(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Ingurumena :
    • Ingurumen Integrazioa :
      • 411/2007 Foru Agindua, irailaren 14koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Iruñeko Udalaren esku uzten duena jarduera sailkatuei buruzko txostenak egitea

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

411/2007 Foru Agindua, irailaren 14koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Iruñeko Udalaren esku uzten duena jarduera sailkatuei buruzko txostenak egitea

 

(2007ko 122. NAOn argitaratutako testua, urriaren 1ean)

Atarikoa

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek ingurumenean esku hartzeko moduak arautzen ditu, dagokien baimen edo lizentziaren bidez. Esku-hartze hori ingurumenari kaltea egiten ahal dioten jarduerak aldez aurretik kontrolatzean oinarritzen da. Ildo horretan, 55.2 eta 57. artikuluek ezartzen dutenaren arabera, udalaren jarduera sailkatuko lizentzia beharko dute pertsonen segurtasunerako eta osotasunerako arriskutsuak diren jarduerek; horiek aipatutako foru legearen 4.D eranskinean aipatzen dira. Lizentzia eman edo, hala badagokio, ukatuko da, arlo horretan eskumena duten Nafarroako Foru Komunitateko organoek, kasu horretan Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, aginduzko txosten loteslea aurkeztu eta gero. Eskumen hori Nafarroako Larrialdietako Agentziaren bidez (Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitzen zaiona) gauzatzen du.

Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 81. artikuluak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari ahalmena ematen dio hala eskatzen duten eta zerbitzu tekniko egokiak dituzten udalen esku utz dezan jarduera sailkatuei buruzko txostenak egitea, eskuordetzearen administrazio egintzan espresuki zehazten diren baldintzak eta funtzionamendu arauak betez, betiere jarduerok Ingurumen eraginaren adierazpena beharrezkoa edo aukerakoa ez badute. Erregelamendu hura abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsi zuen.

Iruñeko Udalak, aipatutako erregelamenduaren 81. artikuluan ezarritakoarekin bat, 2007ko apirilaren 19ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez, eskatu du Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren esku uzteko erregelamendu horren 4D eta 5. eranskinetan jasotzen diren jarduera sailkatu zehatzei buruzko txostena egitea.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzak, dagokion txosten-proposamenaren bidez, jakitera eman du Iruñeko Udala prest dagoela eskuordetze horren xede diren txostenak egitea bere gain hartzeko eta hori egiteko langile tekniko gaituak dituela. Hortaz, eskuordetzea bidezkotzat jotzen da, azken finean, administrazioen arteko tramiteak desagertzea ekarriko baitu eta, ondorioz, azkarrago eta eraginkortasun handiagoz tramitatuko dira jarduera sailkatuei buruzko espedienteak.

Horiek horrela, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitakoa) 81. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz, agindu dut:

Lehena

Iruñeko Udalaren esku uzten da zenbait jarduera sailkaturi buruzko txostenak egitea, betiere Iruñeko udal mugapean egin behar badira. Jarduerok Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren (abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak onetsitakoa) 4D eta 5. eranskinetan jasotzen dira eta ondoko hauek dira:

-Objektu eta materialen biltegiak. Industria establezimenduaren berezko arrisku maila 8ko arrisku handia baino txikiagoa duten jarduerak, industria establezimenduetako suteen aurkako Segurtasun Erregelamenduaren I. eranskineko 1.3 taularen arabera (su karga zuzendu eta ponderatua 3.200 Mcal/m² baino txikiagoa).

-Ikuskizun publikoak eskaintzen dituzten establezimendu edo lokal itxiak, Establezimenduen, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren katalogoaren 27. artikuluari jarraikiz, betiere ikusleentzako eserlekuak badituzte eta gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Josteta jarduerak eskaintzen dituzten establezimendu edo lokal itxiak, Establezimenduen, ikuskizun publikoen eta josteta jardueren katalogoaren 27. artikuluari jarraikiz, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Egoitza establezimendu publikoak, baita kanpinak ere, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Zerbitzuak oro har:

.Administrazio jarduerak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

.Irakaskuntza jarduerak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

.Kultura eta erlijio jarduerak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

.Osasun jarduerak, mendekotasuna duten pertsonen ospitaleratzea dutenak nahiz ez dutenak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

.Aurreko puntuan sartu ez direnak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Merkataritza jarduerak eta merkataritza guneak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Garajeak oro har, eta pertsonak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuen aparkalekuak, hala nola ibilgailuak txandaka aparkatzeko garaje publikoak, baita haien barruan erabilera pribatua duten eremuak ere, edozein azalera dutenak.

-Zirkulazio eremu komunak izanik, establezimendu batzuk biltzen dituzten guneak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada edo/eta ebakuazio altuerak baino gutxiago baditu.

-Garraio jarduerak eta azpiegiturak, betiere gehieneko edukiera 1.000 pertsonatik beherakoa bada.

Bigarrena

Iruñeko udal mugapean egin eta pertsonen zein ondasunen segurtasunerako eta osotasunerako arriskutsuak diren gainerako jarduera sailkatuetan, aipatutako erregelamenduaren 4D eta 5. eranskinetan azaltzen direnetan, ezinbestean eduki beharko da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aginduzko txosten loteslea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzak igorria, udalaren jarduera sailkatuko lizentzia eman baino lehen.

Hirugarrena

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak gainbegiratuta, lan eta koordinazio talde bat aldiro bilduko da, aurreko ataletan aipatutako jarduera sailkatu guztiei buruzko txostenak egitean erabili beharreko irizpideak bateratzeko, bai eta horren gainean egon litezkeen desadostasunak konpontzeko ere. Talde hori Nafarroako Larrialdietako Agentziako eta Iruñeko Udaleko zenbait ordezkarik osatuko dute.

Laugarrena

Eskuordetze hori edozein unetan bota dezake atzera herri babesaren arloan eskumena duen kontseilariak, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak eskatuta, utzikeria nabarmena atzematen bada eskuordetu diren eginkizunak gauzatzean.

Bosgarrena

Foru agindu honetan aipatzen den eskuordetzeak ez du ekarriko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak bitarteko pertsonalak edo ekonomikoak eskualdatzea Iruñeko Udalari.

Seigarrena

Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

Zazpigarrena

Foru agindu hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, Barne Zuzendaritza Nagusiari, Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta Iruñeko Udalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa