(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Irakaskuntzak :
    • Lanbide Heziketa :
      • 258/1998 Foru Agindua, uztailaren 16koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

258/1998 Foru Agindua, uztailaren 16koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa garatzen duena

 

(1998ko 103. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 28an)

Atarikoa

Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuenak (1997-03-14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), ikastetxe hauen antolaketaren eta funtzionamenduaren funtsezko alderdi batzuk arautzen ditu.

Ikasturte bakoitzean Erregelamendua gauzatu eta garatzeko jarraibide batzuk onetsi izan dira, orain arte ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautu dituztenak.

Ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideei izaera iraunkorragoa emateko asmoz, bidezkoa da Foru Agindu hau onestea, bertan biltzen baitira zenbait jarraibide, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren osagarriak, aipatu Erregelamenduarekin eta uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuarekin batera, otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren Hirugarren Xedapen Gehigarriaren arabera funtzionatzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuen eta Bigarren Hezkuntza Institutuen antolaketa eta funtzionamendurako erreferentzia egonkorra eman dezaten.

Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzuko zuzendariak Foru Agindu hau onesteko adostasun txostena aurkeztu du. Foru Aginduaren xedea da jarraibideak onestea, batez ere, arestian aipatutako Erregelamendu Organikoan aurreikusitako ikastetxeen antolaketa eta funtzionamenduaren funtsezko alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko eta, neurri batean, baita Erregelamendu Organikoan aurreikusirik ez dauden zenbait alderditan oinarrizko ildo batzuk ezartzeko ere. Era horretan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako Institutuek hezkuntza jardun koherente eta eraginkorra ziurtatzea da lortu nahi dena.

Foru Agindu honen edukia hiru Titulutan dago antolaturik. Horietatik lehenbizikoan Institutuaren Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako alderdiak zehaztu eta garatzen dira; Bigarrenean, Institutuetako irakaskuntzako koordinazio organoen funtzionamenduari dagozkion alderdiak garatzen ditu, eta azkenik, Hirugarrenean, beste zenbait gai jorratzen dira: D.B.H.I.etako irakasleen eta B.H.I.etako Departamentu didaktikoen arteko koordinazio didaktikoa, Erlijio eta Hezkuntza Jarduera Antolatuaren irakaskuntzak, ikastetxekoak ez direnak bertara sartzea, etab.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluaren bidez emaniko ahalmenak erabiliz, xedatu dut:

I. TITULUA. IKASTETXEAREN URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA

1. artikulua. Kontsiderazio orokorra.

1. Ikasturte bakoitzaren eskola aldia hasi aurretik, Institutuek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikastetxean ikasturte horretan hezkuntza komunitateko kideek egin beharreko jardueren aurreikuspena bilduko duena.

2. Urteko programazio orokorraren edukia Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 62. artikuluan ezarritakoari egokituko zaio, Foru Agindu honen hurrengo puntuetan egiten den garapena kontuan hartuz.

I. KAPITULUA. Edukia

2. artikulua. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko irizpide pedagogikoak.

1. Ikastetxearen ordutegi orokorra, Zuzendaritza Taldeak Klaustroaren iritzia entzun ondoren egina, Eskola Kontseiluak onetsi eta gutxienez alderdi hauek bildu beharko ditu:

a) Ikastetxeak zabalik egon behar duen ordutegia eta baldintzak. Eskola Komunitatearentzat irekita egonen da astelehenetik ostiralera goiz eta arratsaldez eta larunbata goizetan, hala behar denean.

Ikastetxeko zuzendaritzak bitartekoak ezarriko ditu ikastetxeak goizez zabalik egon daitezen eskolako oporraldian.

b) Eskola jarduneko ordu-banaketa. Ondotik ezartzen denari jarraikiz eginen da:

-Eskolako ordutegia, oro har, astelehenetik ostiralera, goizeko saiotan eta arratsaldeko bi saiotan, gutxienez, antolatuko da, goizez bakarrik aritzeko baimen espresoa eskuratzen duten ikastetxeak salbu, ikasturte bakoitzerako Eskola Egutegia egiteko arauetan ezartzen denaren arabera. Asteazkenetan ez da eskolarik izanen arratsaldez. Goizeko eta arratsaldeko saioen artean, gutxienez, ordu eta erdiko tartea utziko da, eta egunean, gehienez 7 irakastaldi emanen dira.

-Bi edo hiru irakastaldiren ondotik 20 minutuko atsedenaldia, gutxienez, programatuko da.

-Irakastaldiek berrogeita hamabost minutu iraunen dute, gutxienez.

-Ikasleen ordutegian ez da inolaz ere ordu librerik tartekatuko eskola orduetan.

-Eskola egun bakoitzean arloak edo irakasgaiak banatzerakoan, irizpide pedagogikoak erabiliko dira, beti ere banaketa orekatua izan dadin saiatuz, goizez nola arratsaldez.

-Irakasleen lehentasunek, orduei dagokienez, ez dute inolaz ere oztopatuko arestian azaldutako irizpideen edo Klaustroak ezar ditzakeenen aplikazioa.

Arestian aipatutakoaz gain, eskola jardueren ordu banaketa egiteko kontuan hartuko da ikasturte bakoitzerako Eskola Egutegia egiteko arauetan xedatzen dena, bai eta irakasleen Klaustroak horri buruz onetsiko duena, Foru Agindu honetan araututakoaren kontra jotzen ez badu.

c) Eskolakoak ez diren jardueren ordu banaketa. Horretarako, ikasleen eskola ordutegia ez dela eten behar kontuan hartuko da.

Irakasleen Klaustroaren bilerak, ebaluazio saioak eta kideen artean ikastetxeko langileak ez diren pertsonak dituzten Organoen bilerak ere irakastorduetatik kanpo eginen dira, arrazoituriko salbuespenak izan ezean, gobernu edo koordinazio organoen kide guztiak bertaratu ahal izateko.

d) Ekaineko eta iraileko jardueren azken egutegiaren aurreikuspena. Aurreikuspen horretan azken proba eta ebaluazioen egunak adieraziko dira, eta halaber, haien kontsulta epeak. Maiatzaren 20a baino lehen, ikastetxeek aipatu jardueren behin betiko egutegia igorriko dute Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura.

2. Langileak batera dituzten ikastetxeetako zuzendariek ados jarri beharko dute ikastetxearen ordutegi orokorra egin aurretik, langile horiei dagozkien ikastetxeen jarduerak bateragarri egin ahal izateko.

3. Ikastetxeen eta haien instalazioen erabilera maila ez-unibertsitarioko ikastetxe eta ikasleendako egoitzen eta horiei atxikitako instalazioen erabilera arautzen duen urtarrilaren 9ko 2/1995 Foru Dekretuan (1995-01-23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) aurreikusitakoari egokituko zaio.

3. artikulua. Hezkuntza proiektua.

1. Ikastetxe guztiek eduki beharko dute beren Hezkuntza Proiektua, zeinaren prestaketa eta edukia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren IV. Tituluaren I. Kapituluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. Hezkuntza Proiektua amaitu, ebaluatu eta, behar denean, Eskola Kontseiluak onetsirik, Urteko Programazio Orokorraren sail honetan sartuko da.

3. Ikastetxeek, Hezkuntza Proiektua igortzen denetik aurrera, aipatutako Proiektuan ikasturte bakoitzerako egiten diren aldaketak sartuko dituzte, soilik, Urteko Programazio Orokorraren sail honetan.

4. Ikastetxe berriek hiru ikasturteko epea izanen dute, gehienez, aipatutako Hezkuntza Proiektua egiteko. Prozesuak dirauen bitartean, ikasturtearen hasieran, Eskola Kontseiluak Hezkuntza Proiektuko prestatutako alderdiak aztertu, ebaluatu eta onetsiko ditu, Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorraren sail honetan sartzeko.

5. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak adieraziko du, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideak urtero onetsiko dituen arautegian, aipatu Proiektuarekin zerikusia duten oharrak zein diren.

6. Ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Proiektua hezkuntza komunitate osoak ezagutu eta kontsultatzeko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

4. artikulua. Etapako Curriculum Proiektua.

1. Ikastetxe guztiek bertan irakasten diren etapen Curriculum Proiektuak egin beharko dituzte. Horren prestaketa eta edukia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren IV. Tituluaren I. Kapituluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. Etapa bakoitzaren Curriculum Proiektuaren prestaketan, jarraipenean eta ebaluazioan arreta berezia emanen zaio ikastetxean irakasten diren etapa eta Heziketa Ziklo ezberdinen artean egon beharreko koordinazioari.

3. Etapa guztien Curriculum Proiektuak egiteko, ikastetxeak egokitu beharko dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuak dagokion arautegian Etapa bakoitzerako onetsiko dituen jarraibideetara.

4. Etapa guztien Curriculum Proiektuak eginik dituzten ikastetxeek, behin irakasleen Klaustroak ebaluatu eta onetsirik, ikasturtearen hasieran Urteko Programazio Orokorraren sail honetan sartuko dute aipatutako Proiektua.

5. Ikastetxeek, Curriculum Proiektua igortzen denetik aurrera, aipatutako Proiektuan ikasturte bakoitzerako egiten diren aldaketak, soilik, sartuko dituzte Urteko Programazio Orokorraren sail honetan.

Ildo horretatik, Etapako Curriculum Proiektuak Klaustroak ebaluatuko ditu urtero. Etapa guztien Curriculum Proiektua baloratzeko proposamenak eta haren aldaketak, baleude, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak aurkeztuko dizkio Klaustroari, irailean, eztabaidatu eta onesteko.

6. Ikastetxe berrietan, bertan irakasten diren etapa guztien Curriculum Proiektua lehenbiziko aldiz egiterakoan, artikulu honen 3. idazatiak aipatzen dituen jarraibideei jarraituko zaie. Ikastetxe hauek, Irakasleen Klaustroak ebaluatu eta onetsi ondoren, etapa guztien Curriculum Proiektuak igorriko dituzte, eta Urteko Programazio Orokorrean sartuko, ikasturtearen hasieran prestatuta dagoena, behinik behin.

7. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak adieraziko du, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideak urtero onetsiko dituen arautegian, aipatu Curriculum Proiektuekin zerikusia duten oharrak zein diren.

8. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak gainbegiratuko du etapa bakoitzaren Curriculum Proiektua indarra duen arautegiari egokitzen zaion egiaztatzeko, egokitzat jotzen dituen iradokizunak eginen ditu eta bidezkoak diren aldaketak, behar badira, adieraziko ditu.

9. Irakasleek beren irakaskuntza jarduerak antolatuko dituzte Institutuan irakasten diren etapa guztietarako onetsitako curriculum ofizialei jarraikiz, etapa bakoitzaren Curriculum Proiektuarekin, Departamentuek prestatutako Programazio Didaktikoekin eta, halaber, irakasle bakoitzak, bere jardunean, eginen dituen Ikasgelako programazioekin bat etorrita.

5. artikulua. Hezkuntza Orientabiderako Plana eta Tutore Ekintzarako Plana.

1. Hezkuntza, Psikopedagogi eta Lanbide Orientabiderako Planaren eta Tutore Ekintzarako Planaren proposamenak, Curriculum Proiektuaren zati bat izanik, Orientabide Departamentuak prestatu beharko ditu Klaustroak ezarritako irizpideei, tutoreen ekarpenei eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen ildoei jarraikiz, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 47 eta 56. artikuluetan islatuta dagoen bezala. Proposamenak eginik, Batzorde horri igorriko zaizkio ikasturteko eskola jarduerak hasi baino lehen, eztabaidatu eta Curriculum Proiektuan sartzeko.

2. Orientabiderako Planak bildu behar ditu, gutxienez, ikasleen ikasketa eta lanbide orientazioa antolatzeko irizpideak, bai eta hura aurrera eramateko behar diren jarduerak ere.

3. Tutore Ekintzarako Plana da tutoretzen antolaketa eta funtzionamendurako irizpideak eta prozedurak zehazteko testuingurua. Haren barrenean sartuko dira tutoreek talde bakoitzeko ikasleekin eta familiekin, bai eta dagokien irakaskuntza taldearekin ere, garatuko dituzten jarduketa orokorrerako ildoak. Tutoreak izendatu ondoren, egokitzat jotzen dituzten proposamenak egin ahal izanen dituzte, horiek eztabaidatu eta Tutoretza Planean sartzeko.

4. Ebaluazio saioei dagokienez, kontuan hartuko da ondokoa, oro har:

a) Ikasle bakoitzaren ikaskuntza prozesuaren ebaluazioak prestakuntzarako balioa ere izan behar du, informazioa emanez zenbait alderdiri buruz: egiaz zenbat aurreratu duen, lagungarri izan zaizkion banakako estrategiak zein diren, aurkitu dituen zailtasunak eta horiek gainditzeko zein baliabide dituen. Horretarako, tutoreek eta irakasgai, arlo edo modulu ezberdinetako irakasleek bilerak eginen dituzte, aldian behin, ikasleekin eta gurasoekin, informazioa eman eta ikasketen probetxamendua baloratu edo indartzeko planak proposatzeko.

b) Oro har, ikasleen kalifikazioa eginen da, gutxienez, hiru ebaluazio-saiotan, hiruhileko ebaluazio aldiekin bat etorrita. Ebaluazio saio bakoitzaren ondotik, tutoreek gurasoei eta ikasleei eman beharko diete hauen ikasketen errendimenduaren eta hezkuntza prozesuaren egoeraren berri, lortutako kalifikazioak agertuko dituen idatzizko komunikazio baten bitartez.

c) Azken hiruhileko ebaluazio saioa azkena izanen da, eta bertan sartuko dira ekaineko nahikotasun probak, proba horiek egitea dagokien irakaskuntzen kasuan, horien ebaluazioa erregulatzen duten arauekin bat etorrita.

d) Aurreko kurtsoetako gaiak edo irakasgaiak gainditu gabe dituzten ikasleendako, horren azken kalifikazioa, oro har, maiatzean eginen da, ikasle hauek matrikulatuta dauden kurtsoko irakasgai edo gai guztietan ebaluatuak izan daitezen.

e) Ebaluazio bakoitzean dagokion ebaluazio saioa egin beharko da.

5. Ebaluazio saioak, gutxienez, baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Taldeko irakasle guztiak bertaratu ahal izateko ordutegian egin beharko da, eta bertan egonen dira, gutxienez, dagokion taldeko irakasle guztien bi herenak.

b) Arlo, irakasgai edo modulu bakoitzaren notak eta estatistikak, bai eta Ikasketaburutzak eskatzen duen beste edozein dokumentazio, irakasleek bete beharko dituzte tutorearen tauletan, ebaluazio saioa izan baino 24 ordu lehenago, gutxienez.

c) Ebaluazio saioaren hasieran, tutoreak estatistiken laburpen bat eta jorratu beharreko gaien gidoi bat eraman beharko ditu.

6. Ebaluazio saio bakoitzean ebaluazio akta bat egin beharko da, honako alderdi hauek, behintzat, bilduko dituena:

a) Bileran dauden irakasleen zerrenda, haien sinadurekin.

b) Bilerara agertu ez diren irakasleen zerrenda.

c) Arlo, irakasgai edo modulu bakoitzean gainditu dutenen eta ez dutenen laburpen estatistikoa, bai eta portzentaia ikasleen kopuru osoarekiko.

d) Taldearen errendimenduen, jarreren eta arazoen gaineko iruzkin orokorra.

e) Zenbait ikaslerekin egin beharreko jarduera zehatzak, eta horien izen-zerrenda.

7. Era berean, ebaluazio bakoitzean Ikasketaburutzak arlo eta ikasle talde bakoitzean eman ez diren eskolen zerrenda eginen du, arrazoia adieraziz, eta Eskola Kontseiluaren zein Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskuetan utziko du, ondorioak behar bezala baloratzeko.

8. Ebaluazio saioen ondotik, Ikasketaburutzak tutoreen aktak bilduko ditu Eskola Kontseiluan aurkezteko, emaitzen eta ikasleen eskola-hutsegiteen estatistikarekin batera, eta halaber Eskola Kontseiluak dagokion aldia ebaluatu ahal izateko behar den beste edozein datu erantsirik. Emaitzen estatistikaren kopia bat igorriko zaio Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura.

9. Ikasleen ebaluazioan kontuan hartu beharko dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuak hezkuntza etapa bakoitzerako onetsiko dituen arautegia eta jarraibideak.

6. artikulua. Programazio didaktikoak.

1. Departamentuetan sartuta dauden arlo, irakasgai, modulu eta esparruei dagozkien irakaskuntzen Programazio Didaktikoak aipatutako Departamentuek prestatuko dituzte Curriculum Proiektuan sartzeko, Departamentuko buruaren koordinazio eta zuzendaritzapean eta eskolako jarduerak hasi aurretik, curriculum ofiziala eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako ildo orokorrak aintzat hartuz, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 60. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Departamentuek Programazio Didaktikoak egin ondoren, Koordinazio Pedagogikorako Batzordera igorriko dira, honek egiazta dezan Programazio horiek Batzordearen ildoekin eta Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 60. artikuluan ezarritakoarekin bat datozen, Curriculum proiektuan sartzeko. Iritzia aldekoa ez bada, zuzendariak Departamentura itzuliko du Programazio Didaktikoa berriz egin eta tramitatzeko.

3. Programazio Didaktikoak egiteko, Departamentuek kontuan hartu beharko dituzte Hezkuntza eta Kultura Departamentuak dagokion arautegian etapa bakoitzerako onesten dituen jarraibideak.

4. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak Programazio Didaktikoak, Curriculum Proiektuaren zati diren aldetik, berrikusiko ditu, indarra duen arautegian ezarritakoari egokitzen zaizkion egiaztatzeko. Era berean, programazio horiek ikasturtean zehar behar bezala garatu eta aplikatzen diren egiaztatuko du.

7. artikulua. Lantokietako Prestakuntzarako Ekintza Plana.

1. Lantokietako Prestakuntza egiterakoan lehentasuna izanen dute ikastetxearen eraginpeko eremuan dauden enpresa eta erakundeetan eginen da.

2. Ikasturtearen hasieran eta Curriculum proiektuan sartzeko, Bigarren Hezkuntzako Institutuek ikastetxean irakasten diren Heziketa Ziklo guztietako Lantokietako Prestakuntza Moduluak garatzeko Ekintza Plana prestatuko dute. Plan horren barnean sartuko dira, nahitaez, lantokiaren eta ikastetxearen artean programatutako praktikak, sortzen diren ikaskuntza arazoei erantzunez eta prestakuntza programari dagozkion jardueren garapena baloratuz.

8. artikulua. Ikastetxearen prestakuntza plana.

1. Ikastetxe guztiek prestatu beharko dute ikasturte hasieran ikastetxearen Prestakuntza Plana. Horren edukia Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, urtero, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideetan zehaztuko duenari lotuko zaio.

2. Ikastetxearen Prestakuntza Plana Nafarroako Foru Komunitateko Prestakuntzako Urteko Planak biltzen duen prestakuntza eskaintzan oinarriturik eginen da, ikastetxe bakoitzak dituen prestakuntza premiak kontuan hartuz, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak horri buruz egindako azterketatik abiatuta.

3. Ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordea arduratuko da ikastetxearen Prestakuntza Plana prestatzeaz, eta Klaustrora igorriko du, honek onets dezan.

4. Behin Klaustroak onetsirik, Ikastetxeko Prestakuntza Plana Urteko Programazio orokorraren sail honetan sartuko da.

5. Ikastetxeko zuzendariordea edo, horrelakorik ez badago, ikasketaburua izanen da koordinatzailea eta arduraduna Ikastetxeko Prestakuntza Plana betetzeari dagokion guztian.

9. artikulua. Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.

1. Ikasturte hasieran, ikastetxe guztiek prestatu beharko dute Jarduera Osagarrien eta Eskolaz Kanpokoen Programazioa. Hortaz, zuzendariordeak edo, horrelakorik ez badago, ikasketaburuak eginen du jarduera hauen urteko Programazioa, Eskola Kontseiluak aurretik prestatutako ildoei jarraikiz. Horretarako Klaustroaren, Guraso Elkarteen eta Ikasle Elkarteen proposamenak bildu beharko ditu. Programazio hau Urteko Programazio Orokorraren barrenean sartuko da.

2. Jarduera osagarriak dira irakaskuntzako programazioan sarturik egon eta hein handi batean eskola ordutegiaren barrenean egin arren, ohikoak ez direnak, egiteko une edo tokia dela-eta, edo erabiltzen diren baliabideengatik edo ikastetxearen inplikazioagatik. Jarduera hauek egiteak irakasleen ohiko irakastorduen kopurua gainditzea baldin badakar ordu konpentsazioa eman daiteke. Jarduera hauek nahitaezkoak izanen dira irakasle zein ikasleendako.

3. Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikasleekin irakastorduetatik kanpo egiten direnak. Parte hartzea borondatezkoa da irakasle zein ikasleentzat; beraz, ez dituzte hartuko ziklo bakoitzeko programazioan dauden irakaskuntzak.

4. Jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek bat etorri beharko dute ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin eta hau modu egokian garatzeko baliagarriak izan. Jardueren planifikazioan zehaztuko dira helburuak, arduradunak, egiteko tenorea eta tokia, ikasleek parte hartzeko modua, bai eta aurrekontuko kostua.

5. Zuzendariordeak edo, horrelakorik ez badago, ikasketaburuak, ikastetxeak egiten dituen mota honetako jardueren erregistro eguneratua eraman beharko du, eta bertan adierazi jarduera bakoitzaren eguna, ordua, iraupena, edukia, aurrekontuko kostua eta gastatutako diru kopurua. Erregistro horrek ikastetxean egon beharko du, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

6. Jarduerak egiteko adin txikikoak ikastetxea dagoen herritik kanpora eraman behar izanez gero, beharrezkoa izanen da gurasoen idatzizko baimena edukitzea. Ikasleekin joanen diren irakasleen kopurua: irakasle bat izanen da 20 ikasleko edo 10etik gorako zatiki bakoitzeko, eta zuzendariak hala iritzita kopurua handitu ahal izanen da, horrek gainerako ikasleen irakastorduak betetzeko arazorik sortzen ez duen bitartean.

7. Ikastetxe batek mota honetako jarduerak kanpoan (bisitak, txangoak, etab.) egin nahi baldin baditu, eta Programazio Orokorrean sarturik egon gabe eta Eskola Kontseiluaren tramitazioa ezinezkoa bada, Zuzendaritza Taldeak, salbuespen gisa, baimena eman ahal izanen du, beti ere Eskola Kontseiluan onetsitako ildoak betez. Ondoren Eskola Kontseiluari jakinarazi beharko dio.

10. artikulua. Zerbitzu osagarriak.

1. Zerbitzu Osagarriak, Jantokia eta Garraioa, emateko eskaintza publikoa dagoen ikastetxeetan, zuzendariaren esku egonen da ikasturte bakoitzerako Ikastetxearen Zerbitzu Osagarrien Plana prestatzea, Eskola Kontseiluaren jarraibideak kontuan hartuz.

2. Plan horretan, zehaztuko da zenbat irakasle beharko den eskola garraioa erabiltzen duten ikasleen sarrera eta irteera behar bezala zaintzeko, bai eta jantokiko zainketa zerbitzua eta eskolatik kanpo dagoen jantokira joateko garraioa erabili behar den kasuetarako laguntza.

11. artikulua. Memoria administratiboa.

1. Ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak memoria administratiboa eginen du, eta hau Urteko Programazio orokorrean sartuko da Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoan ezarritako moduan.

2. Ikastetxearen Antolamendurako Agiria Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikastetxeetara bidaliko dituen inprimakien bidez beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beteta, hogei eguneko epean bidali beharko zaizkio aipatutako Zerbitzuari, behin eskola jarduerak hasirik.

II. KAPITULUA. Prestaketa, onespena eta ebaluazioa

12. artikulua. Prestaketa.

Ikastetxeko zuzendariari dagokio ikasturte hasieran jarduketa egutegi bat ezartzea, ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak behar bezala presta dezan Urteko Programazio Orokorra, Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren ebatziak eta erabakiak aintzat hartuz.

13. artikulua. Onespena.

1. Urteko Programazio Orokorra, irakasleen Klaustroak horri buruzko adostasun txostena emanda, Eskola Kontseiluak onetsiko du, Klaustroaren eskumenekoak diren irakaskuntzako alderdiak ukitu gabe. Programazio horren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari bidaliko zaio urriaren 31 baino lehen eta beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan geldituko da, irakasleen, Eskola Kontseiluko kideen, eta legez eratutako ikastetxeko ikasleen guraso elkarteetako buruen eskura.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikertuko du Urteko Programazio Orokorra bat datorren Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoan ezarritakoarekin, jarraibide hauetan xedatutakoarekin eta ikasturte bakoitzean prestatzen direnetan ezartzen denarekin. Egin beharreko aldaketak zein diren ere adieraziko du, hala behar denean.

14. artikulua. Ebaluazioa.

1. Urteko Programazio Orokorra ikastetxeko kide guztiek bete beharko dute. Ikasturtea amaituta, Eskola Kontseiluak eta Ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak ebaluatuko dute noraino bete den Urteko Programazio Orokorra.

2. Ebaluazio prozesuan lortutako ondorio garrantzitsuenak Ikasturteko Amaierako Memorian bilduko dira. Memoria hori uztailaren 10a baino lehen igorri beharko da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura.

II. TITULUA. IRAKASKUNTZAKO KOORDINAZIO ORGANOAK

I. KAPITULUA. Departamentu Didaktikoak

15. artikulua. Departamentuen kopurua.

1. Bigarren Hezkuntzako Institutuetan Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 41.2 artikuluan ageri diren Departamentu Didaktikoak eratu ahal izanen dira.

2. Pertsona bakarreko Departamentuak eratu ahal izanen dira, soilik, Departamentu horietako espezialitatearen ordu guztiak ematen dituzten irakasgaiaren irakasle berariazkoak daudenean.

3. Irakasleren batek, Departamentu batekoa izanik, beste Departamentu bati edo batzuei dagokien arlo, irakasgai edo moduluren bat irakasten badu, azken hauei egonen da atxikirik, eta kontuan hartu beharko ditu azken Departamentu horrek edo horiek emandako ildoak, irakaslana ongi bete dadin.

16. artikulua. Eginkizunak.

1. Departamentuek Bigarren Hezkuntzako Institutuen Eregelamendu Organikoaren III. Tituluaren II. Kapituluan ematen zaizkien eginkizunak hartuko dituzte bere gain.

2. Irailean zehar, bakoitzak atxikirik dauzkan arlo, irakasgai, gai edo moduluen Programazio Didaktikoa eginen dute. Departamentuen Programazio Didaktikoek Curriculum Proiektuaren funtsezko zati bat osatzen dute eta Urteko Programazio Orokorrean sartuko dira, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 60. artikuluan ezarritakoari jarraikiz prestatu ondoren. Edukiak artikulu honetan aurreikusitako idazatiak izanen ditu, Foru Agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako alderdi hauei arreta berezia eskainiz:

a) Ziklo edo kurtsoaren helburuak, edukiak eta ebaluazio irizpideak, arlo, gai, irakasgai eta modulu guztien kasuan.

b) Ikasleek kurtsoan zehar ikasi dutena ebaluatzeko prozedurak.

c) Hurrengo kurtsora pasatzeko erabiliko diren irizpideak, bereziki balorazio positiboa lortzeko eskatu ahal den gutxienekoa eta kalifikaziorako irizpideak.

d) Erabiliko diren material eta baliabide didaktikoak.

e) Segurtasun eta higiene neurriak Heziketa Zikloetako eta Lanbide Hastapeneko Programetako irakaskuntzetan moduluekin zerikusia duten gaitasun unitateak gauzatzean.

17. artikulua. Bilerak.

1. Ikastetxearen ordutegian astean ordubete, gutxienez, gorde beharko da, irakastaldiaren barrenean, Departamentuko kide guztiak bildu ahal izateko. Ordu hori ikastetxearen eskola ordutegiaren barnean sartuko da. Bilera hauetako bat, gutxienez, hilabetean behin, Programazio Didaktikoaren garapena ebaluatu eta ebaluazioaren ondorioz komenigarri ikusten diren neurri zuzentzaileak ezartzeko izanen da.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan, gutxienez ordubete gorde beharko da astean esparru linguistiko-sozialeko eta zientifiko-teknologikoko arlo eta gaiei dagozkien irakaskuntzak ematen dituzten irakasleek bi esparru horietako bakoitzaren koordinazio didaktikoari buruzko bilerak egin ditzaten.

2. Bi Institutu elkartzetik heldu diren Institutu berrietan, egoitza toki ezberdinetan dauden bi eraikinetan edo gehiagotan duten horietan, Departamentuko kide guztien asteko bilera horiendako egokiena den orduan eginen da, eta asteazken arratsaldetan egin ahal izanen da.

3. Irailean eta ekainean behar diren bilerak eginen dira, batean Programazio Didaktikoen prestaketari eta ikasturteko lan planari azken ukituak emateko eta bestean, Programazioen, lan planaren eta Departamentuaren funtzionamenduaren ebaluazioa egiteko, ondoren Ikasturte amaierako memorian sartzeko. Bilera hauetara ikastetxe publikoetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza ematen duten irakasleak joanen dira.

4. Era berean, bilerak eginen dira asteazken arratsaldetan, Hezkuntza Proiektua eta ikastetxean ematen diren etapa eta zikloetako Curriculum Proiektuak prestatu eta berrikusteko lanetarako erabili ahal izanen direnak, edo bestela, prestakuntzako jarduerak egiteko, Ikastetxe hauen antolaketaren eta funtzionamenduaren alderdi puntualak ikasturte bakoitzerako arautzen dituzten jarraibideetan zehaztuko denaren arabera.

5. Atal honetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Nafarroako Urrutiko Hizkuntz Eskola Ofizialarekin dagoen lankidetza programan oinarriturik, atzerriko hizkuntzak irakasteko baimena duten Bigarren Hezkuntza Institutuetako Departamentu didaktikoek, beren aldetik, koordinazio bilerei dagokienez kontuan hartu beharko dute Ikastetxe horien antolaketaren eta funtzionamenduaren alderdi puntualak ikasturte bakoitzerako arautzen dituzten jarraibideetan horri buruz ezartzen dena, bai eta Nafarroako Urrutiko Hizkuntz Eskola Ofizialaren antolaketari eta funtzionamenduari dagozkienetan ezarritakoa ere.

18. artikulua. Departamentuburutza.

1. Departamentuburua zuzendariak izendatuko du irailean, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 44. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz, eta ikasturte bateko iraupena izanen du karguak.

2. Departamentuburutza zuzendaritzako kargu bat betetzen duen irakasle bati dagokionean, zuzendariak beste irakasle bat izendatuko du Departamentuko buru, aurreko idazatian azaldutako irizpideari jarraikiz.

3. Departamentuburua, Erregelamendu Organikoan adierazten diren eginkizunak bere gain hartzeaz gain, Departamentu bakoitzaren Programazio Didaktikoa prestatzeaz arduratuko da, nagusiki, eta horren ale bat aurkeztu beharko dio urriaren 10a baino lehen ikastetxeko zuzendariari, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeko burua baita, ikastetxeko Urteko Programazio Orokorrean sartzeko, Curriculum Proiektuaren zati gisa.

4. Zuzendaritzari Urteko Programazio Orokorrean sar dezan emanen zaion kopiaz gain, Departamentuko buruak kopia bana emanen die kideei eta beste bat utziko du Departamentuan bertan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Ikastetxeak edo/eta Institutuak atxikirik dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuen kasuan, Departamentu Didaktikoetako buruek beren Departamentuetako Programazio Didaktikoaren kopia bana eman beharko diete ikastetxe horietako irakasleei, dagokion arautegian horretaz ezarritakoa kontuan hartuz.

II. KAPITULUA. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentua

19. artikulua. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuaren funtzionamendua.

1. Heziketa Zikloak irakasten dituzten ikastetxeek Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentua eratu ahal izanen dute.

2. Haren osaera eta eskumenak izanen dira Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren III. Tituluaren IV. Kapituluan ezarritakoak.

3. Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoan eta dagokion arautegian esleiturik dauzkan eginkizunak betetzeko, Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuak irailean eginen ditu behar beste bilera, arreta berezia emanez, kasu honetan, ikasturtean burutuko dituen Jardueren planaren prestaketari. Ikasturtean zehar, normalean hamabostero eginen du bilera bat; eta ikasturte amaieran, ikasturtean zehar garatutako Jarduera Plana baloratu eta aginduzko urteko Memoria, ikastetxearen ikasturte amaierako Memoriari erantsiko zaiona, egiteko behar diren bilerak. Kanpoko Lanbide Jardueren Departamentuko buruak uztailaren 15eko 269/1997 Foru Aginduaren arabera (1997-08-25eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) erredaktatutako Urteko Memoria edo Txosten honen kopia bana bidaliko du Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzura eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura.

4. Departamentuburua ikasturte baterako izendatuko da, Erregelamendu Organikoan ezarritako moduan, eta bertan ematen zaizkion eskumenak hartuko ditu bere gain.

III. KAPITULUA. Tutoretzak

20. artikulua. Tutoreen izendapena eta funtzionamendua.

1. Institutu bakoitzean, ikasle talde bakoitzeko irakasle-tutore bat, gutxienez, egonen da.

2. Tutoreak Institutuko zuzendariak hautatu eta izendatuko ditu, ikasketaburuak proposatuta, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren III. Tituluaren V. Kapituluan ezarritakoari jarraikiz, honakoa kontuan harturik:

-Tutoretzak, lehentasunez, ikasle guztiendako den arlo, irakasgai edo modulua ematen duten irakasleen esku utziko dira.

-Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko taldeen tutoretzak lehentasunez taldeei horiei irakasten dieten maisu-maistren esku utziko dira.

3. Irakasle-tutoreak Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 52. artikuluan aurreikusten diren eginkizunak beteko ditu.

4. Irakasle-tutoreak bilera bat eginen du bere taldeko irakasleekin, gutxienez, ikasturtean behin, lehen hiruhilekoan, zehazki, eta horrez gain ebaluazio saioak.

5. Ikasturtean zehar bilera bat eginen da, gutxienez, gurasoekin, guztiekin, eta beste bat, ikasle bakoitzarenekin.

6. Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 24.2.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, irakasle-tutorearen ordutegian ordu osagarri bat sartuko da astero gurasoei denbora eskaintzeko. Tutoretzako ordu hori irakasle-tutoreen banakako ordutegietan agertaraziko da eta gurasoei zein ikasleei jakinaraziko zaie ikasturte hasieran.

7. Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren ) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, irakasleen Klaustroak koordinatuko ditu ikasleen Orientabide eta tutoretza lanak. Betebehar hau errazteko, orientatzaileak laguntza emanen die tutoreei Hezkuntza Orientabiderako Planarekin eta Tutoretza Planarekin bat, ikasketaburuaren zuzendaritzapean. Ikasketaburuak irakasleen hiru bileretarako dei eginen du, gutxienez, ikasturtean zehar, eta esleiturik dauzkaten eginkizunak behar bezala betetzeko behar diren beste guztiak.

IV. KAPITULUA. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea

21. artikulua. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen funtzionamendua.

1. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea, Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren III. Tituluaren VII. Kapituluan ezarritako moduan eratuta eta bertan ematen zaizkion eskumenak bere gain hartuta, hilean behin, gutxienez, bilduko da. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan Koordinazio Pedagogikorako Batzordea Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian, 2. puntuan, ezarritakoaren arabera eratuko da, eta kide izanen dira esparru linguistiko-sozialeko eta zientifiko-teknologikoko koordinatzaile didaktikoak, dagokien arloko irakasle izanen direnak.

2. Ikasturtearen hasieran, ikasturtean zehar burutuko den lan plana prestatzeko behar diren bilerak eginen ditu, ebaluazio eta kalifikazio saioen planifikazio orokorrerako proposamena barne. Proposamen hori Ikasketa burutzaren adostasunarekin aurkeztuko zaio Klaustroari, onets dezan, eta Tutoretza Planean sartuko da.

3. Ikasturtea amaituta, ikasturtean zehar Batzordeak izandako funtzionamenduari buruzko txostena prestatzeko behar adina bilera eginen du.

4. Ikastetxeko zuzendariak, Batzordeburu gisa, arestian aipatutako bileretarako deia eginen du kide guztiak joateko moduko orduetan.

5. Bilera bakoitza amaituta, akta eginen da, eta bertan adieraziko dira soilik hartutako erabakiak. Akta eta Batzordeak bere eskumenak betetzeko egin beharreko idazki guztiak errredaktatzea zuzendariaren eta Batzordeko idazkariaren ardura da.

V. KAPITULUA. Heziketa Zikloaren Koordinatzailea

22. artikulua. Hautaketa eta funtzionamendua.

1. Oro har, koordinatzaile bat egonen da Institutuan irakasten diren Heziketa Zikloetako bakoitzean, zikloan ari diren taldeen kopurua edozein delarik ere eta dagokion lanbide multzoan Heziketa Ziklo bakar bat irakasten den ikastetxeen kasuan salbu, kasu horietan Lanbide Multzoaren departamentuburuak Heziketa Zikloko koordinatzaileari dagozkion eginkizunak beteko baititu.

2. Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Ziklo bakoitzeko koordinatzailea zikloan irakaskuntza atribuzioa duen eta, lehentasunez, ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle bat izanen da. Ikastetxeko zuzendariak izendatuko du, dagokion Departamentuko buruaren iritzia entzunda, eta bere karguaren iraupena ikasturte batekoa izanen da.

3. Heziketa Zikloko koordinatzaileak Bigarren Hezkuntza Institutuen Erregelamendu Organikoaren 45.3.b) artikuluan agertzen diren eginkizunak hartuko ditu bere gain, ikasleek erdietsi beharreko lanbide ezaugarrien arabera. Era berean, Lantokiko Prestakuntza Moduluaren arduradunarekin batera lan eginen du modulu horretan jarduten duten ikasleen jarraipena egiteko jardueretan.

VI. KAPITULUA. Lantokietako Prestakuntza Moduluaren Arduraduna

23. artikulua. Hautaketa eta funtzionamendua.

1. Ikastetxeko zuzendariak Lantokietako Prestakuntza Moduluaren arduraduna izendatuko du. Honek bere gain hartuko ditu Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren 52. artikuluan ezarritako eginkizunak.

2. Heziketa Ziklo batean dagoen talde bakoitzeko tutorea izendatuko da, ondotik ezarritakoaren arabera:

a) Ikastetxean bi kurtso ematen diren Heziketa Zikloen kasuan, 2. kurtsoko ikasle taldearen tutoreak beteko du Lantokietako Prestakuntza Moduluaren arduradunaren lanpostua.

b) Kurtso bat eta Lantokietako Prestakuntzako hiruhileko bat edo bi irauten duten Heziketa Zikloen kasuan, bigarren kurtsoan ikasle talde bakoitzaren tutorea izanen da aurreko kurtsoan ere izan zena.

3. Lantokietako Prestakuntza Moduluaren arduradunak irakasteko ordutegitik kentzen zaion denbora Modulu horretan aritzen diren ikasleen jarraipena egiten emanen du. Horretarako, ikasketaburuari lan plan bat aurkeztu beharko dio, garaiz, bertan adierazita, xehetasunez, Lantokietako Prestakuntza modulua ikasten ari diren ikasleei, ikastetxean zein lantokian, emanen dien laguntza, bai eta Lantokietan enpresaren arduradunari eginen dizkion bisitak ere.

4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, ikastetxe hauen antolaketaren eta funtzionamenduaren alderdi puntualak arautzen dituzten Jarraibideetan zehaztuko du bi urteko Heziketa Ziklo batean irakasle aritzen direnek zein jarduera bete beharko dituzten azken hiruhilakoan, ikasleak Lantokietako Prestakuntza moduluan aritzeagatik irakasteko orduak murrizten zaizkionean.

VII. KAPITULUA. D.B.H.I.etako Koordinatzaile Didaktikoek, derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera funtzionatzen dute

24. artikulua. Hautaketa eta funtzionamendua.

1. Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoaren Hirugarren Xedapen Gehigarrian ezarritakoaren arabera funtzionatzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan, zuzendariak irakasle bat izendatuko du disziplinarteko koordinazio didaktikoaren lanak bete ditzan, bere ikastetxearen eta atxikirik dagoen Bigarren Hezkuntzako Institutuaren artean, arlo linguistiko-sozialen esparruan, eta beste irakasle bat lan hori egin dezan arlo zientifiko-teknologikoen esparruan. Izendatutakoak dagokion esparruko arlo edo irakasgaietakoren batean aritzen den irakasle bat izan beharko du, eta lehentasunez, arestiko baldintza bete eta behin betiko destinoa ikastetxean dutenetako batek. Bi irakasle horiek beren esparruko koordinatzaile didaktikoaren kargua beteko dute ikasturte batez.

2. Bi koordinatzaile horiek arduratuko dira ikasturte hasieran beren esparruetako Departamentu didaktikoen Programazio Didaktiko guztien kopiak biltzeaz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuaren zuzendariari emateko, honek Curriculum Proiektuan eta, beraz, Urteko Programazio Orokorrean, sar ditzan.

3. Ikasturtean zehar, koordinatzaile hauek beharrezkotzat jotzen duten guztietan joanen dira Bigarren Hezkuntzako Institutura dagozkien departamentuburuekin biltzera, beren arloko Programazio Didaktikoen garapena aztertzeko.

4. Bestalde, esparru bakoitzeko espezialitateen irakasleekin, haien ikastetxekoekin, hamabostean behin, gutxienez, bilduko dira, Programazio Didaktikoa betetzen den eta hura aplikatzean sortzen diren arazoak aztertzeko. Bilera hori Foru Agindu honen 17.1 artikuluak aipatzen duen asteko ordu horretan egin ahal izanen dute.

III. TITULUA. BESTE JARRAIBIDE BATZUK

I. KAPITULUA. D.B.H.I.en eta B.H.I.en arteko koordinazioa

25. artikulua. D.B.H.I.etako irakasleen eta B.H.I.etako Departamentu didaktikoen arteko koordinazio didaktikoa.

1. Oro har, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako irakasleak beren ikastetxeak atxikirik dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetara joanen dira ikasturte hasieran, dagokion Programazio Didaktikoari azken ukituak ematera, eta ikasturte amaieran, aipatutako programazioaren ebaluazioa egiteko. Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetako buruak, beren Departamentuko Programazio Didaktikoa prest dutenean, kopia bana eman beharko diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako esparru linguistiko-sozialaren eta zientifiko-teknologikoaren arloetako koordinatzaile didaktikoei, Foru Agindu honen 24.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetako buruek, ikasturtean zehar, atxikirik dituzten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako irakasleei dei eginen diete Departamentuko bileretara joateko, bilera horietan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin zerikusia duten afera garrantzisuak mintzagai badira eta bertan haiek egotea beharrezkotzat jotzen bada.

3. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako irakasleak, aurreko bi idazatietan aipatzen diren bileretara ez ezik, beren ikastetxeak atxikirik dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentuetara ere joan ahal izanen dira beharrezkoa ikusiz gero, Foru Agindu honen 24.3 artikuluan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako koordinatzaile didaktikoen inguruan ezarritakoa kendu gabe.

4. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Zuzendaritza Taldeek, beren aldetik, Foru Agindu honetan ezarritakoa kontuan hartuz, komeni den planifikazioa eginen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan aritzen diren irakasleek beren ikastetxeetan egin ditzaten etaparen funtzionamendu zuzenerako egokitzat jotzen diren koordinazio didaktikoko bilerak eta hobekuntza jarduerak, ikasturtean zehar erabili daitekeen gainerako denboran.

II. KAPITULUA. Erlijioaren eta Hezkuntza Jarduera Antokatuaren (H.J.A.) Irakaskuntzak

26. artikulua. Erlijioaren irakaskuntzak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan.

1. Erlijioaren irakaskuntzak arautzen dituzten abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan (1995-01-26ko "EAO") eta abenduaren 26ko 514/1994 Foru Aginduaren 15.1 puntuan (1995-02-17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), eta halaber otsailaren 17ko 44/1998 Foru Aginduaren 14.2 puntuan (1998-03-16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoaren arabera, eta erlijio askatasunaren printzipioan oinarriturik, ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek idatziz adieraziko dute, etaparen hasieran edo ikaslea ikastetxeari lehenbizikoz atxikitzean, erabaki duten ikaslea Erlijio eta Moral Katolikoen nahiz beste Erlijioen irakaskuntzak hartzea edo ez hartzea. Zilegi da halere, erabakia eskola ikasturte bakoitzaren hasieran aldatzea.

2. Ikasleei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan emanen zaizkien Erlijio eta Moral Katolikoen irakaspenak maiatzaren 19ko 135/1997 Foru Dekretuan (1997-5-30eko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) eta maiatzaren 20ko 195/1994 Foru Aginduan (1994-10-3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) xedatutakoari lotuko zaizkio, eta Batxilergoko ikasleei ematen zaizkienak, berriz, uztailaren 28ko 302/1997 Foru Aginduan (1997-08-20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) eta otsailaren 17ko 43/1998 Foru Aginduan (1998-4-20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari.

3. Erlijio Katolikoaren irakaspenen ebaluazioa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan, ondorio guztiak izanik eginen da, indarra duen arautegiarekin bat, curriculumaren gainerako arlo edo irakasgaiekin egin bezala, eta ikasleen espediente akademikoan jasoko dira lortutako kalifikazioak.

4. Erlijioaren irakaspenen ebaluazioa Batxilergoan beste irakasgaien antzera eginen da, baina ikasleentzat irakaskuntza horiek borondatezkoak direnez, kalifikazioak ez dira kontuan hartuko Administrazio Publikoek hezkuntza sistemaren barruan eta haren ondorioetarako egiten dituzten eta ikasketa espedienteak baloratu behar diren deialdietan, hala nola, unibertsitateko ikasketarako sarbidean eta ikasketa bekak lortzerakoan.

27. artikulua. Hezkuntza Jarduera Antolatuaren (H.J.A.) irakaskuntzak.

1. Gurasoek edo legezko ordezkariek erlijioaren irakaskuntzak hartzea eskatzen ez duten kasuan, ikasleek hezkuntza arreta antolatua jasoko dute horretarako programatutako denboran, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen duen maiatzaren 23ko 269/1995 Foru Aginduan (1995-06-23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari eta Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko etapan Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen duen otsailaren 5eko 16/1998 Foru Aginduan (1998-02-20ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) xeatutakoari jarraikiz.

2. Filosofiako Departamentu Didaktikoari dagokio aipatutako jardueretarako Programazio Didaktikoa prestatzea.

3. Jarduera hauek derrigorrezkoak izanen dira erlijio irakaskuntza ez hartzea aukeratzen duten ikasleentzat. Ez dira ebaluatuko, ez eta ikasleen ikasketa espedienteetan jasoko ere, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Institutuetako zuzendariek, ikastetxeen egoera zehatzei erreparatuz, behar diren neurriak hartuko dituzte jarduera horiek egiteak ikasleei inolako bazterketarik ekar ez diezaien.

III. KAPITULUA. Beste gai batzuk

28. artikulua. Alkohola saltzeko arauak eta erretzeko debekua.

1. Ikastetxeek bertako giroa garbia eta osasuntsua izan dadin bultzatuko dute, eta hezkuntza komunitatean osasunaren aldeko ohiturak eta jarrerak sustatuko.

2. Horretarako, eta populazioaren osasuna zaintzeko tabakoaren salmenta eta erabilera mugatzeari buruzko martxoaren 4ko 192/1988 Errege Dekretua (1988-03-9ko "EAO") betetzeko:

a) Ezin izanen da tabakorik saldu ikastetxeetan.

b) Eskola garraioko ibilgailuetan ezin izanen da erre.

c) Debekaturik egonen da erretzea ikastetxeetan, ikastetxeko Zuzendaritzak horretarako soilik ezarriko dituen tokietan salbu.

3. Baldintza hauek kontuan hartu beharko dira Barne Erregimenaren Erregelamendua egiterakoan.

4. Institutuetako Eskola Kontseiluek neurriak hartuko dituzte ikastetxeetan alkoholdun edaririk saldu eta edan ez dadin.

29. artikulua. Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko Programazio Orokorrean sarturik ez dauden jardueretarako, irakasleentzat zein hezkuntza komunitateko beste edozeinentzat, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendariak espreski emandako baimena.

30. artikulua. Ikastetxekoak ez direnak bertara sartzea.

1. Ikastetxekoa ez den edonork, bertan informazioa eman edo zabaldu nahi baldin badu, Eskola Kontseiluaren baimena beharko du edo, halakorik izan ezean, ikastetxeko zuzendariaren idatzizko baimena. Kasu bietan, baimena eman dela idatziz jaso beharko da Ikastetxeko artxiboan.

2. Arestikoa, halere, ez da oztopoa izanen legeak onartutako eskubide sindikaletarako.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria.-Foru Agindu honek aipatzen dituen jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagundutakoei aplikatuko zaizkie, dagozkien gai orotan, horri buruz indarra duen arautegiari jarraikiz.

Bigarren Xedapen Gehigarria.-Foru Agindu honetan aurreikusitako arautegiaren aipamen guztiak ordezkatzen duenarenak direla ulertuko da, hala bada.

Xedapen Iragankor Bakarra

Departamentu Didaktikoek bere gain izanen dituzte oraingoz Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Legearen aurreko irakaskuntzak, erabat desagertu arte, ematen jarraitu beharrak sortutako eginkizunak, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren alderdi puntualak ikasturte bakoitzerako arautzen dituzten jarraibideetan ezarritako moduan.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Honen lerrun bereko edo txikiagoko xedapenak indarrik gabe gelditu dira, Ebazpen honekin bat heldu ez diren guztian.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa.-Hezkuntza zuzendari nagusiari baimena ematen zaio Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena.-Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa