Castellano | Euskara | Français | English
Atarikoa
Petrolio erregaiak txikizka banatzeko hornidura-unitateei buruzko egungo arautegia abenduaren 22ko 34/1992 Legean, petrolio sektorearen antolamenduari buruzkoan, ezarri zen, eta azaroaren 24ko 1905/1995 Errege Dekretuan, zeinen bidez onetsi baitzen saltokietan petrolio erregaiak txikizka banatzeari buruzko Erregelamendua.
Erregelamendu haren 2. artikuluak hornidura-unitatetzat hartzen ditu ibilgailuentzako hiru gasolina eta gasolio mota desberdin baino gutxiago banatzen dituzten instalazioak.
Erregulazio horretan "norberaren erabilpenerako" kontzeptuari ematen zaion tratamenduaren eraginez errealitate batzuek -adibidez merkantzien edo bidaiarien garraio elkarte edo kooperatiben kasuan, zeinak beren lehiakortasuna hobetzeko behartuak baitaude erosketak eta hornidurak batera egitera- helburu horiek lortzeko bide bakarra, erregaiak erosteari dagokionez, hornidura-unitateak paratzean aurkitzen dute, teorian jendeari saltzeko direnak baina praktikan bazkideek edo bazkidetuek erabiltzeko pentsatuak daudenak.
Elkarte eta kooperatiba horiek baldintza berdinetan jarri nahi dira sektore bereko beste enpresetakoekin alderatuta, eta hori azken batean sektorearen lehiakortasuna hobetzeko izanen da. Aldi berean, asmoa da, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsaren ikuspuntutik, hornidura-instalazioen erabilpena mugatzeagatik sor daitezkeen arazoak ekiditea. Horregatik, era horretako enpresei hornidura-unitateak baimentzeko bidezkoa dela dirudi interpretaziozko jarraibide batzuk ematea.
Horrela, bada, Foru Agindu honetan biltzen diren xedapenak indarra duen arauzko legeria interpretatu eta betearazteko izanen dira, eta ematen dira Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Foru Legearen 21. artikuluaren gerizapean. Lege horretan oinarrituz, administrazio organoek hierarkikoki beren menpeko diren organoen iharduerak zuzenduko dituzte jarraibide eta zerbitzu-aginduen bidez. Jarraibide horiek Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko dira, destinatzaileengan duten eraginagatik edo sor daitezkeen ondorioengatik egoki juzkatzen denean.
Horrenbestean, Industri, Merkataritza eta Turismo kontseilariak xedatu du:
Lehena
Jarraibide hauek "Ibilgailuendako erabilpen mugatuko hornidura-unitateak" izeneko kontzeptuari buruzko irizpideak eta kasu mugatzaileak ezartzea dute helburu.
Bigarrena
Erabilpen mugatuko hornidura-unitatetzat hartuko da merkantzien eta bidaiarien garraioko elkarte, kooperatiba edo sozietate zibil edo merkantiletako bazkideen eta bazkidetuen ibilgailuentzako, eta helburu horretarako bakarrik, gasolioak banatzen dituen unitatea.
Hirugarrena
Erabilpen mugatuko hornidura-unitateek baldintza eta betebehar tekniko eta segurtasunekoak bete beharko dituzte. Baldintza horiek zuzeneko salmentarako instalazioetan petrolio erregaiak txikizka banatzeari buruzko Erregelamenduan, azaroaren 24ko 1905/1995 Errege Dekretuak onetsitako hartan, abenduaren 28ko 2201/1995 Errege Dekretuan eta gainerako arau aplikagarrietan ezarritakoak dira. Erregelamendu horretan kontsumitzaile edo erabiltzaileen defentsarako eta informaziorako manatzen denari dagokionez, kontuan hartuko da hornidura-unitatea erabilpen mugatukoa izatea.
Laugarrena
Sarbide eta irtenbide sistemari buruz Herrilan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren baimenaz gainera, -dagoen tokiagatik baimen hori bidezkoa denean- eta dagozkion lizentziez gainera, eskabideetan azaldu beharko da, halaber, instalazioaz baliatuko diren erabiltzaileen zerrenda izenduna eta banan-banakoa, bai eta haien ibilgailuena ere, Garraio Txartelaren egiaztagiriarekin batera.
Bosgarrena
Erabilpen mugatuko hornidura-unitatetzat ez dira hartuko eta, beraz, ez zaie baimena emanen, baldin eta instalazio horien titularrak pertsona fisiko nahiz juridikoak badira -edozein delarik ere hartzen duten egitura juridikoa, horniduraren hartzaile diren ibilgailuen jabe izan ala ez- eta taxisten, kontsumitzaileen, automobilen erabiltzaileen, sektore profesionalen, auzotarren, eta antzeko elkarte, kooperatiba edo sozietate zibil edo merkantileko kide badira.
Xedapen Iragankor Bakarra
Merkantzia eta bidaiarien garraioko elkarte, kooperatiba edo sozietateek, Foru Agindu honek indarra hartzen duenean beren erabilpenerako gasolina eta gasolioak txikizka banatzeko hornidura-unitateak, edo norberaren kontsumorako instalazioak, baimenduak badituzte, jarraibide hauetarako egokitzapena eskatu ahalko dute.
Azken Xedapen Bakarra
Foru Agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.