(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

  • Irakaskuntzak :
    • Haur Hezkuntza :
      • 111/2011 Ebazpena, martxoaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2011-2012 ...

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

111/2011 Ebazpena, martxoaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2011-2012 ...

111/2011 EBAZPENA, martxoaren 23koa, Antolamenduaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako lehen zikloa ematen duten ikastetxeek egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesten dituena, 2011-2012 ikasturterako.

(2011ko 64. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 1ean)

Atarikoa

Ikasketak Antolatzeko Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du; 2011-2012 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onestea du xede ebazpen honek, baliagarriak izan daitezen martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuan arlo horri buruz ezarritakoa garatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, ebatzi dut:

1. Ebazpen honen eranskinean egutegia eta ordutegia prestatzeko ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horiek bete beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek 2011-2012 ikasturtean.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta eranskinaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea Ikasketak Antolatzeko Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen eta Ikasketetarako Laguntzen Zerbitzura, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuko Familiaren Sustapenerako Zerbitzura eta Haur Hezkuntzako Lehen Zikloaren Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

ERANSKINA. Haur Hezkuntzako lehen zikloko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak

Egutegia eta ordutegia irizpide pedagogikoei jarraikiz zehaztuko dira. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ez dute oztopatuko azaldutako irizpideen aplikazioa.

1. Egutegia prestatzeko irizpide orokorrak.

1.1. Ikastetxe publikoak.

1.1.1. Ikastetxeko egutegirako proposamen berezia egin nahi duten entitate titularrek baldintza hauek bete beharko dituzte:

-Ikastetxea 208 edo 216 egunez irekiko da. Lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 edo 212 egunak haurrak zaintzeko izanen dira.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, abenduaren 26a, urtarrilaren 6a, apirilaren 5a, 6a eta 9a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

1.1.2. Oinarrizko egutegia 3.1. atalean ezarritako epean proposatzen ez duten ikastetxeei ofizioz esleituko zaie egutegi hau:

-Oro har, ikasturtea irailaren 1ean hasi eta uztailaren 31n bukatuko da.

-Ikastetxea 216 egunez irekiko da. Lehen biak eta azken biak zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek; aldiz, garbiketa orokorreko lanetan, zerbitzuetako langileek. Gainerako 212 egunak haurrez arduratzeko izanen dira.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, abenduaren 26a, urtarrilaren 6a, apirilaren 5a, 6a eta 9a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

-Lanegun ez diren egunak: apirilaren 10a, 11 eta 30a.

-Eguberrietako oporrak abenduaren 26tik urtarrilaren 6ra arte izanen dira, biak barne.

1.2. Ikastetxe pribatuak.

1.2.1. Ikastetxeko egutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:

-Ikasturtea gutxienez hamar hilabetekoa izanen da eta hamaikakoa gehienez.

-Ikastetxea haurrentzako irekita izanen da gutxienez 175 egunez eta gehienez 213 egunez.

-Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean ezarritakoak jaiegunak izanen dira: urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, abenduaren 26a, urtarrilaren 6a, apirilaren 5a, 6a eta 9a, maiatzaren 1a, uztailaren 25a eta udalak herriko zaindariaren eguna izateko finkatzen duena.

1.3. Ikastetxe publiko eta pribatuentzako egutegiko aldaketak.

Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

2. Irizpide orokorrak, ikastetxe publiko eta pribatuen ordutegia prestatzeko.

2.1. Ikastetxeko ordutegiak honako baldintzak bete beharko ditu:

-Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera bitarte, biak barne.

-Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu orokorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa.

-Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ez da baimenik izanen ikastetxean sartzeko, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

-Eguneko lanaldia antolatzeko ardatza izanen da haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoa.

2.2. Ikasturte hasieran haurren egokitzapen aldirako plangintza egin beharko da eta, besteak beste, honakoak hartuko dira kontuan: egokitzapena errazteko berariazko jarduerak diseinatzea, banakako beharrak kontuan hartzea, familiakoen parte-hartzea eta laguntza, ordutegien malgutasuna eta ikastetxearen antolaketa. Egokitzapen epe horren plangintza onetsi beharko da, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartu, eta haren berri izan beharko dute familiek ikasturtea hasi aurretik. Betiere, haurrak pixkanaka hasiko dira eta, horretarako, gehienez ere hamabost eguneko hezkuntza arreta izanen da, familiaren egoera eta beharrak ere kontuan hartuta.

2.3. Gainera, ikastetxe publikoetan:

-Haurrak zein modalitatetan (osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak. Horren edozein aldaketa familiei jakinaraziko zaie matrikula egiteko unean.

-Ikastetxeetako hezkuntzako langileek urteko lanorduen %6,4 prestakuntzarako, koordinazio bileretarako eta familiekin egin beharreko bileretarako erabiliko dute.

3. Tramitazioa.

Tramitazioa egiteko, honela jokatuko da:

3.1. Ikastetxeko entitate titularrak egutegia eta ordutegia igorriko ditu Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura 2011ko ekainaren 1a baino lehen, unitateek zer-nolako lanaldia duten (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta.

3.2. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ukatuko ditu, aztertu ondoren. Onetsitzat joko dira 2011ko ekainaren 30erako jakinarazpenik hartzen ez duten ikastetxeetakoak. Horietakoren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ofizioz esleituko dio.

3.3. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2011ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri beharko dituzte egutegia eta ordutegia, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, beren unitateen lanaldia (osoa, murriztua, erdia) zehaztuta. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, haiek aztertu ondoren, egutegiak eta ordutegiak onetsi edo ezetsiko ditu, eta ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

3.4. Egutegia eta ordutegia onetsirik, nahitaez bete beharko dira. Ikastetxeko Zuzendaritzaren erantzukizuna izanen da haiek betearaztea, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuarena egutegien ezarpena gainbegiratu eta kontrolatzea.

3.5. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki oholean jarriko dira ikusgai, eta ez dira inoiz aldatuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren baimenik gabe, entitate titularrak hala eskatuta.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa