Castellano | Euskara | Français | English
(2003ko 115. NAOn argitaratutako testua, irailaren 8an)
Atarikoa
Abuztuaren 2ko 842/2002 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko behe tentsiorako erregelamendu elektrotekniko berriak indarra hartzean, nahitaezkoa da paratzaile baimendun eta enpresa baimendunetako paratzaile izateko txartelak baliozkotzea.
Horretarako, lehenbiziko xedapen iragankorrak xedatzen duenez, haien titularrek bi urte izanen dituzte, erregelamenduak indarra hartzen duenez geroztik, haren ITC-BT 03 jarraipide tekniko osagarrian aipatzen direnekin baliozkotzeko, autonomi erkidegoko organo eskudunaren aurrean memoria bat aurkeztuz. Memoria horretan frogatu beharko da baliozkotu nahi diren kategorietan argindar instalazioetan behar den lan esperientzia badutela eta ITC-BT 03 horrek eskatzen dituen baliabideak eta langileak badauzkatela.
Halaber, ITC-BT 03 jarraibide tekniko osagarriak xedatzen du behe tentsioko banakako kualifikazioko ziurtagiria dela erregelamendu horren bidez arautzen diren jardueretan Espainia osoan jarduteko Administrazioak titularraren gaitasuna aitortzekoa. Hala ere, ziurtagiri horrek bakarrik ez du gaitasunik ematen horretan jarduteko, behe tentsioko paratzaile baimendun izateko ziurtagiria aldez aurreko betebeharra baizik ez baita.
Beharrezkoa da, beraz, baliozkotze hau izapidatzeko prozedura eta lan esperientzia ebaluatzeko jarraitu beharreko irizpideak ezartzea. Orobat, erregelamenduaren nahitaezko ondorioa da hura ezagutzen dela frogatzea.
Horrenbestez, agindu dut:
1. artikulua. Azpikategoriak.
Espezialisten kategorian, banakako kualifikatzaile eta paratzaile baimendun izateko ziurtagiriak banatzeko, azpikategoria hauek sortzen dira:
-E1 azpikategoria, modalitate hauek biltzen dituena:
1.-Automatizazio sistemak, energiaren kudeaketa teknikoa eta etxebizitza eta eraikinetako segurtasuna.
2.-Kontrol banatuko sistemak.
3.-Datuak gainbegiratu, kontrolatu eta eskuratzeko sistema.
4.-Prozesuen kontrola.
-E5 azpikategoria, modalitate hau biltzen duena:
5.-Enegia banatzeko lur gaineko edo lur azpiko lineak.
-E6 azpikategoria, modalitate hau biltzen duena:
6.-Sute edo leherketetarako arriskua duten tokiak.
-E7 azpikategoria, modalitate hau biltzen duena:
7.-Operazio-gelak eta ebakuntza-aretoak.
-E8 azpikategoria, modalitate hau biltzen duena:
8.-Goi tentsioan, errotulu argitsuetan eta antzekoetan deskargatzeko lanparak.
-E9 azpikategoria, modalitate hauek biltzen dituena:
9.-Behe tentsioa sortzen duten instalazioak.
2. artikulua. Paratzaile baimendun izateko txartelen baliozkotzea.
1. 2002ko irailaren 18an txartela indarrean duten profesionalek, egun horretan argitaratu baitzen behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa, baliozkotzerako ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, erregelamendu berriari buruzko ikastaro batean parte hartu dutena frogatzen duena. Haren edukian aldaketarik garrantzitsuenak nabarmenduko dira eta gutxienez ere 30 ordu iraunen du. Ikastaro hori Industri Segurtasuneko Zerbitzuak onetsi beharko du.
2. Baliozkotzea egiteko, irizpide hauek erabiliko dira:
1. Oinarrizko kategoria eta "Energia banatzeko lur gaineko eta lur azpiko lineak" E5 kategoria besterik gabe baliozkotuko dira.
2. Espezialista kategoriako E1,E6,E7,E8 eta E9 azpikategoriak lan titulazioa, azpikategoria bakoitzean eginiko instalazioak eta esperientzia urteak kontuan hartuz baliozkotuko dira, honen arabera:
2.1. LH1eko, erdi mailako edo lanbide heziketako antzeko txartela duten profesionalek eta lanbide heziketa ikasi ez dutenek baliozkotu nahi duten azpikategoria bakoitzerako aurkeztu beharreko memorian bi baldintza hauetariko bat frogatu beharko dute:
-txartela edukita gutxienez ere bi urteko lan esperientzia dutela eta bost urte honetan eskatzen duten azpikategorian bi instalazio egin dituztela.
-txartela edukita gutxienez ere lau urteko lan esperientzia dutela eta bost urte honetan eskatzen duten azpikategorian instalazio bat egin dutela.
2.2. LH2ko, goi mailako edo lanbide heziketako antzeko titulua duten profesionalek edo unibertsitateko titulua duten teknikariek frogatu beharko dute baliozkotu nahi duten azpikategoria bakoitzerako aurkeztu beharreko memorian txartela edukita gutxienez ere urte bateko lan esperientzia dutela bost urte honetan eskatzen duten azpikategorian instalazio bat egin dutela.
3. Artikulu honetako 1. atalean aipatzen den ikastarora joan direla ezin frogatu duten profesionalek, beren lan esperientziako memoria eta enpresaren betebeharrak aurkeztean, indarrean edukiko dute gaur egungo txartela, eta 2005eko irailaren 18a arte denbora izanen dute ikastaro hori egin dutela frogatu eta 2. atalaren arabera baliozkotzea egiteko.
4. Edozein profesionalek, kategoria bereziko azpikategoria guztiak eskuratzen ahalko ditu, frogatzen badu berariazko ikastaroetan parte hartu duela. Departamentuak onetsi beharko ditu ikastaro horiek eta ikastaroaren arduradunak "gaitzat" hartu beharko du.
3. artikulua. Enpresa paratzaileen baliozkotzea.
Enpresa paratzaileek, 2002ko irailaren 18an baimena indarrean badute, egun horretantxe argitaratu baitzen behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa, eta argindar instalazioetarako enpresak kalifikatzeko agiria indarrean badute, betebehar hauek bete beharko dituzte:
1. Erregelamenduko ITC-BT 03 jarraibide teknikoaren eranskinean aipatzen diren baliabide eta langileei dagozkien betebeharrak.
2. ITC-BT 26 jarraibide tekniko osagarriko 5. atalaren arabera, banaketarako orotariko laukietan paratu beharreko plaka irarria eta orrialde batean enpresaren zigiluko marka bat aurkeztea.
3. Industri establezimenduen erregistroko datuak inskribatu edo eguneratzea, zerbitzu enpresa gisa.
4. artikulua. Txartela iraungia duten profesionalen baliozkotzea, txartel haren ordez paratzaile baimendu izateko ziurtagiri bat badaukate.
2002ko irailaren 18an txartela zuten profesionalek, egun horretantxe argitaratu baitzen behe tentsiorako erregelamendu elektroteknikoa, txartel hori kendu eta haren ordez paratzaile baimendu izateko ziurtagiri bat eman bazaie, oinarrizko kategoria besterik gabe baliozkotzeko, 2005eko irailaren 18a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
1. Erregelamendu berriari buruzko ikastaro batean parte hartu dutela frogatzen duen agiria. Haren edukian aldaketarik garrantzitsuenak nabarmenduko dira eta gutxienez ere 30 ordu iraunen du. Ikastaro hori Industri Segurtasuneko Zerbitzuak onetsi beharko du.
2. Industri Segurtasuneko Zerbitzuko zuzendariak luzaturiko kreditazio ziurtagiriaren kopia.
5. artikulua. Baliozkotzeko prozedura.
1. Horretarako ezarririko inprimakiak aurkeztu beharko dira, behar bezala beterik, eta haiekin batera baliozkotzerakoan kontuan hartu beharreko gorabeherak frogatzen dituzten agiriak. Eskaera batera enpresarendako eta horretan diharduten langileendako aurkeztu beharko da. Profesional bat ez badago langile autonomoen zerrendan edo enpresa bateko plantillan ageri ez bada, enpresari buruzko datuak ez dira beteko.
2. Aurkezturiko agiriak egiaztaturik, ebaluatzeko ezarririko irizpideen arabera, profesional bakoitzari banakako kualifikazioko ziurtagiria eta enpresa paratzaile bakoitzari paratzaile baimendun izateko ziurtagiria eta enpresa horretan banakako kualifikazioko ziurtagiria duten langileen nortasun txartelak.
3. Baldintza horien arabera baliozkotzerik ez badago, halaxe jakinaraziko zaio eskatzaileari eta 15 eguneko epea emanen zaio, bidezkotzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Alegaziorik aurkeztu ezik, baliozkotzea Industri Segurtasuneko Zerbitzuak proposatu bezala eginen da.
Azken Xedapen Bakarra
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.