Castellano | Euskara | Français | English
(2004ko 65. NAOn argitaratutako testua, maiatzaren 31n)
Atarikoa
Otsailaren 26ko 125/1996 Foru Dekretuak parke eolikoak ezartzeko modua arautu zuen, baita lurzoru urbanizaezinean ezartzeko hirigintza eta ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintzak ere.
Haize energiarako Nafarroako Energia Planean aurreikusten den potentzia gainditzeko aurkezturiko proiektuak eta itxaropena ikusirik, abenduaren 24ko 685/1996 Foru Dekretuak bertan behera utzi zuen parke eolikoen onespena.
Nafarroako hainbat parke eoliko abian jartzean eta ingurumenaren aldetik haiek zaintzeko planak garatzean ikusi da haietariko batzuek ingurumenari kalte egiten diotela. Horregatik neurri zuzentzaile batzuk hartu behar dira. Neurri horien ondorioz beharbada haize errota batzuk kendu, ordeztu, parke beraren barruan beste toki batera eraman edo beste parke eoliko batera eramanen dira. Kasu horietan, parkeen jabeei neurri zuzentzaileen ondorioz egin lekiekeen kaltea ordaintzeko, aukera izanen da potentzia handitzeko, horretarako aski den zenbatekoan.
Gorabehera hauek direla-eta, gaurko esparru juridikoa egokitu behar da. Horregatik parke eolikoen osaeran ingurumeneko kontuak direla-eta aldaketak baimentzeko baldintzak ezarriko dira.
Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2004ko maiatzaren 10ean eginiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Onartzen ahal diren aldaketak.
1. Salbuespen gisa, ingurumeneko kontuak direla-eta, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak baimentzen ahalko ditu parke eolikoetako errotak mugitzeko aldaketa hauek:
a) Parke eoliko beraren barruan errotak mugitu edo aldatzea.
b) Parke batzuen artean errotak mugitu edo aldatzea.
2. Parke eolikoetako aldaketa horietarako baimenak ekartzen ahalko du parke eolikoan berean edo mugitu edo aldaturiko errotak hartzen dituen parkean ezarririko potentzia handitzea, neurri zuzentzaileen ondorioz parkearen jabeari egin dakiokeen kaltea ordaintzeko adina. Kasu horretan, baimena eman aitzin, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuari txosten bat eskatuko zaio ekoitziriko energia husteko bideragarritasun teknikoaz.
Azken Xedapenetako Lehenbizikoa
Esku ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.
Azken Xedapenetako Bigarrena
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.