(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ingurumen Integrazioa :
      • 153/2004 Foru Agindua, otsailaren 18koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren kalitatearen arloan arauzko kontrol jarduketak arautzen dituena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

153/2004 Foru Agindua, otsailaren 18koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren kalitatearen arloan arauzko kontrol jarduketak arautzen dituena

 

(2004ko 35. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 22an)

Atarikoa

Abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretuaren bidez Industriako Kalitate eta Segurtasunerako Azpiegituraren Erregelamendua onetsi zen. Erregelamendu horrek industriako kalitate eta segurtasunerako azpiegitura bakar bat garatzen du, normaltzen eta kreditatzen arduratzen dena. Horrela, kalitateko arauen borondatezko erabilerak balioko du industrietako segurtasunari eta ingurumenaren babesari buruzko erregelamenduak betetzen direla bermatzeko.

Bestaldetik, azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretuak, zeina eman baitzen abenduaren 28ko 2200/1995 Errege Dekretua garatzeko, arautu ditu Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan industrietako segurtasun eta kontrolerako jarduketak, eta horretarako ezarri ditu kontrol erakunde baimendunek Nafarroan beren jarduera egiteko bete behar dituzten baldintzak.

Halaber, ingurumenaren babesaren arloko arauzko kontrol jarduketetan gertatzen diren berezitasunak kontuan hartuz, maiatzaren 12ko 106/2003 Errege Dekretuak azaroaren 9ko 326/1998 Foru Dekretua aldatu zuen, arlo horretan jardun behar duten kontrol erakunde baimendunetarako berariazko baldintza batzuk bilduz. Azken xedapenean xedatzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak foru aginduz ezarriko dituela ingurumenaren kalitatearen arloko arauzko kontrol jarduketen baldintzak.

Horrenbestez, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuaren txosten-proposamena ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren kalitatearen arloan arauzko kontrol jarduketetarako baldintzak ezartzea, foru agindu honen eranskinean xedaturikoarekin bat.

Bigarrena

Adieraztea kontrol erakunde baimendunek 2004ko maiatzaren 1az geroztik foru agindu honen eranskinean ezarririko baldintzak betetzen ote diren begiratu beharko dute.

Hirugarrena

Foru agindu honen aurka bidezko da gora jotzeko helegitea paratzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat.

Laugarrena

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Bosgarrena

Foru agindu hau Industria, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzura eta Industri Segurtasuneko Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

ERANSKINA. Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren kalitatearen arloko arauzko kontrol jarduketetarako baldintzak

1.-Eginkizunak.

Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren kalitatearen arloko arauzko kontrol erakundeek, Administrazioak bere eskumenen barruan egiten dituen jarduketak galarazi gabe, eginkizun hauek egiten ahalko dituzte:

a) Ingurumenari buruzko legeetan ezarririko baldintzen betetzeari dagokionez, jarduera berri, handitze, aldaketa edo lekualdatzeetarako proiektuei buruz irizpenak egitea.

b) Jarduera baten abian jartze, handitze, aldatze edo lekualdatze bat gertatu aitzin, proiektuak bete beharreko baldintza teknikoak eta kasuan kasuko baimeneko baldintzak bete dituela ziurtatzea.

c) Abian edo jardunean daudela, jarduera berriak ikuskatzea, begiratzeko legeek ezarririko isurketa-mugak errespetatzen dituztela eta harturiko neurri zuzentzaileak bat datozela onetsiriko proiektuan aurreikusirikoekin.

d) Harturiko neurri zuzentzaileen eraginari eta egoerari buruz irizpena ematea.

e) Eguratserako isurketetarako neurriak hartzea eta isurleek eginiko autokontrolak ikus-onestea.

f) Kutsagarrien isurketen etengabeko neurgailuak ziurtatu eta sailkatzea.

g) Laginak hartzea eta hondakin uretarako isurketen ezaugarriak azaltzea.

h) Laginak hartzea eta industrietako hondakinen eta lurzoru kutsatuen ezaugarriak azaltzea.

i) Ezarririko autokontrol sistemen funtzionamenduari, egoerari eta mantentzeari eta harturiko neurri zuzentzaileen eraginari buruz txosten eta irizpenak ematea eta, oro har, ingurumenaren kalitatearen arloko arauak betetzen direla begiratzeko laguntza teknikoa ematea.

j) Ingurumenaren arloko Administrazioak esleitzen dizkion beste jarduketak eta arloari buruz indarra duten arauetan aipatzen direnak.

2.-Jarduketa eremuak.

Kreditazio Entitate Nazionala-ENACek emaniko kreditazioaren norainokoetan zehazten diren jarduketa eremuetan bakarrik arituko dira kontrol erakunde baimendunak. Hauexek dira eremu horiek: ura, eguratsa, hotsak, lurzoruak eta hondakinak eta, hala bada, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumeneko jarduketak, horietarako berariazko baimena badute.

3.-Bateraezintasunak.

a) Kontrol erakunde baimendunek ezin eginen dituzte 1. atalean aipatzen diren eginkizunak enpresetan, enpresa horiekin aparatuak edo instalazioak hornitu, mantendu edo ordezteko harremanak, formalak edo ez, badituzte edo azken bi urteetan izan badituzte, aparatu edo instalazio horiek ingurumenaren kontrolaren xede badira.

b) Kontrol erakunde baimendunek entitateetan ere ezin eginen dituzte jarduketa horiek, entitate horietan parte-hartzerik badute edo haiek parte-hartuak badira.

c) Kontrol erakunde baimendunek, haien zuzendaritza taldekoek edo langileek ezin izanen dute parte hartu jardueren ustiapenean, jarduera horietan jarduketak egiten badituzte kontrol erakunde baimendunak diren aldetik.

d) Kontrol erakunde baimendunetako profesional eta langileak ezin arituko ziren azken bi urteetan kontrolatu edo ikuskatu beharreko enpresetan aholkulari lanetan.

4.-Instalazioetan sartzea.

Ingurumenaren ikuskapen edo kontrolaren xede diren jarduera edo instalazioen titular edo arduradunak behartuak daude kontrol erakundeetako teknikariei instalazioetan sartzen uztera, haien zerbitzuak kontratatu badituzte, eta bestelako kontrol erakundeetakoei ere bai, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak eskaturik, behar bezala kreditatuak badaude. Bi kasuetan beren eginkizunak betetzeko behar dituzten argibide eta agiriak emanen dizkiete.

5.-Jardule bakarra.

a) Jarduketa bati ekiten dion kontrol erakundeak bere ardurapean bukatu beharko du hura, behar diren arauzko kontrol guztiak zuzentasunez koordinatzen direla bermatzeko.

b) Kontrol erakunde batek jarduketa bati ekin ondoren, beste kontrol erakunde batek ezin izanen du parte hartu jarduketa berean, arrazoiak emanda izan ezik, interesatuak eskatu ondoren eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak espresuki baimena eman ondoren.

6.-Jarduketa kontraesankorrak.

a) Kontrol erakunde baten txosten edo ziurtagiriaren arabera ez badago kreditaturik arauzko betebeharrak betetzen direla, interesatuek haren aurrean adierazten ahalko dute ez daudela ados, entitateak ezarririk daukan kexa eta erreklamazio sistemaren bidez.

b) Ados egon ezik, interesatuek eskatzen ahalko diote Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari aferan parte har dezala. Horrek aurrekariak eskatuko dizkio kontrol erakundeari eta bidezko diren egiaztapenak eginen ditu, interesatuari entzun ondoren. Departamentu horrek, hiru hilabeteko epean, ebatziko du kontrol erakundeak eginiko kontrola zuzena den edo ez.

c) Kontrol erakunde batek eginiko ziurtagiria, saioa, ikuskapena edo auditoretza departamentu hark bertan behera uztea erabakitzen ez dueino, interesatuak ezin eskatuko dio beste erakunde bati kontrol bera egin dezala.

7.-Jarduketaren jakinarazpena.

Kontrol erakundeen jarduketak aldez aurretik Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraziko zaizkio.

Departamentu horrek zehaztuko du jakinarazpen horren era eta edukia. Hark arautzen ahalko ditu informazioa hobeki kudeatu eta transmititzeko erabili beharreko bulegoko prozedurak.

8.-Argibideak eskuratzeko modua.

a) Kontrol erakundeek ikuskatu beharreko instalazioetako ingurumenaren kalitateari buruzko argibideak eskuratzen ahalko dituzte, beren jarduketa zuzentasunez burutzeko beharrezkotzat jotzen badituzte. Argibideak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari eskatuko zaizkio. Horrek gehienez ere hamar eguneko epean erantzun beharko du.

b) Kontrol erakundeak, aurreko atalean xedatu bezala, instalazio bateko ingurumenaren kalitatearen arloko argibideak eskuratzen dituenean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinarazi beharko dio haietan atzemaniko edozein aldaketa.

9.-Jarduketei buruzko argibideak.

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak noiznahi ere eskatzen ahalko dizkie kontrol erakundeei egiten dituzten jarduketei buruzko argibideak, baita bidezkotzat jotzen dituen argibideak igor diezazkiotela ere.

10.-Gorabeheren jakinarazpena.

a) Kontrol erakundeek jakinarazi beharko dizkiote Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari ikuskaritzan jardutean atzematen dituzten legezko ez-betetze eta akats tekniko larriak, gehienez ere hamar eguneko epean.

b) Atzematen diren akats teknikoek ingurumenean arrisku larri bat sortzen ahal badute, kontrol erakundeek eskatu beharko dute bidezko diren aurreneurriak har daitezela, arriskua desagertu arte, eta berehala jakinaraziko diete instalazioaren titularrari eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari.

11.-Agirien zainketa.

a) Kontrol erakundeek hamar urtez gorde eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren esku eduki beharko dituzte kapitulu honetan arautzen diren jarduketen ondoriozko agiri guztiak, Nafarroako Foru Komunitatean jardutetik gelditu ondoren ere.

b) Kontrol erakundeek etengabe jakinaraziko diote departamentu hari non gordetzen diren agiri horiek.

12.-Tarifak.

Jarduketa hauek egitean, kontrol erakundeek beren tarifak kobratuko dituzte, jakinarazi eta argitaraturiko prezioen araberakoak. Horretarako, Foru Komunitatean lanean hastean, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraziko dizkiote indarra duten tarifak eta, hala bada, urteroko garestitzea ere bai.

13.-Ingurumenaren kalitatearen arloko kontrol erakundeak gainbegiratzea.

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari dagokio Nafarroako Foru Komunitatean diharduten ingurumenaren kalitatearen arloko kontrol erakundeak gainbegiratzea.

b) Gainbegiratze hori errazteko, kontrol erakundeek jarduketen erregistro orokor bat edukiko dute, non Foru Komunitatean arlo guztietan egiten dituzten lan guztiak adieraziko baitira.

c) Departamentu horretako Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko langile teknikoek parte hartzen ahalko dute kontrol erakundearen edozein jarduketatan.

d) Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak behartzen ahalko dituzte kontrol erakundeak elkar alderatu eta ikuskatzera eta eskatzen ahalko dizkiete bidezkotzat jotzen dituen argibide eta agiriak, beren jarduerari lotuak.

14.-Jarduketen memoria.

Kontrol erakundeek urtero Nafarroako Foru Komunitatean jarduketa eremu guztietan eginiko lanen memoria bat aurkeztuko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan. Urtero ere Kreditazio Entitate Nazionalaren jarraipen txostenaren kopia aurkeztuko dute, kreditazio baldintzei eusten dietela berresten duena. Urteroko jarduketen memoria hurrengo urteko otsailaren 1a baino lehen aurkeztuko da eta gutxienez argibide hauek bilduko ditu:

-Kasu bakoitzean kontrolaturiko ekipo eta instalazioen eta eginiko jardueren zerrenda, baita hurrengo urtean egin asmo diren jarduketena ere.

-Eginiko prestakuntza jarduerak, kudeaketaren hobekuntzak eta entitatearen antolamenduko aldaketak.

-Jarduera ekonomikoaren kanpo auditoretza.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa