Castellano | Euskara | Français | English
(1999ko 97. NAOn argitaratutako testua, abuztuaren 4an)
Atarikoa
Nafarroako Foru Komunitateko Ibilgailuen Ikuskaritza Teknikoko zerbitzuaren administrazio kontzesioen antolamenduari eta araubide juridikoari buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 13ko 272/1989 Foru Dekretuak IIT estazioetan egin daitezkeen ikuskaritza motak biltzen ditu bere 7. artikuluan eta ezartzen du, aldizkakoak ez diren ikuskaritzetan, haien ziurtapena, irailaren 24ko 1987/1985 Errege Dekretuaren arabera, administrazioko langileei badagokie, Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko ikuskatzaile teknikoak egon behar duela bertan.
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak, 1992ko irailaren 29ko Foru Aginduaren bidez, ibilgailuen ikuskaritza teknikoaren entitate kontzesio-hartzaileen ikuskatze eginkizunak zabaldu zituen.
Bestaldetik, urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretua argitaratu ondoren, IIT estazioen jarduketa eremua zabaldu zen istripuen ondorioz egituran edo segurtasun osagaietan kalte larriak izan dituzten ibilgailuen ikuskaritzara eta ikasleen garraiorako autobusen egokitasuna kalifikatu aurreko ikuskaritzara.
Halaber, xedapen horrek dioenez, posible da 1987/1985 Errege Dekretuak administrazioko langileendako gordetzen dituen ikaskaritzen ziurtapena Autonomi Erkidegoek baimenduriko entitateek egitea, haiek gainbegiraturik eta horiek ezartzen dituzten baldintzetan.
Ikuskatu beharreko ibilgailuak gero eta gehiago direnez, xedapen horiek indarra hartu zutenez geroztik izaniko esperientziagatik eta espedienteen izapidaketa hobetu eta arinagotzearren, komeni da aldizkakoak ez diren ikuskaritzen eskumena eta horien ondoriozko espedienteen izapidaketa Ibilgailuen Ikuskaritza Teknikoko Zerbitzuaren entitate kontzesio-hartzaileetara aldatzea.
Hori horrela, agindu dut:
Lehena
IIT estazioetan ikuskaritza hauek egiten ahalko dira:
a) Automobilen aldizkako ikuskaritzak, Zirkulazio Kodean eta xedapen osagarrietan ezartzen direnak.
b) Mota homologatugabeko ibilgailuak matrikulatu aurreko ikuskaritzak.
c) Ibilgailuaren destinoa aldatu aurreko ikuskaritzak, Zirkulazio Kodearen araberakoak.
d) Erregelamendu bidez zehazturiko berrikuntza garrantzitsuak direla eta eginiko ikuskaritzak.
e) IIT txartelaren kopia bikoiztuaren indarraldia luzatzeko eginiko ikuskaritzak, Zirkulazio Kodeak hala xedatzen badu edo Administrazioak, arrazoi justifikatuak direla eta, hala eskatzen badu.
f) Zirkulazio Kodeak eta indarra duen gainerako legeriak arlo honetako eskumenak ematen dizkien erakundeek ibilgailuaren titularrari eskaturiko ikuskaritzak.
g) Jabetzaz aldatzean ibilgailuei eginiko ikuskaritzak, Administrazioak kasu horretarako edo eskuarki hala xedatzen badu.
h) Ibilgailuen titularrek eskaturiko borondatezko ikuskaritzak.
i) Taximetroen, kilometrokontagailuen eta takografoen aldizkako ikuskaritzak.
j) Ibilgailuen pisaketa, trafikoa zaintzen arduratzen diren agenteek eskaturik.
k) Ibilgailu berriak edo erabiliak, Europako Batasunetik edo bestelako herrialdeetatik datozenak, matrikulatu aurreko ikuskaritzak.
l) Istripuen ondorioz, egituran edo segurtasun osagaietan kalte larriak izan dituzten ibilgailuen ikuskaritzak, urriaren 14ko 2042/1994 Errege Dekretuko 6. artikuluko 5. idatz-zatian xedatu bezala.
m) Ikasleen garraiorako autobusen egokitasuna kalifikatu aurreko ikuskaritzak.
n) Salgai arriskugarriak garraiatzen dituzten ibilgailuen ikuskaritza, Industria eta Energia Ministerioak 1994ko abenduaren 30ean eman Aginduan arauturiko A.D.R. ziurtagiriaren indarraldia luzatzeko.
Bigarrena
Aipaturiko ikuskaritzak egiteko ez da beharrekoa izanen Departamentuko ikuskatzaile teknikoa bertan egotea.
Hirugarrena
Takografoen aldizkako ikuskaritzak, eta k) eta n) ataletakoak egin ahal izateko, IIT estazioek espreski baimena eduki beharko dute, kasuan-kasuan aplikatzekoak diren xedapenen arabera.
Laugarrena
IIT estazioek ibilgailuen ikuskaritza teknikoaren arloko administrazio espedienteetako agiriak hartuko dituzte, izapidatuak izateko, aldez aurretik administrazio baimena behar dutenak izan ezik, horien ziurtapena Administrazioak ez bestek eginen baitu, 2042/1994 E.D.an xedatu bezala.
Bosgarrena
Espedienteen izapidaketan, Administrazio Prozedurari buruzko Legean, IIT ikuskatzeko eskuliburuan eta Industria Zuzendaritza Nagusiak emaniko jarraibideetan ezarririko prozedurak erabiliko dira.
Seigarrena
Egiten diren ikuskaritzak IIT estazioko buruak ziurtatuko ditu eta kasuan-kasuan IIT txartelaren eginbideak eginen ditu edo txartel berriak izenpetuko.
Zazpigarrena
Aldian-aldian Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko ikuskatzaileak gainbegiratuko ditu, zoriz aukeraturiko laginen bidez, aldizkakoak ez diren ikuskaritzen espediente izapidatuak.
Zortzigarrena
Espediente baten izapidaketa hasita, bukatu arte, beste estazio batek ere ez du parterik hartzerik izanen bertan.
Bederatzigarrena
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, noiznahi ere, edozein IIT estaziotan hasitako espediente baten izapidaketa hartzen ahalko du bere gain.
Hamargarrena
IIT estazioek Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak ezarri bezala identifikatu eta erregistratuko dituzte espediente guztiak.
Hamaikagarrena
IIT estazioak arduratuko dira espedienteen izapidaketak ekarri edo sorturiko agiriak artxibatzen eta hamar urtez gordetzen. Epe hori iraganik, Departamentuari dagokio haiek gordetzea eta berak esanen du nola emanen zaizkion espedienteak.
Hamabigarrena
Entitate kontzesio-hartzaileek kanon bat ordainduko dute izapidatzen duten espediente bakoitzeko, aldizkako ikuskaritzen adinakoa izanen dena.
Hamahirugarrena
Industri, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak finkatuko ditu entitate kontzesio-hartzaileek eskuratu beharreko tarifak.
Hamalaugarrena
Entitate kontzesio-hartzaileei dagokie ibilgailuen titularrek Nafarroako Gobernuari ordaindu beharreko tasa kobratzea, horretarako adieraziko zaiena, hain zuzen ere.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta 1999ko abuztuaren 1ean hartuko du indarra.