(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Irakaskuntzak :
    • Haur Hezkuntza :
      • 97/2000 Foru Agindua, martxoaren 17koa, Hizkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean atzerriko hizkuntzak aurretik irakasteko kontu batzuk arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

97/2000 Foru Agindua, martxoaren 17koa, Hizkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean atzerriko hizkuntzak aurretik irakasteko kontu batzuk arautzen dituena

 

(2000ko 46. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 14an)

Atarikoa

Atzerriko hizkuntzak aurretik irakasten era esperimentalean, modu arautu batean, hasi zen Foru Komunitatean, maiatzaren 19ko 201/1993 Foru Aginduaren eta apirilaren 10eko 352/1997 Ebazpenaren babesean. 201/1993 Foru Aginduak Lehen Hizkuntzako lehen eta bigarren hizkuntzen irakaskuntza arautu zuen eta 1993ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. 352/1997 Ebazpenak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan atzerriko hizkuntzetan ekintzak egiteko prozedura arautu zuen eta 1997ko apirilaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Bi arau haiek onetsi zirenez geroztik, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe gehienek baimena izan dute atzerriko lehen hizkuntza Lehen Hezkuntzako lehen zikloan eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan aurretik irakasteko. Haietariko batzuek baimena izan dute, halaber, atzerriko bigarren hizkuntza Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklora aurreratzeko.

Ikastetxe horiek duten esperientzia dela-eta Hezkuntza eta Kultura Departamentuak antolamenduzko kontu batzuk zehaztu behar ditu, denboraren denboraz eta eginaren eginez zahartuak baitira, eta kontu berri batzuk sartu, irakaskuntza horiek ikasi, sendotu eta aprobetxatzeko egokiagotzat jotzen baitira. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, gainera, nahi du atzerriko hizkuntzak Foru Komunitate osoan aurretik ikas daitezen eta ikasgai diren hizkuntzekin harremanetan ordu gehiago eman daitezen. Izan ere, Departamentuak uste osoa du esperientzia honek lagunduko duela hizkuntz oinarriak sendotzen eta, beraz, hezkuntza etapa guztietan atzerriko hizkuntzetan aritzeko gaitasuna hobetzen.

Horregatik, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36. artikuluko 2b) idatz-zatiaren bidez eskuordetuak ditudan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

I.-OROTARIKO XEDAPENAK.

Lehena.-Atzerriko lehen hizkuntzaren irakaskuntza Lehen Hezkuntzako lehen ziklora edo Haur Hezkuntzako bigarren ziklora aurreratu nahi duten ikastetxeek, baita atzerriko bigarren hizkuntzaren irakaskuntza Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklora aurreratu nahi dutenek ere, Hezkuntza eta Kultura Departamentuaren baimena beharko dute. Baimen hori ez daukaten ikastetxeek martxoaren 17ko 91/2000 Foru Aginduan xedaturikoari jarraituz eskatzen ahalko dute.

Bigarrena.-Irakaskuntza horiek emateko ezinbesteko baldintza da ikastetxeek irakasle espezialistak izan ditzatela, behar den titulu akademikoa dutenak.

Hirugarrena.-1. Irakaskuntza horiek ezartzen dituzten ikastetxeek beren hezkuntza proiektuan eta beren kurrikulu proiektuan sartuko dute atzerriko hizkuntzaren arloko kurrikulua haren aurrerapenak eragiten dituen aldaketetara egokitzeko hizkuntza planari dagokion zatia, Lehen Hezkuntzarako martxoaren 16an eman eta 92/5/13ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 100/1992 Foru Dekretuaren eranskinean xedatzen denarekin bat, kontuan hartuz, Haur Hezkuntzako kasuan kasuko zikloaren egitura eta ezaugarriak, abenduaren 30ean eman eta 92/1/29ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 574/1991 Foru Dekretuaren arabera.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den egokitze prozesuan, ingelesaren kurrikulu proposamenari dagokionez, gomendatzen da hizkuntzetarako kurrikulu deseinetan eta Haur eta Lehen Hezkuntzarako balorazio probetan biltzen diren orientabideei jarraitzea, Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzuak prestatu dituenei, hain zuzen ere.

Laugarrena.-1. Lehen Hezkuntzan, atzerriko lehen eta bigarren hizkuntzek etapako gainerako arloen ondorio akademiko berak eta mailaz igotzeko ondorio berak ere izanen dituzte ikasleendako.

Lehen Hezkuntzan atzerriko hizkuntza aurreratua martxoaren 31n eman eta 93/5/7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 62/1993 Foru Legean izaera orokorraz xedaturikoari jarraituz ebaluatuko da.

2. Haur Hezkuntzan atzerriko hizkuntza aurreratua martxoaren 31n eman eta 93/5/3ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen 63/1993 Foru Legean izaera orokorraz xedaturikoari jarraituz ebaluatuko da.

3. Ikasgai horiek ikasi izana, haiek ikasteko prozesuaren balorazioa eta ebaluazioaren emaitzak kasuan kasuko hezkuntza etapako ebaluazio txosten eta agirietan agertuko dira. Lehen Hezkuntzako ikasleen eskolatze liburuaren kasuan "Lehen Hezkuntzako oharrak" izeneko orrialdeetan erregistratuko dira.

4. Ikasleren bat atzerriko hizkuntza aurretik irakasten ez duen ikastetxe batera joaten bada, irakaskuntza haien emaitzek ez dute ondorio akademikorik izanen. Gorabehera hori agertaraziko du ikastetxe hartzaileak ebaluazio agirietan, behar den eginbidearen bidez.

Bosgarrena.-Hezkuntza eta Kultura Departamentuak egokitzat jotzen dituen argibideak eskatuko dizkie ikastetxeei atzerriko hizkuntza aurreratuen irakaskuntza ebaluatzeko.

Seigarrena.-Araubide Bereziko Irakaskuntzen Zerbitzuek erraztu eginen ditu kurrikulu eta irakaskuntzako orientabideak arlo hori irakatsi eta ebaluatu ahal izateko.

Zazpigarrena.-Pedagogi Berrikuntzako Zerbitzuak, prestakuntza planen barruan, eginkizun horietan ari diren maisu-maistren jarduerak sustatuko ditu.

II.-ATZERRIKO LEHEN HIZKUNTZA.

Zortzigarrena.-Lehen Hezkuntzako lehen zikloan eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, horretarako baimena daukaten ikastetxeetan, nahitaez ikasi beharko dute ikasleek atzerriko lehen hizkuntza. Irakaskuntza horiek hasten dituzten ikasleei bermatuko zaie haiek kasuan kasuko ziklo osoan iraunen dutela.

Bederatzigarrena.-Ikastetxeek gutxienez ere 120 minutu emanen dituzte astero atzerriko lehen hizkuntza irakasten ikasmaila bakoitzean. Ikastaldi bakoitzak, gutxienez ere 30 minutu iraunen du. Ordutegi hori, ahal den ber, ekainaren 12ko 230/1992 Foru Aginduko I eta II. eranskinetan orientabide gisa ezarri denari egokitu beharko zaio.

Hamargarrena.-Irakasle espezialisten ordutegiagatik ezin badira Lehen Hezkuntzako lehen zikloaren eta Haur Hezkuntzako bigarren zikloaren beharrak bete, Lehen Hezkuntzako bigarren ikasmailatik Haur Hezkuntzako bigarren ikasmailara betez joanen dira, lehentasun horiei jarraituz. Beti ere Foru Agindu honetako bederatzigarren puntuan ikasmaila bakoitzerako ezartzen den ordu dedikazioa errespetatuko da. Ez da behin ere komeniko atzerriko hizkuntza hiru urteekin sartzen hastea.

Hamaikagarrena.-Haur Hezkuntzan ikasmailako tutoreak hizkuntza espezialistari lagunduko dio haren klaseetan, ikasturteko lehen hiruhilekoan bederen, helburuen eta metodologiaren koordinazioa bermatzeko.

II.-ATZERRIKO BIGARREN HIZKUNTZA.

Hamabigarrena.-Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan atzerriko bigarren hizkuntzaren irakaskuntza aurreratua, baimena duten ikastetxeetan, aukerakoa izanen da ikasleendako. Irakaskuntza horiek hasten dituzten ikasleei bermatuko zaie haiek kasuan kasuko ziklo osoan iraunen dutela.

Hamahirugarrena.-Ikastetxeek gutxienez ere 90 minutu emanen dituzte astero atzerriko bigarren hizkuntza irakasten. Ikastaldi bakoitzak, gutxienez ere 30 minutu iraunen du. Ordutegi hori, ahal den ber, ekainaren 12ko 230/1992 Foru Aginduko I eta II. eranskinetan orientabide gisa ezarri denari egokitu beharko zaio.

Hamalaugarrena.-Atzerriko bigarren hizkuntza ikastea erabakitzen duten ikasleek ikastetxeko zuzendaritzak baimena ematen dienean bakarrik uzten ahalko diote ikasteari, ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek arrazoiak emanda eskatutakoan, maisu tutoreak eta orientatzaileak idatziz txostena eman ondoren. Txosten horretan ere eskaeraren arrazoiak emanen dira.

Azken Xedapen Bakarra

Maiatzaren 19ko 201/1993 Foru Aginduaren eta apirilaren 10eko 352/1997 Ebazpenaren arabera atzerriko hizkuntzen irakaskuntza aurreratzeko behin betiko baimena lortu duten ikastetxeek Foru Agindu honetan xedaturikoa bete beharko dute atzerriko lehen hizkuntza Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan aurretik irakasteko eta atzerriko bigarren hizkuntza Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloan aurretik irakasteko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe uzten dira maiatzaren 19ko 201/1993 Foru Agindua, apirilaren 10eko 352/1997 Ebazpena eta Foru Agindu honetan xedaturikoari aurka egiten dioten xedapen guztiak. 201/1993 Foru Aginduak Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren hizkuntzen irakaskuntza arautu zuen eta 1993ko ekainaren 7ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. 352/1997 Ebazpenak Haur Hezkuntzako bigarren zikloan atzerriko hizkuntzetan ekintzak egiteko prozedura arautu zuen eta 1997ko apirilaren 25eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

Azken Xedapenetako Lehena

Baimena ematen zaio Hezkuntza zuzendari nagusiari Foru Agindu honetan xedaturikoa bete eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Agindu hau igortzea Ikasketen Antolamendu eta Lanbide Heziketako Zerbitzura, Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Teknologia Berrien Zerbitzura, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera, Araubide Bereziko Irakaskuntzen eta Atzerriko Hizkuntzen Atalera eta Hizkuntza Unitate Teknikora, behar diren ondorioak sor ditzan.

Azken Xedapenetako Hirugarrena

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa