Castellano | Euskara | Français | English
434/2014 EBAZPENA, ABUZTUAREN 28KOA, HEZKUNTZAREN, LANBIDE HEZIKETAREN ETA UNIBERTSITATEEN ZUZENDARI NAGUSIAK EMANA, HEZKUNTZA SISTEMAREN LANBIDE HEZIKETAKO IRAKASKUNTZAK ETA HASIERAKO LANBIDE KUALIFIKAZIO PROGRAMAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXE PUBLIKOEN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA 2014-2015 IKASTURTEAN ARAUTZEKO JARRAIBIDEAK ONESTEN DITUENA
(2014ko 178. NAOn argitaratutako testua, irailaren 11n)
Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpen honek, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Hasierako Lanbide Kualifikazio Programak ematen dituzten ikastetxeetan behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen 2014-2015 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:
1. 1. eta 2. eranskinetan ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek Nafarroako Foru Komunitatean hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Hasierako Lanbide Kualifikazio Programak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua arautuko dituzte 2014-2015 ikasturtean.
2. Ebazpen honen eranskinetako jarraibideak entitate eta ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagunduei aplikatuko zaizkie, indarra duten arauei jarraituz, dagozkien afera orotan.
3. Ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.
4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Antolamenduaren eta Aukera Berdintasunaren Zerbitzura, Hezkuntzako Parte-hartzearen, Irakasleentzako Arretaren eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Giza Baliabideen Zerbitzura eta ikastetxeetara igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
1. eranskina. Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen antolaketa eta funtzionamendua 2014-2015 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk erregulatzen dituzte, ikastetxe bateratuen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horretaz gainera, ikasturterako lan ildo nagusiak ezarri nahi dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude banatuta:
Lehenbizikoan, ikastetxe bateratuaren plangintza jorratzen da. Proiektu funtzionalari eta urteko jarduketa planari buruzko jarraibideak daude, baita ikastetxe bateratuaren hobekuntza planari buruzko oharrak ere.
Bigarrenean, ikastetxe bateratuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren antolaketa alderdiak zehazten dira, eta, halaber, Lanbide Heziketa Dualari eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloei buruzko jarraibideak adierazten dira.
Hirugarrenean, Kualifikazioei buruzko Lege Organikoaren eta Hezkuntzaren Lege Organikoaren ondoriozko arau erabilien zerrenda ematen da.
I.–Ikastetxe bateratuaren plangintza.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE aurrerantzean) arautzen diren Lanbide Heziketako ikasketak Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan eskaintzen ahal dira, baita LOEn araututako ikastetxeetan ere, haren 39.5 artikuluak ezartzen duenez.
Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen ditu, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, zeinak, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikulua garatuz, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen baititu. Aipatu errege dekretuak ezartzen duenez, ikastetxe bateratuek autonomia izanen dute antolaketan, pedagogian eta kudeaketa ekonomikoan eta langileenean, administrazio eskudunak ezartzen duenari jarraituz; bestetik, autonomia erkidegoetako hezkuntza eta lan arloko administrazioek, ordezkaritza handiena duten enpresaburuen erakundeekin eta sindikatuekin lan eginez, plangintza komuneko eredu bat ezarriko dute, urtekoa edo urte anitzekoa, beren lurralde eremuko ikastetxe bateratuen sarerako.
Horretan oinarrituta, Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuek, ikasturte bakoitzean, urteko jarduketa planean zehaztuko dute ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean definitutakoa.
1. Ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionala.
Ikastetxe bateratuentzat, ikastetxea definitu eta haren antolaketa eta kudeaketa biltzen dituen dokumentua da proiektu funtzionala. Proiektu funtzional horrek ikastetxe bateratuetarako jarraibideak kontuan hartu eta garatu behar ditu. Hezkuntza Departamentuak eta Ekonomia, Ogasuna, Industria eta Enplegu Departamentuak, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluko gainerako kideekin batera, definitzen dituzte jarraibide horiek.
Proiektu hori urte anitzekoa da, eta funtsezko tresna da Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen antolaketan eta plangintzan. Zuzendaritza taldeak prestatuko du, ikastetxearen langile guztien laguntzarekin, eta gizarte kontseiluak onetsiko du.
Zuzendaritza taldeak ikasturte bakoitzerako egiten den proiektu funtzionala berrikusiko du, eta bidezkotzat jotzen dituen aldaketak ezarriko ditu. Proiektuaren kopia bana bidaliko die Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta Lanbide Heziketaren Zerbitzuari.
2. Urteko jarduketa plana (UJP).
LOEaren 125. artikuluan jasotzen den urteko programazio orokorra Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe bateratuetan garatuko da urteko jarduketa plan gisa (UJP). Plan hori oinarrizko tresna da, eta ikastetxe bateratuaren plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen ditu. Garrantzi berezia du eranskin honen 4. atalean deskribatzen den hobekuntza planak. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatuko ditu eta plangintza eginen du (antolaketa, ordutegia, koordinaziorako egutegia, eta abar), ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko.
Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek bere eginen dituzte hobekuntza planeko helburuak. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.
Hona hemen urteko jarduketa planaren (UJP) egitura eta edukia:
a) I. kapitulua.
–Ikastetxe bateratuaren inguru sozioekonomikoari eta laneko inguruari buruzko informazioa.
–Egitura eta barne antolaketa; ikastetxe bateratuaren proiektu funtzionalean aurreikusten diren giza baliabideak eta baliabide materialak.
–Ikastetxe bateratuak egiten dituen jarduerak eta ematen dituen zerbitzuak.
–Ikastetxe bateratuaren ordutegi orokorra: irakasleena, administrazio eta zerbitzuetako langileena eta jendea hartzekoa.
b) II. kapitulua.
–Ikastetxe bateratuak ikasturterako ezartzen dituen berariazko helburuak.
–Proposatutako helburuak lortzeko neurriak eta horretarako eskura dauden baliabideak.
c) III. kapitulua.
–Irakaskuntza bakoitzerako prestakuntza jardueren eskaintza eta egutegia.
–Ikastetxe bateratuan ematen diren hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen programazio didaktikoak, baita gainerako prestakuntza ekintzenak ere.
d) IV. kapitulua.
–Ikastetxe bateratuak ikasturterako duen hobekuntza plana.
–Ikastetxe bateratuaren bestelako planak eta programak.
e) V. kapitulua.
–Urteko aurrekontua eta memoria ekonomikoa.
3. Hezkuntza Departamentuak eta Ekonomia, Ogasun Industria eta Enplegu Departamentuak urteko jarduketa planerako (UJP) prestatzen dituzten jarraibideak.
Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak arautzen dituen irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuak 8. artikuluan jasotzen du jarduketa planaren definizioa ikastetxe bateratu guztientzat. Bertan ezartzen dira garatu beharreko prestakuntza ekintzei buruzko jarraibideak, baita ikastetxe bateratuen helburuekin bat etor daitezkeen jarduketak ere.
Hezkuntza Departamentuak eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak jarraibide horiek prestatzen dituzte urtero, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan ordezkaritza duten agente ekonomiko eta sozialekin eta ikastetxe bateratuetako gobernu organoekin lankidetzan.
Jarraibideak prestatzeko, ondoko prozedura honi jarraituko zaio:
–Ikastetxe bateratuetako zuzendariek edo, hala badagokie, haren gizarte kontseiluek bidezkotzat jotzen dituzten proposamen edo iradokizunak bidaliko dizkiote Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiari, idazki batean, ikastetxearen ikuspegia emateko eta kontuan har daitezen jarraibideen prestaketan.
Proposamen horiek 2014ko urriaren 31 baino lehen bidaliko dira, eta alderdi hauek jorratzen ahalko dituzte: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, etengabeko prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua eta/edo ikastetxeak kontuan hartzen duen beste edozein alderdi.
–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak onetsiko ditu jarraibideak.
–Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak, Hezkuntzaren, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, Nafarroako ikastetxe bateratuetarako 2015eko jarraibideak igorriko dizkie ikastetxeei, ahal bada 2014ko abenduaren 1a baino lehen. Ikastetxeek garatu beharreko ildoetan berritasun nabarmenik ez badago, aurreko urteko jarraibideekin segituko da, urteari egokituta.
4. Ikastetxe bateratuaren hobekuntza plana.
Hobekuntza planak urtero zehazten ditu ikastetxeak lehenesten dituen helburuak, hartan garatzen diren planei eta programei buruz. Helburu horiek aurreko ikasturteko memoriako ondorioak dituzte oinarri, baina beharrezkoa den beste edozein helburu erants daiteke.
Ondoko gaiei buruzko helburuak erantsi beharko dira:
–Emaitzak, kanpoko nahiz barruko ebaluazioetan.
–Baloreetan oinarrituta dagoen ikasleen hezkuntza.
Ondoko gaiei buruzko helburuak eransten ahalko dira:
–Bizikidetza plana
–Aniztasunari arreta emateko plana.
–Tutoretza plana.
–Ikastetxe bateratuak kontuan hartzen dituen beste plan batzuk.
Hobekuntza planak, ikastetxearen egoeraren azterketatik abitatuta, ikuspegi orokor eta integratzaile batetik aurreikusitako helburuak lortzera zuzendutako jarduketak ezarriko ditu, jarraipena behar dutela kontuan hartuta.
Datuetan oinarritutako egoeraren azterketa erraztu eta bateratzeko asmoz, “Educa” kudeaketa sistemak berarekin dakar, kudeatzailearen profilean, galdeketa automatizatuak egiteko aukera.
Ikastetxe bateratuek, errealismoaren eta eraginkortasunaren irizpideak erabiliz, errendimenduaren hobekuntzarekin eta ikasleen baloreekin lotura handiagoa duten helburuak hautatuko dituzte, ikastetxearen diagnostikoaren arabera (emaitza akademikoak, koordinazio didaktikoko departamentuen memoriak, lanbide-arloenak, klaustroaren erabakiak, eta abar.).
Ikastetxearen hobekuntza planean aurreikusitako neurriek adierazle batzuk izan beharko dituzte, haien eraginkortasuna ebaluatzeko. Emaitzak ikasturte bukaerako memorian sartuko dira.
Hezkuntza Departamentuak, bere zerbitzuen bidez, ikastetxe bakoitzaren hobekuntza planaren garapena bultzatuko du, orientazioak, proposamenak eta jardunbide egokien adibideak emanez, ikastetxeek hobekuntza lerro eta jarduketak lehenetsi eta hautatzeko laguntza izan dezaten.
Ikastetxearen prestakuntza plana prestakuntza instituzionalaren gakoa da. Zuzendaritza taldeak ezarriko du haren edukia, eta titulu berriak ezartzetik, Lanbide Heziketaren Zerbitzuak proposatutako ildo estrategikoetatik eta hobekuntza planetik eratorritako premiak hartuko ditu kontuan.
Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du urteko jarduketa planeko (UJP) hobekuntza planaren garapena, bere plan estrategikoaren arabera.
5. Programazio didaktikoak.
Ikastetxe bateratuek lanbide moduluen programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.
Programazio didaktiko horietan gauzatzen da curriculumaren garapena gelaren eremuan. Horietan, arreta berezia emanen zaie ondokoei:
a) Egin beharreko egokitzapena, LOEko curriculum berriko zikloak ezartzearen ondorioz.
b) Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintza irizpideei dagokienez, eta arlo horretan hartu behar diren erabakiak hartzeari dagokionez.
Ikasleek idatziz jasoko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetarako.
6. Bizikidetza eta berdintasuna.
Bizikidetzaren eta berdintasunaren balioak ezinbestekoak dira, eta ikastetxe bateratuaren hezkuntza proiektuaren parte izan behar dute. Bizikidetza planaren barrenean, edonola ere, honako hau sartuko da: pertsona guztiek, emakumezkoak edo gizonezkoak izan, tratamendu, eskubide eta erantzukizun berdinak izateko printzipioa, eta ikastetxean giza balioak eta bizikidetza demokratikoa sustatzeko konpromisoa.
Bizikidetza planean curriculumeko eta antolaketako neurriak biltzen dira bizikidetza hobetzeko eta eskola jazarpenaren edo tratu txarren egoerei aurrea hartzeko eta arreta emateko, eta tratamendua eta aukera berdinak eta errespetua sustatzeko ikastetxe bateratuaren komunitateko kide guztien artean, salbuespenik egin gabe, gizona ala emakumea izan.
Genero indarkeriaren kasuak prebenitu, atzeman eta bideratzea nolabait bereizi behar da, beste indarkeria mota batzuekin nahastu edo ezkutatu gabe. Hala ere, ikastetxe bakoitzeko arau, neurri eta egitura guztien sinergiarekin batera ulertu eta gauzatu behar da, prestakuntza integralari eta bizikidetzari dagokienez.
Bizikidetza plana urteko zehaztapenean eguneratu eta egokituko da. Hezkuntza Departamentuak, 2014-2015 ikasturtea hasi baino lehenago, dokumentu bat igorriko die ikastetxeei, beharrezko zehaztapenak bilduko dituena bizikidetza plana urtero zehazteko, 47/2010 Foru Dekretuan aldaketa egitearen ondorioz eta Nafarroako hezkuntzan genero indarkeria prebenitzeko eta berdintasunaren heziketarako planak indarra hartzearen ondorioz.
7. Aniztasunari arreta ematea.
Mailaren arabera, ikasleek beharrezko gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak eskuratzea dute helburu Lanbide Heziketaren irakaskuntzek, gauza izan daitezen, besteak beste, prestakuntza programaren gaitasun orokorrean zehaztutako lanbide jarduera burutzeko.
Ebaluatzeko, ikaskuntzaren emaitzetan adierazitako helburuak eta lanbide modulu bakoitzeko ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa, baita heziketa zikloko edo espezializazio ikastaroko helburu orokorrak ere. Desgaitasunak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek behar ditzaketen egokitzapenetara moldatuko dira ebaluazio prozesuak, eta ebaluazio proben erabilerraztasuna bermatuko da.
Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxe bateratuek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozkoak barne, baita gaitasun intelektual handien ondoriozkoak ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abarrak garatuko dira.
Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak irakasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuak izanik eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuta.
Modulua ematen duten irakasleena ikasleei arreta emateko neurriak hartzearen erantzukizuna. Neurri horien berri eman beharko zaio taldeko tutoreari.
Moduluak gainditu gabe dituzten ikasleentzat programa indargarri bat prestatuko da, dagozkien departamentuek parte hartuta.
Aipatu behar da indarreko araudiak hainbat eratako neurriak dituela ikasle horiei buruz, hala nola, alde batetik, ikasturtean bi modulutan baino gehiagotan ebaluatzeko deialdiari uko egiteko aukera eta, bestetik, sei ikasturtez, gehienez ere, zikloan jarraitzea.
8. Oinarrizko Lanbide Heziketa.
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Oinarrizko Lanbide Heziketaren zikloak sortu zituen hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen barrenean, eta haiek ezartzeko egutegian xedatzen da 2014-2015 ikasturtean ezarriko dela Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen lehen maila.
Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 50/2014 Foru Aginduaren bidez, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketaren zenbait alderdi arautu dira, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan Lanbide Heziketako irakaskuntza horiek funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta erakundeetan eginen dituzten ikasleak onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onetsi dira.
2014-2015 ikasturterako, Hezkuntza Departamentuak alderdi hauek gehiago garatzea proposatu du ziklo horientzat:
8.1. Irakaskuntza-ikaskuntzaren metodologia berriak (proiektuetan oinarritutako ikaskuntza - POI).
Ikasgelan lan egiteko metodologiak etengabe bilakatzen ari dira, edukietan oinarritutako ikaskuntzatik ikaskuntza integralago bateraino, non edukiak trebetasunetan oinarritzen diren, eta horiek beharrezko tresnak eskuratzen dizkiete ikasleei beren bizitzan prestakuntzari heldu ahal izateko. Sarean loturiko gizarte batean lankidetzan ikasi ahal izateko trebetasunak behar dituzte pertsonek. Ikasteko trebetasun horiek gero eta beharrezkoagoak dira enplegagarritasuna hobetzeko; izan ere, taldean lan egiteko eta ikasteko gauza diren profesionalak behar dira etengabeko mugimenduan den lanaren munduan.
Irakaskuntza egokia da hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa irakaskuntza-ikaskuntzaren metodologiak eguneratu eta eraldatzeko, baita ikasgelako praktikak sistematizatzeko ere; egin, egiten dira ikuspegi berri horietatik.
Hezkuntza Departamentuak metodologia berri horietan aurrera egitearen eta proiektuan oinarritutako ikaskuntzaren (POI) aldeko apustua egiten du, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen ezarpenaren hasieratik. Metodo hori luze erabili izan da arrakastaz, bai beste herrialde batzuetan, bai gurean ere, nahiz, azken kasu horretan, irakasleek ez duten taldean jokatu.
POIren metodologiak ikasleak eta haien ikaskuntza dituzte ardatz, eta ikasleek lortu behar dituzten helburuak lan autonomoaren bidez eta taldean, talde txikietan, iristen dira. Horri esker, ikasleak eraginkorrak dira sor daitezkeen gatazkak kudeatzen, eta arduraz jokatzen dute aurreikusitako helburuak lortzen. POIk ikasleen konpromiso erreala eta indartsua bilatzen du norberaren ikaskuntzarekin eta gelakideenarekin.
POIa irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren beste estrategia bat bezala erabiltzen ahal da, lanbide moduluak erlazionatzeko aukera bultzatzen du, modulu bati edo modulu zati bati aplikatzen ahal zaio, edo heziketa zikloaren curriculumean integratzen ahal da.
Oinarrizko Lanbide Heziketaren zikloetan ona da beharrezko gaitasunak eta tresnak garatzeko helburua duten proiektuen irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuetan aplikatzetik hastea, ikasleak gauza izan daitezen beren kasa lan egiteko, eta aurrera egitea, proiektu osatuago eta konplexuagoetara.
Metodologia horien aplikazioa errazteko eta, betiere, curriculumak ikaskuntzaren testuinguru jakin batzuetara egokitu ahal izateko, ikastetxeek aldaketa jakin batzuk (erreferentziako ordu banaketa eta sekuentzia, curriculuma, eta abar) aplikatzeko eskatzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuak erabakitzen dituen prozedurari eta baldintzei jarraituz.
8.2. Ikaskuntzaren gamak.
Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza horren gamekin osatu eta integratzen da, eta bi ikuspegi hauek aldatzen ditu: irakaslearen rola eta ikasleek parte hartzeko eta haiek ebaluatzeko modua.
Parte-hartzea eta ikaskuntza maximizatzea da helburua, ikasleen eta irakasleen interesa bereganatuz, ikasleek ikaskuntzarekin duten konpromisoa hobetzeko helburuz. Irakasleak proiektuen diseinuarekin eta ebaluazioarekin ohitzea da kontua, baita gaitasunak atzeman eta erregistratzeko prozedurekin ere, eta ikasleek parte-hartze handiagoa izan dezatela ikaskuntzan, gaitasunak zer diren eta lanak proiektuan duen egitura ulertuz.
Hezkuntza Departamentuak web orri batean eta plataforma anitzeko aplikazio/app batean inplementatuko ditu metodologia horiek, irakasleek eta ikasleek hurrengo elementuak eskura izan ditzaten:
–Irakasleentzako gida, PRL bidez ebaluatu eta diseinatzeko.
–Irakaslearen errutinen feedbacka: irakasle bakoitzak zenbat ohar egin dituen, zenbat proiektu burutu, zer tresna erabili eta zer proiektu dituen abian.
–Irakaslearen laguntzaren feedbacka: proiektuen diseinuaren eta ebaluazioaren lorpen bakoitzaren erregistroa.
–Txata: irakasleak hartu-eman pribatu eta pertsonala izan dezake ikasle bakoitzarekin.
–Ikasleen APP bidezko feedbacka: aukera ematen du ikasle bakoitzak etengabeko informazioa izateko modulu bakoitzean bere ebaluazioari buruz, ikaskuntzaren hiru alderdietan.
8.3. Ebaluazioa.
Ikasteko eta irakasteko proposatu diren metodoetako aldaketek nahitaez dakarte aldaketa ebaluazioaren prozeduretan, horien bidez ebaluatzen ahalko baita zenbateraino lortu diren heziketa zikloan aurreikusitako gaitasun pertsonal, sozial eta profesionalak, elkarlaneko ikaskuntza autonomo baten bidez.
8.4. Tutoretzak.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen asteko ordu banaketan bada tokia ikasleen tutoretza egiteko. Tutoreen lanak, ikasle bakoitzaren prestakuntza prozesuaz orientatzeaz gain, gaitasun pertsonalak, pertsonen artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Tutoretzarako tarte horrek aukera emanen die, orobat, lanbide orientazioari buruzko alderdiei, eta ikasleak bere hezkuntza eta lanbide etorkizuna programatu eta kudeatu ahal izateko abilezia eta trebetasunak bultzatu behar ditu.
POIaren esparruan, tutoretzak aukera ematen du saioak banaka eta taldean antolatzeko, non ikasleek zalantzak eta lorpenak kontsultatzen ahal dituzten. Tutoretzak, besteak beste, ideiak trukatzeko eta arazoak konpontzeko zailtasun eta aurrerapenak azaltzeko tarteak dira.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
1. Proiektuaren modulua.
Ikastetxe bateratuko zuzendariak departamentuko zuzendariekin adostuko du Proiektuaren modulua zein irakaslek (edo zeintzuk) antolatu, garatu eta ebaluatu behar duen, Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarritutako curriculuma duten goi mailako heziketa ziklo berrietan, heziketa zikloan irakasten duten irakasleen artean.
Garatu beharreko proiektuak mota hauetako batean sartuko dira, lehentasunez:
a) Ekintzailetza proiektua: ekintzailetzari, negozio ideiei eta enpresa proiektuei lotutako jarduerak egitera bideratuko da.
b) Dokumentazio proiektua: berriki argitaratu diren idazlan zientifiko-teknikoen azterketa eta iruzkin kritikoa egitera bideratuko da, heziketa zikloarekin zerikusia duen gaurkotasuneko gai berariazko bati buruz edo tituluarekin zerikusia duen eremuan izandako bilakaera teknologikoari buruz.
c) Berrikuntza, saiakuntzako ikerketa edo garapen proiektua: bertan berrikuntza edo saiakuntzako ikerketa proiektu bat, objektu teknologiko baten ekoizpen proiektu bat, garapen aplikaturako proiektu bat edo kalitatearekin, lan prebentzioarekin edo ingurumenaren babesarekin zerikusia duen prozedura baten diseinu proiektu bat eginen da.
Proiektu horiek ikastetxearen jarduketa eremuaren lanbide sektoreko enpresekin eta erakundeekin elkarlanean egiten ahalko dira.
2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE) babesean ezarritako Lanbide Heziketako ikasketetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE aurrerantzean) arabera ezarritakoetara pasatzea.
Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletako xedapenen arabera konponduko dira.
2.1. LOGSEko zikloen (2014-2015 ikasturtean ezarriko diren LOEko ziklo berriei dagozkienen) lehen maila egin duten ikasleak.
a) LOGSEko zikloetako lehen mailakoak diren eta bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleak.
LOGSEko curriculumeko lehen maila egin eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik ez duten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa eta, hala denean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko dira eta ziklo berriko gainerako moduluak eginen. Kasu horretan, ikasleek deialdi kopuru hau edukiko dute modulu bakoitzeko:
a1) LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOGSEren araberako heziketa zikloko mailan edo mailetan ahitu diren deialdiak ondorio guztietarako ahitutzat joko dira. Beraz, ikasleek kasu bakoitzean ateratzen den deialdi kopurua izanen dute, eta, gehienez ere, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritakoa, hau da, lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat.
a2) Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikasleek lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat izanen dituzte modulu bakoitzeko, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako moduan.
b) LOGSEko zikloetako lehenbiziko mailakoak diren eta bigarren mailara moduluren bat gainditu gabe igarotzen diren ikasleak.
LOGSEko curriculumeko lehen maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik badute, LOGSEko curriculumaren arabera jarraituko dute heziketa zikloa. Halakoetan, ikastetxeak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu, lehenbiziko mailan gainditu gabe utzitako moduluak gainditu ahal izateko gelditzen zaizkien deialdiak gainditzeko modua izan dezaten, gaur egun egiten den bezala.
2.2. LOGSEko zikloetan gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleak, 2013-2014 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
a) LOGSEko zikloetako bigarren mailako ikasleak, bigarren mailako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituztenak.
LOGSEko zikloetako bigarren maila egin eta maila horretako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituzten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa eta, hala denean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko dira eta kasuan kasuko mailako (dela lehenengoa dela bigarrena) gainerako moduluak eginen, LOEko heziketa zikloaren arabera.
Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 2.1.a1) eta 2.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.
b) LOGSEko zikloetako bigarren mailako ikasleak, bigarren mailako moduluren bat gainditu gabe uzten dutenak.
LOEko curriculumak ordeztutako LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek bigarren mailako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako aukera hauek izanen dituzte:
b1) Hurrengo bi ikasturteetan LOGSEko curriculumaren arabera jarraitzea heziketa zikloa, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:
–LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloko curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 2.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.
Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.
b2) LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitzea heziketa zikloa. Horrek berarekin dakar, bidezkoak diren modulu balioztatzeak egin ondoren, ikasleek LOEko curriculum berria osatzen duten gainerako modulu guztiak egin behar izatea, dela lehenengo mailan dela bigarrenean.

LOEko curriculumak ordeztu ez duen LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek maila horretako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako hau egin beharko dute:
b3) LOGSEko curriculumaren arabera bukatzea heziketa zikloa, LOEko curriculumak LOGSEko ziklo hori ordeztu duen beste ikastetxe batean, honako xedapen hauen arabera antolatuta:

Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da, hasitako curriculumarekin bat.
2.3. LOGSEko zikloetan gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleak, 2012-2013 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
LOGSEko bigarren maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi badute, lau deialdi arruntak ahitu gabe, LOGSEko zikloko 2. mailan jarraituko dituzte beren ikasketak, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:
–LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloko curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.
2.4. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, 2011-2012 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
Ikastetxe bateratuek egoera horretan dauden ikasleen berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Kasu horietan, ikasle horientzat aparteko deialdi berariazkoa eginen da 2014-2015 ikasturtean, LOGSEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.
3. Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartzea.
Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartu nahi duten goi mailako teknikariek ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraitu beharko diote, horrexek unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen baitu.
Goi mailako heziketa zikloetan ekaineko azken ebaluazioko saioa edo saioak egiteko egunak hautatzerakoan kontuan hartuko da ikasleek 2015-2016 ikasturtean unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartzeko aukera izan behar dutela, hala nahi izanez gero, irakaskuntza horietarako onarpen prozesuan eskubide osoz parte hartuz.
Horretarako, gainditu gabeko moduluen azken ebaluazioko bigarren deialdi arrunta, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 15.2 artikuluak aipatzen duena, baita heziketa zikloaren azken ebaluazioko saioa ere (aipatu foru aginduaren 14.3 artikuluan aurreikusia) aurreko lerroaldean aipatzen diren datetan egin beharko dira.
Honako hauek dira unibertsitatean sartzeko probaren datak:
a) Deialdi arrunta: 2015eko ekainaren 3, 4 eta 5a.
b) Aparteko deialdia: 2015eko ekainaren 24, 25 eta 26a.
Hezkuntza Departamentuak, 2013ko maiatzaren 16an, bi esparru-hitzarmen sinatu zituen; bat Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta bestea Nafarroako Unibertsitatearekin, eta horri esker goi mailako heziketa zikloetako tituludunek aitortutzat izanen dituzte unibertsitate horietan eginen dituzten graduko ikasketei dagozkien kredituak.
4. Antolaketa neurriak.
Ikastetxe bateratuetako sare publikoaren funtzionamendua hobea izateko, ondoren azaltzen diren antolaketa alderdiak kontuan hartu behar dira.
4.1. Lanaldia.
225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldia izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.
2014an, lanaldia Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 20an eman 267/2013 Foru Aginduan zehazten da.
4.2. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxe bateratuen arteko koordinazioa hobetzeko eta programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariak astearte eta ostegun goizak libre edukiko ditu, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
4.3. Irakasleak lanera ez agertzea.
Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean ikastetxe bateratuko zuzendaritzak egin behar duen kontrolak Hezkuntza Departamentuko web orrian ezarritakoari jarraituko dio:
http://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal.
Baja agiria Hezkuntza Departamentuan aurkezten bada, agiriaren kopia bat aurkeztu edo bidali beharko da ikastetxe bateratura, ahalik eta lasterren, bertan bajaren eta altaren datak zehatz-mehatz ezagut ditzaten. Soilik ikastetxe bateratuaren zuzendaritzaren ustez aparteko egoera bat bada, agiria bidali ordez telefonoz jakinarazten ahalko da.
Irakaslea agertzen ez bada, falten agiriak zuzendaritzan aurkeztu beharko dira, lanera itzultzen den egunean berean. Falten agiria ez bada aurkeztu 2 egun natural igaro ondoren ikastetxera itzultzen den egunetik aurrera, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Halaber, irakasleari jakinaraziko zaio idatziz.
4.4. Zaintzak.
Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:
a) Irakaslea lanera ez agertzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik zaintzailerik ez duten ikasleei arreta ematea.
Irakaslea lanera ez agertzea aurreikusita badago, egin beharreko jarduerak ikasketaburuarekin koordinatuko ditu irakasleak.
b) Korridoreetan ordena zaintzea eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.
c) Bere zaintza aldian sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, baita ikastetxe bateratuko norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako jarduketak egitea ere, eta ikasketaburutza lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.
d) Bere zaintza aldian irakasleak ez badira agertzen edo berandu heltzen badira, klaseei, zaintzei, liburutegiari eta bestelako jarduerei dagokienez, horren berri ematea ikasketaburutzari, idatziz.
e) Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, bere eskumeneko esparruan.
Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza ordu guztiak beteta badaude.
4.5. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.
Informazioaren eta komunikazioaren teknologien arduradunak lanaren ardatz izanen ditu ikastetxe bateratuko ekipamendu informatikoa eta ikus-entzunezkoak koordinatu eta mantentzea, gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea, batez ere on line-ko Lanbide Heziketarekin zerikusia dutenak, eta instalatutako makinetan dagoen material informatikoa eta ikus-entzunezkoa behar bezala erabiltzeko irizpideak ezartzea.
4.6. Ordutegi osagarria.
Irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatzen dituen 225/1998 Foru Dekretua aldatzen duen ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretua onetsi ondoren, irakasleek ikastetxe bateratuko jardueretan ematen dituen 25 orduek bat eginen dute ikasleen eskola orduekin.
Plangintza instituzionalaren tresnen lanketa edo berrikuspenarekin zerikusia duten zereginetan eta prestakuntza jardueretan emandako asteko orduak astean zenbatu beharreko ordu osagarriak izatetik hilean zenbatu beharreko ordu osagarriak izatera pasatuko dira.
Nahitaezko prestakuntzarako urtean dauden 35 orduak honela sailkatuko dira: ikastetxe bateratuaren prestakuntza instituzionala eta norberaren prestakuntza. Alde horretatik, ikastetxe bateratuek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute, ikastetxeko irakasle guztiek parte har dezaten, urtean gutxienez 12 orduz. Zuzendaritza taldeak finkatuko du programa horren edukia eta ikasturteko ordu banaketa, eta ikastetxearen prestakuntza planean agertuko da. Lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute.
Ikasturte bakoitzean prestakuntza instituzionala nahitaez bete beharrekoa bada ere, banakako prestakuntza bi ikasturteko epean egin daiteke, baldin eta bi urte horietan prestakuntzarako emandako orduen kopuruak betetzen badu aurreko paragrafoan ezarritakoa.
Halaber, ordu batzuk erreserbatzen ahalko dira irakasle taldeak horizontalki koordinatzeko saioetarako, ebaluazio saioez aparte. Bereziki hartuko da kontuan koordinazioko lehen bilera, ikasleei irakasteko jarduerak hasi baino lehen egiten dena. Alde horretatik, berebiziko garrantzia izanen dute Oinarrizko Lehen Heziketako lehen mailako ikasleentzako koordinazio bilerek.
4.7. Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2014-2015 ikasturterako urteko lan planaren garapenean buru eta arduradun izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira. Gainera, behar denean, adituak edo profesional espezialistak kontratatzeko probak antolatu beharko ditu. Halaber, irakasle espezialistei esleitutako moduluetan egin beharreko azken ebaluazioko proben arduraduna izanen da, baldin eta irakasle espezialistaren izendapen edo kontratu alditik kanpo egiten badira.
Lantokietako prestakuntza modulua egiten ari diren ikasleen gainbegiratzea irakasle zenbaiten artean banatzen denean, departamentuko buruak zainduko du berdintasunez eta proportzionaltasunez banatu daitezen, irakasle parte-hartzaile guztien artean, zereginak eta ikasle kopurua. Horretarako, proposamen bat eginen dio ikasketaburutzari.
5. Lanbide Heziketa Duala.
2014-2015 ikasturtean Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentala egiten jarraituko da Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetan. Proiektuak azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko dio, eta honako berezitasun hauek izanen ditu:
5.1. Enpresekiko lankidetza hitzarmenak.
Lankidetza hitzarmena izenpetuko du ikastetxe bateratuak Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten kasuan kasuko sektoreko enpresa bakoitzarekin.
5.2. Prestakuntza programak.
Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza programa bat prestatuko da, parte diren lanbide modulu bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxe bateratuan modulu bakoitzaren irakasle titularrak prestatuko du, parte diren enpresen arduradunekin elkarlanean.
Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak; haien iraupena; ikasleek egin beharreko jardueran informazioa biltzeko tresnak eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak.
Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuarekin bat.
5.3. Tutoretzak.
Ikastetxe bateratuak enpresako prestakuntza jarraitzeko izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta ardura izanen du enpresak prestakuntza programaren tutore izendatzen duen pertsonari titular bakoitzak lanbide moduluen gainean egindako programazioak emateko. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.
Ikastetxe bateratuak izendatzen duen tutoreak enpresak izendatutakoarekin hilabetero biltzeko egutegia prestatu beharko du. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxe bateratukoa.
5.4. Ikasleentzako laguntza, administrazio prozeduretan.
Ikastetxe bateratuko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei administrazio prozeduretan eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen bermearen sisteman.
5.5. Lantokietako Prestakuntza modulua.
Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, lantokietako prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueran sartuko da, eta bukatu ondoren ebaluatu eta kalifikatuko da. Ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.
5.6. Proiektuaren modulua antolaketa duala duten LOEren araberako goi mailako heziketa zikloetan.
Ikasleek heziketa zikloaren bigarren maila hasten dutenetik aurrera egin dezakete modulu hori.
5.7. Lanbide moduluen ebaluazioa.
Ikastetxe bateratuan Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza programaren tutore izendatutako irakasleak ardura izanen du parte hartzen duten irakasle eta tutoreekin ebaluazioa koordinatzeko.
Ikastetxe bateratuan, ukitutako modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte:
a) Ikasleek enpresan jasotzen dituzten prestakuntza eta haien aurrerapena gainbegiratzea.
b) Lanbide moduluen ebaluazio eta kalifikazioaren ardura izatea.
Lanpostuko jardunari buruz enpresak tutore izendatzen duen pertsonak egindako txostena hartu beharko da kontuan. Txostenean enpresan egindako jardueren emaitza bilduko da, baita enpresako prestatzaileen ekarpenak ere.
Nafarroako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.
Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean ahitutako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko lerroaldean aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.
5.8. Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak.
Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako ebaluazio agirietan eta ikasketen ziurtagirietan adieraziko da Lanbide Heziketa Dualari dagokion modalitatea “lana-prestakuntza” dela.
6. Hekizeta ziklo bateko irakasleen jarduera Lantokietako Prestakuntza aldian
Irakasleek, Lantokietako Prestakuntza (LP) aldian, zeregin hauek izanen dituzte batez ere:
a) LPra igarotzen ez diren ikasleei arreta ematea. Gainditu ez diren moduluak gauzatzen diren guneetan emanen da arreta, departamentuko buruak proposatutako eta ikasketaburutzak onartutako lan plangintza baten arabera; plan horrek ordu eta metodologia egokitzapenak izanen ditu.
b) Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreen epaimahai eta batzorde ebaluatzaileak antolatzea, diseinatzea eta horietan parte hartzea.
c) Zuzendaritza taldeak eskatuta, ikastetxe bateratuan sortzen diren beharrak betetzea.
d) Ikastetxe bateratuko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen bermearen sisteman.
Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, Lantokietako Prestakuntza (LP) aldian, honako hauetan ematen ahal dute denbora:
a) LPko tutorearekin elkarlanean aritzea.
b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.
c) Goi mailako heziketa ziklo berrietako proiektuaren moduluan (zeinaren curriculuma Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarrituta baitago) tutore izatea.
d) Langileen prestakuntza osagarrian eta prozedura ez-formalen bidez lortutako lanbide gaitasunaren ebaluazioan laguntza ematea.
e) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, baita heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.
f) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.
g) Lanbide Heziketa urrutitik on line jasotzeko eskaintzaren tutoretzan laguntzea.
h) Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, bere eskumeneko esparruan.
Departamentuko buruak banakako lan plangintza eginen du, eta ikasketaburutzak gainbegiratuko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.
Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen banakako ordutegiak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.
Lantokietako Prestakuntza aldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.
7. Prestakuntza Ikastaroko irakasleen jarduera, hori bukatu eta gero.
Heziketa zikloetan sartzeko probetarako Prestakuntza Ikastaroko irakasleek, ikastaroa bukatzen denetik probak egin bitarte, zeregin hauek izanen dituzte batez ere:
a) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, baita heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.
b) Probetara aurkeztuko diren ikasleei arreta ematea.
c) Ikastetxe bateratuko zuzendaritza taldeak agintzen zaion beste edozein jarduera.
Orobat, aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, heziketa zikloetan sartzeko probetarako Prestakuntza Ikastaroko irakasleek, ikastaroa bukatzen denetik probak egin bitarte, zeregin hauek izanen dituzte:
a) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.
b) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.
8. Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetako Lanbide Lantegien modalitatearen azken maila bukatzea.
Hasierako Lanbide Kualifikazio Programetan (HLKP), Lanbide Lantegien modalitatean, ekaineko azken ebaluazioko bilkura edo bilkurak zein egunetan eginen diren erabakitzerakoan, kontuan hartu beharko da ikasleek, nahiz izanez gero, erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetara aurkezteko modua izan behar dutela, baita kasuan kasuko arlo eta/edo irakasgaitik salbuesteko aukera ere, erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probei buruzko araudiarekin bat.
9. Erreklamazioak.
Ikasleei beren errendimendu akademikoaren balorazio objektiboa bermatzeko, beharrezkoa da ikasleek aurretik ezagutzea helburuak, ikaskuntzaren emaitzak, edukiak eta ebaluazio irizpideak eta balorazio positiboa izateko eskatzen diren gutxieneko emaitzak, baita ikasturtean erabiliko diren ebaluazio prozedurak eta kalifikazio irizpideak ere. Horretarako, ikasturte akademikoa hasi eta lehenbiziko hilabetean, modulu bakoitzaren irakasle titularrak ikasleari jakinarazi beharko dizkio aurretik zerrendatutako alderdiak.
Lanbide modulu bakoitzeko irakasle titularrak ikasleek edo, adingabeak izanez gero, haien gurasoek edo legezko ordezkariek programazio didaktikoei buruz eskatzen dituzten argibideak emanen ditu.
Argibide guztiak eskatzeko edo beharrezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da. Foru agindu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
10. Informazioa adingabeko ikasleen legezko ordezkariei.
Ikastetxe bateratuko irakasle guztiek informazioa eman beharko diete adingabeko ikasleen legezko ordezkariei, ahal den lasterren, ikasleen eskola jardueraren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz.
11. Eskola informazioaren kudeaketa: Educa.
Zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxe bateratuko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta haiek ikastetxean erabil daitezen sustatu eta koordinatuko du.
12. Matrikulen bateragarritasuna.
2014-2015 ikasturtean oinarrizko Lanbide Heziketaren ziklo batean, erdi mailako edo goi mailako heziketa ziklo batean, lanbide lantegi batean edo hasierako lanbide kualifikazio programa bateko bigarren mailan, lanbide lantegiaren modalitatean, matrikulatuta dauden ikasleek irakaskuntza horiek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak edo Batxilergokoak batera egin nahi badituzte, zilegi izanen dute, baina Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan urrutiko araubidean matrikulatuta egon beharko dute, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.
13. Proba libretarako berariazko deialdia, LHIeko eta LHIIko ikasketak osatu gabe dituztenentzat.
Arau orokorretan jaso gabeko baliokidetza duten LHIeko eta LHIIko ikasketak osatu gabe dituztenek eskaera egin beharko diote Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, LHIeko eta LHIIko ikasketa osatu gabeen baliokidetzak banan-banan ebatz ditzan hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako titulazio batekin; baita OHOko eta Batxilergokoenak ere, kasu hori bada.
Eskaera Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari egin beharko zaio, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Erregistro Orokorrean (Los Madrazo kalea, 17, beheko solairua, 28071 Madril) aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan; betiere, aipatu bulegora igorrita.
Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, ez bada I. eranskineko onespena ematen Datuak Egiaztatzeko Sistemaren bidez nortasun datuak egiaztatzeko (apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretua), edo pasaportearen edo atzerritar txartelaren zein egoitza-baimenaren (aldi baterakoa edo behin betikoa) fotokopia, edo ikasketen bisarena (atzerriko ikasleen araubide berezia).
–Egindako ikasketen frogagiriak (ziurtatze akademiko ofizialaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua edo, zein den kasua, titulua edo kalifikazioen liburua).
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriotik ebazpen pertsonalizatua lortzen dutenek, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bitartez eta ezartzen den prozedurari jarraituz, gaindituta dituztela frogatu behar dituzten lanbide moduluen proba libreetarako berariazko deialdi bat egiteko eskatzen ahalko dute, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak baliokidetza eskaeraren aldeko ebazpena eman ahal dezan. Eskaerak data hauetan aurkezten ahalko dira:
–2015eko urtarrilaren 2tik martxoaren 31 arte. Berariazko proba libreak 2015eko ekainean eginen dira.
–2015eko uztailaren 1etik irailaren 30a arte. Berariazko proba libreak 2015eko abenduan eginen dira.
14. Unibertsitatera sartzeko probaren prestaketa.
2014-2015 ikasturtean unibertsitatean sartzeko probaren fase berariazkoan aurkeztu nahi duten ikasleek, 2014-2015 ikasturtea baino lehen lortutako Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua baldin badute, 2014-2015 ikasturtean Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen ahalko dira, urrutiko araubideko batxilergoaren ikasketetan, proba hori prestatzeko.
Irakaskuntza horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko, unibertsitatean sartzeko proben fase berariazkoa gainditze aldera. Ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek inola ere ez dute eskubidea emanen ikasleen ikasketa espedientea aldatzeko.
15. Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.
Hezkuntzarekin zerikusia duten unibertsitateko titulazioek prestakuntza praktikoa dute haien edukien artean. Jarduera hori dagokion hezkuntza mailako ikastetxeetan garatu behar da, eta irakasleen parte-hartzea beharrezkoa da hura antolatzen eta garatzen.
Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:
–Tutoretza lanaren urte bakoitza merezimendutzat hartuko da.
–Ikasturte bakoitzeko tutoretza lana prestakuntza ordutzat kontabilizatuko da, praktiken iraupena kontuan hartuta. Gehienez ere 35 ordu kontabilizatuko dira. Hezkuntza Departamentuak luzatuko du prestakuntza hori egiaztatzen duen ziurtagiria, praktikak antolatzen dituen unibertsitateak eta horiek egiteko ikastetxeak emandako informazioa kontuan hartuta. Ikasle bakoitzarentzako baimenean irakasle batek baino gehiago parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.
Bestetik, praktiketako ikasleak jasotzen dituen ikastetxe bateratua prestakuntza ikastetxetzat hartuko da. Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan baloratuko da inguruabar hori, baldin deialdietan jasotzen bada, eta haietan jasotzen den moduan.
III.–Araudia.
Lanbide Heziketako ikasketak:
2. eranskina. Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuen antolaketa eta funtzionamendua 2014-2015 ikasturtean arautzeko jarraibideak
Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, ikastetxeen antolaketa eta jarduna hobetzeko. Horretaz gainera, ikasturterako lan ildo nagusiak ezarri nahi dituzte.
Jarraibideak hiru kapitulutan daude banatuta:
Lehena, urteko programazio orokorrari buruzkoa. Oharrak izanen dira Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa zikloak, Lanbide Heziketako heziketa zikloak, erdi mailakoak eta goi mailakoak, eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programak irakasteak ekartzen dituen berezitasunen gainean.
Bigarrenean, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen antolaketa alderdi berariazkoak zehazten dira, ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak direnak, eta, halaber, Lanbide Heziketa Dualari eta Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloei buruzko jarraibideak adierazten dira.
Hirugarrenean, Kualifikazioei buruzko Lege Organikoaren eta Hezkuntzaren Lege Organikoaren ondoriozko arau erabilienen zerrenda ematen da.
I.–Urteko programazio orokorra.
Urteko Programazio Orokorra (UPO) oinarrizko tresna bat da, eta bertan ikastetxearen plangintza, antolaketa eta funtzionamendua biltzen dira. Garrantzi berezia du hobekuntza planak, ikastetxeko hezkuntza proiektuan dauden alderdiak urtero zehazten baititu. Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.
Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatu behar ditu eta plangintza egin behar du (antolaketa, ordutegia, barruko eta kanpoko koordinaziorako egutegia, etab.), ikasleentzako laguntza zein emaitza akademikoak hobetzeko.
Kalitate programetan parte hartzen duten ikastetxeek hobekuntza planaren helburuak sartuko dituzte urteko planean. Ikastetxe horien dokumentazioa haien kalitate eskuliburuan bildutakoa izanen da, beharrezkotzat jotzen dutenean hura osatzeko aukera galarazi gabe.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2014-2015 ikasturtean arautuko dituzten jarraibideak onesteko ebazpenean adierazitakoaz gain, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ere ematen dituzten Bigarren Hezkuntzako institutuek arreta berezia eman beharko diete honako alderdi hauei:
1. Lanbide Heziketako plan berariazkoen berrikuspena eta programazioa.
Lanbide Heziketaren ildo estrategikoekin zerikusia duten eta ikastetxean ezarrita dauden planak berrikusi eta programatuko dituzte Bigarren Hezkuntzako institutuek, urteko programazio orokorrean sartzeko.
2. Ikastetxearen ezaugarrien berrikuspena.
Berrikuspenaren helburua da ikastetxearen ezaugarri bereziak bilatzea. Hartan, besteak beste, alderdi hauei eginen zaie erreferentzia:
–Ikastetxearen inguru sozioekonomikoa eta lan ingurua.
–Loturak enpresekin eta erakundeekin.
–Jarduketarako ildo estrategikoak eta ebaluatzeko sistema.
3. Programazio didaktikoak.
Bigarren Hezkuntzako institutuek lanbide moduluen programazio didaktikoak prestatuko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta dagokien plangintza dokumentuan jasoko dira.
Programazio didaktiko horiek curriculuma garatzean gauzatzen dira, gelaren eremuan. Horietan, arreta berezia emanen zaie ondokoei:
a) Egin beharreko egokitzapena, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoko curriculum berriko zikloak ezartzearen ondorioz.
b) Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 6. artikuluan adierazitakoa, ebaluazio prozesuaren plangintza irizpideei dagokienez, eta arlo horretan hartu behar diren erabakiak hartzeari dagokionez.
Ikasleek idatziz jasoko dute programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen.
4. Aniztasunari arreta ematea.
Mailaren arabera, ikasleek beharrezko gaitasun profesional, pertsonal eta sozialak eskuratzea dute helburu Lanbide Heziketaren irakaskuntzek, gauza izan daitezen, besteak beste, prestakuntza programaren gaitasun orokorrean zehaztutako lanbide jarduera burutzeko.
Ebaluatzeko, ikaskuntzaren emaitzetan adierazitako helburuak eta lanbide modulu bakoitzeko ebaluazio irizpideak hartuko dira erreferentzia gisa, baita heziketa zikloko edo espezializazio ikastaroko helburu orokorrak ere. Desgaitasunak eta hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleek behar ditzaketen egokitzapenetara moldatuko dira ebaluazio prozesuak, eta ebaluazio proben erabilerraztasuna bermatuko da.
Ikasle guztiei behar bezalako arreta emateko, ikastetxe bateratuek premia guztiei egokien erantzuten dieten neurriak antolatuko dituzte, ikasteko nahasmenduaren eta arreta faltagatiko nahasmenduaren eta hiperaktibitatearen ondoriozkoak barne, baita gaitasun intelektual handien ondoriozkoak ere, indarreko araudian ezarritakoaren arabera. Gainera, ikasleengan detektatzen diren premia guztiei erantzuteko, behar diren proba egokitzapenak, metodologia aldaketak eta abarrak garatuko dira.
Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak irakasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du, hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuak izanik eta ikastetxearen baliabideak kontuan hartuta.
Modulua ematen duten irakasleena ikasleei arreta emateko neurriak hartzearen erantzukizuna. Neurri horien berri eman beharko zaio taldeko tutoreari.
Moduluak gainditu gabe dituzten ikasleentzat programa indargarri bat prestatuko da, dagozkien departamentuek parte hartuta.
Aipatu behar da indarreko araudiak hainbat eratako neurriak dituela ikasle horiei buruz, hala nola, alde batetik, ikasturtean bi modulutan baino gehiagotan ebaluatzeko deialdiari uko egiteko aukera eta, bestetik, sei ikasturtez, gehienez ere, zikloan jarraitzea.
5. Oinarrizko Lanbide Heziketa.
Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak Oinarrizko Lanbide Heziketaren zikloak sortu zituen hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen barrenean, eta haiek ezartzeko egutegian xedatzen da 2014-2015 ikasturtean ezarriko dela Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen lehen maila.
Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 23ko 50/2014 Foru Aginduaren bidez, hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzen Oinarrizko Lanbide Heziketaren zenbait alderdi arautu dira, eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan Lanbide Heziketako irakaskuntza horiek funts publikoen bidez sostengatutako ikastetxe eta erakundeetan eginen dituzten ikasleak onartzeko prozedura arautzen duten oinarriak onetsi dira.
2014-2015 ikasturterako, Hezkuntza Departamentuak alderdi hauek gehiago garatzea proposatu du ziklo horientzat:
5.1. Irakaskuntza-ikaskuntzaren metodologia berriak (proiektuetan oinarritutako ikaskuntza - POI).
Ikasgelan lan egiteko metodologiak etengabe bilakatzen ari dira, edukietan oinarritutako ikaskuntzatik ikaskuntza integralago bateraino, non edukiak trebetasunetan oinarritzen diren, eta horiek beharrezko tresnak eskuratzen dizkiete ikasleei beren bizitzan prestakuntzari heldu ahal izateko. Sarean loturiko gizarte batean lankidetzan ikasi ahal izateko trebetasunak behar dituzte pertsonek. Ikasteko trebetasun horiek gero eta beharrezkoagoak dira enplegagarritasuna hobetzeko; izan ere, taldean lan egiteko eta ikasteko gauza diren profesionalak behar dira etengabeko mugimenduan den lanaren munduan.
Irakaskuntza egokia da hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa irakaskuntza-ikaskuntzaren metodologiak eguneratu eta eraldatzeko, baita ikasgelako praktikak sistematizatzeko ere; egin, egiten dira ikuspegi berri horietatik.
Hezkuntza Departamentuak metodologia berri horietan aurrera egitearen eta proiektuan oinarritutako ikaskuntzaren (POI) aldeko apustua egiten du, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen ezarpenaren hasieratik. Metodo hori luze erabili izan da arrakastaz, bai beste herrialde batzuetan, bai gurean ere, nahiz, azken kasu horretan, irakasleek ez duten taldean jokatu.
POIren metodologiak ikasleak eta haien ikaskuntza dituzte ardatz, eta ikasleek lortu behar dituzten helburuak lan autonomoaren bidez eta taldean, talde txikietan, iristen dira. Horri esker, ikasleak eraginkorrak dira sor daitezkeen gatazkak kudeatzen, eta arduraz jokatzen dute aurreikusitako helburuak lortzen. POIk ikasleen konpromiso erreala eta indartsua bilatzen du norberaren ikaskuntzarekin eta gelakideenarekin.
POIa irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren beste estrategia bat bezala erabiltzen ahal da, lanbide moduluak erlazionatzeko aukera bultzatzen du, modulu bati edo modulu zati bati aplikatzen ahal zaio, edo heziketa zikloaren curriculumean integratzen ahal da.
Oinarrizko Lanbide Heziketaren zikloetan ona da beharrezko gaitasunak eta tresnak garatzeko helburua duten proiektuen irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuetan aplikatzetik hastea, ikasleak gauza izan daitezen beren kasa lan egiteko, eta aurrera egitea, proiektu osatuago eta konplexuagoetara.
Metodologia horien aplikazioa errazteko eta, betiere, curriculumak ikaskuntzaren testuinguru jakin batzuetara egokitu ahal izateko, ikastetxeek aldaketa jakin batzuk (erreferentziako ordu banaketa eta sekuentzia, curriculuma, eta abar) aplikatzeko eskatzen ahalko dute, Hezkuntza Departamentuak erabakitzen dituen prozedurari eta baldintzei jarraituz.
5.2. Ikaskuntzaren gamak.
Proiektuetan oinarritutako ikaskuntza horren gamekin osatu eta integratzen da, eta bi ikuspegi hauek aldatzen ditu: irakaslearen rola eta ikasleek parte hartzeko eta haiek ebaluatzeko modua.
Parte-hartzea eta ikaskuntza maximizatzea da helburua, ikasleen eta irakasleen interesa bereganatuz, ikasleek ikaskuntzarekin duten konpromisoa hobetzeko helburuz. Irakasleak proiektuen diseinuarekin eta ebaluazioarekin ohitzea da kontua, baita gaitasunak atzeman eta erregistratzeko prozedurekin ere, eta ikasleek parte-hartze handiagoa izan dezatela ikaskuntzan, gaitasunak zer diren eta lanak proiektuan duen egitura ulertuz.
Hezkuntza Departamentuak web orri batean eta plataforma anitzeko aplikazio/app batean inplementatuko ditu metodologia horiek, irakasleek eta ikasleek hurrengo elementuak eskura izan ditzaten:
–Irakasleentzako gida, PRL bidez ebaluatu eta diseinatzeko.
–Irakaslearen errutinen feedbacka: irakasle bakoitzak zenbat ohar egin dituen, zenbat proiektu burutu, zer tresna erabili eta zer proiektu dituen abian.
–Irakaslearen laguntzaren feedbacka: proiektuen diseinuaren eta ebaluazioaren lorpen bakoitzaren erregistroa.
–Txata: irakasleak hartu-eman pribatu eta pertsonala izan dezake ikasle bakoitzarekin.
–Ikasleen APP bidezko feedbacka: aukera ematen du ikasle bakoitzak etengabeko informazioa izateko modulu bakoitzean bere ebaluazioari buruz, ikaskuntzaren hiru alderdietan.
5.3. Ebaluazioa.
Ikasteko eta irakasteko proposatu diren metodoetako aldaketek nahitaez dakarte aldaketa ebaluazioaren prozeduretan, horien bidez ebaluatzen ahalko baita zenbateraino lortu diren heziketa zikloan aurreikusitako gaitasun pertsonal, sozial eta profesionalak, elkarlaneko ikaskuntza autonomo baten bidez.
5.4. Tutoretzak.
Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloen asteko ordu banaketan bada tokia ikasleen tutoretza egiteko. Tutoreen lanak, ikasle bakoitzaren prestakuntza prozesuaz orientatzeaz gain, gaitasun pertsonalak, pertsonen artekoak eta sozialak eskuratzen lagunduko du. Tutoretzarako tarte horrek aukera emanen die, orobat, lanbide orientazioari buruzko alderdiei, eta ikasleak bere hezkuntza eta lanbide etorkizuna programatu eta kudeatu ahal izateko abilezia eta trebetasunak bultzatu behar ditu.
POIaren esparruan, tutoretzak aukera ematen du saioak banaka eta taldean antolatzeko, non ikasleek zalantzak eta lorpenak kontsultatzen ahal dituzten. Tutoretzak, besteak beste, ideiak trukatzeko eta arazoak konpontzeko zailtasun eta aurrerapenak azaltzeko tarteak dira.
II.–Antolaketari dagozkion alderdiak.
1. Proiektuaren modulua.
Ikastetxeko zuzendariak departamentuko zuzendariekin adostuko du Proiektuaren modulua zein irakaslek (edo zeintzuk) antolatu, garatu eta ebaluatu behar duen, Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarritutako curriculuma duten goi mailako heziketa ziklo berrietan, heziketa zikloan irakasten duten irakasleen artean.
Garatu beharreko proiektuak mota hauetako batean sartuko dira, lehentasunez:
a) Ekintzailetza proiektua: ekintzailetzari, negozio ideiei eta enpresa proiektuei lotutako jarduerak egitera bideratuko da.
b) Dokumentazio proiektua: berriki argitaratu diren idazlan zientifiko-teknikoen azterketa eta iruzkin kritikoa egitera bideratuko da, heziketa zikloarekin zerikusia duen gaurkotasuneko gai berariazko bati buruz edo tituluarekin zerikusia duen eremuan izandako bilakaera teknologikoari buruz.
c) Berrikuntza, saiakuntzako ikerketa edo garapen proiektua: bertan berrikuntza edo saiakuntzako ikerketa proiektu bat, objektu teknologiko baten ekoizpen proiektu bat, garapen aplikaturako proiektu bat edo kalitatearekin, lan prebentzioarekin edo ingurumenaren babesarekin zerikusia duen prozedura baten diseinu proiektu bat eginen da.
Proiektu horiek ikastetxearen jarduketa eremuaren lanbide sektoreko enpresekin eta erakundeekin elkarlanean egiten ahalko dira.
2. Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (LOGSE aurrerantzean) babesean ezarritako Lanbide Heziketako ikasketetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE aurrerantzean) arabera ezarritakoetara pasatzea.
Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletako xedapenen arabera konponduko dira.
2.1. LOGSEko zikloen (2014-2015 ikasturtean ezarriko diren LOEko ziklo berriei dagozkienen) lehen maila egin duten ikasleak.
a) LOGSEko zikloetako lehen mailakoak diren eta bigarren mailara igarotzen ez diren ikasleak.
LOGSEko curriculumeko lehen maila egin eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik ez duten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa eta, hala denean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko dira eta ziklo berriko gainerako moduluak eginen. Kasu horretan, ikasleek deialdi kopuru hau edukiko dute modulu bakoitzeko:
a1) LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOGSEren araberako heziketa zikloko mailan edo mailetan ahitu diren deialdiak ondorio guztietarako ahitutzat joko dira. Beraz, ikasleek apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako deialdi kopurua izanen dute, hau da, lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat.
a2) Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikasleek lau deialdi arrunt eta aparteko deialdi bat izanen dituzte modulu bakoitzeko, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako moduan.
b) LOGSEko zikloetako lehenbiziko mailakoak diren eta bigarren mailara moduluren bat gainditu gabe igarotzen diren ikasleak.
LOGSEko curriculumeko lehen maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi eta LOGSEren araberako teknikari eta goi mailako teknikari tituluen bigarren mailara igarotzerik badute, LOGSEko curriculumaren arabera jarraituko dute heziketa zikloa. Halakoetan, ikastetxeak behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu, lehenbiziko mailan gainditu gabe utzitako moduluak gainditu ahal izateko gelditzen zaizkien deialdiak gainditzeko modua izan dezaten, gaur egun egiten den bezala.
2.2. LOGSEko zikloetan gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleak, 2013-2014 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
a) LOGSEko zikloetako bigarren mailako ikasleak, bigarren mailako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituztenak.
LOGSEko zikloetako bigarren maila egin eta maila horretako modulu guztiak gainditu gabe uzten dituzten ikasleek LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitu beharko dute heziketa zikloa eta, hala denean, bidezkoak diren lehen mailako moduluak balioztatuko dira eta kasuan kasuko mailako (dela lehenengoa dela bigarrena) gainerako moduluak eginen, LOEko heziketa zikloaren arabera.
Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 2.1.a1) eta 2.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.
b) LOGSEko zikloetako bigarren mailako ikasleak, bigarren mailako moduluren bat gainditu gabe uzten dutenak.
LOEko curriculumak ordeztutako LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek bigarren mailako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako aukera hauek izanen dituzte:
b1) Hurrengo bi ikasturteetan LOGSEko curriculumaren arabera jarraitzea heziketa zikloa, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:
–LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloko curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 2.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.
Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.
b2) LOEren ondorioz ezarritako curriculum berriaren arabera jarraitzea heziketa zikloa. Horrek berarekin dakar, bidezkoak diren modulu balioztatzeak egin ondoren, ikasleek LOEko curriculum berria osatzen duten gainerako modulu guztiak egin behar izatea, dela lehenengo mailan dela bigarrenean.
Deialdi kopuruari dagokionez, eranskin honen 2.1.a1) eta 2.1.a2) oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio. Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOEren araberakoa izanen da.
LOEko curriculumak ordeztu ez duen LOGSEko ziklo bateko bigarren maila egin duten ikasleek maila horretako moduluren bat (ez guztiak) gainditu gabe utzi badute, honako hau egin beharko dute:
b3) LOGSEko curriculumaren arabera bukatzea heziketa zikloa, LOEko curriculumak LOGSEko ziklo hori ordeztu duen beste ikastetxe batean, honako xedapen hauen arabera antolatuta:
–LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloko curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
Halaber, ikasleak, bigarren mailako moduluez gain, lehenbiziko mailako batzuk ere gainditzeke dituenean, 2.2.b1) azpiatalean ezarri dena aplikatuko da.
Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da, hasitako curriculumarekin bat.
2.3. LOGSEko zikloetan gainditu gabeko moduluak dituzten ikasleak, 2012-2013 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
LOGSEko bigarren maila egin duten ikasleek moduluren bat gainditu gabe utzi badute, lau deialdi arruntak ahitu gabe, LOGSEko zikloko 2. mailan jarraituko dituzte bere ikasketak, honako xedapen hauetan adierazten den moduan:
–LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzen ahal diren moduluen kasuan, titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuen arabera, baldin eta gainditu ez badira, LOEren araberako heziketa zikloko curriculum berria osatzen duten lanbide moduluen klaseetara joan beharko dute ikasleek, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
–Moduluak LOEko curriculumeko moduluekin balioztatzerik izan ez denean, ikastetxeak ahal diren giza baliabideak eta baliabide materialak jarri beharko ditu ikasleei kasuan kasuko moduluak gainditzen laguntzeko, eta gelditzen zaizkien deialdiak errespetatuko dira.
Gainditu gabe utzitako modulu guztiak egin eta gainditutakoan, luzatzen den titulua LOGSEren araberakoa izanen da.
2.4. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, 2011-2012 ikasturtean hasita LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua bukatu eta gero.
Ikastetxeek egoera horretan dauden ikasleen berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Zerbitzuari. Kasu horietan, ikasle horientzat berariazko deialdi berezia eginen da 2014-2015 ikasturtean, LOGSEko kasuan kasuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.
3. Unibertsitateko graduko ikasketa ofizialetan sartzea.
Unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartu nahi duten goi mailako teknikariek ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraitu beharko diote, horrexek unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia ezartzen baitu.
Goi mailako heziketa zikloetan ekaineko azken ebaluazioko saioa edo saioak egiteko egunak hautatzerakoan kontuan hartuko da ikasleek 2014-2015 ikasturtean unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan sartzeko aukera izan behar dutela, hala nahi izanez gero, irakaskuntza horietarako onarpen prozesuan eskubide osoz parte hartuz.
Horretarako, gainditu gabeko moduluen azken ebaluazioko bigarren deialdi arrunta, apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduaren 15.2 artikuluak aipatzen duena, baita heziketa zikloaren azken ebaluazioko saioa ere (aipatu foru aginduaren 14.3 artikuluan aurreikusia) aurreko lerroaldean aipatzen diren datetan egin beharko dira.
Honako hauek dira unibertsitatean sartzeko probaren datak:
a) Deialdi arrunta: 2015eko ekainaren 3, 4 eta 5a.
b) Aparteko deialdia: 2015eko ekainaren 24, 25 eta 26a.
Hezkuntza Departamentuak, 2013ko maiatzaren 16an, bi esparru-hitzarmen sinatu zituen; bat Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta bestea Nafarroako Unibertsitatearekin, eta horri esker goi mailako heziketa zikloetako tituludunek aitortutzat izanen dituzte unibertsitate horietan eginen dituzten graduko ikasketei dagozkien kredituak.
4. Zuzendaritza taldeen koordinazioa.
Ikastetxeen arteko koordinazioa hobetzeko eta prestakuntza programetan parte hartzea areagotzeko, zuzendariek astearte goizak libre eduki ditzakete, irakastordurik gabe, ikastetxearen aukeren arabera.
5. Departamentuko burutza.
Departamentu bakoitzeko buruak Erregelamendu Organikoan eta 258/1998 Foru Aginduan aipatzen diren eginkizunak bere gain hartuko ditu eta, horretaz gainera, 2013-2014 ikasturterako urteko lan planaren garapenean buru eta arduradun izanen da; plan horretan, zuzeneko eta zeharkako eragina duten hobekuntza arloen gaineko jarduketak sartuko dira. Gainera, behar denean, adituak edo profesional espezialistak kontratatzeko probak antolatu beharko ditu. Halaber, irakasle espezialistei esleitutako moduluetan egin beharreko azken ebaluazioko proben arduraduna izanen da, baldin eta irakasle espezialistaren izendapen edo kontratu alditik kanpo egiten badira.
Lantokietako prestakuntza modulua egiten ari diren ikasleen gainbegiratzea irakasle zenbaiten artean banatzen denean, departamentuko buruak zainduko du berdintasunez eta proportzionaltasunez banatu daitezen, irakasle parte-hartzaile guztien artean, zereginak eta ikasle kopurua. Horretarako, proposamen bat eginen dio ikasketaburutzari.
6. Lanbide Heziketa Duala.
2014-2015 ikasturtean Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentala egiten jarraituko da Lanbide Heziketako hainbat ikastetxetan. Proiektuak azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituko dio, eta honako berezitasun hauek izanen ditu:
6.1. Enpresekiko lankidetza hitzarmenak.
Lankidetza hitzarmen bana izenpetuko ditu ikastetxeak Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean parte hartzen duten kasuan kasuko sektoreko enpresa bakoitzarekin.
6.2. Prestakuntza programak.
Azaroaren 8ko 1529/2012 Errege Dekretuaren 30. artikuluarekin bat, prestakuntza programa bat idatziko da, ukitutako lanbide modulu bakoitzaren programazioak bilduko dituena. Ikastetxean modulu bakoitzaren irakasle titularrak prestatuko du, ukitutako enpresen arduradunekin elkarlanean.
Programazioek, gutxienez, honako hauek bilduko dituzte: ikastetxean eta enpresan egin beharreko jarduerak; haien iraupena; ikasleek egin beharreko jardueran informazioa biltzeko tresnak eta prozedurak; eta hura ebaluatu eta kalifikatzeko irizpideak.
Nolanahi ere, programazio horiek prestakuntzaren ezaugarrietara egokituko dira, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuarekin bat.
6.3. Tutoretzak.
Ikastetxeak enpresako prestakuntza jarraitzeko izendatzen duen tutoreak, Lanbide Heziketa Dualeko esperientziaren arduraduna den aldetik, programazioak gainbegiratu eta koordinatuko ditu, eta ardura izanen du enpresak prestakuntza programaren tutore izendatzen duen pertsonari titular bakoitzak lanbide moduluen gainean egindako programazioak emateko. Orobat, haien garapena gainbegiratuko du.
Ikastetxeak izendatzen duen tutoreak enpresak izendatutakoarekin hilabetero biltzeko egutegia prestatu beharko du. Bilera horien xedea prestakuntza jarduera koordinatzea izanen da, bai enpresakoa bai ikastetxekoa.
6.4. Ikasleentzako laguntza, administrazio prozeduretan.
Ikastetxe bateratuko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei administrazio prozeduretan eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen bermearen sisteman.
6.5. Lantokietako Prestakuntza modulua.
Lanbide Heziketa Dualeko proiektuan parte hartzen duten heziketa zikloetan, lantokietako prestakuntza modulua ikasleak enpresan egiten duen jardueran sartuko da, eta bukatu ondoren ebaluatu eta kalifikatuko da. Ikasturte batean edo bitan eginen da, Lanbide Heziketa Dualeko kasuan kasuko proiektuan ezarritakoari jarraikiz.
6.6. Proiektuaren modulua antolaketa duala duten LOEren araberako goi mailako heziketa zikloetan.
Ikasleek heziketa zikloaren bigarren maila hasten dutenetik aurrera egin dezakete modulu hori.
6.7. Lanbide moduluen ebaluazioa.
Ikastetxean Lanbide Heziketa Dualeko proiektuari dagokion prestakuntza programaren tutore izendatutako irakasleak ardura izanen du parte hartzen duten irakasle eta tutoreekin ebaluazioa koordinatzeko.
Ikastetxean, ukitutako modulu bakoitzaren irakasle titularrek honako hauek eginen dituzte:
a) Ikasleek enpresan jasotzen dituzten prestakuntza eta haien aurrerapena gainbegiratzea.
b) Lanbide moduluen ebaluazio eta kalifikazioaren ardura izatea.
Lanpostuko jardunari buruz enpresak tutore izendatzen duen pertsonak egindako txostena hartu beharko da kontuan. Txostenean enpresan egindako jardueren emaitza bilduko da, baita enpresako prestatzaileen ekarpenak ere.
Nafarroako hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketa ebaluatzeko indarreko araudian ezarritakoa aplikatuko da.
Lanbide Heziketa Dualeko proiektu esperimentalean ahitutako deialdiak hartuko dira kontuan aurreko lerroaldean aipatutako indarreko araudian ezartzen diren deialdien gehieneko konputuaren ondorioetarako.
6.8. Lanbide Heziketa Dualaren egiaztagiriak.
Apirilaren 8ko 52/2009 Foru Aginduan ezarritako ebaluazio agirietan eta ikasketen ziurtagirietan, adieraziko da Lanbide Heziketa Dualari dagokion modalitatea “lana-prestakuntza” dela.
7. Prestakuntza ziklo bateko irakasleen jarduera Lantokietako Prestakuntza aldian
Irakasleek, Lantokietako Prestakuntza (LP) aldian, zeregin hauek izanen dituzte batez ere:
a) LPra igarotzen ez diren ikasleei arreta ematea. Gainditu ez diren moduluak gauzatzen diren guneetan emanen da arreta, departamentuko buruak proposatutako eta ikasketaburutzak onartutako lan plangintza baten arabera; plan horrek ordu eta metodologia egokitzapenak izanen ditu.
b) Lanbide Heziketako tituluak lortzeko proba libreen epaimahai eta batzorde ebaluatzaileak antolatzea, diseinatzea eta horietan parte hartzea.
c) Zuzendaritza taldeak eskatuta, ikastetxean sortzen diren beharrak betetzea.
d) Ikastetxe bateratuko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen bermearen sisteman.
Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, Lantokietako Prestakuntza (LP) aldian, honako hauetan ematen ahal dute denbora:
a) LPko tutorearekin elkarlanean aritzea.
b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.
c) Goi mailako heziketa ziklo berrietako Proiektuaren moduluan (zeinaren curriculuma Kualifikazioen Katalogo Nazionalean oinarrituta baitago) tutore izatea.
d) Langileen prestakuntza osagarrian eta prozedura ez-formalen bidez lortutako lanbide gaitasunaren ebaluazioan laguntza ematea.
e) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, baita heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.
f) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.
g) Lanbide Heziketa urrutitik on line jasotzeko eskaintzaren tutoretzan laguntzea.
h) Zuzendariak agintzen dion beste edozein eginkizun, bere eskumeneko esparruan.
Departamentuko buruak banakako lan plangintza eginen du, eta ikasketaburutzak gainbegiratuko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.
Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen banakako ordutegiak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.
Lantokietako Prestakuntza aldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.
8. Prestakuntza Ikastaroko irakasleen jarduera, hori bukatu eta gero.
Heziketa zikloetan sartzeko probetarako Prestakuntza Ikastaroko irakasleek, ikastaroa bukatzen denetik probak egin bitarte, zeregin hauek izanen dituzte batez ere:
a) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, baita heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.
b) Probetara aurkeztuko diren ikasleei arreta ematea.
c) Ikastetxeko zuzendaritza taldeak agintzen zaion beste edozein jarduera.
Orobat, aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, heziketa zikloetan sartzeko probetarako Prestakuntza Ikastaroko irakasleek, ikastaroa bukatzen denetik probak egin bitarte, zeregin hauek izanen dituzte:
a) Hezkuntza Departamentuak onetsitako Lanbide Heziketako berrikuntza proiektuetan parte hartzea.
b) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.
9. Hasierako lanbide kualifikazioko programak (HLKP).
Behin betiko destinoa duten eta Hasierako Lanbide Kualifikazioko Programetan aritzen diren esparru praktikoko irakasleek, beharrezkoa den titulazio akademikoa ez dutenek izan ezik, beren ordutegia osatzen ahalko dute Curriculum Egokituaren Programetan, Curriculum Aniztasuneko taldeetan edo Lanbide Heziketako heziketa zikloetan arituz irakasle lanetan, 229/2002 Foru Dekretuak aldatzen duen 225/1998 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezarritako hautatze hurrenkerari jarraituz.
10. Lanbide Hastapeneko Kualifikazio Programetako Lanbide Lantegien modalitatearen azken maila bukatzea.
Hasierako Lanbide Kualifikazio Programetan (HLKP), Lanbide Lantegien modalitatean, ekaineko azken ebaluazioko bilkura edo bilkurak zein egunetan eginen diren erabakitzerakoan, kontuan hartu beharko da ikasleek, nahi izanez gero, erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probetara aurkezteko modua izan behar dutela, baita kasuan kasuko arlo eta/edo irakasgaitik salbuesteko aukera ere, erdi mailako heziketa zikloetan sartzeko probei buruzko araudiarekin bat.
11. Matrikulen bateragarritasuna.
2014-2015 ikasturtean oinarrizko Lanbide Heziketaren ziklo batean, erdi mailako edo goi mailako heziketa ziklo batean, lanbide lantegi batean edo hasierako lanbide kualifikazio programa bateko bigarren mailan, lanbide lantegiaren modalitatean, matrikulatuta dauden ikasleek irakaskuntza horiek eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak edo Batxilergokoak batera egin nahi badituzte, zilegi izanen dute, baina Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan urrutiko araubidean matrikulatuta egon beharko dute, ikastetxe horretan sartzeko baldintzak beteta.
12. Proba libretarako berariazko deialdia, LHIeko eta LHIIko ikasketak osatu gabe dituztenentzat.
Arau orokorretan jaso gabeko baliokidetza duten LHIeko eta LHIIko ikasketak osatu gabe dituztenek eskaera egin beharko diote Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiari, LHIeko eta LHIIko ikasketa osatu gabeen baliokidetzak banan-banan ebatz ditzan hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako titulazio batekin; baita OHOko eta Batxilergokoenak ere, kasu hori bada.
Eskaera Lanbide Heziketako zuzendari nagusiari egin beharko zaio, eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioko Erregistro Orokorrean (Los Madrazo kalea, 17, beheko solairua, 28071 Madril) aurkeztu beharko da, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren erregistro eta bulegoetan; betiere, aipatu bulegora igorrita.
Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, ez bada I. eranskineko onespena ematen Datuak Egiaztatzeko Sistemaren bidez nortasun datuak egiaztatzeko (apirilaren 28ko 522/2006 Errege Dekretua), edo pasaportearen edo atzerritar txartelaren zein egoitza-baimenaren (aldi baterakoa edo behin betikoa) fotokopia, edo ikasketen bisarena (atzerriko ikasleen araubide berezia).
–Egindako ikasketen frogagiriak (ziurtatze akademiko ofizialaren jatorrizko agiria edo fotokopia konpultsatua edo, zein den kasua, titulua edo kalifikazioen liburua).
Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministeriotik ebazpen pertsonalizatua lortzen dutenek, Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariari igorritako eskabide baten bitartez eta ezartzen den prozedurari jarraituz, gaindituta dituztela frogatu behar dituzten lanbide moduluen proba libreetarako berariazko deialdi bat egiteko eskatzen ahalko dute, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak baliokidetza eskaeraren aldeko ebazpena eman ahal dezan. Eskaerak data hauetan aurkezten ahalko dira:
–2015eko urtarrilaren 2tik martxoaren 31 arte. Berariazko proba libreak 2015eko ekainean eginen dira.
–2015eko uztailaren 1etik irailaren 30a arte. Berariazko proba libreak 2015eko abenduan eginen dira.
13. Unibertsitatera sartzeko probaren prestaketa.
2014-2015 ikasturtean unibertsitatean sartzeko probaren fase berariazkoan aurkeztu nahi duten ikasleek, 2014-2015 ikasturtea baino lehen lortutako Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulua baldin badute, 2014-2015 ikasturtean Félix Urabayen Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen ahalko dira, urrutiko araubideko batxilergoaren ikasketetan, proba hori prestatzeko.
Irakaskuntza horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko, unibertsitatean sartzeko proben fase berariazkoa gainditze aldera. Ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek inola ere ez dute eskubidea emanen ikasleen ikasketa espedientea aldatzeko.
III.–Araudia.
Lanbide Heziketako ikasketak.