(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Industria eta energia :
    • Industria arloko segurtasuna :
      • 60/2015 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura ...

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

60/2015 Foru Agindua, martxoaren 5ekoa, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak emana, industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek jarraitu beharreko prozedura ...

60/2015 FORU AGINDUA, MARTXOAREN 5EKOA, EKONOMIA, OGASUN, INDUSTRIA ETA ENPLEGUKO KONTSEILARIAK EMANA, INDUSTRIA SEGURTASUNAREN ARLOKO ERREGELAMENDUZKO ARAUAK BETE BEHAR DITUZTEN INSTALAZIOEN TITULARREK ETA AGENTEEK JARRAITU BEHARREKO PROZEDURA ARAUTZEN DUENA, SEGURTASUN BALDINTZAK BETETZEN DITUZTELA FROGATZEKO

(2015eko 54. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 20an)

Zioen Azalpena

Foru agindu honek erregulazio berri bat ezartzen du administrazio tramiteetarako, azkar, aise eta merke egin ahal izateko; industria segurtasun arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen titularrek eta agenteek bete beharreko tramiteak dira, erregelamendu teknikoen ondorioz.

Erregulazio hau beste aurrerapen bat da, Nafarroako Gobernua egiten ari dena administrazioa errazteko prozesuan, bi foru lege hauek ezarritako esparruan: 11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan administrazio elektronikoa ezartzekoa, eta 15/2009 Foru Legea, abenduaren 9koa, enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzkoa. Gainera, bat egiten du Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legearen helburuekin, administrazioaren modernizazio, arrazionalizazio eta sinplifikazio arloan.

Foru agindu honek jarduketaren irizpideak zehazten ditu, funtzionamenduan dauden instalazioetan edo zerbitzuan jarri behar direnetan burutzen ahal diren jarduketa guztiak erregistratzeko prozedura ezartzen du, eta parte hartzen duten agenteen eskumenak eta erantzukizunak mugatzen ditu, instalazioen segurtasuna bermatzearren.

Orobat, hainbat foru agindu indargabetzen dira, foru agindu honek haien xedapenak ordezten baititu; izan ere, haien beharkizun edo murrizketak deuseztatu beharrekoak dira administrazioa erraztearren.

Foru agindu hau industriaren segurtasunerako arau erregelamenduzkoa da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 13ko 13/1982 Lege Organikoak 56.1 artikuluaren b) letran gure Foru Komunitateari industria arloan ematen dion eskumen esklusiboaren babesean ematen dena.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1.g) artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, agindu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea eta eremua.

Industria segurtasunaren arloko erregelamenduzko arauak bete behar dituzten instalazioen kontrola eta tramitazioa arautzea du xede foru agindu honek, haien segurtasun baldintzak betetzen direla frogatzeko; horretarako, administrazioa eta dokumentuak sinplifikatzeko neurriak ezartzen dira.

2. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Foru agindu honetan arautzen diren tramiteak aplikagarria den berariazko araudiaren menpe ere egonen dira.

2. Orobat, eta tramitazio elektronikoari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoa arautzen duen ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretua aplikatuko dira.

3. artikulua. Tramitazio elektronikoa.

1. Foru agindu honetan arautzen diren prozedurak elektronika bidez tramitatuko dira.

2. Diren bezalakoak izateagatik, baliabide elektronikoen bidez ezin burutu diren jarduketen kasuan, espediente elektronikoan adieraziko da.

4. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1. Kontroleko erakundeak Administrazioarekin batera aritzen ahalko dira, hurrengo baldintzak betez gero:

a) Tramitazioaren xedeko erregelamenduzko arloan edo arloetan egiaztatuta izatea.

b) Lokal bat izatea jendearentzat zabalik, Nafarroan.

c) Nahiko baliabide tekniko eta giza baliabide izatea.

2. Orobat, foru agindu honetan jasotako jakinarazpenak entitate hauen laguntzarekin aurkezten ahal dira:

a) Lanbide elkargoak, baldin eta haien jarduketa eremuan Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldea badago eta haien kideak gaituta badaude araututako instalazioak proiektatu, gauzatu edo zuzentzeko.

b) Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofiziala.

3. Entitate laguntzaileek protokoko bat izenpetu beharko dute Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiarekin; haren xedea tramiteak behar bezala egiten direla segurtatzea izanen da eta, zein den kasua, datu pertsonalen babesa eta erabiltzen den informazioaren konfidentzialtasuna bermatzea.

II. KAPITULUA. Instalazioen tramitazioa

5. artikulua. Administrazio baimena behar duten instalazioak.

Berariazko araudiari jarraituz tramitatuko da eraiki eta ustiatu aurretik bete behar den beharkizun honi lotutako instalazioen administrazio baimena, eta ezarritako ereduaren araberako eskaera aurkeztu beharko zaio industria eta energia arloko organo eskudunari, aipatu araudiak kasu bakoitzean eskatzen duen dokumentazioa gehituta.

6. artikulua. Administrazio baimena behar ez duten instalazioak.

Administrazio baimena behar ez duten instalazioek jakinarazpen bat bakarrik aurkeztu beharko diote industria eta energia arloko organo eskudunari, aplikatzen den araudian eskatutako dokumentazioa gehituta, bertan, eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen direla adierazita.

7. artikulua. Jakinarazpenak aurkeztea.

1. Instalazioen titularrak aurkeztuko ditu aurreko artikuluan aipatzen diren jakinarazpenak edo, berariazko erregelamentazioak hala eskatuz gero, instalazioa egin duen enpresa instalatzaileak, bai zuzenean, bai entitate laguntzaileen bitartez.

2. Antzinako titularrak jakinaraziko ditu titulartasun aldaketak edo, hura gabe, gaur egungo titularrak, instalazioaren titular aldaketa justifikatuz.

3. Industria eta energia arloko organo eskudunak tramitaziorako behar diren inprimaki eta dokumentuen edukia zehaztuko du instalazio mota bakoitzerako. Inprimakiak Nafarroako Gobernuaren Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko dira, en.

4. Memoriak, proiektu teknikoak eta obra zuzendaritzaren ziurtagiriak aurkeztu behar direnean, Nafarroako Gobernuaren eko Atarian eskura dagoen proiektuen gordailua baliatuz aurkeztuko dira.

5. Instalazio berri baten altaren jakinarazpenak eta lehendik dagoen instalazio bat eraberritu, aldatu edo handitu izanarenak hura funtzionamenduan jarri baino lehen aurkeztuko dira, salbu instalazioaren araudi erregulatzaileak xedatzen duenean jakinarazpen horiek funtzionamenduan jarri ondoren egiten ahal direla. Instalazioari baja ematekoak eta datu administratiboak eta titulartasuna aldatzekoak hilabeteko epean egin behar dira, jakinarazpenaren xedeko inguruabarra gertatzen den egunetik aurrera.

8. artikulua. Egiaztagiria.

1. Eskatzen diren beharkizunen araberako jakinarazpena aurkezturik, baita behar den dokumentazioa ere, sistemak automatikoki sortuko du aurkezpenaren egiaztagiria, eta instalazioari esleitu zaion erregistro zenbakia adieraziko du.

2. Instalazioa erregistratu dela frogatzeko balioko du egiaztagiri horrek.

3. Egiaztagiria emateak ez du inoiz esan nahiko industria eta energia arloko organo eskudunak aldeko erabakia hartu duela instalazioaren egokitasun teknikoari buruz.

4. Jakinarazpenak aurkeztu eta egiaztagiria lortu izanak ez du ondoriorik interesdunaren obligazioan, antolamendu juridikoak eskatzen dituen beste edozein tramite betetzeko.

III. KAPITULUA. Koordinazioa Nafarroako Industria Erregistroarekin

9. artikulua. Koordinazioa Nafarroako Industria Erregistroarekin.

Jakinarazpenaren xedeko instalazioen titularrak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariaren apirilaren 30eko 152/2013 Foru Aginduaren (Nafarroako Industria Erregistroa sortzen du) 3. artikuluan jasotako jarduerak garatzen dituzten enpresak edo entitateak direnean, foru agindu horren 2.2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz, enpresa eta entitate horiek ez badaude Nafarroako Industria Erregistroan inskribatuta, ofizioz inskribatuko dira. Helburu horrekin, aipatu enpresa eta entitateek foru agindu horren 4.1 artikuluan jasotako datuak eman beharko dituzte.

IV. KAPITULUA. Jardueren eta instalazioen kontrola

10. artikulua. Aldizkako ikuskapenak.

1. Agenteek eginen dituzte aldizkako ikuskapenak, erregelamenduzko arauetan ezarritako kasuetan eta ondorioekin.

2. Ikuskapena egin duen agenteak emaitzaren berri emanen dio industria eta energia arloko organo eskudunari; horretarako, Nafarroako Gobernuaren eko Atarian eskura daitekeen inprimaki elektronikoa beteko du. Ikuskapen akta gehitu beharko du, hura kalifikazio hauekin ematen denean: baldintzatua, kontrakoa edo negatiboa.

11. artikulua. Administrazioaren kontrola.

1. Industria eta energia arloko organo eskudunak berak, edo kontroleko erakundeen bidez, egiaztatzen ahalko du erregelamenduz eskatzen diren beharkizunak betetzen ote diren eta, horretarako, jarduera eta instalazioen kontrola eginen du xede hauekin:

a) Aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla egiaztatzea, baita ezarrita dauden legezko eta erregelamenduzko beharkizunei egokitzen zaizkiela ere.

b) Instalazioa proiektuari eta aurkeztutako dokumentazioari egokitzen zaiela egiaztatzea, baita eskatzen ahal diren erregelamenduaren araberako segurtasun baldintzak betetzen direla ere.

2. Aurreko atalean aipatu egiaztapenen ondorioz akatsak atzematen badira eskatzen diren manuak betetzeko orduan, bai aurkeztutako datu, dokumentu eta ziurtagirien edukiari eta egiazkotasunari dagokienez, bai instalazioen segurtasun baldintzei dagokienez, akatsak zuzentzeko eskatuko da. Jendeak, florak, faunak, ondasunek edo ingurumenak kalte larria eta berehalakoa izateko arriskuaren kasuan, instalazioa berehala gelditzeko aginduko da.

3. Aurreko atalean jasotako neurriak hartuta ez da galaraziko, behar den kasuan, zehapen espedientea irekitzea, Industriari buruzko uztailaren 16ko 21/1992 Legearen V. tituluan xedatutakoa aplikatuz.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Energia eraginkortasunaren aldizkako ikuskapenak instalazio termikoetan.

1. Beroa edo hotza sortzeko 70 kW-etik gorako potentzia termiko izendatua duten instalazioetan, eta eguzki-energiako instalazioetan, instalatutako eguzki-atzitzaileen eremu-zabaltzearen azalera koadrotik gorakoa denean, energia eraginkortasunaren aldizkako ikuskapenak eginen dira, honako agente hauen bitartez:

a) Erregelamendu esparru horretarako baimendutako kontrol erakundeak.

b) Teknikari independenteak, pertsonei ziurtagiria emateko gaituta dagoen entitate batek emandako ziurtagiria daukatenak, abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, eta lan horietarako bereziki.

2. Gainerako instalazioetan, instalazio termikoetako mantentze-lanak egiten dituzten eta Industria Establezimenduen Erregistroan erregistratuta dauden enpresek ere egiten ahalko dituzte energia eraginkortasunaren aldizkako ikuskapenak.

Lehen Xedapen Iragankorra. Tramitazio elektronikoa ezartzea.

Foru agindu honetan araututako prozeduren tramitazio elektronikoa nahitaezkoa izanen da behe tentsioko instalazioetan, instalazio termikoetan eta hoztekoetan. Industria arloko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez zabalduko da betebehar hori gainerako instalazioetara, prozedura telematikoak prestatu ahala.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Kontroleko erakundeak.

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren apirilaren 1eko 28/2004 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera gaur egun ekintzailetzat hartzen diren kontroleko erakundeek entitate laguntzaile gisa jarraituko dute beren lana egiten.

2. Kontroleko erakundeek 3 urtez gordeko dute foru agindu honek indarra hartu baino lehen tramitatutako espedienteen dokumentazioa, eta, epe horretan, industria arloko departamentu eskudunari igorriko diote dokumentazio hori, hark adierazten dien unean eta moduan.

3. Entitate laguntzaile gisa diharduten kontroleko erakundeek aplikatuko dituzten tarifak libreak izanen dira. Foru agindu honek indarra hartu aurretik indarrean zeuden tarifak erreferentziako tarifa gisa erabiltzen ahalko dira.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira:

1. Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilariaren 1990eko martxoaren 5eko foru agindua, erregelamenduzko ikuskapen eta kontroleko entitateen jarduketa arautzen duena, jasogailuen eta haien mantentze-lanen erregelamendua aplikatzen denean.

2. 1992ko martxoaren 10eko Foru Agindua, erregelamenduzko ikuskapen eta kontroleko entitateek jaso beharreko tarifak eguneratzen dituena, jasogailuen eta haien mantentze-lanen Erregelamenduan zehazten diren aldizkako ikuskapenak eta jarduera osagarriak egiteagatik, eta hura geroago aldatu duten foru aginduak.

3. Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilariaren 1996ko apirilaren 17ko Foru Agindua, jarraibideak ematen dituena erregaiz txikizka hornitzen duten unitateak baimentzeko, automozioa mugatuta erabiltzeko.

4. Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilariaren 1996ko maiatzaren 13ko Foru Agindua, igogailuen kabinetan ateak eta bestelako segurtasun elementuak instalatzeko betebeharra ezartzen duena.

5. Industria, Merkataritza eta Turismoko kontseilariaren 1996ko abenduaren 17ko Foru Agindua, dentsitate handiko polietileno deposituak Nafarroako Foru Komunitatean erabiltzea baimentzen duena, industriaz bestelako berokuntza instalazioetan C motako petrolio produktuak biltegiratzeko.

6. Industria, Merkataritza, Turismo eta Laneko kontseilariaren 1997ko irailaren 23ko Foru Agindua, baimendu gabeko enpresei Nafarroan gas instalazio hartzaileak muntatu, aldatu, handitu, mantendu edo konpontzeko lanak egitea debekatzen diena, baita manipulatu, ordeztu edo eraberritzeko lanak ere.

7. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren abuztuaren 21eko 181/2003 Foru Agindua, behe tentsioko instalazioak zerbitzuan jartzeko tramitazio administratiboan segitu beharreko prozedura ezartzen duena.

8. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren abuztuaren 21eko 182/2003 Foru Agindua, inhalagailu elektrikoen txartelak eta enpresenak baliozkotzeko prozedura ezartzen duena.

9. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren apirilaren 1eko 27/2004 Foru Agindua, behe tentsioko instalazio elektrikoetako prestakuntza entitateek Nafarroako Foru Komunitatean bete beharreko beharkizunak ezartzen dituena, baita profesionalek banakako kalifikazioaren ziurtagiria lortzeko baldintzak ere.

10. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren apirilaren 1eko 28/2004 Foru Agindua, tramitazio administratiboaren prozedura ezartzen duena erregelamenduzko kontrola pasa behar duten instalazioak zerbitzuan jartzeko.

11. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren apirilaren 1eko 29/2004 Foru Agindua, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin lan egiten duten kontroleko erakundeek tramitazio administratiboan aplikatu beharreko tarifak onesten dituena arauzko instalazioak zerbitzuan jartzeko.

12. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren apirilaren 29ko 42/2004 Foru Agindua, maiatzaren 11ko 65/2000 Foru Aginduan dorre-garabiaren operadore txartel profesionala lortzeko ezarritako prozedura aldatzen duena.

13. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren martxoaren 17ko 29/2005 Foru Agindua, prestakuntza plana ezartzen duena, hozteko instalazioen instalatzaile eta mantentzaile/kontserbatzaile txartelak lortzeko.

14. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren otsailaren 2ko 34/2006 Foru Agindua, petrolio produktu likidoen instalatzaile edo konpontzaile txartelak baliozkotzeko prozedura ezartzen duena.

15. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Laneko kontseilariaren abuztuaren 10eko 258/2006 Foru Agindua, tramitazio administratiborako arau osagarriak ematen dituena, energia elektrikoa araubide berezian ekoizten duten instalazioak eta haien elkarteak zerbitzuan jartzeko eta banaketa elektrikoaren sareari lotzeko.

16. Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 424/2009 Foru Agindua, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EITE), uztailaren 20ko 1027/2007 Errege Dekretuak onetsia, Nafarroako Foru Komunitatean garatzeko arauak ezartzen dituena.

17. Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariaren urriaren 1eko 425/2009 Foru Agindua, Gas Erregaien Banaketari eta Erabilerari buruzko Erregelamendu teknikoa eta Jarraibide Tekniko Osagarriak, uztailaren 28ko 919/2006 Errege Dekretuak onetsiak, Nafarroako Foru Komunitatean garatzeko arauak ezartzen dituena.

Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa