizko testuak itzuli eta iruzkintzea, bereziki Atikako grekoz eta koinéz idatzitakoak.

-Hiztegia ongi erabiltzea.

-Grekozko lan eta zati itzuliak irakurri eta iruzkintzea.

3. Grekoaren lexikoa eta horren bilakaera.

-Hiztegia ikastea.

-Helenismoak hizkuntza modernoen hiztegi arruntean.

-Batxilergoko irakasgaietan erabiltzen diren jatorri greko-latindarreko hitzak.

4. Grezia eta bere ondarea.

-Testu grekoen transmisioa eta Greziaren aurkikuntza: Erromatik gaur egun arte.

-Literatura grekoa bere testuen bidez. Generoak eta egileak.

-Kultura modernoaren sustrai grekoak literaturan, filosofian, zientzian eta artean.

Ebaluazio irizpideak

1. Jatorrizko testuetan morfologiaren elementuak eta kasu eta perpaus sintaxiaren elementuak identifikatu eta aztertzea, eta ezagutzen diren beste hizkuntza batzuekin konparatzea.

Irizpide honen bitartez, ikasleek hizkuntza grekoa ikasi duten egiaztatu nahi da. Beren aurrerapena erakusteko, maila honetan, jatorrizko testu konplexuagoen azterketa morfosintaktikoak eginen dituzte, eta ezagutzen dituzten beste hizkuntza batzuekin konparaturik, desberdintasunei eta antzekotasunei antzemanen diete.

2. Grekozko testu konplexu samarrak, literatura genero desberdinetakoak, koherentziaz itzultzea, hiztegian hitz grekoen baliokide zuzen eta zehatzak hautatuz.

Ikasleek itzulpen lanean egin duten aurrerapena ebaluatu nahi da irizpide honen bidez. Itzulpenaren prozesuan eta emaitzan egitura sintaktikoak, aditz formak, ama hizkuntzako baliokidetasun lexikoak eta hitzen ordena zuzen aukeratzea baloratuko da, eta hiztegiaren erabilera egokia ere bai.

3. Jatorrizko testu grekoetan, helenismoen osagaiak eta etimoak diren terminoak ezagutzea eta haien esanahia ondorioztatzea, bai hizkuntza modernoetako ondare-hiztegian bai lexiko zientifiko-tekniko desberdinetan.

Irizpide honen bitartez jakin daiteke ea ikasleek oinarrizko hiztegia ikasi duten eta helenismoen eratorpen eta konposizio prozedurak ezagutzen dituzten hizkuntza modernoetan, eta, halaber, ea zuzen transkribatzen dituzten terminoak eta maila formal eta semantikoan horiek izaten dituzten aldaketak.

4. Jatorrizko edo itzulitako testuen iruzkinak egitea, haien egiturak eta ezaugarri literarioak aztertzea eta literatura klasikoak mendebaldeko literaturetan duen garrantziaz jabetzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek literatura testu baten funtsezko elementuak identifikatzen dituzten, bai formaren elementuak eta bai edukiarenak ere, eta ea generoak bereizten dituzten beren ezaugarriei erreparatuz. Zentzu osoa duten testuak iruzkinduko dira, literatura genero desberdinetakoak, eta literatura grekoaren ezaugarriak, gaiak edo topikoak jaso dituzten geroagoko literatura testuekin konparatuko dira.

5. Lan monografikoak egitea, zuzeneko iturriak kontsultatuz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, lana antolatzeko eta emaitzak jakinarazteko tresna gisa.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek sormena erabiltzen duten lana planifikatzeko eta informazioa bilatu, jaso eta sistematizatzeko, eta, halaber, ahoz edo idatziz egiten dituzten adierazpenen egokitasuna neurtuko da. Ikasleak, irakaslearen eskutik, jarduera planifikatuko du, informazioa antolatu eta erkatuko du eta hipotesiak egiten saiatuko da. Prozesu osoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliko ditu lan tresna nagusitzat eta bere ondorioak azaltzeko erabilera anitzeko euskarritzat.

ARTEAREN HISTORIA

Irakasgai honen azterketaren xedea artelana da, gizakiaren sormen eta ekintzaren ondoriozko produktu den aldetik; artelanak bere kode bereziak ditu adierazpenerako, eta aberastu egiten ditu errealitatearen ikuskera orokorra eta agertzeko dituen era askotako formak.

Irakasgai honen xedea, humanitateen munduari lotutako prestakuntza artistikoan eta arteen eremuko prestakuntza berariazkoa hautatzen dutenentzat, artelanak behatu, aztertu, interpretatu, sistematizatu eta baloratzea da, eta, halaber, beren garaian eta tokian kokatzea. Haren bitartez artea kode anitzeko hizkuntza gisa hautematen ikasten da, kode horiek ideiak adierazteko eta zirrarak partekatzeko balio baitute, eta berariazko ezagutzak lortzen dira arte plastikoen formen hizkuntza hautemateko, gero eta oparoago, irudien sorkuntzatik eta irudi bidezko komunikaziotik datozen beste adierazpen batzuen ekarpena dela medio. Horrek guztiak, aldi berean, "ikusteko" gaitasuna handitzen eta sentikortasun estetikoa garatzen laguntzen du.

Bestalde, artelanak, errealitate baten adierazpen eta giza jardueraren agerpen diren aldetik, gizarteen nondik norakoa ezagutzeko lekuko bikain eta ezinbestekoak dira berez. Artelanak beren inguru sozio-kulturalean aztertu behar dira, eta haiek ulertzeko ezinbestez hartu behar dira kontuan artelana sortzeko prozesuan eragina duten faktore eta inguruabarrak; aldi berean, artea une historiko bakoitzeko kulturan txertatuta aztertu behar da, eta beste jarduera eta jakintza arlo batzuei lotuta.

Irakasgai honek, gainera, arte ondarea baloratzen eta hartaz gozatzen laguntzen du. Berez, oroimen kolektiboaren legatu gisa edo biltzen dituen baliabideen ahalmena kontuan hartuz, ondare hori errespetatu eta zaintzearen aldeko jarrerak garatu behar dira, etorkizuneko belaunaldiei helarazteko.

Artearen bilakaeraren azterketa Mendebaldeko kulturako arte estilo nagusien bitartez taxutzen da. Arte sorkuntzaz hitz egiteak, jakintza arloaren barne logikari eutsiz ikuspegi globalaren bitartez, luze joko luke. Horregatik edukien hautaketa zorrotza egin behar da, estilo nagusien garapenari buruzko hurbilketa orokorra egin ahal izateko eta, aldi berean, ikasleek arte garaikidea eta arteak gaurko munduan duen eginkizuna ulertu ahal izan ditzaten.

Edukiak multzokatzeko irizpide kronologikoa erabili da. Horrela, ezinbestez laburra den ikuspegi orokor hori eskaintzean, lehentasuna ematen ahal zaio arte sorkuntzaren ezaugarri nagusiak ulertzeari, haren ekarpen garrantzitsuetan. Egokia litzateke artelan zehatzen analisia egitea, haietatik abiaturik estilo bakoitzaren ikusmolde estetiko nagusiak, haren baldintza historikoak, haren aldaera geografikoak eta denboran zehar egin zaizkion balorazio eta interpretazioak aztertzeko.

Proposatzen den lehenbiziko eduki multzoan, irakasgai honi buruzko ikusmoldean funtsezkoak diren gaiak ikasten dira; zeharkako gaiak direla ulertu behar da, arlo oso esanguratsuak jorratzen dituztelako, esate baterako, artelanak beren inguruan kokatzea, hizkuntza plastikoa edo ikus-hizkuntza, edo analisi metodo bat aplikatzea artelanak ulertzeko.

Helburuak

Batxilergoan Artearen historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Historian zehar arteari buruz izandako ikuskera aldaketak eta artearen funtzio sozialen bilakaera ulertu eta baloratzea.

2. Artelanak giza sormenaren erakusgarri diren aldetik ulertzea, berez diren bezala goza baitaitezke eta garai eta kultura baten lekuko gisa baloratu.

3. Artelanen azterketarako analisi metodo egokiak erabiltzea artelanak ulertzeko, ikus-arte desberdinen arte hizkuntza ulertzeko, berariazko terminologia ikasteko eta sentikortasuna eta sormena garatzeko.

4. Mendebaldeko artearen estilo eta artista nagusien agerpen artistiko nabarmenenak ezagutu eta bereiztea, eta ondorengo garaietan izan duten eragina edo iraupena baloratzea.

5. Arte ondarea ezagutu, gozatu eta baloratzea, eta kontserbatzen laguntzea modu aktiboan, ondorengo belaunaldiei utzi behar zaien aberastasun eta ondarea dela kontuan izanda, eta hura hondatzen duten portaerak gaitzestea.

6. Gustu pertsonala eratzen, arteaz gozatzeko gaitasuna lantzen eta zentzu kritikoa garatzen laguntzea, eta artelanen aurrean nork bere sentimenduak adierazten ikastea, artelana hautemateko moduen aniztasuna errespetatuz eta estereotipo eta aurreiritziak gaindituz.

7. Irakasgai honetako hiztegi berezia erabiltzea, ohiko hiztegiari hura erantsita hizkuntza zehaztasun handiagoaz erabiltzeko eta komunikazioa hobetzeko.

8. Hainbat iturritako informazioa bilatu, hautatu, ulertu eta erlazionatzea, ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoa barne, lortu nahi den helburuaren arabera lantzea eta gainerakoei adieraztea ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Artea, denboran eta espazioan ageri den giza adierazpen gisa: artelanaren esanahia.

-Artelana bere inguru historikoan. Artearen eginkizun soziala garai desberdinetan: artistak, babesleak eta bezeroak. Emakumeak eta arte sorkuntza.

-Hizkuntza plastikoaren eta ikus-hizkuntzaren berezitasuna: materialak, teknikak eta osagai formalak. Hizkuntza ikonografikoaren garrantzia.

-Artelan adierazgarriak aztertu eta interpretatzeko metodo bat aplikatzea estilo eta artista garrantzitsuei dagokienez.

2. Europako artearen sustraiak: arte klasikoaren ondarea.

-Grezia, hizkuntza klasikoaren sortzaile. Agerpen nagusiak.

-Klasizismoaren ikuskera Erroman. Artea Hispania erromatarrean.

-Arte erromatarraren aztarna arkeologiko eta artistikoak Nafarroan.

3. Mendebaldeko arte tradizioaren sorrera: Erdi Aroko artea.

-Kristautasunaren ekarpena arkitekturan eta ikonografian.

-Arte erromanikoaren taxutzea eta garapena.

-Gotikoaren ekarpena, hiri kultura baten adierazpena.

-Iberiar Penintsulako garapen artistiko berezia. Arte hispano-musulmana. Erromanikoa Done Jakue bidean. Gotikoa eta haren iraupen luzea.

-Nafarroako Erdi Aroko artearen zenbait adibide adierazgarri.

4. Europako artearen garapena eta bilakaera mundu modernoan.

-Pizkundea. Hizkuntza berriaren sorrera eta garapena arkitekturan, eskulturan eta pinturan. Italiako Pizkundeko artista handien ekarpenak.

-Pizkundeko estetikaren harrera Iberiar Penintsulan.

-Barrokoaren batasuna eta askotarikotasuna. Arte hizkuntza botere zibilaren eta eliz boterearen zerbitzuan. Joera nagusiak.

-Barroko espainiarra. Hirigintza eta arkitektura. Espainiar pinturaren ekarpena: Urrezko Mendeko artista handiak.

-XVIII. mendeko arkitektura, eskultura eta pintura: Barrokoaren eta Neoklasikoaren artean.

-Pizkundeko eta Barrokoko artearen adibide adierazgarriak Nafarroan.

5. XIX. mendea: artea aldatzen ari den munduan.

-Goya.

-Industria iraultza, eta material berrien eragina arkitekturan: eklektizismotik Modernismora.

-Hirigintza modernoaren sorrera.

-Arte plastikoen bilakaera: Erromantizismotik Inpresionismora.

-XIX. mendeko artearen zenbait adibide adierazgarri Nafarroan.

6. Tradizioaren haustura: artea XX. mendeko lehenengo erdialdean.

-Abangoardiak arte plastikoetan. Mendebaldekoak ez diren tradizioen eragina. Fauvismotik Surrealismora.

-Arkitektura-hizkuntzaren eraberritzea: arkitektura funtzionala eta organikoa.

-XX. mendeko artearen zenbait adibide adierazgarri Nafarroan.

7. Gure garaiko artea: artearen unibertsalizatzea.

-Nazioarteko estiloa arkitekturan.

-Arte plastikoak: abstrakzioaren eta errealismo berriaren artean.

-Ikus-sistema berriak: argazkigintza, zinema, kartelgintza, adierazpen hizkuntzen konbinazioa. Teknologia berriek artearen zabalkundean eta sorkuntzan duten eragina.

-Artea eta kontsumo handiko ikus-kultura: artea kontsumo-ondasun gisa.

-Arte ondarea zaintzeko kezka.

-Nafarroako arte garaikidearen zenbait adibide adierazgarri.

Ebaluazio irizpideak

1. Artearen ikuskeran eta funtzioetan une eta kultura desberdinetan izan diren aldaketak aztertu eta konparatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak, artearen kontzeptuan eta funtzioetan azaltzen diren desberdintasunak aztertu eta alderatu ondoren, kontzeptu horien konplexutasunaz ohartzen diren eta haietan izaten diren aldaketen arrazoiak ulertzen dituzten.

2. Artelanak aztertu eta interpretatzea, haiek osatzen dituzten elementuak (materialak, formalak, gaiaren tratamendua, artistaren nortasuna, bezeroak, etab.) eta inguru historiko eta kulturalarekiko lotura kontuan hartzen dituen metodo baten bitartez, eta ideiak argi eta zuzen adieraztea, berariazko terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek ezagutzen dituzten eta badakiten erabiltzen artelan baten alderdi guztiak ulertu eta interpretatzeko balio duten prozedurak. Halaber, irizpide honen bidez egiaztatzen ahal da ea ikasleek ezagutzen duten erabiltzen ari diren ikus-hizkuntza eta hura interpretatzeko gai direla ezaugarri estilistikoei, inguru historiko-kulturalari edo, kasua bada, artistaren berezitasunei erreparatuta.

3. Historiako aro edo une bateko artelan adierazgarriak aztertzea, arte estilo jakin bateko edo artista jakin baten obra gisa sailkatzeko kontuan hartzen diren ezaugarri nagusiak identifikatzea, eta, kasua bada, garai berean garatzen ahal diren joera edo eredu estetikoen aniztasuna baloratzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek ulertzen duten zer den estiloa, eta, obra jakinetan, mendebaldeko artearen estilo nagusien ezaugarriei edo, kasua bada, artista jakin baten berezitasunei antzematen dieten. Sailkapena bera baino gehiago baloratuko da sailkapen horren arrazoien azalpena, bai eta ideiak azaltzeko argitasuna eta hizkuntzaren zehaztasuna ere.

4. Europako, Espainiako eta Nafarroako tradizio kulturaleko arte estilo nagusien ezaugarriak azaltzea, oinarrizko bereizgarriak deskribatuz; estilo horiek espazioaren eta denboraren koordenatuetan kokatzea, eta garatu diren inguruarekin lotzea.

Irizpide honen bidez baloratu nahi da ea ikasleek Mendebaldeko artearen bilakaerari buruzko ikuspegi orokorra duten eta arte estilo bakoitzaren berezitasunei antzemateko, denboran kokatzeko eta bere inguru historikoarekin lotzeko gai diren.

5. Ikusmolde estetikoak eta ezaugarri estilistikoak alderatu eta konparatzea, zerk iraun duen eta zer aldatu den ikusteko.

Irizpide honen bidez, aldaketa artistikoko prozesuak baloratzeko gaitasuna eta pertzepzioa ebaluatu nahi dira, arteari hizkuntza gisa erreparatuta: osagai formalei buruzko ikusmolde desberdinak, arazo tekniko berriak, gaien tratamendua, arteari lotutako ohitura eta eginkizun berrien eragina, etab.

6. Artista nagusien artelan garrantzitsuak ezagutu eta aztertzea, Espainiako eta Nafarroako artista nagusiengan arreta berezia jarriz, eta haien estiloa bereizten duten ezaugarriei eta berezitasunei antzematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek baduten gaitasunik beren lanetan planteamendu berriak garatu edo historiako inguruabar jakinetan inoiz jorratu gabeko bide artistikoak ireki dituzten zenbait artistaren protagonismoa baloratzeko, eta haien obrak Artearen historiari ekarritako berrikuntza edo jenialtasuna aintzat hartzen duten.

7. Artea eguneroko bizitzan eta komunikabideetan nola agertzen den azaltzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da noraino dakiten ikasleek ikasitakoa aplikatzen beren iritzia azaltzeko arteak gaurko munduan duen eginkizunari buruz, eguneroko bizitzako hainbat alderditan agertzeari buruz eta kontsumo objektutzat hartzeari buruz.

8. Monumentu artistikoak eta artelanak bertatik bertara ikustea museo eta erakusketetan, behar den informazioarekin prestatu ondoren; artelanen kalitate estetikoari antzematea, eta, ahoz zein idatziz, haiei buruzko iritzi arrazoitua ematea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ba ote dakiten aurretiko ezagutzak erabiltzen irtenaldi edo bisita bat prestatzeko, eta ea zuzeneko behaketa erabiltzen duten beren ezagutza eta sentipen estetikoak handitu eta zehazteko. Behatu eta aztertzen diren artelanen kalitate estetikoaz jabetzeko gaitasuna baloratuko da, eta haien aurrean nork bere sentimendu eta ideiak azaltzeko hizkuntza gaitasunen maila ere bai.

MUNDU GARAIKIDEAREN HISTORIA

Gaur egungo mundua, haren ezaugarri funtsezkoak eta arazo nagusiak, mundu osoan gertatzen diren eta giza taldeen bizitza baldintzatzen duten fenomeno globalak ezagutzea ezinbesteko baldintza da inguruko errealitatean modu kontzientean kokatzeko, azaltzen diren arazoak ulertzeko eta horien aurrean zentzuzko erabaki pertsonalak hartzeko, bai eta etorkizuna eraikitzen modu aktibo eta arduratsuan lagunduko duten konpromisoak ere.

Zeregin horretan Mundu garaikidearen historiak eginkizun garrantzitsua betetzen du: orainaldia prozesu bukatugabe baten faseetako bat dela ulertarazten du, iraganeko elementuen gainean eratuta dagoela, eta posible dela oraingo ekintzen bidez etorkizuna moldatzea. Jakintza historikoak, bestalde, oraingo errealitatea atzeman nahi du berezko dituen mekanismoak erabiliz: gertaeren jatorriaren eta bilakaeraren ikerketa eta haien arteko loturen analisia; gizabanakoen eta gizarteen azterketa, eremu anitzekoa -politikoa, ekonomikoa, soziala, kulturala, erlijiosoa eta teknologikoa-, eta gertaera zehatzak azaltzea historiografiaren aurrerapen eta joeren bitartez, horiekin ekiten baitzaie denboran zeharko jarraitutasunari eta aldaketari.

Mundu garaikidearen historia irakasgaiak gaurko mundua ezagutarazten du. Irizpide kronologikoa erabiliz, eta elementu politikoak ardatz gisa harturik edukiak multzokatzeko, hurbileko errealitate hau moldatu duten prozesuetatik abiatzen da, eta azken mendeetan gertatu diren aldaketak ulertzeko behar adinako gakoak eskaintzen ditu. Antzinako Erregimenaren krisia eta XIX. mendeko aldaketa prozesu adierazgarriak dira azterketaren abiapuntu. Neurri handian prozesu horiek eragin dituzte XX. mendearen ezaugarriak, egungo mundua eratu arte. Ez da pentsatu behar aurkezpen hori bateraezina denik aztertu beharreko garaiko gai nagusien bilakaera denbora-unitate luzeagoetan jorratzen duen tratamendu batekin. Errealitaterik hurbilenari edo oraintsukoari, ezinbestez ikuspegi historiko ez hain zorrotzetik begiratu behar zaio, eta beste iturri batzuetara jo, baina betiere behar-beharrezkoa da ikasleek beren inguruko errealitatea eta arazoak ulertzea, gai izatea iraganeko ezagupenak transferitzeko oraina interpretatzearren, eta erabaki kontzienteak hartu ahal izatea, aurreiritzirik gabe, munduko hiritarrak diren aldetik. Halaber, ikasleek, irakasgai honen bidez, gaur egungo erronken aurrean sentikortasuna lortu behar dute, eta oraingo arazoak ikusita jarrera kritiko eta arduratsua garatu; hots, askatasunaren defentsa, giza eskubideak, balio demokratikoak eta bakearen eraikuntza gogoan izanen dituen jarrera.

Edukiak ordena kronologikoari jarraituz multzokatu dira, eta elementu politikoak eta erakunde-elementuak lehenesten dituen irizpidearen arabera aurkezten dira. Kronologia eta gai politikoak lehen mailako elementu historiografikoak dira, eta askok aukeratzen dituzte irizpidetzat, errealitate historiko konplexuaren elementuak errazago ikasteko multzokatu behar izaten direnean. Gure inguru hurbilena da arreta gunea, mendebaldeko mundua alegia, nahiz jada XX. mendean gizateriaren historia Planetaren muga geografikoetara hedatzen zen. Elkarren mendekotasunaren ondorioz, eta munduko arazoei nazioarteko ikuspuntutik begiratzen zaielako, gaur egun munduko bazter guztietako gertaerak aztertu behar dira. Munduaren historiak benetan unibertsala behar du izan, aro garaikidea behar bezala azaldu ahal izateko.

Ikasleek aurreko etapetan eskuratutako ezagupenak dira abiapuntu. Etapa horietako prestakuntzaren ildotik jarraituz, irakasgai honek historia ikasteko behar diren trebetasunetan sakontzen du. Azterketak egiteko, ondorioak ateratzeko, informazio iturriak erabiltzeko, interpretazio kritikoak eta laburpenak egiteko edo eztabaidagai eta auziei buruzko iritzi arrazoituak azaltzeko trebetasuna lantzeak, historia ezagutzeko lagungarria izateaz gainera, jakintza zientifikoa antidogmatikoa eta behin-behinekoa dela erakusten du. Trebetasun horiek hasierako multzoan aurkezten dira, gainerako edukiak kutsatu behar dituzten eduki komun gisa.

Helburuak

Batxilergoan Mundu garaikidearen historiako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Mundu garaikideko prozesu eta gertaera historiko nagusiak ulertzea, espazioan eta denboran kokatzea eta bereizten dituzten osagai ekonomiko, sozial, politiko, teknologiko eta kulturalak identifikatzea, bai eta haien ezaugarri nabarmenenak, elkarren arteko loturak eta haiek itxuratu dituzten faktoreak ere.

2. Europan eta munduan XIX. eta XX. mendeetan izandako nazioarteko koordenatuak ezagutzea, mende horietan estatuek izan zituzten harremanak eta horiek ekarri zituzten ondorioak ulertzeko.

3. Oraingo egoera eta arazoak ikuspuntu globaletik aztertzea, haien aurrekariak eta elkarren arteko mendekotasun loturak kontuan izanik.

4. Demokrazia, askatasuna eta arazo sozialetarako elkartasuna positiboki baloratzea eta konpromisoa hartzea balio demokratikoak defendatzeko bereizkeria eta bidegabekerien aurrean, batez ere giza eskubideekin eta bakearekin zerikusia duten egoeretan.

5. Historia estimatzea jakintza arlo gisa, analisi historikoa etengabe lantzen ari den prozesua dela jabetzea eta ezagutza hori erabiltzea nork bere ideiak argudiatzeko eta modu kritikoan berrikusteko, informazio berriak kontuan hartuz, estereotipo eta aurreiritziak zuzenduz.

6. Askotariko iturrietatik -errealitatea, iturri historikoak, eskola liburutegia, komunikabideak edo informazioaren teknologiak- informazioa bilatu, aukeratu, interpretatu eta erlazionatzea, Historiak berezkoak dituen tresnekin modu egokian lantzea, aztertutako prozesu historikoak azaltzen dituzten hipotesiak lortzea eta besteei ahoz eta idatziz jakinaraztea, hizkera zuzena eta terminologia historiko egokia erabiliz.

7. Lan txikiak planifikatu eta prestatzea (ikerlanak, sintesiak edo ikerketa historikoan hasteko lanak), taldean edo bakarka. Lan horietan askotariko informazioak aztertu, erkatu eta bateratuko dira, historialariek erabilitako ikuspegien eta iturrien garrantzia baloratuko da, lortutako ezagupen historikoa modu arrazoituan azalduko da, eta horrela zorroztasun intelektualeko ohiturak hartuko dira.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Mundu garaikidearen historiako prozesu, egitura eta gertaera garrantzitsuak espazioan eta denboran kokatzea, eta haietan esku hartzen duten osagai ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak ulertu eta elkarrekin lotzea.

-Mundu garaikidearen historiako bilakaera eta aldaketa prozesu garrantzitsuetan eta gaurko munduaren antolaeran kausalitate elementuak identifikatu eta ulertzea, jarrera enpatikoa hartuz.

-Informazioa bilatu, lortu eta aukeratzea askotariko iturrietatik (agiri historikoak, testu historiografikoak, iturri ikonografikoak, datuak, mapak, prentsa, informazioaren teknologiak, etab.); informazio hori modu kritikoan landu eta erabiltzea. Gertaera edo prozesu beraren interpretazio historiografiko desberdinak aztertzea eta ikuspuntuak konparatzea.

-Sintesiak edo ikerlanak egitea: iturri desberdinetatik jasotako informazioak batu, aztertu eta erkatzea, eta ondorio egituratuak aurkeztea, hizkera zuzena eta berariazko terminologia erabiliz. Eskola liburutegiko baliabideak modu egokian erabiltzea.

2. XIX. mendeko aldaketak.

-Antzinako Erregimenaren krisia.

-Industria iraultza eta haren hedapena. Gizarteko kontrasteak.

-Estatu garaikideen sorrera: Estatu Batuen independentzia eta Frantziako iraultza. Iraultza liberalak. Nazionalismoa. Demokrazia.

-Gizarte mugimenduak. Langile mugimenduaren garapena.

-Europako potentzia handiak. Inperialismoa, kolonien hedapena eta arma lasterketa.

3. XX. mendearen lehenengo erdialdeko gatazka eta aldaketak.

-Lehen Mundu Gerra. Bakearen antolaketa.

-Errusiako 1917ko iraultzak. SESB.

-Gerren arteko ekonomia. 29ko porrota eta Depresio Handia.

-Demokrazien krisia eta diktadura totalitarioak hogeita hamarreko hamarkadan.

-Nazioarteko harremanak eta Bigarren Mundu Gerra. Antisemitismoa: juduen genozidioaren berezitasuna. Bakearen antolaketa.

4. Mundua XX. mendearen bigarren erdian.

-Ideologiak aurrez aurre. Blokeen sorrera, garapena eta amaiera.

-Nazio zaharrak eta berriak. Deskolonizazioa eta lerrokatu gabeak.

-Europar Batasuna eratzeko prozesua. Helburuak eta erakundeak. Aldaketak Europako antolamendu politikoan.

-Garapen desberdinen aroa. Sistema ekonomikoen eta munduko herrialde eta eskualdeen arteko aldeak.

-Iberoamerika XX. mendean.

-Nazioz gaindiko erakunde eta mugimenduak.

5. Gaurko munduaren etorkizuna.

-Munduko boterearen guneak eta munduaren konfigurazio geopolitikoa.

-Gatazka guneak eta bidegabekeria eta bereizkeriazko egoerak. Terrorismoa. Lankidetza eta elkarrizketa, gatazkak konpontzeko bide baketsuak.

-"Ongizatearen Estatua" eta haren banaketa desorekatua. Zientziaren eta teknologiaren eragina. Komunikabideen eragina.

-Globalizazioaren aroko erronka berriak.

Ebaluazio irizpideak

1. Aldaketa garrantzitsuak identifikatzea eta haien ezaugarriak azaltzea beren esparru guztietan, Antzinako Erregimenaren krisitik hasi eta Lehen Mundu Gerrara arte; munduko alde bakoitzean aldaketa horiek izan duten eragina, potentzia handien eta haien inperio kolonialen toki hegemonikoa eta potentzien artean sortutako gatazkak azaltzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten labur azaltzen aro garaikideko aldaketarik garrantzitsuenak -demografikoak, teknologikoak, antolamendu politiko eta ekonomikoarenak, gizarte egiturarenak, kulturalak-, eta ea munduko eskualdeetako bizimoduen arteko desberdintasunetan izan duten eragina baloratzen duten, haien sartze graduaren arabera. Ebaluatu nahi da, halaber, ea kokatzen eta ulertzen dituzten kolonialismoaren alderdi garrantzitsuenak eta horiek nazioen artean eragiten duten tentsio gehikuntza.

2. XIX. eta XX. mendeetako munduko historiako gertaera eta prozesu garrantzitsuak kronologikoki kokatzea, gizabanakoen ekintzaren eta portaera kolektiboen arteko loturari ekinez.

Ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren XIX. eta XX. mendeetako gertaera garrantzitsuak denboran kokatzeko eta historiako zenbait pertsonaia aipagarrirekin erlazionatzeko. Halaber, gai izan behar dute gertaera horietako baten bat aztertzeko, gizabanakoen ekintzaren eta pentsaera eta portaera kolektiboen arteko lotura kontuan hartuz, garaiko ingurunean.

3. XX. mendean estatuen arteko harremanak gidatzen dituzten arau eta interesak identifikatzea, sakonean aztertzea gerra handiren baten arrazoiak eta nazioarteko harremanak antolatzeko erabilitako mekanismo nagusiak, eta horiek bakeari eta nazioarteko segurtasunari eusteko duten eraginkortasuna baloratzea.

Irizpide honen bidez jakin nahi da noraino identifikatzen eta azaltzen dituzten ikasleek gerra handien arrazoiak -epe laburrekoak eta epe ertainekoak, ekonomikoak, ideologikoak, politikoak, etab.-eta mota guztietako ondorioak. Adibidez, Lehen edo Bigarren mundu gerra edo beste gatazkaren bat aztertzen ahal dute. Halaber, mendean zehar nazioarteko harremanak bakean arautzen saiatu diren sistemak eta erakundeak nola bereizten dituzten eta haien eraginkortasunari buruzko iritzia nola azaltzen duten ebaluatu nahi da.

4. Parlamentu sistemen antolamenduaren eta erakundeen printzipioak, sistema horien garapenean eragin duten faktoreak eta historiako zenbait unetan erregimen demokratikoaren haustura ekarri duten faktoreak identifikatu eta azaltzea.

Irizpide honen bitartez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren ondokoak aztertzeko: parlamentu sistemek parte-hartze eta askatasun maila handiagoetarantz izan duten bilakaera, inoiz halako sistemen lekua diktadura erregimenek hartzea ahalbidetu izan duten krisi faktoreak, bereziki faxismoaren kasua, eta demokrazia ezartzeko edo berrezartzeko prozesuak erraztu dituzten faktoreak. Gainera, egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten bi sistemak konparatzen eta haien arteko desberdintasunak baloratzen, pertsonen eskubide eta askatasunei, jarduera politikoari eta gizarte harremanei dagokienez.

5. Mundu garaikideko ekonomiak izan dituen hedaldiak eta atzeraldiak kronologikoki kokatzea, haien ezaugarriak bereiztea, eta batzuek eta besteek gizarte harremanetan, bizimoduan, enpleguan edo nazioarteko politikan sortu dituzten ondorioak zehaztea, kasu adierazgarri baten bidez.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek badakiten zein faktorek esku hartzen duten ekonomiaren goraldi eta krisietan, ea ezagutzen dituzten goraldien eta krisien ezaugarriak eta hedapen mekanismoak, eta krisialdi eta garapen aldi nagusiek nolako eragina izan duten pentsamoldeetan eta nazioarteko harremanetan eta nola larriagotu edo leundu dituzten gizarte gatazkak.

6. XX. mendean deskolonizazio prozesua bizi izandako herrialderen baten bilakaera historikoa labur azaltzea, haren ezaugarri eta arazo nagusiak identifikatzea, eta esperientzia kolonialarekin izan ditzakeen loturak edo, kasua bada, elkarri lotutako herrien munduan gaur egun duen egoera deskribatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren XX. mendean independentzia eskuratutako herrialde baten edo gehiagoren historiaren ikuspegi orokorra izateko, kolonizazioak haietan izan duen eragina hausnartzeko eta haien egungo egoera aztertzeko, haien esperientzia historikoen eta nazioarteko harremanen gaurko sistema ekonomiko eta politikoaren argitan.

7. Europar Batasuna gaur egun nola dagoen eratuta deskribatzea eta munduan duen garrantzia baloratzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek Europar Batasunaren egitura, erakundeak eta eginkizunak ezagutzen dituzten eta haren garrantzia eta nazioartean duen zeregina aztertzeko gai diren.

8. XX. mendearen azken herenetik hona munduan gertatu diren aldaketa nagusien nondik norakoak azaltzea, eta botere gune berriak baloratzea, bai eta globalizazioak eremu politikoan, ekonomikoan eta kulturalean duen eragina ere.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek identifikatzen dituzten XX. mendearen amaieran boterearen banaketan izandako aldaketak, eta botere politiko eta ekonomikoaren guneak ezagutzen dituzten, herrialdeen arteko mendekotasuna, tentsio guneak eta aldi berean bakea eta lankidetza bilatzeko ekimenak biltzen dituen mundu honetan. Bestalde, eragin zientifiko eta teknologikoaren eta haren banaketa desorekatuaren ondorioak baloratu beharko dituzte.

9. Iraganari buruzko informazioa lortzea hainbat iturritatik, informazio hori aztertzea, duen garrantzia baloratzea eta lehenago eskuratutako ezagupenekin erlazionatzea, terminologia historikoa egoki erabiltzea eta errealitate historiko bera modu desberdinetan hauteman eta interpretatzen ahal dela ohartzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek behar adinako gaitasunak eskuratu dituzten iraganari buruzko informazioak erabiltzeko eta ondorioak ateratzeko, iturri dokumentalak, testu historiografikoak, albisteak, prentsa, Internet, etab. erabiliz; ea informazio horiek lehendik dakitenarekin erlazionatzen dituzten, eta, kasua bada, gertaera edo prozesu historiko bera modu desberdinetan hautematen ahal dela ohartzen diren.

10. Txostena egitea gertaera historiko edo gaurko auziren bati buruz, askotariko iturrietatik hartutako informazioan oinarrituta, komunikabideak eta informazioaren teknologiak barne, aurrekari historikoak kontuan hartuz, loturak aztertuz eta gertaerak bere ingurunean duen garrantzia neurtuz. Txostena ahoz azaltzen jakitea.

Irizpide honen bidez egiaztatzen ahal da ea ikasleak gai diren iturri egokiak aukeratu, aztertu eta konparatzeko eta haietatik ondorioak ateratzeko gaurko gertaera edo egoera garrantzitsuren bati buruz, eta gertaera hori ulergarriago egiten duten aurrekari historikoak kontuan hartzeko. Halaber, jakin daiteke ea ikasleak gaurko arazoez arduratzen diren, iturriak eta hedabideen mezuak interpretatzeko gaitasun kritikorik ba ote duten, eta ba ote dakiten lanak planifikatzen eta antolatzen eta beren ondorioak aurkezten, laburpen-saiakera labur bat idatzi ondoren, idatzizko eta ahozko hizkuntza eta terminologia zuzen erabiliz.

LATINA I ETA II

Latina II egiteko Latina I-eko ezagutzak behar dira.

Latina irakasgaiak, Batxilergoan, mendebaldeko zibilizazioaren funtsezko alderdiak ulertzeko behar diren oinarri linguistiko, historiko eta kulturalak ematen ditu, gaztelaniari buruzko gogoeta sakona eragiten du eta modu eraginkorrean laguntzen du hizkuntza moderno erromanikoak edo latinaren eragina duten beste hizkuntza batzuk ikasten.

Latinaren fonologia, morfologia, sintaxia eta lexikoa ikasteak berez prestakuntza balio handia du, adimena egituratzeko tresna gisa, lehenbiziko espezializazioa giza zientzien edo gizarte zientzien eremuan egitea aukeratu duten ikasleentzat. Grekoarekin batera ikasteak, tratamendu koordinatura bultzatzeaz gain, hain eduki aberatsa duten eta hizkuntza modernoei hain ekarpen oparoa egin dieten bi hizkuntza klasiko horien egitura flexiboa ulertzea ahalbidetzen du.

Latina irakasgaia bi kurtsotan garatzen da, eta haien edukiak lau multzo berdintsutan banatzen dira lehenbiziko eta bigarren kurtsoetan: latina, latinezko testuak eta horien interpretazioa, latinaren lexikoa eta horren bilakaera, Erroma eta bere ondarea. Irakasgaiaren mailaz mailako garapena kurtso bakoitzeko edukien eta ebaluazio irizpideen izenburuetan azaltzen da. Batzuek eta besteek bide ematen dute helburuek proposatzen dituzten gaitasunak eskuratzeko. Edukiak lehen esandako lau multzoetan banatu izanak, haien berariazko tratamendua eragiten badu ere, aldi berean eduki guztiak batera ulertzea eskatzen du, elementuak testuinguru koherentean kokatu eta azaldu ahal izateko.

Ulermenezko irakurketak, latinezko testu jatorrizkoak edo landuak, gero eta zailagoak, itzultzeko tekniketarako trebakuntza progresiboak eta ikasleek erabiltzen dituzten hizkuntzen erretrobertsioak oinarrizko hizkuntza egiturak finkatzeko balio dute, eta analisi eta sintesi ariketa onuragarriak dira, beste edozer ikasteko aplikatzen ahal direnak.

Bestalde, testu itzulien eta jatorrizkoen irakurketa berebiziko tresna da ikasleei Erromako zibilizazioaren emaitza nagusiak erakusteko: literatura eta artea; zientzia eta teknika; erakunde politiko, erlijioso eta militarrak; familia bizitza, gizarte antolaketa eta ordenamendu juridikoa. Genero eta garai desberdinetako testuak hautatuko dira, Erromako historiaren eta gizartearen ikuspegi osoa eta orekatua eskaini nahi delako. Hainbat iturri dokumental erabiliz, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eskura jartzen dituzten iturriak barne, bildutako datu horiek guztiak sistematizatuz eta gaurko gizarteei buruzko datuekin etengabe konparatuz, Erromak Europako kulturari eta politikari egindako ekarpenaren balorazio arrazoitua egin ahalko da.

Latinaren lexikoari eta hizkuntza erromanikoetan izan duen bilakaera fonetiko, morfologiko eta semantikoari erreparatuko zaie, eta hizkuntza horietan latinaren egitura sintaktikoek nola iraun duten edo nolako aldaketak izan dituzten aztertuko da. Horrela kontuan hartuko da hizkuntzen alderdi diakronikoa, hizkuntzak etenik gabe garatzen ari diren izaki bizidunak balira bezala, eta Europako hizkuntza erromanikoen multzo handia baloratuko da, bilakaera horrek gaur egun eskaintzen digun emaitza den aldetik.

Irakasgairako proposaturiko edukiak Latina I-ean eta II-an jorratuko dira. Lehenbiziko kurtsoan ikasiko dira morfologia erregularraren egiturak, balio sintaktiko ohikoenak, bilakaera fonetikoaren oinarriak eta Erromako zibilizazioaren alderdi nagusiak. Ezagutza horiek testu labur eta errazak aztertu eta itzultzeko erabiliko dira. Latin II-an, berriz, aurreko edukiak sendotu eginen dira, bai eta zabaldu ere: morfologia irregularra, menderakuntza prozedurak, latin hizkuntzak berezkoak dituen eraikuntza sintaktikoak eta lexikoaren bilakaera ikasiko dira, Erromaren ondarearen alderdi berariazkoen tratamenduari ekinen zaio, azterketa prozedurak eta itzulpen teknikak testu konplexuagoei aplikatuko zaizkie, eta testu horien literatura generoaren ezaugarriak bereiziko dira. Hori guztia, pentsamendu eta tradizio klasikoak hobeki ulertzeko eta gure gizartean, hizkuntzan eta kulturan nola iraun duten baloratzeko helburuarekin.

Helburuak

Batxilergoan Latina irakatsiz hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Latinaren oinarri fonologiko, morfologiko, sintaktiko eta lexikoak ezagutu eta erabiltzea, eta geroz eta testu zailagoak interpretatzen eta itzultzen hastea.

2. Hizkuntzen funtsezko osagaiei buruzko gogoeta egitea, eta latinaren osagai garrantzitsuenak (izen, izenordain eta aditz flexioa) latinetik eratorritako edo latinaren eragina duten hizkuntza modernoetan bereiztea.

3. Latinezko testu desberdinak (jatorrizkoak, moldatuak eta itzuliak) aztertzea ulermenezko irakurketaren bidez, eta horien funtsezko ezaugarriak eta dagokien literatura generoa bereiztea.

4. Eboluzionatu egin duten edo gure hizkuntzetan dirauten latineko elementuei antzematea, eta haren interpretaziorako gako gisa aintzat hartzea.

5. Erromako zibilizazioaren alderdi garrantzitsuei buruzko informazioa bilatzea, askotariko dokumentu eta iturriak arakatuz -ingurune fisikoak eta sozialak, eskola liburutegiak, komunikabideek eta informazioaren teknologiek eskainitakoak barne-, modu kritikoan aztertzea, historian zehar izandako presentzia egiaztatzea eta besteei jakinaraztea, ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

6. Zibilizazio erromatarraren ekarpen nagusiak identifikatu eta baloratzea gure inguruan, eta latina estimatzea, kultura zabaltzeko bide izan den aldetik.

7. Mundu erromatarraren ekarpenak baloratzea, Europako esparru kulturala osatzen duten pentsamendu joeren eta jarreren (etikoen eta estetikoen) sistema integratzaile diren aldetik.

LATINA I

Edukiak

1. Latina.

-Indoeuroperatik hizkuntza erromanikoetara.

-Alfabetoa, ahoskera eta azentuazioa.

-Hitz motak. Izen, izenordain eta aditz flexioa.

-Kasuen sintaxia. Komunztadura. Hitzen ordena.

-Perpausen sintaxia. Lotura menderatzaile ugarienak.

2. Latinezko testuak eta horien interpretazioa.

-Analisi morfosintaktikoa eta itzulpen teknikak.

-Ele bitako testuak irakurri, konparatu eta iruzkintzea.

-Latinezko testuak irakurri, aztertu eta itzultzea.

-Testu laburren erretrobertsioa.

-Lan edo zati itzulien ulermenezko irakurketa.

3. Latinaren lexikoa eta horren bilakaera.

-Latinaren oinarrizko hiztegia ikastea.

-Latinetik hizkuntza erromanikoetara izan den bilakaera fonetiko, morfologiko eta semantikoaren oinarrizko ezagutza.

-Latinezko esapideak lagunarteko hizkuntzan eta hizkuntza literarioan.

4. Erroma eta bere ondarea.

-Mundu erromatarraren historiaren laburpena K.a. VIII. mendetik K.o. V. mendera arte.

-Erromaren antolamendu politiko eta soziala.

-Erromako kulturaren eta eguneroko bizitzaren alderik nabarmenenak.

-Hispaniaren erromanizazioa eta haren iraupenaren aztarnak.

Ebaluazio irizpideak

1. Latinezko testu errazetan perpausaren sintaxiaren eta morfologia erregularraren oinarrizko elementuak ezagutzea, eta aldaerak eta ezagutzen diren beste hizkuntza batzuekiko antzekotasunak atzematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek latinari buruzko oinarrizko ezagupen linguistikoak bereganatu dituzten, morfologiaren eta sintaxiaren aldetik. Besteak beste, morfosintaxia ikasia izan behar dute, hizkuntza flexibo baten ezaugarriei antzemateko eta perpaus bakunen, koordinatuen eta mendeko perpaus erlatiboen funtsezko elementuak, formak eta funtzioak identifikatu ahal izateko.

2. Latinezko testu errazak beren itzulpenarekin alderatzea, latinaren egitura gramatikalak identifikatzea eta gaztelaniaren edo ikasleek erabiltzen dituzten hizkuntzen egiturekin dituzten antzekotasunak aztertzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren latinezko testuetako egitura morfologiko, sintaktiko eta lexikoak identifikatzeko eta gaztelaniarekin edo beste hizkuntza erromaniko batzuekin dituzten antzekotasun eta desberdintasunei erreparatzeko. Horretarako, latinezko testuak hautatuko dira beren itzulpenekin, eta ikasleek sintagmen ordena, hitz motak, lexikoa eta korrespondentzia sintaktikoa identifikatuko dituzte.

3. Perpausak eta testu labur eta errazak itzultzea, jatorrizkoak, moldatuak edo landuak, ahalik eta zehaztasunik handienaz.

Ikasleek latinaren egitura morfosintaktikoak ezagutzen dituzten egiaztatu behar da irizpide honen bidez. Testu bat hitzez hitz itzularaziko zaie beren hizkuntzara, eta horrela objektibotasun handiagoaz egiaztatu ahal izanen da edukia sakonean ulertzen duten. Ariketa horietan ikasleek perpausak eta testu errazen zati laburrak itzuliko dituzte hiztegirik gabe. Lehentasunez testu narratiboak erabiliko dira.

4. Latinez idatzitako esaldi laburrak erretrobertsio bidez sortzea, latinaren egiturak erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek hainbat ezagutza linguistiko finkatu dituzten, hala nola kasuaren eta funtzioaren arteko korrespondentzia edo komunztadura, horiek oinarrizkoak baitira latinezko testuak ulertu eta itzultzeko, eta alderantzizko itzulpenak eginez oso ongi finkatzen baitira. Ariketa horietan perpaus errazak erabiliko dira, bakunak, koordinatuak eta mendeko erlatiboak. Erretrobertsioaren bidez, latineko hiztegiko termino ohikoenen enuntziatuak zuzen ikastea ere sustatzen da.

5. Hainbat generotako testu itzulien edukia ahoz edo idatziz laburtzea eta horietan ageri diren gai historikoak eta kulturalak bereiztea.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da ea ikasleek testu baten edukia ulertzen duten, ideia nagusiak bereizten dituzten eta testuan ageri diren zibilizazio erromatarreko kontuak aintzat hartzen dituzten. Horretarako, zenbait testuren laburpena egin liteke, eta iruzkinak egin, eskuratutako ezagupenak erabiliz. Lehentasunez testu historikoak hautatuko dira, Erromako kulturaren eta eguneroko bizitzaren alderdi garrantzitsuenei buruzko aipamenak izanen dituztenak.

6. Espainiako lurraldean erabiltzen diren hizkuntzen lexikoan jatorri latindarreko hitzei antzematea, eta hitz horien bilakaera fonetiko, morfologiko eta semantikoa aztertzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten mintzatzeko eta idazteko erabiltzen duten hizkuntzak latinetik eboluzionatu duela edo, euskararen kasuan, latinetik ekarpen lexiko garrantzitsuak jaso dituela. Ikasleak bere hizkuntzako edo beste hizkuntza erromaniko batzuetako hitzak latinez dagozkien etimoekin uztartuko ditu, eta eboluzioan zehar izandako aldaketa morfologiko, sintaktiko eta semantikoak identifikatuko ditu.

7. Erromatar herriaren historiako alderdi garrantzitsuenak eta gure herrialdean igarotako denborakoak identifikatzea. Era berean, gaurko zibilizazioaren zenbait arlotan kultura erromatarraren aztarnak ikustea.

Irizpide honen bidez egiaztatuko da ea ikasleek iragan erromatarra ezagutzen duten, batez ere Iberiar Penintsulakoa, eta ea badakiten erromatar gizartearen eta kulturaren elementu batzuek gaurko munduan dirautela. Honelako ariketak egin litezke: idatzizko iturrietan, iturri ikonografikoetan eta museoetako edo aztarnategi arkeologikoetako piezetan oinarriturik lan egitea, edo komunikabideetan mundu erromatarraren aipamenak bilatzea.

8. Irakaslearen jarraibideei loturik, mundu erromatarraren iraupenari buruzko ikerketa lanen bat egitea ikaslearen inguru hurbilean, zuzeneko iturriak kontsultatuz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz emaitzak antolatu eta jakinarazteko tresna gisa.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek beren inguruan mundu klasikoko elementuak bereizten dituzten, gure iraganeko ondaretzat hartzen dituzten eta lehenagotik dituzten ezagupenen argitan interpretatzen ote dituzten, askotariko iturrien erabilera selektiboaren bitartez. Bestalde, ebaluatu nahi da ea gai diren zuzeneko iturrietan arakatzeko eta materialei ekiteko, lortutako datuak antolatuz eta beren lanean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz funtsezko tresna gisa.

LATINA II

Edukiak

1. Latina.

-Izen eta izenordain flexioa berrikustea. Forma irregularrak.

-Aditz flexio erregularra berrikustea. Aditz irregularrak eta defektiboak. Aditzaren izen-formak. Aditz-joko perifrastikoa.

-Kasuen sintaxiaren azterketa sakonagoa.

-Perpaus konposatua. Menderakuntza.

2. Latinezko testuak eta horien interpretazioa.

-Itzulpenaren eta analisi morfosintaktikoaren tekniketan eta praktikan sakontzea.

-Latineko hiztegia ongi erabiltzea.

-Jatorrizko testu baten eta bere itzulpenaren arteko azterketa sintaktiko konparatiboa.

-Itzulitako testuen inguru sozial, kultural eta historikora hurbiltzea.

-Literatura generoen ezaugarri formalak.

3. Latinaren lexikoa eta horren bilakaera.

-Latinetik hizkuntza erromanikoetarako bilakaera fonetikoaren arauak.

-Latinezko hitzen sorrera. Hitz-elkarketa eta eratorpena. Osagai etimologikoak hizkuntza erromanikoen lexikoan.

-Latina eta gaztelania nahiz jatorri bereko beste hizkuntza batzuk bereizten dituzten ezaugarriak.

-Batxilergoko irakasgaietan ohikoak diren jatorri greko-latindarreko hitzak.

-Hizkera kultuan txertatutako esamolde latindarrak.

4. Erroma eta bere ondarea.

-Literatura klasikoaren transmisioa.

-Literatura genero latindarrak eta ondorengo adierazpenetan izan duten eragina: antzerkia, historiografia, oratoria, poesia epikoa eta poesia lirikoa.

-Erromaren ondarea: aztarnak museoetan eta Hispaniako aztarnategi arkeologikoetan.

-Zuzenbide erromatarraren iraupena gaurko antolamendu juridikoan.

Ebaluazio irizpideak

1. Jatorrizko testuetan morfologia erregularraren eta irregularraren elementuak eta perpaus bakun eta konposatuaren sintaxiaren elementuak identifikatu eta aztertzea, eta ezagutzen dituzten beste hizkuntza batzuekin konparatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek latina jakin eta erabiltzen duten, eta aurreko kurtsoan lortutako maila osatu duten, irregulartasun morfologiko ohikoenak eta latinaren menderakuntza prozedurak ikasiz. Beren aurrerapena erakusteko, maila honetan, jatorrizko testu konplexuagoen azterketa morfosintaktikoak eginen dituzte, eta ezagutzen dituzten beste hizkuntza batzuekin konparaturik, desberdintasunei eta antzekotasunei antzemanen diete.

2. Literatura genero desberdinetako latinezko testu konplexu samarrak modu koherentean itzultzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek aurrera egin duten latina hizkuntza flexibo gisa bereganatzeko bidean. Egitura linguistiko desberdinak bereizteko eta, oraingoan, aztertzeko prozesuaren ondoren, lehenbiziko kurtsoan bezala, aplikazio eta sintesi ariketa etorriko da, itzulpena, hain zuzen ere. Kurtso honetan itzulpenaren zehaztasunari estiloaren egokitasuna gehitzeko ahalegina eginen da, hiztegia modu egokian erabiliz.

3. Latineko lexikoa eta ikasleak erabiltzen dituen beste hizkuntza batzuetakoa konparatzea, haien osagaiak identifikatu eta esanahi etimologikoa ondorioztatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek latineko lexikoa osatzeko eratorpen eta konposizio prozedurak ezagutzen dituzten eta ea jabetu diren eratorri horiek halaxe pasatu direla berek erabiltzen duten hizkuntzara. Halaber, jakin nahi da ea ikasleek gogoeta egin duten eratorpen eta konposizio prozedurei buruz, zeinetan jatorri greko-latindarreko hizkiek zeregin nagusia betetzen baitute. Horretarako, lexikoaren azterketa konparatuak, familia semantikoen berreraikuntza eta aurrizki eta atzizki greko-latindar desberdinek eragiten duten esanahi aldaketen analisiak proposatu ahal izanen dira, eta osagai etimologikoen esanahitik abiaturik termino linguistiko, zientifiko eta teknikoak egoki definitzeko eskatu ahal izanen da.

4. Latinaren bilakaera fonetikoaren arauak hizkuntza erromanikoei aplikatzea, fenomeno fonetikoak deskribatzeko terminologia egokia erabiliz.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten azaltzen, terminologia egokia erabiliz, nolako bilakaera fonetikoa izan duten latinezko hitzek beren hizkuntzara pasatzeko. Halaber, egiaztatu nahi da ikasleek hau ikasi duten: hizkuntza erromanikoen bilakaeran maiz gertatu izan dela latinezko etimo beretik ondare-hitz bat eta kultismo bat sortzea. Horretarako, hitz bikoteak latinezko beren aurrekoarekin konparatzeko eta eboluzio prozesuan hizkuntza erromanikoko terminora iritsi arte gertaturiko fenomeno fonetikoak deskribatzeko eskatuko zaie.

5. Genero desberdinetako testu itzulien ezaugarri literario nagusiak azaldu eta identifikatzea, eta haien berezitasunak eta ondorengo literaturara haiek transmititu izanaren arrazoia hautematea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek identifikatzen dituzten literatura testu baten funtsezko osagaiak, argumentua, egitura, espazioa eta denbora, pertsonaiak eta baliabide estilistikoak, eta ea genero desberdinak bereizten dituzten beren ezaugarriei erreparaturik. Zentzu osoa duten testuak proposatuko dira lanerako, literatura genero desberdinetakoak, eta literatura erromatarraren ezaugarriak, gaiak edo topikoak jaso dituzten geroagoko literatura testuekin konparatuko dira.

6. Lan monografikoak egitea, zuzeneko iturriak kontsultatuz eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, lana antolatzeko eta emaitzak jakinarazteko tresna gisa.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek sormena erabiltzen duten lana planifikatzeko eta informazioa bilatu, jaso eta sistematizatzeko, eta, halaber, ahoz edo idatziz egiten dituzten adierazpenen egokitasuna neurtuko da. Ikasleak, irakaslearen eskutik, jarduera planifikatuko du, informazioa antolatu eta erkatuko du eta hipotesiak egiten saiatuko da. Prozesu osoan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliko ditu lan tresna nagusitzat eta bere ondorioak azaltzeko erabilera anitzeko euskarritzat.

LITERATURA UNIBERTSALA

Literatura unibertsala irakasgaiaren bitartez handitu egiten da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoko Gaztelania eta literatura irakasgai komunean eskuratutako prestakuntza literario eta humanistikoa. Batxilergoak gazteen askotariko interesak kontuan hartu behar dituenez, irakasgai honek, Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean nahiz Arte modalitatean, aukera eman behar die beren nortasuna aberasteko eta munduaz duten ikuskera sakondu eta zabaltzeko irakurketa kontzientearen bitartez, eta, era berean, etorkizunari begira dituzten interes akademiko eta profesionalekin bat datorren prestakuntza eskaini behar die.

Aurreko urteetan literatura testuei buruz egindako hurbilketa osatu eginen da literatura mugimendu handien eta beste literatura batzuetako obra eta egile adierazgarrienen ikuspegi orokorraren bidez. Horrela diskurtso literarioaren ikuspegi orokorragoa, zabalagoa eta sakonagoa emanen da, fenomeno unibertsal gisa harturik.

Literatura testuak garai bati dagozkion iritzi ideologiko eta estetikoen adierazpen artistikoak dira, egileen jenio sortzaileak interpretatuak. Gizateriaren memoria kultural eta artistikoaren eta mundua interpretatzeko moduaren funtsezko atal dira; gizakien zirrara, ideia eta ametsen gordailu dira. Pentsamendu eta sentimendu kolektiboak islatzen dituzte, beraz, eta kulturen nortasun ezaugarriak ulertzen laguntzen dute haien historiako une desberdinetan. Gainera, literaturan oinarria duten testuinguru, genero eta euskarriak hainbat direnez (opera, antzerki eszenografiak, musika lanak, era guztietako adierazpen plastikoak), irakasgai honek komunikazio gaitasuna lantzeko baliabideak handitzen eta sendotzen ditu alderdi guztietan.

Bestalde, literatura lagungarria da gazteen heldutasun intelektual, estetiko eta afektiboa lortzeko, beren banakako esperientziei ere objektibotasunez begiratzeko aukera ematen baitie, gizarteratzeko eta errealitatera irekitzeko dituzten premiak begi bistakoak izaten diren unean, hain zuzen. Literaturak, gainera, artearen eta pentsamenduaren historiarekin lotura nabariak dituenez, kontzientzia kritikoa garatu eta, funtsean, nortasuna eratzeko balio du.

Edozein eratako mugak gaindituz, ordea, literaturak behin eta berriz ukitzen dituen gaiak mota askotako kulturetan agertzen dira ia beti; hortaz, honako honen lekukoa dugu: gizateriak antzeko kezkak izan ditu, behar berdintsuek estutu dute eta, denboran zehar, amets berdinei atxiki zaie. Poesiak, adiera zabalenean ulertuta, mundutar egiten gaitu.

Irakasgaiaren lehenbiziko eduki multzoa komuna da. Literatura obrak iruzkindu eta aztertzea funtsezko lan prozedura da. Izan ere, obra adierazgarriak edo haien pasarte nagusietako batzuk zuzenean lantzea, beren inguruan behar bezala kokaturik, benetako kultura prestakuntzaren oinarria da. Batxilergoko ikasleek oinarrizko gaitasunak izan behar dituzte errealitatera hurbiltzeko jarrera irekiarekin eta hainbat ikuspuntutatik, bai halaber, formaz edo edukiz antzeko ezaugarriak dituzten testuak konparatzeko ere, beren ezagupenak transferitu eta irakurketa berrien eta ikasitako eremu kontzeptualen artean harremanak ezartzeko. Literatura jakintzetan sakontzeko bide ematen duten iturri bibliografikoekin eta informazioarekin ohitu behar dira.

Multzo komun honetako bigarren alderdia hauxe da: beste arte adierazpen batzuekin zerikusia duten eduki literarioak. Irakasgai hau zein modalitatetan egiten den, modu desberdinean heldu behar litzaioke alderdi honen tratamenduari.

Gainerako multzoek ordena kronologikoari jarraitzen diote. Lehenbizikoan literaturari buruzko sarrera historikoa egiten da, fenomeno unibertsala den aldetik, eta mitologiek kultura guztien jatorrian bete duten eginkizuna aztertzen da, baina ez dago edukien tratamendu zehatzik. Ondoko multzoetan, berriz, guztiek onartzen dituzten aro eta mugimendu handiak biltzen dira. Hartara forma artistikoen bilakaera erreferentzia-multzo aberasgarri baten argitan ikusiko dugu. Helburu hori betetzeko, denbora baldintzak kontuan harturik, ezinbestekoa da zenbait joera, garai, lan eta idazle hautatzea: ondorengoengan eragin handiena izan dutenak, gure irudimena oraindik ere elikatu eta gaur egungo egileen obretan islatzerainoko arrastoa utzi dutenak.

Edukiak ordena kronologikoari jarraituz aurkezten badira ere, azpimarratu behar da sekuentzia didaktikoa osatzeko aukera ere badagoela, behin eta berriz agertzen diren gaiak eta motiboak eta historiako une bakoitzean horiek jasotzen dituzten ñabardura eta ikuspuntu desberdinak nabarmentzeko. Bestalde, nahiz eta ez den beste irakasgai batzuen berariazko aipamenik egiten, bistan da antzekotasun orokorrak eta zenbait desberdintasun nabarmentzea komeni izanen dela; esate baterako, Barrokoaren eta Klasizismoaren neurriak eta kronologia aldatu egiten direla Europako alde batetik bestera eta arte arlo batetik bestera.

Helburuak

Batxilergoan Literatura unibertsaleko ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatzen lagundu nahi da:

1. Gure errealitate kulturala osatzen duten joera estetiko eta literatura lan eta egile garrantzitsuenak ezagutzea.

2. Literatura testu osoak eta zati adierazgarriak irakurri eta norberaren irizpideen arabera interpretatzea, eta sortu ziren inguruekin erlazionatzen jakitea.

3. Literatura lanen irakurketaren bidez ohartzea gai batzuk behin eta berriz errepikatzen direla, historian zehar ikuspegi desberdinetatik ekin zaiela eta kultura guztietako gizakiengan komunak diren kezkak, sinesmenak eta helburuak islatzen dituztela.

4. Literaturaren adierazpenak ulertzea eta kritikoki baloratzea, gizabanakoen zein taldeen sortze lanak eta sentimenduak adierazteko modua eta gizakiek historian zehar munduari azalpenak bilatzeko ahaleginaren isla diren aldetik.

5. Irakurketaz gozatzea, ezagupen eta esperientzia berrien iturri eta aisialdirako jarduera atsegina baita.

6. Literatura ikasteko iturri bibliografiko egokiak modu kritikoan erabiltzen jakitea.

7. Literatura gaien inguruko lanak planifikatu eta idaztea behar adinako zorroztasun eta egokitasun mailarekin, eta ahozko azalpen zuzen eta koherenteak egitea haiei buruz, eskola liburutegia, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz.

8. Literatura unibertsaleko lan aipagarriek eta horietan oinarritu diren musika lanek eta bestelako arte adierazpenek (opera, zinema ...) elkarrekin dituzten loturak aztertzea.

Edukiak

1. Eduki komunak.

-Literaturaren aldi guztietako pasarteak, antologiak edo bereziki adierazgarriak diren obra osoak irakurri eta iruzkintzea.

-Literatura lanen eta musika lan, antzerki, zinema eta abarren arteko loturak. Iraupenak, egokitzapenak, tratamendu desberdinak eta beste lotura batzuk aztertu, ezagutu edo alderatzea. Adibide argigarriak hautatu eta aztertzea.

2. Antzinatetik Erdi Arora: mitologien eginkizuna literaturaren sorreran

-Literatura biblikoaren, grekoaren eta latindarraren ikuspegi laburra.

-Erdi Aroko epika eta ziklo arturikoaren sorrera.

3. Pizkundea eta Klasizismoa.

-Ingurune orokorra. Munduko aldaketak eta gizakiaren ikuskera berria.

-Maitasunaren lirika: petrarkismoa. Sorburuak: trobadoreen poesia eta Dolce Stil Nuovo. Petrarkaren Canzionereren berrikuntza.

-Prosazko narrazioa: Boccaccio.

-Europako antzerki klasikoa. Ingalaterrako antzerki isabeldarra.

4. Argien mendea.

-Jokabide kritikoaren garapena: Ilustrazioa. Entziklopedia. Prosa ilustratua.

-Nobela europarra XVII. mendean. Cervantesen eta Espainiako pikareskaren ondorengoak ingeles literaturan.

5. Mugimendu erromantikoa.

-Iraultza erromantikoa: kontzientzia historikoa eta zientziaren zentzu berria.

-Erromantizismoa eta literatura-mugimendua izatearen kontzientzia.

-Poesia erromantikoa. Nobela historikoa.

6. XIX. mendearen bigarren erdia.

-Narratiba erromantikotik Errealismora Europan.

-Literatura eta gizartea. Errealismoaren gaien eta teknika narratiboen bilakaera.

-XIX. mendeko eleberrigile europar garrantzitsuenak.

-Ipar Amerikako literatura handiaren sorrera (1830-1890). Bizi esperientziatik literaturara. Ipuinaren berpiztea.

-Modernotasun poetikoaren abiapuntua: Baudelairerengandik Sinbolismora.

-Europako antzerkiaren eraberritzea: antzerki berria eta pentsamolde berriak.

7. Literaturaren ikuspegi berriak XX. mendean, eta literatura generoen eraldaketak

-XIX. mendeko pentsamenduaren krisia eta mende amaierako kultura. Europako ordenaren haustura: 1914ko krisia. Berrikuntza filosofiko, zientifiko eta teknikoak eta literatura lanen sorkuntzan izan zuten eragina.

-Nobelak idazteko modu berriaren sendotzea.

-Europako abangoardiak. Surrealismoa.

-Amerikar literatura handiaren gailurra. Belaunaldi galdua.

-Absurdoaren antzerkia eta konpromisoko antzerkia.

Ebaluazio irizpideak

1. Literatura genero garrantzitsuenen (narratiba, poesia, antzerkigintza) bilakaeran izandako une aipagarrietako batzuen ezaugarriak ematea, eta ideia estetiko nagusiekin eta aldaketa artistiko eta kulturalekin duten lotura adieraztea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten azaltzen, ahozko edo idatzizko azalpen laburren bitartez, literaturari eta generoei buruzko ikusmoldearen aldaketa garrantzitsuak, eta ea aldaketa horiek beren inguruabar kulturalen esparruan kokatzen dituzten; hau da, literaturaren, gainerako arteen eta aldaketa garai batean gizarteak munduaz duen ikuskeraren arteko lotura ezartzen duten.

2. Garai desberdinetako lan laburrak eta pasarteak aztertu eta iruzkintzea, eta haien edukia interpretatzea, gai eta forma literarioez, garaiez eta egileez ikasitakoaren arabera.

Aintzat hartuko da gaitasuna izatea garai desberdinetako literatura lanak eta egileak beren inguru historiko, sozial eta kulturalean interpretatzeko, gai eta motibo jakin batzuk agertzen direla adieraziz, horiek lantzeko modua nola aldatu den azalduz, garai bereko edo beste garai batzuetako beste lan batzuekiko loturak erakutsiz, eta generoaren ezaugarriak eta tropo eta prozedura erretoriko ohikoenak bereiziz.

3. Ahozko azalpenak egitea lan, egile edo garai bati buruz, ikus-entzunezko baliabideak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiliz, eta norberaren iritziak azaltzea, aurrez prestatutako eskemari jarraituz.

Irizpide honen bidez ebaluatuko da zenbateko gaitasuna duten ikasleek ahozko azalpen laburrak planifikatu eta egiteko, ezagupen literarioak eta irakurketak integratuz. Honelako alderdiak baloratuko dira: edukiaren egitura, iritzia azaltzeko argudioak, iturrien kontsulta, informazio garrantzitsuaren hautapena, eta erregistro egokia eta behar den terminologia literarioa erabiltzea.

4. Lan kritikoak egitea garai jakin bateko lan garrantzitsu baten irakurketari buruz, lan hori bere inguru historiko eta literarioari loturik interpretatzea, behar den informazio bibliografikoa lortzea eta balorazio pertsonala egitea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da zenbateko gaitasuna duten ikasleek garai jakin bateko obra garrantzitsu bat osorik irakurri ondoren hura interpretatu eta baloratzeko lan pertsonala egiteko, bai edukiaren aldetik bai forma literarioen erabileraren aldetik, eta bere inguru historiko, sozial eta literarioarekin lotzeko, bai eta, kasua bada, haren egileak bere garaian edo literaturaren historian izandako ospe eta garrantziarekin ere. Informazio iturri bibliografikoen erabilera ere baloratuko da.

5. Literatura lanen balorazioak egitea ahoz edo idatziz, gizataldeen ideien eta sentimenduen elkargune eta norberaren esperientzien ondarea aberasteko tresna diren aldetik.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek jarrera irekia, arreta eta interesa garatu dituzten literaturaren aurrean, eta pertsona batzuen ahalegin artistikoaren emaitza ez ezik, gizakien kezken isla ere ikusten duten literaturan. Irakurketari eta literaturako berriei buruzko interesa jarrera horren adierazgarria izan daiteke, baina beste era batzuetan ere ager daiteke, adibidez, ahozko edo idatzizko azalpenetan, edo literatura lan jakin batek norberaren nortasuna aberasteko eta barne mundua eta gizartea ulertzeko egiten duen ekarpenari buruzko eztabaidan.

6. Literatura unibertsaleko testuak eta literatura espainiarreko garai bereko testuak alderatzea, haien arteko eraginak, antzekotasunak eta aldeak agerian jartzeko.

Ikasleek loturak ezarri behar dituzte literatura unibertsaleko testu literarioen eta Gaztelania eta literatura irakasgai komunaren bidez ezagutu dituzten literatura espainiarreko testuen artean. Ukipen puntuak nabarmendu behar dituzte, elkarren arteko eraginei eta eremu unibertsaleko gai oinarrizkoekiko kezka berdintsuen aldi bereko adierazpenari dagokienez. Bide batez, ebaluatuko da ea gai diren irakurketaz gozatzeko, ezagupen berrien iturri eta aisialdiko jarduera atsegingarri gisa, beste kultura eta arte esparru batzuetan proiektatu diren alderdiak azpimarratuz eta une jakin batzuetan dauden desberdintasun estetikoak agerian jarriz.

7. Literaturak sortutako zenbait mito eta arketiporen eraginaz eta munduko kulturan izan duten balio iraunkorraz ohartzea.

Zenbait mito eta arketipok historian zehar izan duten garrantzi kulturala ezagutu behar da, eta literatura testu batzuk klasiko bilakatzen dituen ezaugarrietako bat baloratu, hots, denboran irauten duten eta taldeen erreferentzia gune izatera iristen diren karaktere handien sorkuntza. Ikasleek datuak eman behar dituzte, mito eta pertsonaia unibertsalek, Don Kixote, Romeo eta Julieta, Don Juan eta gisakoek, gizateriaren ondare kulturalean utzi duten arrastoa azpimarratzeko.

8. Literatura unibertsaleko obra garrantzitsuak beste arte adierazpen batzuetara nola moldatu diren azaltzeko adibideak ematea, eta horietako batzuetan adierazpen hizkuntzen arteko loturak edo aldeak aztertzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten literatura lanak beste arte adierazpen batzuen oinarri gisa erabili ohi direla, eta ea haien arteko loturak, antzekotasunak eta desberdintasunak aztertzeko gai diren, erabiltzen dituzten hizkuntza motak bereziki azpimarratuz.

GIZARTE ZIENTZIEI APLIKATUTAKO MATEMATIKA I ETA II

Gizarte zientziei aplikatutako matematika II egiteko Gizarte zientziei aplikatutako matematika I-eko ezagutzak behar dira.

Matematika bere xedeak eta ikuspegia zabaltzen joan den heinean, gero eta estimatuagoa izan da errealitatea interpretatzeko ezinbesteko tresna gisa, eta, halaber, askotariko gertaera sozial, zientifiko eta teknikoak adierazteko bidea den aldetik. Hala, matematika ezinbesteko adierazpide bilakatu da eta loturak egin ditu jakintza arlo askorekin. Ezaugarri horiek matematika irakatsi eta ikasteko prozesuan nabaritu behar dira.

Gizartearen errealitatearen adierazpen ekonomiko, artistiko, humanistiko, politiko eta abarrekoei matematikaren ikuspegitik begiratuz eta arazoei halako ikuspegitik ekinez gaitasun asko garatzen dira: sinplifikaziorako eta abstrakziorako gaitasuna, horiek beharrezkoak baitira gauzak errazago ulertzeko; datuak aztertu, diskurtsoaren funtsezko elementuak aukeratu eta zentzuzko ondorioak ateratzeko gaitasuna; argudioen zorroztasuna; eta, bereziki, autonomia, hipotesiak sortu eta egiaztatzeko, ebazpenerako estrategia desberdinak diseinatzeko edo lortutako emaitzak antzeko egoeretara estrapolatzeko autonomia, hain zuzen ere.

Hori lortzeko, sormena bezain garrantzitsua da matematikaren aurrean jarrera ireki eta baikorra izatea, gure inguruko mundua objektibotasunez interpretatzerakoan erabilgarria izanen den tresnatzat hartuta. Ikuspuntu horrek benetako esanahia hartzen du problemak ebazteko dinamikaren barnean, eta horixe izanen da irakasgai hau irakatsi eta ikasteko prozesu osoaren ezaugarri nagusia.

Ingurune horretan, jakintza matematikoa bereizten duten abstrakzio sinboliko handiak, zorroztasun sintaktikoak eta frogaren beharrak ere beren tokia izan behar dute irakasgai honetan. Formulak, behin esanahia eman zaienean, emaitzen interpretazioa errazten duen erreferentzia bilakatzen dira, baina ez da ikasgaitzat hartu behar ez haien lorpena ez haien kalkulua, eta are gutxiago memorizazioa. Tresna teknologikoek, bestalde, informazioaren tratamenduari ezer gutxi eransten dioten kalkulu aspergarriak saihesteko aukera ematen dute, eta haien bidez bizkortasun eta fidagarritasunez aztertzen ahal dira gizarteko prozesu aldakorrak, hasierako baldintza eta parametro batzuk aldatuz. Hala ere, beti landu behar dira kalkulu sinpleak eskuz egiteko arintasuna eta zehaztasuna. Ikasleek arlo horretan akatsak egin ohi dituzte eta gerta liteke halako hutsen erruz emaitza faltsuak edo ondorio okerrak ateratzea.

Bai ikuspuntu historikotik eta bai egungo gizartean matematikak betetzen duen eginkizunari dagokionez ere, irakasgai gutxik erakusten dute honako honek bezain garbi matematika gure kulturaren osagai dela. Horregatik, planteatzen diren jardueren bidez aukera eman behar da matematikako tresnak gizartean garrantzi berezia duten gertaerak aztertzeko erabil daitezen, hala nola kultura aniztasuna, osasuna, kontsumoa, hezkidetza, bizikidetza baketsua edo ingurumenaren errespetua.

Informazioaren gizartea jakintzaren gizarte bilakatu ahal dadin, informazioa zentzuz bilatu eta hautatzeko eta hartatik behar diren datuak ateratzeko gaitasuna behar da, baina, horrez gain, bilaketa horri esanahia ematen jakin behar da. Horregatik, tresna gisa duen garrantzia gutxietsi gabe, azpimarratu behar da matematikak prestakuntza balio handia ere baduela garrantzi handiko arloak lantzeko: edertasuna eta harmonia bilatzea, sormena sustatzea, edo gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzea herritar autonomoak hezteko, beren buruaz seguruak, adoretsuak, jakin-nahiez beteak eta ekintzaileak, erronkei irudimenez aurre egiteko eta arazoei arrakastarako bermeekin ekiteko gauza direnak.

Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilergoa egin ondoren ikasketa sorta handia dagoenez, irakasgai honetarako curriculum egokia egin behar da, ekonomiaren edo soziologiaren arloa soilik lantzen ez duena eta derrigorrezko irakaskuntzako edukiei jarraipena ematen diena. Horregatik, eta irizpide propedeutiko hutsaren arabera, irakasgaia, bi kurtsotan banaturik, hiru ardatzen inguruan egituratzen da: Aritmetika eta aljebra, Analisia, eta Probabilitatea eta estatistika. Lehenbiziko kurtsoko edukiek bi eginkizun dituzte: funtzio-analisiaren kontzeptu nagusiak oinarritzea, eta ekonomiari eta bi aldagai dituzten gertaera sozialen interpretazioari oinarri sendoa ematea. Bigarren kurtsoan behin betiko finkatzen dira irakasgaiak Batxilergo honi egiten dizkion ekarpenak, unibertsitatean edo Lanbide Heziketako zikloetan izanen duten garapena oinarri. Horren adibide onak dira estatistika inferentziala edo funtzio-analisiaren ekarpenen gailurra den kalkulu infinitesimala.

Azkenik, garrantzitsua da matematika zientzia bizia dela erakustea, eta ez erregela finko eta aldaezinen multzoa. Ikasten diren edukien atzean bide kontzeptual luzea dago, izugarrizko neurriak dituen eraikuntza intelektuala, historian zehar aldatzen joan dena, gaur egun darabiltzagun formulazioetara iritsi arte.

Helburuak

Batxilergoan Gizarte zientziei aplikatutako matematikako ikasketen bidez hurrengo gaitasunak garatu nahi dira:

1. Matematikako edukiak askotariko egoerei aplikatzea gizarteko gertaerak aztertu, interpretatu eta baloratzeko, egungo gizartearen erronkak ulertze aldera.

2. Jarduera matematikoak berezkoak dituen jarrerak hartzea, hala nola ikusmolde analitikoa edo egiaztatu beharra. Zehaztasuna testuinguruaren mendeko irizpidea dela, intuiziozko iritziak egiaztatu beharreko argudioak direla eta ideia berriei ireki beharra erronka dela onartzea.

3. Nork bere iritziak osatu eta lantzea gertaera sozial eta ekonomikoei buruz, tratamendu matematikoak erabiliz. Datu eta mezuak eman eta interpretatzea, zehaztasun eta zorroztasunez argudiatzea, eta besteen desadostasunak eta ikuspuntu desberdinak aberasgarriak direla onartzea.

4. Hipotesiak egitea, eta problemak ebazteko estrategia desberdinak diseinatu, erabili eta erkatzea, egoera berriei autonomiaz, eraginkortasunez, konfiantzaz eta sormenez aurre egin ahal izateko.

5. Diskurtso arrazionala erabiltzea problemei ekiteko metodo gisa: prozedurak justifikatzea, arrazoibide zuzena egitea, argudio zorrotzak ematea eta funsgabetasun logikoak atzematea.

6. Askotariko baliabideak erabiltzea -baliabide informatikoak, ingurune fisiko eta sozialak eskaintzen dituenak eta eskola liburutegia barne- informazio grafikoa, estatistikoa eta aljebraikoa bilatu, hautatu eta lantzeko, arlo finantzarioan, humanistikoan eta bestelakoetan; informazioa landuz lortutako emaitzak egokitasun eta sakontasunez interpretatzea eta besteei jakinaraztea, ahoz eta idatziz, modu antolatu eta ulergarrian.

7. Matematikako termino eta notazioen berariazko hiztegia ikastea eta arintasunez erabiltzea. Hizkuntza tekniko eta grafikoa naturaltasunez txertatzea matematikoki aztertzen ahal diren egoeretan.

8. Matematikako ezagupenak errealitatea interpretatu eta ulertzeko erabiltzea, matematikaren eta inguru sozial, kultural edo ekonomikoaren arteko loturak ezartzea eta matematikak gure kulturan gaur egun duen tokia eta historian izan duena aintzat hartzea.

GIZARTE ZIENTZIEI APLIKATUTAKO MATEMATIKA I

Edukiak

1. Aritmetika eta aljebra.

-Zenbaki erreal baten hurbiltze hamartarra. Estimazioa, biribiltzea eta erroreak.

-Matematika finantzarioko problemak ebaztea, interes bakuna eta interes konposatua tarteko direla, tasak, amortizazioak, kapitalizazioak eta zenbaki indizeak erabiliz. Parametro ekonomikoak eta sozialak.

-Gizarte zientzietako problemak ebaztea ekuazio linealak edo ekuazio linealetako sistemak erabiliz. Gauss-en metodoa.

2. Analisia.

-Funtzio baten adierazpen aljebraikoa ematea, taula edo grafikoen bidez. Funtzio baten alderdi globalak. Funtzioak erabiltzea problemak ebazteko eta gertaera sozial eta ekonomikoak interpretatzeko.

-Interpolazio eta estrapolazio lineala. Egiazko problemei aplikatzea.

-Funtzio polinomiko, esponentzial eta logaritmikoen adierazpen analitikoa eta grafikoa, balio absolutua, zati osoa eta arrazional sinpleak identifikatzea haien ezaugarrietatik abiatuta. Zatika definitutako funtzioak.

-Aldakuntza tasa. Joerak.

3. Probabilitatea eta estatistika.

-Dimentsio bakarreko estatistika deskribatzailea. Aldagai motak. Metodo estatistikoak. Taulak eta grafikoak. Kokapen, sakabanatze eta posizio parametro estatistikoak.

-Bi dimentsioko banaketak. Bi aldagai dituzten gertaera sozial eta ekonomikoak interpretatzea puntu-hodei baten adierazpen grafikotik abiatuta. Bi aldagai estatistikoren arteko erlazio gradua. Erregresio lineala. Emaitzen estrapolazioa.

-Gertaerei probabilitateak esleitzea. Probabilitate banaketa binomiala eta normala.

Ebaluazio irizpideak

1. Zenbaki errealak erabiltzea informazioa aurkeztu eta trukatzeko, kasu bakoitzean eskatzen den errore marjina kontrolatuz eta doituz, problemak ebatzi behar diren egoera batean.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek gaitasunik ba ote duten egoera baten neurri zehatzak eta gutxi gorabeherakoak erabiltzeko, errore marjina kontrolatuz eta doituz, egoeraren inguruabarren arabera.

2. Gizarte zientziei dagokien egoera bat hizkuntza aljebraikora edo grafikora transkribatzea, matematikako teknika egokiak erabiltzea benetako problemak ebazteko, eta lortzen diren emaitzak interpretatzea.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak gai diren egoera bat aljebraikoki edo grafikoki adierazteko eta haren ebazpenera iristeko, lortutako emaitzak ingurunearen arabera interpretatuz, formula, algoritmo edo prozedura jakin bat aplikatzea besterik eskatzen ez duten ariketen ebazpen mekanikotik harantzago.

3. Portzentajeak eta interes bakun eta konposatuko formulak erabiltzea problema finantzarioak ebazteko, eta zenbait parametro ekonomiko eta sozial interpretatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek matematika finantzarioko oinarrizko ezagupenak kasu praktikoetan erabiltzen dituzten, eta, behar izanez gero, eskura dituzten bitarteko teknologikoetara jotzen duten emaitzak lortu eta ebaluatzeko.

4. Funtzio-familien grafikoak dagozkien egoerekin lotzea; gertaera ekonomiko eta sozialetan ohikoenak diren funtzioak bereiztea, eta erlazio funtzionalen bidez (taula numerikoak, grafikoak edo adierazpen aljebraikoak) aurkezten diren egoerak interpretatzea.

Ebaluatu nahi da zenbateko trebetasuna duten ikasleek atal honetako funtzioen portaera globala aztertzeko (funtzio polinomikoak, esponentzialak eta logaritmikoak, balio absolutua, zati osoa eta arrazional sinpleak), eta hori guztia, propietate lokalak ikuspuntu analitikotik sakonean aztertu beharrik gabe. Enuntziatuan aipatzen den interpretazio kualitatibo eta kuantitatiboa egiterakoan kontuan hartu behar da ardatzak, unitateak, eremua eta eskalak ongi hautatzearen garrantzia.

5. Taulak eta grafikoak erabiltzea gertaera sozialekin zerikusia duten egoera enpirikoak aztertzeko tresna moduan. Era berean, formula aljebraiko bakar batera egokitzen ez diren eta balio ezezagunak lortzeko metodo numerikoak erabiltzea ahalbidetzen duten funtzioak aztertzea.

Irizpide honek zerikusia du zenbakizko datuen eta, oro har, modu aljebraikoan adierazten ez diren erlazioen erabilerarekin. Esperimentu zehatzetatik ateratako datuak funtzio ezagun bati egokitzeko eta zenbakizko tekniken bidez informazio gehigarria lortzeko gaitasuna egiaztatzea du helburu.

6. Bi dimentsioko banaketa bateko datu multzo baten elementuen arteko erlazioa funtzionala ala ausazkoa den bereiztea, eta aldagaien arteko erlazioa interpretatzea, halakorik bada, korrelazio koefizientea eta erregresio-zuzena erabiliz.

Egiaztatu nahi da ea ikasleek badakiten bi aldagairen arteko erlazio mota eta maila bereizten, puntu hodei baten informazio grafikotik abiatuta; eta halaber, ea baduten gaitasunik ondorio egokiak ateratzeko, korrelazioarekin eta erregresioarekin zerikusia duten parametroak neurtzen dituzten egoera eta erlazioekin lotuz. Ildo horretan, kalkulua bera baino garrantzitsuagoa da korrelazio koefizientea eta erregresio-zuzena inguru jakin batean interpretatzen jakitea.

7. Estatistikako oinarrizko teknikak erabiltzea, probabilitate banaketa binomiala edo normala duten egoeren aurrean erabakiak hartzeko.

Ebaluatu nahi da ea, banaketa normalaren eta binomialaren taulak erabiliz, ikasleak gai diren gertaera baten probabilitatea zehazteko, egoera bat aztertzeko eta aukerarik egokiena zein den erabakitzeko.

8. Egiazko bizitzako problemei ekitea, informazioak antolatuz eta kodetuz, hipotesiak sortuz, estrategiak aukeratuz eta matematikak berezkoak dituen tresnak eta arrazoibideak erabiliz, egoera berriei eraginkortasunez aurre egiteko.

Ebaluatu nahi da ea ikasleek tresna eta estrategia desberdinak konbinatzen dituzten, horiek eskuratzeko bideak eta irakasgaiaren eduki zehatzak edozein izanik ere, eta egoera berriei determinazioz aurre egiten dieten, eredugintza, gogoeta logiko-deduktiboa, argudiatze moduak eta landu dituzten beste trebetasun matematiko batzuk erabiliz, problemak ebazteko eta ikerketak egiteko.

GIZARTE ZIENTZIEI APLIKATUTAKO MATEMATIKA II

Edukiak

1. Aljebra.

-Matrizeak, taulak eta grafoak adierazteko bide. Matrizeen batuketa eta biderketa. Matrizeen arteko eragiketek gizarte zientzietatik ateratako problemen ebazpenean duten garrantzia interpretatzea.

-Ezezagun bateko edo biko inekuazio linealak. Inekuazioen sistemak. Programazio lineala. Problema sozial, ekonomiko eta demografikoak ebazteko aplikazioak. Soluzioak interpretatzea.

2. Analisia.

-Limite kontzeptura hurbiltzea, funtzio baten joeraren interpretaziotik abiaturik. Jarraitutasun kontzeptua. Eten motak eta joera asintotikoak interpretatzea informazioaren tratamenduan.

-Funtzio baten deribatua puntu batean. Kontzeptura hurbiltzea eta interpretazio geometrikoa egitea.

-Deribatuak aplikatzea ohiko funtzioen propietate lokalak aztertzeko eta gizarte zientziekin eta ekonomiarekin zerikusia duten optimizazio problemak ebazteko.

-Funtzio polinomiko edo arrazional sinple bat bere propietate orokorretan oinarrituta aztertzea eta grafikoki adieraztea.

3. Probabilitatea eta estatistika.

-A priori eta a posteriori probabilitateen, probabilitate konposatuaren, baldintzatuaren eta totalaren kontzeptuetan sakontzea. Bayes-en teorema.

-Teoremen ondorio praktikoak: limitearen teorema zentrala, binomialaren hurbilketa normalera, eta zenbaki handien legea.

-Laginen hautapenarekin zerikusia duten problemak. Adierazgarritasun baldintzak. Populazio bateko parametroak.

-Laginen batez bestekoen eta proportzioen probabilitate banaketak.

-Konfiantza tartea, banaketa binomial baten p parametrorako eta desbiderapen tipiko ezaguneko banaketa normal baten batez bestekorako.

-Hipotesien egiaztapena, banaketa binomial baten proportziorako eta desbiderapen tipiko ezaguna duten banaketa normalen batez bestekorako edo batez bestekoen kenduretarako.

Ebaluazio irizpideak

1. Matrizeen hizkuntza erabiltzea eta matrizeen arteko eragiketak aplikatzea, taula edo grafiko eran egituratutako datuekin lan egin behar den egoeretan.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleek matrizeak trebetasunez erabiltzen dituzten informazioa antolatzeko eta matrizeen arteko zenbait eragiketaren bidez informazioa eraldatzeko.

2. Hizkuntza arruntean adierazitako problema bat hizkuntza aljebraikoan ematea eta ebaztea, teknika aljebraiko zehatzak erabiliz: matrizeak, ekuazioak eta bi dimentsioko programazio lineala; lortutako emaitzen esanahia modu kritikoan interpretatzea.

Irizpide honen bidez egiaztatu nahi da ea ikasleek eraginkortasunez erabiltzen duten hizkuntza aljebraikoa, bai problemak planteatzeko eta bai ebazteko ere, eta teknika egokiak aplikatzen dituzten. Helburua ez da ageriko aplikazioa duten ariketak mekanikoki ebazteko trebetasuna baloratzea, aitzitik, estrategia eta tresna aljebraikoak aukeratzeko gaitasuna neurtuko da, eta lortutako emaitzen esanahia modu kritikoan interpretatzeko gaitasuna ere bai.

3. Gizarte zientzietan ohikoak diren eta funtzioen bidez deskribatzen ahal diren fenomenoak aztertu eta interpretatzea, haien propietate nagusien azterketa kualitatibo eta kuantitatibotik abiatuta.

Irizpide honen bitartez ebaluatu nahi da ea zenbateko gaitasuna duten ikasleek gizarte zientzietako gai jakin batzuk funtzioen hizkuntzara itzultzeko, eta ea interpretazio matematiko horretatik informazio erabilgarria ateratzen duten, gertaera bat objektibotasunez aztertzeko balioko duena eta funtzioaren propietate orokorren eta lokalen azterketaren bidez analisi kritikoa egitea ahalbidetuko duena.

4. Deribatuen kalkulua tresna moduan erabiltzea funtzio baten portaerari buruzko ondorioak lortzeko eta egiazko egoera ekonomiko edo sozialetatik ateratako optimizazio problemak ebazteko.

Ez da irizpide honen helburua ikasleek funtzio deribatuen kalkulu konplexuetarako duten gaitasuna neurtzea, baizik eta kalkulu horiek ematen duen informazioa erabiltzeko gaitasuna baloratzea, eta ikustea ea trebetasunez erabiltzen dituzten inguruko baliabideak, horien bidez erlazioak eta murrizketak aljebraikoki zehazteko, muturreko balioak detektatzeko, optimizazio problemak ebazteko eta gizarte zientziekin zerikusia duten gertaerei buruzko ondorioak ateratzeko.

5. Probabilitateak esleitzea ausazko gertaera bakun eta konposatuei, mendeko nahiz independenteei, zenbaketa teknika pertsonalak, zuhaitz diagramak edo kontingentzia taulak erabiliz.

Baloratuko da ea ikasleek gertaera mota desberdinen probabilitateak zenbatetsi eta kalkulatzeko gaitasunik ba ote duten eta askotariko prozedurak erabiltzen dituzten a priori eta a posteriori probabilitateak, konposatuak edo baldintzatuak esleitzeko orduan. Irizpide honen bitartez, gainera, gizarte zientzien arloan probabilitatearen inguruko erabakiak hartzeko gaitasuna neurtuko da, kalkulu korapilatsuen beharrik ez dagoen egoeretan.

6. Gertaera sozialei buruzko azterketa estatistikoak diseinatu eta garatzea, aurrez ezarritako fidagarritasun eta zehaztasun mailarekin parametroak zenbatestea ahalbidetzen dutenak; banaketa mota zehaztea, eta aztertutako populazioaren portaerari buruzko ondorioak ateratzea.

Egiaztatu nahi da ea ikasleak gai diren aztertutako populazioa normala den ala ez identifikatzeko, eta trebetasun nahikoa duten lagin mota eta tamaina zehazteko, konfiantza tartea ezartzeko µ-rako eta p-rako, populazioa nolakoa den, normala edo binomiala, eta bi populazioren arteko edo balio jakin batekiko batez besteko edo proportzioen diferentzia adierazgarria den ala ez zehazteko. Irizpide honek berekin dakar probabilitate banaketak erabiltzeko trebetasunaren eta lortutako datuetatik ondorioak ateratzeko gaitasunaren balorazioa.

7. Komunikabideetan eta beste esparru batzuetan agertzen diren txosten estatistikoak modu kritikoan aztertzea, eta datuak nahiz ondorioak aurkezteko moduan errore eta manipulazio posibleak ikustea.

Komunikabideek estatistikako informazioari eta publizitateko mezuei ematen dieten tratamenduaren fidagarritasuna aztertzeko autonomia, zorroztasuna eta sen kritikoa baloratuko dira; bereziki, gizartean garrantzi berezia duten fenomenoei buruzko txostenen bidez erakutsitakoak.

8. Egiazko bizitzan matematika ikustea, ikasitakoa egoera berriei aplikatzea, eta estrategia eta tresna matematiko desberdinak diseinatu, erabili eta alderatzea egoera horien azterketarako eta tratamendurako.

Irizpide honen bidez ebaluatu nahi da ea ikasleak jabetzen diren matematika errealitatea ulertzeko tresna dela eta horrek gure kulturaren funtsezko osagai bilakatzen duela, eta ea gaitasunik ba ote duten egiazko bizitzako egoera praktikoetan -jardunbide matematikoa- erabiltzeko.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa