Castellano | Euskara | Français | English
294/2012 FORU AGINDUA, EKAINAREN 8KOA, LANDA GARAPEN, INDUSTRIA, ENPLEGU ETA INGURUMENEKO KONTSEILARIAK EMANA, NAFARROAKO KONTROL METROLOGIKOAREN ANTOLAMENDUA EZARTZEN DUENA
(2012ko 134. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 9an)
Atarikoa
Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariak ekainaren 10ean emandako 128/1999 Foru Aginduaren bidez ezarri zen kontrol metrologikoaren antolamendua Nafarroako Foru Komunitatean, metrologiaren arloko Estatuko araudia betetzeko.
Ondoren, Metrologiari buruzko martxoaren 18ko 3/1985 Legea aldatu zuen Zerbitzuen jardueretan libreki hasi eta aritzeari buruzko Legearekin bat etortzeko, zenbait lege aldatzeko abenduaren 22ko 25/2009 Legeak. Orobat, Metrologiari buruzko Legearen III. kapitulua garatzeko, Neurgailuen gainean Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretua onetsi zen, alor horretako Europar Batasuneko zuzenbidearen transposizioa egiten duena.
Arauetan izandako aldaketa horiek ikusita, bidezkoa da beste foru agindu bat onestea Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean kontrol metrologikoa antolatzeari buruz.
Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen ) artikuluarekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Eskumenak.
Landa Garapen, Industria, Enplegu eta Ingurumen Departamentuak, Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiaren bidez, garatuko du Nafarroan Estatuko araudia legezko metrologiaren arloan. Hauek dira eginkizunak:
-Kontrol metrologikoa.
-Kontrol metrologikoak erregistratzea.
-Gaikuntza ematea jakinarazitako erakundeei, kontrol metrologikoa egiteko erakundeei eta egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakundeei.
2. artikulua. Kontrol metrologikoa.
1. Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beteko ditu kontrol metrologikoari dagozkion eginkizunak, Neurgailuen gainean Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoak.
2. Zerbitzuan dauden neurgailuen kontrol metrologikoaren fasearen garapena, konpondu edo aldatu ondoko egiaztapenari eta aldizkako egiaztapenari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitatearen ente instrumentala den "Centro Europeo de Empresas e Innovación de Navarra, S.L." enpresak eginen du (hemendik aurrera, CEIN), foru agindu honen eranskinean ezartzen diren baldintzetan.
Era berean, onespena ebaluatzeko fasea gauzatu dadin beharrezko entseguak egin edo kudeatzen ahal ditu CEINek, neurgailuak salgai eta zerbitzuan jartzeko ondorioetarako.
3. artikulua. Kontrol metrologikoak erregistratzea.
Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beteko ditu kontrol metrologikoak erregistratzeari dagozkion eginkizunak eta zerbitzuak, Neurgailuen gainean Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuan aurreikusitakoak.
4. artikulua. Jakinarazitako erakundeak, kontrol metrologikoa egiteko erakundeak eta egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakundeak.
Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beteko ditu jakinarazitako erakundeei, kontrol metrologikoa egiteko erakundeei eta egiaztapen metrologikoa egiteko baimendutako erakundeei gaikuntza emateko prozeduran aurreikusitako eginkizunak eta zerbitzuak, Neurgailuen gainean Estatuaren kontrol metrologikoa arautzen duen uztailaren 21eko 889/2006 Errege Dekretuan ezarri bezala.
5. artikulua. Zaintza eta ikuskapena.
Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak beretako dauzka zaintzari eta ikuskapenari dagozkien eginkizunak, metrologiari buruzko araudian ezarritakoa betetzen dela bermatzeko.
Hori ukatu gabe, CEINek ikuskatzeko ahalmenak izanen ditu, soilik zuzendaritza nagusi horri jakinarazteko ezen hainbat neurtzeko gailu, tresna eta sistemak ez dutela eskatu edo gainditu dagokien egiaztapena, eranskinean aurreikusten diren jarduketen esparru materialaren barruan.
6. artikulua. Zuzendaritza eta koordinazioa.
Enpresaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak izanen ditu egiaztapen metrologikoa egiteko zerbitzuaren zuzendaritza eta koordinazioa, eta metrologiari buruzko araudian ezarritakoa betetzen dela bermatzeko behar adina jarraibide eman ditzake.
7. artikulua. Prezioak eta tasak.
Administrazioak zuzenean egiten dituen kudeaketa metrologikoaren zerbitzuei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen araudian tasa eta prezio publikoen inguruan xedatutakoari jarraituko zaio.
Kontrol metrologikoaren arloan egiten dituen zerbitzuengatik, tarifak onesteko emanen den dagokion ebazpenean ezartzen diren zenbatekoak jasoko ditu CEINek.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe geratzen da foru agindu honetan xedatutakoari aurka egiten dion xedapen oro, eta berariaz Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariak ekainaren 10ean emandako 128/1999 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean kontrol metrologikoaren antolamendua ezartzen duena.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
ERANSKINA. CEINek egin beharreko jarduketak zerbitzuan dauden neurgailuen kontrol metrologikoaren fasea gauzatzeko
CEINen legezko metrologiaren arloak egin beharreko jarduerak ondoko hauek izanen dira, zerbitzuan dauden neurgailuen kontrol metrologikoaren fasea gauzatzeko, konpondu edo aldatu ondoko egiaztapenari edo aldizkako egiaztapenari dagokionez:
1. Legezko metrologiaren eskakizunak zabaltzea hark ukitzen dituen subjektuen artean eta herritar guztien artean, komunikazioak, liburuxkak etab. argitaratuz.
2. Agindutako eginkizunen eta zerbitzuen tramitazio administratiborako behar diren inprimakiak prestatzea.
3. Agindutako kontrol metrologikoaren faseetan kontrolatu beharreko neurtzeko gailu, tresna edo sistemen zentsuak prestatzea.
4. Egiaztapen metrologikorako eskaerak jasotzea.
5. Konpondu edo aldatu ondoko egiaztapenaren edo aldizkako egiaztapenaren entseguak egitea, bai bere baliabideak erabiliz bai hirugarrenen bitartekoak edo instalazioak erabiliz.
6. Aurreko paragrafoan zehaztutako egiaztapenei dagozkien ziurtagiriak ematea, hala balegokie.
7. Administrazioari informazioa ematea foru agindu honen 5. artikuluan aipatzen diren datuen inguruan, hark ezarritako aldietan.