Castellano | Euskara | Français | English
42/2004 FORU AGINDUA, APIRILAREN 29KOA, INDUSTRIA ETA TEKNOLOGIA, MERKATARITZA ETA LAN KONTSEILARIAK EMANA, GARABI-DORREETAKO OPERADOREENTZAKO TXARTEL PROFESIONALA ESKURATZEKO MAIATZAREN 11KO 65/2000 FORU AGINDUAK EZARTZEN DUEN PROZEDURA ALDATZEN DUENA
(2004ko 69. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 9an)
Atarikoa
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariaren maiatzaren 11ko 65/2000 Foru Aginduaren bidez, Foru Komunitatean garabi-dorreetako operadoreentzako txartel profesionala eskuratzeko prozedura ezarri zen. Dena dela, xedapen irangakorrak azaltzen duen moduan, garabi-dorreetako operadoreentzako txartela ez da Nafarroako Foru Komunitateko lurralde eremuan eskatuko harik eta hura edukitzeko beharra arautu arte, kasuan kasuko erregelamenduzko xedapenak onetsi eta gero.
Ekainaren 27ko 836/2003 Errege Dekretuak igogailuei eta horien mantentzeari buruzko Erregelamenduko beste Jarraibide Tekniko Osagarri bat (MIE AEM2) onetsi du, obretarako edo beste aplikazio batzuetarako garabi-dorreei buruz. Errege dekretu horretako IV. eranskinaren arabera, Jarraibide Tekniko Osagarriak aipatzen dituen garabi-dorreak maneiatzeko garabi-dorreetako operadoreentzako txartela izan beharko da; gainera, txartela eskuratzeko baldintzak ezartzen ditu.
Foru agindu honen gainean Kontsumitzaileen Elkarteek entzunaldia izan dute, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren 22.2.d) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, baina ez dute alegaziorik aurkeztu.
Hori horrela, bidezkoa da aipatu errege dekretuan ezarritakoa zuzenean aplikatzea eta, beraz, Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak maiatzaren 11n emandako 65/2000 Foru Aginduan ezarritako prozedura indarrik gabe uztea.
Horrenbestez, agindu dut:
Artikulu bakarra
Nafarroako Foru Komunitatean garabi-dorreetako operadoreentzako txartel profesionala eskuratzeko prozedura ekainaren 27ko 836/2003 Errege Dekretuko IV. eranskinean ezarritakoa izanen da. Errege dekretu horren bidez, igogailuei eta horien mantentzeari buruzko Erregelamenduko beste Jarraibide Tekniko Osagarri bat (MIE AEM2) onetsi du, obretarako edo beste aplikazio batzuetarako garabi-dorreei buruz.
Xedapen Iragankor Bakarra
Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan kontseilariak maiatzaren 11n emandako 65/2000 Foru Aginduaren babesean eskuratu diren garabi-dorreetako operadoreentzako txartel profesionalek indarra izaten segituko dute, harik eta eman zirenean jarri zen epea bukatzen den arte. Epe hori bukatutakoan, ekainaren 27ko 836/2003 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera berrituko dira.
Azken Xedapenetan Lehena
Indarrik gabe utzi da maiatzaren 11ko 65/2000 Foru Agindua, garabi-dorreetako operadoreentzako txartel profesionala eskuratzeko prozedura ezarri zuena.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.