Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 186. NAOn argitaratutako testua, irailaren 20an)
Atarikoa
Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Sistema Nazionala (SNCFP) ezarri du, bizitzan zeharreko prestakuntza sustatzen duena, pertsonen enplegagarritasuna eta lehiakortasun emankorra areagotzeko helburuarekin, hori lagungarria izanen baita kohesio ekonomikoa eta soziala lortzeko eta enplegua sustatzeko.
Era berean, lan esperientziaren bidez lortutako lanbide gaitasunak onartzeari buruzko uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuak ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 8.4 artikulua garatzen du, eta azken xedapenetako hirugarrenean ezartzen du autonomia erkidegoek beharrezkoak diren jarduketak hasiko dituztela, lan esperientziaren bidez edo prestakuntzako bide ez formalak erabiliz lortutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura ezar dadin.
Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusiaren azaroaren 10eko 397/2010 Ebazpenaren bidez, gaitasun horiek 2011. urtean ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurarako deialdia egin zen. Ebazpen horretan, gaitasunak onartu, ebaluatu eta egiaztatzeko jarraibideak onesten dira. Jarraibide horien III. atalak ("Egiaztapena eta erregistroa") ezartzen du gaitasunen egiaztapena Nafarroako Gobernuko Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak eginen duela, eta zuzendaritza nagusi horrek "egiaztapenen erregistroa edukiko duela, erregistro orokorrean sartzeko".
Hala bada, ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean gaitasun unitateen erregistroa egiteko modua ezartzea.
Adierazitakoarekin bat eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, ebatzi dut:
Lehena
Ebazpen honen eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan ezartzen da zein modutan eginen den gaitasun unitateen erregistroa Nafarroako Foru Komunitatean.
Bigarrena
Ebazpen hau Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiari, Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuari igortzea.
Hirugarrena
Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute haren kontra, Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitara eman eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitatean gaitasun unitateen erregistroa egiteko jarraibideak
1.-Xedea.
Ebazpen honen xedea da gaitasun unitateen erregistroa zein modutan eginen den ezartzea, ondoren Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroan sartzeko.
2.-Erregistroaren edukia eta eginkizunak.
1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak egiaztatutako lanbide gaitasunen datuak erregistratuko dira.
2. Honako hau izanen da gutxieneko edukia: deialdiaren data, egiaztapenaren data, IFZ/AIZ, egiaztatutako pertsonaren deiturak eta izena eta egiaztatutako gaitasun unitateak, horien izena eta kodea. Egitura hori egiaztapenak eman eta erregistratzeari buruzko behar teknikoen araberakoa izanen da, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren erregistroari jakinarazteko modukoa betiere.
3. Erregistroaren eginkizunen artean jarduera hauek daude:
a) Aurreko artikuluan aipatutako gaitasun unitateak inskribatu eta oharpena egitea, araudiarekin bat datozela ikusi ondoren.
b) Erregistratutako datuei buruzko egiaztapenak ematea.
c) Gaitasun Unitateen Erregistro Orokorrarekin (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari buruzko 1224/2009 ED), harremana, lankidetza eta komunikazioa izatea.
d) Ebaluazio aktak zaindu eta artxibatzea.
e) Datuetan sartzen uztea bai lan arloko administrazioari bai hezkuntza arlokoari, bidezkoa den kasuetan.
3.-Egiaztapenak ematea.
1. Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak egiaztapenak emanen dizkie lanbide gaitasunak erregistratuak dituzten pertsonei, lan esperientziaren bidez edo beste prozedura ez formal edo informal batzuen bidez lortutako lanbide gaitasunak onartu, ebaluatu eta egiaztatzeko, Nafarroako Foru Komunitatean gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko egiten diren deialdiekin bat, uztailaren 17ko 1224/2009 EDaren esparruan.
2. Egiaztagiriak uztailaren 17ko 1224/2009 Errege Dekretuaren III. eranskineko A eta B ataletan araututako zehaztapen teknikoei jarraikiz prestatuko dira.
3. Egiaztagiriak luzatu ondoren, interesdunek berek edo notario ahalordea edo pertsona egiaztatuaren baimen espresa duen ordezkariak jasoko dituzte, Arriskuen Prebentziorako eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiaren egoitzan, jakinarazten zaien moduan eta egunean.
4.-Datu pertsonalak.
Nafarroako Gaitasun Unitateen Foru Erregistrorako datuak jaso, erabili eta lagatzeko, Datu Pertsonalei buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera sortutako datuen fitxategi automatizatua erabiliko da.