(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

  • Irakaskuntzak :
    • Haur Hezkuntza :
      • 257/1998 Foru Agindua, uztailaren 16koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

257/1998 Foru Agindua, uztailaren 16koa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa garatzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1998ko 102. NAOn argitaratua, abuztuaren 26an. 366/2002 Foru Agindua, uztailaren 5ekoa)

Atarikoa

Otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuenak (1997-03-14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), ikastetxe hauen antolaketaren eta funtzionamenduaren funtsezko alderdi batzuk arautzen ditu.

Ikasturte bakoitzean Erregelamendua gauzatu eta garatzeko jarraibide batzuk onetsi izan dira, orain arte ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautu dutenak.

Ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituzten jarraibideei izaera iraunkorragoa emateko asmoz, bidezkoa da Foru Agindu hau onestea, bertan biltzen baitira zenbait jarraibide, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren osagarriak, aipatu Erregelamenduarekin eta uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuarekin batera, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen diren ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendurako erreferentzia egonkorra eman dezaten.

Ikasketa eta Ikastetxeen Antolamendurako Zerbitzuko zuzendariak Foru Agindu hau onesteko adostasun txostena aurkeztu du. Foru Aginduaren xedea da jarraibideak onestea, batez ere, arestian aipatutako Erregelamendu Organikoan aurreikusitako ikastetxeen antolaketa eta funtzionamenduaren funtsezko alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko eta, neurri batean, baita Erregelamendu Organikoan aurreikusirik ez dauden zenbait alderditan oinarrizko ildo batzuk ezartzeko ere. Era horretan, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendu egokia izan eta hezkuntza jardun koherente eta eraginkorra ziurtatzea da lortu nahi dena.

Foru Agindu honen edukia hiru Titulutan dago antolaturik. Horietatik lehenbizikoan ikastetxearen Urteko Programazio Orokorrean aurreikusitako alderdiak zehaztu eta garatzen dira; Bigarrenean, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako irakaskuntzako koordinazio organoen funtzionamenduari dagozkion alderdiak garatzen ditu, eta azkenik, Hirugarrenean, beste zenbait gai jorratzen dira: Erlijio eta Hezkuntza Jarduera Antolatuaren irakaskuntzak, ikastetxekoak ez direnak bertara sartzea, etab.

Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluaren bidez emaniko ahalmenak erabiliz, xedatu dut:

I. TITULUA. IKASTETXEAREN URTEKO PROGRAMAZIO OROKORRA

1. artikulua. Kontsiderazio orokorra.

1. Ikasturte bakoitzaren eskola aldia hasi aurretik, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoek Urteko Programazio Orokorra prestatuko dute, ikastetxean ikasturte horretan hezkuntza komunitateko kideek eginen dituzten jardueren aurreikuspena biltzeko.

2. Urteko programazio orokorraren edukia Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren 49. artikuluan ezarritakoari egokituko zaio, Foru Agindu honen hurrengo puntuetan egiten den garapena kontuan hartuz.

I. KAPITULUA. Edukia

2. artikulua. Ikastetxearen ordutegi orokorra eta hura egiteko irizpide pedagogikoak.

1.-Zuzendaritza Taldeak Ikastetxearen ordutegi orokorra modutuko du, Klaustroari entzutea eman eta Eskola Kontseiluak onetsi ondoren. Ikastetxearen ordutegi orokorrak gutxienez honako alderdiak edukiko ditu:

a) Ikastetxeak zabalik egon behar duen ordutegia eta baldintzak. Zuzendaritza Taldeak urtarrilaren 9ko 2/1995 Foru Dekretuan (1995-01-23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoa bete beharko du.

b) Eskola jardueren ordu banaketa. Ondotik ezartzen denari jarraikiz eginen da:

-Irakastorduak astelehenetik ostiralera bitarte izanen dira, goiz eta arratsaldeko saioetan, ekain-irailetan salbu, orduan eskola saio etengabea eginen baita, eta asteazkenetan, saio bakarra goizekoa izanen baita.

-Goizeko eta arratsaldeko saioen artean gutxienez bi ordu izanen dira, eta bi ordu eta erdi garraioa batera erabili beharra baldin badago.

-Arratsaldeko saioak gutxienez ordu eta erdi iraunen du.

-Lehen Hezkuntzako ikasleen atsedenaldia egunean ordu erdikoa izanen da eta goizeko eskola saioaren erditsuan eginen da.

-Asteazken arratsaldean ikasleek ez dute eskolarik izanen.

-Eskola saio bakoitzeko jarduerak programatzeko, kontuan hartuko dira Ikastetxeko ikasle guztienganako arreta kolektibo eta banakakoa.

-Egun bakoitzean eta astean zehar arloak banatzeko, batez ere arrazoi pedagogikoei kasu eginen zaie, beti ere banaketa orekatua izan dadin saiatuz, goizez nola arratsaldez.

-Irakasleen lehentasunek, orduei dagokienez, ez dute inolaz ere oztopatuko arestian azaldutako irizpideen edo Klaustroak ezar ditzakeenen aplikazioa.

Arestian aipatutakoaz gain, irakastorduetako jardueren ordu banaketa egiteko kontuan hartuko da ikasturte bakoitzerako Eskola Egutegia egiteko arauetan xedatzen dena, bai eta irakasleen Klaustroak horri buruz onetsiko duena, Foru Agindu honetan araututakoaren kontra jotzen ez badu.

c) Irakastordu ez diren jardueren ordu banaketa. Horretarako, ikasleen irakastorduak ez direla eten behar kontuan hartuko da.

Irakasleen Klaustroaren bilerak, ebaluazio bilkurak eta kideen artean ikastetxeko langileak ez diren pertsonak dituzten Organoen bilerak ere irakastorduetatik kanpo eginen dira, arrazoituriko salbuespenak izan ezean, gobernu edo koordinazio organoen kide guztiak bertaratu ahal izateko.

2. Langileak batera dituzten ikastetxeetako zuzendariek ados jarri beharko dute Ikastetxearen ordutegi orokorra egin aurretik, langile horiei dagozkien ikastetxeetako jarduerak bateragarri egin ahal izateko.

3. Ikastetxeen eta haien instalazioen erabilera, maila ez-unibertsitarioko ikastetxe eta ikasleendako egoitzen eta horiei atxikitako instalazioen erabilera arautzen duen urtarrilaren 9ko 2/1995 Foru Dekretuan (1995-01-23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) aurreikusitakoari lotuko zaio.

3. artikulua. Hezkuntza Proiektua.

1. Ikastetxe guztiek eduki beharko dute beren Hezkuntza Proiektua, zeinaren prestaketa eta edukia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren IV. Tituluaren I. Kapituluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. Hezkuntza Proiektua amaitu, ebaluatu eta, egokia bada, Eskola Kontseiluak onetsirik, Urteko Programazio Orokorraren atal honetan sartuko da.

Ikastetxeek, Hezkuntza Proiektua igortzen denetik aurrera, aipatutako Proiektuan ikasturte bakoitzerako egiten diren aldaketak sartuko dituzte, soilik, Urteko Programazio Orokorraren atal honetan.

3. Ikastetxe berriek hiru ikasturteko epea izanen dute, gehienez, aipatutako Hezkuntza Proiektua egiteko. Prozesuak dirauen bitartean, ikasturtearen hasieran, Eskola Kontseiluak Hezkuntza Proiektuko prestatutako alderdiak aztertu, ebaluatu eta onetsiko ditu, Ikastetxearen Urteko Programazio Orokorraren atal honetan sartzeko.

4. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak adieraziko du, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideak urtero onetsiko dituen arautegian, aipatu Proiektuarekin zerikusia duten oharrak zein diren.

5. Ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Proiektua hezkuntza komunitate osoak ezagutu eta kontsultatzeko behar diren neurriak hartu beharko ditu.

4. artikulua. Etapako Curriculum Proiektua.

1. Ikastetxe guztiek bertan irakasten diren etapen Curriculum Proiektuak egin beharko dituzte. Horren prestaketa eta edukia Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren IV. Tituluaren I. Kapituluan ezarritakoari lotuko zaizkio.

2. Haur Hezkuntzaren Curriculum Proiektuaren prestaketan, kontuan hartu beharko da etapa honetako arloen izaera baterakoia. Horrez gain, bi etapetako cuuriculum proiektua egiterakoan arreta berezia eskainiko zaie Haur Hezkuntzaren eta Lehen Hezkuntzaren artean egon beharreko koordinazioari eta koherentzia pedagogikoari.

3. Etapa guztien Curriculum Proiektuak egiteko, ikastetxeak egokitu beharko dira Hezkuntza eta Kultura Departamentuak dagokion arautegian Etapa bakoitzerako onetsiko dituen jarraibideetara.

4. Etapa guztien Curriculum Proiektuak eginik dituzten ikastetxeek, behin irakasleen Klaustroak ebaluatu eta onetsirik, ikasturtearen hasieran Urteko Programazio Orokorraren atal honetan sartuko dute aipatutako Proiektua.

5. Ikastetxeek, Curriculum Proiektua igortzen denetik aurrera, aipatutako Proiektuan ikasturte bakoitzerako egiten diren aldaketak, soilik, sartuko dituzte Urteko Programazio Orokorraren atal honetan.

Ildo horretatik, Etapako Curriculum Proiektuak Klaustroak ebaluatuko ditu urtero. Etapa guztien Curriculum Proiektua baloratzeko proposamenak eta haren aldaketak, baleude, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak aurkeztuko dizkio Klaustroari, irailean, eztabaidatu eta onesteko.

6. Ikastetxe berrietan, bertan irakasten diren etapa guztien Curriculum Proiektua lehenbiziko aldiz egiterakoan, artikulu honen 3. idazatiak aipatzen dituen jarraibideei jarraituko zaie. Ikastetxe hauek, Irakasleen Klaustroak ebaluatu eta onetsi ondoren, etapa guztien Curriculum Proiektuak igorriko dituzte, eta Urteko Programazio Orokorrean sartuko, ikasturtearen hasieran prestatuta dagoena, behinik behin.

7. Hezkuntza eta Kultura Departamentuak adieraziko ditu, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideak urtero onetsiko dituen arautegian, aipatu Curriculum proiektuekin zerikusia duten zenbait ohar.

8. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak gainbegiratuko du etapa bakoitzaren Curriculum Proiektua indarra duen arautegiari egokitzen zaion egiaztatzeko, egokitzat jotzen dituen iradokizunak eginen ditu eta bidezkoak diren aldaketak, behar badira, adieraziko ditu.

9. Irakasleek beren irakaskuntza jarduerak antolatuko dituzte Haur eta Lehen Hezkuntzako curriculum ofizialei jarraikiz, eta bi etapa hauetako Curriculum Proiektuekin bat. Ziklo berean aritzen diren irakasleen arteko talde lana bultzatu eta koordinazioa ziurtatu beharko dira, horretarako Zikloko Taldeen funtzionamendu egokiaz baliatuz, ikastetxe hauen Erregelamendu Organikoaren III. Tituluaren III. Kapituluan ezarritakoari jarraikiz. Era berean, irakasleek zikloan zehar ikasle talde bera izan dezaten ahaleginak eginen dira.

5. artikulua. Ikastetxearen prestakuntza plana.

1. Ikastetxe guztiek prestatu beharko dute ikasturte hasieran ikastetxearen Prestakuntza Plana. Horren edukia Hezkuntza eta Kultura Departamentuak, urtero, ikastetxe hauen antolaketa eta funtzionamenduaren inguruko alderdi puntualak arautzeko jarraibideetan zehaztuko duenari lotuko zaio.

2. Ikastetxearen Prestakuntza Plana Nafarroako Foru Komunitateko Prestakuntzako Urteko Planak biltzen duen prestakuntza eskaintzan oinarriturik eginen da, ikastetxe bakoitzak dituen prestakuntza premiak kontuan hartuz, Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak horri buruz egindako azterketatik abiatuta.

3. Ikastetxeko Koordinazio Pedagogikorako Batzordea arduratuko da ikastetxearen Prestakuntza Plana prestatzeaz, eta Klaustrora igorriko du, honek onets dezan.

4. Behin Klaustroak onetsirik, Ikastetxeko Prestakuntza Plana Urteko Programazio Orokorraren atal honetan sartuko da.

5. Ikasketaburua edo, horrelakorik ez badago, ikastetxeko zuzendaria izanen da koordinatzailea eta arduraduna Ikastetxeko Prestakuntza Plana betetzeari dagokion guztian.

6. artikulua. Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programazioa.

1. Ikasturte hasieran, ikastetxe guztiek prestatu beharko dute Jarduera Osagarrien eta Eskolaz Kanpokoen Programazioa. Hortaz, ikasketaburuak edo, horrelakorik ez badago, zuzendariak eginen du jarduera hauen urteko Programazioa, Eskola Kontseiluak aurretik prestatutako ildoei jarraikiz. Horretarako Klaustroaren eta Guraso Elkarteen proposamenak bildu beharko ditu. Programazio hau Urteko Programazio Orokorraren barrenean sartuko da.

2. Jarduera osagarriak dira irakaskuntzako programazioan sarturik egon eta hein handi batean eskola ordutegiaren barrenean egin arren, ohikoak ez direnak, egiteko tenorea edo tokia dela-eta, erabiltzen diren baliabideengatik edo ikastetxearen inplikazioagatik. Jarduera hauek egiteak irakasleen ohiko irakastorduen kopurua gainditzea baldin badakar ordu konpentsazioa eman daiteke. Jarduera hauek nahitaezkoak izanen dira irakasle zein ikasleendako.

3. Eskolaz kanpoko jarduerak dira ikasleekin irakastorduetatik kanpo egiten direnak. Parte hartzea borondatezkoa da irakasle zein ikasleentzat; horregatik, ez dituzte hartuko ziklo bakoitzeko programazioan dauden irakaskuntzak.

4. Jarduera osagarriek eta eskolaz kanpokoek bat etorri beharko dute ikastetxeko Hezkuntza Proiektuarekin eta hau modu egokian garatzeko baliagarriak izan. Jardueren planifikazioan zehaztuko dira helburuak, arduradunak, egiteko tenorea eta tokia, ikasleek parte hartzeko modua, bai eta aurrekontuko kostua.

5. Ikasketaburuak edo, horrelakorik ez badago, zuzendariak, ikastetxeak egiten dituen mota honetako jardueren erregistro eguneratua eraman beharko du, eta bertan adierazi jarduera bakoitzaren eguna, ordua, iraupena, edukia, aurrekontuko kostua eta gastatutako diru kopurua. Erregistro honek ikastetxean egon beharko du, Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuaren eskura.

6. Jarduerak egiteko adin txikikoak ikastetxea dagoen herritik kanpora eraman behar izanez gero, beharrezkoa izanen da gurasoen idatzizko baimena. Ikasleekin joanen diren irakasleen gutxieneko kopurua: irakasle bat izanen da 20 ikasleko edo 10etik gorako zatiki bakoitzeko, eta zuzendariak hala iritzita kopurua handitu ahal izanen da, horrek gainerako ikasleen irakastorduak betetzeko arazorik sortzen ez duen bitartean.

7. Ikastetxe batek mota honetako jarduerak kanpoan (bisitak, txangoak, etab.) egin nahi baldin baditu, eta Programazio Orokorrean sarturik egon gabe eta Eskola Kontseiluaren tramitea ezinezkoa bada, Zuzendaritza Taldeak, salbuespen gisa, baimena eman ahal izanen du, beti ere Eskola Kontseiluan onetsitako jarraibideak betez. Ondoren Eskola Kontseiluari jakinarazi beharko dio.

7. artikulua. Zerbitzu osagarriak.

1. Zerbitzu Osagarriak, Jantokia eta Garraioa, emateko eskaintza publikoa dagoen ikastetxeetan, zuzendariaren esku egonen da ikasturte bakoitzerako Ikastetxearen Zerbitzu Osagarrien Plana prestatzea, Eskola Kontseiluaren ildoak kontuan hartuz.

2. Plan horretan zehaztuko da zenbat irakasle beharko den eskola garraioa erabiltzen duten ikasleen sarrera eta irteera behar bezala zaintzeko, bai eta jantokiko zainketa zerbitzua eta eskolatik kanpo dagoen jantokira joateko garraioa erabili behar den kasuetako laguntza.

8. artikulua. Memoria administratiboa.

1. Ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak memoria administratiboa eginen du, eta hau Urteko Programazio Orokorrean sartuko da, Erregelamendu Organikoan ezarritako moduan.

2. Ikastetxearen Antolamendurako Agiria Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak ikastetxeetara bidaliko dituen inprimakien bidez beteko da. Inprimaki horiek, behar bezala beteta, hogei eguneko epean bidali beharko zaizkio aipatutako Zerbitzuari, behin eskola jarduerak hasirik.

II. KAPITULUA. Prestaketa, onespena eta ebaluazioa

9. artikulua. Prestaketa.

Ikastetxeko zuzendariari dagokio ikasturte hasieran jarduketa egutegi bat ezartzea, ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak behar bezala presta dezan Urteko Programazio Orokorra, Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren ebatziak eta erabakiak aintzat hartuz.

10. artikulua. Onespena.

1. Urteko Programazio Orokorra Eskola Kontseiluak onetsiko du, Klaustroaren eskumenekoak diren irakaskuntzako alderdiak ukitu gabe. Programazio horren ale bat Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari bidaliko zaio urriaren 31 baino lehen eta beste ale bat ikastetxeko idazkaritzan geldituko da, irakasleen, Eskola Kontseiluko kideen, eta legez eratutako ikastetxeko ikasleen guraso elkarteetako buruen eskura.

2. Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak egiaztatuko du Urteko Programazio Orokorra bat datorren Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoan ezarritakoarekin, jarraibide hauetan xedatutakoarekin eta ikasturte bakoitzean prestatzen direnetan ezartzen denarekin. Egin beharreko aldaketak zein diren ere adieraziko du, hala behar denean.

11. artikulua. Ebaluazioa.

1. Urteko Programazio Orokorra ikastetxeko kide guztiek bete beharko dute. Ikasturtea amaituta, Eskola Kontseiluak eta Ikastetxeko Zuzendaritza Taldeak ebaluatuko dute noraino bete den Urteko Programazio Orokorra.

2. Ebaluazio prozesuan lortutako ondorio garrantzitsuenak ikasturteko amaierako memorian bilduko dira. Memoria hori uztailaren 10a baino lehen igorri beharko da Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzura.

II. TITULUA. IRAKASKUNTZAKO KOORDINAZIO ORGANOAK

I. KAPITULUA. Tutoretza

12. artikulua. Tutoreen izendapena eta funtzionamendua.

1. Tutoreak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren 39.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz izendatuko dira, eta haien eginkizunak izanen dira aipatutako Erregelamenduaren 40. artikuluan agertzen direnak.

2. Tutoreak bilera bat eginen du bere taldeko irakasleekin, oro har, hilean behin, eta horrez gain ebaluazio bilkurak.

3. Ikasturtean zehar bilera bat eginen da, gutxienez, gurasoekin, guztiekin, eta beste bat, ikasle bakoitzarenekin.

4. Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 8.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, irakasle-tutorearen ordutegian ordu osagarri bat sartuko da astero gurasoei denbora eskaintzeko. Tutoretzako ordu hori irakasle-tutoreen banakako ordutegietan agertaraziko da eta gurasoei zein ikasleei jakinaraziko zaie ikasturte hasieran.

5. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren ) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, irakasleen Klaustroak ikasturtean zehar hiru bilera eginen ditu Orientabide eta Tutoretzaren inguruko gaiez mintzatzeko. Orientatzaileak, bere aldetik, tutoreen lana sostengatuko du Hezkuntza Orientabide eta Tutoretza planei jarraikiz, eta irakasleen Klaustroak erabakitakoarekin bat. Betebehar horretan zikloko koordinatzaileen laguntza izanen du, guztia ikasketaburuaren edo, horrelakorik ez badago, zuzendariaren gidaritzapean.

II. KAPITULUA. Zikloko taldeak

13. artikulua. Zikloko taldeen funtzionamendua.

1.-Bederatzi unitate edo gehiago duten ikastetxeetan, zikloko taldeak ikasturtean zehar bilduko dira, gutxienez, hamabostean behin, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu organikoan esleiturik dituzten eginkizunak betetzeko.

2.-Halaber, ikasturtea amaituta, zikloko taldeek Memoria bat prestatzeko behar adina bilera eginen dituzte. Memoria hori koordinatzaileak erredaktatuko du eta bertan sartuko da ikasturtean egindako jardueren ebaluazioa. Memoria Zuzendaritza Taldeari emanen zaio Ikasturte Amaierako Memorian sar dezan.

3.-Zikloko Taldeek egindako bilera bakoitzean akta eginen da, eta Zikloko koordinatzaileak izanen du hura erredaktatzeko ardura.

III. KAPITULUA. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea

14. artikulua. Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen funtzionamendua.

1. Koordinazio Pedagogikorako Batzordea hilean behin, gutxienez, bilduko da. Ikasturtearen hasieran, Etapako Curriculum Proiektuak berrikusteko behar adina bilera eginen du, eta aldaketak Urteko Programazio Orokorrean sartu beharko dira. Horrekin batera, ikasturtean zehar burutuko dituen jardueren programazioa ere egin beharko du eta hura Urteko Programazio Orokorrari erantsi.

Ikasturtea amaituta, ikasturtean Batzordeak izan duen funtzionamenduari buruzko txostena prestatzeko behar adina bilera eginen ditu.

2.-Ikastetxeko zuzendariak, Batzordeburu gisa, arestian aipatutako bileretarako deia eginen du kide guztiak joateko moduko orduetan.

3.-Bilera bakoitzaren amaieran, akta eginen da, eta bertan adieraziko dira soilik hartutako erabakiak. Akta eta Batzordeak bere ahalmenak erabiliz egin beharreko idazki guztiak erredaktatzea zuzendariaren eta Batzordeko idazkariaren ardura da.

4.-Hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleak dauden ikastetxeetan Koordinazio Pedagogikorako Batzordean eratu ahal izanen da, azpibatzorde izaeraz, Hezkuntza Laguntzarako Unitate bat, irakasleekin batera aritzeko ikasle horiendako laguntza ematen. Unitate horretan zilegi izanen da sartzea Hezkuntza Berezirako sostenguko gainerako irakasleak, beharrezkoa bada.

III. TITULUA. BESTE JARRAIBIDE BATZUK

I. KAPITULUA. Erlijio eta Hezkuntza Jarduera Antolatuaren (H.J.A.) irakaskuntzak

15. artikulua. Erlijioaren irakaskuntzak.

1. Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako curriculuma ezartzen duen abenduaren 30eko 574/1991 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Gehigarrian (1992-01-29ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Nafarroako Foru Komunitatean Lehen Hezkuntzako curriculuma ezartzen duen martxoaren 16ko 100/1992 Foru Dekretuaren Lehenbiziko Xedapen Gehigarrian (1992-05-13ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Erlijioaren irakaskuntzak arautzen dituen abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan (1995-01-26ko "EAO") ezarritakoaren arabera, eta erlijio askatasunaren printzipioan oinarriturik, ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek idatziz adieraziko dute, etapa edo hezkuntza maila bakoitzaren hasieran edo ikaslea ikastetxeari lehenbizikoz atxikitzean, ikaslea Erlijio eta Moral Katolikoen edo beste Erlijioen klaseetara joanen den ala ez, erabakia ikasturte bakoitzaren hasieran aldatu badaiteke ere.

2. Ikasleei Lehen Hezkuntzan emanen zaizkien Erlijio eta Moral Katolikoen irakaskuntzak Lehen Hezkuntzako irakaskuntzak ezartzea arautu, eta curriculum garapenerako, ikastetxe publikoen antolaketa alderdien eta ordutegirako jarraibideak ematen dituen ekainaren 12ko 230/1992 Foru Aginduan (1997-5-22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) eta Nafarroako Foru Komunitaterako Lehen Hezkuntzako Erlijio Katolikoaren arloa argitaratzea onetsi zuen maiatzaren 20ko 195/1994 Foru Aginduan (1994-10-3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) xedatutakoari lotuko zaizkio.

3. Erlijio Katolikoaren irakaskuntzen ebaluazioa, Lehen Hezkuntzan, ondorio guztiak izanik eginen da, indarra duen arautegiarekin bat, curriculumaren gainerako arlo edo irakasgaiekin egin bezala, eta ikasleen ikasketa espedientean agertaraziko dira lortutako kalifikazioak, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. (1995-01-26ko "EAO").

4. Ikastetxeetako zuzendariek Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari jakinaraziko diote erlijio irakaslerik behar duten ikasturtea hasteko egun ofiziala baino lehen. Halaber, adierazi beharko dute ikastetxeko irakasleek betegabeko unitateak eta astean behar diren saioak zenbat diren.

16. artikulua. Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.)

1. Gurasoek edo legezko ordezkariek erlijioaren irakaskuntzak hartzea eskatzen ez duten kasuan, ikasleek hezkuntza jarduera antolatua jasoko dute horretarako programatutako denboran, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloan eta Lehen Hezkuntzako etapan Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen duen maiatzaren 23ko 268/1995 Foru Aginduan (1995-06-19ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari jarraikiz.

2. Jarduera hauek derrigorrezkoak izanen dira erlijio irakaskuntza ez hartzea aukeratzen duten ikasleentzat. Ez dira ebaluatuko, ez eta ikasleen ikasketa espedienteetan jasoko ere, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Institutuetako zuzendariek, ikastetxeen egoera zehatzei erreparatuz, behar diren neurriak hartuko dituzte jarduera horiek egiteak ikasleei inolako bazterketarik ekar ez diezaien.

II. KAPITULUA. Beste gai batzuk

17. artikulua. Ikastetxeko langileen jarduerak.

Urteko Programazio Orokorrean sarturik ez dauden jardueretarako, irakasleentzat zein hezkuntza komunitateko beste edozeinentzat, beharrezkoa izanen da ikastetxeko zuzendariak espreski emandako baimena.

18. artikulua. Ikastetxekoak ez direnak bertara sartzea.

1. Ikastetxekoa ez den edonork, bertan informazioa eman edo zabaldu nahi baldin badu, Eskola Kontseiluaren baimena beharko du edo, hori izan ezean, ikastetxeko zuzendariaren idatzizko baimena. Kasu bietan, baimena eman dela idatziz jaso beharko da Ikastetxeko artxiboan.

2. Arestikoa, halere, ez da oztopoa izanen legeak onartutako eskubide sindikaletarako.

Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Haur Hezkuntzako ikasleen ordutegia.

1.-Etapa honetan, ikastetxe bakoitzak, bere Curriculum Proiektua prestatzerakoan, bere denbora antolamendu propioa prestatu behar du, ondoren xehetzen diren irizpide orokorrei kasu eginez:

-Denboraren antolamenduak irakaskuntzaren globalitatea errespetatu behar du.

-Ordu flexibilitateak aukera eman behar du etapa honetako haurren erritmo eta premien diferentziak errespetatzeko.

-Ordu banaketak curriculumeko hiru esperientzia esparruen edo curriculumeko arloen tratamentu orekatua bermatzeko modukoa izan behar du.

2. Hala ere, Haur Hezkuntzako Bigarren Zikloko irakaslanak gutxienez honako ordu kopurura ailegatu behar du, gutxi gora behera Zikloko ordu guztien % 75.

-Identitatea eta autonomia pertsonala: 630 ordu.

-Ingurune fisikoaren ezagupena: 630 ordu.

-Komunikazioa eta irudikapena: 630 ordu.

-Erlijioa/H.J.A.: 105 ordu.

eredua duten ikastetxeek "Komunikazio eta antzespena" barrenean, euskara ikastea helburu duten jarduerak sartu behar dituzte, osotara gutxienez 315 ordu Zikloan barrena, ikasturte bakoitzean modu orekatuan banatuak. Tratamentu berbera izanen du Gaztelaniak D eredua duten ikastetxeetan.

Halaber, ikasleak Atzerriko Hizkuntzara ohitzeko jarduerak egiteko baimena duten ikastetxeek, jarduera horiek kontutan hartu beharko dituzte etapako arlo diferenteen denbora antolamendua egiterakoan.

Bigarren Xedapen Gehigarria. D.B.H.ko lehen zikloa behin-behinekoz irakasten duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta herri bereko ikastetxe publikoekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuen berezitasunak.

1.-Antolaketa eta funtzionamendurako oinarrizko printzipioak.

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren Bigarren Xedapen Gehigarriaren 1. puntuan ezarritakoari jarraikiz, herri bereko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuek gobernu organo bakarrak izanen dituzte, aipatutako ikastetxearekin batera, eta beraz, bi ikastetxeetako irakasleek Klaustro bakarra osatuko dute oinarrizko hezkuntza guztirako.

2.-Ikastetxeko Urteko Programazio Orokorra.

-D.B.H.ko lehen zikloa behin-behinekoz irakasten duten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoak eta herri bereko ikastetxe publikoekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuak, Urteko Programazio Orokorrari dagokionez, Foru Agindu honen I. Tituluan ezarritakoari lotuko zaizkio, ondotik aipatzen diren berezitasun hauekin:

-Ikastetxe hauetako eta horiek atxikitzen dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Zuzendaritza Taldeek ados jarri beharko dute beren ikastetxeetako ordutegiak prestatzeko, bi ikastetxeetako irakasleei dagozkien jarduketa guztiak aurrera eraman ahal izateko. Adostasunik ez balego, erabakia Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari legokioke.

-Ikastetxe hauetako Curriculum Proiektuan Programazio didaktikoak sartu beharko dira, eta haiekin batera, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzari dagokionez, ikastetxe horiek atxikirik dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuen departamentu didaktikoetan ikasturte bakoitzerako eginen diren eguneratzeak.

-Irakaskuntzak antolatzean kontuan hartuko da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloak izaera unitarioa duela, bereziki irakaskuntzen Programazioari dagokionez, bai eta ikasleen mailaz igotze eta ebaluazioaren gaietan.

3.-Zikloko taldearen funtzionamendua ikastetxeetan.

-Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloan aritzen diren irakasleek zikloko taldea osatuko dute eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoaren Lehenbiziko Xedapen Iragankorraren 4. puntuan ezarritako eginkizunak beteko dituzte, eta astean behin bilduko dira.

-Zikloko taldearen koordinatzailea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan sartu diren maisu-maistren kidegoko irakasleen artetik hautatuko da, lehentasunez ikastetxean behin betiko destinoa eta ordutegi osoa duen irakasle bat izanik.

4.-D.B.H.I.etako etapako taldearen funtzionamendua.

Herri bereko ikastetxe publikoarekin batera aritzen diren Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza irakasten duten irakasleek etapako taldea osatuko dute eta astean behin bilduko dira, bilera etapako koordinatzaileak zuzendurik. Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako ikastetxe publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuen otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarriaren 3. idazatian (1997-03-14ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari lotuko zaizkio.

5.-D.B.H.ko tutoreen izendapena.

-Ikastetxe bakoitzean tutore bat egonen da, gutxienez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasle talde bakoitzeko.

-Tutoreak ikastetxeko zuzendariak izendatuko ditu, ikasketaburuak proposaturik, honako hau kontuan hartuz:

a) Tutoretzak emanen zaizkie, lehentasunez ikasle guztiendako amankomuna den arlo edo irakasgai bat ematen duten irakasleei.

b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko taldeen tutoretzak emanen zaizkie, lehentasunez, talde horiekin aritzen diren maisu-maistrei.

6.-D.B.H.ko irakasleen eta B.H.I.etako Departamentuen arteko koordinazio didaktikoa.

-Oro har, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak beren ikastetxea atxikirik daukan Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetara joanen dira, ikasturte hasieran, Programazio Didaktikoa prestatzera, eta ikasturte amaieran, programazio horren ebaluazioa egitera. Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetako buruek, beren Departamentuko Programazio Didaktikoa prestatu ondoren, ikastetxe atxikietako irakasleei kopia bana eman beharko diete, hauek Curriculum Proiektuan sar dezaten.

-Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentu Didaktikoetako buruek, ikasturtean zehar, dei eginen diete atxikitako ikastetxeetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleei Departamentuko bileretara joateko, bilera horietan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarekin zerikusia duten gai garrantzitsuez mintzatu behar bada eta haiek egotea beharrezkotzat jotzen bada.

-Ikastetxe hauetako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakasleak, aurreko bi azpidazatietan aipatzen diren bileretara ez ezik, beren ikastetxeak atxikirik dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuetako Departamentuetara ere joan ahal izanen dira, beharrezkotzat jotzen dutenean.

-Ikastetxe hauetako Zuzendaritza Taldeek, beren aldetik, arestian idazati honetan ezarritakoa kontuan hartuz, komeni den planifikazioa eginen dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan aritzen diren irakasleek, ikasturtean zehar erabili daitekeen gainerako denboran etapa ongi joateko egoki ikusten diren koordinazio didaktikoko bilerak eta hobekuntza jarduerak egin ditzaten.

7.-Erlijioaren irakaskuntzak.

1. Erlijioaren irakaskuntzak arautzen dituen abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluan (1995-01-26ko "EAO") eta abenduaren 26ko 514/1994 Foru Aginduaren hamabosgarren artikuluaren 1. puntuan (1995-02-17ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoaren arabera, eta erlijio askatasunaren printzipioan oinarriturik, ikasleen gurasoek edo legezko ordezkariek idatziz adieraziko dute, etapa hasieran edo ikaslea ikastetxeari lehenbizikoz atxikitzean, ikaslea Erlijio eta Moral Katolikoen edo beste Erlijioen klaseetara joanen den ala ez, erabakia ikasturte bakoitzaren hasieran aldatu badaiteke ere.

-Ikasle hauei emanen zaizkien Erlijio eta Moral Katolikoen irakaskuntzak maiatzaren 20ko 195/1994 Foru Aginduan (1994-10-3ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) xedatutakoari lotuko zaizkio.

-Erlijio Katolikoaren irakaskuntzen ebaluazioa, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan, ondorio guztiak izanik eginen da, indarra duen arautegiarekin bat, curriculumaren gainerako arlo edo irakasgaiekin egin bezala, eta ikasleen ikasketa espedientean agertaraziko dira lortutako kalifikazioak, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz. (1995-01-26ko "EAO"). 16. artikulua. Hezkuntza Jarduera Antolatuaren (H.J.A.) irakaskuntzak.

-Gurasoek edo legezko ordezkariek erlijioaren irakaskuntzak hartzea eskatu ez duten kasuan, ikasleek Hezkuntza Jarduera Antolatua jasoko dute horretarako programatutako denboran, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapan Hezkuntza Jarduera Antolatua (H.J.A.) arautzen duen maiatzaren 23ko 268/1995 Foru Aginduan (1995-06-23ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari jarraikiz.

-Aipatutako Hezkuntza Jarduera Antolatuaren (H.J.A.) Programazio Didaktikoa prestatzea ikastetxea atxikirik duen Bigarren Hezkuntzako Institutuaren Filosofiako Departamentu Didaktikoari dagokio.

-Jarduera hauek derrigorrezkoak izanen dira erlijio irakaskuntza ez hartzea aukeratzen duten ikasleentzat. Ez dira ebaluatuko, ez eta ikasleen ikasketa espedienteetan agertuko ere, abenduaren 16ko 2438/1994 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan (1995-01-26ko "E.A.O.") ezarritakoarekin bat.

-Zuzendariek, ikastetxeen egoera zehatzak kontuan hartuz, behar diren neurriak hartuko dituzte jarduera hauek egiteak ikasleei inolako bazterketarik ekar ez diezaien.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru Agindu honek aipatzen dituen jarraibideak ikastetxe pribatu itunduei edo diruz lagundutakoei aplikatuko zaizkie, dagozkien gai orotan, horri buruz indarra duen arautegiari jarraikiz.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Foru Agindu honetan aipaturiko arautegien aipamen guztiak ordezkatzen dituztenenak direla ulertuko da, hala bada.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Honen lerrun bereko edo txikiagoko xedapenak indarrik gabe gelditu dira, Ebazpen honekin bat heldu ez diren guztian.

Azken Xedapenetako Lehenbizikoa

Hezkuntza zuzendari nagusiari baimena ematen zaio Foru Agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

I. ERANSKINA

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko arloetako asteko ordutegia G eta A ereduetako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan

50 MINUTUKO

ARLOAK SAIOAK

ASTEAN

Identitatea eta autonomia pertsonala7

Ingurune fisikoaren eta sozialaren ezagupena6

Komunikazioa eta irudikapena6

Euskara / Haur Hezkuntzako hiru arloetako tailer globalizatuak gaztelaniaz*4 / 4

Aurreko hiru arloetako curriculumaren edukiak atzerriko hizkuntzan indartzea **4

Erlijioa / H.J.A.1

Saioak guztira 28

* G eredua besterik ez duten ikastetxeetan Tailer globalizatuetako lau saioak curriculumeko hiru arloen artean banatuko dira proportzionalki.

** Haur Hezkuntzako bigarren zikloko curriculumeko hiru arlo oinarrizkoen edukien errefortzu horiek atzerriko hizkuntzaz emanen dira jarduera globalizatuetan antolaturik.

II. ERANSKINA

Haur Hezkuntzako bigarren zikloko arloetako asteko ordutegia D eta A ereduetako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan

50 MINUTUKO

ARLOAK SAIOAK

ASTEAN

Identitatea eta autonomia pertsonala7

Ingurune fisikoaren eta sozialaren ezagupena6

Komunikazioa eta irudikapena6

Aurreko hiru arloetako curriculumaren edukiak atzerriko hizkuntzan indartzea *4 **

Euskara / Gaztelania4

Erlijioa / H.J.A.1

Saioak guztira 28

* Haur Hezkuntzako bigarren zikloko curriculumeko hiru arlo oinarrizkoen edukien errefortzu horiek atzerriko hizkuntzaz emanen dira jarduera globalizatuetan antolaturik.

Curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntzan hartzen ez dituzten bigarren zikloko lehenbiziko mailako D ereduko ikasleek curriculumeko edukien arloak zabaltzeko erabiliko dituzte ordu horiek.

** Edukien ingelesezko irakaskuntzarako bi saiotik laura erabiliko dira Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, hizkuntza eremuaren eta ikastetxearen ezaugarrien arabera.

III. ERANSKINA

50 MINUTUKO

ARLOAK SAIOAK

ASTEAN

Inguruaren ezagupena4

Arte Hezkuntza: Musika1

Arte Hezkuntza: Plastika, Dramatizazioa1

Gorputz Hezkuntza2

Gaztelania eta literatura4

Irakurketa1

Euskal hizkuntza eta literatura / Hizkuntza eta matematika tailerra *4 / 2+2

Matematika4

Atzerriko hizkuntza3

Curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntzaz indartzen dituzten jarduerak **2

Erlijioa / H.J.A.2 / 2

Saioak guztira 28

* Saio hauetan, A ereduko ikasleak Euskal Hizkuntza eta literaturako klasera joanen dira eta G eredukoak Hizkuntza eta Matematika tailerrera, bi saio tailerreko.

** Jarduera horietan ondoko arloetako edukien errefortzu hauek sartzen dira batez ere: Inguruaren ezagupena, Arte hezkuntza (Plastika, Dramatizazioa, Musika) eta Gorputz Hezkuntza. Atzerriko hizkuntzaz eginen dira.

LEHEN HEZKUNTZAKO ARLOETAKO ASTEKO ORDUTEGIA G ETA A EREDUETAKO IRAKASKUNTZAK EMATEN DITUZTEN IKASTETXEETAN IV. ERANSKINA

Lehen Hezkuntzako arloetako asteko ordutegia D eta A ereduetako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan

50 MINUTUKO

ARLOAK SAIOAK

ASTEAN

Inguruaren ezagupena4

Arte Hezkuntza: Musika1

Arte Hezkuntza: Plastika, Dramatizazioa1

Gorputz Hezkuntza2

Gaztelania eta literatura4

Irakurketa (gaztelaniaz edo euskaraz) *1

Euskal hizkuntza eta literatura4 / 2+2

Matematika4

Atzerriko hizkuntza3

Curriculumeko edukiak atzerriko hizkuntzaz indartzen dituzten jarduerak **2

Erlijioa / H.J.A.2 / 2

Saioak guztira 28

* Saio hauetan, A ereduko ikasleak gaztelaniazko irakurketa saioetara joanen dira eta D eredukoak euskarazkoetara.

** Jarduera horietan ondoko arloetako edukien errefortzu hauek sartzen dira batez ere: Inguruaren ezagupena, Arte hezkuntza (Plastika, Dramatizazioa, Musika) eta Gorputz Hezkuntza. Atzerriko hizkuntzaz eginen dira.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa