Castellano | Euskara | Français | English
425/2009 FORU AGINDUA, URRIAREN 1EKOA, BERRIKUNTZA, ENPRESA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, GAS ERREGAIEN BANAKETARI ETA ERABILERARI BURUZKO ERREGELAMENDU TEKNIKOA ETA JARRAIBIDE TEKNIKO OSAGARRIAK, UZTAILAREN 28KO 919/2006 ERREGE DEKRETUAK ONETSIAK, GARATZEKO ARAUAK EZARTZEN DITUENA NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN.
(2009ko 127. NAOn argitaratutako testua, urriaren 14an)
Atarikoa
Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak (ICG 01 - 11) onesten dituen uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak indarra hartzea aldaketa garrantzitsua izan da sektore honetan, UNE eta UNE-EN arauetan bermatzen den esparrua garatzen baitu Europako araudiaren bidetik.
Arautzen dituen instalazioen tramitazio administratiborako prozedura ezartzen du erregelamenduak, eta hainbat jarraibide tekniko osagarri zehazten ditu. Bestetik dioenez, gas aparatuak abian jarri ondoren, horretaz arduratzen den agenteak ziurtagiri bat egin behar du horren gainean, eta instalazioaren titularrari eman behar dio, gasa hartzen duten instalazioei lotutako aparatuen segurtasuna handitu eta energiaren kontsumoa gutxitzearren. Foru agindu honek Erregelamenduaren xedapen horiek garatzen ditu Nafarroako Foru Komunitatean.
Gasaren sektoreko profesionalei dagokienez, Erregelamenduak hainbat eskumen ematen dizkie instalatzaileei eta fabrikatzaileen zerbitzu teknikoei gas aparatuak abian jartzeko, nolakoak diren eta haietan zer egin behar den kontuan hartuta. Foru agindu honen bitartez hainbat alderdi arautzen dira, instalatzaileak eta laguntzako zerbitzu teknikoak sailkatu eta erregistratzeko.
Erregelamenduak egiaztapen bat ere ezartzen du gas instalatzaileentzat, "norberaren kualifikazioaren ziurtagiria", pertsona fisikoari bertan jasotako jardueraren bat egiteko gaitasuna aitortzen diona. Foru agindu honen bitartez, gas instalazioetan esku hartzen ahal duten profesionalak prestatzeko hainbat alderdi garatzen dira, eta funtsezkoa denez instalazio horiek behar bezala diseinatu, egin eta mantentzeko, prestakuntza ikastaroak ezartzen dira eta zer baldintzak bete behar dituzten haiek eman gogo dituzten entitateek.
Azkenik, foru agindu honek berariazko neurri bat txertatzen du ke-kanpaiekin batean zirkuitu ireki bideratuko galdarak dauden lokaletako segurtasuna handitzearren; izan ere, bi aparatuak aldi berean abian direla, nahasmenduak izan daitezke galdarako errekuntzako produktuak behar bezala kanporatzean eta, ondorioz, jendearen segurtasun fisikoa arriskuan jarri.
Prozedurak arautzeko, foru agindu honetan Hidrokarburoei buruzko urriaren 4ko 34/1998 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoa hartu da kontuan.
Foru agindu hau industriaren segurtasunerako arau erregelamenduzkoa da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 13ko 13/1982 Lege Organikoak 56.1 artikuluaren b) letran, gure Foru Komunitateari bakarrik, industria arloan ematen dion eskumenaren babesean.
Bestalde, Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legeak industria segurtasunaren gaineko araudiari dagokion esparru juridiko berria ezarri zuen; horrela, 12.5 artikuluan dioenez, "Estatuko Gobernuak onetsiko ditu industria segurtasunari buruzko erregelamenduak, Estatuaren eremukoak direnean, baina industriaren gainean legeak egiteko eskumena duten autonomia erkidegoek baldintza gehigarriak eransten ahal dituzte gai horietan, beren lurretan kokatutako instalazioak direnean".
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Xedea eta esparrua.
Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak onetsiak, garatzeko arauak ezartzea du xede foru agindu honek Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan.
2. artikulua. Organo eskuduna.
Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuko Enpresa Zuzendaritza Nagusia izanen da organo eskuduna Nafarroan gas instalazioen gaineko prozedura administratiboak tramitatzeko, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoa aplikatzen zaienean.
3. artikulua. Inprimakiak eta dokumentazio teknikoa, gas instalazioak eta haiei lotutako aparatuak zerbitzuan jarri, mantendu eta konpontzeko.
1. Foru agindu hau aplikatuz, gas instalazioak eta haiei lotutako aparatuak diseinatu, egin, abian jarri, mantendu eta konpontzen parte hartzen duten agenteek bete behar dituzten inprimakiak eta dokumentazio teknikoa, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoan jasota ez badaude, organo eskudunaren ebazpenaren bidez onetsiko dira, eta behar izanez gero, aldatuko.
2. Onesten diren modeloak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren web gunean argitaratuko dira.
II. KAPITULUA. Baimena behar duten gas instalazioak tramitatzeko prozedura
4. artikulua. Baimena emateko prozedura.
1. Instalazioaren titularrek organo eskudunari aurkeztuko diote eskaera ofiziala, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoan eta Jarraibide Tekniko Osagarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten dokumentuekin batean.
2. Eskaera Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan aurkezten ahal da, bestela aurkezteko gainerako moduak erabiltzeko eskubidea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 38.4 artikuluan ezarritakoa, baztertu gabe. Orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezten ahal da.
3. Aurreko atalean ezarritakoa ukatu gabe, telematika bidez aurkezten ahal dira proiektuak eta dokumentazio teknikoa, horretarako prestatu biltokia baliatuta, hartara jotzen ahal baita Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Katalogoaren bidez.
4. Bertan agertuta aurkezten denean eta dagokion jarraibide teknikoan hala aginduta dagoenean, dokumentazioaren bi ale aurkeztuko dira, eta kopia eginbidetua itzuliko zaio interesdunari.
5. Eskaerak legezko baldintzak betetzen ez baditu, hamar eguneko epean zuzentzeko eskatuko zaio titularrari.
6. Eskaera aztertu eta legezko baldintzak betetzen direla ikusitakoan, eskatzen den baimena emanen du organo eskudunak.
7. Aldiz, instalazioak aplikatzen den araudian eskatutako beharkizun eta baldintza guztiak betetzen ez baditu, organo eskudunak, arrazoien gainean, baimena ukatuko dio.
8. Eskaera ebatzi eta jakinarazteko, organo eskudunak hiru hilabeteko epea izanen du; ebazpen espresik eman gabe epe hori iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.
9. Instalazioaren titularrak, araudi indarduna betez, eskuratu behar duen beste edozein baimen edo lizentzia baztertu gabe emanen da baimena.
III. KAPITULUA. Gasa hartzen duten instalazio eta aparatuak
5. artikulua. Gas aparatuak abian jartzea.
1. Gas aparatuak abian jartzeko, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu teknikoko ITC-ICG 08 jarraibide tekniko osagarriaren arabera egin beharko da, sektoreko beste erregelamendu edo xedapenetan ezarritakoa baztertu gabe, eta bereziki Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE). Horren arabera, erregistratutako enpresek instalatu eta mantenduko dituzte eraikinetako instalazio termikoetan erabiltzen diren gas bidezko bero eta hotzeko sorgailuak, Erregelamenduan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz.
2. Gas aparatuak abian jartzen dituzten agenteek behar dute abian jartzeko ziurtagiria, CPM, eman, organo eskudunak horretarako onesten duen inprimakian.
6. artikulua. Gas aparatuak abian jartzeko ziurtagiria.
1. Instalazio hartzaileei lotutako gas aparatuak abian jartzeko egiaztatze lana UNE 60670-10 arauan eta fabrikatzailearen oharretan ezarritakoaren arabera eginik, gas aparatua abian jartzen duen agenteak ziurtagiriaren hiru kopia emanen ditu, horietatik bi titularrari edo erabiltzaileari igortzeko.
Abian jartzeko agenteak bost urtez, gutxienez ere, beharko du ziurtagiri hori artxibatu, eta organo eskudunaren eskura izan.
2. Banaketa sareetatik hornitutako instalazio hartzaileak zerbitzuan jartzeko, enpresa banatzaileak Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoko ITC-ICG 07-ko 3.5.1 puntuan azaltzen diren proba eta egiaztatze lanak egin beharko ditu, eta aparatuak abian jartzeko ziurtagiriaren kopia eskatuko dio instalazioaren titularrari edo erabiltzaileari.
3. Bestetik, gasa hartzen duen instalazioak instalazio termiko bat hornitzen badu eta horri eraikinetako instalazio termikoen Erregelamendua aplikatzen bazaio, organo eskudunean erregistratutako instalazio termikoaren ziurtagiriaren kopia bat eskatu beharko du.
4. Banaketa sareetatik hornitzen ez diren gainerako instalazio gas hartzaileetan, enpresa hornitzaileak izanen du ardura aurreko atalean adierazitako ziurtagiriak eskatzeko.
7. artikulua. Instalazio gas hartzaileak aldatu edo berritzea.
Betiere, enpresa instalatzaileek beharko dituzte aldatu edo berritu instalazio gas hartzaileak eta, bukatutakoan, ziurtagiria emanen dute, erabiltzailearen esku gera dadin.
8. artikulua. Gas aparatu berriak jartzea.
Gas aparatu berriak jartzeko, zaharren ezaugarri berak izan edo ez, enpresa instalatzaileak beteko du instalazioaren ziurtagiria, eta abian jartzeko agenteak abian jartzearen ziurtagiria, eta haien kopia emanen dio titularrari edo erabiltzaileari.
IV. KAPITULUA. Enpresa instalatzaileak
9. artikulua. Enpresa gas instalatzaileak.
1. Gas instalatzaile gisa, lanbide jardueran aritzeko, helbidea Nafarroan duten enpresek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute organo eskudunean, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoko ITC-ICG 9an ezarritako baldintzak betetzen dituztela adierazita.
2. Gainera, inskribatuta egon beharko dute Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen 21. artikuluaren babesean sortu eta apirilaren 28ko 697/1995 Errege Dekretuan araututako Industria Establezimenduen Erregistroan.
10. artikulua. Enpresa gas instalatzailearen ziurtagiria.
1. Gas enpresa instalatzailea izateko, organo eskudunak onetsitako eredu ofizialean aurkeztuko da baldintzak betetzen dituela dioen erantzukizuneko aitorpena.
2. Organo eskudunaren egiaztatzeko ahalmenak baztertu gabe, erantzukizuneko aitorpena aurkeztean enpresak baimena eskuratuko du jarduera hasteko.
3. Erantzukizuneko aitorpena aurkeztutakoan, enpresa gas instalatzailearen ziurtagiria emanen du organo eskudunak, eta ofizioz eginen du behar den idatzoharra Industria Establezimenduen Erregistroan, eta ziurtagirian agertuko du.
4. Erantzukizuneko aitorpenari erantsitako funtsezko edozein datu, azalpen edo dokumentutan zehazkabetasun edo faltsutasunik badela ikusiz gero, organo eskudunak ukatu eginen du enpresa gas instalatzailearen ziurtagiria, arrazoitutako ebazpen baten bidez, eta jardueran aritzea debekatuko du, erantzukizun administratiboak edo bestelakoak baztertu gabe.
5. Gainera, jarduera hasi aurretik zegoen egoera juridikora itzultzera behartzen ahal da interesduna, baita, ebazpenak zehazten duen epean, erantzukizuneko beste aitorpenik aurkezteko debekua ezarri ere; epe hori ez da urtebetetik gorakoa izanen, hura irmo bihurtzen denetik.
6. Ziurtagiriak mugagabeko balioa izanen du, hura emateko baldintzak mantentzen diren bitartean Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamentu Teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak aplikatzeko eremuan.
7. Ziurtagiria emateko ezarritako baldintza eta beharkizunetan edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari jakinaraziko zaio, gertatu eta hilabeteko epean, eguneratu dadin.
11. artikulua. Enpresa gas instalatzailearen ziurtagiria, beste autonomia erkidegoetan emana.
1. Gas instatzaile gisa beren lanbide jarduera Nafarroako Foru Komunitatean egin gogo duten enpresek, beste autonomia erkidego batean eskuratu badute ziurtagiria, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko dute organo eskudunean, jatorrizko autonomia erkidegoan emandako ziurtagiria dutela eta indarrean dagoela adieraziz.
2. Organo eskudunak onetsitako eredu ofizialean aurkeztuko da erantzukizuneko aitorpena.
V. KAPITULUA. Gas instalazioetako profesionalak
1. atala. Jardueran aritzea
12. artikulua. Betebeharrak.
Gas instalatzaile gisa jardun gogo duten profesionalek norberaren kualifikazioaren ziurtagiria eskuratu beharko dute, baita gas instalatzailearen txartela ere, zeinek bere espezialitatekoa.
2. atala. Norberaren kualifikazioaren ziurtagiria
13. artikulua. Norberaren kualifikazioaren ziurtagiria eskatzeko baldintzak.
1. Hiru egoera hauetako batean daudenek eskatzen ahal dute norberaren kualifikazioaren ziurtagiria:
a) Tituluak, indarra duen lege antolamenduaren arabera, eskudantzia nahikoa ematen dionean gasa instalatzen ibiltzeko.
b) Abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuaren arabera ziurtagiriak emateko gaitua den entitate baten ziurtagiria, azterketa teoriko-praktiko bat gainditu izanarena, duenean.
c) Prestakuntza entitate ezagun batek emandako ikastaroa egin eta gainditu eta organo eskudunak prestatu azterketa teoriko-praktikoa gainditu duenean.
2. Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoko ITC-ICG 9-ko 1. eranskinean aipatzen diren edukiei buruzkoak izanen dira azterketa teoriko-praktikoak.
14. artikulua. Norberaren kualifikazioaren ziurtagiria eskuratzea.
1. Aurreko artikuluan ezarritako azterketa gainditzen duten interesdunei ofizioz emanen zaie norberaren kualifikazioaren agiria.
2. Ziurtagiria foru agindu honen 13. artikuluko a eta b ataletan ezarritakoaren arabera eskatzen duten interesdunek eskaera ofiziala aurkeztuko dute organo eskudunean, eta artikulu horretan eskatzen den dokumentazioa erantsiko dute.
3. Organo eskudunak hiru hilabeteko epea izanen du, eskaera aurkezten den egunetik aitzina, edo bestela, aipatu azterketaren emaitzak argitaratzen direnetik, interesdunei ziurtagiria eman edo ukatzeko, eta jakinarazteko.
4. Epe hori ebazpen espresik eman gabe iraganik, eskaera ezetsitzat joko da.
5. Norberarean kualifikazioaren ziurtagiriak mugagabeko balioa izanen du, hura emateko baldintzak mantentzen diren bitartean Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamentu Teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak aplikatzeko eremuan.
3. atala. Gas instalatzailearen espezialitateak
15. artikulua. Definizioa.
ITC-ICG 08-ko 5. atalari jarraituz, hainbat espezialitate ezartzen dira gas instalatzaileentzat, zer egiten duten kontuan hartuta, abian jarri, mantentze lana, konpondu edo egokitu aparatuen gas mota aldatzeagatik.
16. artikulua. Espezialitateak.
Espezialitate hauek ezartzen dira gas instalatzaileentzat:
a) 1. espezialitatea: gas aparatu guztiak abian jarri, mantendu eta konpontzeko gaitzen ditu instalatzaileak, 2. espezialitatean gaitutako aparatuentzat izan ezik, ezta gas mota aldatzeko ere, 3. espezialitatea (ITC-ICG 08, 5.3.1 b puntua).
b) 2. espezialitatea: honako gas aparatuak abian jarri, mantendu eta konpontzeko gaitzen ditu instalatzaileak (ITC-ICG 08, 5.3.1. puntua, a letra):
-Aparatu bideratuak (B eta C mota), 24,4 kW-etik gorako potentzia erabilgarria dutenak.
-Gaseko bitrozeramiketako aparatuak, su estaliekin.
c) 3. espezialitatea: A kategoriako instalatzaileak gaitzen ditu aparatuak egoitzeko, gas mota aldatzeagatik (ITC-ICG 08, 5.3.2. puntua).
4. atala. Gas instalatzaile profesionalaren txartela
17. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena.
Txartela eskuratzeko, instalatzaileek erantzukizuneko aitorpena beharko dute aurkeztu organo eskudunean, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoaren ITC-ICG 9.ean eta foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituela dioena.
18. artikulua. Gas instalatzailearen espezialitatea eskuratzeko baldintzak.
1. 1. espezialitaterako gaitua izateko, bere kategoriako instalatzaile txartela eduki beharko da, besterik ez. Espezialitate hori txartel guztiei emanen zaie, besterik gabe, non ez duen interesdunak frogatzen 2 eta 3. espezialitateetarako baldintzak betetzen dituela.
2. 2 eta 3. espezialitateetarako gaitua izateko, interesdunak bi dokumentu hauetako bat aurkeztu beharko dio organo eskudunari, aurreko artikuluan aipatu erantzukizuneko aitorpenarekin batean:
-Fabrikatzailearen aitorpena, gaitasun hori onartzen diona hark fabrikatutako gas aparatuentzat.
-Pertsonei ziurtagiriak emateko gaituta dagoen entitate baten ziurtagiria, abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta bereziki eragiketa hauetarako, ITC-ICG09-ko 2. eranskineko 1 - 17 puntuetan aipatzen diren edukien gainean.
19. artikulua. Gas instalatzailearen txartela eta espezialitatea eskuratzea.
1. Organo eskudunak onetsitako eredu ofizialean aurkeztuko da erantzukizuneko aitorpena.
2. Organo eskudunaren egiaztatzeko ahalmenak baztertu gabe, erantzukizuneko aitorpena aurkeztean profesionalak baimena eskuratuko du jarduera hasteko.
3. Erantzukizuneko aitorpena aurkezturik, organo eskudunak gas instalatzailearen txartel profesionala emanen du.
4. Txartela identifikatzen duen zenbakiaren azken digituan jasoko da profesional bakoitzaren espezialitatearen identifikazioa.
CG-(kategoria) A edo B edo C- (txartel zk., 4 digitu) ****/(espezialitatea) 1 edo 2 edo 3.
20. artikulua. Txartela eta espezialitatea ematea.
1. Erantzukizuneko aitorpenari erantsitako funtsezko edozein datu, azalpen edo dokumentutan zehazkabetasun edo faltsutasunik badela ikusiz gero, organo eskudunak ukatu eginen du txartel profesionala, arrazoitutako ebazpen baten bidez, eta jardueran aritzea debekatuko du, erantzukizun administratiboak edo bestelakoak baztertu gabe.
2. Gainera, jarduera hasi aurretik zegoen egoera juridikora itzultzera behartzen ahal da interesduna, baita, ebazpenak zehazten duen epean, erantzukizuneko beste aitorpenik aurkezteko debekua ezarri ere; epe hori ez da urtebetetik gorakoa izanen, hura irmo bihurtzen denetik.
21. artikulua. Txartelaren balioa.
1. Txartelak mugagabeko balioa izanen du, hura emateko baldintzak mantentzen diren bitartean Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamentu Teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak aplikatzeko eremuan.
2. Txartela emateko baldintzetan eta espezialitatean edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari jakinaraziko zaio, hura gertatu eta 15 eguneko epean, organo eskudunak eguneratu dezan.
5. atala. Prestakuntza ikastaroak, Norberaren Kualifikazioaren Ziurtagiria eskuratzeko.-Azterketak
22. artikulua. Prestakuntza ikastaroak.
1. Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoko ITC-ICG 9-ko 1. eranskinean aipatzen diren edukiei buruzkoak izanen dira preskatuntza ikastaroak.
2. Ikastaroek iraupen hau izanen dute, gutxienez ere:
a) Ezagutza ikastaroa A kategoriarako: 250 ordu.
b) Ezagutza ikastaroa B kategoriarako: 150 ordu.
c) Ezagutza ikastaroa C kategoriarako: 100 ordu.
d) A kategoriako instalatzaileak B kategoriako instalatzailearen ezagutza eskuratzeko ikastaroa 100 ordukoa izanen da.
23. artikulua. Azterketak.
Ikastaro bakoitzeko azterketa teoriko-praktikoa, foru agindu honen 13. artikuluaren c) atalean ezarritakoa norberaren kualifikazioaren ziurtagiria eskuratzeko, honela eginen da:
a) Organo eskudunak Departamentuaren web gunean argitaratuko du azterketarako deialdia, prestakuntza ikastaroa gainditzen duten interesdunek aurkezteko aukera izan dezaten. Deialdian tokia, eguna eta orduak zehaztuko dira.
b) Azterketak baloratzeko organo eskudunak izendatutako teknikariek emaitzak igorriko dizkiote organo eskudunari, onets ditzan.
c) Emaitzen zerrenda, puntuazioaren arabera ordenatua, Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuaren iragarki oholean jarriko da ikusgai, eta Departamentuaren web gunean argitaratuko da.
d) Lortzen duten puntuazioa inpugnatzen ahal dute interesdunek, gora jotzeko errekurtsoa organo eskudunari aurkeztuta.
6. atala. Fabrikatzaileen laguntzako zerbitzu teknikoak
24. artikulua. Jardueran aritzea.
1. Gas aparatuen fabrikatzaileen laguntzako zerbitzu teknikoek, erkidego honetan jardun behar badute aparatuak abian jartzen, mantentze lanetan, konpontzen edo egokitzen, gas mota aldatzeagatik, erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko diote organo eskudunari, horretarako onetsitako eredu ofizialean, eta hartan adierazi Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoko ITC-ICG8-ko 5.3 puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituztela.
2. Gainera, inskribatuta egon beharko dute Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen 21. artikuluaren babesean sortu eta apirilaren 28ko 697/1995 Errege Dekretuan araututako Industria Establezimenduen Erregistroan.
VI. KAPITULUA. Prestakuntza entitateak
25. artikulua. Erantzukizuneko aitorpena.
Gas instalatzaileentzako prestakuntza ikastaroak, foru agindu honetan arautuak, eman behar dituzten entitateek erantzukizuneko aitorpena aurkeztu beharko diote organo eskudunari, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituztela adierazteko.
26. artikulua. Gas instalazioetako prestakuntza entitateak.
Nafarroako Foru Komunitatean gas instalatzaileak prestatzeko ikastaroak eman gogo dituzten entitateek, onartuak izateko, baldintza hauek beharko dituzte bete:
a) Behar adinako baliabide egokiak izan, teknika, pertsona eta material aldetik, ikastaroetan prestakuntza eraginkorra eta kalitatea eskaintzeko.
b) Prestakuntza entitateko norbait ikastaroen arduradun izendatu.
c) Erantzukizun zibileko aseguru bat kontratatu, profesional eta ikasleek ikastaroa ematen den zentroan prestakuntza prozesuan izan ditzazketen istripuak estaltzeko.
d) Berdintasuna bermatu antolatzen dituen ikastaroak egiteko.
27. artikulua. Prestakuntza entitatea onartzea.
1. Organo eskudunak onetsitako eredu ofizialean aurkeztuko da erantzukizuneko aitorpena.
2. Organo eskudunaren egiaztatzeko ahalmenak baztertu gabe, erantzukizuneko aitorpena aurkezteak baimena emanen dio jardueran hasteko, eta gas instalatzaileak prestatzeko entitate gisa onartua izatea suposatuko du, foru agindu honetan ezarritako ondorioetarako.
3. Erantzukizuneko aitorpenari erantsitako funtsezko edozein datu, azalpen edo dokumentutan zehazkabetasun edo faltsutasunik badela ikusiz gero, organo eskudunak ukatu eginen du gas instalatzaileak prestatzeko entitate gisa onartua izatea, arrazoitutako ebazpen baten bidez, eta jardueran aritzea debekatuko du, erantzukizun administratiboak edo bestelakoak baztertu gabe.
4. Gainera, ebazpen horretan erantzukizuneko beste aitorpen bat epe batean aurkezteko debekua ezartzen ahal da; epe hori ez da urtebetetik gorakoa izanen, ebazpena irmo bihurtzen denetik.
28. artikulua. Onarpenaren balioa.
1. Gas instalatzaileak prestatzeko entitate gisa onartua izateak mugagabeko balioa izanen du, eskuratu zuen uneko baldintzek dirauten bitartean.
2. Prestakuntza entitate gisa onartua izateko ezarritako baldintza eta beharkizunetan edozein aldaketa izanez gero, organo eskudunari jakinaraziko zaio, gertatu eta hilabeteko epean, eguneratu dadin.
29. artikulua. Prestakuntza entitateen betebeharrak.
Prestakuntza entitateek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Ikastaroak hasi baino lehen, programazioa eta noiz hasiko diren jakinaraztea organo eskudunari, baita zenbat ikasle dauden inskribatuta ere. Ez dira hogei baino gehiago izanen ikastaro bakoitzean.
b) Ikastaro bukaeraren berri ematea organo eskudunari, eta gainditzen duten ikasleen zerrenda aurkeztea.
Lehen Xedapen Gehigarria. Nahitaezko segurtasun neurriak zirkuitu ireki bideratuko galdarak eta ke-kanpaiak dauden lokaletarako.
1. Gas zirkuitu ireki bideratuko aparatuen titularrek dute erantzukizuna enpresa instalatzaileek behar diren neurriak aplika ditzaten, foru agindu honek indarra hartu eta urtebetean, gehienez ere, kanporatze mekanikoko gailuek eta errekuntzako produktuen ebakuazio sistemak elkarri eragin ez diezaioten, aparatu horiek sukaldeetan direla edo kanporatze mekanikoko aparatuak, hala nola ke-kanpaiak, dauden lokal berean, edo horien eraginpean.
2. Gasa hartzen duten instalazioak aldian behin ikuskatu eta aztertzeko ardura duten agenteek neurrien funtzionamendu egokia egiaztatu beharko dute, aurreko atalean aipatu aparatuek elkarri eragin ez diezaioten.
3. Neurri horiek ez badaude, edo funtzionamendua egokia ez bada, akatsa eta zuzentzeko epea akatsen txostenean jasoko dira.
Kasu horretan jarraibide idatziak utzi beharko dira, ez daitezen aldi berean erabili gas aparatua eta kea kanporatzekoa, harik eta akatsa zuzendu arte.
4. Titularrak du erantzukizuna instalazioan atzemandako akatsak zuzentzeko; horretarako, enpresa erregistratuen zerbitzuak erabiliko ditu.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Baimentzeko prozedura.
Baimentzeko prozedura, foru agindu honen 4. artikuluan ezarritakoa, Hidrokarburoei buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritako gas instalazioak baimentzeko aplikatuko da, baimena ematea Nafarroako Foru Komunitatearen eskumena denean.
Xedapen Iragankor Bakarra. Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu Teknikoak indarra hartu aurreko instalazioen tramitazio administratiboa.
Gas instalazioen eremuan jarduteko gaitasuna duten kontroleko erakundeek bukatuko dute gas instalazioen tramitazioa, haiei aurkeztu bazaizkie, instalazio horiek erregulatzen zituen araudian oinarrituta.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Arau hauek indarrik gabe gelditu dira:
a) Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariaren 1993ko uztailaren 2ko Foru Agindua, instalazio elektrikoen gaineko arau osagarriak ematen dituena lehertzeko arriskua duten lokaletarako, gas erregaia izateagatik.
b) Apirilaren 1eko 28/2004 Foru Agindua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko konseilariak emana, tramitazio administratiboaren prozedura ezartzen duena erregelamenduzko kontrola pasa behar duten instalazioak zerbitzuan jartzeko, gas instalazioei dagokienean.
Azken Xedapenetako Lehena. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.