(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

  • Irakaskuntzak :
    • Haur Hezkuntza :
      • 28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

28/2007 Foru Dekretua, martxoaren 26koa, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautzen duena eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezartzen dituena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2007ko 56. NAOn argitaratua, maiatzaren 4an. Aldaketak: 72/2012 Foru Dekretua, uztailaren 25ekoa)

Atarikoa

Azken aldian izan diren eraldaketa teknologiko, ekonomiko eta sozial sakonek eta zientziaren eta ezagutzaren ekarpenek aldaketa handiak sortu dituzte haurtzaroari buruzko ikuspegian eta haurrek gaur egungo gizarteetan duten balioaren inguruan.

Haurrak garrantzitsuak eta baliotsuak dira, azaleratzen ari den errealitate gisa eta gure etorkizuna osatuko duten geroko herritar gisa ez ezik, baita ezaugarri eta nortasun propioa izanen duten eta bizimodu eta baldintza zehatzak izanen dituzten herritarren talde gisa ere. Haurtzaroan, gainera, ikasteko gaitasuna dago, eta gizakiaren garapenerako erabakigarrienak diren eboluzio aurrerapenak izaten dira aro horretan. Egoera hori kontuan hartu behar da haur txikienei begira egiten diren hezkuntza politikak modu koherentean planifikatzeko.

Nafarroako Foru Komunitatean, hiru urtetik beherako haurrak era eta baldintza askotako zentroetan hartu dira azken urteotan: Nafarroako Gobernuaren haur eskolak, udalaren haur eskolak, haurtzaindegi pribatuak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe pribatuetan sortu diren 2 urteko haurrentzako gelak, etab.

Halaber, 2000. urtetik aurrera, Nafarroako Gobernuak abian jarri zituen hiru urtetik beherako haurrentzako zerbitzuak sortzeko politikak, orduan indarra zuen legeriaren esparruan. Politika horiek, Europar Batasunak planteatutako hezkuntza helburuekin hartutako konpromisoan oinarrituta eta Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen arteko lankidetzaz baliaturik, 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzako ikastetxe asko sortu dira udalen titulartasunpean.

Maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, I. tituluko I. kapituluan, Haur Hezkuntza arautzen du, eta 14.7 artikuluan ezartzen du hezkuntzako administrazioek haur hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza edukiak zehaztuko dituztela, eta ziklo hori emanen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak arautuko dituztela. Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateak, bere eskumenen barnean, haur hezkuntzako lehen zikloa arautu ahal izateko beharrezkoa den esparrua sortu da.

Nafarroako Gobernuak argi du haurtzaroak gaur egungo gizartean duen balioa, hezkuntzak bizitzaren lehen urteetatik hasita zer garrantzi duen nortasunaren eraikuntzan eta pertsonaren gaitasunen garapenean, bai eta kulturaren eta horren euskarri diren balioen transmisioan eta berrikuntzan ere; horregatik, foru dekretu honen bidez lortu nahi du Nafarroako Foru Komunitateko haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak kalitatezko hezkuntza guneak izatea, desberdintasun pertsonal, kultural eta sozialen konpentsazio gune; era berean, ongi antolatu nahi dira, haurrei, familiekin batean, beren nortasuna eta gaitasunak garatzeko prozesu ezin hobea eskaintzeko, ongizate eta segurtasuneko esparru batean.

Horrekin batera, Nafarroako Gobernuaren nahia da ikastetxeak Foru Komunitateko aniztasun geografiko eta kulturalari egokitutako zerbitzua izatea, antolaketa malgua izanen duena, familiei erantzuteko gai izanen dena, guraso eta langile gisa duten lana bateratzeko erraztasunak emanez.

Horiek horrela, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Eskola Kontseiluaren eta Toki Araubideko Foru Batzordearen txostena jaso ondoren, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko martxoaren hogeita seiko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloa eta ziklo hori ematen ahal duten ikastetxeen ezaugarriak arautzea, eta ziklo hori emanen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta zikloaren hezkuntza edukiak ezartzea. Halaber, ikastetxe horiek sortu edo baimentzeko prozedura ezarri da.

2. artikulua. Aplikazio esparrua.

Foru dekretu honen aplikazio esparrua haur hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe publiko eta pribatuek osatzen dute, foru dekretu honetan ezarritako baldintza eta betebeharren arabera betiere.

Haur hezkuntzako lehen zikloa ematen ez duten ikastetxeek, erregulartasunez hiru urtetik beherako haurrei arreta ematen badiete, indarreko araudiak higieneari, hotsari, bizigarritasunari eta segurtasunari buruz ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte.

3. artikulua. Printzipio orokorrak.

Haur hezkuntzaren lehen zikloak printzipio hauek izanen ditu oinarri:

a) Hezkuntza inguruneen kalitatea, haurren hezkuntzan eragin zuzena edo zeharkakoa duten elementu guztiak kontuan hartuta.

b) Zuzentasuna, hain zuzen ere desberdintasun pertsonal, kultural, ekonomiko eta sozialak konpentsatzeko elementu gisa ulertuta, eta hezkuntza gaitasunen, interesen, itxaropenen eta beharren aniztasunari egokitzeko bermea ematen duen elementu gisa ere ulertuta.

c) Heziketa integral eta pertsonalizatua, horrela haurrei, familiekin batean, beren nortasuna eta gaitasunak garatzeko prozesua eskaintzeko, ongizate eta segurtasuneko esparru batean.

d) Haurrak bere gaitasunetan konfiantza izatea, norberaren ekimena eta ahalegina.

e) Familien, profesionalen, ikastetxeen, administrazioen, erakundeen eta gizartearen arteko lankidetza izatea eta denek ahalegina egitea kalitatezko hezkuntza lortzeko.

f) Administrazio publikoen arteko lankidetza eta elkarlana haur hezkuntzako lehen zikloaren plangintzan eta inplementazioan.

g) Zerbitzuen antolaketan malgutasunez jokatzea, familiek haurrak hezi eta haztean dituzten beharrei eta lana eta familiako ardura bateratzeak sortzen dituen beharrei erantzuteko.

h) Hezkuntza komunitateak ikastetxeen gobernuan eta funtzionamenduan parte hartzea.

i) Profesionalen lanak duen garrantzia aintzat hartzea, hezkuntzaren kalitatearen funtsezko faktore baita.

j) Ebaluazioa, hezkuntzaren kalitatearen gako gisa.

k) Ikerketa, saiakuntza eta berrikuntza bultzatzea hezkuntzaren alorrean.

I. TITULUA. ANTOLAMENDUA

4. artikulua. Zikloaren ezaugarriak.

1. Oro har, haur hezkuntzako lehen zikloan 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrak sartuko dira. Borondatezkoa izanen da, eta haurrei garapen fisiko, afektibo, sozial eta intelektuala lortzen laguntzea izanen du xede.

2. Haur hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen ahalko da ziklo osoa edo, gutxienez ere, zikloko urte oso bat ematen duten ikastetxeetan, betiere foru dekretu honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

5. artikulua. Proposamen pedagogikoa.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen proposamen pedagogikoan sartuko dira hezkuntza lana arautuko duten helburuak, edukiak eta printzipio pedagogiko eta ebaluaziokoak. Edukiak, garapenaren eta esperientziaren esparruetan antolatuak, foru dekretu honen eranskinean ageri dira.

2. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek proposamen pedagogikoa zehaztu eta garatuko dute, ikastetxearen hezkuntza proiektuaren esparruan.

6. artikulua. Helburuak.

Haur hezkuntzako lehen zikloak ondoko helburuak lortu ahal izateko gaitasunak garatzen lagunduko die haurrei:

a) Pixkanaka beren gorputzaz eta besteenaz ohartu eta ezagutzea, gorputzaren ahalbide eta mugak baloratuz.

b) Beren oinarrizko beharrei erantzutean eta ohiko jardueretan geroz eta autonomia handiagoa lortzea.

c) Beren ingurune familiar, natural eta soziala behatu eta aktiboki aztertzea.

d) Izaki bizidunekiko eta ingurumenarekiko errespetu eta arretazko jarrerak garatzea.

e) Helduekin eta beste haur batzuekin afektuzko loturak ezartzea, emozioak eta sentimenduak adierazi eta ulertuz eta interesa agertzeko eta laguntza emateko jarrerak garatuz.

f) Pixkanaka bizikidetzaren eta gizarte harremanen oinarrizko arauak ikastea, tolerantziaren aldeko eta bereizkeriarik gabeko jarrerak eta gatazka modu paketsuan konpontzeko estrategiak garatuz.

g) Haurrek beren ikaskuntza prozesuetan aktiboki parte hartzea, nork bere gaitasunetan konfiantza izanez eta sormena, norberaren ekimena eta ahaleginak egin eta arriskuak hartzeko gaitasuna garatuz.

h) Hitzeko hizkuntzaren jabe egitea pixkanaka, norberaren jokabidea eta besteena arautu, irudikatu eta komunikatzeko tresna den aldetik.

i) Komunikazioko trebetasunak garatzea hizkuntza, adierazpide eta irudikapenerako bide desberdinetan.

j) Laneko teknikak ikasten eta ohitura intelektualak hartzen hastea, bai eta ezagutza zientifiko, tekniko, humanistiko, historiko eta artistikoak ere, saiakuntzaren, ekintzaren eta jolasaren bitartez.

7. artikulua. Printzipio pedagogikoak.

1. Hezkuntzako ekintza bideratzen da ikasi, ezagutu, miatu, saiakuntzak egin, ezagutu eta ulertzeko atsegina sortzera, eta norberaren errealizazioari eta parte-hartze sozialari begira egonen den hezkuntza prozesuaren oinarria izanen da.

2. Haurrentzat interesa eta esanahia izanen duten jarduera globalizatuen bidez landuko dira hezkuntzako edukiak. Ikastetxeetako eguneroko bizitzako ohiko egoerak jarduera horien ardatza osatuko dute.

3. Esperientzietan, jardueretan eta jolasean oinarrituko dira laneko metodoak. Segurtasun, afektu eta konfiantza giroan aplikatuko dira, haur bakoitzaren garapen erritmoa eta inguru familiar eta soziokulturaleko esperientziak erabat errespetatuta, autoestimua eta gizarteko integrazioa bultzatzeko.

8. artikulua. Ebaluazio printzipioak.

1. Ebaluazioa hezkuntzako esku-hartzea eta irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko tresna bat izanen da.

2. Ebaluazioak funtsezko bi dimentsio hartuko ditu kontuan:

a) jarraitutako prozesuaren eta lortutako emaitzen balorazioa.

b) hezkuntzako esku-hartzearen eta laguntza pedagogikoaren egokitasunaren balorazioa.

3. Behaketa izanen da ebaluazioaren oinarrizko prozedura.

9. artikulua. Familiekin elkarlanean aritzea.

1. Familiek beren haurren hezkuntzan duten funtsezko erantzukizuna errespetatzearren, ikastetxeak beraiekin elkarlanean arituko dira, eta bien arteko koordinaziorako beharrezkoak diren neurriak ezarriko dituzte.

2. Hezitzaileek aldian-aldian haurren hezkuntza prozesuaren berri emanen diete familiei.

3. Hezkuntza Departamentuak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, bideak jarriko ditu familiak eta hezitzaileak haurren hezkuntzan elkarlanean aritu ahal izateko.

II. TITULUA. ZUZENTASUNA HEZKUNTZAN

10. artikulua. Xedapen orokorrak.

1. Hezkuntza Departamentuak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, prebentzio eta konpentsaziozko jarduketa bermatuko du haur hezkuntzako lehen zikloan eskolatzeko baldintzetan, desberdintasunik izan ez dadin arrazoi pertsonal, sozial, ekonomiko, kultural, geografiko, etniko edo antzekoengatik.

2. Hezkuntza Departamentuak zilegi izanen du beste administrazio batzuekin edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuekin lankidetzan aritzea, baldintza pertsonal edo sozialengatik hasierako desberdintasuna duten ikasleen eskolatzea eta garapena errazteari begira.

3. Ikastetxeek beharrezkoa den antolaketa izanen dute eta behar diren egokitzapenak eginen dituzte, ikasle guztiek ezarri diren xedeak lortzeko modua izan dezaten.

11. artikulua. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak.

1. Hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak hauek dira: ezgaitasuna, jokabide-nahaste larria edo adimen-gaitasun handia izatearen ondorioz berariazko laguntza eta arreta behar dutenak.

2. Hezkuntza Departamentuak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditu berariazko laguntza behar duten ikasleen garapen pertsonal, intelektual, sozial eta emozional ahalik eta handiena bultzatzeko.

3. Hezkuntza Departamentuak, diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan, beharrezkoak diren prozedura eta baliabideak ezarriko ditu berariazko laguntzaren beharra lehenbailehen identifikatzeko. Behar hori identifikatu bezain laster hasiko da hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleenganako arreta, eta normalizazioaren eta barne hartzearen printzipioek aginduko dute horren gainean.

12. artikulua. Onarpena.

1. Hezkuntza Departamentuak arautuko du diru publikoa jasotzen duten ikastetxeetan ikasleak onartzeko modua, berdintasunezko baldintzetan egin dadin. Edonola ere, hezkuntzan berariazko laguntza behar duten ikasleak modu egoki eta orekatuan banatuko dira.

2. Onarpenerako arauak aplikatzean berdintasunez jokatzen den begiratuko du Hezkuntza Departamentuak. Ez da inolako bereizkeriarik eginen jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo beste edozein baldintza zein egoera pertsonal edo sozial dela eta.

3. Ez da 16 astetik beherako haurrik onartuko.

III. TITULUA. IKASTETXEAK

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

13. artikulua. Definizioa.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak dira 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzat hezkuntzako zerbitzu erregular bat ematen dutenak, hau da, zerbitzu jarraitu eta sistematikoa, foru dekretu honetan ezarritako baldintza eta betebeharrei jarraikiz.

2. Foru dekretu honen aplikazio esparrutik kanpo daude haur hezkuntzako lehen zikloa ematen ez duten aisia, arreta edo zaintzako zerbitzu edo establezimenduak. Establezimendu horiek aplikatu beharreko arauek ezartzen dutenak aginduko ditu, indarreko araudiak higieneari, hotsari, bizigarritasunari eta segurtasunari buruz ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte eta ezin izanen dute hezkuntza esparrukoa dela aditzera ematen duen izena izan edo lehen hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeen izenarekin nahasgarri izan daitekeen bat.

14. artikulua. Sailkapena eta izendapena.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak publikoak eta pribatuak izanen dira.

2. Ikastetxeak publikoak dira titularra administrazio publiko bat dutenak, eta haur eskolak izen orokorra hartuko dute. Lehen hezkuntzako lehen zikloa ematen ez duten ikastetxeek ezinen dute izen hori hartu, ez eta hezkuntza arlokoa dela adierazten duen beste bat ere.

3. Ikastetxeak pribatuak dira titularra izaera pribatuko pertsona fisiko edo juridiko bat dutenak, eta edozein izen orokor hartzen ahalko dute, ikastetxe publikoei dagokiena edo haiekin nahastea ekar dezakeen bat izan ezik.

4. Ondokoek ez dute haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeen titular izaterik:

a) Estatuko, autonomia bateko edo toki erakunde bateko hezkuntza administrazioan lanean ari diren pertsonak.

b) Dolozko delituengatik aurrekari penalak dituztenak.f

c) Epai judizial irmo baten ondorioz eskubide hori berariaz galdu duten pertsona fisiko edo juridikoak.

d) Pertsona juridikoak, baldin eta horietan sartzen diren eta aurreko ataletan aipatu diren pertsonek zuzendaritza karguak badituzte edo sozietatearen kapitalaren %20aren edo gehiagoren titularrak badira.

5. Ikastetxe guztiek berariazko izena izanen dute. Udalerri batean ez da zilegi izanen berariazko izen bera duten zenbait ikastetxe izatea.

15. artikulua. Egutegia eta ordutegia.

1. Lehen hezkuntzako lehen zikloaren eskaintzak ezinen du ekarri berarekin haurrak egunean 8 ordu baino gehiago edo urtean 11 hilabete baino gehiago egotea ikastetxean.

2. Hezkuntza Departamentuak egutegia eta ordutegia prestatzeko beharrezkoak diren arauak eta ikasturteko gutxieneko egun kopurua ezarriko ditu urtero, bai eta ikastetxe publikoetan ikasturtearen iraupena ere.

II. KAPITULUA. Betebehar fisikoak

16. artikulua. Betebehar fisikoak.

Indarra duen legeriak higieneari, hotsari, bizigarritasunari eta segurtasunari buruz ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte ikastetxeek, eta horretaz gainera artikulu honetan ezarritako betebeharrak.

1. Gelek kanpotik heldu den aireztatze eta argiztatze natural eta zuzena izan beharko dute. Logelek kanpotik heldu den aireztatze natural eta zuzena izan beharko dute.

2. Lokalak ikastetxeak soilik erabiltzeko izanen dira, bakoitzak kanpotik sartzeko bere sarbidea izan beharko du, eta kutsadura edo osasunarentzako arriskua sortzen duten jardueretatik urrun egon beharko dute.

3. Arazo fisikoak, mugimenduzkoak edo komunikaziokoak dituzten haurrek sartu, ibili eta komunikatzeko modua izan behar dute instalazioetan, irisgarritasuna eta oztopoen kentzea bultzatzearen arloan indarra duen legerian ezarritakoarekin bat.

4. Eremu hauek izan beharko dituzte ikastetxeek:

a) Unitate bakoitzeko gela bat, karratukoa gutxienez. Unitate batentzako baino gehiagorentzako gelek karratu izanen dute gutxienez haur bakoitzeko. Urte 1etik gorako haurrentzako gelek atsedenerako eremu bereiziak izan behar dituzte.

b) Gela bakoitzeko bainugela bat, gelatik bertatik ikusiko dena eta bertatik sartzeko modua izanen duena. Elementu hauek behar ditu gutxienez ere: konketak, apal bat bainuontziarekin aldaketak egiteko, komun bat 8 haurren multzo bakoitzeko edo zatikiko, eta hondakinen edukiontzi bat, itxita egon beharrekoa. Gela batentzat baino gehiagorentzat izan daiteke bainugela, betiere gela horietatik ikusten bada eta geletatik bertatik sartzeko modua bada.

c) Urte 1etik beherako haurrentzako logela bat.

d) Janariak prestatzeko eremu egoki bat, indarra duen araudiak zehazten dituen ekipamenduentzako tokia izanen duena, ikastetxeak ematen dituen zerbitzuen arabera.

e) Erabilera anitzeko gela bat, gutxienez ere karratukoa, edo karratu bizpahiru eremutan banatuak. Baldintza hori ez da bete beharko 3 unitatetik beherako ikastetxeetan edo 3 unitate izan arren jantoki zerbitzurik ez dutenetan.

f) Kanpoan egonen den jolaslekua, ikastetxeak soilik erabiltzekoa, gutxienez ere karratu izanen dituena, edo karratu 3 unitatetik beherako ikastetxeetan.

f.1) Ikastetxea Haur eta/edo Lehen Hezkuntzako ikastetxe batean baldin badago, jolaslekua ikastetxean denek erabiltzen dutena izaten ahal da, baina haur hezkuntzako lehen zikloko haurrek beste ordutegi bat izanen dutela bermatzen bada.

f.2) Solairu bat baino gehiagoko ikastetxeetan, haurrek erabiltzen dituztenek jolaslekura zuzenean edo arrapala bidez irtetzeko modua izan behar dute; edo, hala ez bada, jolaslekurako irteerarik ez dutenek eremu bat izan behar dute kanpoaldean, haur bakoitzeko gutxienez ere metro karratu batekoa eta karratukoa gutxienez.

f.3) Salbuespenez, aisiarako eremu publiko bat jolasleku gisa erabiltzen ahalko da, baldin eta ikastetxetik zuzenean jotzen ahal bada bertara eta haurren segurtasuna bermatzen bada.

g) Ikastetxeko langileentzako aldagela eta komuna, haurrek erabiltzen dituzten eremuetatik bereizia, indarra duen araudian zehaztutako zerbitzuekin.

h) Zuzendaritzarako eta bileretarako gela bat.

i) Higienerako eta arropa gordetzeko eremu bat. 3 unitatetik beherako ikastetxeetan, edo jantokirik gabeko ikastetxeetan, janariak prestatzeko eremuan jar daiteke eremu hori.

5. Ikastetxeek segurtasuneko arau hauek bete beharko dituzte:

a) Haurrek erabiltzen dituzten eremuetan, zoruek azalera leuna izan behar dute, eta ezin dute ez porotsuak ez labainkorrak izan. Halaber, segurtasuneko eremu bat egonen da, zorutik hasita 1,50 metroko garaiera artekoa, koska zorrotzik, entxuferik, ispilurik edo segurtasunekoak ez diren kristalik edo beste edozein elementu arriskutsurik gabe.

b) Haurrentzako erabilgarriak diren barneko ateek behatzak ez harrapatzeko sistema izan beharko dute.

6. Haurrentzako instalazioetan altzari eta ekipamendu egokiak eduki behar dira, 0 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzako egokiak, erabilera segurua izateko moduan banatuak.

7. Ikastetxeek izanen duten berotze sistemak 20 gradu bermatu behar ditu gutxienez gela guztietan.

8. Salbuespenez, 1.000 biztanletik beherako landa eskualdeetan, Hezkuntza Departamentuak haur hezkuntzako eskolak sortu edo haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeak baimendu ahalko ditu, nahiz eta 4. idatz-zatian eskatzen diren baldintza guztiak bete ez izan, artikulu honetan eskatutako baldintza orokorrak betetzen badituzte, betiere haur bakoitzeko 3 metro karratu edo espazio gehiagoko gela bat eta ondoko elementuak dituen garbigela bermatzen badira: konketak, apal bat bainuontziarekin aldaketak egiteko, komun bat 8 haurren multzo bakoitzeko edo zatikiko, eta hondakinen edukiontzi bat, ixteko estalkia duena.

9. Lehen hezkuntzako lehen zikloari dagokion ordutegitik kanpo, instalazioak erabili ahalko dira haur txikientzako eta familientzako jarduerak egiteko, 0 eta urte 1 bitarteko haurrentzat direnak izan ezik. Jarduera horien arduradunek ikastetxe ez-unibertsitarioen erabilera arautzen duten arauek haientzat ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

III. KAPITULUA. Langileen betebeharrak

17. artikulua. Langileen titulazioa.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko haurrekin hezkuntza lanean zuzenean aritzen diren langileek Haur Hezkuntzako Maisu-maistra lanbiderako gaitasuna ematen duen gradu titulua, Haur Hezkuntzako espezializazioko Maisu-maistra titulua edo baliokidea, Haur Hezkuntzako goi mailako Teknikari titulua edo Estatuaren araudi oinarrizkoak ezartzen duena izan behar dute.

2. Nolanahi ere, haur hezkuntzako maisu-maistra titulua edo baliokidea den gradu titulua duen langile baten ardurapean egonen da proposamen pedagogikoa prestatu eta jarraipena egitea.

18. artikulua. Ratioak.

1. Aldi berean ari diren unitateen kopurua gehi bat izanen da aldi berean arituko diren langileen gutxieneko kopurua.

2. Ikastetxe bakoitzak zuzendaria izanen du, Hezkuntza Departamentuak zehazten dituen eginkizunekin.

3. Unitate bakoitzeko gehieneko haur kopurua:

a) Urte 1etik beherako haurrentzako unitateak: 8

b) Urte 1etik 2 urtera bitarteko haurrentzako unitateak: 12

c) 2 urtetik 3 urtera bitarteko haurrentzako unitateak: 16

4. Ikastetxearen antolaketak eskatzen duenean, adin desberdineko haurrak unitate batean bil daitezke, honako ratio hauek betez:

a) 0 eta urte 1eko haurrentzako unitateak: 8

b) Urte 1 eta 2 urteko haurrentzako unitateak: 14

c) Adin guztietako haurrentzako unitateak: 10

IV. KAPITULUA. Parte hartzea eta autonomia

19. artikulua. Hezkuntza komunitatearen parte hartzea.

Hezkuntza Departamentuak diru publikoa jasotzen duten ikastetxeen antolaketan, gobernuan, funtzionamenduan eta ebaluazioan hezkuntza komunitateak izanen duen parte-hartzea arautuko du.

20. artikulua. Autonomia pedagogikoa eta kudeaketakoa.

1. Ikastetxeek autonomia izanen dute antolaketaren eta pedagogiaren eredua zehazteko, indarra duen legeriaren esparruan.

2. Autonomia hori hezkuntza proiektu batean eta kudeaketa proiektu batean zehaztuko da, bai eta ikastetxearen antolamendu eta funtzionamendurako arauetan ere.

3. Ikastetxeetako hezkuntza proiektuak bildu beharrekoa:

a) printzipioak, balioak eta jarduketaren lehentasunak, edo ikastetxearen beraren izaera.

b) proposamen pedagogikoa.

4. Kudeaketa proiektuan ikastetxeko baliabideak (giza baliabideak eta baliabide material eta ekonomikoak) antolatu eta erabiltzeko modua adieraziko da.

IV. TITULUA. HAUR HEZKUNTZAKO LEHEN ZIKLOKO IKASTETXEAK SORTU ETA BAIMENTZEA

I. KAPITULUA. Ikastetxe publikoak

21. artikulua. Sortzea.

1. Hezkuntza Departamentuaren eta administrazio publiko interesdunen arteko hitzarmenen bidez sortuko dira Haur Eskolak, eta azken horiei egokituko zaie sortutako ikastetxeen titulartasuna.

2. Hitzarmenetan ikastetxearen ezaugarriak eta funtzionamendua zehaztuko dira besteak beste, eta, hala denean, finantziazioaren araubidea.

22. artikulua. Prozeduraren tramitazioa.

1. Haur Eskola bat sortzeko prozedura administrazio publiko interesatuaren eskariz hasiko da, ikastetxea funtzionamenduan hasi baino sei hilabete lehenago, Hezkuntza Departamentura igorritako eskabidearen bitartez. Eskabidea Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan aurkez daiteke edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

2. Eskabidean datu eta agiri hauek agertuko dira:

a) Ikastetxearen titularra den administrazio publikoa.

b) Herrian edo eskualdean behar diren plazen azterketa eta eskaintzaren plangintza.

c) Proposatzen den berariazko izena.

d) Ikastetxearen helbidea edo kokalekua.

e) Emanen den irakaskuntza, zein adinetako haurrei zuzentzen zaion eta ikastetxeko unitateen kopurua.

f) Instalazioen planoak.

g) Eraikinaren jabetzaren egiaztapena edo kasuko lokalak erabiltzeko eskubidea frogatzen duen titulu juridikoarena, eta noiz arte erabiltzen ahalko diren.

h) Eremuek eta instalazioek osasunaren, higienearen eta segurtasunaren arloko araudi indarduna betetzen dutela adierazten duen ziurtagiria.

i) Langileen zerrenda eta beren titulazioen egiaztapena, edo ikastetxea ireki aurretik aurkezteko konpromisoa.

j) Ikastetxeko altzarien eta ekipamenduaren egiaztagiriak, edo ikastetxea ireki aurretik aurkezteko konpromisoa.

k) Hezkuntza proiektua, edo ikastetxea ireki eta lehen kurtsoan aurkezteko konpromisoa.

l) Kudeaketa proiektua, edo ikastetxea ireki eta lehen kurtsoan aurkezteko konpromisoa.

m) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendurako arauak, edo ikastetxea ireki eta lehen kurtsoan aurkezteko konpromisoa.

3. Hezkuntza Departamentuko zerbitzu teknikoek ondokoa egiaztatu eta txostena eginen dute, hala behar denean:

a) Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak:

a.1) Instalazioen egokitasuna.

a.2) Altzarien eta ekipamenduaren egokitasuna, bai eta behar beste diren ere.

a.3) Plantillen egokitasuna eta langileen titulazioa.

b) Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak:

b.1) Hezkuntza eta kudeaketa proiektuen egokitasuna, bai eta ikastetxeko antolaketa eta funtzionamendurako arauen egokitasuna ere.

c) Eskola Antolamendu eta Berriztapenerako Zerbitzuak:

c.1) Beharrei buruzko azterketaren eta unitate eskaintzaren plangintzaren egokitasuna.

4. Aurreko txostenak ikusirik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak hitzarmena sinatzeko proposamena eginen du, baimena lortzeko eskabidea aurkeztu eta lau hilabeteko epean, eta horri aginduzkoa den dokumentazioa gehituko dio, artikulu honetan ezarritakoarekin bat.

5. Hitzarmenen bidez sortzen diren Haur Eskolak Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko dira, datu hauek agertzen direla:

a) Ikastetxearen kodea.

b) Ikastetxearen titularra.

c) Ikastetxearen helbidea edo kokalekua.

d) Berariazko izena.

e) Ematen den irakaskuntza, zein adinetarako den zehaztuta.

f) Unitate baimenduen kopurua.

23. artikulua. Ikastetxeen ezaugarrien aldaketa.

1. Hitzarmena aldatzea ezinbestekoa izanen da ondoko egoeretakoren bat sortzen denean:

a) Ikastetxearen berariazko izena aldatzea.

b) Instalazioen aldaketa, eremuen neurriak edo erabilera zein xedea aldatzea ekartzen badu.

c) Baimendutako irakaskuntzaren xede diren adinetan aldaketa izatea.

d) Unitate kopurua handitu edo murriztea.

e) Ikastetxearen titulartasuna aldatzea.

2. Aldaketa egin nahi duen ikastetxearen titularrak eskaera eginen dio Hezkuntza Departamentuari, eta aldaketa egiteko arrazoiak adieraziko ditu eskaera horretan. Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko da edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

3. Hezkuntza Departamentuko kasuan kasuko zerbitzu teknikoek beharrezkoak diren txostenak eginen dituzte, eskaera nolakoa den kontuan hartuta eta aurreko artikuluetan aipatu den eskumen esparruan.

4. Txosten horiek ikusirik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak hitzarmena aldatzeko proposamena eginen du.

5. Onartzen den aldaketaren ondorioz, hala denean, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa aldatuko da.

24. artikulua. Ikastetxe publikoak kentzea.

1. Ikastetxe bat kentzeko espedientea aldeetako edozeinek hitzarmenaren amaiera iragartzearekin hasiko da. Hitzarmenari amaiera emateko arrazoi hauetakoren bat izan behar da:

a) Hitzarmena ez betetzea.

b) Foru dekretu honetan edo aplikatu beharreko araudian ageri diren baldintzak ez betetzea.

c) Eman beharreko irakaskuntza ez betetzea, ikastetxea sortzeko hitzarmenean azaldutakoaren arabera eta araudi indardunari jarraikiz.

d) Behar adinako plaza eskaririk ez izatea.

2. Hezkuntza Departamentuko kasuan kasuko zerbitzu teknikoek beharrezkoak diren txostenak eginen dituzte, hitzarmenari amaiera emateko arrazoiaren arabera eta aurreko artikuluetan aipatu den eskumen esparruan.

3. Txostenak eginik, ikastetxeko titularrari 10 egun balioduneko entzunaldia eskainiko zaio eta, hala behar denean, ikusi diren okerrak edo ez-betetzeak zuzentzeko epe bat.

4. Epe hori bukatutakoan, eta espedientea irekitzea ekarri zuten oker edo ez-betetzeek berdin badiraute, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ikastetxea kentzeko proposamena eginen du.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan ikastetxeak sortzeko hitzarmenen sinadurarako eskumena duen organoak berak izanen du ikastetxeak kentzeko eskumena. Ikastetxea kentzeko baimena ematen duen egintzak zilegi izanen du kentzearen ondorioak pixkanaka gertatzeko baimena ere ematea, ikastetxean matrikulatuta dauden haurren eskolatzeari kalterik ez egiteko.

6. Ikastetxearen kentzea agindu eta gero ikastetxe horren baja emanen da Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan.

II. KAPITULUA. Ikastetxe pribatuak

25. artikulua. Administrazio baimena.

1. Haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe pribatuak ireki eta funtzionatzen hasteko administrazio baimena beharko da, kapitulu honetan ezarri den moduan.

2. Baimena lortu ahal izateko, foru dekretu honetan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoa bete beharko dute ikastetxeek.

3. Ikastetxea ireki eta funtzionamenduan hasteko baimenak foru dekretu honen 28.6 artikuluak aipatzen duen ebazpenaren egunaren ondoko ikasturtean hartuko du indarra. Hala ere, ikastetxearen titularrak eska dezake atzera dadila ikastetxea funtzionamenduan hasteko eguna.

26. artikulua. Baimena lortzeko eskaera.

1. Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak tramitatuko du haur hezkuntzako lehen zikloko ikastetxe bat ireki eta funtzionatzen hasteko baimenaren espedientea.

2. Prozedura sustatzailearen eskariz hasiko da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari igorriko zaion eskabidearen bitartez. Eskabide hori Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko da edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

3. Eskabidean datu hauek agertuko dira:

a) Ikastetxea sustatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

b) Proposatutako izen orokorra eta berariazko izena.

c) Ikastetxearen helbidea edo kokalekua.

d) Baimena zein irakaskuntzatarako eskatzen den eta zein adinetarako izanen den zehaztea.

e) Unitate kopurua.

4. Eskabidearekin batera aitorpen edo adierazpen bat aurkeztuko da, zeinean azalduko baita ikastetxearen sustatzailea ez dagoela foru dekretu honen 14.4 artikuluan aurreikusten diren kasuetako bakar batean ere.

5. Ikastetxea eraikitzeko egin beharreko obren proiektua ere aurkeztuko da. Proiektu horrek kontuan hartu beharko ditu foru dekretu honetan ezarritako baldintzak. Lehendik eginda dauden eraikinak badira, instalazioek gaur egun dituzten planoak aurkeztu beharko dira eta, hala izanez gero, egokitzeko egin nahi diren obren proiektua. Era berean, eraikinaren jabetzaren egiaztapena edo lokalak erabiltzeko eskubidea frogatzen duen titulu juridikoarena, eta noiz arte erabiltzen ahalko diren.

6. Aurkeztutako eskabidean eta agirietan okerren bat baldin badago edo osorik ez baldin badaude, interesatuari 10 egun balioduneko epea emanen zaio okerra zuzendu edo behar diren agiriak aurkez ditzan; ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaera bertan behera geldituko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritako moduan ebazpena eman ondotik.

27. artikulua. Aurretiko ebazpena.

1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak, aurretik Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak txostena ikusita, instalazioak foru dekretu honetako baldintzetara egokitzeari buruzko ebazpena emanen du.

2. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak hiru hilabeteko epean emanen du ebazpena, ikastetxearen sustatzaileak foru dekretu honen 26. artikuluaren arabera ikastetxea irekitzeko baimena eskatu eta gero.

28. artikulua. Baimena ematea.

1. Aurreko artikuluan aipatutako ebazpenak adierazten badu proposatu diren instalazioek foru dekretu honen 16. artikuluko baldintzak betetzen dituztela, interesatuak baimena eskatuko du artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz, eta obrak egitea beharrezkoa izanez gero, horiek bukatutakoan eginen du eskaera.

2. Eskaera Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari zuzenduko zaio, eta horrekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eremuek eta instalazioek osasunaren, higienearen eta segurtasunaren arloko araudi indarduna betetzen dutela adierazten duen ziurtagiria.

b) Langileen zerrenda eta beren titulazioen egiaztapena, edo ikastetxea ireki baino hilabete lehenago aurkezteko konpromisoa.

c) Proposamen pedagogikoa.

d) Altzarien eta ekipamenduaren egiaztagiriak.

3. Hezkuntza Departamentuko zerbitzu teknikoek ondokoa egiaztatu eta txostena eginen dute, hala behar denean:

a) Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak:

a.1) Instalazioen egokitasuna, edo bere garaian onetsi zen eta foru dekretu honen 27. artikuluak aipatutako ebazpena sorrarazi zuen proiektuarekin bat etortzea.

a.2) Altzarien eta ekipamenduaren egokitasuna, bai eta behar beste diren ere.

a.3) Plantillen egokitasuna eta langileen titulazioa.

b) Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuak:

b.1) Indarra duen legeriari jarraikiz ikastetxeei eskatzen ahal zaizkien alderdi pedagogikoak eta antolakuntzakoak.

4. Aurreko txostenak ikusirik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du ikastetxea ireki eta funtzionatzen hasteko baimena eman edo ukatzeko.

5. Interesatuak, artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz, baimena lortzeko eskabidea eta behar diren agiriak aurkeztu eta lau hilabeteko epean emanen da ebazpena.

6. Ikastetxea irekitzeko baimena ematen duen ebazpenean ondoko datuak agertuko dira eta Ikastetxeen Erregistroan inskribatuko:

a) Ikastetxearen kodea.

b) Ikastetxearen titularra.

c) Ikastetxearen helbidea edo kokalekua.

d) Izen orokorra eta berariazkoa.

e) Baimendutako irakaskuntza eta zein adinetarako den.

f) Unitate baimenduen kopurua.

29. artikulua. Baimena aldatzea.

1. Honako egoera hauen ondorioz alda daiteke baimena:

a) Ikastetxearen izen orokorra edo berariazko izena aldatzea.

b) Instalazioen aldaketa, baimena emateko kontuan hartu ziren eremuen neurriak edo erabilera zein xedea aldatzea ekartzen badu.

c) Baimendutako irakaskuntzaren xede diren adinetan aldaketa izatea.

d) Unitate kopurua handitu edo murriztea.

e) Ikastetxearen titulartasuna aldatzea.

2. Instalazioak lekuz aldatzearen ondorioz helbidea aldatzen bada, beste baimen bat eskatu beharko da.

3. Aldaketa egin nahi duen edo beste baimen bat lortu nahi duen ikastetxearen titularrak eskaera eginen dio Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, eta arrazoiak adieraziko ditu eskaera horretan. Hezkuntza Departamentuko Erregistroan aurkezten ahalko da edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozeinetan.

4. Hezkuntza Departamentuko kasuan kasuko zerbitzu teknikoek beharrezkoak diren txostenak eginen dituzte, eskaera nolakoa den kontuan hartuta eta aurreko artikuluetan aipatu den eskumen esparruan.

5. Ezin izanen da ikastetxe baten titularra aldatu baimena baliogabetzeko espediente bat tramitatzen ari direnean.

6. Aldaketa edo baimen berria Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak emandako ebazpen baten bidez onetsi beharko da, baldin eta foru dekretu honetako baldintzak betetzen badira.

7. Eskabidea aurkeztu eta hiru hilabeteko epean izanen da espedienteari amaiera emanen dion ebazpena.

8. Onartzen den aldaketaren ondorioz, ikastetxeak Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan duen inskripzioa aldatuko da.

30. artikulua. Baimena iraungitzea.

1. Baimena iraungitzen ahal da ikastetxeak bere jarduerak uzteagatik, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak berariaz baliogabetzeagatik, edo titularraren eskariz, hurrengo ataletan agertzen den moduan. Edonola ere, baimenaren iraungipenak hurrengo ikasturtearen hasieratik izanen ditu ondorioak.

2. Ikastetxeak jarduerak uztearen ondoriozko baimen iraungitzea ofizioz deklaratuko da, Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez, ikastetxeak egitez uzten dituenean bere jarduerak.

3. Baimena baliorik gabe utziko da ikastetxeek foru dekretu honetako gutxieneko baldintzaren bat betetzeari uzten diotenean edo baimendutako irakaskuntza ematen ez dutenean, aplikatu beharreko hezkuntza araudiarekin bat.

4. Iraungitzearen espedientea Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzuak tramitatuko du eta, zerbitzu eskudunek emandako txostenak eta interesatuaren alegazioak ikusirik, ebazpen proposamena eginen dio Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiari.

5. Baimenaren iraungitzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak emanen duen ebazpen baten bidez erabakiko da, eskabidea egin edo espedientea hasi eta hiru hilabeteko epean; horren ondoren Hezkuntza Departamentuko Ikastetxeen Erregistroan baja emanen da.

6. Baimena iraungitzeko ebazpenean onesten ahalko da ondorioak pixkanaka gauza daitezela, matrikulatutako haurrenganako arretari kalterik ez egiteko.

Lehen Xedapen Gehigarria. Langile gaituak.

17. artikuluan aipatutako langileez gainera, zilegi izanen dute haur hezkuntzako lehen zikloa ematea 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera gaitu diren langileek. Agindu horren bidez homologatu egin ziren Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzako espezializazio kurtsoak eta haur hezkuntzako lehen zikloko profesionalentzako gaikuntzakoak.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Ikasleen datu pertsonalak.

Ikastetxeek ikasleen datu pertsonalak bil ditzakete, hezkuntza lanerako beharrezkoak direnak, datuak babesteari buruzko legeari ezarritako moduan.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Plangintza.

Hezkuntza Departamentuari dagokio Foru Komunitatean haur hezkuntzako lehen zikloan izanen diren plazen eskaintza publikoaren plangintza egitea, foru dekretu honetako 22.2.b) artikuluan ageri diren ondorioetarako.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Langileen etengabeko prestakuntza.

Hezkuntza Departamentuak etengabeko prestakuntzako jarduerak prestatuko dtu haur hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeetako langileentzat, askotariko eta doaneko eskaintza eginez.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Ikuskapena.

Hezkuntza Departamentuko Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari dagokio haur hezkuntzako lehen zikloan hezkuntza arloko ikuskapen lana egitea.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Espedienteak tramitatzea.

Foru dekretu honen IV. tituluan araututako prozeduretan berariazko ebazpenik ematen ez bada kasu bakoitzean esandako epeetan, ezetsitzat joko dira prozedurei hasiera eman zieten eskaerak.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Titulazioak.

Foru dekretu honen 17. artikuluak aipatzen dituen titulazioak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa garatzeko Gobernuak ezartzen dituenak izanen dira.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Ezarpena.

Haur hezkuntzako lehen zikloko irakaskuntza 2008/2009 ikasturtean ezarriko da orokorrean. Hala ere, foru dekretu honetan eskatutako baldintzak betetzen dituzten ikastetxeek lehenago tramitatzen eta lortzen ahal dute horretarako baimena.

Lehen Xedapen Iragankorra. (Indargabertua)

Bigarren Xedapen Iragankorra. (Indargabetua)

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arau indargabetuak.

Foru dekretu hau haur hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxe guztiei aplikatuko zaie eta, hortaz, indarrik gabe geldituko da, ziklo horri dagokionez, otsailaren 10eko 24/1997 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Haur Hezkuntzako eskola publikoen, Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen eta Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen Erregelamendu Organikoa onetsi zuena, eta uztailaren 6ko 251/1992 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitatean araubide orokorreko irakaskuntza ez-unibertsitarioak ematen dituzten ikastetxe pribatuak baimentzeko prozedura ezarri zuena.

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Erregelamendu bidezko garapena.

Baimena ematen zaio Hezkuntza kontseilariari foru dekretu hau bete eta garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

FORU DEKRETUAREN ERANSKINA. Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza edukiak

Garapeneko eta esperientziako esparruak.

Hezkuntza edukiak esparrutan egituratzearen xedea da hezitzaileei laguntza ematea horien elementuak testuinguru orokorrago batean aztertzeko eta beren hezkuntza lana modu sistematikoan planifikatu eta garatzeko. Arrazoi psikoebolutiboak eta ziklo horretako hezkuntza esperientzien azterketa kontuan hartuta ezarri dira ondoren proposatzen diren esparruak.

1. esparrua.-Afektuak eta gizarte harremanak

2. esparrua.-Gorputza

3. esparrua.-Ingurune fisikoa eta soziala ezagutzea

4. esparrua.-Komunikazioa eta hizkuntza

5. esparrua.-Gorputz adierazpena, plastikoa eta musikakoa

1. esparrua.-Afektuak eta gizarte harremanak.

Afektuen eta gizarte harremanen esparruak azpimarratzen du garapenean garrantzia handia dutela alderdi emozionalek eta gizarte harremanen ingurukoek, horrek segurtasunezko oinarria ematen baitu munduarekin eta besteekin harremanetan hasteko. Zaintzen eta hezten gaituzten pertsona helduekin izaten ditugun afektuzko harremanen segurtasun emozionalak eta kalitateak sortzen duten oinarriaren gainean hazten da pertsona eta hala garatzen dira gaitasun guztiak; hala, gizarte harremanetarako ereduak eta arauak ikasten ditugu, gizartean modu zehatz batean eratzen dugu jokabidea eta pixkanaka eraikitzen gure nortasuna.

Haurra Haur hezkuntzako ikastetxe batera joaten hasten denean, trantsizio aldi bat behar izaten da famili giroaren eta egoera berriaren artean. Haurrak atxikimenduzko figura nagusiengandik bereizi behar du eta bigarren mailako atxikimenduzko loturak sortu behar ditu ikastetxean, inguru berri bat ezagutu behar du eta bertako berezitasunetara egokitu. Beharrezkoa da, beraz, plangintza arduratsu eta bana-banakoa egitea, haurraren eta bere famili ingurunearen egoera eta beharrak orokorrean kontuan hartuta. Litekeena da horren iraupena desberdina izatea haur batzuen eta besteen artean, eta horrek eskatzen du hezitzaileek jarrera zehatz batzuk hartzea, ingurune berria pixkanaka ezagutzeko jarduerak egitea, antolaketa neurriak hartzea eta gurasoen laguntza izatea.

Haur hezkuntzako ikastetxeak ingurune orekatua izan behar du haurrarentzat eta ongizate emozionala sortu behar dio, giro bero, egonkor, seguru eta alai batean. Haurrari tratu adeitsu eta afektuzkoa eman behar dio, laguntza esplizitua, haurraren gauzen aurrean interesa agertu behar du eta bere beharren aurrean sentsibilitatez jokatu. Bere ahalbideen aurrean konfiantza eman behar du eta espektatiba handiak, eta ingurune horretan garbi ezarri behar ditu mugak eta arauak.

Emozioek eboluzionatu egiten dute garapenean zehar, bai konplexutasunean bai adierazteko moduan; oinarrizko beharrak asetzera oso lotuta dauden lehenbiziko emozioetatik emozio kontziente edo soziomoraletara arte, horiek ondokoekin batera agertzen baitira: nia eta autokontzientzia garatzearekin, arau eta balio horien inguruan nork bere jokabidea ebaluatzearekin eta arrakastaren edo porrotaren aurrean norberak erantzukizuna hartzearekin batera.

Era berean, besteen emozioen ulermenak ere eboluzionatzen du, hain zuzen ere kutsatze emozionaletik norberarenak bezalako egoera emozionalen egozpenera arte eta, neurri batean, bestearen lekuan jartzeko eta laguntza eta kontsolamendu jarrerak agertzeko gaitasunera arte.

Haur hezkuntzako ikastetxeak beste ingurune batzuek baino aukera gehiago ematen ditu talde egonkorretan berdinen arteko elkarrekintza izateko, besteak ulertzen ikasteko eta gizarteko elkarrekintzaren arauak ikasteko. Prozesu horretan jolasa da funtsezko jarduera. Sentimendu biziak adierazteko bidea ematen du, bai eta besteek egiten dutena ikusi eta imitatzeko, gauzak partekatzeko eta horien jabetzagatik edo beste arrazoi askorengatik sortzen diren liskarrak konpontzeko, borrokak simulatzeko, pertsonaiak eta rolak simulatzeko; azken batean, bizipenak modu sinbolikoan irudikatzeko bidea ematen du. Haurrei aukera ematen die besteen pentsamendura eta emozioetara hurbiltzeko, aldi batez beren plan, beldur eta itxaropenetan sartuz, arriskurik gabeko ingurune batean, errealitateak izanen liratekeen ondorioen eraginpean egon gabe.

Errutinatzat honako hauek hartu ohi dira: elikadurarekin, atsedenarekin, higienearekin, harrera eta agurrarekin eta materialen antolaketa-zaintzarekin zerikusia duten oinarrizko gaitasun eta ohiturak. Hezkuntzaren arloko oinarrizko egoera oso indartsuak dira, afektu, segurtasun eta ongizate giroan gauzatu beharrekoak. Praktika horiek gehienetan elkarrekintza mota zehatz baten bidez (formatuak izenekoa) garatuko dira; balio berezia du helduekin komunikazioa sortzeko eta haurrek elkarrekintza konplexuko egoeretan gaitasunez parte hartu ahal izateko. Bestalde, ikaskuntza horien eta horietan azkenean lortuko duten autonomia mailaren bidez, sozialki ezarrita dauden formak hartzen dira oinarrizko beharrei erantzuteko.

Edukiak:

1.-Lehenbiziko loturak ikastetxean.

1.1. Afektuzko loturak eraikitzea ikastetxearen ingurunean.

1.2. Ikastetxearen ezaugarrietara pixkanaka egokitzea: eremuak, ordutegiak, erritmoak, etab.

2.-Ongizate emozionala eta oinarrizko beharrei erantzutea.

2.1. Gelak eta instalazioak ezagutu eta identifikatzea.

2.2. Ohiko jarduerak egunean zehar nola banatzen diren jakitea.

2.3. Ikastetxera joan eta han egoteko interesa eta nahia.

2.4. Onartua, baloratua eta errespetatua dela sentitzea.

2.5. Mina, gosea, logura eta tenperatura sentitzen dutenean sentsazio horiek identifikatzea eta horien konpentsazioan ekimena izatea.

2.6. Loaren eta esna-aldiaren, jardueraren eta atsedenaren erritmoak erregulatzea.

2.7. Gustura eta plazerez jatea. Elikagai batzuk eta besteak pixkanaka sartzea.

2.8. Janariaren alderdi sozial eta kulturalak pixkanaka sartzea.

2.9. Higiene eta garbiketa ohituretan geroz eta kontrol eta autonomia handiagoa izatea. Garbitasuneko sentsazioak gustura eta plazerez hartzea.

2.10. Arropa bere alderdi funtzional, sozial eta kulturalak kontuan harturik erabiltzeko geroz eta ekimen eta parte-hartze handiagoa izatea.

3.-Emozioak adierazi eta ulertzea.

3.1. Sentimendu eta emozio oinarrizko eta soziomoralak adieraztea.

3.2. Pixkanaka estrategiak hartzea, egoera zein ingurune desberdinetan eta besteen erreakzioen aurrean egokitzeko moduaren arabera erregulatzeko egoera emozionalak.

3.3. Besteen sentimendu eta emozioak aintzat hartzea. Enpatia.

4.-Trebetasun sozialak berdinekin harremanak izatean.

4.1. Eremuak, gauzak eta arretak partekatzeko geroz eta ohitura handiagoa hartzea. Eroapena izatea eta itxaroten jakitea.

4.2. Jarduera eta jolasetan beste batzuekin batera parte hartzea eta pixkanaka elkarrekintza pertsonaleko trebetasunak sartzea.

4.3. Besteen ekintza eta jokabideak behatu eta imitatzea, eta objektuengatik sortzen diren liskarrak konpontzea.

5.-Bizikidetzarako akordio eta arauak.

5.1. Materialak prestatu eta biltzeko errutinetan parte hartzea.

5.2. Ikastetxeko instalazio eta baliabideak zaindu eta kontserbatzen laguntzea.

5.3. Segurtasun arauak pixkanaka barneratzea.

5.4. Eguneroko bizikidetzan portaera egokiak eta desegokiak bereiztea.

5.5. Besteekin izaten diren harremanetan bete beharreko arauetara pixkanaka egokitzea.

2. esparrua.-Gorputza.

Esparru honetan gorputzaren ezagutza eta kontrolarekin zerikusia duten garapenaren esperientziak eta alderdiak aipatzen dira, eta honako hauek sartzen: zentzumenen bidezko saiakuntza, gorputza eta bere atal desberdinak ezagutzea, gorputzak ekintzarako, adierazpenerako eta mugimendurako dituen ahalbideak, baita mugak ere, eta bakoitzak berari buruzko kontzientzia eraikitzea.

Gorputza da haurrek errealitatearekin harremana izateko duten tresna nagusia, irrikaren eta emozioaren barne dinamika adierazteko eta ezagutzak integratzeko. Saiakuntzaren, harremanen eta adierazpenaren iturri da eta jarduera autonomoaren oinarri; azken hori hezkuntza jardueraren xede nagusietako bat da lehen urte horietan. Xede horren lorpenak berarekin dakar segurtasun fisikoa eta afektuzkoa izanen duen giroa sortzea, estimulu eta egoera ugarikoa, haurrei lasaitasuna eta konfiantza eman eta ekintzarako interesa eta ekimena piztuko diena.

Gorputzaren ezagutza eta norberaren kontzientzia eraikitzeko lanean sartzen dira sentsazioen, mugimenduen eta ekintzen bidez lortutako ezagutzak, hasiera batean lotura handia dutenak mugimenduaren garapenarekin eta nerbio sistema zentrala heltzeko prozesuarekin. Borondatezkoa eta koordinatua ez den arlotik borondatezkora, kontrolatura eta kontzientea denera iragateak eta, gero, hizkuntza eskuratzeak beharrezkoa den egitura emanen du identitate geroz eta bereiziagoa antolatzeko.

Bestalde, gorputz identitatea ingurune sozial eta afektuzko batean eraikitzen da, eta plazerarekin, gaitasunarekin eta eraginkortasunarekin zerikusia duten sentimendu eta emozioak daude horri lotuta. Sentimendu horiek, gorputz lorpenei lotuta, helduekin eta berdinekin izaten diren harremanetan sortzen dira, onarpeneko jarrerak eta beren lorpenak ontzat ematen dituzten sentimenduak hautematen dituztenean.

Ikastetxeak eremu egokiak izan behar ditu haurrak zentzumenen bidezko azterketan ari direnean autonomiaz aritzeko eta mugimenduak erraz egiteko; beren gisa eta beren erritmoan aritzeko aukera izan behar dute, beren ekintzak eta beren lorpenek helburu berrietara iristeko bidea jar dezaten.

Edukiak:

1.-Gorputza sentsazioen, ekintzen, harremanen eta esperientzien iturri dela ohartzea.

1.1. Gorputzaren ahalbideekin saiakuntzak egitea eta ahalbide horiek identifikatzea.

1.2. Norberaren gorputza atalka eta orokorrean ezagutzea.

1.3. Zentzumenak sentsazioen eta hautemateen iturri direla ohartzea.

1.4. Ezaugarri eta kualitate pertsonalak identifikatu eta onartzea.

1.5. Gorputzak besteenekin alderatuta dituen desberdintasun eta antzekotasunez ohartu eta onartzea.

1.6. Bakoitzak bere irudia eta dagokion irudikapena ezagutzea.

1.7. Gorputz egoera desberdinak ezagutzea.

1.8. Norberaren gorputzari eta bere ahalbideei buruzko balorazio zehatz samarra egitea.

2.-Gorputza mugimenduan. Eremua bereganatzea.

2.1. Mugimendu aukera eta mugak aztertu eta identifikatzea.

2.2. Norberaren gorputza atalka eta orokorrean koordinatu eta kontrolatzea.

2.3. Gorputzaren tonu eta jarrera egoera desberdinetara egokitzea.

2.4. Lekualdatzeak: jarrera aldaketak, arrastaka mugitu, lau hankan ibili, ibili eta laster egin, etab.

2.5. Gorputzak, mugitzen ari denean, sortzen dituen sentsazioez ohartzea.

2.6. Norberaren mugimendua espazioaren eta besteen mugimenduaren arabera egokitzea.

2.7. Tresnak erabili eta ezartzen direnean manipulaziorako trebetasun eta abileziak izatea.

2.8. Mugimendu lorpenetarako ekimena eta ahalegina.

2.9. Arrisku egoerez ohartzea, eta horiek saihesteko estrategiak eta baliabideak erabiltzea.

3. esparrua.-Ingurune fisikoa eta soziala.

Ingurune fisiko eta sozialaren esparruan biltzen da adin horretako haurren errealitatea osatzen duenaz ohartzea eta ezagutu eta ulertzea, batez ere beren esperientziatik hurbil dagoen oro. Horretan sartzen dira hurbileko inguruneak, objetu fisikoak, gertaerak, antolamenduak eta gizarte harremanak, bai eta fisikoki edo denboraren aldetik urrun egon arren haurraren interesa eta jakin-mina pizten duten batzuk ere.

Zikloan zehar, saiakuntzari eta hizkuntzari esker, haurrak eboluzionatzen joanen dira, zentzumen eta mugimendu bidezko ezagutza hurbiletik hasi eta munduari buruzko ezagutza eskemak eta teoria propioa osatzera iritsi arte.

Objektuekin eta materialekin saiakuntzak egiteari esker bi ezagutza mota lortuko dira funtsean: ezagutza fisikoa eta ezagutza logiko-matematikoa. Ezagutza fisikoa objektuen berezko ezaugarrien ingurukoa da: kolorea, soinua, gogortasuna, pisua, etab.; ezagutza logiko-matematikoa objektuekin egiten diren ekintzen bidez lortzen da: antolatu, erkatu, bildu, etab. Bi ezagutza horiek batera doaz adin horietan.

Segurtasun eta afektuzko oinarri batetik abiatuta, zenbait material erabiliz behaketa, azterketa, saiakuntza eta jolasak egiteko denborak eta eremuak antolatuko dira, autonomiaz erabiltzeko aukera emanez. Hezkuntzako proposamen irekiak diseinatuko dira, gatazka kognitiboak eta egokitzeko ahalegin txikiak sustatzeko bidea emanen dutenak, eta hezkuntza arloko esku-hartzea eginen da banan-banan ekintzaren behaketa, laguntza edo gidaren inguruan, egoera bakoitzeko beharrak kontuan hartuta beti.

Izaki bizidunekin, naturarekin eta gizarte ingurunearekin zerikusia duten edukiek aukera eman behar diete haurrei ezagutza zientifikoaren mundura ikuspegi orokor eta ludiko batetik hurbiltzeko, beraientzat interesgarrienak diren alderdietatik abiatuta betiere. Izaki bizidunen ezaugarri eta formei, naturako fenomenoei eta giza taldeen antolamendu eta jarduerei buruzko gauzak ikasiko dituzte. Era berean, ezagutzara hurbiltzean interesa, jakin-mina eta zorroztasuna garatuko dute, bai eta habitaten zainketan eta kontserbazioan parte hartu eta arduraz jokatzeko jarrerak ere.

Eduki horiek egiazkoak eta hurbilak izan daitezen, ikastetxeek irekiak egon behar dute beren inguruneari, ondoko errealitate soziokulturalari eta urrunekoa izan arren haurren interesetatik hurbil dagoen errealitateari. Alde horretatik, informazioaren gizarteko tresna modernoak, ikus-entzunezko baliabideak eta baliabide informatikoak erabiltzeak aberastu egiten ditu eskuragarri dauden materialak.

Edukiak:

1.-Objektuak eta materialak.

1.1. Zentzumenen eta ekintza desberdinen bidezko azterketa.

1.2. Zentzumenezko kualitateak, ezaugarri morfologikoak eta funtzionalak identifikatu, izena eman eta konparatzea.

1.3. Ezaugarri jarraituak eta aldakorrak bereiztea.

1.4. Erlazioak ezartzea. Antolamendua, elkarrekikotasuna, sailkapena.

1.5. Objektu eta materialei buruzko ekintzekin saiakuntzak egitea.

1.6. Saiakuntzen adierazpena eta irudikapena.

1.7. Espazioari buruzko oinarrizko nozioak ezagutzea norberaren gorputzari, helburuei eta ekintzei dagokienez.

1.8. Kantitateak kalkulatzea.

2.-Izaki bizidunak eta natura.

2.1. Animaliei eta landareei buruzko zenbait ezagutzatara hurbiltzea.

2.2. Animaliei, landareei eta beren habitatei buruzko jakin-mina, arreta eta errespetua, natura zaintzeko oinarrizko jarrerak direla eta.

2.3. Naturako fenomenoei buruzko zenbait ezagutzatara hurbiltzea.

2.4. Naturako fenomeno batzuek izaten ahal dituzten arriskuez ohartzea.

2.5. Elementu geografikoei buruzko zenbait ezagutzatara hurbiltzea.

3.-Gizarte antolaketa.

3.1. Familiari eta eskolari buruzko zenbait alderdi ezagutzen hastea.

3.2. Eguneroko bizitzako jarduerak.

3.3. Lanbideei buruzko zenbait ezagutzatara hurbiltzea.

3.4. Ohiturak eta tradizioak ezagutu eta horietan parte hartzea.

3.5. Talde hurbilenetakoen partaide izatearen sentimendua, eta besteekiko errespetua izatea eta besteak baloratzea.

3.6. Haurren ingurunean izaten diren gertaerekiko interesa eta jakin-mina.

4. esparrua.-Komunikazioa eta hizkuntza.

Komunikazioaren eta hizkuntzaren esparruan honakoa sartzen da: komunikazioarekin lotuta hizkuntzak dituen funtzio eta erabileren garapena eta, horrekin batera, jokabidea erregulatu eta planifikatzeko funtzioen garapenari hasiera ematea, hau da, tresna sinboliko bat erabiltzea komunikatzeko, errealitatea irudikatzeko eta norberaren ekintzak eta besteenak planifikatu eta gidatzeko.

Haurrak beren inguruko pertsonekin izaten dituzten afektuzko harremanen eta haiekin komunikatzeko beharraren eta nahiaren bidez iristen dira hizkuntzaren funtzio horietara. Era askotako egoeretan parte hartuz garatzen dute hizkuntza, ahozko mintzaira funtzio desberdinekin erabiliz betiere. Hizkuntzaren ikaskuntza inguru soziokulturalari eta erabilera sozialei lotuta dago hasiera-hasieratik.

Hizkuntzaz jabetzeko prozesuan, haurrek beren inguruan aditzen duten hizkuntza aktiboki eta pixkanaka bereganatzen dute, haren funtzionamendua proban jarriz, bai hitzen esanahiari dagokionez bai tonuaren, fonologiaren, morfologiaren eta sintaxiaren alderdiei dagokienez, ohiko mintzairarekin bat ez datozela edo solaskideek ez dietela ulertzen ohartuz gero zuzenketak eginez. Horregatik, hitz egitean egiten dituzten okerrak hizkuntza eratzeko prozesu aktiboaren adierazle gisa hartu behar dira. Hizkuntza, beraientzat, egiten dutenaren zerbitzura dagoen tresna bat da, eta ez xede hutsa.

Ikastetxeak haurrei era askotako egoerak eskaini behar dizkie, interesatzen zaizkien gauzak hizkuntzaren bidez ulertu eta adierazteko, bai beraiek bezalako haurrekin aritzen direnean bai helduekin. Ohiko hezkuntza egoerek komunikazioko gaitasun guztiak garatzeko inguru ezin hobea ematen dute. Horietan, haurrek, hitzak eta egiturak ikasteaz gainera, keinuak, tonuak, solaskideekin aritzeko modua, zein egoeratan erabiltzen ahal den edo erabili behar den ere ikasiko dute, eta hezitzaileek haurrak bideratzeko baliabideak eskain ditzakete, eta laguntza eman diezaiekete gaia ezartzeko, ideiak antolatzeko, behar den hitza bilatzeko, esandakoaz berriz hausnartzeko, gauzen azalpenerako modu desberdinak eskaintzeko, etab.

Garrantzitsua da helduak haurrekin komunikatzeko prest egotea, haurren komunikazio jarrerak ontzat eman eta bultzatzea, asmoak eta esanahia ulertzeko ahalegina eginez, solasaldia norabide bakarrekoa izan ez dadin. Horretaz gainera, helduek hizkuntza eredu aberats, argi eta ongi egituratua eskainiko dute, bai eta ahozko testu mota desberdinak eta funtzio desberdinekoak ere, izan ere aditutako hizkuntzaren kalitatearen eta jasotako motibazioaren mende dago hizkuntza gaitasuna. Hori guztia bereziki beharrezkoa izanen da haurren familia-ingurunean ezin denean hizkuntza eredu konplexu, elaboratu eta zuzenik eskaini.

Hitzen aurreko baliabideak eta ahozko hizkuntza komunikaziorako funtsezko tresnak izan arren ziklo honetan, hizkuntza idatzirako bidea planifikatu behar da ikastetxean. Gurea bezalako gizarte alfabetatu batean hizkuntza idatzia nabarmen agertzen baita inguruan, haurrek ikusi egiten dute eta horren aurrean jakin-mina sortzen ahal zaie. Haurrei idazketaren funtzionalitateari buruzko ideia bat izateko esperientziak eskaini behar dizkietela pentsatu behar dute ikastetxeek; ideia bat izateko eta, agian, kode idatziaren ezaugarri batzuk bereizteko.

Atsedenaren eta esna-aldiaren, higienearen, pixoihalak aldatzearen, elikatzearen eta janztearen errutinak, bizitzako lehen urtean, komunikaziorako jarduera ezin hobeak dira, aurrez aurreko elkarrekintzarako eta hizpidea ematen duten objektuak sartzeko inguru egokiak baitira. Jolasa ere berdinen arteko komunikazioa bideratzeko eta hizkuntza arautzen duten funtzioak garatzeko jarduera egokienetako bat da; fikziozko eremu libreak sortzen ditu saioak egiteko, jarraibideak eman eta jasotzeko, beste baten papera hartzeko, ekintza antolatzeko, helburuak ezartzeko, etab.; azken batean, hizkuntza pentsamenduaren eragile gisa erabiltzen da eta, gainera, plazerezko eta jolaseko egoeran, zeinean haurrak beti baitaude parte hartzeko prest.

Ipuinak kontatzea eta liburu irudidunak batera irakurtzea oso egokia da ahozko hizkuntza bultzatzeko. Ipuinak beste gauza asko baino erakargarriagoak eta aberasgarriagoak dira haurrentzat eta pozik hartzen dituzte Ipuinen edukiak eta narrazio egitura oso interesgarriak dira hizkuntzaren alderdi asko lantzeko eta horretarako aprobetxatu behar dira, inolaz ere ahaztu gabe haur literaturaren xedea entretenitzea, edertasun estetikoagatik plazera sortzea, fantasiara hurbiltzea eta hunkitzea dela. Ipuinak lagungarri dira gizakien arazo nagusiei eta horien konponbideei buruz asko ikasteko, emozioak argitzeko, zailtasunak, frustrazioak, gatazkak, etab, ikusi eta gainditzeko; eta hori guztia, fantasiazko mundu batean, non arriskurik gabe joan daitekeen heldutasunerantz.

Edukiak:

1.-Komunikazioaren osagaiak.

1.1. Komunikazioaren osagai egokiak erabiltzea -keinuak, esamoldeak, hitzak, esaldiak, intonazioa, etab.-behar eta egoera desberdinak adierazteko, lortu nahi den helburuari, solaskideari eta inguruari ongi lotuta.

1.2. Era askotakoak eta geroz eta konplexuagoak diren egoeretan aktiboki parte hartzea.

1.3. Hizkuntzaren ahoskera pixkanaka ikastea.

2.-Komunikazioaren formak.

2.1. Agurtu, beharrak eta egoerak adierazi, galderak egin, informazioa eman, deskribatu, konparazioak egin, azaldu, narratu, arrazoitu, argudiatu eta elkarrizketan aritzeko ohiko formak erabiltzea.

2.2. Helduen eta berdinen ahozko testuak ulertzea.

2.3. Helduekin eta berdinekin komunikatzeko egoeretan parte hartzeko interesa eta ekimena.

3.-Ahozko testuak.

3.1. Ipuinak, abestiak, elkarrizketak, etab. entzun eta/edo begiratzean interesa agertu eta gozatzea.

3.2. Kontakizunen oinarrizko elementuak ulertzea.

3.3. Abestiak, elkarrizketak edo segida errazak, edo zatiak, buruz ikasi eta berriz esatea, eta abestietan, errezitatzeetan eta halakoetan parte hartzea.

3.4. Dramatizazio baliabideak erabiltzea gauzak ulertu eta adierazteko.

4.-Ahozko hizkuntza jarduera erregulatzeko.

4.1. Hezitzailearen hitzezko jarraibideak berehalako jardueretarako gida gisa erabiltzea, bai eta ekintzako segida erregulatzeko ere.

4.2. Norberaren hizkuntza jarduera konplexuak bideratu eta errazteko erabiltzea.

5.-Hizkuntza idatziarekin hastea.

5.1. Eguneroko bizitzako testu idatzien eta sinboloen esanahia behatu eta interesa agertza.

5.2. Zenbait testu behatu eta horien helburuarekiko interesa agertzea.

5. esparrua.-Gorputz adierazpena, plastikoa eta musikakoa

Gorputz adierazpenaren, plastikoaren eta musikakoaren esparrua gizartearen ezaguera kultural eta artistikora hurbiltzeko bidea da, eta hurbiltze hori ludikoa izanen da eta saiakuntza eta ikerketa bidez eginen, haurrei behatu, sentitu, ezagutu eta jarduten erakutsiko zaie eta, hala, kultura artistikoaren maila askotako ekoizle bihurtuko dira. Esparru horretan, adierazpen artistikoaren zenbait teknika landu behar dira, eta zenbait jarrera garatu: helburuak lortzeko jarraikitasuna, materialak eta tresnak erabiltzean arreta eta ordena, lanak geroz autonomia handiagoaz egitea, lan originala baloratzea eta zehaztasunez egindako lanarekiko gustua izatea.

Ekoizpen plastikoak, musikalak, dramatikoak eta gorputzaren bidezkoak beste kide batzuekin batera eta taldeen proiektu moduan egin daitezke, horrela taldelana, bizikidetza eta norberaren portaeraren kontrola eta erregulazioa bultzatuz, bai eta besteen lanekiko errespetua eta arreta ere.

Ziklo honetan elaborazioa eta ekoizpena bultzatuko dira bereziki, baina begiratzea ere landu beharko da, haurrak kultur eremu, museo, liburutegi eta entzunaretoetako erabiltzaile eta arte agerpenen ikusle izateko heziz.

Hezitzaileek estimulu ugariko giroa sortuko dute, askatasun eta laguntza giroan norberaren lanak bultzatzeko, ekoizpen estereotipatuetara eramaten duten interferentziei aurre egiteko eta bakoitzaren erritmo eta berezitasunak errespetatzeko, horrela sentsibilitatea eta sormena garatzen lagunduz.

Esku-hartze horrek ikastetxearen giro estetikoa ere landu behar du, haurrarengan edertasunarekiko eta artearekiko interesa eta gustua pizteko funtsezko erreferentea baita. Giro hori sortzeko lagungarri izanen dira bai artista desberdinen eta estilo desberdinetako obrak, bai obra pertsonalak, helduek horiei buruz egiten duten balorazioa islatzeko moduan aurkeztuak.

Gorputz adierazpenak gorputzaren erabilera lantzen du, gorputzaren keinu, jarrera eta mugimenduak, plazer hutsez eta asmo estetiko zein komunikatibo batez eginak, gorputz adierazpen libreko jardueretan, jolasean edo dramatizazioetan. Jarduera horiek oso erakargarriak dira haurrentzat, beren arreta bildu eta zentratzen baitute, eta emozio, sentimendu edo ideiak adierazi eta ulertzeko laguntza ematen.

Musikak lotura estua du gorputz adierazpenarekin, haurrak musika sentitzen hasten baitira erritmoaren, mugimenduzko jolasen, dantzen eta abestien bidez. Musikako esperientziak giro ludiko batean gauzatu behar dira, era askotako soinu materiala erabiliz, banaka eta taldean manipulatuz, entzunez, berreginez, sortuz, sentituz eta adieraziz.

Esperientzia plastikoak ikusizko arte agerpen guztiak hartu behar ditu kontuan: pintura, eskultura, arkitektura, argazkigintza, etab., eta haurren hautematea, inguruan duten guztia aztertu eta aukera guztiak probatzeko duten joera eta beren asmoei erantzutean duten sormena bultzatu behar du.

Edukiak:

1.-Gorputz esperientzia.

1.1. Gorputzak adierazi, komunikatu eta irudikatzeko dituen ahalbideak ezagutu eta erabiltzea.

1.2. Gorputza adierazpide gisa erabiltzeko interesa eta sormena.

1.3. Mugimendua eta dantza adierazpide gisa erabiltzea.

1.4. Bakarka eta talde txikietan dramatizazioetan parte hartzea eta horrekin gozatzea.

1.5. Gorputz adierazpeneko forma berezi eta sormenekikoei buruzko interesa.

2.-Musikako esperientzia.

2.1. Soinuaz eta isiltasunaz ohartu eta identifikatzea.

2.2. Soinuaren oinarrizko ezaugarriez ohartu eta identifikatzea: intentsitatea, iraupena, etab.

2.3. Erritmoak aditu, berregin eta sortzea.

2.4. Musika tresnak erabiltzea musika lanei laguntzeko.

2.5. Abestiak entzun, ezagutu eta errepikatzea.

2.6. Musika lan desberdinak entzutea.

2.7. Musika lanak eta beren egileak ezagutzeko interesa izatea eta haiekin gozatzea.

2.8. Musikak sortzen dituen emozio egoerez ohartzea.

3.-Esperientzia plastikoa.

3.1. Elementu plastiko batzuekin saiakuntzak egitea: keinu grafikoa, aztarna, kolorea, testura, etab.

3.2. Teknika plastiko desberdinak erabiltzea.

3.3. Plastika lanak behatu eta interpretatzea.

3.4. Plastika lanak eta ikusizkoak sortu eta horiekin saiakuntzak egiteko interesa eta plazera.

3.5. Plastika lanak eta horien egileak ezagutzeko interesa eta jakin-mina.

3.6. Lanak aurkeztean interesez eta arretaz jokatzea.

3.7. Haurrek beren lanak eta besteenak baloratu eta errespetatzea.

3.8. Irizpide estetiko desberdinen araberako giroak sortzen gozatzea eta horretan parte hartzea.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa